71. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

10E/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 1ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntza deialdi bat onesten duena, 2021. urtean kirol instalazioak eraberritu ditzaten. DDBN identifikazioa: 551674.

Kirolak Nafarroako toki entitateetan sortzen duen lehentasunetako bat da kirol instalazioak eraikitzea, handitzea eta hobetzea, kirola behar bezala egin ahal izateko. Xede horretan laguntzeko asmoz, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirolaren Institutuaren bitartez, beharrezkotzat jo du dirulaguntzak emateko irizpideak ezarriko dituen laguntza deialdi bat ezartzea.

Kontuan hartuta 2012tik 2018ra toki entitateei ez zaiela dirulaguntzarik eman Nafarroako kirol instalazioak birmoldatu, kontserbatu eta eraikitzeko, eta kirol instalazioen arloan inbertsioak beharrezkoak direla horiek gaurkotu beharra dagoelako, beharrezkoa da kirol instalazioen arloan inbertsioak egiteko laguntza deialdi bat egitea 2021ean.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, bere 6.2 o) artikuluan, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitzen dio kirol jarduerak sustatzeko eskumena, laguntza eta dirulaguntzak emanez horretarako. Halaber, 79.5 artikuluan ezartzen da Nafarroako Gobernuak sustatzen ahalko duela Foru Komunitatearen interes orokorrerako presakotzat eta beharrezkotzat jotzen dituen kirol instalazioak eraikitzea eta haiei loturiko jarduketak egitea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipioak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea toki entitateei 2021. urtean dirulaguntzak emateko deialdi bat, kirol instalazioen arloan eraberritze lanak egin ditzaten, foru agindu honen I. eranskineko oinarriekin bat.

2. Gehienez 400.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorren honako partida ekonomiko honen kargura: A50001 A5410 7609 336102 partida, “Suspertu Plana. Toki entitateentzako deialdia, kirol instalazioak eraberritzeko” izenekoa.

3. Deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

4. Foru agindu hau, oinarri arautzaileak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Nafarroako Kirolaren Institutuari jakinaraztea. Dokumentazio hori guztia interesdunen eskura egonen da Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko martxoaren 1ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Foru agindu honen xedea da araubide bat ezartzea 2021. urtean Nafarroako toki entitateei kirol instalazioen arloan inbertsioak egiteko dirulaguntzak emateko. Inbertsioak erabili beharko dira kirol instalazioak araudira egokitzeko eta horietan eraberritze lanak egiteko, erabiltzaileei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzearren.

Nolanahi ere, deialdi honen oinarrietan aipatzen diren kirol instalazioak egokituko zaizkio Foru Komunitateko Kirol Instalazioen Oinarrizko Eskuliburuari eta/edo NIDE araudiari, Nafarroako Kirolaren Institutuaren irizpidearen arabera, bai eta eraikinen gaineko araudi orokorrari ere.

Jarduketa motaren arabera, inbertsioak bideratuko dira jadanik eraikita dauden instalazioen beharrezko eraberritze lanetara soilik, eta alde batera utziko dira obra berrietarako eta handitze lanetarako inbertsioak. Alde batera uzten dira instalazioaren mantentze eta kontserbazio lanak. Obrak 2021ean egin beharko dira, eta 2021eko azaroaren 15a baino lehen bukatu behar dira.

Administrazio publikoen baliabideei errentagarritasun handiagoa ateratzeko, eta bete daitezen jarduera administratiboaren oinarri nagusi diren eraginkortasunaren, efizientziaren eta ekonomiaren printzipioak, Nafarroako toki entitate bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du deialdi honetan.

2. Helburua.

Deialdi honen helburua da bultzatzea toki entitateetako erabilera publikoko kirol instalazioak, Nafarroako Foru Komunitateko bizilagunek, kirol praktikaren bidez, aukera izan dezaten bizi kalitate handiagoa izateko eta bizikidetzan eta elkartasunean oinarritutako jarduera soziala garatzeko, horiexek baitira kirolak sustatutako balioak. Horren guztiaren helburua Nafarroako herritarren ohitura osasuntsuak eta jarrera zibikoak hobetzea da.

3. Onuradunak.

Dirulaguntza hauek eskatzen ahal dituzte kirol instalazioak egokitu edo eraberritu nahi dituzten Nafarroako toki entitateek, betiere lan horien exekuzioa 2021eko azaroaren 15a baino lehen egin eta bukatzen bada. Alde batera uzten dira instalazioaren mantentze eta kontserbazio lanak.

Bazter utziko dira azkeneko 5 urteotan Nafarroako Kirolaren Institutuak toki entitateen kirol instalazioak eraiki edo eraberritzeko emandako laguntzaren bat jaso duten Nafarroako toki entitateak.

Azkenik, deialditik bazter utziko dira erabilera publikoko igerilekuetako ontziak aplikatu beharreko araudira egokitzeko eskaerak. Araudi hori Nafarroako Foru Komunitateko Igerilekuek bete beharreko Higiene eta Osasun Baldintzak eta Segurtasun Baldintzak ezartzen dituen urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretua da.

4. Eskaerak eta hasierako dokumentazioa.

4.1. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabide-orria, behar bezala betea, eta datuen aitorpena (II. eranskina).

b) Gauzatu beharreko obren oinarrizko proiektuaren ale bat, eraikuntzaren arloan eskuduna den teknikari batek izenpetua, non deskripzio-memoria xehakatu bat jasoko baita, egin beharreko obrak, egungo egoeraren argazkiak, planoak eta kapituluz kapituluko aurrekontua bilduko baitira, proiektuko eta zuzendaritzako ordainsariak barne.

Aurreikusitako inbertsioa 40.000 eurotik beherakoa bada, aski izanen da memoria baloratua aurkeztea, non deskripzio-memoria bat jasoko baita, egungo egoeraren argazkiak eta aurrekontu orokorra bilduko dituena.

Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak ezinbestekoak diren oharrak egiten ahalko ditu aurkeztutako jarduketen gainean, egokitu daitezen bete beharreko premia orokorretara, baita gastu publiko ororen aplikazioan efizientzia egokia lortzeko bidezko diren oharrak ere. Horrek, hala ere, ez du ekarriko dirulaguntza ematea, hori deialdiaren baldintzen eta betebeharren menpe egonen baita, ez eta eskaera baloratzeko prozesuan puntuazio altuagoa izatea ere.

c) Obraren xedeko lurren edo eraikinen jabetza ziurtagiria, indarrean den hirigintzako araudiarekin bateragarriak direla eta obrak hasteko unean erabiltzen ahal direla adierazita.

Lurren titularra Nafarroako Gobernua bada, lurren erabilera lagatzeko egiaztagiria aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuak luzatua.

d) Ziurtagiri bat, non aurreikusi den finantziazioari buruz tokiko entitateak edo sozietate publikoak, eta, kasua bada, entitate kofinantzatzaileek hartutako erabakia zehaztuko baita, haietako bakoitzak aurreikusitako zenbatekoak xehatuta. Ziurtagiri horretan adieraziko dira ekarpenaren jatorria (funts berekiak, dirulaguntzak, kreditu finantzarioak edo beste batzuk) eta obrak egiteko aurreikusitako epeak. V. eranskina.

e) Toki entitatearen ziurtagiria, non jasoko baita honako konpromiso hau biltzen duen erabakia: dirulaguntza zertarako ematen den, entitateak helburu zehatz horretarako mantenduko du instalazioa gutxienez 20 urtez.

f) Kirol instalazioen tokiko plana, III. eranskinaren arabera.

Kirol instalazioen tokiko plana Nafarroako Kirolaren Institutuak diruz lagundu badu, aski da laguntza ematen duen ebazpena aipatzea. Kirol instalazioen tokiko planean lehentasun gisa agertu beharko da dirulaguntzaren xede den jarduketa.

g) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.

h) Tributu arloko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.

i) Ziurtagiri bat adierazteko udalaren kirol instalazioak eguneratuak daudela Nafarroako Kirol Instalazioen Erroldan, eskatutako dokumentazioa aurkezten den eguna baino lehenagotik. Dirulaguntza eskatzen duen entitateak bere jabetzapeko instalazio guztien segurtasun akta guztiak eguneratuak izan beharko ditu.

j) Tokiko entitate eskatzaileari bere eskaera sendotzeko interesgarriak iruditzen zaizkion gainerako dokumentuak, foru agindu honetan adierazitako irizpide eta adierazleekin loturik.

4.2. Dokumentuek jatorrizkoak izan beharko dute, edo administrazioak kautotutako kopiak.

4.3. Adierazitako agirien aurkezpenean akatsik ikusiz gero, edo agiriren bat falta bada, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio ikusitako akatsa telematikoki zuzentzeko, gaitutako helbide elektronikoaren bidez. Horretarako, 10 egun balioduneko epea emanen zaio. Horretaz gain, adieraziko zaio ezen epe horretan zuzenketarik egiten ez badu eskaera ezetsitzat joko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5. Aurkezteko tokia eta epea.

5.1. Dirulaguntza eskaerak eta hasierako dokumentazioa aurkezten ahalko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 30 egun natural igaro arte, egun hori barne.

5.2. Dirulaguntza eskaerak eta justifikazio agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoa erabiliz. Helbide horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

5.3. Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Ez dira aurkeztutzat hartuko dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki aurkezten ez direnak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz (aurrerantzean, APAPEL). Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

5.4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

6. Hautaketa, balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

6.1. Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak instruituko ditu laguntzak emateko prozedurak, bera baita aurkeztutako agiriak bideratu, baloratu eta aztertuko dituena, foru agindu honen I. eranskineko 2. oinarrian eta 6. oinarri honen 3. atalean ezarritakoarekin bat. Ondoren, dirulaguntzak emateko proposamena eginen dio Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari, dirulaguntzen deialdia ebatzi dezan.

Eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari eskaera eginen zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak zilegi du gaian eskumenak dituzten instituzioei eta erakundeei txostenak eskatzea, egoki iruditzen zaionean. Kasu horretan, txosten horiek, lotesleak izan gabe, dirulaguntza ematea egokia den baloratzeko balioko dute.

Dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetza izanen da.

Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Kirolaren Institutuko Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak toki entitate eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko.

6.2. Deialdi honetan laguntzen onuradun ateratzen diren toki entitateek, orokorrean, aurkezten duten proiektuko kirol obraren aurrekontuaren %60rainoko dirulaguntza lortzen ahalko dute, 60.000 euro gehienez.

6.3. Balorazio irizpideak:

A.–Zenbat biztanle dauden instalazioa dagoen herriko biztanleen baldintza berberetan sar daitezkeenak: 40 puntu gehienez.

–Ukitutako biztanleen kopurua. (20 puntu gehienez).

  • 12.000 biztanletik gorako biziguneak: 1 puntu 1.000 biztanleko edo horren zatikiko 12.000 biztanletik aurrera (gehienez ere 20 puntu).
  • 2.000 eta 12.000 biztanle arteko biziguneak: 1 puntu 500 biztanleko edo horren zatikiko 2.000 biztanletik aurrera (gehienez ere 20 puntu).
  • 2.000 biztanletik beherako biziguneak: 1 puntu 100 biztanleko edo horren zatikiko. (Gehienez ere 20 puntu).

–59 urtetik gorako biztanleen portzentajea. (10 puntu gehienez).

Puntuazioa honela emanen da: 59 urtetik gorako biztanle kopuru handiena duen toki entitateari, gehieneko puntuazioa; gainerakoei, dagokien balio ponderatua, hiruko erregela zuzena aplikatu eta gero.

–Populazioaren sakabanaketa. Biztanleak/km² (10 puntu gehienez).

Puntuazioa honela emanen da: biztanleen sakabanatze indize handiena duen toki entitateari (biztanleak/km²), gehieneko puntuazioa; gainerakoei, dagokien balio ponderatua, alderantzizko hiruko erregela aplikatu eta gero.

Oharra: biztanleen sakabanatze indize handiena=km²-ko biztanle kopuru txikiena.

B.–Jarduketaren araberako balorazioa: 60 puntu gehienez.

–Inbertsioa. Inbertsiorako behar diren zenbatekoei jarraikiz, eta aurkeztutako aurrekontuaren arabera, 3 puntu inbertsiorako behar diren 10.000 euroko. Gehienez ere 30 puntu.

–Kirol instalazioaren antzinatasuna. Entitateko idazkaritzaren edo idazkaritza/kontu-hartzailetzaren titularra den pertsonaren ziurtagiria eskatuko da.

  • 15 urte baino gehiago: 15 puntu.
  • 10 urte baino gehiago, 15 urte arte: 7 puntu.
  • 5 urte baino gehiago, 10 urte arte: 2 puntu.

–Jarduketa eginen den espazio motaren arabera: 5 puntu gehienez.

  • Jarduketa kirol espazioan bakarrik eginen da: 5 puntu.
  • Jarduketa kirol espazioan eta espazio osagarrietan eginen da: 3 puntu.
  • Jarduketa espazio osagarrietan bakarrik eginen da: puntu bat.

–Desgaitasunaren perspektiba ezartzen laguntzen du: 5 puntu gehienez.

Proiektuak/jarduerak desgaitasuna dutenen erabilera mailari bultzada emanen dioten ekintzak dauzka, oztopoak murriztea eta diruz lagundutako kirol jarduera egitea ahalbidetuko dutenak.

Hartu beharreko neurriei buruzko txosten bat aurkeztu beharko da, arlo horretan eskumena duen teknikari batek sinatua.

–Emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna laguntzen du: 5 puntu gehienez.

Txosten bat aurkeztu beharko da, arlo horretan eskumena duen teknikari batek sinatua.

6.4. Prozedura: eskaera bakoitza 6. oinarriaren 3. atalean ezarritako irizpideei jarraikiz baloratuko da, eta bakoitzari dagokion dirulaguntza emanen zaio, kontuan harturik 6. oinarriaren 2. atalean ezarritako portzentajeak eta gehieneko kopuruak.

Deialdi honetarako, 400.000 euro bideratu dira. Diru kopuru hori hiru multzotan banatuko da (jarduketak eginen diren udalerrietako biztanleen kopuruaren arabera), bakoitzari honako zenbatekoak esleituta:

a) Jarduketak 12.000 biztanletik gorako udalerri eta hiriguneetako kirol instalazioetan. 50.000 euro gehienez.

b) Jarduketak 2.000 eta 12.000 biztanle arteko udalerri eta hiriguneetan. 150.000 euro gehienez.

c) Jarduketak 2.000 biztanletik beherako udalerri eta hiriguneetan. 200.000 euro gehienez.

Lehenik eta behin, dirulaguntzaren zenbatekoa esleituko zaie honako atal honi dagozkion eskaerei: a) “Jarduketak 12.000 biztanletik gorako udalerri eta hiriguneetako kirol instalazioetan”. Baldin eta atal horretan aurkeztutako eskaera guztiei erantzun ondoren ez bada agortzen atal horri dagokion dirua, soberako zenbatekoa atal honetarako erabiliko da: b) “Jarduketak 2.000 eta 12.000 biztanle arteko udalerri eta hiriguneetan”. Atal horri dagozkion eskaera guztiei erantzun ondoren dirua gelditzen bada, soberakoa atal honetarako erabiliko da, kreditu osoa agortu arte: c) “Jarduketak 2.000 biztanletik beherako udalerri eta hiriguneetan”.

Bi eskaera edo gehiagoren artean puntu berdinketa gertatuz gero, biztanle gehien duen toki entitatearen alde ebatziko da.

7. Dirulaguntza emateko ebazpena.

7.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak laguntzak emateko ebazpena emanen du gehienez lau hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera. Epe hori bukatzean ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, toki entitateek ondorioztatu beharko dute eskaera ukatu zaiela.

7.2. Dirulaguntza emateko ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan agertuko dira dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua. Orobat, dirulaguntza izanen duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da.

Betiere, dirulaguntzaren zenbatekoa Nafarroako Kirolaren Institutuaren aurrekontuetan xede horretarako dauden kredituen menpe egonen da, baita foru agindu honen 6. oinarriaren 2. atalean ezarritako zenbatekoen menpe ere.

Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzak eskuratzeko.

7.3. Dirulaguntza emateko ebazpena telematikoki jakinaraziko da, entitate onuradunaren gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

7.4. Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izaten bada, laguntza emateko ebazpena aldatuko da.

7.5. Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin, betiere jarduketa zehatzetarako berariazko beste deialdirik ez badago. Diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Nolanahi ere, xede horretarako jasotzen diren dirulaguntza guztien zenbatekoak, bakarka hartuta edo denak batuta, ezin izanen du behin ere gainditu obrak bukatutakoan justifikatutako gastu osoaren %60.

8. Entitate onuradunen betebeharrak eta justifikatzeko agirien aurkezpena.

8.1. Dirulaguntzaren onuradun diren toki entitateak dokumentazio hau aurkeztera beharturik daude, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratu eta hilabeteko epean:

a) Behin betiko memoria edo exekuzio proiektua, hasierako oinarrizko proiektuan egindako zuzenketak jasota, kasua bada.

b) Gardentasunari buruzko adierazpenaren inprimakia. IV. eranskina.

8.2. Dirulaguntzaren onuradun diren toki entitateek, onetsi zaien dirulaguntza ordaintzeko ezinbesteko baldintza gisa, 2021eko azaroaren 15eko 23:59 baino lehen bukatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko obrak, eta epe berean hurrengo agiriak aurkeztu:

a) Obren adjudikazioaren akta, bertan datu hauek adierazita, gutxienez: adjudikazioaren data, enpresa adjudikaziodunaren izena eta identifikazio datuak (IFZ, helbidea, telefonoa, posta kodea eta herria) eta adjudikazioaren zenbatekoa.

Obrak administrazioak egiten baditu, adjudikazioaren aktaren ordez, toki entitatearen organo eskudunak hartutako erabakia sartuko da, eta hartan adieraziko da obrak era horretan eginen direla.

b) Zuzendaritza fakultatiboaren izendapenaren akta, teknikariaren edo teknikarien identifikazio datuak adierazita (IFZ, helbidea, telefonoa, posta kodea eta herria).

c) Toki entitatearen ziurtagiria, idazkariak luzatua eta alkate udalburuak ikus-onetsia, non egiaztatuko baita hornitzaileak efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraituz hautatu direla: proiektuaren egileak, obra zuzendaritza, enpresa eraikitzailea eta obren prozesuan parte hartzen duten beste hornitzaile batzuk. (VI. eta VII. eranskinak).

d) Obren harrera-akta, jabeek, enpresa adjudikaziodunak eta zuzendari fakultatiboak sinatua.

e) Obra bukaerako jatorrizko ziurtapena, zuzendaritza fakultatiboak, toki entitatearen ordezkari batek eta enpresa adjudikaziodunaren ordezkari batek sinatua.

f) Sortutako gastu osoari dagozkion jatorrizko fakturak edo faktura elektronikoak, barnean direla proiektuko eta zuzendaritzako ordainsariak, eta dirulaguntzaren xedeko gastu guztiak ordaindu izanaren ziurtagiriak.

g) Euskarri informatikoa, benetan egindako obren proiektua biltzen duena, jatorrizko obren proiektuarekiko aldaketak jasota, aldaketarik izan bada. Betiere, jaso beharko ditu egindako obren memoria, behin betiko planoak, azken likidazioa eta jatorrizko egoeraren eta bukaerako egoeraren argazki dosierra.

h) Frogabide bat, erakusteko obra bukaerako plaka bat jarri dela ageriko leku batean. Plaka euskarri zurrunean egina izanen da, eta Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren anagramak eta logotipoak izanen ditu, diruz laguntzen diren obren informazio euskarrien diseinurako finkatuta dagoen testua erabiliz, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan ezartzen den moduan, horren bidez arautu baitziren Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera.

i) Ziurtagiri bat, non honako konpromiso hau hartzen baita: toki entitateek dirulaguntza jaso duen kirol instalazioa erabiltzen utziko diete, beren herriko bizilagunei bezalaxe, entitate onuraduna dagoen kirol eskualde bereko beste herri batzuetan bizi diren nafarrei ere. Halaber, entitate onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako kirol instalazioaren erabilera Nafarroako Kirolaren Institutuari uzteko, programa berekietarako edo hark intereseko deklaratutako entitate edo jardueretarako. Horrelakoetan, erabilera doakoa izanen da. Lankidetza-hitzarmen bat formalizatzen ahalko da, diruz lagundutako instalazioaren erabilera partekatua egiteko.

8.3. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari eskaera eginen zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

8.4. Obrak exekutatuko dira diruz lagundutako proiektuari jarraikiz, ezertan galarazi gabe toki entitateek eskatuta gertatzen ahal diren aldaketak. Aldaketa horiek Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak baimendu beharko ditu, betiere kontuan hartuta dirulaguntzaren xede den inbertsioaren gaineko kostuaren igoerak onuradunaren bizkar izanen direla.

8.5. Dirulaguntzaren onuradun diren toki entitateek onartu eta erraztu beharko dute Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatzen dituen frogak eta dokumentuak aurkeztea.

8.6. Nafarroako Kirolaren Institutuak, Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzaren bidez, zilegi izanen du obrak ikuskatzeko nahi adina bisita tekniko egitea obrak irauten duen bitartean. Dirulaguntza hartzen duen erakunde onuraduna beharturik dago obretara sartzen uztera eta obraren gaineko edozein dokumentazio ematera.

8.7. Toki entitateek hitz ematen dute ez dutela baimenik emanen diruz lagundutako instalazioetan apustuen publizitatea jartzeko eta beteko dutela arlo horretan indarrean dagoen araudia hurrengo 20 urtean.

9. Dirulaguntzaren ordainketa.

9.1. Emandako laguntzak ordainketa bakar batean ordainduko dira, Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak txostena egin ondoren, baldin eta 8. oinarriaren 2. atalean eskatutako frogagiriak behar den epean eta moduan aurkezten badira.

Behin obrak bukatutakoan, exekuzioaren zenbateko osoa (barnean direla proiektuko eta obra zuzendaritzako ordainsariak) hasieran aurkeztutako aurrekontua baino txikiagoa eta 100.000 eurotik gorakoa bada, emandako dirulaguntza osorik ordainduko da. Obren azken kostua 100.000 eurokoa edo txikiagoa bada, justifikatutako gastu osoaren %60 ordainduko da.

10. Gardentasun betebeharrak.

Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, toki entitate onuradunek aurkeztu beharko dute telematikoki dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, Nafarroako Gobernuko Erregistro Elektronikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horretan arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

Adierazpenaren eredua eta aginduzko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo deialdi hau kudeatzen duen Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzaren bidez.

11. Ez-betetzea.

11.1. Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, datu faltsuak eman direla egiaztatzen bada edo dirulaguntzaren helburuak aldatuz gero, hura galduko da eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, deusetan ukatu gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

11.2. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez behin betiko emandako dirulaguntza bati uko egitea edo hura errebokatzea irizpide negatibotzat jotzen ahal da eskatzaileak hurrengo deialdietan aurkezten dituen eskaerak baloratzeko orduan, eta, hala, bigarren mailako lehentasuna izanen dute ondorengo bi deialdietan.

12. Arau-hausteak, zehapenak eta erantzukizunak.

Arau-hauste, zehapen eta erantzukizunei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42., 43. eta 44. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio. Foru lege horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zen.

13. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaile hauen aurka, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, deusetan galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

14. Aplikatzekoa den legedia.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Toki entitateentzako dirulaguntza deialdia, kirol instalazioen arloan inbertsioak egin ditzaten 2021. urtean. Datuen aitorpena.

III. ERANSKINA

Herri edo eskualde batean kirol instalazioen eta jardueren plana egiteko formularioa, 1. fasea: egoera errealari buruzko datuak biltzea.

IV. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

V. ERANSKINA

Kofinantzaketari buruzko inprimakia.

VI. ERANSKINA

Hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu direla justifikatzeko inprimakia (aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunez hornitu edo zerbitzuak egin dituztenean eta lan horien zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa denean, BEZa kanpo, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluari jarraikiz).

VII. ERANSKINA

Azpikontratazioaren gaineko aitorpenaren inprimakia.

PDF artxiboak deskargatu.

Iragarkiaren kodea: F2103955