7. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

313/2020 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez hautapen prozedurak onesten baitira Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetan.

Abenduaren 12ko 101/2018 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen unibertsitateaz kanpoko irakasleen 2018ko lan publikoaren eskaintza partziala, Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona. Lehenago, azaroaren 28ko 99/2018 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa aldatu zuen, beharrezko lanpostuak sortzeko aipatutako lan-eskaintza onesteko.

Bestalde, azaroaren 18ko 83/2020 Foru Dekretuaren bidez (2020ko abenduaren 1eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen unibertsitateaz kanpoko irakasleen 2020ko lan publikoaren eskaintza partziala, 2020ra arte luzatutako Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona.

Bat etorriz 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legearen hamabigarren xedapen gehigarrian (Unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako lan publikoaren eskaintza) xedatutakoarekin, “1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasleen lanpostuak, erretiroaren, heriotzaren, ukoaren edo lanpostu-erreserbarik ez dakarren beste edozein egoera administratiboren ondorioz hutsik gelditzen direnak, automatikoki esleituko zaizkio plantilla organikoan jatorriko irakasleen kidegoari, lanpostuen gainerako ezaugarriak zehaztu gabe.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasleen lan publikoaren eskaintzetan ezarriko da irakasleen kidego bakoitzeko zenbat lanpostu barne hartzen dituzten guztira. Lan-eskaintza horietan sartutako lanpostuen ezaugarriak, eta betiere espezialitatea eta hizkuntza, plantilla organikoa aldatzeko foru dekretu batean ezarriko dira, sartzeko hautaproben deialdia egin aurretik.”

Aurreikuspen legal hori bete beharrez, abenduaren 2ko 88/2020 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa aldatu da, eta espezialitatea eta hizkuntzaren ezaugarriak zehaztu dira azaroaren 18ko 83/2020 Foru Dekretuak onetsitako eskaintzan aurreikusitako lanpostuetarako.

Aipaturiko lan publikoaren eskaintza horietan irakasleen 19 lanpostu daude, Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegokoak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hamabigarren xedapen gehigarriak xedatzen du irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko sistema oposizio-lehiaketa izanen dela.

Otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuak onetsi zuen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasleen kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta horiek eskuratzeko erregelamendua, eta arautu zuen lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako araubide iragankorra. Errege dekretu hori otsailaren 23ko 84/2018 Errege Dekretuaren bidez aldatu da.

Bestetik, Irakaskuntzako funtzio publikorako sarbidea arautzen duen abenduaren 27ko 17/2017 Foru Legeak ezarri du ezen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak unibertsitateaz kanpoko irakasleen lan eskaintza publikoak garatze aldera onesten dituen deialdietan aplikatzekoa izanen dela aipatutako otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuan ezarritakoa. Horrez gainera, xedatu zen deialdi horietan nahitaez jasoko direla hautapen prozedura ezberdinak ezagutza arlo edo irakasle espezialitate bakoitzerako eta Nafarroako Foru Komunitateko hizkuntza ofizial bakoitzerako.

Azkenik, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren V. tituluan espezialitate berriak eskuratzeko prozedura arautzen da, eta adierazten da hezkuntza administrazioek kasuan kasuko deialdietan zehaztuko dituztela titulu horretan ezarritako prozeduren bidez eskuratzen ahal diren espezialitateak. Deialdia egiten duen hezkuntza administrazioaren mende dauden karrerako funtzionarioek soilik hartzen ahalko dute parte deialdi horietan.

Horiek horrela, erabiliz Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 208/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia egiten da Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoan sartzeko hautapen prozedurarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetan aritzeko.

2. Deialdia egiten da Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko karrerako funtzionarioek kidego horretan espezialitate berriak eskuratzeko prozedurarako.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Hautatze Prozeduren Atalera eta Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

I. TITULUA

Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoan sartzeko hautapen prozedura, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetan aritzeko. Oinarriak

Lehena.–Arau orokorrak.

1.–Hautapen prozedura.

Deialdia egiten da Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko 19 lanpostu betetzeko hautapen prozedurarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruan aritzeko.

Lanpostu bat dago desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba txandan, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriarekin bat (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia).

Desgaitasuna dutenentzako erreserba prozedurarako gordetako lanpostua (Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoari dagokiona) betetzen ez bada, dagokien espezialitate eta hizkuntzako lanpostuei gehituko zaie, sarbide irekiko prozeduran betetzeko.

2.–Deialdian ateratako lanpostuak honela banatu dira espezialitateen eta hizkuntzaren arabera:

ESPEZIALITATEA

HIZKUNTZA

IREKIA

ERRESERBAKOA

GUZTIRA

Alemana

Gaztelania

3

3

Euskara

Euskara

4

4

Frantsesa

Gaztelania

2

2

Ingelesa

Gaztelania

8

1

9

Italiera

Gaztelania

1

1

3.–Honako arau hauek aplikatuko zaizkie hautapen prozedurei:

–Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, Hezkuntzari buruzkoa.

–2004/38/EE Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena, langileen joan-etorri askeari buruzkoa.

–240/2007 Errege Dekretua, otsailaren 16koa, Europar Batasuneko herritarrak edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioari lotutako beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu eta bizitzeari eta horien joan-etorri askeari buruzkoa.

–276/2007 Errege Dekretua, otsailaren 23koa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasleen kidegoetan sartu, bertara igo eta espezialitate berriak eskuratzeko erregelamendua onesten duena, eta lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako araubide iragankorra arautzen duena.

–84/2018 Errege Dekretua, otsailaren 23koa, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretua aldatzen duena.

–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

–967/2014 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, zeinaren bidez baldintzak eta prozedura ezarri baitziren titulazioa eta unibertsitateko maila akademiko ofiziala homologatu eta baliokidetzat jotzeko eta atzerriko goi mailako ikasketak baliozkotzeko, eta, halaber, prozedura ezarri baitzen Goi mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko mailetara baliokidetzeko arkitektoaren, ingeniariaren, lizentziadunaren, arkitekto teknikoaren, ingeniari teknikoaren eta diplomadunaren titulu ofizialak.

–17/2017 Foru Legea, abenduaren 27koa, irakaskuntzako funtzio publikorako sarbidea arautzen duena.

–Eta aplikatu beharreko gainerako xedapenak, bai eta deialdi honetan xedatutakoa ere.

Bigarrena.–Izangaien betebeharrak.

Deialdi honetan parte hartzen dutenek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte:

1.–Baldintza orokorrak:

a) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko gainerako estatuetako batekoa, edo ondoko arauak aplikatuak dituen estaturen batekoa: langileen joan-etorri askeari buruz Europako Parlamentuak emandako 2004/38/EE Zuzentaraua eta Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioari lotutako beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu eta bizitzeari eta beren joan-etorri askeari buruzko otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretua.

Ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta bere ondorengoek eta ezkontidearenek ere, zuzenbidez bananduta ez badaude eta, ondorengoei dagokienez, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, zaharragoak izanez gero, haien bizkar bizi badira edo ezgaiak badira. Halaber, izangaiaren aurreko ahaide zuzenek eta haren ezkontidearenek parte hartzen ahalko dute, zuzenbidez bananduta ez badaude eta haren kargura bizi badira.

b) Hemezortzi urte beteak izatea eta, oro har, erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Aukeratu nahi den kidego eta espezialitateari dagozkion eginkizunekin bateraezina den eritasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea.

d) Diziplina espediente bidez Administrazio Publikoen zerbitzutik bereizia ez izana, eta eginkizun publikoak betetzeko desgaitua ez egotea.

Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenek ere zigor edo auzi bidez euren estatuetako funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez daudela egiaztatu beharko dute.

e) Sartu nahi den kidego bereko karrerako funtzionarioa edo praktiketako funtzionarioa ez izatea, edo horrelako lanpostu baterako izendatzeko esperoan ez egotea.

f) Kondenarik jaso ez izana, epai irmo baten bidez, sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik, Adingabeen Babes Juridikoari buruzko 1/1996 Lege Organikoan xedatu bezala.

2.–Berariazko baldintzak:

Aurreko apartatuan ezarritako baldintza orokorrez gain, izangaiek berariazko betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Doktore, lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulua edo dagokion gradua izatea.

Izangaiek atzerrian lortutako titulazioak aurkezten badituzte, haien homologazioaren egiaztagiria izan beharko dute, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, edo onarpenaren egiaztagiria, 2005/36/EE Zuzentarauan ezarritakoaren arabera.

b) Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan aipatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa edukitzea. Honela frogatuko da prestakuntza hori:

1.–Edukitzea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen lanbide arautuetan jarduteko gaitzen duen unibertsitateko master titulu ofiziala.

2.–Egiaztatzea ezen honako baldintza hauetako bat lortu dutela 2009ko urriaren 1a baino lehen:

–Edukitzea Espezializazio Didaktikoaren titulu profesionala, Irakaskuntzarako Gaikuntza Agiria edo Irakaskuntzarako Gaitasun Agiria.

–Edukitzea Maisu-maistra titulua, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle diploma, Lehen Hezkuntzako maisu-maistrarena eta Pedagogia eta Psikopedagogiako lizentzia, edo baliokidea den eta prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa duen lizentzia edo titulazioa.

3.Irakasle jardun izana, 2008-2009 ikasturtea bukatu baino lehen, 12 hilabetez gutxienez, behar bezalako baimena duten irakaskuntza arautuko ikastetxe publiko edo pribatuetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan edo Batxilergoan, Lanbide Heziketan edo Hizkuntzetako Eskola Ofizialetan, azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat. c)Euskara espezialitateko lanpostuetarako izangaiek, horrez gain, Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) edo baliokidea izan beharko dute.

3.–Desgaitasuna dutenentzako erreserba prozeduran parte hartzeko berariazko baldintzak:

Prozedura honetan parte hartzen ahalko dute, baldintza orokorrak eta berariazkoak betetzeaz gain, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortua duten pertsonek, baldin eta irakasle lanerako oro har eskatzen den gaitasun funtzionala badute, eta lortu nahi den kidegorako eta espezialitaterako behar dena ere bai.

Hautapen prozesuan izangai horiek izanen dituzten baldintzak eta sarrera libreko izangaienak berberak izanen dira, deialdi honen zazpigarren oinarriaren 1. apartatuan aipatzen diren egokitzapenak galarazi gabe.

Nolanahi ere, probak egin bitartean, edo praktiketan zehar zalantzak sortzen badira izangaiak kasuan kasuko kidegoko eta espezialitateko funtzionarioek egin ohi dituzten jardueretan aritzeko daukan gaitasunari buruz, epaimahaiak, hautapen batzordeak edo, hala badagokio, praktikaldiko balorazio batzordeak irizpena eskatu ahal izanen dio organo eskudunari.

Prozedura honetan parte hartzen duten pertsonek ezin izanen dute parte hartu espezialitate eta hizkuntza bereko prozedura irekian.

4.–Nazionalitate espainiarra ez duten izangaientzako berariazko betebeharrak:

Hautapen prozeduretan onartuak izateko, nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek gaztelaniaz behar bezala badakitela egiaztatu beharko dute, hurrengo baliabide hauetako baten bidez:

–Edukitzea DELE-Gaztelaniaren Diploma (C1 maila), urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, edo, bestela, diploma horren baliokidea, aipatu araua aldatzen duen otsailaren 22ko 264/2008 Errege Dekretuan eta azaroaren 6ko 1004/2015 Errege Dekretuan araututakoa.

–Hizkuntza Eskola Ofizialek atzerritarrentzat emandako Gaztelaniaren Gaitasun Agiria (C1 maila).

–Filologia Hispanikoan lizentziaduna izatea edo homologatutako titulu baliokideetan.

–Gaztelania maila neurtzeko proba bat gainditzea.

Gaztelania hizkuntza ofiziala duen herrialde bateko nazionalitatea dutenak gaztelaniaz badakitela egiaztatzetik salbuetsita egonen dira, baita Espainian unibertsitate-tituluren bat lortu dutenak ere.

5.–Baldintzak noiz bete behar diren.

Oinarri honetan aipatutako betebehar guztiak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dira eta karrerako funtzionario gisa lanpostuaren jabetza hartu arte betetzen jarraitu.

Hirugarrena.–Epeak, eskaerak eta dokumentazioa.

1.–Eskaerak aurkezteko epea.

Parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

2.–Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek nahitaez modu telematikoan aurkeztu beharko dute eskaera, berariazko inprimaki elektronikoa erabiliz. Hori Hezkuntza Departamentuak gaituko du http://www.navarra.es/home_es/Servicios helbidean, deialdi honi dagokion fitxan (“Tramite mota”, “Enplegu publikoa”). Inprimaki hori eskura daiteke esteka honetan ere:http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/8989/Concurso-oposicion-al-Cuerpo-de-Profesores-de-Escuelas-Oficiales-de-Idiomas

Parte hartzeko eskaeran izangaiek zehaztu beharko dute zein espezialitate eta hizkuntzatan parte hartu nahi duten, deialdi honetako 1. oinarrian agertzen direnen artean aukeratuz, eta horrez gain, zehaztu beharko dute zer prozeduraren bidez parte hartzen duten espezialitate eta hizkuntza bakoitzerako, ondoko hauen artean:

–Txanda irekiko prozedura.

–Desgaitasuna dutenentzako erreserba.

Parte hartzeko eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, epearen barrenean aurkezten den azkeneko eskabidea (eta horri lotutako dokumentazioa) baizik ez da izapidetuko, eta horrek bakarrik balioko du.

3.–Dokumentazioa.

Eskaera aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

3.1. Nazionalitate espainiarra duten izangaiek:

1) Indarreko Nortasun Agiri Nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen kopia eskaneatua. Kopia horretan agiriaren aurreko eta atzeko aldeak agertuko dira, eta dokumentu bakar batean aurkeztuko da.

2) Erantzukizunpeko adierazpena, inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik diziplina espediente bidez berezia ez dagoela edo eginkizun publikoetarako desgaitua ez dagoela adierazten duena. Adierazpena egiteko, onartuko da eskaera telematikoki aurkezteko inprimakian dagoen “adierazten dut” atalean zehazten dena.

3) Parte hartzen duen espezialitate eta hizkuntza bakoitzeko ordainketa-gutun bat, laugarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

4) Doktore, lizentziadun, ingeniari, arkitekto edo gradudun tituluaren kopia eskaneatua, edo titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren frogagiriarena. Kopia horretan agiriaren aurreko eta atzeko aldeak agertuko dira, eta dokumentu bakar batean aurkeztuko da.

Izangaiek atzerrian lortutako titulazioak aurkezten badituzte, haien homologazioaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, edo onarpenaren egiaztagiria, 2005/36/EE Zuzentarauan ezarritakoaren arabera.

5) Ebazpen honen I. tituluko bigarren oinarrian adierazitako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa duela frogatzen duen dokumentazioa. Frogagiriak indarrean egonen dira, eta artxibo bakar batean aurkeztuko dira.

6) Merezimenduen frogagiriak, I. eranskineko merezimenduen baremoan ezarritakoaren arabera. Frogagiriak indarrean egonen dira. Alegatutako merezimendu bakoitza bereiz aurkeztuko da, artxibo bakar batean. Artxiboaren izenean, alegatutako merezimendua aipatuko da, baremazio batzordeak errazago egin dezan balorazioa.

Merezimenduen baremoaren I. apartatua (irakasle lanetan emandako zerbitzuak) baloratzeko, zerbitzuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenturako egin badira, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz aurkeztuko du zerbitzuen orria, izangai bakoitzaren espediente pertsonalean dagoen dokumentazioari jarraikiz, parte hartzeko eskaeran berariaz eskatu behar izan gabe. Aitzitik, beste hezkuntza administrazio edo zentro batean egindako zerbitzuak egiaztatzeko, kasuan kasuko zerbitzuen ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, merezimenduen baremoan ezarritakoarekin bat.

3.2. Beste nazionalitate bateko izangaiak:

3.1 letrako 3. puntutik 6.era ezarritako agiriez gain, honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte beste nazionalitate bateko izangaiek:

1) Indarreko Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen kopia eskaneatua. Agiriaren aurreko eta atzeko aldeak agertuko dira kopia horretan, eta artxibo bakar batean aurkeztuko da.

Aurreko horien ahaideek agiri hauen kopia eskaneatua aurkeztu beharko dute: pasaportearena, bisatuarena eta, kasuaren arabera, behar den txartela eskatu izanaren gordekinarena edo bisatuaren salbuespena eskatu izanaren gordekinarena eta dagokion txartelarena. Agiri horiek eskatu ezean, agintaritza eskudunek ahaidetasun lotura egiaztatzeko emandako agiriak aurkeztu beharko dituzte, baita, zein espainiarrekin edo Europar Batasuneko zein herritarrekin duten ahaidetasun lotura, horren zinpeko aitorpena edo hitzematea ere, non adieraziko duen bere ezkontidearengandik zuzenbidez bananduta ez dagoela eta, kasuaren arabera, izangaia bere bizkar bizi dela edo bere kargupean dagoela. Bestela, izangaiaren egoera frogatzeko beste agiri batzuk aurkeztu beharko dituzte, Europar Batasuneko herritarrak edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioari lotutako beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu eta bizitzeari eta horien joan-etorri askeari buruzko otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretuaren arabera.

Deialdian parte hartzeko eskaeran, nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek beren estatuko Nortasun Txartelari dagokion zenbakia edo pasaportearena adierazi beharko dute “Nortasun Agiri Nazionalari” dagokion laukian.

2) Erantzukizunpeko adierazpena, izangaiak bere Estatuko funtzio publikoan sartzeko diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazten duena. Adierazpena egiteko, onartuko da eskaera telematikoki aurkezteko inprimakian dagoen “adierazten dut” atalean zehazten dena.

3) Adierazi beharko dute gaztelaniaren ezagutza frogatzeko azterketa egitetik salbuetsiak dauden ala ez. Aurkeztu beharko dute, gaztelaniaz behar beste badakitela frogatzeko, DELE-Gaztelaniaren Diplomaren (C1 maila) kopia eskaneatua, urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat; edo, bestela, diploma horren baliokidea, aurreko araua aldatzen duen otsailaren 22ko 264/2008 Errege Dekretuan eta azaroaren 6ko 1004/2015 Errege Dekretuan araututakoa: Hizkuntza Eskola Ofizialek atzerritarrentzat emandako Gaztelaniaren Gaitasun Agiri ofiziala (C1 maila); edo Filologia Hispanikoaren lizentzia edo bestelako titulu homologatu baliokideak, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izana egiaztatzen duen agiria.

3.3. Desgaitasuna dutenentzako erreserba prozedurako izangaiak:

3.1 apartatuan eta, hala denean, 3.2 apartatuan ezarritako agiriez gain, %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangaiek hurrengo agirietako bat aurkeztu beharko dute:

–Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Mendekotasuna Baloratzeko eta Orientatzeko Taldeek emandako ziurtagiria, edo bestelako txosten loteslea, talde multiprofesional eskudun batek emandakoa, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna egiaztatzen duena.

–Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ebazpena edo ziurtagiria.

Desgaitasunari buruzko ziurtagiria edo egiaztapen txostena aurkezten ez bada, izangaia ez da onartuko desgaitasuna dutenentzako erreserba prozeduran, baina bai ofizioz sarrera libreko prozeduran, baldin eta horretarako baldintzak betetzen baditu.

Geroago desgaitasun bat aitortzeak, atzeraeragineko ondorioak izanik ere, ez du ekarriko erreserba prozeduran onartzea.

Ariketak egiteko denbora eta baliabideak egokitzeari dagokionez, izangaiek eskatzen dituzten egokitzapenak erantsi beharko dituzte eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara igorriko dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten zentzuzko egokitzapen eta doikuntzak zehazteko, baldintza berdinetan jardun ahal izan dezaten.

3.4. %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak:

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek honako agiri hauetakoren bat aurkeztu beharko dute:

–Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Mendekotasuna Baloratzeko eta Orientatzeko Taldeek emandako ziurtagiria, edo bestelako txosten loteslea, talde multiprofesional eskudun batek emandakoa, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna egiaztatzen duena.

–Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ebazpena edo ziurtagiria.

Ariketak egiteko denbora eta baliabideak egokitzeari dagokionez, izangaiek eskatzen dituzten egokitzapenak erantsi beharko dituzte eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara igorriko dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten zentzuzko egokitzapen eta doikuntzak zehazteko, baldintza berdinetan jardun ahal izan dezaten.

3.5. Agirien formatua eta egiaztapena.

Kopia eskaneatuak aurkeztuko dituzte izangaiek baldintzak edo merezimenduak justifikatzeko.

Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Aipatutako agiriak aztertuta ondorioztatzen bada izangaietako baten batek ez dituela betetzen eskatzen diren betebeharrak, haren jarduerak baliogabetuko dira, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak. Era berean, baldin aipatu dokumentazioa aztertuta ondorioztatzen bada izangairen batek ez dituela betetzen aurkeztutako merezimenduak, merezimendu horiei emandako puntuazioa kenduko zaio, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.

Horren ondorioz, izangaiek parte hartzeko eskaerarekin batera aurkezten dituzten agiri guztien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak gorde beharko dituzte.

3.6. Agirien itzulpena.

Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak edo beste autonomia erkidego bateko berezko hizkuntza ofizialean idatzitakoak, euskarazkoak eta atzerriko hizkuntzen egiaztagiri edo titulazioak izan ezik. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek, eta agiriarekin batera aurkeztu beharko dira.

Laugarrena.–Eskubideen ordainketa.

Parte hartzeko eskaerarekin batera, azterketa eskubideengatik, aukeratu nahi den espezialitate eta hizkuntza bakoitzeko 40 euro ordaindu izanaren ordainagiria aurkeztu beharko da. Ordainagiria aurkeztu ezean, izangaia baztertuta geldituko da.

Azterketa eskubideak nahitaez ordainketa-gutunaren bidez ordainduko dira edozein banku entitatetan. Ordainketa-gutunaren eredua www.nafarroa.eus helbidean dago, deialdiaren fitxan. Izangaiek Interneteko web-orri horretan sartu eta ordainketa-gutuna bete beharko dute beren datuekin, eta “kontzeptuaren azalpen” gisa parte hartu nahi duten espezialitatea eta hizkuntza jarriko dituzte. Gero, ordainketa-gutuna inprimatu eta ordainketa eginen dute edozein banketxetan. Ordainketa modu telematikoan ere egin daiteke, eta ordainagiria inprimatu. Bi kasuetan, hautapen prozeduran onartua izan ahal izateko, izangaiak azterketa eskubideen ordainagiria erantsi beharko dio parte hartzeko eskaerari.

Izangaia identifikatu ahal izateko daturen bat jartzen ez bada, horrek izangaia baztertzea ekarriko du.

Espezialitate eta hizkuntza batean baino gehiagotan parte hartzea eskatuz gero, baina guztien abonua justifikatu ezean eta espezialitatea eta hizkuntza aurkeztutako ordainketa-gutunetan zehaztu ezean, administrazioak ofizioz onetsiko du izangaia kasuan kasuko espezialitateetan, lehendabiziko oinarriko 2. puntuan jasotzen den hurrenkeran.

Tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 31. artikuluaren arabera, honako hauek ez dituzte tasak ordaindu beharko:

a) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa dutenek desgaitasuna frogatzen duen ziurtagiria edo irizpena aurkeztu beharko dute.

b) Deialdi hau argitaratu baino hilabete bat lehenagotik gutxienez lan-eskatzaile gisa inskribaturik dauden pertsonak. Salbuetsiak izateko baldintza izanen da epe horretan eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide igoera, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako arrazoiren bat izan ezean, eta, halaber, hilabetean lanbide arteko gutxieneko soldatatik goragoko errentarik ez izatea.

Lan-eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

Interesdunaren aitorpenaren bidez frogatuko da ez duela hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik.

Bosgarrena.–Izangaien onarpena.

1.–Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea iraganik, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak jarraian adierazten diren zerrendak onesteko ebazpena argitaratuko du www.nafarroa.eus helbidean, deialdiaren fitxan:

–Prozedura bakoitzean onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak, espezialitate eta hizkuntzaren arabera. Zerrenda horietan parte-hartzaileen izen-deiturak eta bakoitzaren prozedurak azalduko dira, bai eta, baztertuz gero, horren arrazoiak.

–Hala badagokio, gaztelania maila neurtzeko proba egin behar duten izangaien behin-behineko zerrenda.

Behin-behineko zerrendak onesten dituen ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, kasua bada, baztertua edo ez onartua izateko akatsa zuzentzeko. Era berean, beren datu pertsonalak ematean akatsak izan direla ohartu diren izangaiek epe horretan berean adierazten ahalko dute. Erreklamazioak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

2.–Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak:

Aurreko apartatuan aipatutako erreklamazioak ebatzi eta zuzenketak egin ondoren, zerrenda hauek onesteko ebazpena emanen da:

–Prozedura bakoitzean onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak, espezialitate eta hizkuntzaren arabera.

–Hala badagokio, gaztelania maila neurtzeko proba egin behar duten izangaien behin betiko zerrenda.

Ebazpen horretan, orobat, gaztelania maila neurtzeko proba egiteko eguna eta tokia finkatuko dira, halakorik balego.

Ebazpen hori www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

Behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

Ebazpen honen kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpena onetsi ondotik egiaztatzen bada izangairen batek ez dituela baldintzak betetzen, bere jarduketak deuseztatu eginen dira, faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna galarazi gabe.

Espezialitate eta hizkuntza batean izena eman eta onartzeak ez dio izangaiari bermatuko eskatu dituen espezialitate eta hizkuntza guztietan parte hartu ahal izatea, ezartzen den hautapen prozesuaren antolaketak ondorio hori baldin badakar.

Seigarrena.-Hautapen organoak.

1.–Epaimahaiak eta hautapen batzordeak.

Hautapen organoetan parte hartzea nahitaezkoa da eta, horrelakoetan, aipatutako foru dekretuaren arabera zehazten diren ordainak dagozkie kideei, bat etorriz maiatzaren 16ko 202/1991 Foru Dekretuaren 1. artikuluarekin eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduaren 8. artikuluko 3. puntuarekin.

Epaimahaiek eta, hala bada, hautapen batzordeek hautatuko dituzte izangaiak.

Hautapen organoak autonomia funtzional osoz arituko dira, prozeduraren objektibotasunaren erantzukizuna izanen dute eta deialdiko oinarriak betetzen direla bermatuko dute.

Hautapen organoak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz arituko dira uneoro.

Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, Hezkuntza Departamentuak hautapen organoen egoitza zehaztuko du.

Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez izendatuko dira epaimahaiak, eta ezberdinak izanen dira espezialitate eta hizkuntza bakoitzerako. www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da horien osaera, deialdien fitxan.

Espezialitate eta hizkuntza berera aurkeztutako izangai kopurua dela-eta, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak hala irizten badio, epaimahai bat baino gehiago izendatzen ahalko da. Horrelakoetan, hautapen batzorde bat eratuko da. Kasu horretan, 1. epaimahaiak eginen du desgaitasuna dutenentzako erreserba prozeduraren garapena.

2.–Epaimahaien osaera.

Epaimahaiko kideak karrerako funtzionarioak izanen dira, jardunean edo prestakuntzarako zerbitzu berezietan daudenak, bai irakasleen kidegokoak, bai hezkuntza administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen iraungi beharreko kidegokoak. Mahai bakoitzean bost kide izanen dira.

Izangaiek zein kidegotan sartu nahi duten, sailkapen talde horretako edo goragoko kidego batekoak izanen dira epaimahaiko kide guztiak. Orobat, epaimahaien osaerari dagokionez, hautapen prozesua zein kidegotakoa den, kidego horretako funtzionarioak izaten ahal dira kide gehienak.

Epaimahaiak hautatzerakoan, kontuan hartu beharko da espezialitatearen printzipioa, zeinaren arabera mahaikide gehienek hautapen prozesuaren xedeko espezialitateko titular izan beharko duten, eta gizonen eta emakumeen arteko parekotasunera joko da, arrazoi oinarritu eta objektiboek eragozten ez badute behintzat.

Honako hauek osatuko dituzte epaimahaiak:

–Mahaiburua, Hezkuntza Departamentuak zuzenean izendatua.

–Lau mahaikide, zozketa publiko bidez aukeratuak jardunean edo prestakuntzarako zerbitzu berezietan ari diren funtzionario titularren artetik edo espezialitateari atxikitakoen eta, kasua bada, dagokion hizkuntzari atxikitakoen artetik. Mahaikide horiek kasuan kasuko kidegoko, espezialitateko edota hizkuntzako lanpostu batean izan beharko dute behin-behineko edo behin betiko destinoa.

Arestian aipatutako zozketa Hezkuntza Departamentuan eginen da, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emandako jarraibideen arabera. Jardunean edo prestakuntzarako zerbitzu berezietan dauden funtzionario guztiak zenbakituko dira, dagokien kidego, espezialitate edo hizkuntzan lanpostu batean behin betiko edo behin-behineko destinoa dutenak. Ondoren, zenbaki bat aterako da ausaz, eta ondoren, epaimahai bakoitzerako behar adinako funtzionario proposatuko dira.

Epaimahaikideak izendatzean, salbuesteko arrazoitzat har daitezke:

–Ikastetxeko zuzendari gisa edo Nafarroako Gobernuan erantzukizuneko lanpostuetan aritzea. Horrelakoetan, haien gaineko zuzendari nagusiaren txostena aurkeztu beharko dute, hautapen prozesuak irauten duen denboran lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzerik ez lukeela izanen frogatzeko.

–Baremazio batzordeko kide izendatua izana.

Espezialitateko titularren edo horri atxikitakoen kopurua dela-eta, zozketa egitea ezinezkoa denean, Hezkuntza Departamentuak zuzenean izenda ditzake mahaikideak funtzionario hauen artean: izangaiek zein kidegotan sartu nahi duten, horri dagokion sailkapen talde bereko edo goragoko kidegoko funtzionarioen artean.

Salbuespen gisa, horretarako justifikatutako arrazoirik baldin badago, zilegi izanen da beste hezkuntza administrazio batzuei kasuko espezialitateko funtzionarioak izenda ditzatela eskatzea, epaimahaiak osatzearren, epaimahaia beste espezialitate bateko funtzionarioekin osatzea edo hainbat espezialitatetarako epaimahai bakarra hautatzea, eta kasu horietan aholkulari espezialistak aukeratzen ahalko dira.

Epaimahaiko idazkari lana kidegoan antzinatasunik txikiena duenak eginen du, epaimahaiak bestelakorik erabakitzen ez badu behintzat.

Epaimahai bakoitzarentzat ordezko kideak izendatuko dira, prozedura berari jarraikiz, ahal den guztietan.

Deialdi honi dagozkion hautaprobak hasi aurretik, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak, beharrezkoa bada, ebazpena emanen du oinarri honen 11. apartatuan aurrez ikusitako arrazoiren batengatik edo ezinbesteko arrazoi batengatik mahaikide izateari utzi diotenen ordez arituko diren kide berriak izendatzeko, aukeratutako ordezkoen artean. Ebazpen hori www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

3.–Hautapen batzordeen osaera.

Izangai eta lanpostu kopurua dela-eta, espezialitate eta hizkuntza baterako epaimahai bat baino gehiago izendatu beharra gertatzen bada, hautapen batzordeak eratuko dira horietako bakoitzerako. Batzorde horiek bost kide izanen dituzte gutxienez, eta mahaiburuek osatuko dituzte; mahaiburuak bost baino gutxiago izanez gero, idazkariekin osatuko da kopuru hori, epaimahaiak izendatzeko ordenari jarraikiz, eta hala ere ezin bada, mahaikideekin, batzordekide guztiak lortu arte. Batzorde horren buru 1. epaimahaiko burua ariko da eta, idazkari gisa, batzordeak berak horretarako izendatzen duen kidea.

4.–Epaimahaiak eta hautapen batzordeak eratzea.

Mahaiburuak dei egin ondoren, epaimahaiak eta, hala bada, hautapen batzordeak eratuko dira, mahaiburua eta idazkaria edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak, gutxienez, bertan direla.

Hautapen organoak eratu ondoren, beren jarduketek balioa izan dezaten beharrezkoa izanen da mahaiburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak, gutxienez, bertan egotea.

Epaimahaiek edo, halakoak daudenean, hautapen batzordeek, beren lanetarako aholkulari espezialistak eta laguntzaileak eskatzen ahalko dituzte. Horiek, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu. Lehenbizikoen eginkizuna izanen da hautapen organoko kideei aholku ematea beren espezialitateko gaien ebaluazioa egitean. Laguntzaileen eginbeharra izanen da hautapen organoei laguntza ematea, horiek adierazten dizkieten laguntzarako eta sostengurako zeregin teknikoak eginez. Jarduera bakoitzean batzuk eta besteak beren eskumenetara mugatuko dira.

5.–Epaimahaien eginkizunak.

Epaimahaiei eginkizun hauek dagozkie:

a) Deialdi honek xedatzen duenari jarraikiz, hautapen prozedurak behar bezala burutzen diren begiratzea.

b) Oposizioaldiko probak kalifikatzea.

c) Espezialitate eta hizkuntza bakoitzerako epaimahai bakarra izendatzen bada, oinarri honetako 6. apartatuko c), d), e) eta f) letretan hautapen batzordeei esleitutako eginkizunak.

Epaimahaiek behar diren antolaketa-neurriak har ditzakete haurdun dauden emakumeek hautapen prozeduretako fase guztietan parte hartzeko modua izan dezaten, baldin eta erditze eguna bat etortzen bada epaimahaiaren aurrean aurkezteko egunarekin edo oposizioaldiko probaren bat egiteko egunarekin. Halaber, osasun agintariak aginduta COVID-19aren pandemia dela eta, izangaiak etxeetan konfinaturik baldin badaude epaimahaiaren aurrean aurkezpena egiteko ekitaldiaren egunean edo oposizioaldiko beste probetako bat egiteko egunean, probak beste egun batean egin ditzakete. Epaimahaiek lehenago iragarriko dute noiz.

Epaimahaiek prozeduratik baztertu beharko dituzte probetan iruzurrezko jarduketaren bat egiten duten izangaiak.

6.–Hautapen batzordeen eginkizunak.

Hautapen batzordeei eginkizun hauek dagozkie:

a) Epaimahaiak koordinatzea.

b) Epaimahaien jardueretarako irizpideak finkatu eta homogeneizatzea.

c) Lehen probaren zati praktikoa prestatzea II. eranskinean ezarritako zehaztapenei jarraikiz.

d) Probak kalifikatzeko irizpideak finkatzea III. eranskinean ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz.

e) Oposizioaldian emandako puntuazioei lehiaketaldikoak gehitzea, izangaiak ordenatzea eta bi fase horiek gainditu dituzten izangaien zerrendak prestatzea.

f) Lehiaketaldia eta oposizioaldia gainditu dituzten izangaiak aldarrikatzea, horien zerrendak argitaratzea eta organo dei-egileari igortzea.

Hautapen prozeduretako fase guztietan, hautapen batzordeek ebatziko dituzte deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak.

7.–Epaimahai Koordinatzailea.

Hautapen prozedurak behar bezala tramitatzeko eta hautapen organoek izangaiak hautatzea errazteko, Epaimahai Koordinatzaile bat izendatuko da, zeina lehendakari-koordinatzaile batek edo batzuek eta idazkari-koordinatzaileek osatuko duten, edo, hala denean, buruaren eta idazkari-koordinatzailearen ondokoek. Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez izendatuko da Epaimahai Koordinatzailea, eta www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

Eginkizun hauek izanen ditu Epaimahai Koordinatzaileak:

a) Epaimahaiak eta hautapen batzordeak eratzen direla bermatzea.

b) Deialdi honetan ezarritako oinarriak aplikatzen direla zaintzea.

c) Solaskide gisa aritzea epaimahaien, hautapen batzordeen eta Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuaren artean.

d) Irizpideak finkatzea deialdi honen I. eranskin gisa erantsi den merezimenduen baremoaren II. eta III. apartatuei dagokien balorazioa egiteko, eta baremazio batzordeari sortzen zaizkion zalantzak argitzea.

e) Jarduteko irizpideak bateratzea batzorde ezberdinetarako eta epaimahaietarako.

f) Bermatzea espazioak eta denbora-tarteak egokiak direla desgaitasuna duten pertsonentzat, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren txostenarekin bat.

g) Epaimahaikideei entregatu beharreko dosierra ematea: legeria, aktak, izangaien zerrendak eta abar.

h) Epaimahaiei beren jardunean sortzen zaizkien auziak ebaztea, horien funtzioak normaltasunez garatzeko.

i) Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak zehazten duen beste edozein eginkizun.

Epaimahai Koordinatzaileak bere lanetarako laguntzaileak eskatzen ahalko ditu. Laguntzaileen eginbeharra izanen da epaimahaiei laguntza ematea, horiek adierazten dizkieten laguntzarako eta sostengurako zeregin teknikoak eginez. Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu.

8.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzua.

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari egokituko zaio izangaiei deialdi honen I. eranskin gisa jaso den merezimenduen baremoaren I. apartatuari dagokion puntuazioa esleitzea.

Zerbitzu horrek hautapen organoek eskuordeturik eginen du balorazioa, eta, oposizioaldia bukatutakoan, emaitzak helaraziko dizkie.

9.–Baremazio batzordea.

Baremazio batzordeari egokituko zaio izangaiei deialdi honen I. eranskin gisa jaso den merezimenduen baremoaren II. eta III. apartatuei dagokien puntuazioa esleitzea.

Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak aipatzen dituen irakasleen kidegoetako funtzionarioek osatuko dute baremazio batzorde hori, eta Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emandako ebazpenaren bidez hautatuko dira.

Ebazpen hori www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

Organo horrek eginen du baremazioa Epaimahai Koordinatzaileak zehazten dituen irizpideen arabera, eta, oposizioaldia bukatutakoan, emaitzak helaraziko dizkio.

Batzordeak merezimenduak barematuko ditu izendapenaren ebazpenean zehazten den ordutegian. Hezkuntza Departamentuan izanen du egoitza batzorde horrek.

Erakunde sindikalek baremazio batzordean parte hartzen ahalko dute.

Baremazio batzordeko kide izendatzen diren funtzionarioek ez dute parte hartu beharko epaimahaiko kideak izendatzeko zozketan, oinarriaren 2. apartatuan aipatzen den horretan, salbu eta hautapen organoak eratzean espezialitatearen printzipioa bermatzea ezinezkoa baldin bada.

10.–Gaztelaniaren ezagutza proba ebaluatzeko epaimahaia.

Proba ebaluatzeko epaimahaia, I. tituluko deialdiko bigarren oinarriko 5. apartatuak aipatzen duena, lehendakari batek eta lau mahaikidek osatuko dute. Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak izendatuko ditu hizkuntza eskola ofizialetako katedradunen eta irakasleen kidegoetako funtzionarioen eta/edo Gaztelania eta Literatura espezialitateko bigarren hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoetako funtzionarioen artean.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ebazpena emanen du gaztelaniaren ezagutza maila egiaztatzeko proba non eta noiz izanen den iragartzeko.

Honako arau hauetan xedatutakora egokituko da gaztelania maila egiaztatzeko probaren edukia: urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretua (gerora otsailaren 22ko 264/2008 Errege Dekretuak aldatua), eta azaroaren 6ko 1004/2015 Errege Dekretua, zeinaren bidez ezartzen baitira gaztelaniaren ezagutza (atzerriko hizkuntza gisa) egiaztatzeko diplomak. Proban, izangaiek «gai» edo «ez gai» kalifikazioa jasoko dute, eta beharrezkoa izanen da «gai» balorazioa lortzea oposizioaldiko lehen proba egin ahal izateko. Proba gainditzen ez dutenak edo proba egitera aurkezten ez direnak hautapen prozeduratik baztertuko dira, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

11.–Abstenitzea eta errekusatzea.

Hautapen organoetako kideek ezin izanen dute bertan parte hartu baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeretako batean badaude, edo deialdia argitaratu aurreko bost urteetan kidego eta espezialitate bereko hautaprobetarako izangaiak prestatzen modu sistematikoan aritu izan badira. Horrelakorik gertatuz gero, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari jakinarazi beharko diote. Aipatutako egoeraren batean egonez gero, horren berri eman beharko da izendapenaren ebazpena jakinarazi eta bost egun balioduneko epean.

Halaber, izangaiek hautapen organoetako kideak errekusatzen ahalko dituzte, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako egoeraren bat izaten denean.

Zazpigarrena.–Hautapen prozeduren garapena.

Hautapen prozesuak bi aldi izanen ditu: batetik, lehiaketaldia, non izangaien merezimenduak baloratuko baitira deialdi honen I. eranskinean ageri den merezimendu baremoaren arabera; eta bestetik, oposizioaldia, non kasuan kasuko irakaskuntza espezialitateko berariazko ezaupideak, gaitasun pedagogikoa eta irakaskuntzan aritzeko behar diren tekniken ezagutza kontuan hartuko baitira. Halaber, praktikaldi bat egin beharko da, hautapen prozeduraren parte izanen dena.

Epaimahaiak edozein unetan eskatzen ahalko die izangaiei beren nortasuna froga dezatela.

Hautapen organoek beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte ehuneko 33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa frogatzen duten izangaiek ere gainerako parte-hartzaileek bezalatsuko aukerak izan ditzaten ariketak egiterakoan. Alde horretatik, pertsona horientzat, eskabidean hala adierazi dutenean, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren aldeko txostenaren arabera, behar dituzten zentzuzko egokitzapen eta doikuntzak ezarriko dira ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik.

1.–Lehiaketaldia.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsi ondoren, I. tituluko seigarren oinarrian aipatutako organoek izangaiek frogatutako merezimenduak baloratuko dituzte, deialdi honen I. eranskineko baremoari jarraikiz.

Merezimendutzat hartuko dira irakasle lanetan izaniko esperientzia, prestakuntza akademikoa, etengabekoa eta beste merezimendu batzuk.

Eskabideak aurkezteko epearen barruan alegatzen diren merezimenduak baizik ez dira puntuatuko, I. eranskinean adierazten den dokumentazioarekin batera aurkezten badira.

Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak baremoko apartatu guztien puntuazioak batuko ditu eta merezimenduen behin-behineko balorazioak onesten dituen ebazpena argitara emanen du www.nafarroa.eus helbidean, deialdiaren fitxan.

Interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, edo/eta merezimenduak zuzentzeko aktetan jasotzen diren akats formalak zuzendu, haiek argitaratu eta 10 egun balioduneko epean. Erreklamazioak edo akats-zuzenketak Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta www.nafarroa.eus helbidean aurkeztuko dira, deialdiaren fitxan.

Era berean, Administrazioak, erreklamazioak aurkezteko ezarritako epean, ofizioz zuzentzen ahalko ditu izangaiei emandako behin-behineko puntuazioan hautemandako akatsak.

Izangairen batek ez baditu akats formalak epe horretan zuzentzen, eskaerari uko egiten diola ulertuko da.

Izangaiek eskaerak aurkezteko epearen barruan alegatu eta justifikatu ez dituzten merezimendu berriak ez dira inoiz kontuan hartuko.

Erreklamazioak aurkezteko eta zuzenketak egiteko epea bukatutakoan eta haiek ebatzitakoan, merezimenduen behin betiko balorazioak onesten dituen ebazpena argitaratuko da. Balorazio horien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.–Oposizioaldia.

Oposizioaldiak aurkezpen ekitaldi bat eta bi proba izanen ditu, denak baztergarriak. Bigarren probara pasatzeko, izangaiak 5 puntu edo gehiago lortu beharko ditu lehenengo proban.

2.1. Aurkezpen ekitaldia.

Epaimahaiaren edo hautapen batzordeen aurrean eginen den aurkezpen ekitaldi batekin hasiko da oposizioaldia; izangaiek bigarren probako A zatian aipatzen den programazio didaktikoa eraman beharko dute ekitaldi horretara. Aurkezpen ekitaldira joaten ez diren izangaiak edo programazio didaktikoa aurkezten ez duten izangaiak hautapen prozeduratik baztertuko dira. Ez da zilegi izanen izangaien ordez beste pertsona batzuk agertzea.

Oposizioaldiaren hasierako aurkezpen ekitaldia ez da 2021eko maiatzaren 10a baino lehenago izanen.

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez, izangaiei dei eginen zaie oposizioaren aurkezpen ekitaldira ager daitezen. Ebazpen hori jendaurrean jarriko da, www.nafarroa.eus helbidean, aurkezpen ekitaldia baino zazpi egun natural lehenago, gutxienez. Ebazpen horretan epaimahaien aurreko jarduketa noiz, zein ordutan eta non hasiko den adieraziko da.

Era berean, ebazpen bidez dei eginen zaie oposizioaldiko lehen proba egiteko, betiere proba baino zazpi egun natural lehenago. Epaimahai bat baino gehiago baldin badago espezialitate eta hizkuntza bakoitzeko, izangaiak alfabetikoki ordenatuta esleituko zaizkio epaimahai bakoitzari, honela: Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak bi letra aterako ditu zozketaz, eta lehen deituraren hasieran bi letra horiek dituen izangaia izanen da lehena.

Izangaiei egin beharreko hurrengo deiak epaimahaien egoitzetan argitaratuko dituzte epaimahaiek, bai eta www.nafarroa.eus helbidean ere, deialdiaren fitxan, hurrengo ariketak hasi baino berrogeita zortzi ordu lehenago, gutxienez.

Izangaiei dei bakarra eginen zaie epaimahaien aurreko jarduketak egiteko, eta agertzen ez direnak hautapen prozesutik kanpo geldituko dira. Horren ondorioetarako, taldekako ariketa baterako deiaren xede diren pertsonek deialdietan zehazten diren egun-orduetan agertu beharko dute epaimahaiaren aurrean. Bakarkako ariketetan, egun bakoitzerako deitutako izangaiek bertan egon beharko dute epaimahaiak jarduketak hasteko ezarritako orduan. “Ez aurkeztutzat” joko dira hasierako deia egiten denean agertzen ez diren oposiziogileak.

Izangaiek oposizioaldiko proben ariketa guztietara agertu beharko dute. Horietakoren batera agertzen ez badira, baztertu eginen dira hautapen prozeduratik.

Izangaiak idatzizko ariketak epaimahaiaren aurrean ahoz azaldu edo irakurri behar ez baditu, bere anonimotasuna bermatuko da, plika sistema erabiliz. Izangaiak identifikatzeko moduko arrastoak, sinadurak edo beste edozein seinale dituzten idatzizko ariketak baliorik gabe utziko dira, baita irakurtezinak direnak ere.

Irakaskuntzako funtzio publikorako sarbidea arautzen duen abenduaren 27ko 17/2017 Foru Legean xedatutakoarekin bat, espezialitatea zein hizkuntzatan emanen den edo zein hizkuntza espezialitate den, hautaproba guztiak hizkuntza horretan eginen dira.

Izangaiek probetan parte hartzeko ordena alfabetikoki zehaztuko da; horretarako, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak zozketaz bi letra aterako ditu eta lehenengo abizenaren hasieran bi letra horiek dituen izangaia hasiko da.

Oposizioaldiko probak honako hauek izanen dira:

2.2. Lehenbiziko proba:

Lortu nahi den espezialitatearen gaineko berariazko ezaupideak erakustea du helburu, eta bi zati izanen ditu, batera baloratuko direnak. Proba honen bi zatiak egun berean egiten ahalko dira.

Lehenengo proba hau zero puntutik hamar puntura bitarte baloratuko da, eta bi zatietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa izanen da emaitza, baldin eta izangaiek gutxienez 2,5 puntu lortu badituzte zati bakoitzean. Hautapen prozeduratik bazterturik geldituko dira lehen proba honetan gutxienez ere 5 puntu lortzen ez dituztenak.

A zatia.

Zati honetan ariketa praktiko bat eginen da, izangaiak lortu nahi duen espezialitateari dagozkion trebetasun teknikoak menperatzen dituen eta prestakuntza zientifikoa baduen egiaztatzeko balioko duena.

II. eranskinean zehazten dira proba honen zehaztapenak espezialitate bakoitzerako.

Izangaiek hiru ordu izanen dituzte, gehienez, A zatia egiteko.

A zatia zero puntutik hamar puntura bitarte baloratuko da, eta oposizioaldiko lehenengo probaren kalifikazioaren %50 eginen du, baldin eta izangaiek 2,5 puntu gutxienez lortzen badituzte.

B zatia.

Zati honetan, epaimahaiak espezialitateko gai-zerrendatik zozketaz ateratako bost gaietako bat idatziz garatu beharko du izangaiak, deialdiko espezialitate guztiek 50 gai baino gehiago baitituzte.

Espezialitate bakoitzean aplikatuko diren gai-zerrendak indarrean daudenak dira, eta deialdi honen IV. eranskinean aipatzen dira.

Izangaiek bi ordu izanen dituzte, gehienez, B zatia egiteko.

B zatia zero puntutik hamar puntura bitarte baloratuko da, eta oposizioaldiko lehenengo probaren kalifikazioaren %50 eginen du, baldin eta izangaiek 2,5 puntu gutxienez lortzen badituzte.

2.3. Bigarren proba:

Izangaiek bigarren proban parte hartzeko ordena alfabetikoki zehaztuko da; horretarako, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak zozketaz bi letra aterako ditu eta lehenengo abizenaren hasieran bi letra horiek dituen izangaia hasiko da.

Izangaiak duen gaitasun pedagogikoa eta irakasle lanean aritzeko behar diren teknikak noraino menderatzen dituen baloratuko da. Horretarako, programazio didaktiko bat aurkeztu eta ahoz defendatu beharko du, eta unitate didaktiko bat prestatu eta ahoz azaldu.

Proba hau zero puntutik hamar puntura bitarte baloratuko da (%30 A zatiari dagokio, eta %70 B zatiari), eta gainditu ahal izateko, izangaiak gutxienez ere bost puntu lortu beharko ditu, baldin eta 2,5 puntu lortu baditu gutxienez zati bakoitzean.

Izangaiek ordubete izanen dute gehienez unitate didaktikoa prestatzeko. Prestaketarako denbora bukatuta, programazio didaktikoaren defentsa hasiko da (hogeita hamar minutuz gehienez) eta unitate didaktikoaren azalpena (hogeita hamar minutuz gehienez). Izangaiaren parte-hartzea bukaturik, epaimahaiak programazio didaktikoaren edo unitate didaktikoaren gainean behar beste galdera egiten ahalko dizkio izangaiari; eztabaida horrek hamabost minutu iraunen du gehienez. Izangai bakoitzak, guztira, ordu bat eta hamabost minutu izanen ditu gehienez programazioa eta unitate didaktikoa azaldu eta defendatzeko.

A zatia. Programazio didaktiko bat aurkeztea eta defendatzea.

Izangaiak prestatzen duen programazio didaktikoa epaimahaiari edo hautapen batzordeari eman beharko zaio haren aurrean aurkezteko ekitaldian, deialdi honen I. tituluko zazpigarren oinarriaren 1.2. apartatuan aurreikusitako tokian, egunean eta orduan. Epaimahaiari programazio didaktikoaren kopia bakarra emanen zaio. Izangaiak berak aurkezten ez badu programazioa oposizioaren aurkezpen ekitaldian, hautapen prozeduratik kanpo geratuko da.

Programazio didaktiko hori prestatzean, deialdiaren V. eranskinean adierazten diren alderdiak jaso beharko dira.

Programazio didaktikoa epaimahaiaren aurrean defendatuko da. Izangaiak gehienez ere hogeita hamar minutu izanen ditu azalpen hori egiteko.

Azalpena egiteko, izangaiak programazio didaktikoaren kopia bat eramaten ahalko du, aurkeztu zuenaren berdin-berdina, bai eta egoki iruditzen zaion material osagarria ere, berak eramanda.

Programazio didaktikoaren aurkezpena eta defentsa zero puntutik hamarrera bitarte baloratuko da, eta oposizioaldiko bigarren probaren kalifikazioaren %30 eginen du. Izangaiek 2,5 puntu lortu beharko dute gutxienez probaren zati honetan haztatu ahal izateko.

B zatia. Unitate didaktiko bat prestatzea eta azaltzea.

Unitate didaktiko bat prestatzea eta epaimahaiaren aurrean ahoz azaltzea. Unitate hori izangaiak aurkeztutako programazio didaktikoarekin lotuta egon daiteke, edo espezialitatearen gai-zerrenda ofizialetik abiatuta, izangai bakoitzak aukeratzen duenaren arabera. Lehenengo kasuan, unitate didaktikoaren edukia aukeratzeko, izangaiak bere programaziotik hiru unitate aterako ditu zozketaz, eta horietako bat aukeratuko du. Bigarren kasuan, unitate didaktikoaren edukia aukeratzeko, izangaiak hiru gai aterako ditu zozketaz bere espezialitatearen gai-zerrenda ofizialetik, eta horietako bat aukeratuko du.

Unitate didaktiko hori prestatzean, deialdiaren V. eranskinean adierazten diren alderdiak jaso beharko dira.

Unitate didaktikoa prestatu eta azaltzeko, izangaiak nahi duen laguntza-materiala erabiltzen ahalko du, berak ekarria, eta gidoi moduko bat, orri batekoa gehienez, azalpena bukatutakoan epaimahaiari entregatu beharko diona.

Unitate didaktikoaren prestaketa eta azalpena zero puntutik hamarrera bitarte baloratuko da, eta oposizioaldiko bigarren probaren kalifikazioaren %70 eginen du. Izangaiek 2,5 puntu lortu beharko dute gutxienez probaren zati honetan haztatu ahal izateko.

2.4. Oposizioaldiaren azken kalifikazioa.

Fase hau osatzen duten bi probetan lortutako puntuazioen batezbesteko aritmetikoa izanen da azken kalifikazioa, betiere proba guztiak gainditu badira.

Oposizioaldiko proben zati bakoitzaren puntuazioa ateratzeko, epaimahaian parte hartzen duten kide guztien kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa eginen da. Mahaikideek emandako puntuazioen artean hiru puntu oso edo gehiagoko aldea baldin badago, puntuaziorik altuena eta baxuena, besterik gabe, baztertuko dira, eta gainerako kalifikazioekin aterako da batezbestekoa. Epaimahaiko kide batek baino gehiagok ematen badute gehieneko eta/edo gutxieneko kalifikazioa, kasu horretan, gehieneko eta/edo gutxieneko kalifikazioa baizik ez da baztertuko.

Oposizioaldiko proba bakoitza bukatutakoan, izangaiek lortutako puntuazioen zerrenda jarriko dute epaimahaiek beren egoitzako iragarki-taulan, bai eta www.nafarroa.eus helbidean ere, deialdiaren fitxan.

Puntuazio horien kontra interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, 2 egun balioduneko epean. Kasu horretan, epaimahaiak erreklamazioa berrikusiko du ebaluazio irizpideen arabera, eta aztertuko du kalifikazioetan akats material edo egitezkorik, transkripziokorik edo aritmetikorik egin den.

Erreklamazioak ebatzi eta gero, epaimahaiek izangaiek lortutako behin betiko puntuazioak biltzen dituen zerrenda argitaratuko dute gorago adierazi diren toki beretan.

Izangaiek jarritako erreklamazioak ebazteko akta argitaratuko da epaimahaiaren egoitzako iragarki-taulan eta deialdiaren fitxan.

Behin betiko puntuazioen kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, eta horren gaineko ebazpena ematerakoan kontuan hartuko da epaimahaiaren jarduketan ageriko akatsik, arbitrariotasunik edo agintearen desbiderapenik izan den.

Oposizioaldia gainditzen duten izangaiei baizik ez zaizkie batuko lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioak.

Zortzigarrena.–Oposizio-lehiaketa gainditzea.

Hautatuak izanen dira hautapen organoek oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazio osoen arabera ordenatu ondoren, espezialitate eta hizkuntza bakoitzeko prozedura bakoitzean deitutako lanpostu kopurua bezalako hurrenkera zenbakia edo txikiagoa duten izangaiak.

Oposizioaldiko eta lehiaketaldiko puntuazioen haztapena, oposizio-lehiaketaren puntuazio orokorra ezartzeko, honako hau izanen da: %60 oposizioaldirako eta %40 lehiaketaldirako.

1.–Hautatutako izangaien zerrendak argitaratzea.

Oposizioaldiaren eta lehiaketaldiaren balorazioa egin ondoren, hautapen prozesu bakoitzean oposizioaldia eta proba gainditu dituzten izangaien zerrenda prestatuko dute hautapen organoek, puntuaziorik handienetik txikienera ordenatuak, hamar milarenak ere adierazita, gero oposizioaldiko eta lehiaketaldiko puntuazioak batu, izangaiak lortutako guztirako puntuazioen arabera ordenatu, bi faseak gainditu dituzten izangaiak aldarrikatu, zerrendak argitaratu eta organo dei-egileari igortzeko.

Hautapen prozedurak gainditu dituzten izangaiak zehaztu ondoren, hautapen organoek zerrenda bakar bat prestatuko dute. Hautatutako izangaiak oinarri honetan ezarritakoaren arabera ordenatuko dira.

Zerrenda horretan berdinketarik gertatuz gero, horien artean lehentasuna zeinek duen zehazteko irizpide hauek hartuko dira aintzat:

1) Oposizioaldian puntuaziorik altuena.

2) Oposizioaldiko proba bakoitzean puntuaziorik altuena ateratzea, deialdian agertzen diren hurrenkera berari jarraikiz.

3) Merezimenduen baremoko apartatuetan puntuaziorik altuena, deialdian agertzen diren hurrenkera berean.

4) Merezimendu baremoko azpiapartatuetan puntuaziorik altuena, deialdian agertzen diren hurrenkera berean.

Irizpide horiek aplikatuta ere berdinketa hausten ez bada, epaimahaiak bosgarren irizpide bat aplikatuko du; hots, zozketa eginen du puntuazio berbera duten izangaien artean.

Txanda irekiaren hautapen prozedura gainditu duten izangaiak zehaztean, txanda horri hasiera batean esleitutako lanpostuei desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba prozeduran hutsik gelditzen diren lanpostuak gehituko dizkiete hautapen organoek.

Inolaz ere ezin izanen da aldarrikatu, espezialitate eta hizkuntza bakoitzean deitutako lanpostu kopurua baino izangai gehiagok gainditu dituztela oposizioaldia eta lehiaketaldia.

Espezialitatearen eta hizkuntzaren arabera probak gainditu dituztenen zerrenda bakarrak Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez onetsiko dira. Ebazpen hori www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da, deialdiaren fitxan. Zerrenda horien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.

Aurrekoa gorabehera, baldin eta hautapen organoek deialdiko lanpostu adina izangai izendatzea proposatu badute, eta lanpostu kopurua betetzen dela ziurtatzeko, hautatutako izangaiek lanpostuei uko egiten badiete 2021eko abuztuaren 31ra arte, egun hori barne, deialdia egin duen organoak onartuen zerrenda osagarria onartzen ahalko du epaimahaiak proposatutakoen ondoren dauden izangaiekin (oinarri hartuko da izangaiek puntuazioak gehitzeko aktan duten hurrenkera), praktiketako funtzionario izendatuak izan ahal daitezen. Hori Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez eginen da, eta www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

Hautatzen diren izangaiek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute 5 egun balioduneko epean, oposizioaldia eta lehiaketaldia gainditu dituzten izangai hautatuen zerrendak argitaratzen direnetik hasita.

2.–Oposizio-lehiaketa gainditzea espezialitate eta hizkuntza batean baino gehiagotan:

Hautapen prozesuen antolaketa sistemak ahalbidetzen badu izangaiek kidego bereko espezialitate eta hizkuntza batean baino gehiagotan parte hartzea, egoera hauek suertatzen ahal dira:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetan, oposizio-lehiaketa kidego bereko bi espezialitate eta hizkuntzatan baino gehiagotan gainditzen duten izangaiek espezialitateetako eta hizkuntzetako bat aukeratu beharko dute, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzendutako eskabide baten bidez, eta gainerako espezialitate eta hizkuntzetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiei uko eginen diete. Eskabide hori bost egun balioduneko epean igorri beharko dute, gainditu duten izangaien zerrenda bakarrak argitaratzen direnetik hasita. Aukera hori baliatu ezean, ulertuko da oposizio-lehiaketan puntuazio handiena lortu duten espezialitate eta hizkuntza aukeratzen dutela. Puntu-berdinketa gertatuz gero, deialdiaren I. tituluko lehenengo oinarriko 2. apartatuan agertzen den espezialitatearen eta hizkuntzaren araberako ordenari jarraikiko zaio.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetarako oposizio-lehiaketa kidego batean baino gehiagotan gainditzen duten izangaiek kidego horietako batean praktiketako funtzionario izenda ditzatela eskatu beharko dute, eta beste irakasleen kidegoko hautapen prozeduran parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiei uko eginen diete. Horretarako, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari eskabidea igorri beharko diote bost egun balioduneko epean, gainditu duten izangaien zerrenda bakarrak onesten dituen ebazpena argitaratzen denetik hasita. Eskaera hori egin ezean, ulertuko da praktiketako funtzionario gisa esleitzen zaien destinoaren kidegoa, espezialitatea eta hizkuntza hautatzen dituztela, kontuan izanik kidego horietako bakar batean baino ezin dutela destinoa hautatu.

–Deialdi honen bidez onetsitako oposizio-lehiaketa gainditzen duten izangaiek, baldin eta kidego berean edo beste batean beste hezkuntza administrazio batean sartzeko oposizio-lehiaketa ere gainditzen badute eta azken horretan praktiketako funtzionario izendatzea hautatzen badute, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzendutako eskabidea aurkeztu beharko dute prozesua gainditu dutenen zerrenda argitaratzen denetik hasita bost egun balioduneko epean, deialdi honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiei uko egiteko. Uko egiten ez badiote, praktiketako funtzionarioentzako destinoa aukeratzeko ekitaldi publikora ez agertzeak edo beste hezkuntza administrazio batean praktiketako funtzionario izateko izendapena onartzeak esan nahiko du oposizio-lehiaketa honi isilbidez uko egiten diotela.

3.–Desgaitasuna dutenentzako erreserba prozeduraren bitartez hautatutako izangaien bateragarritasunari buruzko txostena.

%33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa frogatzen duten izangaiak, desgaitasuna dutenentzako erreserba prozeduraren bitartez hautatuak izanez gero, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, beren desgaitasun maila eta gainditutako oposizio-lehiaketaren kidego eta espezialitateari dagozkion lan eta eginkizunetan aritzeko gaitasuna bateragarriak diren baloratzeko.

Txostenean izangaia bateraezina dela adierazten bada, izangaiak oposizio-lehiaketan parte hartu izanaren ondoriozko eskubide guztiak galduko ditu.

Bederatzigarrena.–Praktiketako funtzionarioak izendatzea.

1.–Hautatutako izangaiak praktiketako funtzionario izendatuko ditu Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak, eta praktikak egiteko destinoa emanen die zerbitzuaren beharrak kontuan izanik, lortu duten kidegoko, espezialitateko edo hizkuntzako lanpostu hutsetan edo behin-behineko ordezkapenetan edo, bestela, kidego bereko edo irakasleen beste kidego batzuetako antzeko espezialitateetan.

Praktikaldia egiteko destinoa ekitaldi publikoan hautatuko da, edo Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ebazpen bidez zehazten duen prozeduraren bidez, eta esleipen hori hautapen prozeduretan lortutako puntuazioari jarraikiz eginen da.

Hautatutako izangaiek 2021eko irailaren 1a baino lehen hasi beharko dute ikastetxeetan.

Praktikaldia egiteko esleitzen diren destinoak behin-behinekoak izanen dira.

Praktiketako funtzionario izateko izendapena jaso eta karrerako funtzionario izendatu bitartean, izangaiek praktiketako funtzionarioen araubide juridiko-administratiboa izanen dute, betiere irakasle lanpostu batean aritzen badira.

Gutxienez ere ikasturte bat karrerako irakasle funtzionario gisa eman dutela frogatzen duten izangaiak ere salbuetsiko dira praktikaldiaren ebaluaziotik, hautatuak badira. Izangai horiek inguruabar hori agerrarazi beharko dute Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari eskabidea igorriz. Eskabide hori bost egun balioduneko epean igorri beharko dute, gainditu duten izangaien zerrenda bakarrak onesten dituen ebazpena argitaratzen denetik hasita.

2.–Hautatzen diren izangaiek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak zuzenean kudeatzen duen ikastetxe batean aukeratu beharko dute behin betiko lehenengo destinoa. Lanpostuak betetzeko lehiaketetan parte hartu ahal izateko, kasuan kasuko deialdiak xedatzen duenari jarraikiko zaio.

Hamargarrena.–Praktikaldia.

1.–Praktikaldiaren xedea da hautatutako izangaiek irakaskuntzarako gaitasuna ba ote duten egiaztatzea.

2.–Praktikaldiaren barrenean, izangaiek eskola zuzeneko saio bat eta zenbait prestakuntza ikastaro egin beharko dituzte.

3.–Praktikaldia Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez arautuko da. Ebazpen horrek honako alderdi hauek bilduko ditu, besteak beste:

–Praktikaldia noiz hasiko den eta zenbat iraunen duen.

–Irakasle baten tutoretzapean eginen da, eta kalifikazio batzorde batek ebaluatuko du “gai” edo “ez gai” adierazita.

–Praktikaldiko funtzionarioa aldi baterako ezintasun egoeran edo amatasun bajan gertatuz gero, edo eszedentzia berezian nahiz antzeko beste egoera batean, eta horrek praktikaldia normaltasunez egitea edo hura baloratzea galarazten badio, kalifikazio batzordeari eskatzen ahalko dio praktikaldia atzeratu diezaiotela. Izangaiak praktikaldia hurrengo urtean egin dezala proposa dezake kalifikazio batzordeak, behin bakarrik. Horrelakoetan, 2021-2022 ikasturtean benetan egindako praktikaldia hurrengo ikasturtean aintzat har diezaiotela erabaki dezake.

4.–Praktikaldian “ez gai” kalifikazioa lortzen duten izangaiek karrerako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Horretarako, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak ebazpen arrazoitua emanen du.

5.–Praktikaldiak iraun bitartean, azterketa mediko bat eginen zaie praktiketako funtzionarioei irakasle lanetan egoki aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa badutela egiaztatzeko. Azterketa mediko hori gainditzen ez dutenek karrerako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko dituzte, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emanen duen ebazpenaren bidez.

Hamaikagarrena.–Karrerako funtzionarioen izendapena.

1.–Praktikaldia amaitutakoan, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak hautapen prozedurako espedientea onetsiko du ebazpen bidez. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2.–Halaber, hautatzen diren izangaien zerrendak Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministeriora igorriko dira, Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko karrerako funtzionario tituluak eman ditzan.

3.–Izendapenaren ondorioak, praktikaldia zein ikasturtetan egin den, hurrengo ikasturteko irailaren 1ean hasiko dira; izan ere, karrerako funtzionarioek egun horretan berean hartu beharko dute destinoaren jabetza.

4.–Hautapen prozedurak gainditzen dituzten izangaiek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa esparruan izan beharko dute lehenbiziko behin betiko destinoa, eta, horretarako, onesten diren hurrengo lekualdatze-lehiaketetan parte hartu beharko dute.

Hamabigarrena.–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrendak.

Oposizio-lehiaketa amaitu ondoren sortuko diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak foru agindu batek arautuko ditu gai guztietan; hain zuzen ere, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko irakasleen lanpostuak aldi baterako kontratazioaren bidez betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten dituen foru agindu indardunak arautuko ditu.

Hamahirugarrena.–Errekurtsoak.

Epaimahaiek ematen dituzten egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Ebazpen honen eta aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

II. TITULUA

Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko karrerako funtzionarioek aipatu kidegoan espezialitate berriak eskuratzeko prozedura. Oinarriak

Hautapen prozedura honek oinarri hauek izanen ditu:

Lehena.–Arau orokorrak.

Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko karrerako funtzionarioek kidego horretan espezialitate berriak eskuratzeko prozeduraren deialdia egiten da.

Honako espezialitate hauetarako deialdia egiten da:

ESPEZIALITATEA

Alemana

Euskara

Frantsesa

Ingelesa

Italiera

Titulu honetan aurreikusita ez dagoen orotan, prozedura honi ebazpen honen I. tituluan xedatutakoa aplikatuko zaio.

Espezialitate batean baino gehiagotan izena eman eta onartua izateak ez dio izangaiari bermatuko beste espezialitate batzuetara aurkeztu ahal izatea, ezartzen den prozeduraren antolaketak hori galarazten badu.

Bigarrena.–Izangaien betebeharrak.

Espezialitate berriak eskuratzeko prozeduran onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko karrerako funtzionarioa izatea, Nafarroako Foru Komunitatearen menpeko destinoarekin.

Eszedentzian dauden funtzionarioen kasuan eta, orobat, kanpoko lanpostuei atxikita edo antzeko egoeraren batean daudenen kasuan, betebehar hau destinoko azkeneko ikastetxean betetzea eskatuko da.

b) Eskuratu nahi den espezialitatea zein den, bertan txanda irekian sartzeko eskatzen diren baldintzak betetzea.

Irakasle funtzionarioek ezin izanen dute parte hartu baldin eta behin betiko destinoa beste hezkuntza administrazio batzuetan badute eta Foru Komunitatean zerbitzu eginkizunetan edo antzeko egoeran badaude.

Oinarri honetan aipatutako betebehar guztiak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dira eta karrerako funtzionario gisa lanpostuaren jabetza hartu arte betetzen jarraitu.

Hirugarrena.–Epeak, eskaerak eta dokumentazioa.

1.–Eskaerak aurkezteko epea.

Parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

2.–Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek nahitaez modu telematikoan aurkeztu beharko dute eskaera, berariazko inprimaki elektronikoa erabiliz. Hori Hezkuntza Departamentuak gaituko du helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado, deialdi honi dagokion fitxan (“Nafarroako Gobernuko langileria”-”Enplegu publikoa eta sustapena”-”Hezkuntza”). Inprimaki hori eskura daiteke esteka honetan ere: http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/16970/Procedimiento-para-que-el-personal-funcionario-de-carrera-del-Cuerpo-de-Profesores-de-Escuelas-Oficiales-de-Idiomas-pueda-adquirir-nuevas-especialidades-en-el-mismo-Cuerpo-2021

Parte hartzeko eskaeran izangaiek adierazi beharko dute titulu honen lehenengo oinarrian adierazitako espezialitateetatik zeinetan parte hartu nahi duten.

3.–Dokumentazioa.

Eskaera telematikoki aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

A) Indarreko Nortasun Agiri Nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen kopia eskaneatua. Kopia horretan agiriaren aurreko eta atzeko aldeak agertuko dira, eta dokumentu bakar batean aurkeztuko da.

B) Parte hartzen duen espezialitate bakoitzeko ordainketa-gutun bat, laugarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

4.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak.

%33ko edo goragoko desgaitasuna duten izangaiek parte hartzeko eskaeran adierazi beharko dute zenbateko desgaitasuna duten eta hori frogatzeko organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, denborari eta baliabideei dagokienez probak egiteko behar diren egokitzapenak eskatu ahal izateko.

Proba egiteko denbora eta baliabideetan behar dituzten egokitzapenei dagokienez, izangaiek aparteko orri batean adierazi beharko dute zein egokitzapen eskatzen duten.

%33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa frogatzen duten izangai horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten zentzuzko egokitzapen eta doikuntzak zehazteko, desgaitasuna dutenek baldintza berdinetan parte har dezaten ziurtatzeko, proben mamia aldatu gabe, betiere.

Laugarrena.–Eskubideen ordainketa.

Eskaerarekin batera, azterketa egiteko eskubideengatik, espezialitate bakoitzeko 40 euro ordaindu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da, ebazpen honen I. tituluaren bidez Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoan sartzeko hautapen prozeduraren laugarren oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz. Ordainagiria aurkeztu ezean, izangaia baztertuta geldituko da.

Bosgarrena.–Izangaien onarpena.

1.–Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea iraganik, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak (espezialitateen arabera) onesteko, eta www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko du, deialdiaren fitxan. Zerrenda horietan parte-hartzaileen izen-deiturak azalduko dira, bai eta, baztertuz gero, horren arrazoiak ere.

Behin-behineko zerrendak onesten dituen ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, kasua bada, baztertua izateko akatsa zuzentzeko. Era berean, beren datu pertsonalak ematean akatsak izan direla ohartu diren izangaiek epe horretan berean adierazten ahalko dute. Erreklamazioak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

2.–Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak.

Aurreko atalean aipatutako erreklamazioak eta zuzenketak ebatzi ondoren, espezialitate bakoitzean onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrendak onesteko ebazpena emanen da.

Ebazpen hori www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

Behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

Ebazpen horren kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpena onetsi ondotik egiaztatzen bada izangairen batek ez dituela baldintzak betetzen, bere jarduketak deuseztatu eginen dira, faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna galarazi gabe.

Seigarrena.–Hautapen organoak.

Prozedura honetako hautapen organoak ebazpen honen I. tituluko seigarren oinarrian adierazi diren hautapen batzordeak eta epaimahaiak izanen dira, eta, prozedura honi dagokionez, oinarri hartan ezartzen diren eginkizun berberak izanen dituzte.

Prozedura honetan deitutako espezialitateren batean, kidegoan sartzeko deialdian epaimahai bat baino gehiago izendatu badira, eta hautapen batzordea ere eratu baldin bada, prozedura horretako izangaien ebaluazioa 1. epaimahaiak eginen du.

Zazpigarrena.–Hautapen sistema

Proba bakarra eginen da. Proba horretan, lortu nahi den irakaskuntza-espezialitatearen berariazko ezaupideak erakustea hartuko da kontuan, baita izangaien baliabide didaktiko eta pedagogikoak ere.

Probak bi zati izanen ditu: espezialitateko gai baten azalpena eta zati praktikoa.

Izangaiak espezialitateko gai bat (bost gairen artean aukeratuta) azaldu beharko du, eta horren gainean eztabaidatu, ahoz betiere. Gaiak epaimahaiak aterako ditu zozketa bidez IV. eranskineko gai-zerrendatik.

Planteamendu didaktiko bat eginen da azalpena osatzeko, izangaiak hautatutako ziklo edo ikasmailari buruz.

Izangaiak bi ordu izanen ditu ariketa hau prestatzeko, eta egokia iruditzen zaion material osagarria erabiltzen ahalko du, berak ekarrita. Halaber, prestaketa denboran eginiko gidoi bat erabiltzen ahalko du azalpenean. Gidoi hori orri batekoa izanen da gehienez, eta proba bukatutakoan epaimahaiari emanen zaio. Gaiaren azalpena eta planteamendu didaktikoa egiteko berrogeita bost minutu izanen ditu gehienez. Gehienez ere hamabost minutu iraunen du eztabaidak.

Eduki praktikoko zatia II. eranskinean ezarritako zehaztapenei lotuko zaie.

Zero puntutik hamar puntura bitarte baloratuko da proba, eta izangaiek gutxienez ere bost puntu lortu beharko dituzte proba gainditzeko. Puntuazioa honela banatuko da: zati praktikoak %30 izanen du, eta gaiaren azalpen eta eztabaidaren zatiak %70.

Probaren puntuazioa ateratzeko, epaimahaian parte hartzen duten kide guztien kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa eginen da. Mahaikideek emandako puntuazioen artean hiru puntu oso edo gehiagoko aldea baldin badago, puntuaziorik altuena eta baxuena, besterik gabe, baztertuko dira, eta gainerako kalifikazioekin aterako da batezbestekoa. Epaimahaiko kide batek baino gehiagok ematen badute gehieneko eta/edo gutxieneko kalifikazioa, kasu horretan, gehieneko eta/edo gutxieneko kalifikazioa baizik ez da baztertuko. Epaimahaiak “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen dio probari.

Zortzigarrena.–Probaren hasiera eta garapena.

1.–Proba epaimahaiaren aurrean eginen den aurkezpen ekitaldi baten bidez hasiko da, ez 2021eko maiatzaren 10a baino lehenago.

Aurkezpen ekitaldira agertzen ez diren izangaiak prozeduratik baztertuko dira. Ez da zilegi izanen izangaien ordez beste pertsona batzuk agertzea.

Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez, izangaiei dei eginen zaie aurkezpen ekitaldira ager daitezen. Ebazpen hori jendaurrean jarriko da, www.nafarroa.eus helbidean, aurkezpen ekitaldia baino zazpi egun natural lehenago, gutxienez. Ebazpen horretan epaimahaien aurreko jarduketa noiz, zein ordutan eta non hasiko den adieraziko da.

Aurkezpen ekitaldia eginda, epaimahaiak izangai guztientzako deiak argitaratuko ditu aurkezpen ekitaldia egin den lekuan eta www.nafarroa.eus web-orrian (deialdiaren fitxan), proba egiteko non, noiz eta zer ordutan aurkeztu beharko duten adierazita.

Izangaiei dei bakarra eginen zaie epaimahaien aurreko jarduketak egiteko, eta agertzen ez direnak baztertu eginen dira. Ondorio horietarako, egun bererako deitutakoek deian ezarritako orduan eta lekuan agertu beharko dute epaimahaiaren aurrean.

2.–Izangaiek parte hartzeko ordena alfabetikoki zehaztuko da; horretarako, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak zozketaz bi letra aterako ditu, eta lehenengo abizenaren hasieran bi letra horiek dituen izangaia hasiko da, I. tituluko zazpigarren oinarriaren 1.2. apartatuan adierazitako moduan.

3.–Epaimahaiak edozein unetan eskatzen ahalko die izangaiei beren nortasuna froga dezatela.

Bederatzigarrena.–Kalifikazioa.

Epaimahaiek “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen diote probari. Espezialitate berria eskuratuko dute, bakar-bakarrik, “gai” kalifikazioa lortzen dutenek.

Epaimahaiek edo, hala behar denean, hautapen batzordeek, jendaurrean jarriko dituzte “gai” kalifikazioa lortu duten izangaien zerrendak, beren egoitzako iragarki-taulan eta www.nafarroa.eus helbidean, deialdiaren fitxan.

%33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa frogatzen duten izangaiak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, beren desgaitasun maila eta “gai” izan diren espezialitateari dagozkion lan eta eginkizunetan aritzeko gaitasuna bateragarriak diren baloratzeko.

Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak izangaiak “gai” deklaratzen dituen ebazpena onetsiko du, bakoitzak eskuratu duten espezialitate berria adierazita; ebazpen hori www.nafarroa.eus webgunean argitaratuko da, deialdiaren fitxan. Eskatutako baldintzaren bat betetzen ez duten izangaiek deialdi honetan parte hartzeagatik legozkiekeen eskubide guztiak galduko dituzte.

Espezialitate berria prozedura honen bidez eskuratzen duten izangaiek ez dute praktikaldirik eginen.

Espezialitate berri bat eskuratzeak ez du esan nahi aurreko espezialitatea edo espezialitateak galtzen d(ir)enik.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Epaimahaiek ematen dituzten egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Ebazpen honen eta aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2020ko abenduaren 22an.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Amalia Cuartero Arteta.

I. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa, Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegora sartzeko

Merezimenduen balorazioan, izangaiek 10 puntu lortzen ahalko dituzte gehienez.

I. apartatua.–Irakasle lanetan emandako zerbitzuak (7,0000 puntu gehienez).

MEREZIMENDUAK

PUNTUAK

FROGAGIRIAK

1.1. Izangaiaren helburu den kidegoko espezialitateetan, ikastetxe publikoetan, irakasle lanean emandako urte bakoitzeko:

0,7000 puntu

Emandako zerbitzuen ziurtagiria, hezkuntza administrazioek luzatua. Kasu guztietan adierazi behar da zein kidegotarako izendatu zen, edo haren kode ofiziala, baita zerbitzuak hasi eta bukatu zireneko data zehatzak ere. Ez dira onartuko jabetza hartzeko eta zerbitzuak uzteko orriak.

Ziurtagiri horietan adierazten bada zerbitzuak eman direla publikoak ez diren ikastetxeetan, zerbitzu horiek bestelako ikastetxeetan eman izan balira bezala baloratuko dira, hots, 1.3 edo 1.4 azpiapartatuetan ezarritakoaren arabera. Zerbitzuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenturako eman badira, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz aurkeztuko du zerbitzuen orria, izangai bakoitzaren espediente pertsonalean dagoen dokumentazioari jarraikiz, parte hartzeko eskabidean berariaz eskatu behar izan gabe. Aitzitik, beste hezkuntza administrazio batean emandako zerbitzuak egiaztatu beharko dituzte izangaiek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zerbitzu horiek antzinatasun gisa aitortu baditu ere. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren Nafarroako Zuzendaritza Probintzialerako 1990eko urriaren 1a baino lehen emandako zerbitzuen ziurtagiria interesdunek espresuki eskatu beharko dute.

Azpiapartatu honetan aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete bakoitzeko edo urteko zatiki bakoitzeko:

0,0583 puntu

1.2. Izangaiaren helburu den kidegoaz besteko kidegoetako espezialitateetan, ikastetxe publikoetan, irakasle lanean emandako urte bakoitzeko:

0,3500 puntu

Azpiapartatu honetan aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete bakoitzeko edo urteko zatiki bakoitzeko:

0,0292 puntu

1.3. Izangaiaren helburu den kidegoko hezkuntza maila bereko espezialitateetan, bestelako ikastetxeetan, irakasle lanean emandako urte bakoitzeko:

0,1500 puntu

Ikastetxearen ziurtagiria, edo hura emateko eskumena duen organoarena, Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuak ontzat emana, bertan espezialitatea, hezkuntza maila eta zerbitzuen benetako iraupena ageri direla, hasi eta bukatu zireneko data zehatzak adierazita. Ziurtagiri horiei oniritzia emateko, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak lan bizitzari buruzko txosten eguneratua eta kontratuak aurkez ditzatela eskatuko die interesdunei. Unibertsitateko irakasle gisa egindako lana frogatzeko, ikastetxearen ziurtagiria beharko da, honako hauek adieraziko dituena: zerbitzuak noiz hasi eta bukatu ziren, data zehatzak adierazita, eta zerbitzu horiek irakasle gisa izan zirela.

Azpiapartatu honetan aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete bakoitzeko edo urteko zatiki bakoitzeko:

0,0125 puntu

1.4. Izangaiaren helburu den kidegokoa ez den beste hezkuntza maila bateko espezialitateetan, bestelako ikastetxeetan, irakasle lanean emandako urte bakoitzeko:

0,1000 puntu

Azpiapartatu honetan aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete bakoitzeko edo urteko zatiki bakoitzeko:

0,0083 puntu

I. apartatua osatzen duten xedapenak:

1. Apartatu honen ondorioetarako, gehienez hamar urte hartuko dira kontuan, eta urte bakoitza azpiapartatu bakar batean baloratuko da.

2. Hona hemen definizio batzuk:

–Ikastetxe publikoak (1.1 edo 1.2 azpiapartatuak, kasuan-kasuan): hezkuntza administrazioek sortu eta finantzatutako sare publikoan sartutako ikastetxeak, alegia, Estatuko eta autonomia erkidegoetako Administrazioan hezkuntza arloan eskudunak diren departamentu edo kontseilaritzek sortu eta finantzatuak. Ikastetxe publikoak dira, orobat, Espainiar Estatuak atzerrian dituen ikastetxeak.

–Bestelako ikastetxeak (1.3 edo 1.4 azpiapartatuak, kasuan-kasuan): titulartasun pribatuko ikastetxeak, hezkuntzakoak ez diren administrazioenak (toki administrazioarenak, esate baterako) eta unibertsitate publikoak eta pribatuak.

3. Ez dira kontuan hartuko interesdunek izenpetutako kontratuen kopia eskaneatu bidez soilik frogatzen diren zerbitzuak, ezta ikastetxe pribatuek edo udal ikastetxeek emandako ziurtagiriak ere, nahiz eta Gizarte Segurantzari kotizatutakoaren ziurtagiriak erantsi, bertan Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ontzat eman dituela agertzen ez bada.

4. Ez dira kontuan hartuko zerbitzuak hasi eta bukatu zireneko data zehatzak (eguna, hilabetea eta urtea) ez dituzten ziurtagiriak, nahiz eta bertan adierazi zerbitzuen iraupena ikasturte batekoa izan dela.

5. Zerbitzuak zein kidego edo mailatan eman diren zehazten ez bada, beste kidego edo hezkuntza maila batean emandakotzat joko dira.

6. Atzerrian emandako zerbitzuak 1.3 eta 1.4 puntuen arabera baloratzeko, dagokion herrialdeko Hezkuntza Ministerioak edo Espainiar Estatuak Atzerrian duen Administrazio Orokorrak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Bertan honako hauek adierazi beharko dira: eman den hezkuntza maila eta irakasgaia, zerbitzuen iraupena eta horiek hasi eta bukatu zireneko data zehatzak. Hezkuntza maila edo irakasgaia frogatzen ez bada edo izangaiak hautatutako kidegoko espezialitateetako batekoa ez bada, ulertuko da zerbitzuak beste hezkuntza maila edo kidego bateko espezialitateetan eman direla. Ziurtagiri horiek gaztelaniazko itzulpenarekin batera aurkeztu beharko dira. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek.

7. Apartatu honen ondorioetarako, puntuak ezin izanen dira pilatu zerbitzuak aldi berean ikastetxe batean baino gehiagotan eman badira.

II. apartatua.–Prestakuntza akademikoa (gehienez ere 5,0000 puntu).

MEREZIMENDUAK

PUNTUAK

FROGAGIRIAK

2.1. Alegatutako tituluaren espediente akademikoa:

Azpiapartatu honetan izangaiak alegatutako tituluari dagokion espediente akademikoko batez besteko nota soilik baloratuko da, bat datorrena izangaiaren helburu den kidegoan sartzeko oro har eskatzen den titulazio mailarekin. Honela baloratuko da:

Izangaiak ikasketen ziurtagiri pertsonala igorri beharko du, non titulazioan lortutako batez besteko nota agertuko den.

Nolanahi ere, aurkeztutako ziurtagiri akademikoan agertzen den batez besteko nota hartuko da kontuan.

0tik 10erako eskala 0tik 4rako eskala

6tik 6,99ra 1,5etik 1,99ra

1,0000 puntu

7tik 8,49ra 2tik 2,74ra

1,2500 puntu

8,5etik 10era 2,75etik 4ra

1,5000 puntu

Batez besteko nota zenbakien bidez adierazten ez bada, baliokidetza hauek aplikatuko dira:

Nahiko: 5,5 puntu.

Ongi: 6,5 puntu.

Oso ongi: 7,5 puntu.

Bikain: 9 puntu.

Ohorezko matrikula: 10 puntu.

Espediente akademikoan ez bada berariaz agertzen batez besteko nota edo ikasketen ziurtagiri pertsonala aurkezten ez bada, eta, horren ordez, tituluaren kopia eskaneatua aurkezten bada, ulertuko da izangaiaren batez besteko nota Nahiko dela.

2.2. Graduondoak, doktoretza eta aparteko sariak:

Tituluaren kopia eskaneatua, edo, hala badagokio, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria.

Ikertzeko nahikotasunari edo Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diplomari dagokionez:

2.2.1. Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diplomagatik (apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretua), master titulu ofizialagatik (urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuaren arabera, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren arabera edo abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuaren arabera lortua), ikertzeko nahikotasunagatik edo beste edozein titulu baliokiderengatik, baldin eta titulu horiek irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baldintza gisa eskatu ez badira:

1,0000 puntu

–Unibertsitatearen ziurtagiria, ikertzeko nahikotasuna aitortzen duena, eskuratuta izanez gero urtarrilaren 23ko 185/1985 Errege Dekretuaren arabera.

–Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diploma, eginak izanez gero apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretuaren arabera.

2.2.2. Doktore titulua izateagatik:

1,0000 puntu

2.2.3. Doktoretzan aparteko saria lortzeagatik:

0,5000 puntu

2.3. Unibertsitateko beste titulazio batzuk

Unibertsitateko titulazio ofizialak, irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baldintza gisa alegatutakoez apartekoak, honela baloratuko dira:

Kidegoan sartzeko alegatutako tituluaren kopia eskaneatua, bai eta merezimendu gisa alegatzen diren guztiena ere, edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Lehen zikloko titulazioak puntuatuko badira, ezinbestekoa izanen da diplomadun tituluaren kopia eskaneatua aurkeztea, edo, bestela, lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura bateko lehenbiziko hiru ikasmailetako edo lehen zikloko irakasgai guztiak egin eta gainditu direla azaltzen duen ikasketen ziurtagiri pertsonala. Egokitzapen ikastaroa gainditua izatea ez da hartuko lehen zikloko titulaziotzat.

Lizentziadun, ingeniari edo arkitekto tituluaren kopia eskaneatua aurkezten bada, aintzat hartuko dena bigarren zikloko titulazioari dagokion puntuazioa izanen da soilik, salbu aurreko paragrafoan aipatzen den ikasketen ziurtagiria eransten bada 2.3.1 azpiapartatuaren arabera baloratzeko.

Unibertsitateko gradudun titulu ofizialaren kopia eskaneatua aurkezteak balioko du, bakar-bakarrik, bigarren zikloko titulazioari dagokion puntuazioa aitortzeko, salbu eta behar den ikasketen ziurtagiria aurkezten bada, unibertsitateko gradudun titulu ofiziala lortzeko kreditu guztiak egin eta gainditu dituela egiaztatzen duena; kasu horretan, 2.3.1 azpiapartatuari dagokion puntuazioa ere emanen zaio.

Gradudun titulua ez da baloratuko baldin eta titulu hori lortu bada ikasketa-arlo bereko unibertsitateko titulu bat (diploma edo lizentzia) daukatenentzat bideratutako egokitzapen ikastaro bat eginez.

Titulazio berean oinarritzen diren espezialitateak ez dira titulu desberdintzat hartuko.

Titulu berari dagozkion aipamenak ez dira gradutzat hartuko.

2.3.1. Lehen zikloko tituluak:

diplomadun, ingeniari tekniko edo arkitekto tekniko titulu bakoitzeko edo legez horien baliokide den titulu bakoitzeko, eta lizentzia, arkitektura edo ingeniaritza bateko lehen zikloari dagozkion ikasketengatik:

Apartatu honetan ez dira inolaz ere baloratuko, B mailako irakasle funtzionarioen kidegoen kasuan, izangaiak aurkezten duen lehen titulua edo era horretako ikasketak.

Apartatu honetan ez dira inolaz ere baloratuko, A mailako irakasle funtzionarioen kidegoen kasuan, izangaiak aurkezten duen lehenbiziko lizentziadun, ingeniari, arkitekto edo gradudun titulua lortzeko gainditu behar diren ikasketen titulua edo era horretako ikasketak.

1,0000 puntu

2.3.2. Bigarren zikloko tituluak:

lizentzien, ingeniaritzen, arkitekturen edo unibertsitateko gradudun titulu ofizialen bigarren zikloko ikasketengatik edo legez horien baliokide diren tituluengatik:

Apartatu honetan ez dira inolaz ere baloratuko, A mailako irakasle funtzionarioen kidegoen kasuan, izangaiak aurkezten duen lehenbiziko lizentziadun, ingeniari, arkitekto edo gradudun titulua lortzeko gainditu behar diren ikasketak (lehen zikloa, bigarren zikloa edo, hala badagokio, ikasketa osagarriak).

Bigarren ziklokoak bakarrik diren tituluak eta ondorio guztietarako unibertsitateko lizentziadun tituluaren baliokidetzat jotzen diren tituluak bigarren ziklo bat bezala baloratuko dira bakarrik.

1,0000 puntu

2.4. Araubide bereziko irakaskuntzetako eta berariazko lanbide heziketako titulazioak:

Hizkuntza eskola ofizialek, musikako kontserbatorio profesionalek eta goi mailakoek eta arte eskolek ematen dituzten araubide bereziko irakaskuntzen titulazioak, baita berariazko lanbide heziketakoak ere, ondoren aipatzen denari jarraikiz baloratuko dira, baldin eta irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baldintza gisa alegatu ez badira edo alegatutako titulua lortzeko ezinbestekoak izan ez badira:

Merezimendu gisa alegatutako tituluaren kopia eskaneatua edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria, baita kidegoan sartzeko alegatu den titulua lortzeko beharrezkoak izan diren titulu guztien kopia eskaneatuak ere.

Hizkuntza eskola ofizialek luzatutako B2 tarteko mailako edo maila aurreratuko (B2) ziurtagiriak ez dira baloratuko, baldin eta izangai berak hizkuntza bereko maila altuagoko beste titulu edo ziurtagiri bat aurkezten badu eta horren balorazioa 3.2 azpiapartatuan aurreikusi baldin bada.

Izangaiak lortu nahi duen lanpostua euskaraz eman beharrekoa bada, hizkuntza eskola ofizialek luzatutako euskarazko B2 tarteko mailako edo maila aurreratuko (B2) ziurtagiria ez da baloratuko.

a) Musikako edo Dantzako titulu profesional bakoitzeko:

0,5000 puntu

b) Hizkuntza eskola ofizialek emandako B2 tarteko mailako edo maila aurreratuko (B2) ziurtagiri bakoitzeko:

Orobat, azpiapartatu honetan barematuko dira honako hauek:

–Hizkuntza eskola ofizialetako gaitasun agiriak.

–Hizkuntza eskola ofizialetako C1 eta C2 ziurtagiriak, 3. apartatuan baloratzen ez diren hizkuntzenak.

0,5000 puntu

c) Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulu bakoitzeko:

0,2000 puntu

d) Lanbide Heziketako goi mailako teknikari titulu bakoitzeko:

0,2000 puntu

e) Goi mailako kirol teknikari titulu bakoitzeko:

0,2000 puntu

II. apartatua osatzen duten xedapenak:

1. Titulazioak atzerrian lortu badira, titulazio horien kopia eskaneatua aurkeztu beharko da, homologazioa egiaztatzen duen agiriarekin batera.

2. Titulu batek Goi mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruan duen maila baliokidetzeko, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuaren arabera luzatutako ziurtagiriak ez dira baloratuko.

III. apartatua.–Beste merezimendu batzuk (2,0000 puntu gehienez).

MEREZIMENDUAK

PUNTUAK

FROGAGIRIAK

3.1. Etengabeko prestakuntza:

Gehienez ere 1,0000 puntu

Gainditutako etengabeko prestakuntzarako eta hobekuntzarako jarduerak, eskuratu nahi den espezialitatearekin, eskolaren antolaketarekin, hezkuntzari aplikatutako teknologia berriekin, didaktikarekin, psikopedagogiarekin edo hezkuntzako soziologiarekin loturik egonez gero, hezkuntza arloko eskumen osoa duten administrazio publikoek edo unibertsitateek antolatu badituzte, edo hezkuntza administrazioekin elkarlanean ari diren entitateek antolatutako etengabeko prestakuntzako planean sartutako jarduerak edo kasuan kasuko hezkuntza administrazioak onartutako jarduerak, 10 orduko.

0,0200 puntu

Ikastaroen ziurtagiria, kasuan kasuko erakunde edo zentroak luzatua, non ikastaroaren kreditu edo orduak espresuki adieraziko baitira. Etengabeko prestakuntzaren planeko jardueretan edo hezkuntza administrazioak onartu dituenetan espresuki adierazi beharko da kasuan kasuko jarduera plan horretan sartuta dagoela edo hezkuntza administrazioak onartua dela; bestela, hori gabe, homologazioa edo onarpena erantsi beharko da. Ordu edo kreditu kopurua jasotzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

Ondorio horietarako, jarduera guztietako prestakuntza orduen batuketa eginen da, eta ez da puntuaziorik emanen 10 ordutik beheitiko hondarrarengatik. Besterik adierazten ez bada, prestakuntza jarduerak kreditutan azaltzen direnean, ulertuko da kreditu bakoitzak 10 orduko balioa duela.

3.1 azpiapartatu honetan ez dira inolaz ere baloratuko titulu akademiko baten (doktoretza barne), master baten edo graduatu ondoko beste titulazio baten curriculuma osatzen duten ikastaro edo irakasgaiak. Ikastaro horiek amaitu eta dagozkien tituluak eskuratuta, titulu horiek, egoki bada, 3.1 azpiapartatuaren arabera baloratuko dira (778/1998 Errege Dekretuaren eta Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoa aldatzen duen apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren 34.1 artikuluaren arabera lortutako titulu ez-ofizialak), edo, hala badagokio, 2.2 apartatuaren arabera (urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuaren, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren edo abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuaren arabera lortutako titulu ofiziala bada).

Irakaskuntzarako Gaitasun Agiria eta Espezializazio Didaktikoaren titulua ez dira baloratuko.

3.2. Euskararen, ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren ezagutza egiaztatzeko titulazioak.

Gehienez ere 2,000 puntu

Organo eskudunak luzatutako ziurtagiriaren kopia eskaneatua. Ez da beharrezkoa izanen ziurtagiriaren zinpeko itzulpena aurkeztea.

3.2.1. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, euskararen, ingelesaren, frantsesaren edo alemanaren C2 maila egiaztatzen duen ziurtagiria (Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduan ezarri direnetako bat):

1,000 puntu

3.2.2. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, euskararen, ingelesaren, frantsesaren edo alemanaren C1 maila egiaztatzen duen ziurtagiria (Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduan ezarri direnetako bat):

0,750 puntu

3.2.3. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, euskararen, ingelesaren, frantsesaren edo alemanaren B2 maila egiaztatzen duen ziurtagiria (Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduan ezarri direnetako bat):

0,500 puntu

3.2 azpiapartatua osatzen duten xedapenak:

1. 3.2 azpiapartatu honetan, ez dira inolaz ere baloratuko ez unibertsitateko titulazioak, ez hizkuntza eskola ofizialek emandako B2 tarteko mailako edo maila aurreratuko (B2) ziurtagiriak. Izan ere, horien balorazioa berariaz jasota dago merezimendu baremoaren 2.3 eta 2.4 azpiapartatuetan, hurrenez hurren.

2. Hizkuntza berari dagozkion titulu edo ziurtagiri bat baino gehiago aurkezten badira, eta maila desberdinekoak badira, goreneko mailakoa besterik ez da baloratuko.

3. Hizkuntza berari dagozkion titulu edo ziurtagiri bat baino gehiago aurkezten badira, eta maila berekoak badira, hizkuntza horren ezagutza behin baizik ez da puntuatuko.

4. Euskaraz eman beharreko lanpostuetara lehiatuz gero, ez da euskara titulu bakar bat ere baloratuko.

Merezimenduen baremo osorako xedapenak:

1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik burutu, eta epe horretan aurkeztu diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

2. Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak edo beste autonomia erkidego bateko berezko hizkuntza ofizialean idatzitakoak, euskarazkoak eta atzerriko hizkuntzen egiaztagiri edo titulazioak izan ezik. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek, eta agiriarekin batera aurkeztu beharko dira.

3. Izangaiek merezimenduak egiaztatzeko aurkezten dituzten agiriek ez dute zertan jatorrizkoak edo kopia elektroniko konpultsatuak izan; agiri horien kopia eskaneatuak aurkezten ahalko dira eskabideak aurkezteko epearen barnean. Dena dela, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo eskaneatutako kopia elektronikoak.

4. Merezimendu bera ezin da inolaz ere apartatu edo azpiapartatu batean baino gehiagotan baloratu.

5. Betebehar bat frogatzeko aurkezten den dokumentazioa ez da merezimendu gisa baloratzen ahalko.

II. ERANSKINA

Lehenengo probaren A zatirako jarraibideak

Proba praktikoa.

Lehenengo probaren A zatiaren helburua da egiaztatzea izangaiak menderatzen dituela lortu nahi duen espezialitateari dagozkion trebetasun teknikoak eta nahikoa prestakuntza zientifikoa daukala.

Izangaiek egin beharreko probak ariketa bat baino gehiago izan ditzake. Hortaz, ariketa bat baino gehiago eginez gero, proba praktikoaren puntuazio osoa zati berdinetan banatuko da, ariketa bakoitzari dagozkionak.

Espezialitate guztietarako proba praktikoek berariazko ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

–Entzunezko ulermena lantzeko bi ariketa.

–XX. edo XXI. mendeko literaturako edo kazetaritzako testu batetik abiatuta, idatzizko ulermena eta idazmena lantzeko ariketa bat.

–Gaitasun lexikoa, fonetikoa eta gramatikala lantzeko ariketa: zenbait jarduera praktiko ebatzi beharko dira.

III. ERANSKINA

Oposizioaldiko probak baloratzeko irizpideak

1. Idatzizko proba guztietarako ohar orokorrak (programazio didaktikoak joko dira idatzizko probatzat).

Hizkuntza gaitasuna funtsezko gaitasuna da irakaslanean. Horregatik, berariaz baloratuko da. Hizkuntzaren (euskara, gaztelania, ingelesa edo frantsesa, dagokiona) erabilera ortografiko eta diskurtsiboa egiaztatuko da, irizpide hauetan oinarrituz:

–Ortografia akatsak: akats bakoitzagatik 0,25 puntu kenduko dira (hitz berean egindako akatsak behin baino ez dira zigortuko). Adibidez, gaztelaniaz: alumn@s, pq.

–Probak zer hizkuntzatan egiten diren, hizkuntza horretako hiztegietan ageri diren hitzak hartuko dira erreferentzia gisa. Besteak beste:

http://www.rae.es/sites/default/files/Principales_novedades_de_la_Ortografia_de_la_lengua_espanola.pdf

http://www.rae.es/rae.html

https://www.euskaltzaindia.eus/es/

–OXFORD ENGLISH DICTIONARY (Britainia Handiko ingelesa)

–MERRIAM WEBSTER (Ameriketako ingelesa)

–LAROUSSE

https://www.dwds.de/

  • Azentuak gaizki jartzea: 0,25 puntu kenduko dira gaizki jarritako azentu bakoitzeko (hitz berean egindako akatsak behin baino ez dira zigortuko). Kontuan hartuko dira RAEk egin dituen azken eguneraketak.
  • Gramatika akatsak: 0,25 puntu kenduko dira inkoherentzia gramatikal bakoitzeko.

Ortografia- eta gramatika-akatsak gehienez ere proben zati bakoitzari dagokion guztizko puntuazioaren %20 zigortuko dira.

2. Probak baloratzeko irizpideak.

Hautapen batzordeek edo, kasua bada, epaimahai bakarrek zehaztuko dituzte balorazio irizpide hauek, espezialitate bakoitzaren berezitasunen arabera.

Lehenbiziko proba:

Lehen proba.–A zatia.

Prestakuntza zientifikoa (zorroztasun teknikoa eta espezialitatearen gaineko ezagutza zientifikoa):

  • Planteamenduaren justifikazioa edo funts teorikoa.
  • Hizkera tekniko zehatza eta zuzena.
  • Espezialitatearen gaineko ezagutza zientifiko eta tekniko eguneratua eta zorrotza aplikatzea.
  • Proiektu didaktiko bati lotutako kasu praktikoetan: ezagutza zientifiko, kurrikular eta pedagogikoetan oinarritutako planteamendu didaktikoak eta antolakuntzazkoak egitea.

Espezialitateko berezko trebetasunak (espezialitateko trebetasun teknikoak menderatzea, bai eta estrategia eta teknika didaktiko-pedagogikoak ere):

  • Kasu praktikoak eta haien atalak modu zuzen, ordenatu eta eraginkorrean ebaztea.
  • Proposatutako egoeretarako egokiak diren estrategia tekniko eta/edo metodologikoak aplikatzea.
  • Behar izanez gero, trebetasun teknikoak erakustea espezialitateko berezko lanabes, tresna, protokolo eta prozeduren erabileran.

Lehen proba.–B zatia.

Gaiaren antolaketa:

  • Gaia modu egokian justifikatzea.
  • Sekuentzia logiko eta koherente bati jarraitzea zati guztiak garatzerakoan.
  • Gaia modu orekatuan garatzea.

Berariazko edukia:

  • Gaiaren edukien eguneratze eta sakontasun maila.
  • Gaiaren berezko hizkera teknikoa erabiltzeko zorroztasuna eta zehaztasuna.
  • Erreferentzia bibliografiko egokiak eta eguneratuak.

Aipamen didaktikoak:

  • Edukiak duen harremana Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemarekin eta berezko curriculumarekin eta irakaslanarekin.
  • Gaiari lotutako proposamen didaktiko originalak edo berritzaileak egitea.

Bigarren proba:

Bigarren proba.–A zatia. Programazio didaktikoa aurkeztea eta defendatzea.

Programazio didaktikoak ez baditu betetzen V. eranskinean adierazitako formazko betebeharrak, probaren zati horri dagokion puntuazioaren %50 kenduko zaio izangaiari. Hauek dira formazko betebeharrak:

“Programazio didaktikoak gehienez ere 50 folio izanen ditu, DIN-A4 formatuan, alde bakar batetik idatziak, lerroarte arruntarekin, 12 puntuko Arial letra erabiliz, konprimitu gabe. Grafiko, taula, orri-oin eta goiburuetan 10 puntuko Arial letra erabiltzen ahalko da. Azala nahi bezala diseina daiteke. Gutxienez ere 10 unitate didaktiko zenbakidun eduki beharko ditu. Programazio didaktikoaren azala, kontrazala eta aurkibidea ez dira zenbatuko 50 folio horien barruan”.

Antolaketa:

  • Programazioaren sarrera eta justifikazioa egitea eta Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen curriculumaren araberako testuingurua ematea.
  • Ongi planteatuta egotea programazioa osatzen duten elementuak, atalen koherentzia eta proposatzen duen sekuentziazioaren logika.

Eduki teknikoa:

  • Programazioak curriculum elementuak zehazten ditu, mailaren arabera.

Eduki didaktikoa:

  • Ikasturterako egokiak diren metodologia, materialak eta baliabide didaktikoak.
  • Prozedurak, lanabesak, tresnak eta ebaluazioari lotutako bestelako alderdiak zehaztea, Nafarroako Foru Komunitatean ebaluazioaren arloan indarrean den araudiari jarraituz.
  • Programazioa modu argian azaltzea.

Bigarren proba.–B zatia. Unitate didaktiko bat prestatzea eta azaltzea.

Alderdi orokorrak:

  • Unitate didaktikoa justifikatzea eta hari testuingurua ematea programazioaren edo espezialitatearen gai-zerrendaren barruan.
  • Unitate didaktikoa ongi egituratuta dago eta haren elementuak koherenteak dira beren artean.
  • Izangaiak azalpen argia, ordenatua, arina eta koherentea egin du.

Helburuak, edukiak eta metodologia:

  • Ikasketa helburuak, edukiak, ebaluazio irizpideak eta ikaskuntza estandarrak ongi planteaturik daude eta koherenteak dira beren artean.
  • Edukiek gaitasunen garapenarekin duten lotura zehazten da.
  • Proposamen metodologikoa ikasleen ezaugarrietara egokitzen da.

Jarduerak:

  • Jarduerak motibagarriak dira eta hainbat zailtasun maila dituzte, ikasleen eta ikasmailaren ezaugarrietara egokitzeko.
  • Material eta baliabide didaktikoak erakargarriak, egokiak eta askotarikoak dira.
  • Jarduerak ikaskuntzaren helburuetara egokitzen dira.

Ebaluazioa:

  • Ebaluazio irizpideak eta ikaskuntzaren estandarrak koherenteak dira ikaskuntzaren helburuekin.
  • Prozedura, ebaluaziorako tresnak eta kalifikaziorako irizpideak.
  • Helburuak erdiesten ez dituzten ikasleendako esku-hartze neurriak.

IV. ERANSKINA

Gai-zerrendak

Espezialitate bakoitzari dagozkion gai-zerrendak jarraian ageri diren aginduetan argitaratutakoak dira.

Gai-zerrendan LOGSEri buruz dauden aipamen guztiak indarrean dagoen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoari buruzkoak direla ulertu behar da.

1993ko irailaren 9ko Agindua (1993ko irailaren 21eko Estatuko Aldizkari Ofiziala) https://www.boe.es/boe/dias/1993/09/21/pdfs/A27400-27438.pdf, zeinak onesten baititu Maisu-maistren, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoetan sartzeko, espezialitate berriak lortzeko eta espezialitate batzuetarako mugikortasuna izateko prozeduretan erabiliko diren gai-zerrendak, ekainaren 4ko 850/1993 Errege Dekretuak arautuak, espezialitate hauetarako: alemana, frantsesa, ingelesa.

Euskara espezialitaterako: Martxoaren 5eko ECD/477/2003 Agindua, 1993ko irailaren 9ko Agindua, 1994ko apirilaren 20ko Agindua, 1996ko otsailaren 1eko Agindua eta otsailaren 15eko ECD/310/2002 Agindua zati batean aldatzen dituena.

V. ERANSKINA

Programazio didaktikoaren eta unitate didaktikoaren jarraibideak

A) Programazio didaktikoa.

Espezialitate guztietarako oharrak:

Programazio didaktikoa izangaiak parte hartzen duen espezialitateari lotutako ikasturte baten curriculumari buruzkoa izanen da. Bertan, helburuak, gaitasunak, edukiak, metodologia didaktikoa eta ikaskuntzaren estandar eta emaitza ebaluagarriak azaldu beharko dira, bai eta, hala bada, gaitasunen eskuratze-maila eta helburuen lorpena ebaluatzeko irizpideak ere.

Programazio didaktikoak gehienez ere 50 folio izanen ditu, DIN-A4 formatuan, alde bakar batetik idatziak, lerroarte arruntarekin, 12 puntuko Arial letra erabiliz, konprimitu gabe. Grafiko, taula, orri-oin eta goiburuetan 10 puntuko Arial letra erabiltzen ahalko da. Azala nahi bezala diseina daiteke. Gutxienez ere 10 unitate didaktiko zenbakidun eduki beharko ditu. Programazio didaktikoaren azala, kontrazala eta aurkibidea ez dira zenbatuko 50 folio horien barruan.

Programazioa egiteko, izangaiek deialdi honen VI. eranskinean aipatzen diren curriculumak erabili beharko dituzte.

B) Unitate didaktikoa.

Unitate didaktikoa egitean honako hauek zehaztu beharko dira: ikaskuntzaren helburuak (ebaluazio irizpideak eta ikaskuntzarako estandarrak), edukiak, irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak, alderdi metodologikoak eta antolaketakoak, ebaluaziorako prozedura eta tresnak eta kalifikaziorako irizpideak, bai eta gako-gaitasunak garatzearekin duten lotura ere.

VI. ERANSKINA

Programazio didaktikoa prestatzeko araudia

68/2018 FORU DEKRETUA, abuztuaren 29koa, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bidez aldatu zen Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoko araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen oinarrizko mailaren, tarteko mailaren eta maila aurreratuaren curriculumak ezartzen dituena.

430/2020 EBAZPENA, urriaren 16koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzetako ziurtapen probak egiteko zehaztapenak, eta ezartzen baitira igoera eta ziurtapen baldintzak.

231/2020 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2020-2021 ikasturtean Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketa eta jarduna arautuko duten jarraibideak.

230/2020 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna 2020-2021 ikasturtean arautzeko jarraibideak onesten dituena.

Iragarkiaren kodea: F2016098