68. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 25a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 11/2021 FORU DEKRETUA, martxoaren 25ekoa, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Milagroko udalerrian, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen dio autonomia erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Aipatutako errege dekretuaren 6.2 artikuluak ezartzen du ezen eskuordetutako agintari eskudunak, modu osagarrian, pertsonen sarrerak eta irteerak mugatzen ahalko dituela geografikoki autonomia erkidegoa baino txikiagoak diren lurralde eremuetan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin (errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko).

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, azken bi asteetan, martxoaren 10etik 23ra, Milagroko udalerrian SARS-CoV-2aren bidezko infekzioaren 61 kasu diagnostikatu dira (intzidentzia metatua: 1.855 kasu 100.000 biztanleko). Aldi horretan berean, Nafarroako intzidentzia metatua 185 kasukoa izan da 100.000 biztanleko.

Horietatik, 51 kasu azken 7 egunetan diagnostikatu dira (intzidentzia metatua: 1.551 kasu 100.000 biztanleko). Aldi horretan berean, Nafarroako intzidentzia metatua 114 kasukoa izan da 100.000 biztanleko. Ratioa 1,2koa da, hau da, goranzko joera argia dago.

Horrez gain, 61 kasuei gehitu behar zaizkie martxoaren 24an, eguerdiko 12etarako identifikaturik zeuden beste 20 kasu, martxoaren 23ko baheketaren ondorioz atzemandakoak.

Kasuen batez besteko adina 44 urtekoa da, eta adin-tarteak urtebetetik 91 urtera bitartekoak. Adinaren arabera, intzidentzia tasa altuenak 45-64 urtekoen taldean daude: 3.367 kasu 100.000 biztanleko.

Horrenbestez, txosten teknikoak kontuan edukita eta azaldutako arrazoiengatik, bidezkoa da Milagroko udalerrian ezartzea SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko prebentzio neurriak; egoera epidemiologikoaren arabera, berriz luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira, kutsatzeen murrizketa finkatzeko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren babesean, errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu baitzen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Milagroko udalerrian sartzeko eta bertatik ateratzeko mugak.

1. Milagroko udalerrian pertsonak libreki sartu eta bertatik ateratzeko mugimenduak mugatuta egonen dira, salbu eta behar bezala justifikatutako joan-etorriak, arrazoi hauetako batengatik egiten direnak:

a) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo lege arloko betebeharrak betetzea.

c) Unibertsitateetara, ikastetxeetara eta heziketa zentroetara joatea, barne direla haur-hezkuntzako eskolak eta irakaskuntza ez-arautua ematen duten akademiak, autoeskolak barne.

d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.

e) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

f) Mugakide diren lurraldeetako finantza eta aseguru entitateetara edo gasolina-zerbitzuguneetara joatea.

g) Organo publikoen, judizialen edo notarioen aurrean eskatutako jarduketak edo presakoak egitea.

h) Baimenak eta agiri ofizialak berritzea, bai eta atzeratu ezin diren beste administrazio-izapide batzuk ere.

i) Atzeratu ezin diren azterketa edo proba ofizialak egitea.

j) Honakoetan parte hartzen duten kirol taldeak, kirolariak, teknikariak eta arbitroak:

–Estatuko txapelketa ofizial ez-profesionalak eta Espainiako kirol federazioen menpeko nazioarteko txapelketak. Haiei aplikatuko zaie Kirol Kontseilu Gorenak Estatuko 2020-2021eko denboraldiko txapelketa ofizial ez-profesionaletara itzultzeko prestatu duen jarduteko protokoloa.

–Autonomia erkidegoen arteko txapelketa ofizialak.

Horrez gain, maila eta errendimendu handiko kirolariak, apartatu honetan aipatzen diren txapelketa ofizialak prestatzeko kontzentrazioetan parte hartzen dutenak.

k) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

l) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatuta.

2. Udal-mugartea gurutzatzen duten errepideetan eta bideetan zirkulatzea baimenduta dago, baldin eta bidaiaren jatorria eta destinoa horretatik kanpo badaude.

3. Foruzaingoaren lankidetza eskatzen da, Estatuko segurtasun kidego eta indarrekin eta udaltzaingoekin koordinaturik, Lehendakariaren foru dekretu honetan ezarritako neurriak betearazi eta zaintzeko helburuarekin.

2. artikulua. Neurrien indarra.

Foru dekretu honetan aurreikusten diren neurriak 2021eko martxoaren 26tik apirilaren 8ra arte egonen dira indarrean, bi egun horiek barne, eta uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2021eko martxoaren 26an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 25ean.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2104902