71. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

34/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 10ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, 308 eredua onesten duena: “Balio erantsiaren gaineko zerga, itzulketa eskaera: baliokidetasun errekargua; garraiobide berriak Europar Batasunaren barnean entregatzen dituzten noizean behingo subjektu pasiboak; bidaiari-garraioaren jarduera edo salgaien garraioa errepidetik egiten duten subjektu pasiboak; eta BEZari buruzko Foru Legearen 18.4 artikulua.”

Azaroaren 9ko 278/2001 Foru Aginduaren bidez, 308 eredua onetsi zen, “Balio erantsiaren gaineko zerga. Errekargu berezia. Baliokidetasun-errekargua. Itzulketa eskaera” izenekoa, baita 318 eredua ere, “Balio erantsiaren gaineko zerga. Noizean behingo subjektu pasiboak (garraiobide berriak Europar Batasunaren barnean entregatzea). Itzulketa eskaera” izenekoa. Haien bidez, baliokidetasun-errekarguaren araubide bereziari heldu dioten subjektu pasiboek, baldin eta bidaiarien araubidean esportatzaileei eginiko itzulketak egin badituzte (19/1992 Foru Legearen 63. artikuluak aipatzen ditu), eta garraiobide berrien entregak egiten dituzten noizean behingo subjektu pasiboek eskatzen zuten, hurrenez hurren, itzuli diren kuoten zenbatekoa ordain zekien eta garraiobidea eskuratzeko jasandako edo ordaindutako kuotak itzul zekizkien.

Ondoren, apirilaren 15eko 113/2003 Foru Aginduak bi ereduak elektronikoki aurkezteko aukera eman zuen.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 19ko 24/2021 Foru Aginduaren bidez, zeinak 2021. urterako garatzen baitu balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua, arautu zen ezen, subjektu pasiboak bidaiarien edo salgaien errepide-garraioan aritzen direnean eta BEZaren araubide erraztuan tributatzen dutenean, eska dezaketela garraio elementuak eskuratzeagatik kenkaria izan dezaketen kuotak itzul daitezela.

Horregatik guztiagatik, bidezkotzat jo da 308 eredu berri bat onestea, aurreko paragrafoetan aipaturiko itzulketak eskatzeko. Orobat, subjektu pasibo hauek ere aurkeztu behar dute 308 eredu berria: ente publikoaren edo izaera sozialeko establezimendu pribatuaren izaera dutenak, ondasunak eskuratzean osorik kentzerik ez diren kuota jasanak itzultzea eskatzeko; ondasun horiek geroago emanen zaizkie Foru Komunitatearen lurraldetik kanpo esportatzen dituzten erakunde onartuei, erakunde hauek egindako jarduera humanitarioen, karitatezkoen edo hezkuntzakoen esparruan, aldez aurretik salbuespen eskubidea onartua badute eta Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 18.4. artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritakoa betetzen badute.

Bide elektronikoa erabiliz baino ezin da eredua aurkeztu, web inprimakiaren bidez. Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian eskura daiteke inprimakia.

Foru agindu honek sei artikulu ditu, non eredua onesten baita, arautzen baita nor dagoen behartuta eredua aurkeztera, ezartzen baita zer epe, modu eta tokitan egin behar den aurkezpena eta zehazten baita zein diren baldintza orokorrak eta prozedura eredua elektronikoki aurkezteko. Horretaz gain, xedapen iragankor bakarra, xedapen indargabetzaile bakarra eta azken xedapen bat ere baditu.

Xedapen iragankor bakarrean, itzulketa eskatzeko epe berezia arautzen da, subjektu pasiboek, bidaiarien edo salgaien errepide-garraioan aritzen direnean eta BEZaren araubide erraztuan tributatzen dutenean, eskatu ahal dezaten 2021eko urtarrilean eta otsailean garraio elementuak eskuratzeagatik kenkaria izan dezaketen kuotak itzul daitezela.

Xedapen indargabetzaile bakarrean, lehenago 308 eta 318 ereduak arautzen zituen foru agindua uzten da indarrik gabe.

Balio erantsiaren gaineko zergari buruzko foru araudiak ematen dizkidan gaikuntzengatik, honako hau

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. 308 eredua onestea.

308 eredua onesten da, “Itzulketa eskaera: baliokidetasun errekargua; garraiobide berriak Europar Batasunaren barnean entregatzen dituzten noizean behingo subjektu pasiboak; bidaiari-garraioaren jarduera edo salgaien garraioa errepidetik egiten duten subjektu pasiboak; eta BEZari buruzko Foru Legearen 18.4 artikulua” izenekoa.

2. artikulua. 308 eredua aurkeztera behartuak daudenak.

Zergaren subjektu pasibo hauek daude beharturik 308 eredua aurkeztera:

a) Garraiobide berrien entrega salbuetsiak noizean behin egiten dituztenak, baldin eta garraiobidea eskuratzean jasandako edo ordaindutako kuotak itzultzea eskatzen badute, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 39.2 eta 40.2 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

b) Bidaiari-garraioaren jarduera edo salgaien garraioa errepidetik egiten dutenak, baldin eta zergaren araubide erraztuan tributatzen badute eta, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 20.3 artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako betebeharrak betez (erregelamendu hori martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), jarduera horri lotutako garraiobideak eskuratzeagatik zergaren kuota kengarriak jasan badituzte (garraiobide horiek salgaien errepide-garraioan aritzen diren subjektu pasiboek eskuratu dituztenean, N1 kategorian daudenean, 2.500 kiloko baimendutako gehieneko masa dutenean gutxienez edo Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/858 (EB) Erregelamenduaren 4.1.b) artikuluko N2 eta N3 kategorietan daudenean) eta kuota horiek itzultzea eskatzen badute, betiere araubide erraztuari dagozkion hiruhilean behingo autolikidazioetan aipatutako kuota kengarri horiek kontsignatu ez badituzte edo, kasua bada, kontsignatuko behar ez badituzte, zergaren foru legearen 68.Bat.c) artikuluan xedatutakoaren arabera.

c) Zergak baliokidetasun errekarguaren araubide berezian ordaintzen dituztenak, esportatzaileei itzulketak egin dizkietenak bidaiarien araubidean, 19/1992 Foru Legearen 63. artikuluan aipatzen den bezala, baldin eta itzuli dituzten kuoten zenbatekoa itzultzea eskatzen badute.

d) Ente publikoaren edo izaera sozialeko establezimendu pribatuaren izaera dutenak, ondasunak eskuratzean osorik kentzerik ez diren kuota jasanak itzultzea eskatzeko; ondasun horiek geroago emanen zaizkie Foru Komunitatearen lurraldetik kanpo esportatzen dituzten erakunde onartuei, erakunde hauek egindako jarduera humanitarioen, karitatezkoen edo hezkuntzakoen esparruan, aldez aurretik salbuespen eskubidea onartua badute eta 19/1992 Foru Legearen 18.4 artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritakoa betetzen badute.

3. artikulua. 308 eredua aurkezteko epeak.

1. 2.a) artikuluak zehazten dituen subjektu pasiboek hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dute itzulketa eskaeraren autolikidazioa, entrega hori egiten den egunetik hasita.

2. 2.b) artikuluak zehazten dituen subjektu pasiboek, kasuan kasuko garraiobidea zer egunetan eskuratzen den, haren hurrengo hilabeteko lehendabiziko 20 egun naturalean aurkeztuko dute itzulketa eskaeraren autolikidazioa.

3. 2.c) artikuluak zehazten dituen subjektu pasiboek, urteko hiruhileko bakoitza noiz bukatzen den, hurrengo hilabetearen lehendabiziko hogei egun naturalean aurkeztuko dute itzulketa eskaeraren autolikidazioa, salbu eta bigarren eta laugarren hiruhilekoetan, horien epeak abuztuaren 5ean eta urtarrilaren 31n bukatuko baitira, hurrenez hurren.

Hiruhileko bakoitzari dagokion autolikidazioan, subjektu pasiboak benetan egindako itzulketak bakarrik hartuko dira kontuan.

4. 2.d) artikuluak zehazten dituen subjektu pasiboek hiru hilabeteko epean aurkeztuko dute itzulketa eskaeraren autolikidazioa, itzulketaren eskubidea sortzen duen ondasun-entrega egiten denetik hasita.

4. artikulua. 308 eredua aurkezteko modua eta tokia.

308 eredua Interneteko bide elektronikoak erabiliz aurkeztuko da, 5. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.

5. artikulua. 308 ereduaren aurkezpen elektronikoa Internet bidez egiteko baldintza orokorrak.

1. 308 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:

1. Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

2. Honako hauek eduki beharko ditu aitortzaileak:

a) Identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoaren sistema bat, ziurtagiri elektroniko onartu bat erabiliz, Nafarroako Foru Ogasunak onartzeko modukoa, arloan indarra duen legediarekin bat etorriz.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude zerrendaturik, Interneteko helbide honetan: https://hacienda.navarra.es.

b) Zergapekoak pertsona fisikoak direnean, Cl@ve sistema erabiliz ere egin daiteke aurkezpena, zeina identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoaren sistema baita, amankomuna dena Estatuko Administrazio Sektore Publiko osorako, Nafarroako Foru Komunitateko Administraziorako eta harekin bat egiten duten beste autonomia erkidego eta toki entitateetarako, eta araututa dagoena PRE/1838/2014 Aginduan. Hari esker, herritarrak harreman elektronikoa izan dezake zerbitzu publikoekin gako itunduen bidez, hartan erabiltzaile gisa izena eman ondoren.

Nafarroako Foru Ogasunak zehazten dituen kasuetan, gako itundu bidezko beste identifikazio sistema batzuk onar daitezke pertsona fisikoentzat.

3. Hirugarrenen izenean aitorpenak telematika bidez aurkezteko kanpoko lankidetzarako ituna onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera, hirugarrenen izenean aitorpena bide elektronikoekin aurkezteko baimena duten pertsona edo entitateek erabiltzen ahalko dute ahalmen hori foru agindu honek aipatzen duen ereduari dagokionez.

4. 308 ereduen aurkezpen elektronikoa egiteko, aitortzaileak edo baimendutako aurkezleak, halakorik bada, Nafarroako Foru Ogasunaren atarian eskuragarri dagoen web inprimakia erabili beharko du.

5. Aitortzaileek aurkezpen hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude ikusgai, Interneteko https://hacienda.navarra.es helbidean.

2. Bide elektronikoa erabiliz igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitorpen-aurkezleari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

3. Bat etorriz Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan bide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren 14.3 artikuluan xedatutakoarekin, 1.2 apartatuan ezarritako identifikazio sistemak sinatzeko sistema gisa erabiliko dira.

6. artikulua. 308 ereduaren Internet bidezko aurkezpen elektronikoa egiteko prozedura.

Honako hau izanen da 308 ereduari dagokion web inprimakiaren Internet bidezko aurkezpen elektronikoa egiteko prozedura:

1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekiko izapideen atalean sartu.

2. Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.

3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatuko du.

Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak komunikatuko du aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia, eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

Xedapen iragankor bakarra.–Bidaiarien edo salgaien errepide-garraioan aritzen diren eta BEZaren araubide erraztuan tributatzen duten subjektu pasiboen eskaera, 2021eko urtarrilean eta otsailean garraio elementuak eskuratzeagatik kenkaria izan dezaketen kuotak itzul daitezen.

2.b) artikuluak zehazten dituen subjektu pasiboek 2021eko apirileko lehendabiziko 20 egun naturalean eska dezakete itzul daitezela 2021eko urtarrilean eta otsailean garraio elementuak eskuratzeagatik kenkaria izan dezaketen kuotak.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

1. Foru agindu honek indarra hartutakoan, indarrik gabe geldituko dira honako hauek, 308 eta 318 ereduei dagokienez:

1. 296/1993 Foru Agindua, apirilaren 7koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko zenbait inprimaki eredu onesten dituena, baita eredu batzuk euskarri magnetikoak aurkezteko jarraibideak ere.

2. 278/2001 Foru Agindua, azaroaren 9koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onetsi baitziren F-67, F-69, J-10, J-20, J-30, CAT-06, CAT-08, FR-2, 038, 181, 182, 190, 199, 211, 212, 213, 214, 308, 309, 318, 319, 345, 480, 565, 600, 605, 610, 620 eta 630 ereduak, eurotan.

2. Indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo baxuagoko xedapenak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko martxoaren 10ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2104126