8. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko abenduaren 16an hartua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta foru-sektore publiko instituzionalaren dokumentu elektronikoak kudeatzeko politika onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta harekin lotutako entitateetan administrazio elektronikoa hurrenez hurren ezartzen joateak eskatzen du dokumentu elektronikoak kudeatzeko politika bat definitzea, administrazio-prozeduraren eta artxibo digitalaren gaur egungo testuinguruarekin bat datorrena, dokumentu eta espediente elektronikoaren bizitza zikloari aplikatzen zaion artxibo-metodologiaren aldetik, eta gaian aplikatzekoa den araudiarekin bat etorriz.

Nafarroako Gobernuak 2011ko maiatzaren 9an onetsi zuen, Nafarroako Foru Komunitateko Administraziorako, Dokumentuak Kudeatzeko Eredua eta “Artxibo Digitala duten Agiriak Kudeatzeko Sistema” Ezartzeko eta Garatzeko Plana. Eredu hori, eduki dituen gaurkotzeekin, administrazio elektronikoaren proiektuan aurrera egin ahala, artxibo-eredua izan da espediente eta dokumentu elektronikoa kudeatzeko. Gaur den egunean, ordea, argi ikusi da eredu hori ez dela aski. Beraz, behar-beharrezkoa da eredu hori gaurkotzea, Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean gisa honetako tresnetarako ezartzen diren ezaugarriekin, Administrazio Publikoen Estatuko Idazkaritzaren 2012ko ekainaren 28ko Ebazpenaren arabera.

Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalarekin bat, dokumentu elektronikoak kudeatzeko politikak oinarri estrategikoak eta antolaketakoak ezarri behar ditu irizpide homogeneoak jartzeko dokumentu elektronikoak erabili, kudeatu eta gordetzeko.

Dokumentu elektronikoak kudeatzeko politika oinarria izanen da geroago dokumentu elektronikoak kudeatzeko eredua definitzeko. Han zehaztuko dira politikan aipatzen diren printzipioak, prozesuak eta tresnak, eta ereduaren mendeko espezifikazioak, etengabe bilakatzen ari den testuinguru batean, ondoren aipatzen diren hauei guztiei buruz: digitalizazio segurua, segurtasuna eta sarbidea, inprimatze segurua, dokumentu elektronikoaren kontserbazioa eta eredu teknologikoa.

Horregatik guztiarengatik, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak, artxibo gaietan eskumena duen organoa denez, eta indarrean dagoen araudiarekin bat, Nafarroako Gobernuari proposatzen dio onets dezan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta foru-sektore publiko instituzionalaren dokumentu elektronikoak kudeatzeko politika.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Kultura eta Kiroleko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta foru-sektore publiko instituzionalaren dokumentu elektronikoak kudeatzeko politika onestea. Erabaki honi gaineratu zaio, eranskin gisa.

2. Erabaki hau igortzea Nafarroako Gobernuaren departamentuetako idazkaritza teknikoetara, erakunde autonomoetako zuzendari-kudeatzaileei, sozietate publikoetako zuzendari-kudeatzaileei eta fundazio publikoetako zuzendari-kudeatzaileei, jakinaren gainean egon daitezen eta bere ondorioak sor ditzan.

3. Erabaki hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea.

Iruñean, 2020ko abenduaren 16an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

ERANSKINA

Dokumentu elektronikoak kudeatzeko politika (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2015543