78. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 8a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

11/2021 FORU AGINDUA, apirilaren 6koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen baita Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Agindua, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituena Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz, baita egin zaizkion aldaketa guztiak ere.

Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren berriz Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak otsailaren 24ko 21/2021 Autoaren bidez. Neurri horiek Osasuneko kontseilariaren martxoaren 9ko 6/2021 Foru Aginduaren bidez luzatu ziren, zeina Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak judizialki baimendu baitzuen martxoaren 11ko 32/2021 Autoaren bidez. Gero, neurri horiek Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 7/2021 Foru Aginduaren bidez luzatu ziren berriz, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak judizialki baimendu zituen martxoaren 25eko 37/2021 Autoaren bidez.

Bukatzeko, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 29ko 10/2021 Foru Aginduaren bidez, otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduko neurri batzuk aldatu ziren, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak foru agindu hura ere judizialki baimendu zuen, 2021eko martxoaren 30eko 48/2021 Autoaren bidez.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, martxoaren 29tik apirilaren 4ra arteko asteko diagnostiko berrien tasak gora egin du, 182 kasukoa izan baita 100.000 biztanleko, hau da, aurreko astekoa baino %7 altuagoa.

Gaixotasunaren transmisioaren adierazle epidemiologikoak, 7 egunean populazio osoaren artean eta 64 urtetik gorakoen artean metatutako intzidentzian islatzen direnak, arrisku maila oso altuetara igo dira. Izan ere, duela bi astetik hona, transmisioak gora egin du, eta orain egonkortu da. Ildo horretan, oinarrizko ugaltze zenbakiak behera egin du, gaur egun 1,15 baita.

Ingalaterrako aldaerak gero eta ugariagoa izaten jarraitzen du (%93,7, azken datuaren arabera). Infekzio aktiboa diagnostikatzeko probetan, positiboen ehunekoak gora egin du.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenak ondorioztatzen du azkeneko bi asteetan SARS-CoV-2 birusaren transmisioan gertatutako igoera nabarmena egonkortu dela eta ospitaleratzeak ugaritu direla. Dena dela, beharrezkotzat jotzen da hurrengo asteetan egoera baloratzea, ikusteko, alde batetik, ea egonkortze hori benetakoa den edo jaiegun hauetan izandako asistentzia-jardueraren beheititzearen ondorioa den, eta bestetik, egunotan izandako mugikortasun eta interakzio handiagoaren ondorioak. Horregatik, beharrezkoa da prebentzio neurriak mantentzea eta indartzea.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Kudeatzailetzak egindako txostenean adierazten da martxoaren 1etik aurrera gora egin duela COVID-19arekin loturik ospitaleetako larrialdietan arreta jaso dutenen kopuruak. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ospitaleetako larrialdietan, COVID-19ari lotutako 57 arreta-kasu izatetik 202 izatera igaro dira martxoaren 29ko astean.

Sars-CoV-2 birusaren infekzio aktiboaren diagnostiko berrien hazkundeari galga jarri bazaio ere, gero eta gehiago dira, nabarmenki, Nafarroako ospitaleetan COVID-19arekin lotutako ospitaleratzeak. Era berean, gero eta gehiago dira ospitaleratze arruntean eta ZIUn ospitaleraturik jarraitzen duten pertsonak, nabarmenki. Aurreko sei asteetan egonkortu egin zen ZIUn sartzen ziren pazienteen kopurua (astean 6-8 pertsona), eta altak gehiago ziren ospitaleratzeak baino. Horrek ekarri zuen COVID-19ak jota ZIUn zeuden pertsonen kopurua poliki-poliki jaistea. Orain, ordea, joera hori aldatu egin da. Martxoaren 15eko astetik hona, 35 pertsona sartu dira ZIUn SARS-CoV-2 birusagatik, eta gaur arte 28 alta eman dira bakarrik. Azkeneko astean, ZIUn sartu direnen kopuruak behera egin du, eta asteko kasuak 14tik 11ra jaitsi dira. Azkenik, COVID-19arekin lotuta ospitaleetan hiltzen direnen tasa jaitsi da, biztanle zaurgarrienak gero eta gehiago txertatzen ari direlako, seguruenik.

Adierazle horiek guztiek COVID-19 infekzioaren laugarren olatua zirriborratzen dute, eta haren ondorioak laster islatu dira hirugarren olatutik errekuperatu gabe zegoen sistema asistentzialean.

Azkeneko astean, apaldu egin dira positibo kasuak, eta ZIUn sartu direnen kasuak ere zertxobait. Dena dela, probetan positiboen tasak gora egin du, eta noiz edo noiz %10eko tasa gainditu da. Ospitaleratze arrunten kasuek ere gora egin dute, baita larrialdi zerbitzuetako arretek ere. Datu horiek kautelaz baloratu behar dira. Izan ere, bost jaiegun izanda, sozializazioa handiagoa izan da, eta litekeena da horrek birusa hedatzen lagundu izana. Txostenak ondorioztatzen du ezen, laugarren olatu honen bilakaera ahalik eta lasterren kontrolatu ahal izateko, COVID-19ari lotuta ez dauden patologien ahalmen asistentzialean eraginik ez izateko eta hurrengo bi asteetan baliabide asistentzialen igoerari eusteko, beharrezkoa dela orain arte hartutako neurriak luzatzea.

Horren guztiaren ondorioz, kontuan hartuta txosten teknikoetan adierazitakoa, bidezkoa da, aurreko hilabeteetan ikasitakoa aintzat harturik, luzatzea Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduan eta geroagoko aldaketetan jasotako prebentzio komunitariorako neurriak.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan aurreikusten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat badago, edo susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko asmoz, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak aukera ematen die administrazio publikoetako osasun arloko agintariei, nork bere eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuetan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzeko, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta premiazkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Luzatzea Osasuneko kontseilariak otsailaren 23an emandako 5/2021 Foru Aginduan hartutako neurriak, baldintza berdinetan (foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen dira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz), baita ondoren egin zaizkion aldaketak ere, hots, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 9ko 6/2021 Foru Aginduaren bidez eta martxoaren 29ko 10/2021 Foru Aginduaren bidez onetsi zirenak.

Bigarrena.–Neurri hauek mugatu egiten dituzte Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakian aurreikusitakoak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Hala ere, neurri horiek osotara aplikatzekoak dira bertan arautzen diren gainerakoei dagokienez, foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoak ez badira, eta galarazi gabe izaera orokorrarekin beste xedapen batzuk ematea, aplikagarriak izanen direnak.

Hirugarrena.–Neurri hauek indarrean egonen dira 2021eko apirilaren 9tik apirilaren 22ra bitarte, bi egunak barne, eta, egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Laugarrena.–Foru agindu hau igortzea, tramita dezan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, baimen judiziala eman dezan, aurretiaz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bosgarrena.–Foru agindu honek 2021eko apirilaren 9an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 6an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2105413