70. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

19E/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 4koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, “Generazinema Jaialdiak 2021” izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 552154.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean eskatu du Generazinema Jaialdiak 2021 laguntzen deialdia onestea, haren oinarri arautzaileak onestea, 50.000,00 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintza eta betebeharrak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean, bidezkoa da deialdia onestea.

Horrenbestez, erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak,

AGINDU DUT:

1. “Generazinema Jaialdiak 2021” izeneko dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondotik adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2540-4709-334102: Suspertu Plana GENERAZINEMA: Zinemagintzarako laguntzak

2021

50.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko martxoaren 4an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

GENERAZINEMA JAIALDIAK 2021 LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da enpresa eta profesionalentzako laguntzak arautzea Nafarroan 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31 arte (biak barne) aurrez aurre edo online egiten diren zinemagintzako jaialdi eta lehiaketak antolatzeko.

1.2. Zinemagintzako jaialdi eta lehiaketak dira zinema ekoizpena eta ikus-entzunezkoak Nafarroan sustatu eta hedatzeko asmoz egiten diren agerraldi, erakusketa eta, oro har, antzeko ekitaldi guztiak. Zinemagintzako jaialdi eta lehiaketek izaera kultural edo artistikoa izan beharko dute, eta gutxienez bi edizio eginak izan beharko dituzte.

1.3. Enpresa edo profesional bakoitzak proiektu bakar bateko proposamen bat baino ezin izanen du aurkeztu.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta entitate hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Pertsona fisikoak, Nafarroako Foru Komunitatekoak direnak edo gutxienez 2020ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik daudenak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea.

Entitate horiek helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean izanen dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez 2020ko urtarrilaren 1etik. Gainera, haien sozietatearen helburuen artean edo estatutuen araberako xede edo helburu sozialen artean zinemagintzari eta/edo ikus-entzunezkoei loturiko jarduerak egitea agertu beharko da.

2.2. Aurreko atalean aipatutako pertsona edo entitateek, eskaera aurkezten den unean, alta emanik egon beharko dute ekonomia-jardueren gaineko zergan, dagokion udalarenean, zinemagintzari edo ikus-entzunezkoei loturiko jarduerekin zerikusia duen edozein epigrafetan.

2.3. Laguntza hauetatik propio baztertzen dira honako hauek:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza duten enpresa publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2021eko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Filmak erakusteko aretoen titularrak diren enpresak.

d) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak, entitateak, sindikatuak eta lanbide elkargoak.

2.4. Nortasun juridikorik ez duten entitate eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

2.5. Onuradunek, gainera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren baten dauden pertsona eta entitateei.

3. Deialdira bideratutako diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdi honetarako, guztira, 50.000 euro bideratuko dira, 2021ean onetsitako aurrekontuaren partida honen kargura: “Suspertu Plana GENERAZINEMA: Zinemagintzarako laguntzak” izeneko 20002 A2540 4709 334102 partida.

3.2. Laguntzak ez dira inolaz ere izanen onartzen den guztirako aurrekontuaren % 70 baino handiagoak. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa 15.000 eurokoa izanen da gehienez ere.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkezten duena izanen da, behin kendurik (bidezkoa denean) deialdi honen 5. puntuan ezarritakoaren arabera diruz lagungarriak ez diren gastuak, eta, orobat, Balorazio Batzordearen iritziz, proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez direnak.

3.3. Aurreko muga horiek betez gero, eta, bidezko denean dagokion deskontua eginda, laguntzaren zenbatekoa enpresak edo profesionalak eskatutakoa izanen da.

3.4. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.

3.5. Proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran azaltzen dena baino txikiagoa denean, onuradunari eskatuko zaio eskaeran aurkeztutako aurrekontua berregin dezala, konpromisoak eta baldintzak proposatzen den dirulaguntzara egokitzeko. Balorazio batzordeak aurrekontu berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

Nolanahi ere, eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

4. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

4.2. Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre, Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz.

4.3. Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoan egonen dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

4.4. Eskaera egiteko berariazko inprimakiarekin batera (I. eranskina), agiri hauek aurkeztu behar dira, agiri bereizitan eta behar bezala identifikatuak:

a) Eskaera aurkezteko unean ekonomia jardueren gaineko zergan (EJZ) alta emanda egotearen frogagiria (dagokion udalak emana).

b) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

–Pertsona fisikoak, ondasun komunitateak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

–Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

–Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia, estatutuena, Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena eta identifikazio fiskaleko kodearena.

c) Proiektuaren deskripzio-memoria, II. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa.

d) Aurrekontu ekonomiko zehatza, Excel formatuan (III. eranskinaren araberakoa). Nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

e) Eskaera telematika bidez bidaltzen ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.

4.5. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren beste deialdiren baten parte hartu duten eskatzaileek ez dituzte aurreko puntuko b).1, b).2 eta b).3 ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan  aldaketaren bat izan.

4.6. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.7. Baldin eta dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.8. Prozesuan noiznahi ere, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1 Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Enpresak edo profesionalak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzeneko kostuak:

–Filmen kudeaketa: Erakusteagatiko eskubideen gastuak, kopien azpitituluak egiteko gastuak, kopiak garraiatzekoak, erakustaretoak alokatzekoak.

–Argitalpenen edizioa: programaturiko jardueren programak editatzeko gastuak.

–Komunikazioa eta prentsa: Prentsa eta komunikazio agenteen berariazko kontratazio gastuak eta hedabideetarako materialen gastuak.

–Argitalpena eta zabalkundea: Publizitate kanpainen, kartelen eta sustapenerako materialaren gastuak.

–Gonbidatuak: Ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietako gastuak, muga hauekin:

• Ostatu gastuak: bakarrik Nafarroaz kanpotik etortzen badira; gau bakoitzeko, 60 euro ordainduko dira gehienez.

• Mantenu gastuak: otordu bakoitzeko (bazkaria eta afaria) 20 euro ordainduko dira.

• Joan-etorriak: Norberaren autoa erabiliz gero, 0,30 euro ordainduko dira kilometroko, gehi autobideko, bidesarietako eta aparkalekuetako gastuak. Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

–Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz nahitaezkoak diren edo osasun agintaritzak gomendatzen dituen materialak erosteko edo zerbitzuak kontratatzeko gastuak.

–Kontratatzen diren langileen soldata-kostuak eta gizarte segurantzakoak, hain zuzen, proiektua abian jartzeko behar diren koordinazio eta kudeaketa lanak egiten dituen entitate onuradunak kontratatzen dituenak, betiere langile bakoitzaren arduraldiaren arabera. Kostu horiek ez dira izanen onartzen den guztirako aurrekontuaren % 15etik gorakoak.

–Proiektua ekoitzi eta gauzatzeko beharrezkoak diren kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola talde artistikoaren ordainsariak eta tokien, ekipamenduen eta baliabide materialen alokairuak.

b) Zeharkako kostuak:

–Jaialdiari egozteko modukoak izan ez arren, diruz lagundutako jarduera egiteko beharrezkoak diren gastu orokorrak. Gastu horiek aurrekontuan jaso beharko dira, eta ezin dira izan onartzen den guztirako aurrekontuaren % 5etik gorakoak.

–Gastu diruz lagungarritzat joko dira finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako proiektua egiteko peritu gastuak eta berariazko administrazio gastuak, baldin eta zuzeneko lotura badute dirulaguntzaren xedeko jarduerarekin eta ezinbestekoak badira hura behar bezala prestatu nahiz gauzatzeko. Salbuespen gisa, bankuko bermeen gastuak diruz laguntzen ahalko dira, zuzeneko lotura badute diruz lagundutako jarduerarekin. Ez dira inolaz ere diruz lagunduko bankuko kontuen interes zordunak, ez eta interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzakeenak.

d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

e) Laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak.

f) Jaialdira gonbidatutako talde artistikoa alde batera utzita, beste pertsona batzuen ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietako gastuak.

g) Ordezkaritza gastuak eta protokolozko ekitaldietakoak, hala nola festak, koktelak eta antzeko beste ekitaldi batzuk; elikagaien, edarien eta antzekoen erosketak.

h) Diruzko sariak.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarri bezala.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako balorazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko dira, tramiteen katalogoan (www.nafarroa.eus). Honako hauek izanen dira:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hori izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Ataleko teknikari bat, edo, bestela, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat.

c) Batzordekideak: Zinemagintzaren eta/edo kultur kudeaketaren arloan entzute handikoak edo adituak diren 2 pertsona, eta Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Ataleko burua, edo hori izan ezean, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua edo Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua.

6.3. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

1. fasea. Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aztertuko du deialdian onartua izateko betebeharrei buruzko dokumentazioa. Proiektuak baloratzeko, eskaerak aurkezteko epearen barrenean aurkeztutako dokumentazioa baizik ez da baloratuko, edo, kasua bada, zuzentzeko epean aurkeztutakoa.

2. fasea. Balorazio batzordeko kideek onartzen diren proiektuak jasoko dituzte, balorazioa egiteko.

3. fasea. Batzordeak bilera eginen du, aurkeztutako eskaeren puntuazioa ezarriko du, eta dirulaguntza banatuko du 7. puntuan aipatzen den puntuazioa gainditzen duten proiektuen artean, betiere lortutako puntuazioaren arabera, 3. oinarriko 2. eta 3. ataletan ezarritakoari jarraikiz. Aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera banaketa egin ondoren, azken onuradunari dagokion dirulaguntza eskatu duena baino txikiagoa bada, 3. puntuaren 5. atalean aipatzen den moduan jokatuko da, balorazio batzordeak eskaera berregina onetsi arte, betiere lortutako puntuazioari jarraituz.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

4. fasea. Azkenik, batzordeak irizpen loteslea emanen du.

6.4. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak, balorazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7. Proiektuen balorazioa.

7.1. Enpresa edo profesional eskatzailearen ibilbidea, egitura eta gaitasuna (15 puntu gehienez):

a) Enpresaren edo profesionalaren ibilbidea: ikus-entzunezkoen sektorean jarduten egin dituen urte osoen kopurua (4 puntu gehienez).

IBILBIDEA

HAZTAPENA

15 urte baino gehiago

4 puntu

11 urtetik 15 urtera bitarte

3 puntu

5 urtetik 10 urtera bitarte

2 puntu

Urte 1etik 4 urtera bitarte

1 puntu

b) Enpresaren edo profesionalaren jarduera: ikus-entzunezkoen arloarekin zerikusia duten zabalkunde eta prestakuntza jarduerak, azken hiru urte naturalean eginak (8 puntu gehienez).

ZABALKUNDE ETA PRESTAKUNTZA JARDUERAK

HAZTAPENA

Oso ongi

8 puntu

Ongi

7 puntu

Nahikoa

5 puntu

Hala-holakoa

3 puntu

Ez nahikoa

2 puntu

Urria

0 puntu

c) Jaialdiak egindako edizioen kopurua (3 puntu gehienez):

EDIZIO KOPURUA

HAZTAPENA

10 edizio baino gehiago

3 puntu

4 ediziotik 10 bitarte

2 puntu

2 ediziotik 4 bitarte

1 puntu

7.2. Proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa (45 puntu gehienez).

a) Proiektuaren kalitate orokorra. Balorazio batzordeak honako alderdi hauek hartuko ditu kontuan: proiektuaren interes kulturala (helburuak, ikuspegia, kalitatea, berrikuntza, berezitasuna...), proiektuak Espainiako zinemaldien testuinguruan duen garrantzia eta egokitasuna, proiektuaren edukien eta helburuen arteko koherentzia, eta abar (30 puntu gehienez).

PROIEKTUAREN KALITATE OROKORRA

HAZTAPENA

Oso ongi

30 puntu

Ongi

25 puntu

Nahikoa

20 puntu

Hala-holakoa

15 puntu

Ez nahikoa

10 puntu

Urria

0 puntu

b) Talde artistikoaren eta betearazlearen osaera eta gaitasuna (10 puntu gehienez).

c) Zinemagile nafarren sustapena (5 puntu gehienez).

7.3. Proiektuaren hartzaileei loturiko kudeaketa estrategiak (15 puntu gehienez).

a) Komunikazio ekintzak (5 puntu gehienez).

b) Proiektuari erantsitako ekintza pedagogikoak (5 puntu gehienez).

c) Zailtasun fisikoak edo psikosozialak dituzten eta gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden ikus-entzuleak jaialdira hurbiltzen laguntzeko ekintzak. Ekintza hauetan sartzen dira, oztopo arkitektonikoei lotutakoez gainera, edukietara iristeko berdintasuna sustatzen duten guztiak (5 puntu gehienez).

KUDEAKETA ESTRATEGIAK

(komunikazioa, prestakuntza ekintzak, irisgarritasuna)

HAZTAPENA

Oso ongi

15 puntu

Ongi

12 puntu

Nahikoa

10 puntu

Hala-holakoa

7 puntu

Ez nahikoa

5 puntu

Urria

0 puntu

7.4. Proiektuaren bideragarritasuna eta koherentzia ekonomikoa (25 puntu gehienez).

a) Onartzen den proiektuarekin alderatuta, eskatzen den dirulaguntzaren portzentajea (15 puntu gehienez).

ESKATUTAKO DIRULAGUNTZA PORTZENTAJEA

HAZTAPENA

% 55era arte

15 puntu

% 55etik % 60ra

13 puntu

% 60tik % 65era

12 puntu

% 65etik % 70era

10 puntu

b) Diru-sarreren eta gastuen arteko koherentzia (10 puntu gehienez).

DIRU-SARREREN ETA GASTUEN ARTEKO KOHERENTZIA

HAZTAPENA

Oso handia

10 puntu

Handia

8 puntu

Nahikoa

6 puntu

Hala-holakoa

4 puntu

Ez nahikoa

2 puntu

Urria

0 puntu

7.5. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, 100 puntu gehienez emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

7.6. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8. Dirulaguntza ebaztea.

8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio bakoitzak eskabide-orrian adierazten duen helbide elektronikoaren bidez, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian jakitera emanen da (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz.

8.4. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.5. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, helbide elektroniko honen bidez: cine@navarra.es.

9. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek, baldin lege horren 4.f) artikuluan aurreikusitako pertsonek egiten badituzte, interes soziala izanen dute. Ondorio horretarako, eskatzaileek V. eranskina beteko dute.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

9.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

10. Onuradunek bete beharrekoak.

10.1. Laguntzaren kontzesioa jakinarazi ondotik, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du ados dagoela zenbatekoarekin, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean. Onuradunak hitz emanen du falta den dirua bere kontura ordainduko duela eta proiektua aurkeztean azaldu bezala gauzatuko duela. Epe hori pasatu eta idatziz adostasuna adierazi ezean, laguntzari uko egiten diola uste izanen da.

10.2. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, interesdunek (pertsona fisikoak izan ezik) gardentasun betebeharraren gaineko aitorpena aurkeztu beharko dute telematika bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoarekin (2018ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 23koa).

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.3. Onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

b) Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

c) Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari, hura gertatu bezain laster, atal horrek aurretik adostasuna eman dezan, baldin eta aldaketak funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

d) Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak proiektua gauzatu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea aipatutako atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

10.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo komunikazio zuzeneko ekintzetan.

10.5. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren programan, kartelean, iragarkietan, publizitatean edo edozein motatako zabalkunde-euskarrietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

10.6. Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartuko, aurreko ataleko baldintzei jarraituz.

10.7. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean ez informazioan. Halaber, egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa erabiliko da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: “La Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”, helbide honetan dagoena:

http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1.1. Ordainketa.

Oro har, onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazioa proiektua bukatutakoan eginen da, eta horretarako azken eguna 2021eko urriaren 31 izanen da (egun hori barne). Laguntza ematea onartzen den unean jarduera egina baldin badago, laguntza onartu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa.

Justifikazioa egiteko, onuradunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena; IFZ; fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data; guztirako zenbatekoa (zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta, eta kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak); eta ordainketaren data. Zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak. Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan. 100 eurotik gorako gastuen ordainketa guztiak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

c) Egindako jarduera azaltzen duen memoria.

d) Sustapenerako eta/edo publizitaterako elementu inprimatuak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

e) Proiektuaren gauzatzeari buruzko ebaluazio txostena, non adieraziko baita proiektuaren alderdiak noraino bete diren, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta.

f) Generoari buruzko memoria, honako datu hauek jasoko dituena:

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Jaialdiak zer gairi heltzen dion, adierazita edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

–Jaialdiko taldean gizonek eta emakumeek duten parte-hartzea (kopurua eta jokatzen duten rola zehaztuta).

g) Dirulaguntzaren xedeko jarduerarako jaso dituzten beste diru-sarrera batzuk justifikatzeko dokumentazioa.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

11.1.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Ordainketa modu hori baliatu nahi izanez gero, berariaz eskatu beharko da 2021eko irailaren 30a baino lehen (egun hori barne). Horretarako, eskaera-idazki bat aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez, dokumentazio honekin batera:

a) Ordainketa mota horren eskaera (konturako ordainketa) eta eskatutako zenbatekoa.

b) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

c) Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

d) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren eginen da konturako ordainketa.

11.1.3. Aurrerakina.

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako dirulaguntzaren % 50 aurreratuz, gehienez ere. Horretarako, entitateak Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari eskatu beharko dio, aurrerakina eskatzeko IV. eranskina aurkeztuz, eta egiaztatuz diru-funtsak behar dituela dirulaguntzaren helburuak betetzeko.

Horretarako, onuradunak 2021eko urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko du aurrerakinaren eskaera (egun hori barne). Laguntza ematea onartzen den unean jarduera egina baldin badago, laguntza onartu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa.

11.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

11.3. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

11.4. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

12. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak bateragarriak dira helburu bera duten beste dirulaguntza batzuekin, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13. Laguntza itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

15. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabide eredua, Generazinema Jaialdiak.

II. eranskina.–Memoria, Generazinema Jaialdiak.

IV. eranskina.–Aurrerakinaren eskaera.

IV. eranskina.–Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Deskargatu I., II., III., IV. eta V. eranskinak Word formatuan.

III. eranskina.–Datu ekonomikoak.

Deskargatu III. eranskina Escel formatuan.

Iragarkiaren kodea: F2103928