77. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, erdi mailako teknikari lanpostuan aldi
baterako aritzeko izangaien bi zerrenda osatzeko

Martxoaren 9ko Alkatetzaren 523/2021 Ebazpenaren bidez, deialdia onetsi zen erdi mailako teknikari lanpostuan (B maila/taldearekin parekatua) aldi baterako aritzeko izangaien bi zerrenda osatzeko, bata prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko eta bestea aldi baterako kontratuarekin aritzeko, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

Deialdia eginen da bat etorriz aplikatu beharreko araudian xedatuarekin eta oinarri hauetan ezartzen denarekin:

OINARRIAK

I. Deialdiko lanpostuaren izaera eta ezaugarriak

1. Izaera:

Aldi baterako kontratatzeko langileak/prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko langileak.

2. Izena:

Erdi mailako teknikaria (B maila/taldearekin parekatua).

3. Kokapena egitura organikoan:

Udalaren beharren arabera.

4. Bete beharreko eginkizunak edo lanak:

Eginkizun hauek bete behar dira, besteak beste: arloko espediente guztien kudeaketa administratiborako zeregin guztiak gauzatzea, lan administratiboak indarreko legeak bete ditzan eta modu egokian eta legezko bideetatik aurkez dadin; Udalbatzari, zuzendaritza-taldeari eta gainerako arduradunei etengabeko aholkularitza pertsonala ematea; eta laguntza ematea jardueren koordinazio, ikuskapen eta bultzadan eta arloko kudeaketa tekniko-administratiboan.

Lan eta enplegu baldintzei buruz, oinarri hauetan agertzen ez badira, eta udal honi dagokionez, Tuterako Udalaren zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den Erabakian ezarritakoari jarraituko zaio.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

II. Deialdia, Tuterako Udalaren zerbitzuan, aldi baterako
kontratazioaren bidez, erdi mailako teknikari lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da aldi baterako kontratazioaren bidez erdi mailako teknikari lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzea, oposizio bidez, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2. Izangaien betebeharrak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Espainiako edo Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko nazionalitatea izatea, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunen arabera Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea. Espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek ere hartu ahalko dute parte, zuzenbidez bananduak ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez bananduak ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

C) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko diplomadun edo gradudun titulua edo horren baliokidea izatea, edo titulu hori eskuratzeko baldintzak betetzea (hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina). Goi mailako titulazioa eskatu ez arren, eskatutako mailatik gorako tituluak ere onartuko dira. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

D) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

E) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizi gabea izatea.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.3. Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratuak sinatu aurretik horretarako ezartzen zaien unean. Kopia konpultsatuak aurkeztuko dira horretarako. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira; horrez gain, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie.

2.4. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3. Hautapen prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen prozesua gauzatuko da bat etorriz Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauekin. Arau horiek IV. apartatuan zehazten dira, hain zuzen.

4. Aldi baterako kontratazioetarako izangaiei deitzeko modua.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat etorriz. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bai eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia ere.

Hautatutako izangaiak aldi baterako kontratatuko ditu Tuterako Udalak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak horri buruz araututakoari jarraikiz (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), bai eta aplikatzekoa den gainerako araudiari jarraikiz ere. Izangaiak Gizarte Segurantza Orokorraren araubidean sartu eta kidetuko dira.

III. Deialdia, Tuterako Udalaren zerbitzuan, erdi mailako teknikari lanpostuan prestakuntzan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da erdi mailako teknikari lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzea, oposizio bidez, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2. Izangaien betebeharrak.

1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Udal honen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, C, D edo E mailakoa.

B) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

C) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko diplomadun edo gradudun titulua edo horren baliokidea izatea, edo titulu hori eskuratzeko baldintzak betetzea (hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina). Goi mailako titulazioa eskatu ez arren, eskatutako mailatik gorako tituluak ere onartuko dira. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

2. Oinarri honen 2.1.C) apartatuan eskatzen den tituluaren betebeharra agiri bidez frogatu beharko dute hautatzen diren izangaiek, horretarako ezartzen zaien unean.

Agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira eta, gainera, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie, behar bezala justifikatzen diren ezinbesteko kasuetan salbu.

3. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen-prozesuak irauten duen bitartean eta deitutako lanpostuan aldi batez aritu bitartean ere.

3. Hautapen prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen prozesua gauzatuko da bat etorriz Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauekin. Arau horiek IV. apartatuan zehazten dira, hain zuzen.

4. Prestakuntzarako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat etorriz. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa).

Hautatutako izangaiak zerbitzu berezietako egoeran deklaratuko dira, Osoko Bilkurak hartutako erabaki horretan ezarritakoari jarraikiz, bai eta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoari ere jarraikiz.

IV. Bi deialdietarako arauak

1. Eskabideak.

1.1. Deiadiko hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean (Plaza Vieja, 1 edo Frontón kalea, 1), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (39/2015 Legea, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea), hamabost egun balioduneko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da epea.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

1.2. Eskabideak egokitu beharko dira deialdiko ereduetara, zeinak agertzen baitira Udalaren web-orrian, “Lan eskaintza publikoa” atalean jasotako deialdiaren aipamenean (izangai bakoitza zer txandatakoa den, txanda horri dagokiona –aldi baterako kontratazioa edo zerbitzu berezietako prestakuntza–). Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

1.3. Behar bezala betetako parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

–Eskatutako titulazioaren fotokopia.

1.4. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, ere aurkeztu beharko dute.

1.5. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

1.6. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzendu daitezke ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

2. Izangaiak onartzea.

2.1. Onartu eta baztertuen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak onartu eta baztertuen zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta udaletxeko iragarki-taulan (Plaza Vieja, 1) eta Udalaren www.tudela.es web-orrian argitara dadila aginduko du. Izangai bazterturik egonez gero, 3 egun baliodun emanen zaizkio akatsak zuzentzeko eta, ondotik, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da aipatutako tokietan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

2.2. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdietan eskatutako baldintzak. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3. Kalifikazio epaimahaia.

3.1. Kalifikazio epaimahaiko kideak hauek izanen dira:

–Epaimahaiburua: Pedro González Felipe, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezko epaimahaiburua: Verónica Gormedino López, Tuterako Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikidea: M.ª Eugenia Enériz Salvatierra, Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria.

Ordezko epaimahaikidea: Jesús María García Gorri, Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria.

–Epaimahaikidea: Silvia Sánchez Fernández, Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria.

Ordezko epaimahaikidea: M.ª Carmen Montoya Sánchez, Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria.

–Epaimahaikidea: Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak proposatutako ordezkari bat.

Ordezko epaimahaikidea: Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak proposatutako ordezkari bat.

–Mahaikide-idazkaria: Ana Gárate Martínez, Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Elena Zubieta Mozaz, lan-harremanetako graduduna.

3.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi dute kalifikazio epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

3.3. Kalifikazio epaimahaia probak egin baino lehen eratu beharko da eta, ondoren, probak hasteko eguna, ordua eta tokia ezarriko ditu. Datu horiek, hain zuzen, onartuen behin betiko zerrendarekin batera argitaratuko dira. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, bertan kideen gehiengo osoa izan ezean. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

3.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

3.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba guztietan edo haietakoren batean. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

4. Hautapen sistema: oposizioa.

4.1. Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako hautapen-prozesua oposizioa izanen da, eta ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teoriko-praktikoa. Deialdiko I. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzko 30 galdera idatziz erantzun beharko dira. Galdera bakoitzarentzat erantzun batzuk emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Lehenbiziko ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere ordubete izanen dute.

–Bigarren ariketa: praktikoa. Epaimahaiak proposaturiko kasu bat edo batzuk ebaztea, deialdiko I. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruz. Bigarren ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 2 ordu izanen dituzte.

4.2. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu ematen ahalko dira gehienez ere, honela banatuak:

–Lehen ariketa: 30 puntu gehienez.

–Bigarren ariketa: 70 puntu gehienez.

4.3. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

4.4. Lehen eta bigarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira, salbu eta epaimahaiak bigarren ariketarako erabakitzen badu jendaurrean irakur dadila hura egindakoan.

4.5. Epaimahaiak erabakitzen ahalko du saio bakarrean egitea lehenbiziko eta bigarren ariketak. Hala izanez gero, bi ariketak batera eginen dira; lehenbizi, test motako zatia zuzenduko da, eta bigarrenik, test motako ariketa hori gainditu duten izangaien kasu praktikoen zatia. Ez da zuzenduko pliketako kasu praktikoen zatia, ez bada test motako zatia gainditu.

4.6. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, udaletxeko iragarki-taulan, ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, aditzera emanik, halaber, oposizioko hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda www.tudela.es helbidean ere kontsultatu ahalko da, “Lan eskaintza” izeneko atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

4.7. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz izangaia nor den frogatzen duen beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

4.8. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

4.9. Bukaerako balorazioa edo kalifikazioa aterako da ariketa guztietako puntuazioak baturik.

5. Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

5.1. Azken ariketaren kalifikazioa eman ondotik, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, udaletxeko iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian, bereizirik:

–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

–Prestakuntzarako izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

5.2. Zerrenda bakoitzean, probak gainditu dituzten izangaien artean puntu berdinketarik izanez gero, Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuraren erabakian araututako irizpidearen arabera ebatziko dira (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), hau da, probaren osotasunean ponderazio gehien duen puntuazioa gailenduko da eta, berdinketak irauten badu, zozketa publikoaren bitartez ebatziko da afera.

5.3. Ondotik, kalifikazio epaimahaiak Alkatetzari igorriko dizkio hautapen prozesuko probak gainditu dituzten izangaien bi zerrendak –aldi baterako kontratazioak egitekoa eta prestakuntzakoa–, lanean hasteko deia egin dezan, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera.

6. Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien aurka nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2021eko martxoaren 9an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. Tuterako Udalaren Erregelamendu Organikoa.

2. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

3. Urriaren 18ko 279/1990 Foru Dekretua (dekretu horrek hein batean garatzen du Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako toki entitateen egintza eta erabakien inpugnazioari dagokionez).

4. 280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duena.

5. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Administrazio publikoetako organoak. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna. Hitzarmenak.

6. 2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

7. 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

8. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzkoa.

Oharra:

Gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratu ahalko ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L2104476