69. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

10E/2021 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitatean jarduera duten enpresei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei 2021. urtean dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun planak ezar ditzaten. DDBN identifikazioa: 551517.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 3.1.a) artikuluaren arabera, institutuaren eskumenen artean dago emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzea eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunak bizitzaren eremu guztietan du eragina, bereziki, Nafarroako eremu politiko, ekonomiko, kultural eta sozialetan. Horregatik da beharrezkoa emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna errazteko baldintzak sustatzea.

Enpresek eta erakundeek funtsezko eginkizuna dute bizitza jasangarria izan dadin. Kontzeptu hori Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak nabarmendu zuen, eta, horregatik, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak sustatu eta lagundu nahi du Nafarroako enpresek eta erakundeek berdintasun planak prestatzeko duten konpromisoa.

Bestalde, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, Aukera berdinekin lan egiteko eskubideari buruzko IV. tituluan, “Enpresetako eta erakundeetako berdintasun planak eta berdintasuna sustatzeko beste neurri batzuk” izeneko III. kapituluan, berdintasun planak prestatu eta aplikatzeko arauak ematen ditu.

Martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretuak (arau horren bidez premiazko neurriak ezarri ziren emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna bermatzeko enplegu eta lanaren arloan) hainbat aldaketa jaso zituen berdintasunaren arloan, haietako batzuk berehalako ondorioak izatekoak eta beste batzuk, berriz, pixkanaka aplikatzeko epe iragankorrak dituztenak. Halaber, erregelamendu bidezko garapena iragarri zuen alderdi esanguratsu batzuetarako, honako hauetan hain zuzen ere: berdintasun planaren diagnostikoa prestatzea, berdintasun planak erregistratzea eta ordainsarien berdintasunerako araudia garatzea.

Aipatu erregelamendu bidezko garapenaren iragarpena betetzen da urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuarekin (berdintasun planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena) eta urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuarekin (emakumeen eta gizonen ordainsarien berdintasunari buruzkoa). Garapen horiek aldaketak dakartzate, eta deialdi honetan jasotzen dira.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren iritziz berdintasun planen eta haien garapenaren kalitatea bermatu beharra dago, genero berdintasuna modu egokian txertatzeko enpresen eta irabazi-asmorik gabeko erakundeen kudeaketa prozesu guztietan, eta horregatik erabaki du lan-ildo hori bultzatzea 2021ean, Nafarroan jarduera duten enpresetan eta erakundeetan lehenengo berdintasun planak egitea bultzatuz.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako Foru Komunitatean jarduera duten enpresei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei dirulaguntzak emateko deialdia onestea, 2021ean emakumeen eta gizonen arteko lehenengo berdintasun planak ezar ditzaten.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, 98.000 euroko gastua baimentzen da, 2021eko aurrekontuetako honako partida honen kargura: “080001 08200 4709 232200 Erakundeetan berdintasun planak egiteko transferentziak”.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko otsailaren 26an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari nagusia, Eva Isturiz García.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak 2021ean enpresei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei dirulaguntzak emateko, horietan emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko, lehenengo berdintasun planak egitearen bitartez.

2. oinarria. Onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitatean jarduera duten eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten enpresek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek hartzen ahal dute parte deialdi honetan.

3. oinarria. Baldintzak.

3.1. Dirulaguntza hauen onuradun izateko, enpresek edo irabazi-asmorik gabeko erakundeek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaera aurkeztean, eta baldintzak mantendu beharko dituzte diruz lagundutako jarduera egiten den aldian eta jarduera justifikatu arte:

3.1.1. Legez eratutako pertsona juridikoa izatea, bakoitzaren izaera juridikoaren arabera, eta dagokion erregistroan inskribatua egotea, nahiz eta inskripzio hori publizitate ondorioetarako soilik eskatu.

3.1.2. 10 eta 100 langile bitarte dituen lantoki bat izatea Nafarroako Foru Komunitatean.

3.1.3. Enpresan berdintasun plan bat izatera legez beharturik ez egotea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak ezarritakoaren arabera.

3.1.4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuetako bat bakarra ere ez urratzea.

3.2. Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du enpresaren edo irabazi-asmorik gabeko erakundearen ordezkaritzak. 5. eranskinean jasotzen da adierazpen hori. Onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena, eta hor baimena emanen zaio NABIri adierazitako datuak kontsultatu eta egiaztatzeko.

3.3. Ezin izanen dira dirulaguntza hauen onuradun izan:

–Administrazio publikoak eta haren erakunde autonomoak.

–Sozietate publikoak.

–Fundazio publikoak.

–Enpresak eta erakunde publiko enpresarialak.

–Unibertsitateak.

4. oinarria. Proiektu diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

4.1. Dirulaguntza hauek emanen dira irabazi-asmorik gabeko erakundeetan edo enpresetan emakumeen eta gizonen arteko lehenengo berdintasun planak prestatu eta garatzeko, 2021eko urtarrilaren 1etik azaroaren 12ra arte.

Aurkezten diren proiektu guztietan, enpresa edo erakunde eskatzaileak berdintasun planaren koordinazio eta dinamizazioaren arduraduna izendatu beharko du, eta hura izanen da erreferentziako pertsona Nafarroako Berdintasunerako Institutuarentzat.

4.2. Enpresan edo erakundean lehenengo genero-berdintasun planak prestatzeko proiektu diruz lagungarriek jasoko dituzte, nahitaez, jarraian ematen diren elementuak, eta indarrean dagoen araudiari jarraikiz eginak izan behar dira, zehazki honako hauei jarraikiz: urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretua (berdintasun planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena) eta urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretua (emakumeen eta gizonen ordainsarien berdintasunari buruzkoa).

Agiri guztiek hizkera ez-sexista erabiliko dute garapen osoan.

Berdintasun plana prestatzeak elementu hauek izanen ditu, eskaeran ere jasotzeko direnak:

a) Negoziazio-batzordea eratzea.

b) Berdintasunari buruzko negoziazio-batzorderako prestakuntza. Proposamenak prestakuntza aurreikusten ahalko du berdintasun planaren jarraipen-batzordearentzat (baldin eta negoziazio-batzordea ez bada), baita erdi-mailako eta zuzendaritzako karguak dituztenentzat ere. Prestakuntza ez da izanen 6 ordutik beherakoa.

c) Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko enpresako diagnostiko negoziatua, indarreko legedian ezarritakoaren arabera. 901/2020 Errege Dekretuaren “Diagnostikoa prestatzeko aplikatu beharreko xedapenak” eranskinean ezarritakoari jarraituko zaio, bereziki. Diagnostiko negoziatuan, arlo hauek jasoko dira gutxienez:

i. Hautapen eta kontratazio prozesuak.

ii. Lanbide-sailkapena.

iii. Prestakuntza.

iv. Lanbide sustapena.

v. Lan baldintzak, barne jasotzen dela emakumeen eta gizonen soldatei buruzko auditoretza, urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuarekin bat (emakumeen eta gizonen ordainsarien berdintasunari buruzkoa).

vi. Erantzunkidetasuna, bizitza pertsonaleko, familiarreko eta laneko eskubideei dagokienez.

vii. Emakumeen ordezkaritza neurriz beherakoa.

viii. Ordainsariak.

ix. Sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzioa.

Beste arlo batzuk ere jasotzen ahalko dira diagnostikoan. Esaterako, enpresako edo erakundeko komunikazio-jardunbideak diagnostikatu daitezke, bai eta hauek ere: hizkera ez sexistaren erabilera, eta genero ikuspegia txertatzea bezeroekiko eta hornitzaileekiko harremanetan, edo eskaintzen dituzten produktuetan edo zerbitzuan.

Diagnostikoan jasoko da, orobat, bertan aztertu asmo diren esparruei buruz langileek duten iritzia.

d) Berdintasun plana prestatzea.

Berdintasun planak –derrigorrezkoak zein borondatezkoak– neurri multzo antolatuak dira, egoeraren diagnostikoa egin ondoren hartu direnak eta helburu dutenak enpresan emakumeek eta gizonek tratu eta aukera berdintasuna izatea, eta sexu-diskriminazioa desagerraraztea.

Berdintasun planak gutxienez eduki hauek jasoko ditu, 901/2020 Errege Dekretuaren 8. artikuluarekin bat:

i. Hitzartzen duten alderdiak zehaztea.

ii. Pertsona-eremua, lurralde-eremua eta denbora-eremua.

iii. Enpresaren egoera-diagnostikoari buruzko txostena, edo, 2.6 artikuluan aipatzen den kasuan, taldeko enpresa bakoitzari buruzko diagnostikoaren txostena.

iv. Ordainsariei buruzko auditoretzaren emaitzak, bai eta horren indarraldia eta aldizkakotasuna, urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuarekin bat (emakumeen eta gizonen ordainsarien berdintasunari buruzkoa).

v. Berdintasun planaren helburu kualitatibo eta kuantitatiboak zehaztea.

vi. Neurri zehatzak, horiek gauzatzeko epea eta lehentasunak deskribatzea, bai eta neurri bakoitzaren bilakaera zehazteko adierazleak diseinatzea ere.

vii. Neurriak eta helburuak ezartzeko eta horien jarraipena eta ebaluazioa egiteko behar diren bitartekoak eta baliabideak –gizakoak zein materialak– identifikatzea.

viii. Egutegia, berdintasun planaren neurriak ezartzeko eta horien jarraipena eta ebaluazioa egiteko jarduketena.

ix. Jarraipena, ebaluazioa eta aldizkako berrikuspena egiteko sistema.

x. Berdintasun planen jarraipena, ebaluazioa eta aldizkako berrikuspena egiteaz arduratzen den batzorde edo organo parekidearen osaketa eta funtzionamendua.

xi. Aldaketak egiteko prozedura, bai eta aplikazioan, jarraipenean, ebaluazioan edo berrikuspenean sor daitezkeen desadostasunak konpontzeko prozedura ere, legezko edo konbentziozko araudiak hori egokitzera behartzen ez duen bitartean.

Berdintasun planaren neurriak diseinatzean kontuan hartuko dira bereizkeria anizkoitza pairatzen duten emakumeen premia berariazkoak.

Planak gehienez lau urteko iraupena izanen du.

e) Berdintasun planean jasotako hiru neurri gauzatzea. Neurriok ez dira eskaera egiten den unean zehaztu behar, diagnostikoa egin ondoren baizik.

4.3. Proiektu diruz lagungarrien kopurua:

Enpresa edo irabazi-asmorik gabeko erakunde bakoitzak dirulaguntza-eskaera bakar bat aurkezten ahal du. Enpresa edo erakunde batek proiektu baterako baino gehiagotarako dirulaguntza eskatzen badu, ez da eskaera bat bera ere onartuko, non ez duen adierazten zer proiektu zehatzetarako eskatzen duen dirulaguntza, kudeaketa organoak hala eskatuta.

Enpresa bakarra zer den erabakitzeko, Europar Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarritakoari erreparatuko zaio.

4.4. Gastu diruz lagungarriak:

Dirulaguntzak honako gastu-kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira bakar-bakarrik:

a) Laguntza teknikoa (enpresatik edo erakundetik kanpoko enpresak eta profesionalak kontratatzea). Proiektua edo proiektuaren fase bat garatzeko enpresa bat edo profesionalak kontratatzen badira, frogatu beharko da laguntza ematen duenak gutxienez ere 120 orduko prestakuntza duela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, erakunde publikoek edo unibertsitateek (publiko nahiz pribatuek) zuzenean edo lankidetzan emana, edo genero berdintasuna txertatzeko (IGE) prozeduraren arloko prestakuntza duela. Prestakuntza duten langileek egin beharko dute agindutako lan hori.

Prestakuntza egiaztatzeko “9. eranskina. Prestakuntzari buruzko adierazpena” erabili behar da. Kontratatutako laguntza ematen duen enpresak edo profesionalak egin behar du.

Diruz lagundutako proiektuaren % 100 arte azpikontrata daiteke.

Gastu diruz lagungarria 12.000 euro baino gehiagokoa denean, egiaztatu behar da hornitzailea hautatu dela efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz (“12. eranskina. 12.000 euro baino gehiagoko laguntza teknikoa” delakoarekin bat), salbu eta merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude –dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziak direla eta– edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Kontu horiek onuradunaren txosten baten bidez frogatuko dira.

b) Enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak bere gain hartzen badu proiektua edo proiektuaren fase bat egitea, proiektua egiten duen eta enpresaren edo erakundearen parte den pertsonaren lan gastuak.

Kasu horretan, proiektua egiteko izendatutako pertsonak plana koordinatu eta dinamizatzeko lanak ere hartuko ditu bere gain, baina eginkizun horietarako gastua ez da diruz lagungarria izanen.

“1. eranskina. Eskabide eredua” delakoan adierazi beharko da enpresako edo erakundeko zein langilek egin behar duen proiektua, bai eta lanaldiaren zer portzentaje eman behar duen lan horretan ere, ereduari jarraikiz.

Izendatutako pertsonaren dedikazioa frogatzean zehaztuko da zein den egiazko dedikazioa, egindako jarduerak eta horretan emandako lanaldiaren portzentajea ere adierazita.

Proiekturako izendatutako pertsonak frogatu beharko du gutxienez ere 120 orduko prestakuntza duela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, erakunde publikoek edo unibertsitateek (publiko nahiz pribatuek) zuzenean edo lankidetza bidez emana, edo enpresetan genero berdintasuna txertatzeko (IGE) prozeduraren arloko prestakuntza egin duela.

Prestakuntza egiaztatzeko “8. eranskina. Izendatutako pertsonaren prestakuntzari buruzko adierazpena” delakoa bete behar da. Adierazpen hori bete eta sinatuko du egiaztatutako prestakuntza duen pertsona izendatuak.

c) Hizlariek sortutako zerbitzu-sariak, bai eta eman behar den prestakuntzaren ondoriozko joan-etorrietako eta ostatuko dietak ere.

d) Berdintasun planaren komunikazio eta zabalkunderako ekintzen gastuak (publizitatea, materialak argitaratu eta/edo inprimatzea, etab.).

4.5. Proiektu eta gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

Proiektu edo gastu kontzeptu hauek deialdi honetatik kanpo daude:

a) Enpresan edo irabazi-asmorik gabeko erakundean kontratatuta edo plantillan dauden langileen nominak, salbu eta 4.4.b) oinarrian adierazitakoa.

b) Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa kenduko da, enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak hura berreskuratu edo konpentsa badezake. Berreskuratu edo konpentsatu ezin bada, onuradunak hala ziurtatuko du Nafarroako Ogasunak egin ziurtagiri bidez.

5. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Dirulaguntzak honako irizpide ekonomiko hauei jarraikiz emanen dira:

5.1.1. Emanen den gehienezko zenbatekoa Nafarroako Foru Komunitateko lantokian dituen langileen kopuruaren araberakoa izanen da, honako honi jarraituz:

–10 langiletik 30 langile bitarte: 3.000 euro.

–31 langiletik 50 langile bitarte: 4.000 euro gehienez ere.

–51 langiletik 100 langile bitarte: 6.000 euro gehienez ere.

5.1.2. “2. eranskina. Balorazio irizpideak” delakoan ezarritako irizpideak aplikatuz, dirulaguntza ehuneko hauek adinakoa izanen da, betiere aurreko atalean adierazitako gehieneko diru-muga gainditu gabe:

–91-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako gastu-aurrekontuaren % 80.

–81-90 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako gastu-aurrekontuaren % 70.

–71-80 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako gastu-aurrekontuaren % 60.

–60-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako gastu-aurrekontuaren % 50.

Gutxienez ere 60 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ez dira diruz lagunduko.

5.2. Gaitutako aurrekontuko kontsignatzea agortu arte emanen dira dirulaguntzak. Horretarako, onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren ehunekoa emateko, “2. eranskina. Balorazio irizpideak” delakoan adierazitako balorazio irizpideen arabera lortutako puntuazioa hartuko da aintzat.

Aurrekontuetako partida agortzen bada puntuazio bera duten bi eskaera edo gehiagorekin, berdinketa ebazteko, b) atalaren balorazioan lortutako puntuazioa soilik hartuko da kontuan, “2. eranskina. Balorazio-irizpideak” delakoari jarraikiz.

5.3. Honela banatuko da aurrekontu kontsignatze osoa:

–Partidako 83.500 euro, planak enpresetan ezartzeko proiektuetarako.

–Partidako 14.500 euro, planak irabazi-asmorik gabeko erakundeetan ezartzeko proiektuetarako.

Onuradun mota bakoitzerako dagoen kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua beste onuradun motaren zenbatekoari gehituko zaio.

6. oinarria. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten enpresek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eranskin hauei jarraikiz:

a) “4. eranskina. Eskabidea”.

b) “5. eranskina. Proiektuaren memoria”. Memorian jasoko dira egin beharreko jarduerak, metodologiak, tresnak eta aurrekontu xehatua. Memoria prestatzeko, oinarri hauen eranskinetan aipatutako irizpideei jarraituko zaie, proposamenen balorazioa errazteko.

c) “6. eranskina. Onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena” delakoa, eskatzailearen ordezkaritza daukan pertsonak sinatua. Enpresa edo irabazi-asmorik gabeko erakundeari buruzko datu hauek azalduko dira bertan:

I. Legez eratuta eta dagokion erregistroan inskribatuta dagoela, erregistro hori zein den adierazita, hori guztia 3.1.1 oinarrian ezarritakoaren arabera.

II. Nafarroan lantoki bat duela, eta han 10 langiletik 100 langilera bitarteko plantilla ari dela.

III. Ez dagoela legez beharturik berdintasun plan bat egitera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

IV. Ez enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak, ezta haren ordezkariek ere, ez dutela urratzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuetako bat bakarra ere.

d) “7. eranskina. Identifikazio adierazpena”, enpresan edo irabazi-asmorik gabeko erakundean proiektua prestatzeko izendatutako pertsonarena.

e) “8. eranskina. Izendatutako pertsonaren prestakuntzari buruzko adierazpena” edo “9. eranskina. Laguntza teknikoaren prestakuntzari buruzko adierazpena”, bidezkoa dena.

f) Enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak aurkeztutako proiekturako bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik eskatu eta/edo jaso ote duen dioen adierazpena. Hala bada, eskatutako eta jasotako zenbatekoak eta nondik jaso dituen zehatz-mehatz adieraziko dira.

g) Enpresak azken hiru zerga-ekitaldietan jaso dituen de minimis laguntzei buruzko adierazpena.

Aurreko f) eta g) letrei dagozkien adierazpenak batera aurkeztuko dira, “10. eranskina. Beste dirulaguntza eta de minimis laguntza batzuen adierazpena” delakoaren bitartez.

h) “11. eranskina. Transferentzia bidezko ordainketa” delakoa, baldin Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia bada edo baldin aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.

6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Hala bada, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren aipatu agiriak.

6.3. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio 5 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera ezetsi, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Proiektuaren memoriari eta aurrekontu xehatuari buruzko dokumentazioa ezin da zuzendu.

Aurrekoa gorabehera, NABIk uste badu proiektua iluna dela edo ez dela zehatza, argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, betiere dirulaguntza eskatu dutenen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa errespetatuz, baina ezin izanen da aurkeztutako proiektua aldatu. Erantzuteko epea gehienez bost egun baliodunekoa izanen da.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

7.1. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira, hemendik: Nafarroako Ataria, deialdiaren fitxa, “Tramitatu” aukera (https://www.navarra.es/eu/tramiteak), hemendik aurrera “laguntzen fitxa”.

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa agiri bereizitan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela, laguntzen fitxan eskuragarri dauden artxiboen zenbakiak eta izenak aldatu gabe.

Gaitutako helbide elektroniko bat (GEH) adieraziko da eskabideetan, eta horixe izanen da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta entitate eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako bidea.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Eskaerak baloratzeko, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien laguntza izan dezake, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Eskaerak baloratzeko, “2. eranskina. Balorazio irizpideak” delakoan zehaztutako irizpideei jarraituko zaie. Eskaeran ekartzen den dokumentazioa baino ez da aintzat hartuko.

8.4. Gaitutako aurrekontuko kontsignatzea agortu arte emanen dira dirulaguntzak. Horretarako, onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren ehunekoa emateko, balorazioan lortutako puntuazioa hartuko da aintzat, eta horixe izanen da lehentasun irizpidea. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsi eginen dira, 10.4 oinarrian xedatutakoa eragotzi gabe.

8.5. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, balorazioen ondorioz ateratako puntuazioekin; txostenean, halaber, onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko da, eta proiektuen balorazioa jasoko da.

9. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauen gaineko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira onuradunek beren eskaeran adierazitako helbide elektroniko gaituaren (GEH) bidez.

10. oinarria. Ebazpena.

10.1. Dirulaguntzak banatzen dituen ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Epe hori bukatuta esanbidezko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

10.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean, onuradunen zerrenda, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta justifikatu beharreko zenbatekoa adieraziko dira (justifikatu beharreko zenbatekoak proiektuaren aurrekontutik onartutako gastuekin bat etorri beharko du), eta, kasua bada, zein eskaerari uko egin zaien. Gainera, ordezko eskatzaileen zerrenda bat ere jasoko da, balorazio irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, onuradunen batek uko eginez gero zerrenda horretara jotzeko. Ordezko entitate horiei dagokienez, diruz lagundu beharreko proiektuak identifikatuko dira, eta norbaitek uko eginez gero bakoitzak lortuko lukeen gehieneko laguntza ere adieraziko da. Dena dela, laguntza hori ez da inoiz ere izanen uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/es/convocatorias), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

10.3. Erakunde eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien % 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Aurreko egoeretako batean egonda, gardentasun betebeharrari lotuak dauden entitate onuradunek foru lege horren 12.4 artikuluan azaltzen den informazioa eman beharko dute, entitateko ordezkariak sinatua, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako egoeretan ez egoteagatik, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Aurreko bi puntuetan adierazitako gardentasun betebeharrekin konplitzeko, “15. eranskina. Gardentasunari buruzko adierazpena” delakoa beteko da. Eskura dago laguntzen fitxan.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari.

10.4. Onuradunen batek uko egiten badio emandako dirulaguntzari, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak erabakiko du dirulaguntza ematea, beste deialdi bat egin beharrik gabe eta uko egite horrek liberatutako zenbatekoan, gehienez. Kasu horretan honako hauek jasoko dute: aurrekontua agortuta, dagokion zenbateko osoa lortu ez duen onuraduna, edo ordezko eskatzaileen zerrendan hurrengoa/k den/diren eskatzailea/k, lortutako puntuazioaren arabera.

NABIk ordezko eskatzaileei jakinaraziko die dirulaguntza jasotzeko aukera dutela, 10.2 oinarrian azaldutako puntuazio ordenari jarraikiz. Halakoetan, bost egun balioduneko epea izanen dute dirulaguntza onartzeko, eta epe hori ezin izanen da luzatu. Proposamena onartuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena eman eta jakinaraziko da.

11. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epea.

Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.

12. oinarria. Proiektuak gauzatzeko baldintzak.

Proiektua behar bezala gauzatzeko asmoz, enpresa eta entitate onuradunetako berdintasun lantaldeko edo batzordeko kideen zenbait ordezkarik parte hartuko dute Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatuko duen bilera batean, eta partaide horietako bat, nahitaez, enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak berdintasun plana koordinatu eta dinamizatzeko izendatutako pertsona izanen da. Bilera hori, 2 ordukoa izanen da. Lan-saio horren helburuetako bat da onuradunek informazioa eta esperientziak elkar trukatzea, berdintasun planak prestatzearen testuinguruan.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatutako bilera horretara ez joateak emandako dirulaguntza % 10 murriztea ekarriko du.

13. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

13.1. Emandako dirulaguntza jarduketa diruz lagungarriak amaituta ordainduko da, justifikazio agiriak aurkeztu eta gardentasun betebeharrak bete ondoren 10. oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

13.2. Dirulaguntzaren xede diren jarduketak egin ondoren, enpresa onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute 2021eko azaroaren 12a baino lehen, dirulaguntzaren fitxa telematikoaren bidez:

1. “16. eranskina. Justifikazio eredua”, onuradunaren datuekin. Bertan jasoko da, eguneratua, enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak aurkeztutako proiekturako bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik eskatu eta/edo jaso ote duen dioen esanbidezko adierazpena. Halako laguntzarik jaso badu, zenbat eta nondik jaso duen adieraziko da, 14. oinarria betetzeko. Halaber, enpresak azken hiru zerga-ekitaldietan jaso dituen de minimis laguntzei buruzko adierazpena ere sartuko da, 18. oinarria betetzeko.

2. “17. eranskina. Justifikazio memoria” delakoa, dirulaguntzaren xede denari buruzkoa, horretarako diseinatutako ereduaren araberakoa. Eredu hori dirulaguntzaren fitxan lor daiteke. Beste dokumentu batean sartuko dira honako hauei dagozkien amaierako agiriak: a) Diagnostikoa, b) Berdintasun plana eta c) Sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren aurkako protokoloa.

Dokumentazio osoan, eta batez ere goian aipatu amaierako agirietan, agertu behar da Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan daukaten parte-hartzea. Hortaz, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala azalduko da egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta proiektuari buruzko dokumentazio guztian ere, honako testu honekin batera: “Subvenciona /Diruz lagundu du Instituto Navarro para la Igualdad/Nafarroako Berdintasunerako Institutuak”.

Dirulaguntza eman aurretik proiektuari buruz egin diren agiriei eta publizitate eta hedapen lanei dagokienez, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea jadanik argitaratuta dagoen materialean. Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten denean iragarki horiek aldatu beharko dira, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzei jarraituz.

3. Guztizko gastuaren eta hori ordaindu izanaren justifikazio ekonomikoa. Onuradunak justifikatu beharreko zenbatekoa izanen da eskaeran diruz lagundutako proiektuarentzat aurkeztutako eta NABIk onartutako guztizko gastuaren aurrekontua adinakoa. Dirulaguntza ematen duen ebazpenean jasoko da, justifikatu beharreko zenbateko gisa, faseka eta/edo jardueraz jarduera xehakatua, fakturak eta ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak erantsita.

Enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak proiektu osoa edo haren fase/jarduera bat bere kabuz eginez gero, proiektua egiten ari den pertsonaren nominak aurkeztuko ditu, eta enpresak edo erakundeak izendatutako pertsonaren dedikazioa justifikatuko du. Egiazko dedikazioa zein den zehaztuko da, egindako jarduerak eta horretan emandako lanaldiaren portzentajea ere adierazita.

Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena. Aurrekoa gorabehera, ez da eskatuko frogagiriak aurkezteko data baino lehen ordaindu ezin diren finantza eta zerga gastuak benetan ordainduak izatea, horren arrazoia baldin bada likidatzeko borondatezko aldia oraindik irekita ez egotea.

13.3. Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zena baino txikiagoa bada, edo gastuaren frogagirien bidez justifikatutako zenbatekoa emandako dirulaguntzaren arabera justifikatu beharreko zenbatekoa baino txikiagoa bada, murrizketa proportzionala ezarriko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari, hura ematean aplikatutako portzentajeak mantenduz, baina, kasu guztietan, diruz lagundutako proiektua bete dela frogatzen bada.

13.4. Instrukzio organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, errekerimendua eginen dio onuradunari horiek zuzendu ditzan, bost egun balioduneko epean.

14. oinarria. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek beste administrazio, enpresa eta erakunde publiko edo pribatu batzuen dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu edo xede bererako, baina denak batera harturik benetan egindako proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren % 100 gainditzen ez badute.

15. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen dutenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, hauekin bat: irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea.

b) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea eta justifikatzea, deialdiaren helburua aurreikusitako epeetan beteta.

c) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.

e) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

f) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g) Diruz lagundutako proiektuari lotutako argitalpen eta publizitate eta hedapen lan guztietan eta diruz lagundutako proiektuari buruz prestatzen den dokumentazio guztietan agertu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza izan dela.

j) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatutako jardunaldian parte hartzea, 12. oinarrian (Proiektuak gauzatzeko baldintzak) aurreikusirik dagoen bezala.

16. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

16.1. Onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

–4.1 eta 4.2 oinarrietan ezarritako jarduerak gauzatzen ez badira, % 100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–12. oinarrian ezarritakoa bete ezean, ematen den dirulaguntza % 10 murriztuko da.

16.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

17. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

18. oinarria. De minimis laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera (2013ko 352. EBAO, abenduaren 24koa). Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa edo entitate bakar bati hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa edo entitate bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

19. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari jarraikiz.

20. oinarria. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA

Balorazio irizpideak

a) Proposamenaren kalitatea (gehienez 80 puntu).

• Proposamenaren kalitatea, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, gehienez 60 puntu.

–Barne-koherentzia, helburu orokorra eta helburu espezifikoak, helburuen justifikazioa, gehienez 5 puntu.

–Fase nagusien deskribapena, fase bakoitzeko ekintzak enpresaren ikuspegitik zehaztuz, gehienez 55 puntu:

1. Prestakuntza, prestakuntzaren edukiak, gehienez 5 puntu.

2. Prestakuntzaren iraupena (6 ordu bitarte = 0; gehitzen diren 2 orduko = puntu bat), gehienez 5 puntu.

3. Prestakuntzan parte hartzea (negoziazio-batzordea = 0; erdi mailako kargudunak = 2 puntu; langileak = 5 puntu), gehienez 5 puntu.

4. Diagnostikoaren deskribapena, azterketarako aldagai kuantitatiboak eta irizpide kualitatiboak zehaztuta, gehienez 20 puntu, honela banatuta:

a) Hautapen eta kontratazio prozesua (gehienez 2 puntu).

b) Lanbide-sailkapena (gehienez 2 puntu) –e) eta h) apartatuekin loturik–.

c) Prestakuntza (gehienez puntu bat).

d) Lanbide sustapena (gehienez puntu bat).

e) Emakumeen ordezkaritza neurriz beherakoa (gehienez 2 puntu).

f) Lan baldintzak, barne jasotzen dela emakumeen eta gizonen soldatei buruzko auditoretza, urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuarekin bat (emakumeen eta gizonen ordainsarien berdintasunari buruzkoa); eta h) Ordainsariak (gehienez 4 puntu).

g) Erantzunkidetasuna, bizitza pertsonaleko, familiarreko eta laneko eskubideei dagokienez (gehienez 4 puntu).

h) Sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzioa (gehienez 4 puntu).

i) Bestelakoak (gehitzen den arlo bakoitzeko puntu bat), gehienez 2 puntu.

5. Berdintasun planaren proposamena eta deskribapena. Aintzat hartuko da berdintasun planaren pertsonalizazio maila, enpresa motaren, horren tamainaren, sektorearen, ezaugarrien eta horiei erantzuteko mailen arabera (gehienez 10 puntu).

6. Jarraipen-proposamena, jarraipen-batzordea eta adierazleak (gehienez 5 puntu).

7. Proiektuaren garapen kronologikoa (gehienez 5 puntu).

• Metodologia (gehienez 10 puntu).

Proiektu osoan planteatzen diren metodologiak deskribatzea (gehienez 4 puntu). Halaber, baloratuko dira langileek parte hartzeko dinamikak (gehienez 2 puntu), zuzendaritzarenak (gehienez 2 puntu) eta legezko ordezkaritzarenak (gehienez 2 puntu).

• Aurrekontua (gehienez 10 puntu).

Aurrekontuen egokitasuna baloratuko da, enpresaren tamainaren eta diagnostikoa eta berdintasun plana prestatzeko egindako ahaleginaren arabera. Baliagarria da baloratzea aurrekontuaren ratioa langile bakoitzeko (gehienez 5 puntu).

Giza baliabideak, baliabide teknikoak eta laguntza teknikoarenak (gehienez 5 puntu).

b) Eskaera aurkezten duen enpresak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak berdintasunarekin duen konpromisoa (gehienez 20 puntu).

–Enpresak/erakundeak berdintasunaren alde egindako ibilbidea (berdintasuneko bereizgarriak, gizarte erantzukizuna (Berdintasuna), Reconcilia, Nazio Batuen Itun Globala), gehienez 5 puntu.

–Emakumeen parte-hartzea zuzendaritza organoetan, gehienez 5 puntu.

–Emakumeen parte-hartzea langileen legezko ordezkaritzan, gehienez 5 puntu.

–Emakumeen kolektibo espezifikoen beharrak proiektuan, gehienez 5 puntu.

3. ERANSKINA

Aurrekontua prestatzeko gida

PLANTILLAN DAUDEN PERTSONEN KOPURUA

10-30

31-50

51-100

Kontzeptuak

Kostuetan parte hartzea

3.000

4.000

6.000

Prestakuntza

% 15

450

600

900

Plantillari kontsulta egitea

% 10

300

400

600

Diagnostikoa

% 30

900

1.200

1.800

Plana prestatzea

% 20

600

800

1.200

Neurriak gauzatzea

% 15

450

600

900

Beste batzuk

% 10

300

400

600

Guztira

% 100

* Kopuru horiek maximoen gainean kalkulatu dira.

Aurkeztu beharreko agiriak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2103527