7. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

685/2020 EBAZPENA, abenduaren 17koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, “Zuaztoiko hustubidea eta araztegia” izeneko proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onesten dituena.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak urriaren 8an emandako 544/2020 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatu proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

2020ko urriaren 27an, ebazpen hori argitaratu zen 250. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko bi egunkaritan ere, legezko eskakizunak betetzeko.

Alegazioetarako adierazitako epea bukatu da, eta bat bakarra jaso da bitarte horretan, aurrerago erantzuten dena; Baztango 20. poligonoko 109. eta 292. lurzatien (hurrenez hurren, Zu-02 eta Zu-04) titularra den María Rosario Vergara Mihura andreak aurkeztu du alegazio hori, adierazteko ez dagoela ados kolektore baten trazadurak sortzen duen ukipenarekin, ez eta proiektatutako tratamendu plantaren kokapenarekin ere.

Alegazio egilearen iritziz, proiektuak baditu alternatibak, bere jabetzako lurzatien erabilerari kalterik ekartzen ez diotenak; izan ere, bere abeltegia handitzeko asmoa du, baina ukipen horren ondorioz ixtea beste aukerarik ez luke izanen, eta horrek landa eremuaren despopulazioa ere bultzatzen du. Berak dioenez, araztegia jartzeak ekarriko dituen lur mugimenduak ez dira, itxura batean, soluziorik egokiena ikuspuntu tekniko eta ekonomikotik eta ingurumenaren aldetik, eta Kokilo alderdian dagoen herri lurzatiak, berriz, ezaugarri egokienak ditu instalazioa jartzeko. Azkenik aipatzen du Ordokiko industrialdea gertu egoteak ahalbidetzen duela sare orokorrarekin lotzea, eta beraz ez du ulertzen eraikuntza zergatik proiektatu den horrela.

Aurkeztu den alegazio horri erantzunez, esan beharra dago jabeak jarraitzen ahalko duela lurzatia nekazaritzarako erabiltzen, hau da, belarditarako, obrak egin aurretik bezalaxe, obrak amaitu eta aldi baterako okupatutako lur horiek lehen zeuden bezala uzten direnean.

Era berean, proiektuko araztegia lurzatiko ekialdeko ertzean jarriko da (20. poligonoko 292. lurzatia), tokirik baxuenean eta mugakide duen lurzatiaren muga ondoan, halako moduan non finkaren gaineko kalteak ahalik eta txikienak izanen baitira, alegazio egileak aipatzen duen bezala abeltegia handitu nahi balitz ere. Araztegirako bide berriaz esan behar da egun dagoen bidea egokitu besterik ez dela eginen, mugakide duen lurzatiaren muga ondoan kokatuta. Horrela, ukitutako eremuek ez dute finka zatiketarik eraginen, ez eta lurzati hondar batzuk elkor gelditzea ere; inguru hori egokiena da araztegia kokatzeko eta bertara daraman bidea egiteko. Nabarmendu beharra dago ezen, tokiko errepideen babes-eremuak direla eta, ezin dela araztegia jarri NA-4456 errepidetik gertuago.

Lurzatiaren jabeak planteatzean duenak, alegia araztegia herri-lurretako lurzati batean kokatzeak (20. poligonoko 348. lurzatia) desabantailak ditu proiektuko kokapenarekin alderatuta; honakoak dira, etorkizunean abeltegia handitzeko aukera kontuan hartuta:

–Urrunxeago dago (1000 m).

–Araztegia egiteko tokia oso mugatuta dago, errepideen zortasuna (18 m) eta Konfederazioaren zortasuna (5 m) direla eta; horrek diseinua baldintzatuko luke, harri lubetak erabili beharragatik eta etorkizuneko mantentze-lanengatik.

–Etorkizunean handitu nahi izanez gero, toki gehiago beharko da, eta kota desberdina.

Horrekin batera, kolektore berria saneamendu sarearekin Ordokiko industrialdean lotzeko aukerak desabantailak ditu proiektuan jasotakoarekin alderatuta, honakoak alegia:

–1000 m-ko hustubide bat egin beharko da.

–Interesdunak alegatutako soluzioarekin araztegia ez litzateke beharrezkoa. Baina proiektukoa baino inbertsio handiagoa beharko luke.

–Distantzia laburra dela nabari badu ere, traba orografiko handiak ditu, eta horrek asko zailtzen soluzioa (Zurruzteko eta Amairtuko errekak gurutzatzea, NA-4456 errepidearen hurbiltasuna eta N-121-B errepidea gurutzatzea).

–Kontuan hartu behar da neurri horretako bizigune batean araztegia jartzeko behar den inbertsio ahalegina.

Horregatik guztiagatik, alegazioa ezesten da.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Behin betiko onestea “Zuaztoiko hustubidea eta araztegia” izeneko proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta aurkeztutako alegazioa ebaztea ebazpen honen azalpen zatian adierazitako moduan; ulertzen da onespenak berekin dakarrela onura publikoaren deklarazioa eta okupatzeko beharra.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Baztango herriko etxeko iragarki-taulan argitaratzea. Orobat, iragarki bat argitaratuko da Foru Komunitateko egunkari batean.

3. Ebazpen hau Baztango Udalari eta alegazio egileari jakinaraztea. Horrekin batera, adieraztea administrazio publikoek ez beste interesdun guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Toki Azpiegiturak SAri (NILSA) jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 17an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M. Rodríguez Gómez.

Iragarkiaren kodea: F2015636