69. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

591/2021 EBAZPENA, 2021eko martxoaren 9koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana. Haren bidez, gaietako bat aldatzen da Nafarroako Unibertsitate Publikoan Komunikazioko oinarrizko lanpostuko teknikari izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian –Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen 2021eko otsailaren 2ko 168/2021 Ebazpenaren bidez onetsia–, baita aurkitutako akats bat zuzendu ere.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen 2021eko otsailaren 2ko 168/2021 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Komunikazioko oinarrizko lanpostuko teknikari izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko. Deialdi hori 48. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2021eko martxoaren 2an.

Hura argitaratu ondoren, ikusi da deialdiaren eranskineko gai-zerrendako gaietako bat aldatu behar dela, lehenbiziko zatiko 11. gaia hain zuzen ere, bertan aipatzen den plan bat oraindik onetsi gabe dagoelako deialdia egin den egunean. Ondorioz, gai hori aldatu beharra dago.

Horrez gainera, akats bat atzeman da bertan; izan ere, euskarako C1 maila eta ingeleseko B1 maila ez dira merezimendu gisa baloratzen, deialdian parte hartzeko baldintza gisa baizik, eta horrek aldatu egiten du 2020ko irailaren 18ko Gobernu Kontseiluaren erabaki batean ezarritako proportzionaltasuna, hain zuzen ere Nafarroako Unibertsitate Publikoan Aldi Baterako Enplegua Egonkortzeko Prozesuen Garapenari buruzko Erabakian finkatutakoa. Proportzionaltasun hori deialdia onesten duen ebazpenaren sarreran aipatzen da, bai eta ebazpen horren oinarri den akordio sindikalean ere.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2. artikuluak dioenez, “administrazio publikoek, ofizioz edo interesdunek eskatuta, edozein unetan zuzentzen ahal dituzte beren egintzetako akats materialak, egitatezkoak edo aritmetikoak”.

Kontuan harturik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen-txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Aldatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoan Komunikazioko oinarrizko lanpostuko teknikari izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren eranskineko gai-zerrenda –Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen 2021eko otsailaren 2ko 168/2021 Ebazpenaren bidez onetsia–, honako hau ezarriz gai orokorrei buruzko lehenbiziko zatiko 11. gai gisara:

“11.–Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Espainiako 2021-2027 aldiko Estrategia: Printzipioak, helburuak eta jarduteko ardatzak. Jarduteko eredua. Gobernamendua.”

Bigarrena.–Puntuen banaketa zuzentzea honako modu honetan:

a) Aipatutako deialdiaren 7.6 oinarrian:

Honela dioen tokian:

“Oposizioko proben balorazioan 70 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuak:

–Lehenbiziko proba: 10 puntu gehienez (6 lehenbiziko ariketan eta 4 bigarrenean).

–Bigarren proba: 36 puntu gehienez ere.

–Hirugarren proba: 24 puntu gehienez ere.”

Honela esan behar du:

“Oposizioko proben balorazioan 66,50 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuak:

–Lehenbiziko proba: 10 puntu gehienez (6 lehenbiziko ariketan eta 4 bigarrenean).

–Bigarren proba: 35,50 puntu gehienez ere.

–Hirugarren proba: 21 puntu gehienez ere.”

b) Aipatutako deialdiaren 7.9.2 oinarrian:

Honela dioen tokian:

“Lehiaketaldiaren balorazioa ez da baztertzailea izanen, eta 40 puntu lortzen ahalko dira gehienez.”

Honela esan behar du:

“Lehiaketaldiaren balorazioa ez da baztertzailea izanen, eta 28,50 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Deialdian parte hartzeko baldintzak ez dira merezimendu gisa baloratuko.”

c) III. eranskina: Merezimenduen baremoa.

Honela dioen tokian:

“C) Hizkuntzak jakitea: 6 puntu gehienez.”

Honela esan behar du:

“C) Hizkuntzak jakitea: 4,50 puntu gehienez.”

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta “Estatuko Aldizkari Ofizialean” argitara dadila agintzea.

Laugarrena.–Ebazpen hau Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Komunikazio Atalari jakinaraztea, behar dituen ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 9an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

Iragarkiaren kodea: F2104649