79. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERASKOAIN

Ordenantza, etxerako egurraren aprobetxamendua arautzen duena. Behin betiko onespena

Beraskoaingo Udalak, 2021eko martxoaren 2an egin osoko bilkuran, erabaki zuen Etxerako egurraren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza hasiera batez onestea eta ondoren tramitatzea.

Espedientea jendaurrean paratu zen, iragarkia argitaratuta 2021eko 1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 4koan, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu. Beraz, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin (foru lege hori Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa da, eta aipatutako artikulua maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez aldatu zen).

Argitara ematen da, aipatutako ordenantzaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak sortzeko.

Beraskoainen, 2021eko martxoaren 4an.–Alkatea, José Luis Larrea Cenoz.

ORDENANTZA, ETXERAKO EGURRAREN
APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Beraskoaingo udal-mugartean etxerako egurraren aprobetxamendua antolatzen duten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua.

5. artikulua. Beraskoaingo Udalari dagokio herri-lurretako ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Beraskoaingo Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

–Etxerako egurraren aprobetxamendua.

7. artikulua. Beraskoaingo Udala herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta lurrok duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori.

8. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduaren onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Eskaera egunaren aurretik, Udalaren erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea urtebeteko antzinatasunez.

c) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

d) Aurreko urteetako etxeko egur-loteen kuota ordainduta izatea.

9. artikulua. Familia-unitateko kideak izanen dira etxe berean bizi diren guztiak.

10. artikulua. Udalak ezartzen duen epean aurkeztuko dira aprobetxamendurako eskaerak udal bulegoetan, eta agiri hauek erantsiko zaizkie:

a) NANaren fotokopia eta kontu korrontearen zenbakia, dagokion kuota kargatzeko, beharrezkoa bada.

b) Eskaera epea hasten denean Beraskoaingo bizilagun gisa urtebeteko antzinatasuna duela frogatzea.

c) Udalean ordaindu beharreko zergak ordainduak dituela frogatzea, aurreko urteetako etxeko egur-loteen kuota barne.

11. artikulua. 1. Egurra banatzeko, eskaera adina lote bada, Beraskoaingo Udalak irizpide hau hartuko du adjudikazioa egiteko: eskaera egin eta ordenantza honen 8. artikuluko baldintzak betetzen dituzten guztiei banatzea etxerako egur-lotea.

Udalaren iragarki-taulan jarriko da ikusgai adjudikazioaren zerrenda.

11.2. Eskaera guztietarako adina egur ez bada, Beraskoaingo Udalak berdintasunez eta justiziaz jokatuko du, eta lehentasuna emanen die baldintza hauek betetzen dituzten herriko familia-unitateetako titular hauei:

a) Diru-sarrera gutxien duten familia-unitateak. Irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena.

12. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Beraskoaingo Udalak etxeko egur-loteak banatuko dizkie ordenantza honen 8. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

Beraskoaingo Udalak, etxerako egurra eskatzen duten familia-unitateetako bakoitzaren berariazko eta justifikatutako eskaerak ikusirik, egur kopuru zehatz bat mozteko baimena eskatuko dio basogintzako administrazioari, erantzun ahal izateko herritarrek etxerako egurra lortzeko egin dituzten eskaerei.

Basogintzako administrazioak zehaztuko du ea kopuru hori basotik modu jasangarrian ateratzerik baden. Hala ez bada, horren berri Udalari eman ondoren, aprobetxamendua bertan behera uzten ahalko da denbora baterako.

13. artikulua. Egur-loteak zuzenean aprobetxatu behar dira, debekatuta baitago haiek saltzea eta Beraskoaingo udalerritik ateratzea eta udalerritik kanpo gordetzea.

Egur-loteak etxean bertan aprobetxatu behar dira, debekatuta baitago beste ezertarako erabiltzea.

Etxerako egurra eskatzeko orriaren eredua onetsi da, eta ordenantza honen 1. eranskinean agertzen da.

14. artikulua. Beraskoaingo Udalak finkatuko du etxerako egurra aprobetxatzeagatik ordaindu beharreko kanona lotea zehazterakoan, horretarako kontuan hartuz loteak markatzearen eta bideak konpontzearen kostuak eta lanak sortutako beste kostu batzuk, betiere behar bezala justifikatzen badira eta zuzenean loteei egozten ahal bazaizkie.

15. artikulua. Markatutako eremua garbitzeko eta emandako egurra mozteko epea sei hilabetekoa izanen da, adjudikazioen zerrenda iragarki-taulan agertu edo jakinarazten denetik hasita. Udalak, klimatologia dela eta, badu eskubidea epe hori aldatzeko, baita egur-loteak emateko eguna ere eta egokiak iruditzen zaizkion beste aldaketa batzuk egiteko.

Loteak biltzeko epea bederatzi hilabetekoa da, adjudikazioen zerrenda iragarki-taulan agertu edo jakinarazten denetik hasita. Epealdi hori iraganik, egur-loteak aztertuko dira.

Data horretan eraman ez diren egur-loteak mendian pilatuta uzten ahalko dira, betiere bideetako, mendiko pistetako eta abarretako pasabidea moztu edo zaildu gabe.

Dena den, mendia garbi utzi beharko da egur-loteetako lanak egin ondoren (belar-sastrakak kentzea, mozketa etab.)

Adjudikaziodunek mendikoak ez diren materialak erabili behar badituzte egurra aldi batez estaltzeko, gero guztiak eraman beharko dituzte eta mendia garbi eta hondakinik gabe utzi.

Garbiketa lanak eta egur mozketa adjudikaziodun bakoitzaren ardurapean eginen dira, eta istripurik ez gertatzeko behar diren neurri guztiak hartu beharko dituzte. Egitekoa den lanean, nahitaezkoa izanen da lan horretan aritu behar duenak babes elementuak jarriak izatea.

16. artikulua. Udalak egurra mozteko lanak eta/edo egurra menditik ateratzekoak kontratatzen baditu, horretarako mugatutako eremuan soilik eginen dira, basogintzako administrazioak baimendutako egur kopuruarekin bat.

Baso-masa eremu handiago batean hobetzeko lan osagarriak egin nahi badira, basogintzako administrazioak baimendu beharko ditu lan horiek, etxerako egurrari eta besterenduei buruz Udalak urtero egiten duen espedienteaz aparte, betiere indarra duen legediarekin bat.

17. artikulua. Onuradunak behartuta daude hondarrak bildu eta pilatzera, egurra bildu ondotik, eta ez dira bide, mendiko pista, kale edo oztopo izan daitezkeen tokietan metatuko; betiere, Udalak ematen dituen jarraibideei kasu eginen zaie.

Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei urtebetetik hiru urtera bitarte ukatuko zaie aprobetxamendua.

18. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamendua lortzeko eskubidea kentzen duten arrazoiak.

Udalaren Osoko Bilkurak aipatu aprobetxamendua aldi batez edo betiko deuseztatzen ahalko du, herritarrak honako hau egiten duenean:

–Egurra saldu edo laga, Beraskoaingo udalerritik atera edo etxerako erabili beharrean beste zerbaitetarako erabili.

–Egur sortaren bakanketan, saihesten ahal diren kalteak egin arboladian edo landare geruzan.

–Adjudikazioen zerrenda iragarki-taulan jarri edo jakinarazi eta urtebete pasatu ondoren, adjudikatutako loteetako egurra moztu ez bada eta eremua garbitu ere ez, inolako arrazoirik izan gabe. Kasu horretan, ezin izanen da etxerako egurrik eskuratu hurrengo urtean. Udalak bere esku izanen ditu aprobetxatu gabeko loteak eta, egokia iruditzen bazaio, berriz ere adjudikatu ahalko ditu.

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa.–Ordenantza honek arautzen ez duen hartan, jarraituko zaio 6/1990 Foru Legean eta horrekin bat heldu den araudi indardunean ezarritakoari.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

I. ERANSKINA

Eskabidea, Beraskoaingo Udalari herritarrendako egur-lotea eskatzeko (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2103944