74. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 5a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 12/2021 FORU DEKRETUA, apirilaren 4koa, zeinaren bidez aparteko prebentzio neurriak hartzen baitira Arguedasko udalerrian, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen dio autonomia erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Aipatutako errege dekretuaren 6.2 artikuluak ezartzen du ezen eskuordetutako agintari eskudunak, modu osagarrian, pertsonen sarrerak eta irteerak mugatzen ahalko dituela geografikoki autonomia erkidegoa baino txikiagoak diren lurralde eremuetan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin (errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko).

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, azken bi asteetan, martxoaren 20tik apirilaren 2ra, Arguedasko udalerrian SARS-CoV-2aren bidezko infekzioaren 64 kasu diagnostikatu dira (intzidentzia metatua: 2810,72 kasu 100.000 biztanleko). Aldi horretan berean, Nafarroako intzidentzia metatua 329,71 kasukoa izan da 100.000 biztanleko.

Kasuen %76 azken astean metatu dira eta, horrenbestez, Arguedasen 7 egunean 2151,95 kasuko intzidentzia izan da 100.000 biztanleko; Nafarroan, aldiz, 176,09 kasukoa 100.000 biztanleko. Horrek esan nahi du ratioa 1,3koa dela eta goranzko joera argia dagoela.

45 eta 64 urte bitarteko adin tartea da intzidentzia altuena duena. Sexuen araberako banaketa antzekoa da: 31 gizonezko eta 33 emakumezko 14 egun hauetan.

Horrenbestez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostena kontuan edukita eta azaldutako arrazoiengatik, bidezkoa da Arguedasko udalerrian ezartzea SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko prebentzio neurriak; egoera epidemiologikoaren arabera, berriz luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira, kutsatzeen murrizketa finkatzeko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren babesean, errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu baitzen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Arguedasko udalerrian sartzeko eta bertatik ateratzeko mugak.

1. Arguedasko udalerrian pertsonak libreki sartu eta bertatik ateratzeko mugimenduak mugatuta egonen dira, salbu eta behar bezala justifikatutako joan-etorriak, arrazoi hauetako batengatik egiten direnak:

a) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo lege arloko betebeharrak betetzea.

c) Unibertsitateetara, ikastetxeetara eta heziketa zentroetara joatea, barne direla haur-hezkuntzako eskolak eta irakaskuntza ez-arautua ematen duten akademiak, autoeskolak barne.

d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.

e) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

f) Mugakide diren lurraldeetako finantza eta aseguru entitateetara edo gasolina-zerbitzuguneetara joatea.

g) Organo publikoen, judizialen edo notarioen aurrean eskatutako jarduketak edo presakoak egitea.

h) Baimenak eta agiri ofizialak berritzea, bai eta atzeratu ezin diren beste administrazio-izapide batzuk ere.

i) Atzeratu ezin diren azterketa edo proba ofizialak egitea.

j) Honakoetan parte hartzen duten kirol taldeak, kirolariak, teknikariak eta arbitroak:

–Estatuko txapelketa ofizial ez-profesionalak eta Espainiako kirol federazioen menpeko nazioarteko txapelketak. Haiei aplikatuko zaie Kirol Kontseilu Gorenak Estatuko 2020-2021eko denboraldiko txapelketa ofizial ez-profesionaletara itzultzeko prestatu duen jarduteko protokoloa.

–Autonomia erkidegoen arteko txapelketa ofizialak.

Horrez gain, maila eta errendimendu handiko kirolariak, apartatu honetan aipatzen diren txapelketa ofizialak prestatzeko kontzentrazioetan parte hartzen dutenak.

k) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

l) Nolanahi ere, baimenduta egonen da "Senda Viva" Nafarroako Naturaren Parkera sartzea, polizia indarrek horretarako gaitzen dituzten sarbideen bitartez.

m) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatuta.

2. Udal-mugartea gurutzatzen duten errepideetan eta bideetan zirkulatzea baimenduta dago, baldin eta bidaiaren jatorria eta destinoa horretatik kanpo badaude.

3. Foruzaingoaren lankidetza eskatzen da, Estatuko segurtasun kidego eta indarrekin eta udaltzaingoekin koordinaturik, lehendakariaren foru dekretu honetan ezarritako neurriak betearazi eta zaintzeko helburuarekin.

2. artikulua. Neurrien indarra.

Foru dekretu honetan aurreikusten diren neurriak 2021eko apirilaren 6tik 19ra arte egonen dira indarrean, bi egun horiek barne, eta uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2021eko apirilaren 6an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 4an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2105343