79. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERASKOAIN

Ordenantza, udal-mugartean eguzki-energia jasotzeko instalazioak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Beraskoaingo Udalak, 2021eko martxoaren 2an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea eta tramitatzea ordenantza bat, arautzen dituena eguzki-energia jasotzeko instalazioak, Beraskoaingo udal-mugarterako.

Espedientea jendaurrean paratu zen, iragarkia argitaratuta 2021eko 1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 4koan, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu. Beraz, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin (foru lege hori Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa da, eta aipatutako artikulua maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez aldatu zen).

Argitara ematen da, aipatutako ordenantzaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak sortzeko.

Beraskoainen, 2021eko martxoaren 4an.–Alkatea, José Luis Larrea Cenoz.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA EGUZKI-ENERGIA JASOTZEKO INSTALAZIOAK, BERASKOAINGO UDAL-MUGARTERAKO

HITZAURREA

Azken urteotan administrazio publikoak energia berriztagarrien ekoizpena eta erabilpena bultzatzen ari dira. Eta, berriki, bereziki bultzatzen ari dira etxebizitzetan plaka fotovoltaikoak ezartzea norberaren kontsumorako energia sortzeko.

Eguzki-energia termiko eta fotovoltaikoa energia berriztagarria da, eta gure udalerrian sustatu nahi dugu, egiazko alternatiba delako, etorkizuna izan dezakeena, ingurumen-inpaktu txikia izateagatik, ingurumenerako hondakin kaltegarririk ez sortzeagatik, behin ezarririk mantentze-kostu handirik ez izateagatik, eta benetan laguntzeagatik berotegi-efektuko gasak murrizten.

Beraskoaingo Udalak arauketa bat ezarri nahi du autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak bultzatzeko, eta horiek egokiak izan daitezen ingurumenaren eta hirigintzaren ondorioetarako.

Eguzki-energiaren garapenaren aldeko apustua bi beharrekin harmonizatu behar da: bermatzea egoki ezartzen dela lurraldean, eta bermatzea zaintzen direla natura- eta hiri-balio garrantzitsuenak.

Udalerri honek sinatu du Klimaren eta Energiaren gaineko Alkatetzen Hitzarmena, eta konpromiso hau jasotzen du; hortaz, borondate irmoa izanik eguzki-energia sustatzeko eta berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko, ordenantza hau egin du, eguzki-energia jasotzeko, erabilera termiko eta fotovoltaikoetarako. Arau berri hau osagarria da, indarreko hirigintza-antolamenduko plan orokorrean aurreikusitako eremukako erabilera eta/edo arauen ordenantzekiko.

Ordenantza idatzi da halako moduz non koherentzia gordetzen baita udal plangintzarekiko eta lurzoruaren erabilerak eta eraikuntzak ingurura egokitzeko betebehar orokorrarekiko; betebehar hori jasota dago Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 86. artikuluan.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea erregulatzeko nola jarri eguzki-energia jasotzeko instalazioak, zelula panelen bidez edo panel kolektore termikoen bidez, etxeko ur berorako eta igerilekuak berotzeko, baita energia elektrikoa sortzeko ere, panel fotovoltaikoak jarriz eraikin eta eraikuntzetan, Beraskoaingo udal-mugartean.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Beraskoaingo udal-mugarte guztia hartzen da aplikazio eremutzat.

3. artikulua. Definizioak.

Eguzki-plaka edo panel esan ohi zaien gailuek biltzen dute eguzki erradiazioen energia, zertarako eta energia termikoa edo energia elektrikoa sortzeko:

–Eguzki-instalazio termikoek eguzkitik jasotzen dugun energia erabiltzen dute zuzenean fluido bat berotzeko. Instalazio horiek erabiltzen dira eraikinetan etxeko ur beroa sortzeko batez ere.

–Eguzki-instalazio fotovoltaikoek edo termoelektrikoek baliatzen dituzte zenbait material erdieroaleen ezaugarri fisikoak argindarra sortzeko, eguzki erradiaziotik abiatuta.

–Integrazio arkitektonikoa: sistemaren elementuren batek eginkizun bikoitza du, hots, energetikoa eta arkitektonikoa (estaldura, itxitura nahiz itzal-elementuak) eta, gainera, ohiko eraikuntza-elementuak ordezten ditu, edo eraikuntza-konposizioko funtsezko elementua da.

Ordenantza honek arautzen ditu bai panel fotovoltaikoez bai termikoez osatutako eguzki-instalazioak, kontuan hartuta haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena.

II. KAPITULUA

Hiri lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian dauden instalazioak

4. artikulua. Instalazioen xedea.

Eguzki-instalazioak baimenduko dira soilik eraikinen energia beharra asetzeko direnean, partez edo osorik, hots, etxeko ur beroa sortzeko direnean (eguzki-instalazio termikoak) edo norberaren kontsumorako argindarra sortzeko direnean (eguzki-instalazio fotovoltaikoak), 900/2015 Errege Dekretuaren arabera.

5. artikulua. Eraikinetan dauden instalazioak.

1. Eguzki-panelak instalatu daitezke eraikinen estalki inklinatuetan, honako baldintza hauek betez gero:

–Estalkiaren isurialdeetan integratu behar dira plakak, isurialdeen makurdura berarekin eta haien planoa mantenduz, “velux” erako leihoak bezalaxe. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte. Salbuespena izanen dira eraikin katalogatuak; kasu horretan, beteko da organo eskudunak ematen duen irizpena, babeserako hirigintzako araudia aplikatuz.

–Honako muga hauek izanen ditu okupatutako azalerak: gutxienez 0,50 metroko tartea izanen da teilatu-hegalen ertzeetatik eta mehelinetatik. Ezin izanen da gainditu inola ere isurialdeen planoa.

–Eraikinaren estalkian edo fatxadetan ezin izanen da agerian gelditu elementu osagarririk, hala nola biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, kaxa elektrikoak, kanalizazioak eta abar, ezta beste elementu batzuk ere, salbu proiektuari eransten bazaio, xeheki, eraikuntza-irtenbide bat, bermatuko duena behar bezala integratuko dela eraikinaren estetikan.

2. Estalki lauetan jar daitezke, honako baldintza hauekin:

–Gehienezko okupazioa baimenduta egonen da, non eta panelak ez diren ikusgai gelditzen.

–Karel opakuen gehienezko garaieraren azpitik gelditu behar dira.

–Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten karelen garaiera gainditzen.

3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan ezarri.

4. Salbuespenez, proposatzen ahal da eraikinetan eguzki-panelak ezartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek baloratu ondoren, Udalaren osoko bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

Hirigintzaren ondorioetarako, eguzki-energia termiko eta fotovoltaikoko instalazioak hartzen dira eraikinaren edo eraikuntzaren instalaziotzat, eta, beraz, ez dute konputatzen eraikigarritasunaren ondorioetarako.

Debeku da espresuki fatxadetan inolako hodirik edo bestelako elementurik trazatzea, salbu eta proiektuan zehatz-mehatz eransten bada eraikuntza-irtenbide bat, bermatuko duena ongi integratzen dela eraikinaren estetikan.

Ordenantza honetan araututako eguzki-energia termiko eta fotovoltaikoko instalazioei zuzenean aplikatu zaizkie honako hauek zaintzeko eta babesteko hirigintzako arauak: eraikinak, multzo arkitektonikoak, eta ondarea babesteko katalogo eta planetan jasotako ingurune eta paisaiak.

6. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuan dauden instalazioak.

Udalaren osoko bilkurak baimendu beharko ditu espresuki, baloratu ondoren, teilatuetan, zabaltzetan, terrazetan eta lurzoruetan paratzeko proposamen mistoak.

Baimentzen da eguzki-panelak jartzea lurzoru libre pribatuan, honako baldintzak betez gero:

–Instalazioa baimenduko da soilik eraikin kontsumitzailea aurretik existitzen denean.

–Etxebizitzaren lurzoru libre pribatua aisialdirako eremu, eremu berde edo zirkulaziorako eremu gisa erabiltzeko denez, gehienez ere azalera guztiaren %60ra mugatuko da eguzki-panelen gehienezko okupazioa, 32 metro koadroko mugarekin, betiere.

–Lurzoruan bermatuta paratuko dira. Instalazioak, barnean direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin dira izan 1,50 metro baino altuagoak, lurretik neurtuta.

–Ikusizko inpaktua eta paisaia-inpaktua zuzentzeko behar diren neurriak hartuko dira, herrigunearen irudi urbanoa zaintzeko.

III. KAPITULUA

Lurzoru urbanizaezinean dauden instalazioak

7. artikulua. Aldez aurreko baimenak.

1. Debekatuta dago lurzoru librean ezartzea eguzki-energiatik energia elektrikoa lortzeko instalazioak (eguzki-parkeak), eta ez dira lizentzia eskaerak kudeatuko harik eta planeamenduan behar den aldaketa egiten den arte, eguneraketa egiteko eta halako instalazioak arautzeko lurzoru urbanizaezinean.

2. Eraikin berriei lotutako instalazioen kasuan, beharrezkoa da ezarriko den jarduera berriak arauzko baimena lortzea Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunarengandik, hala behar denean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Aurretik zeuden eraikinei lotutako instalazioen kasuan, eraikinak une hartan indarrean zen araudiaren arabera ezarri baziren, baimendutzat joko da eguzki-panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunak aldez aurreko baimenik tramitatzea lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

4. Bi kasuetan, “Baimendutako” instalaziotzat joko dira autokontsumorako bada (eraikinaren beraren instalazio gisa). Instalazioak izaera ekonomikoa baldin badu (eraikinaren eskaera gainditzen duena), “Baimengarria” izanen da, izanen baita jarduera (ekonomiko) berri baten ezarpena lurzoru urbanizaezinean.

8. artikulua. Eraikinetan dauden instalazioak.

1. Eguzki-panelak jartzen ahal dira eraikinen estalki inklinatuetan.

Haren planoen gainean paratuko dira. Panelen malda alda daiteke eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten 0,60 metroko garaiera gainditzen, isurkiaren planotik perpendikularki neurtuta. Hartutako gainazala gutxienez metro bat bereiziko da isurki triangeluarraren perimetrotik. Ezin izanen dira inola ere teilatuko lerroak gainditu.

2. Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean paratzea, mugarik jarri gabe azaleran, inklinazioan nahiz orientazioan.

3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan ezarri.

4. Salbuespenez, proposatzen ahal da eraikinetan eguzki-panelak ezartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek baloratu ondoren, Udalaren osoko bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

IV. KAPITULUA

Tramitazioa

10. artikulua. Lizentzia eskaera.

Ordenantza honetan arautzen den instalazioa paratzeko, handitzeko edo legeztatzeko, Beraskoaingo Udalari eskatuko zaio Udalaren obra lizentzia. Horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuko da.

Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero, proiektua aurkeztu beharko da, teknikari eskudunak sinatua eta egoki den elkargo profesionalak ikus-onetsia, Eraikuntzaren Antolamenduari buruz indarrean den Legean xedatuari jarraikiz.

Proiektu horrek honakoak jasoko ditu gutxienez:

a) Memoria, honako hauek dituena: Hartutako irtenbidearen justifikazioa. Instalazioaren oinarrizko konfigurazioa. Instalazioaren eta haren osagaien deskripzio orokorra. Diseinurako irizpide orokorrak: neurriei buruzko irizpide oinarrizkoak, eguzkiaren energia jasotzeko sistemaren diseinua, orientazioa justifikatuta, inklinazioa, itzalak eta integrazio arkitektonikoa, bat etorriz Eraikingintzaren Kode Teknikoarekin edo aplikatu beharreko geroko araudiarekin. Energia sistema lagungarriaren deskripzioa. Ordenantza honetan zehaztutako parametroen justifikazioa.

b) Planoak, barnean direla energia jasotzeko eta/edo energia elektrikoa sortzeko sistemaren hasierako eskema eta/edo eskema lerrobakarra, neurriak barne.

c) Instalazioen aurrekontua.

d) Hiru urtez mantentzeko kontratua, barnean dela zaintza eta manentze lana, bat etorriz Eraikingintzaren Kode Teknikoarekin edo aplikatu beharreko geroko araudiarekin.

Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua.

Udal lizentzia eman aurretik, beharrezko baimenak tramitatuko dira, kontuan harturik Beraskoaingo Udal Planean eta gainerako araudi aplikagarrian aurreikusitako betebehar partikularrak.

Lizentziak, betiere, emanen dira kalterik egin gabe jabetza eskubideari eta hirugarrenei. Eskatzailea izanen da lanek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzulea.

Energia berdea sortzeko instalazio hauek ezartzea errazteko eta bultzatzeko, Beraskoaingo Udalak instalazio hauek salbuetsi eginen ditu eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergatik (EIOZ).

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei eguneko epean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2103730