68. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 25a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

9/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 25ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Milagro udalerrirako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Neurri horiek hainbatetan luzatu dira, eta Nafarroako Foru Komunitate osoan aplikatu dira.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, martxoaren 10etik 23ra, Milagroko udalerrian SARS-CoV-2aren bidezko infekzioaren 61 kasu diagnostikatu dira (intzidentzia metatua: 1.855 kasu 100.000 biztanleko). Aldi horretan berean, Nafarroako intzidentzia metatua 185 kasukoa izan da 100.000 biztanleko.

Horietatik, 51 kasu azken 7 egunetan diagnostikatu dira (intzidentzia metatua: 1.551 kasu 100.000 biztanleko). Aldi horretan berean, Nafarroako intzidentzia metatua 114 kasukoa izan da 100.000 biztanleko. Ratioa 1,2koa da, hau da, goranzko joera argia dago.

Horrez gain, 61 kasuei gehitu behar zaizkie martxoaren 24an, eguerdiko 12:00etarako identifikaturik zeuden beste 20 kasu, martxoaren 23ko baheketaren ondorioz atzemandakoak. Horietatik, 12 gizonezkoak dira eta 8 emakumezkoak.

Sexuaren araberako banaketa oso antzekoa da: 31 emakumezko eta 30 gizonezko. Kasuen % 53 emakumezkoenak dira. Kasuen batez besteko adina 44 urtekoa da, eta adin-tarteak urtebetetik 91 urtera bitartekoak. Adinaren arabera, intzidentzia tasa altuenak 45-64 urtekoen taldean daude: 3.367 kasu 100.000 biztanleko.

Aipatu txostenean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak gomendatzen du bilerak, familiarrak nahiz lagun artekoak, gutxitzeko neurriak hartzea, horiek direlako, herri horretan, transmisioaren eremu nagusia, bai eremu pribatuan, baita publikoan ere. Horregatik, beharrezkoa da, herriaren konfinamendu perimetrala ez ezik, beste neurri osagarri bat hartzea: udalerriko ostalaritzako establezimenduetako eta jatetxeetako barnealdeak ixtea, lagun arteko bilerak izaten ari direlako transmisioaren eremu garrantzitsuenetakoak herri horretan.

Foru agindu honetan adierazitako neurriek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, hark xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak aukera ematen die, osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariei, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzeko, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta premiazkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

2021eko martxoaren 25ean onetsi da Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu bat, Milagroko udalerrira sartu eta handik ateratzeko zirkulazio-askatasuna mugatzen duena. Foru dekretu horrek martxoaren 26an hartuko du indarra, 00:00etan. Neurri horretaz gain, udalerriko intzidentzia metatua eta kutsatu kopurua handiak direnez, beharrezkoa da beste neurri murriztaile osagarri bat hartzea: ostalaritzako establezimenduetako eta jatetxeetako barnealdeak ixtea. Azken neurri honek eraginkorra izan behar du udalerrira sartu eta handik ateratzeko pertsonen mugikortasuna mugatzen duenarekin batera. Horregatik, kasu honetan, neurri hauek hartzea erabat premiazkoa denez oso azkar gertatzen ari diren kutsatzeak eteteko, baimen judiziala eskatu ordez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari eskatu zaio neurria berrets dezan.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Debeku da kontsumitzea taberna berezi, ikuskizunetarako kafetegi, taberna, kafetegi eta jatetxe gisako lizentzia duten Milagroko establezimenduen barnealdean.

1.–Barnealdea ixteko betebehar horretatik kanpo daude hoteletako eta bestelako ostatuetako jantokiak, baina otorduetako zerbitzua ematen ahalko diete horietan ostatu hartu dutenei bakarrik. Horretarako, zorrotz bete beharko dira osasun arloko prebentzio neurri orokorrak, eta gehienez lau pertsona egonen dira mahai bakoitzean.

2.–Ogia eta/edo eramateko kafea saltzeko zerbitzua duten establezimenduetan, zerbitzu hori baimenduko da (baina ezin da establezimenduan kontsumitu). Nolanahi ere, 21:00etarako itxi beharko dute.

3.–Ostatu eta jatetxeetako barnealdea ixteko debekutik kanpo daude honako hauek ere: zentro eta zerbitzu sanitarioen eta soziosanitarioen barneko ostalaritza zerbitzuak, eskola-jantokiak, enpresakoak eta jantoki sozialeko zerbitzuak.

4.–Establezimenduetako terrazek irekita jarraitzen ahalko dute Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduan ezarritako baldintza berdinetan.

5.–Halaber, janariak prestatu eta zerbitzatzen ahalko dira, etxera eramateko edo aurretiko hitzordua izanda establezimendutik hartzeko, 22:30ak arte.

Bigarrena.–Gainerako neurriei dagokienez, Milagroko udalerrian aplikatzekoak izanen dira Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduan ezarritakoak (foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren berriz Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz, eta geroago izan diren aldaketak).

Hirugarrena.–Neurri hauek indarrean egonen dira 2021eko martxoaren 26tik apirilaren 8ra arte, bi egunak barne, eta, egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Laugarrena.–Foru agindu hau igortzea, tramita dezan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, berrespen judiziala lortzeko Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Departamentuko Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bosgarrena.–Foru agindu honek 2021eko martxoaren 26an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 25ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2104906