77. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, izangai-zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko, akordeoi espezialitateko irakasle lanpostuan aldi baterako kontratu bidez aritze aldera, Iruñeko Udaleko Joaquín Maya musika eskola berezian gertatzen ahal diren beharrak asetzeari begira

Iruñeko Udalak, Giza Baliabideetako zuzendaritzak 2021eko martxoaren 17an emandako Ebazpenaren bidez, honako deialdi hau onetsi du:

OINARRIAK

Lehena.–Deialdiaren xedea.

Deialdia iragartzen da, izangai-zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko, musika eskola bereziko irakasle lanpostuan akordeoi espezialitatean aritze aldera, Iruñeko Udaleko Joaquín Maya musika eskola berezian gertatzen ahal diren beharrak aldi baterako asetzeari begira.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikagarria duen eremuko estatu batekoa.

Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, beren ondorengoek eta ezkontideenek -zuzenbidez bereizita ez badaude-, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Jarraian aipatzen diren ataletako tituluetako bat edukitzea, aukeran, edo hura erdiesteko baldintzetan egotea, eskabideak aurkezteko mugaegunean.

1. Unibertsitate-diplomatura edo -gradua, Ingeniaritza Teknikoko, Arkitekto Teknikoko edo horien baliokidea den titulua eta Gradu Ertaineko titulu profesionala akordeoi espezialitatean.

2. Goi-mailako irakasle titulua akordeoi espezialitatean edo, bestela, espezialitate horren Gradu Ertaineko irakasle titulua, irailaren 10eko Musika Kontserbatorioen Araudi Orokorrari buruzko 2618/1966 Dekretuarekin bat emana.

Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, horien homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.

d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabeturik ez egotea, ezta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizita ere.

f) Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko dute, edo hitz eman, adierazteko ez dutela, beren estatuan, Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapen edo kondena-penalik.

g) Haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearekin bat, adingabeekin ohiko harremana edukitzea eskatzen duten lanpostuetara sartzeko ezinbestekoa da epai irmo baten bidez kondenarik jaso ez izana sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik edo gizakien salerosketagatik.

Betekizun hori egiaztatzeko Giza Baliabideetako Idazkaritza Teknikoari baimena eman beharko zaio egiaztagiri hori eska diezaion Sexu-delitugileen Erregistro Zentralari, edo abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuak araututako Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ezezko egiaztagiria aurkeztu.

2.2. Deialdi honi dagokion Akordeoi irakasle lanpostuan aritzeko izangai-zerrenda bat osatze aldera hautatutako izangaiek aukera izanen dute euskara berariazko betekizun gisa dituzten lanpostuetan aritzeko, baldin eta eskabideak aurkezteko mugaegunean Nafarroako Gobernuak ematen duen Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) badute, edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulazioa, eta, zehazki, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidetzat jotzen den beste edozein agiri.

2.3. Izangaiek agirien bitartez egiaztatu beharko dute oinarri honen 2.1. c) letran eta 2.2 zenbakian eskatzen diren titulazio-baldintzak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko unean.

2.4. Izangaiek aurreko baldintza guztiak bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean ez ezik, hala dei egiten zaienean nola kontratazio-aldian ere.

Hirugarrena.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia iragartzen duen aipamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Deialdiaren testu osoa eskuragarri egonen da Iruñeko Udalaren www.pamplona.es webgunean eta Herritarrendako Arreta Bulegoan.

3.2. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein Erregistrotan aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bideetako edozein erabiliz.

Eskabideak I. eranskinean jasotako ereduari lotuko zaizkio. Eredu hori eskuragarri egonen da Iruñeko Udalaren Herritarrendako Arreta bulegoetan eta Interneten www.pamplona.es webgunean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.3. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

3.3.1. Ziurtagiria, izena emateko eskubide tasa dela-eta 11,00 euro Iruñeko Udalari ordaindu izana egiaztatzeko. Tasa hori ordaindu ezean, izangaia bazterturik geldituko da.

Azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Tasa Iruñeko Udalak honako finantza-entitate hauetan dituen kontuetan ordaindu daiteke, haietan dirua sartuz edo haietara banku-transferentzia eginez: Caixabank (ES04 2100 2173 8102 0022 2762), Laboral Kutxa (ES22 3035 0039 3403 9090 0005) eta Nafarroako Rural Kutxa (ES07 3008 0001 1411 0344 7429). Edo, bestela, Udaleko Diruzaintzan (Merkatuko kalea 7-9, 2. solairua). Ordainagirian honako datu hauek adierazi beharko dira, nahitaez:

–Izangaiaren izen-abizenak.

–NAN / IFZ.

–Ordainketa zein kontutan egin den eta horren zenbakia.

–Kontzeptua: Akordeoi-irakaslearen deialdia.

3.3.2. Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nortasuna eta nazionalitatea egiaztatzen dituen agiriarena, eta behar izatera, deialdiaren 2.1.a) oinarrian eskatutako nazionalitate- eta ahaidetasun-baldintzei buruzko agiriarenak.

3.3.3. 2.1.c) oinarrian aipatu tituluaren edo tituluen fotokopia.

3.3.4. Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuak araututako Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ezezko egiaztagiria, Giza Baliabideetako Idazkaritza Teknikoari baimenik eman ezean hura eskatzeko.

3.3.5. Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) fotokopia, edo baliokide batena, 2.2. oinarrian jasotako ondorioetarako.

3.3.6. Eskabidearekin batera, desgaitasun bat aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria –organo eskudun batek emana– aurkeztu beharko dute. Halaber, denboraren eta baliabideen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte –beharrezkotzat joz gero–, eskabidean bertan adierazita, eta, horrez gain, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer-nolako desgaitasuna duten, eta eskatutako egokitzapenak.

Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta ordura arte haiek gauzatutako egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

Nahikoa izanen da agirien kopia sinpleak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du halako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.

Laugarrena.–Izangaien onarpena. Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak onartuen eta baztertuen behin behineko zerrenda onetsiko du, eta Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es) argitaratuko da.

4.2. Egun horretatik aitzina, baztertutako izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko edo eskabidean akatsik balego horiek zuzentzeko, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta.

4.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta erreklamazioak ebatzita, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak onetsiko du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta agindua emanen du hori Udalaren webgunean argitaratzeko. Zerrendarekin batera, deialdi honetan aurreikusitako lehen hautaproba egiteko eguna eta tokia ere emanen dira jakitera.

Izangaietan inor bazterturik ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da eta Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko da, lehen hautaproba egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko, baldin eta baztertuak izan badira beraiei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik deialdietan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioaren eskuetan dagoena aztertzean ondorioztatzen bada ez dutela betetzen eskatutako baldintzaren bat, interesdunek deialdian parte hartzeagatik bereganatutako eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Bosgarrena.–Hautapen-prozesuaren garapena eta balorazioa.

5.1. Probak. Hautapen-prozesuak bi proba edukiko ditu:

–Lehen proba. Interpretazio-proba. Obra bat edo gehiago, edo haien mugimenduak, jo beharko dituzte, 10 minutu inguruan. Epaimahaiak egoki jotako unean eman dezake proba bukatutzat.

Jo beharreko errepertorioak akonpainamendurik behar badu, negatiboki balora daiteke errepertorio-jotzailerik edo akonpainamenduko bestelako musikaririk ez aritzea.

Epaimahaiari partituraren bi kopia eman behar zaizkio.

Proba honetan gehienez ere 15 puntuko balorazioa emanen da. Bazterturik geldituko dira gutxienez 7,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Aurkeztutako programaren aniztasunaz eta interes artistikoaz gain, honako alderdi hauek baloratuko dira: egituraren gaineko kontzientzia musikala, testuaren doitasuna, erritmo-sentimendua, agogikak, soinu-planoak, soinuaren kalitatea, soinuaren oreka –pasarte eta testura bakoitzari egokitua–, koloreak, dinamikak, fraseatzea, komunikazioa, adierazkortasuna, sentikortasuna, soinu-irudimena, barne-entzumena, entzumen-sentikortasuna, entzute aktiboa, instrumentuaren kontrola, kontrol psikologikoa, interpretazio estilistikoa, memoria, sinkronizazioa, elkar ulertze artistikoa, etab.

–Bigarren proba. Proba praktikoa. Izangaiek, gehienez ere 15 minutuko eskola-saio bat emanen diote musika eskolan ikasten ari den edozein mailatako ikasle bati. Epaimahaiak egoki jotako unean eman dezake proba bukatutzat.

Proba honetan gehienez ere 35 puntuko balorazioa emanen da, eta bazterturik geldituko dira gutxienez 17,50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan balorazioa egitean: komunikazioa, ikasleekiko harremana, baliabideak eta estrategiak egokitu eta sortzeko gaitasuna obraren edo ikasleen zailtasunak bideratze aldera, adibide musikalen erabilera, eta izangaiak egoki jo eta erabilitako beste zenbait alderdi.

Epaimahaiak egoki jotzen dituen argibideak oro eskatzen ahalko ditu.

Osasun- eta hezkuntza-agintariek ezarritakoarekin bat, ikasleek ezin badute proba hori aurrez-aurre egin, bideokonferentzia bidez eginen da, eta izangaia adierazitako egunean eta orduan egon beharko da Joaquín Maya musika eskolan. Izangaiari beharrezko tresnak emanen zaizkio bideokonferentzia bidez konektatuko den ikasle bati saio praktikoa emateko.

Epaimahaiak erabaki dezake bi probak egun berean edo egun ezberdinetan egitea.

Bi probak grabatuko dira, hala irudian nola soinuan, eta Iruñeko Udalak gordeko ditu grabazioak, datu horien tratamendutik Udalari etor dakiokeen erantzukizunik egon bitartean. Informazio hori legezko interesdunei jakinaraz dakieke.

5.2. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak Nortasun Agiri Nazionala, AIZ, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela azalduko dira haietara. Agertzen ez diren edo nortasuna egiaztatzen ez duten izangaiak baztertuta geratuko dira.

5.3. Hautaprobak egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.

5.4. Proba egin ondoren, udal-webgunean argitaratuko dira izangai bakoitzak lortutako emaitzak.

Proba bakoitzaren emaitzen aurka erreklamazioa paratzen ahalko da, 3 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren webgunean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta. Behin erreklamazioak ebatzita, eta hala badagokio, egin beharreko hurrengo probaren eguna eta tokia adieraziko dira.

Seigarrena.–Epaimahai kalifikatzailea:

6.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: María Arratibel Aramburo, Joaquín Maya Musika Eskola Bereziko zuzendaria.

Epaimahaiburu ordezkoa: Francisco de Miguel Granado, Joaquín Maya Musika Eskola Bereziko flauta-irakaslea.

Epaimahaikidea: Iagoba Bilbao Navarro, Joaquín Maya Musika Eskola Bereziko akordeoi-irakaslea.

Epaimahaikide ordezkoa: Alfonso Iturria Amadoz, Joaquín Maya Musika Eskola Bereziko txistu-irakaslea.

Epaimahaikidea: María Jesús Erdozáin Ciáurriz, Joaquín Maya Musika Eskola Bereziko akordeoi-irakaslea.

Epaimahaikide ordezkoa: Álvaro Díaz Urtasun, Joaquín Maya Musika Eskola Bereziko tuba- eta bonbardino-irakaslea.

Epaimahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide-idazkaria: Nuria Abadía Lacosta, Joaquín Maya Musika Eskola Bereziko ikasketaburua.

Epaimahaikide-idazkari ordezkoa: María José Ros Rodríguez, Joaquín Maya Musika Eskola Bereziko ganbera-musikako irakaslea.

6.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.

6.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

Zazpigarrena.–Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Behin proben kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen ditu Iruñeko Udalaren webgunean, deialdia gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazio osoaren hurrenkeran.

Halaber, epaimahaiak Giza Baliabideetako zuzendariari igorriko dizkio zerrendak, onets ditzan, hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera.

7.2. Izangaiek guztira lortzen dituzten puntuetan gerta litezkeen berdinketak epaimahaiak ebatziko ditu irizpide hauekin bat:

Berdinketarik gertatuz gero, hautapen-prozesuaren bigarren partean –proba praktikoan– lortutako puntuaziorik altuenaren arabera erabakiko da. Berdinketak jarraituko balu, zozketa bidez ebatziko da Zerbitzu Orokorretako Alorrean –Giza Baliabideetan–, eta berdinduta dauden izangaiei deituko zaie zozketan egon daitezen.

7.3. Izangai-zerrendak izangaiak deitzeko hurrenkerarekin bat onetsi aurretik, desgaitasuna egiaztatu duten izangaiei osasun-azterketa bat eginen zaie, lanposturako gaitasuna zehazte aldera.

Zortzigarrena.–Izangaien zerrendak eta dei egitea.

Behin jasota hautapen-prozesuaren espediente osoa, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpen bidez onetsiko ditu izangai-zerrendak, izangaiak deitzeko hurrenkerari lotuta, eta Udalaren webgunean (www.pamplona.es) argitaratuko dira.

Arau honek aipatzen dituen zerrendetako izangaiei deitzea honako arau hauetan ezarritakoarekin bat eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak, deialdi honen oinarriak, Tokiko Gobernu Batzarrak 2017ko apirilaren 25ean onetsitako Erabakia –langileak administrazio araubidean kontratatzea erregulatzen duena– eta haren eguneratzeak, bai eta aplikagarriak diren gainerako arauak ere.

Deia egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa, eta horretarako, %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek egoera hori egiaztatu beharko dute organo eskudunak egindako jatorrizko agiria edo kopia konpultsatua edo legeekin bat kautotua aurkeztuta.

Momentu horretan aurkeztu beharko dituzte deialdi honetan eskatutako jatorrizko dokumentuak edo fotokopia konpultsatuak edo legeekin bat kautotuak.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2021eko martxoaren 17an.–Javier Morrás Iturmendi, Giza Baliabideetako zuzendaria.

I. ERANSKINA

Eskabidea, deialdian parte hartzeko, musika eskola bereziko irakasle-lanpostuan –akordeoi espezialitatean– aldi baterako aritze aldera(PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2104897