77. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

79/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 11koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, 2021eko dirulaguntzen deialdia onesten duena adinekoen, desgaitasuna duten pertsonen, gaixotasun mentala dutenen eta adingabeen egoitza-zentroek norbera babesteko ekipamenduak eskura ditzaten profesionalentzat, COVID kasuei eta/edo kontaktu hurbilei arreta emateko. DDBN identifikazioa: 553075.

COVID-19ak eragindako osasun krisiak nahas-mahas egina utzi zuen norbera babesteko ekipamenduen (NBE) eta pandemiari aurre egiteko behar diren gainerako osasun produktuen merkatua. Krisiaren hasieran, izan ere, zailtasun ugari izan ziren osasun produktuen merkatuan, eta eskua sartu behar izan zen.

Adinekoen, desgaitasuna dutenen, gaixotasun mentala dutenen eta adingabeen egoitzen esparruan ere, NBE-en faltak zailtasun asko ekarri zituen zentroetan kasu positiboak eta/edo sintomak zituztenenak handitu zirenean. Pandemiaren lehendabiziko hilabeteetan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren ardura zen materiala hornitzea, osasun etxeen bidez, egoitza-zentroei.

Modu osagarrian eta premia larrien aurrean, Eskubide Sozialetako Departamentua, beste entitate batzuekin koordinatuta (Erizaintzako Elkargoa, Foruzaingoa, Guardia Zibila...) hasi zen zentroei materiala ematen (FPP2 maskarak, lan-jantziak, mantalak, eskularruak, babes-pantailak), betiere Osasunbideak eman behar zuena osatzeko.

2020ko uztailaren 1etik aurrera, Osasun Departamentuak utzi zion zentro soziosanitarioen katalogoan sartutako materialak zentro soziosanitarioei emateari, 1217/2018 Ebazpena betez, eta pandemiaren lehendabiziko olatuan norbera babesteko eman zituen beste produktu batzuen hornidura egiteari ere utzi zion.

Ordutik aurrera, egoitza-zentroen erantzukizuna izan zen ohiko arreta emateko oinarrizko babes materiala hornitzea (eskularruak eta maskara kirurgikoak).

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Kontingentzia Planean, zeina 2020ko uztailean egin baitzen, jaso zen nahitaezkoa zela egoitza-zentroek norbera babesteko ekipamenduen stock-a izatea beren funtzionamendua hilabete batez bermatzeko adina NBErekin, kasuen kopuruak gora egiten bazuen.

Eskubide Sozialetako Departamentuak egin du babesteko ekipamenduen hornidura, zeinak beharrezkoak baitira arreta emateko kasu susmagarriei edo COVID-19aren kasuei eta/edo isolamendua egiteko egoitzaren barnean.

Aurreikusten den hornidura, gutxi gorabehera, 6 ekipamendukoa da ukitutako erabiltzaile eta egun bakoitzeko, erabili eta botatzeko materialaren kasuan. Kopuru hori doitu beharko da asko baldin badira ukitutako egoiliarrak.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak balorazio bat egiten du zentro bakoitzaz, profesionalez eta izandako kasuez biltegiaren hornidura egiteko.

Honako hau da orain arte egindako horniduren materiala: FFP2 maskarak edo IIR motako maskara kirurgikoak, begietarako babesak/aurpegirako pantailak eta mantalak/mandar iragazgaitzak/lan-jantziak, erabili eta botatzekoak nahiz berriz erabiltzekoak. Material horrek ordezten du zentroetako stock-etik hartzen dena, egoitzek beti izan dezaten agerraldi bati aurre egiteko moduko biltegi bat.

Sistema hori funtzionamenduan egon den sei hilabetean, gabeziak agertu dira logistikaren eta giza baliabideen aldetik; horren ondorioz, komenigarritzat jo da sistemak aukera ematea zentroei modu autonomoan egiteko beharrezko materialaren erosketa eta hornidura, beren premiei heltzearren kasu positiboen aurrean edo isolamendu beharren aurrean.

Horrenbestez, deialdiaren xedea da COVID-19ak eragindako krisiak egoitza-zentroei ekarritako gastua osatzea, eta horretarako, norbera babesteko ekipamenduen erosketa finantzatuko zaie adinekoen, desgaitasuna dutenen, gaixotasun mentala dutenen eta adingabeen zentroei, zentro horietako erabiltzaileen COVID kasuei eta/edo kontaktu hurbilei arreta ematen dieten profesionalek erabil ditzaten.

Horretarako, laguntza bat emanen zaie egoitza-zentroei 2021eko ekitaldian FFP2 maskarak, begietarako babesak, babes mantalak eta txanoak erosteko, agente patogenoaren transmisio eta kutsatze arriskua murritz dadin. 250 euro emanen dira COVIDa duen pertsona bakoitzeko eta/edo sintomengatik edo kontaktu hurbila izateagatik isolamendu beharra duen pertsona bakoitzeko, zentroan arreta ematen bazaio eta hori gertatu bada deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 2021eko urriaren 31ra bitarte.

Nafarroako Gobernuak, 2021eko otsailaren 24an egin bilkuran, baimena eman dio Eskubide Sozialetako kontseilariari 2021ean banakako ebaluazioaren araubidean dirulaguntzak emateko adinekoen, desgaitasuna dutenen, gaixotasun mentala dutenen eta adingabeen egoitza-zentroei norbera babesteko ekipamenduak eros ditzaten profesionalentzat, COVID kasuei eta/edo kontaktu hurbilei arreta ematearren.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2021eko dirulaguntzen deialdia onestea adinekoen, desgaitasuna duten pertsonen, gaixotasun mentala dutenen eta adingabeen egoitza-zentroek norbera babesteko ekipamenduak eskura ditzaten profesionalentzat, COVID kasuei eta/edo kontaktu hurbilei arreta emateko, foru agindu honen I. eranskineko oinarrien arabera.

2. 181.590,00 euroko gastua baimentzea, 2021eko gastuen aurrekontuko “COVID-19a. NBEak erosteko laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateen egoitza-zentroentzat” izeneko 900005 93100 4819 231000 partidaren kargura, eta 118.410,00 euroko gastua baimentzea 2021eko gastuen aurrekontuko “COVID-19a. NBEak erosteko laguntzak egoitza-zentro eta irabazi-asmoa duten entitateentzat” izeneko 920005 93100 4709 231000 partidaren kargura, foru agindu honen ondoriozko konpromisoei heltzeko.

Eskaera guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, 300.000 euro gehituz, gehienez, dagozkion aurrekontu gehikuntzen bidez. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren egoeraren bat gertatzen delako. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzerik, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hasterik ere.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta aipatu aldizkarian argitaratu arte.

4. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, Inbertsio, Obra eta Hornidura Atalera eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2021eko martxoaren 11n.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

2021eko dirulaguntzen deialdia adinekoen, desgaitasuna duten pertsonen, gaixotasun mentala dutenen eta adingabeen egoitza-zentroek norbera babesteko ekipamenduak eskura ditzaten profesionalentzat, COVID kasuei eta/edo kontaktu hurbilei arreta emateko. Oinarriak

Lehendabizikoa.–Laguntzen deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da norbera babesteko ekipamenduen erosketa finantzatzea adinekoen, desgaitasuna dutenen, gaixotasun mentala dutenen eta adingabeen egoitza-zentroei, zentro horietako erabiltzaileen COVID kasuei eta/edo kontaktu hurbilei arreta ematen dieten profesionalek erabil ditzaten.

Horretarako, laguntza bat emanen zaie egoitza-zentroei 2021eko ekitaldian FFP2 maskarak, begietarako babesak, babes mantalak (erabili eta botatzekoak edo berriz erabiltzekoak) eta txanoak erosteko, agente patogenoaren transmisio eta kutsatze arriskua murritz dadin.

Bigarrena.–Aurrekontu-baliabideak.

Guztira, 300.000 euro bideratuko dira helburu horretara 2021eko ekitaldian. Horietatik, 181.590,00 euro izanen dira “COVID-19a. NBEak erosteko laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateen egoitza-zentroentzat” izeneko 900005 93100 4819 231000 partidaren kargura, eta 118.410,00 euro, berriz, “COVID-19a. NBEak erosteko laguntzak irabazi-asmoa duten entitateen egoitza-zentroentzat” izeneko 920005 93100 4709 231000 partidaren kargura.

Zenbat eskaerak betetzen dituzten baldintzak ikusita, eta kreditu erabilgarririk baldin badago aurrekontuko partidetan, deialdirako diru kopurua handitzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariaren foru agindu bidez.

Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eskatzeko, COVID kasuei eta/edo sintomengatik edo kasu positibo baten kontaktu hurbila izateagatik isolamendu beharra dutenei arreta ematen dieten egoitza-zentroek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Baimena izatea Nafarroako Foru Komunitatean adinekoen, desgaitasuna dutenen, gaixotasun mentala dutenen eta adinegabeen egoitza-zentro gisa.

b) Arreta ematea COVID kasuei eta/edo sintomengatik edo kasu positibo baten kontaktu hurbila izateagatik isolamendu beharra dutenei, eta horien berri behar bezala ematea Eskubide Sozialetako Departamentuari kasuen segimendua egiteko ezarritako Report-en bidez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 2021eko urriaren 31ra arte.

c) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta edukitzea.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Laugarrena.–Laguntzaren zenbatekoa.

Laguntzan, 250 euro emanen dira COVIDa duen pertsona bakoitzeko eta/edo sintomengatik edo kontaktu hurbila izateagatik isolamendu beharra duen pertsona bakoitzeko, zentroan arreta ematen bazaio eta hori gertatu bada deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 2021eko urriaren 31ra bitarte.

Agerralditzat hartzen da zentro batean lehendabiziko kasu positiboa agertzen denetik zentroak isolamendua behar duen kasurik ez duen arteko aldia.

Agerraldien kasuan, laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere 5.000 eurotik gorakoa izanen agerraldi eta zentro bakoitzeko.

Pertsona bat isolamenduan badago eta gero positiboa ematen badu, kasu bakartzat joko da laguntza eskatzeko orduan.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2021eko urriaren 31n bukatuko.

Interesa duten egoitza-zentroek eskaera bat aurkeztu behar dute, horretarako prestatutako ereduaren araberakoa (Nafarroako Gobernuaren web-orrian egonen da eskura), agerraldia edo isolamendu beharra duten pertsonen egoera bukatu ondoan.

Eskaera horiek telematika bidez aurkeztuko dira, ondotik zehazten den dokumentazioarekin batera, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez, dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduta:

a) FFP2 maskarak, babes mantalak (erabili eta botatzekoak edo berriz erabiltzekoak), begietarako babesak (betaurrekoak edo pantailak) eta txanoak erostearen fakturak. Faktura 2021ean egina egonen da, entitate eskatzailearen izenean, eta bete beharko du fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamenduan ezarritakoa (apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretua). Fakturaren zenbatekoa izanen da, gutxienez, dirulaguntzaren zenbatekoa adinakoa.

b) Faktura horien ordainagiriak.

c) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak dituela frogatzen duen ziurtagiria.

Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 19. artikuluan ezarritako baldintzak, organo kudeatzaileak entitate interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, zeina jakinaraziko baitzaio.

Orobat, instrukzio organoak deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak goitik behera betetzen direla frogatzekoa ere.

Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Seigarrena.–Laguntza emateko prozedura eta prozeduraren instrukzioa.

Banakako ebaluazioa erabiliko da dirulaguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan adierazitako moduan.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak tramitatuko ditu eskaerak, eta instrukzio organo gisa ariko da Inbertsio, Obra eta Hornidura Atala. Horrexek egiaztatuko du betetzen diren finantzaketa eskuratzeko bete behar diren baldintzak, hirugarren oinarriak ezarritakoak, eta ofizioz baloratuko ditu eskaerak, oinarri hauen arabera.

Zazpigarrena.–Balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

Instrukzio organoak, hirugarren oinarria kontuan hartuta, banaka-banaka aztertuko ditu eskaerak, haiek aurkezteko hurrenkerari jarraikiz; eta laugarren oinarrian adierazitakoaren arabera zehaztuko du dirulaguntzaren zenbatekoa.

Oinarri arautzaile hauetako baldintzak betetzen dituzten eskaerak diruz laguntzea proposatuko da, harik eta aurrekontuaren partida agortu arte; ebazpen arrazoitua eginen da eta entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio.

Zortzigarrena.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa ordainketa bakarrean ordainduko zaie entitate onuradunei, laguntza emateko ebazpena ematearekin batera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluarekin bat.

Dirulaguntza justifikatutzat joko da hura eskuratzeko baldintzak betetzearekin.

Bederatzigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

Laguntzen eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Organo kudeatzaileari jakinaraztea beste edozein administrazio publikok edo erakunde publikok zein pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntza edo laguntzen berri.

b) Organo kudeatzaileari jakinaraztea dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo zein subjektiboren aldaketa.

c) Organo emailearen egiaztapenak eta kontrolak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietarako eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Dirulaguntzen onuradun diren entitateek, aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik behartuta badaude gardentasun betebeharra betetzera, jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:

a) Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak betetzen ez badira, ordaindutako dirulaguntza itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Laguntza eman duen organoak berak emanen du hura itzularazteko ebazpena. Aurretik behar den prozedura tramitatuko du, eta bertan, organo kudeatzailearen proposamen arrazoituarekin batera, bidezko diren txostenak eta frogak bilduko dira, bai eta onuradunaren alegazioak ere, halakorik badago. Itzulketaren prozedura amaitzeko ebazpena eman eta jakinarazteko epea hamabi hilabetekoa izanen da, gehienez ere. Epe hori iraganik, dirua itzultzeko prozedura iraungitzat joko da.

Prozedura amaitzeko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, diru-sarrera non, nola eta noiz egin behar duen adieraziz eta, orobat, ohartaraziko zaio itzulketa ezarritako epean egiten ez badu premiamendu bideari hasiera emanen zaiola.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak (aipatutako foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona).

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun-printzipioa.

Hamargarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein administrazio publikok edo entitate publiko zein pribatuk kontzeptu eta xede bererako ematen dituen inolako dirulaguntza edo laguntzekin.

Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo diruz lagundutako jardueraren berezko baliabide batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Hamaikagarrena.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez, honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, entitate onuradunak eta emandako zenbatekoak.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

Hamabigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

Hamahirugarrena.–Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2104209