67. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LESAKA

Administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Lesakako Udalak, 2020ko abenduaren 23an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Administrazio Elektronikoa arautzen duen ordenantza. Hasierako onespen hori argitaratu zen 2021eko 5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 11n.

Jendaurreko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onesten da, eta testu osoa argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluarekin (urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatua).

Lesakan, 2021eko martxoaren 3an.–Alkatea, Ladis Satrustegui Alzugaray.

UDAL ORDENANTZA, ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Hainbat aldaketa teknologiko oso esanguratsu izan da azken urteotan, eta horrek teknologia berrien eta telekomunikazioen oldarra ekarri du. Administrazio publikoei dagokienez, aldaketa horiek ekarri dute aipatu teknologiak haien eguneroko funtzionamenduan sartu beharra, bai barneko ikuspuntutik bai administrazio publikoarekin harremanetan jartzen den herritarrari begira.

Gure ordenamendu juridikoak horri buruzko aginduak jaso ditu, pixkanaka. Hartara, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 45. artikuluak ezartzen duenaren arabera, administrazio publikoek honako hau dute betebehar: “teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera eta aplikazioa bultzatzea”, beren jarduera garatzeko eta beren eskumenak betetzeko.

Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurriei buruzko abenduaren 16ko 57/2003 Legeak 70. bis artikulua erantsi zuen Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legean. Artikulu horren 3. apartatuak agindu bat jasotzen du, batik bat udalerriei zuzendua, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera elkarreragilea bultzatzeko, bizilagunen parte hartzea eta haiekiko komunikazioa erraztearren, agiriak aurkeztearren, eta administrazio-izapideak, inkestak eta, hala badagokio, herri galdeketak egitearren.

Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen bidez, administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eskubidea aitortzen zaie herritarrei, eta administrazio publikoak behartzen dira informazioaren teknologiak erabiltzera lege honetan ezarritakoarekin bat, betiere segurtatuz beren eskumenen barnean kudeatzen dituzten datu, informazio eta zerbitzuen irisgarritasuna, osotasuna, benetakotasuna, konfidentzialtasuna eta kontserbazioa.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen arautze berria urrats erabakigarria da Administrazio modernoa eta informazioaren gizartean erabat integratua lortzeko bidean. Paradigma berri bat proposatzen du herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanetarako, komunikabide elektronikoen erabilera izanda horren erregulazioaren oinarri.

Legezko xedapen honen ardatz nagusia da onartzea herritar guztiek badutela eskubidea Administrazio Publikoekin harremanak bitarteko elektronikoen bidez izateko, eta azken horiek behar bezala egokitu beharra dutela, eskatzen diren berme guztiekin gauza dadin eskubide hori.

Lesakako Udalak, bere kabuz antolatzeko eta erregelamenduak egiteko duen ahalmena erabiliz, oharturik informazioaren eta komunikazioaren teknologiak pertsonen eguneroko bizitzan aldaketa sakonak sortzen ari direla, eta egungo arau-esparrua den Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako helburua eta printzipioak betetzeko, beharrezkotzat jotzen du ordenantza bat onestea udal honen esparruan administrazio elektronikoaren erabilera hori arautzeko, araudi berrian jasotako oinarrizko alderdien barnean.

Halaber, ordenantza hau Udalbatzak informazioaren gizartea sustatzeko arloan bultzaturiko estrategiaren gailurra da, bai eta aurrerapausoa ere, benetako administrazio elektronikoa pixkanaka ezar dadin; izan ere, azken horrek batez ere izan behar baitu irisgarria, erraza, erabilgarria, erosoa, arina, segurua, konfidentziala eta ingurune teknologiko berrietara egokitua.

Hori oinarri hartuta, beharrezko elementu eta zerbitzu guztiak ezartzen dira, herritarrek udal honekiko harreman guztietan bide elektronikoa erabil dezaten, administrazio prozedurak telematika bidez egiteko pixkanakako prozesua osatu arte.

Ordenantzak honako egitura hau du: bost titulu, hiru xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta lau azken xedapen.

Atariko tituluan definitzen dira ordenantzaren xedea eta aplikazio eremua, eta administrazio elektronikoaren printzipio orokorrak.

Lehenbiziko tituluan jasotzen dira herritarrek administrazio elektronikoaren arloan dituzten eskubideak, eta zerbitzu elektronikoetarako irispidea izateko sistemak.

Bigarren titulua, ordenantzaren eduki nagusia jasotzen duena, administrazio elektronikoaren araudi juridikoari buruzkoa da; bertan, besteak beste, funtsezko alderdi hauek arautzen dira: Udalaren egoitza elektronikoa, haren edukia eta herritarren eskura jarri beharreko informazioa adieraziz, herritarren eta administrazio honen identifikazio-sistemak, Udalaren erregistro elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen betekizunak eta eraginkortasuna.

Hirugarren titulua agiri eta artxibo elektronikoei buruzkoa da.

Laugarren tituluak beste administrazio publikoekiko harreman elektronikoak ditu xede.

Bosgarren tituluan administrazio prozedura elektronikoa arautzen da.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honek baliabide elektronikoen erabilera arautzen du Lesakako udal administrazioaren esparruan, herritarrek aukera izan dezaten Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aitortzen zaizkien eskubideak erabiltzeko; horretaz gainera, administrazio elektronikoa eraginkortasunez ezartzea ere arautzen du.

2. Horren ondorioz, honako hau da ordenantzaren xedea:

–Zehaztea beharrezko printzipio orokorrak administrazio elektronikoa Lesakako Udalaren esparruan garatzeko, arlo honen gainean eskumena duen erkidegoko eta Estatuko legedian xedatuarekin bat.

–Ezartzea herritarraren eta udal administrazioaren artean baliabide elektronikoen bitartez ezartzen diren harremanak arautzeko eskubideak eta betebeharrak.

–Arautzea bitarteko elektronikoak erabiltzeko baldintzak eta horren ondorioak, administrazio jardueraren eremuan eta, bereziki, administrazio prozedurak izapidetzean.

2. artikulua. Aplikazio eremu subjektiboa.

1. Ordenantza aplikatuko zaie udal administrazioa osatzen duten organo eta langile guztiei, eta haren mendeko entitate eta erakundeei, zuzenbide publikoaren araubideari jarraikiz jarduten dutenei.

Lesakako Udalak bultzatuko du ordenantza hau bete dezaten bere ordezkariak dauden erakunde eta entitate guztietan, administrazio ahalak gauzatzen dituztenean.

2. Herritarrei ere aplikatu ahalko zaie ordenantza (halakotzat hartuz pertsona fisiko eta juridiko guztiak), Lesakako Udalarekin edo aurreko 1. apartatuan adierazitako entitate eta erakundeekin baliabide elektronikoen bidezko harremanak dituztenean, bai eta gainerako administrazio publikoei ere, Lesakako Udalarekin harremanetan jartzean.

3. artikulua. Aplikazio eremu objektiboa.

1. Ordenantza aplikatuko da udal administrazioak parte hartzen duen jardueretan, baliabide elektronikoen bidez egiten direnetan, eta, zehatz-mehatz, honako hauetan:

–Herritarren eta udal administrazioaren arteko harreman juridiko-administratiboetan.

–Herritarrak udal administrazioaren eskuan dagoen informazio publiko administratiboaren eta datu administratiboen kontsulta egitean.

–Izapidetze elektronikora gehituriko administrazio izapide eta prozedurak egitean, ordenantza honetan ezarri bezala.

–Udal administrazioak bere ahalmenak erabiliz eskuratutako informazioaren trataeran.

2. Ordenantza honetan ezarritako printzipioak honako hauetan aplikatuko dira halaber:

–Udal administrazioaren eta gainerako administrazio publikoen arteko baliabide elektronikoen bidezko harremanetan.

–Herritarren eta udal administrazioaren arteko komunikazioetan, administrazio-zuzenbideari ez lotuetan.

–Abisu eta gorabeherak jakinaraztean, kexak aurkeztean, iradokizunak egitean, udal organoei galderak egitean, eta berariaz arautu gabeko eskaera eta bestelako parte-hartzeetan.

II. KAPITULUA

Printzipio orokorrak

4. artikulua. Administrazio elektronikoaren printzipio orokorrak.

Udal administrazio honen jarduketak, oro har, eta administrazio elektronikoa bultzatzeari buruzkoak, bereziki, bete beharko du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa, bai eta honako printzipio orokor hauek ere:

–Herritarrendako zerbitzuaren printzipioa; izan ere, informazioa, izapideak eta prozedurak administrazio elektronikoaren esparrura ekartzea sustatuko du, bere jarduera herritarrei hurbildu ahal izateko, eta interes orokorra lortzeko etengabeko hobekuntza bultzatuko du.

–Sinplifikazio administratiboaren printzipioa; izan ere, administrazio elektronikoaren teknikak erabiltzeak dakarren eraginkortasuna aprobetxatuko du, bereziki, garrantzizkotzat jotzen ez diren izapide eta jarduketak ezabatuz eta prozesu eta prozedura administratiboak birdiseinatuz, aplikatu beharreko araudiaren arabera, informazioaren eta komunikazioaren teknologietatik etorritako aukerak ahalik eta hobekien erabiliz, administrazio jarduera eraginkorragoa izan dadin, betiere legezko bermeak izanik bere eginkizunetan.

–Bitarteko elektronikoak bultzatzeko printzipioa; izan ere, pizgarriak ezarriko ditu herritarren artean bitarteko elektronikoen erabilera bultzatzeko.

–Neutraltasun teknologikoaren printzipioa: ordenantza honetan araututako jardueren gauzatzea bermatuko du, zein diren ere erabiltzen diren tresna teknologikoak. Garapen teknologikoak berak eta teknologien gizarteratzeak erakutsiko dute une bakoitzean zein diren bitarteko teknologiko egokienak.

–Elkarreragingarritasun printzipioa: elkarreragingarritasunaren estandarren erabilera bermatuko du eta begiratuko du erabiltzen diren informazio sistemak bateragarriak izan daitezen herritarrenekin eta beste administrazioenekin, honako irizpide hauek kontuan hartuta: segurtasuna, egokitasun teknikoa eta baliabide ekonomia. Udal administrazioak kode irekiko softwarearen erabilera sustatuko du administrazio elektronikoan.

–Datuen konfidentzialtasunaren, segurtasunaren eta babesaren printzipioa: ildo horretan, herritarraren datuen konfidentzialtasunaren babesa eta segurtasuna bermatuko ditu, datuen babesari buruzko araudian eta herritarren datuen konfidentzialtasuna babesteari buruzko gainerako arauetan zehaztutako baldintzetan. Bereziki babestuko dira herritarren datu pertsonalak eta udal administrazioa osatzen duten departamentu eta entitateek erabili behar duten informazio komuna; horiek datuak komunikatzeko betebeharra izanen dute, informazio hori behar bezala dokumentatua eta eguneratua egon dadin.

–Gardentasunaren eta publizitatearen printzipioa: bitarteko elektronikoen erabileran, sustatuko du prozeduraren jarduketa administratiboek ahalik eta zabalkunde, publizitate eta gardentasun handienak izan dezaten, bai eta bere artxiboetan jasotakoak ere, bat etorriz gainerako ordenamendu juridikoarekin eta ordenantza honetan ezarritako printzipioekin.

–Eraginkortasun, efizientzia eta ekonomia printzipioak, baliabide elektronikoak udal administrazioan ezartzean. Bereziki, honako irizpide hauei jarraituz eginen da:

• Ukitutako udal zerbitzuek herritarrengan duten eragina eta horien erabilera.

• Zein populazio sektoreri zuzentzen zaien.

• Zerbitzuaren prestazioarekin lor daitezkeen hobekuntzak.

• Herritarrekiko harreman sistemak integratzea gainerako antolakuntzarekin eta udal informazio sistemekin.

• Epeak eta erantzuteko denborak murriztea.

• Eskatzen den ahalegin teknikoaren, antolamenduzkoaren eta ekonomikoaren maila, eta lan-zama banaketaren eta barneko komunikazioen arrazionalizatzea.

• Teknologien heldutasuna eta eskuragarritasuna.

–Lankidetzaren printzipioa: herritarrekiko zerbitzua eta kudeaketaren efizientzia hobetzeko helburuarekin, udal administrazioak hitzarmenak, akordioak eta kontratuak eginen ditu elkargo profesionalekin, elkarteekin eta beste entitate batzuekin, haien bazkide eta bezeroekiko harremana errazteko.

–Parte-hartzearen printzipioa: bitarteko elektronikoen erabilera bultzatuko du parte-hartze eskubideak gauzatzeko, batik bat honako eskubide hauek: eskaera egitea, entzunaldia eta informazio publikoa izatea, herritarren ekimena, kontsulta eta abisuak, kexak, erreklamazioak eta iradokizunak aurkeztea. Halaber, udal administrazioak eztabaida publikoa eta ideien eta iritzien adierazpena bultzatuko ditu, baliabide elektronikoen berezko hainbat tresnaren bitartez, kontuan hartuz fede onaren eta erabilera arduratsuaren printzipioak.

5. artikulua. Informazio administratibo elektronikoa zabaltzeko printzipio orokorrak.

Interes orokorreko informazio administratiboaren eta udal administrazioak jendaurrean jarri beharreko informazioaren baliabide elektronikoen bidezko zabalkundea honako printzipio hauen arabera eginen da:

–Irisgarritasun eta erabilgarritasunaren printzipioa: izan ere, herritarren intereseko informazioa modu erraz, seguru eta ulergarrian lortzea ahalbidetzen duten sistema soilak erabiliz, irizpide bateratuak erabiltzea informazioa bilatu eta ikusteko, informazioaren hedapena ahalik eta hobekien egin ahal izateko, nazioarteko eta Europako irizpide eta estandarrei jarraikiz irisgarritasunaren eta agirien tratamenduaren arloan. Udal administrazioak desgaitasunak edo zailtasun handiak dituzten herritarren eskura jarriko ditu pertsona horiek Administrazioaren inguruko informazioa bitarteko elektronikoen bidez lortzeko beharrezko diren baliabideak, orokorrean aitorturiko irizpide eta estandarrei jarraikiz.

–Osotasunaren eta zehaztasunaren printzipioa: udal administrazioak, informazioa bitarteko elektronikoen bidez lortzen denean, bermatuko du dokumentuak paperean edo jatorrizko dokumentua egin den euskarrian duen eduki berdin-berdina izatea. Informazioa formatu elektronikoan edukitzeak ez du galarazi edo zaildu behar bulego publikoetan aurrez aurre egiten den harrera edo beste bitarteko tradizional batzuen bidez egiten dena.

–Eguneratze printzipioa. Udal administrazioko organoek eguneratua izanen dute kanal elektronikoen bitartez eskuragarria den informazio administratiboa. Argitalpen elektronikoetan eguneratze datak azalduko dira.

–Kontsulta irekiaren printzipioa, irispide unibertsal eta irekiko informazio-baliabideei dagokienez, legezko xedapenekin bat guztion eskura egon beharreko informazio administratiboa lortzea bermatzeko, inolako aurretiazko identifikaziorik eskatu gabe.

–Datu pertsonalak babesteko bermearen printzipioa. Une bakoitzean eskura dagoen teknologia baliatzera behartzen du, datu pertsonalen babesak berez dakartzan eskubideak bermatzeko, bai eta segurtasun neurriak bermatzera ere, helburuak edo adostasunak babestu gabeko trazabilitate pertsonal oro galarazteko.

6. artikulua. Administrazio prozedura elektronikoaren printzipio orokorrak.

Udal administrazioaren esparruan, izapide administratiboak modu elektronikoan eginen dira printzipio orokor hauen arabera:

–Bitarteko elektronikoak erabiltzeagatik ez diskriminatzearen printzipioa. Baliabide elektronikoak erabiltzeagatik ez dute diskriminazio edo murrizketarik jasanen herritarrek udal administrazioarekin dituzten harremanetan. Ildo horretan, Administrazioarekiko komunikazio elektronikorako sistemak lege maila duen arau batek halaxe zehazten duenean soilik izanen dira nahitaezkoak eta esklusiboak administrazioen arteko harremanetan, zergazko harreman juridikoetan eta lotura bereziko harremanetan, aplikatu beharreko arau juridikoen arabera.

–Administrazio prozedura eta agirien trazabilitatearen printzipioa. Trazabilitate sistema eta prozedura egokiak eta ulergarriak ezarriko dira, herritarrek noiznahi eta bitarteko elektronikoen bidez izapidetzearen egoeraren berri nahiz prozedura eta administrazio agirien historiaren berri izan dezaten, horrek deusetan galarazi gabe behar diren baliabide teknikoak aplikatzea ukituriko pertsonen intimitatea eta datu pertsonalen babesa bermatzeko.

–Bitartekoen intermodalitatearen printzipioa. Horren arabera, ordenantza honetan eta hura garatzen duten arauetan ezarri bezala, bitarteko baten bidez hasitako prozedurak beste baten bidez segitu ahalko du, baldin eta prozedura osoaren osotasuna eta segurtasun juridikoa segurtatzen badira. Izapidetze elektronikora gehitutako izapide eta prozedurak gehitze prozesuan zehaztutako kanal eta bitarteko elektronikoen bidez egiten ahalko dira, ordenantzaren hamargarren kapituluan ezarritakoarekin bat.

–Proportzionaltasun printzipioa. Izapide eta jarduketa bakoitza eta haren inguruabarrak nolakoak, haien araberakoak baizik ez dira izanen eskatzen diren berme eta segurtasun neurriak, eta helbururako behar-beharrezkoak diren datuak soilik eskatuko zaizkio herritarrei.

7. artikulua. Administrazioen arteko lankidetza bultzatzeko eta sustatzeko printzipio gidariak, administrazio elektronikoaren arloan.

Udal administrazioaren esparruan, administrazio arteko lankidetza printzipio orokor hauen araberakoa izanen da:

–Administrazioen arteko lankidetzaren eta elkarlanaren printzipioa. Udalak, gainerako administrazio publikoekin batera, behar diren hitzarmen eta akordio guztiak sinatzea bultzatuko du, bereziki ordenantza honetan jasotzen diren aurreikuspenak gauza eta aplika daitezen, besteak beste, estandar teknikoak finkatzea eta informazioa, datuak, prozesuak eta aplikazioak trukatu eta partekatzeko mekanismoak ezartzea helburu dutenak. Udalak argitara emanen ditu gainerako administrazio publikoekin arlo horretan sinatutako hitzarmenak.

–Irispide eta eskuragarritasun mugatuaren printzipioak. Udal administrazioak beste administrazio publikoei aukera emanen die herritarren gainean euskarri elektronikoan dituen datuetan sartzeko, eta datu horietan segurtasun eta osotasun berme handienekin sartzeko beharrezko baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak zehaztuko ditu, honako hauetan zehaztutakoaren arabera: Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta hura garatzen duen araudia. Datu horien eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da gainerako administrazio publikoek herritarrei eskatzen dizkieten datuetara, halakoak behar dituztenean, dagokien araudiaren arabera administrazio horiek eskumenekoak dituzten prozedurak eta jarduketak izapidetu eta ebazteko. Datu pertsonalen kasuan, interesdunen adostasuna izanen da datu horietara sarbidea izateko baldintza, jadanik aipatutako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren baldintzetan, edo lege mailako arau batek ezarritako baldintzetan, salbu eskatutako datu edo agiriei aplikatzen ahal zaizkien arauen arabera murriztapenik bada. Bitarteko elektronikoen bidez egin eta jasotzen ahalko da adostasun hori.

I. TITULUA

Herritarraren eskubide eta betebeharrak
administrazio elektronikoari dagokionez

8. artikulua. Herritarraren eskubideak administrazio elektronikoaren esparruan. Laguntza elektronikoa emateko Udalak duen betebeharra.

1. Ezertan ukatu gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 14. eta 53. artikuluetan zerrendatutako eskubideak, honako eskubide hauek dituzte herritarrek administrazio elektronikoan sarbidea izateaz eta erabiltzeaz den bezainbatean:

–Udal administraziora jotzeko baliabide elektronikoen bitartez, agiriak aurkeztu, informazioa jasotzeko, kontsultak egin eta alegazioak aurkezteko, eskabideak egiteko, adostasunak eta nahikundeak adierazteko, ordainketak egiteko, tramite eta prozedurak egiteko eta, oro har, antolamendu juridiko administratiboak aitortzen dizkien eskubide eta ahalmenak erabiltzeko, segurtasun eta baliozkotasun osoarekin.

–Udal administrazioari eskatzeko baliabide horien bitartez komunika dadila beraiekin, eta dokumentuak eskuratzeko, formatu elektronikoen bidez.

–Udal administrazioak dituen datu eta agiriak ez aurkezteko.

–Kalitatezko eduki elektronikoak, eskuragarriak, gardenak eta ulergarriak izateko.

–Bitarteko elektronikoen bidez sarbidea izateko informazio administratibo, erregistro eta artxiboetara.

–Administrazio elektronikoa izateko eta erabiltzeko eskubidea, erabilitako tresna teknologikoak direnak direlarik, urritasun fisiko, psikiko eta sentsoriala izan arren, eta erabiltzeko prestakuntza eta laguntza jasotzeko eskubidea.

–Udalaren kudeaketa hobetzeko prozesuetan bitarteko elektronikoen bidez parte hartzeko eskubidea, eta egindako eskabide eta kontsulten erantzuna jasotzeko.

–Datu pertsonalen konfidentzialtasuna eta babesa izateko, bai eta datuen babeserako araudiak ematen dizkion gainerako eskubideak izateko ere; bereziki emandako informazio pertsonala beste helburu batzuetarako ez erabiltzeko eskubidea.

–Udal administrazioarekiko komunikazioen pribatutasuna eta segurtasuna izateko, bai eta Udalak egin ditzakeen komunikazioena ere, horietan herritarren datuak agertzen badira.

–Bitarteko elektronikoen bidez emaniko zerbitzu publikoen kalitaterako.

–Prozeduren izapidetze egoera bitarteko elektronikoen bidez jakiteko, baldin haietan interesdun badira, aplikatu beharreko araudiak haiei buruzko informaziora sarbidea izateko mugak ezartzen dituenean izan ezik.

–Prozedura osatzen duten agiri elektronikoen kopia elektronikoak eskuratzeko, prozedura horretan interesdun direnean.

–Espediente baten barnean dauden dokumentu elektronikoak udal administrazioak formatu elektronikoan kontserbatzeko.

2. Eskubide horiek erabiliko dira aplikatzekoa den araudian eta ordenantza honetan ezarritakoari jarraituz.

3. Bereziki udalak interesdunei bermatuko die bitarteko elektronikoen bidez izan dezaketela harremana administrazioarekin. Horretarako, haien esku jarriko dituzte beharrezko diren sarbide-kanalak eta kasu bakoitzerako erabakitzen diren sistemak eta aplikazioak.

4. Udalak bitarteko elektronikoak erabiltzeko laguntza emanen die administrazio publikoekin elektronikoki erlazionatzeko betebeharrik ez duten interesdunei, hala eskatzen badute; batez ere, identifikazioari eta sinadura elektronikoari, eskaerak erregistro elektroniko orokorraren bidez aurkezteari eta kopia autentikoak lortzeari dagokionez.

Halaber, interesdun horietakoren batek ez badauzka behar diren bitarteko elektronikoak, funtzionario publiko batek egin dezake, balio osoz, hura administrazio-prozeduran identifikatzeko edo sinadura elektronikoa emateko izapidea, funtzionarioak berak erabil dezakeen sinadura elektronikoko sistemaren bitartez. Kasu horretan, behar den baliabide elektronikorik ez daukan interesdunak bere burua identifikatu egin beharko du funtzionarioaren aurrean, eta adostasun espresua eman hala jarduteko; hala jasota geratu beharko du desadostasuna edo auzia gertatzen den kasurako.

9. artikulua. Herritarraren betebeharrak bitarteko elektronikoen bidez egindako administrazio harremanen esparruan.

1. Administrazio jardueran eta udal administrazioarekiko harremanetan baliabide elektronikoak erabiltzean, herritarrak eginbehar hauek ditu administrazio elektronikoaren informazioaren, komunikazioen, prozesuen eta aplikazioen funtzionamendu egokia eta kudeaketa bermatu beharrez:

–Administrazio elektronikoaren zerbitzu eta prozedurak borondate onaren printzipioaren arabera erabiltzea.

–Administrazio elektronikoari dagokionez, udal administrazioari informazio egiazko, oso eta zehatza ematea, zertarako eskatzen den, horrexen araberakoa.

–Bere nortasuna adieraztea baliabide elektronikoen bidez udal administrazioarekin harremanak izatean, horiek hala eskatzen dutenean.

–Zaindu beharra bitarteko elektronikoen bidez Udalarekin administrazio harremanak izatean erabiltzen dituen elementu identifikagarri pertsonal eta besterenezinak.

–Errespetatzea pribatutasunerako, konfidentzialtasunerako eta segurtasunerako eskubideak, bai eta datuen babesaren arloko gainerako eskubideak ere.

2. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluak honako hau ezartzen du: pertsona fisikoek noiznahi erabaki dezakete beren eskubideak eta betebeharrak baliatzeko administrazio publikoekin komunikatzean bitarteko elektronikoak erabili edo ez, non eta ez dauden behartuak administrazio publikoekiko harremana bitarteko elektronikoen bidez izatera. Pertsona bakoitzak noiznahi aldatu ahalko du Udalarekin komunikatzeko aukeratu bidea.

Nolanahi ere, administrazio-prozedura baten edozein izapidetarako, administrazio publikoekin harremana bitarteko elektronikoen bidez izatera behartuak egonen dira honako subjektu hauek, gutxienez:

–Pertsona juridikoak.

–Nortasun juridikorik gabeko entitateak.

–Nahitaez elkargokide egitea eskatzen duen lanbide-jardueraren bat egiten dutenak, administrazio publikoekin lanbide-jarduera hori gauzatzean egiten dituzten izapide eta jarduketetarako. Betiere talde horren barnekotzat joko dira notarioak, jabetza-erregistratzaileak eta merkataritzako erregistratzaileak.

–Administrazioarekiko harreman elektronikoa izatera behartuta dauden interesdunen ordezkariak.

–Administrazio publikoetako langileak, enplegatu publiko izateagatik haiekin egiten dituzten tramite eta jarduketetarako, administrazio bakoitzak erregelamendu bidez zehaztu bezala.

Udalak ezarri ahalko du nahitaezkoa dela bitarteko elektronikoen bidez jartzea harremanetan, bai prozedura batzuetarako, bai eta, beren gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo egiaztaturiko beste arrazoiren batengatik, behar diren bitarteko elektronikoez baliatzeko aukera duten pertsona fisikoen zenbait kolektiborentzat ere.

3. Udal administrazioak begiratuko du betebehar horiek betetzen direla, aplikatzekoa den araudian jasotzen denaren eta ordenantza honetan ezartzen denaren barrenean.

10. artikulua. Zerbitzu elektronikoetarako sarbide-sistemak.

Udal administrazioak bermatuko du herritarrak zerbitzu elektronikoetan sartzea, hainbat kanaletako sistemaren bidez, eta honako baliabide hauekin gutxienez:

–Aurrez aurreko harrerarako zehazten diren bulegoak: herritarraren eskura jarriko dituzte ordenantza honetan aitortzen diren eskubideak erabiltzeko baliabide eta tresnak, libreki eta dohainik, eta laguntza eta orientabidea eman beharko dute haien erabileraz, dela kokatuta dauden bulegoetako langileek emanda dela baliabide edo tresnari berari gehitutako sistemen bidez.

–Sarbide-puntu elektronikoak: organo eta erakunde eta mendeko entitateek sortu eta kudeaturiko egoitza elektronikoak dira, herritar guztien eskura daudenak, komunikazio sareen bidez.

–Hona hemen sarbide-puntua, haren bidez, herritarrak, udal administrazioarekin eta bere erakunde eta entitateekin dituen harremanetan, dagoen informazio guztia eta eskura dauden zerbitzu guztiak eskuratu ahal izateko: https://sedeelectronica.lesaka.net.

II. TITULUA

Administrazio elektronikoaren araubide juridikoa

I. KAPITULUA

Egoitza elektronikoa

11. artikulua. Egoitza elektronikoa.

Egoitza elektronikoa telekomunikazio sareen bidez herritarren eskura dagoen helbide elektronikoa da eta bere titularra toki entitate hau da edo, hala badagokio, haren mendeko entitatea.

Egoitza elektroniko bakarra egonen da udal honetako organo guztietarako, eta hor sar daitezke entitate eta erakunde publikoak zein haren mende dauden kapital erabat publikoko tokiko sozietateak eta sozietate mistoak.

Egoitza elektronikoak honako printzipio hauek bete behar ditu: gardentasuna, publizitatea, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, erabilgarritasuna, eskuragarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.

12. artikulua. Egoitza elektronikoa sortzea.

Organo eskudunaren ebazpen edo erabakiaren bidez sortuko da egoitza elektronikoa. Dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko da, eta gutxienez honako eduki hauek izanen ditu: Egoitza aplikatzeko eremua; gutxienez Lesakako Udalaren berezkoa izanen da, eta, halaber, bere mendeko entitate, erakunde eta sozietateak bil ditzake.

a) Egoitzaren erreferentziazko helbide elektronikoaren identifikazioa.

b) Titularraren identifikazioa, egoitza elektronikoa kudeatu eta administratzeko organoa edo organoak, eta herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak.

c) Egoitzan eskura dauden zerbitzuetarako sarbide-kanalen identifikazioa, zehaztuz, behar denean, aipatutakoez gain zerbitzuok erabiltzeko zer telefono eta bulego dauden.

d) Iradokizunak eta kexak egiteko bitartekoak.

e) Egoitza zuzen identifikatzeko eta haren fidagarritasuna bermatzeko komenigarritzat jotzen den beste edozein inguruabar.

Egoitza elektroniko nagusitik eratorritako egoitza elektroniko bat edo batzuk (azpiegoitzak) sor daitezke. Egoitza nagusiaren helbide elektronikotik iristen ahalko da egoitza elektroniko eratorrietara, nahiz eta posible izan zuzeneko sarbide elektronikoa izatea. Egoitza elektroniko eratorriek egoitza elektroniko nagusiaren baldintza berak bete beharko dituzte, salbu hura sortzeko ebazpen edo erabakia argitaratzeari dagokionez, haien egoitza nagusian argitaratuko baita.

13. artikulua. Egoitza elektronikoen ezaugarriak.

1. Jarduketak, prozedurak eta zerbitzuak egoitza elektronikoaren bidez eginen dira, beharrezkoa denean toki entitateak, beste administrazio publiko batzuek edo herritarrek bitarteko elektronikoekin autentifikatzea. Halaber, organo eskudunak zerbitzuen eraginkortasunaren eta kalitatearen mesederako ezartzen dituen jarduketak, prozedurak eta zerbitzuak egiten ahalko dira, bai eta kontratistek eta emakidadunek emandako zerbitzuak ere, dagozkion kontratu agirietan ezarritako baldintzetan.

2. Egoitza elektronikoaren bidez lor daitezkeen zerbitzuen eta informazioaren osotasuna, egiazkotasuna eta eguneratzea bermatu behar dira.

3. Egoitza elektronikoetan informazioak, zerbitzuak eta transakzioak argitaratzean, irisgarritasunaren eta erabilgarritasunaren printzipioak errespetatuko dira, bat etorriz horri dagokionez ezarritako arauekin, estandar irekiekin eta, hala behar badu, herritarrek erabili ohi dituztenekin.

4. Egoitza elektronikoak komunikazio seguruak ezartzea ahalbidetzen duten sistemak izanen ditu, baldin eta beharrezkoak badira.

5. Egoitza elektronikoek webgunea autentifikatzeko ziurtagiri aitortuak edo kualifikatuak edo horien baliokidea erabiliko dituzte beren burua identifikatzeko eta haiekin komunikazio segurua bermatzeko.

6. Egoitza elektronikoko zerbitzuak egunaren 24 orduetan eta urteko egun guztietan egonen dira erabiltzeko moduan. Arrazoi teknikoak direla-eta aurreikusten bada egoitza elektronikoa edo haren zerbitzuetako bat beharbada ez dela egonen erabiltzeko moduan, horren berri eman beharko zaie erabiltzaileei, ahalik eta azkarren, adierazita zein diren kontsultatzeko eskura dauden ordezko bitartekoak.

7. Lesakako Udalaren egoitza elektronikoak Espainiako data eta ordu ofizialei eusten die.

14. artikulua. Egoitza elektronikoetan identifikatzeko baldintzak eta haien komunikazioen segurtasuna.

1. Lesakako Udalaren eta harekin lotutako edo haren mendeko erakunde publikoen helbide elektronikoak egoitza elektroniko badira, erabat argi eta garbi adierazi beharko dute hori.

2. Egoitza elektronikoak eskuragarri izanen du bera sortzeko erabilitako tresna, zuzenean edo dagokion aldizkari ofizialari lotutako estekaren bidez.

3. Egoitza elektronikoen euskarri diren informazio sistemek esku artean duten informazioaren konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta osotasuna ziurtatu beharko dituzte, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalari eta Segurtasun Eskema Nazionalari jarraikiz.

15. artikulua. Egoitza elektronikoaren edukia.

1. Egoitza elektroniko orok gutxienez honako eduki hauek izanen ditu:

a) Egoitzaren identifikazioa, erreferentziazko helbide elektronikoa zehaztuta.

b) Egoitzaren titular den organoaren (edo organoen) identifikazioa, eta kudeatzeko eta administratzeko ardura dutenena.

c) Egoitza sortzeko ebazpen edo erabakia, eta, halakorik bada, eratorritako azpiegoitzena.

d) Egoitzaren esparru subjektiboa eta, halakorik bada, eratorritako azpiegoitzena.

e) Egoitza behar bezala erabiltzeko beharrezko informazioa, barnean dela egoitza elektronikoaren mapa edo horren baliokidea den informazioa, zehazturik nabigazio egitura eta eskuragarri dauden atalak, bai eta jabetza intelektualarekin lotutako informazioa ere.

f) Egoitza zuzen erabiltzeko aholkularitza zerbitzuak, bai elektronikoak bai telefonikoak.

g) Egoitzako ziurtagiriak egiaztatzeko sistema; zuzenean eta doan eskuragarri egon beharko da.

h) Egoitzan onartu edo erabilitako sinadura elektronikoko sistemen zerrenda.

i) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa, barnean dela Datuak Babesteko Espainiako Bulegoaren egoitza elektronikoaren esteka.

j) Toki entitatearen eta haren mendeko erakundeen organo, zentro eta unitate administratiboak identifikatzeko kodeen zerrenda eguneratua.

k) Agiriak elektronikoki aurkezteko laguntza ematen duten bulegoen zerrenda eguneratua, direktorio geografikoa izanen duena interesdunak identifika dezan erregistro arloko laguntza-bulego hurbilena.

l) Data eta ordu ofiziala adieraztea.

2. Egoitza elektronikoak honako hauek izanen ditu herritarren eskura:

a) Lesakako Udalaren eta hari lotuta edo haren mende dauden entitate eta erakundeen sarbide-puntu nagusi elektronikoa.

b) Herritarrak Udalarekin komunikatzeko duen eskubideaz baliatzean erabiltzen ahal dituen bitarteko elektroniko, telefoniko eta buruz burukoen zerrenda.

c) Kasu bakoitzean eskumena duten organoei iradokizunak eta kexak adierazteko esteka.

d) Eskabide ereduak.

e) Erregistro orokor elektronikoa sortzeko ebazpen, erabaki edo xedapena.

f) Erregistro orokor elektronikoan has daitezkeen izapideen zerrenda eguneratua.

g) Egun baliogabeen zerrenda, erregistro elektronikoan epeak zenbatzeko aplikatzekoa.

h) Epeak luzatzea ekartzen duten gorabehera teknikoen identifikazioa.

i) Toki entitatearen eta haren mendeko erakundeen iragarki edo ediktuen taula elektronikoa (ediktuen taula), adierazita argitalpen elektronikoa ordezkoa edo osagarria den.

j) Sarbidea aldizkari eta egunkari ofizialen argitalpenera.

k) Jakinarazpen elektronikoen zerbitzua.

l) Interesdunak identifikatu eta sinatzeko sistemak.

m) Egoitza elektronikoan sartuta dauden organo edo erakunde publikoen zigilu elektronikoen zerrenda, ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak, horien emaileak eta egiaztatzeko neurriak zehaztuta.

n) Interesdunei bitarteko elektronikoen erabilerari buruz aholkularitza emateko eta kopia autentikoak egiteko gaitutako funtzionarioen erregistroa.

o) Toki entitatearen eta haren mendeko entitateen Gardentasun Ataria edo, halakorik ez bada, publizitate aktiboaren xede den informazioa, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearekin eta hura garatzeko araudiarekin eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin.

p) Kontratatzailearen profila.

q) Legez nahiz erregelamenduz eskatzen diren beste eduki, informazio edo zerbitzu batzuk.

r) Egoitzaren titular den organo arduradunak gehituriko beste eduki, informazio edo zerbitzu batzuk.

3. Aurreko apartatuetan aipatutako informazio eta zerbitzuak ez dira azpiegoitzetan jaso behar, baldin eta nagusi den egoitzan jasota badaude.

Udal honetako egoitza elektronikoek, betiere, ahalbidetuko dute beren eduki eta zerbitzuetarako sarbidea hizkuntza koofizialetan. Salbuetsita daude beste administrazio edo entitate publiko edo pribatuen edukiei dagozkien estekak, ez bada haiek bi hizkuntzetan emateko betebeharra daukatela.

16. artikulua. Ediktuen taula elektronikoa.

1. Ediktuen taula elektronikoan argitaratzen ahalko dira legezko nahiz erregelamenduzko xedapen baten ondorioz Udalaren ediktuen taulan argitara eman behar diren egintza eta komunikazioak, eta argitaratze hori ordezkoa edo osagarria izaten ahalko da.

2. Herritarrak ez du bere nortasuna egiaztatzeko sistema berezirik beharko sarbidea izateko ediktuen taula elektronikora.

3. Ediktuen taula elektronikoa Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

4. Ediktuen taula elektronikoak izanen ditu bere edukiaren egiazkotasuna, osotasuna eta eskuragarritasuna bermatzeko sistema eta mekanismoak. Bereziki, epeak kontatzeari dagokionez, ediktuen argitalpenaren data eta ordua egiaztatuko duen mekanismoa ezarriko da.

5. Ediktuen taula elektronikoa eskura egonen da egunaren 24 orduetan, urteko egun guztietan, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Arrazoi teknikoak direla-eta ediktuen taula elektronikoa ez dela ibiliko aurreikusten denean, erabiltzaileei horren berri emanen zaie behar den denboraz, adierazita zein diren taulan kontsultarako eskura dauden ordezko bitartekoak.

17. artikulua. Herritar karpeta.

1. Udalaren egoitza elektronikoak eremu bat izanen du, “herritarren karpeta” izenekoa; hartan, haren titularrak baizik ez du sarbidea izanen, eta horretarako nortasuna autentifikatu egin beharko du, egoitza elektronikoan sinadura elektroniko aitortuko sistemetariko bat erabiliz.

2. Herritar karpetaren bidez, pertsona fisikoek eta haien ordezkari erregistratuek sistema eta prozesu telematikoak erabiltzen ahalko dituzte komunikatzeko bitarteko gisa, besteak beste, honako zerbitzu hauetarako:

–Udal administrazioaren datu baseetan erregistraturik dagoen pertsonaren informazio partikularrean sarbidea izateko.

–Udal administrazioaren gaineko informazio orokorrean modu pertsonalizatuan sarbidea izateko.

–Administrazio eragiketak eta tramiteak egiteko, udal administrazioak ezari-ezarian herritarraren karpetan sartzen dituen prozedurei buruz.

3. Norbera herritarraren karpetaren erabiltzaile bilakatzen da hartarako sarbidea duenean eta erabiltzen duenean; izaera hori bereganatzeko, ulertzen da aurretik irakurri eta onartu direla Udalaren egoitza elektronikoan argitaraturiko arauak eta baldintzak. Herritar karpetan sartu eta erabiltzeak berarekin dakar erabiltzaileak espresuki, osorik eta erreparorik gabe onartzen dituela sartzeko unean egoitza elektronikoan erabiltzeko argitaraturik dauden arau eta baldintza guztiak.

4. Udalak herritarraren karpeta erabiltzeko arau eta baldintzak aldatzen baditu, aldaketaren berri eman beharko du egoitza elektronikoan. Herritarra ados ez badago herritarraren karpeta erabiltzeko arau eta baldintza berriekin, utzi beharko du udal administrazioarekin komunikatzeko baliabide hori.

18. artikulua. Egoitza elektronikoko edukietan sartzea.

1. Udalak, bere egoitza elektronikoan, agiri elektronikoak bilatzeko mekanismo egokia jarriko du herritarren eskura, aukera izan dezaten jada amaitutako administrazio prozedurei buruzko kontsultak egiteko.

Aplikatu beharreko araudia dela eta, agiri zehatz batek berehalako irispiderik ez duenean, herritarrak automatikoki sortzen ahalko du agiri horretarako irispidea izateko eskabidea, eta azken hori berehala bideratuko zaie agiriaz arduratzen diren Udalaren zerbitzuei.

2. Herritarrek, administrazio publikoei aplikagarri zaien araudiari jarraikiz, libreki kontsulta ditzakete Udalak pilatutako agiri elektronikoak, kontsultaren egunean amaituta dauden prozedurei buruzkoak. Aipatu kontsultarako eskubidea arduraz eta behar bezala erabiltzen dela bermatzeko, herritarrek Udalak zehaztutako baliabide elektronikoen bidez identifikatu beharko dute, jasota gera daitezen eskatzailearen nortasuna eta eskatu informazioa.

3. Agiri izendunak direnean, pertsonen intimitateari buruzko datuak dituztenean eta espedienteak amaitu gabe daudenean, kasu bakoitzean administrazio publikoei aplikatu beharreko araudian ezarritako baldintzak egiaztatzen dituztenek baino ez dute irispidea izanen. Kontsultarako eskubidea legez horretarako gaituta dauden herritarrek erabil dezaten bermatzeko, Udalaren zerbitzuek identifikatzeko eskatuko diete, ordenantza honetan aipatu identifikazio segururako edozein prozedura elektronikoren bidez.

4. Interesdunek, amaitu gabeko espedienteei buruzko informaziorako sarbidea izan nahi badute, beren herritar karpetaren bidez izanen dute sarbidea. Berehalako sarbidea izaten ahalko da espedientea osatzen duten agirietarako, horretarako aukera dagoenean ordenantza honetan xedatuaren arabera; bestela, agiri horretarako sarbidea izateko eskabidea sortzen ahalko du erabiltzaileak, eta azken hori berehala bideratuko zaie espedienteaz arduratzen den organo edo unitateari.

5. Sartzeko eskubidea ezin izanen da erabili administrazio publikoei aplikagarri zaien araudian halaxe ezarrita duten espedienteekin. Aplikagarri den araudiaren arabera, artxibo eta agirietarako sarbidea berariazko xedapen batzuei jarraikiz egin behar denean, indarreko legediak kasu bakoitzerako eskatzen dituen baldintzak egiaztatzen dituztenek baino ez dute horretarako aukerarik izanen.

6. Goiko paragrafoetan aipatzen ez den beste edozein informaziotarako, egoitzaren bidezko sarbidea librea izanen da herritar guztiendako, identifikatu behar izan gabe. Zehazki, herritar guztiek libre izanen dute sarbidea honako lege hauetan aipatzen den informaziorako: Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean.

Udalak pertsonalak ez diren datuak eskatu ahalko ditu bere egoitza elektronikoko informazioan sartzeko eragiketetan, estatistika ondorioetarako bakarrik edo Udalaren zerbitzuak hobetzeko; datu horien ekarpenak ez du inola ere baldintzatuko Udalaren informazioan sartzea.

19. artikulua. Segurtasuna.

1. Egoitza elektronikoaren segurtasuna bermatuko da, azaltzen den informazioaren egiazkotasuna eta osotasuna bermatzeko.

2. Egoitza elektronikoak komunikazio seguruak ezartzea ahalbidetzen duten sistemak izanen ditu, baldin eta beharrezkoak badira. Nolanahi ere, norbere burua identifikatzeko eta komunikazio segurua bermatzeko, webgunea autentifikatzeko ziurtagiri aitortuak edo kualifikatuak erabiliko dira, edo horien baliokidea.

3. Herritarrak udal administrazioarekin izanen duen harremana errazteko ematen dituen datuek, hala nola telefono zenbaki, helbide elektroniko eta bestelakoek, bai eta Udalak arloz arlo berri eman diezaion herritarrak hautatzen dituen bideek ere, segurtasun, osotasun eta eskuragarritasun bermeak izanen dituzte, bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta hura garatzen duen araudian xedatuarekin.

4. Segurtasun mekanismoek aktibatuta egon beharko dute beti iragarki-taularekiko konexioetan, haren edukiaren egiazkotasuna eta osotasuna bermatzeko, bai eta herritar karpetarekiko konexioetan ere; azken horietan, gainera, konfidentzialtasun-zifratzea ere beharko da.

II. KAPITULUA

Identifikazioa eta autentifikazioa

20. artikulua. Pertsona fisikoen identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemak.

1. Pertsona fisikoek, orobat, erabiltzen ahalko dituzte ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako identifikazioko eta sinadura elektroniko aurreratuko sistemak, edo sinadura elektroniko kualifikatukoak, emaile kualifikatuek emanak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzko erregelamendua; 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen).

2. Lesakako Udalak, horiez gain, onartuko ditu pertsona juridikoen edo izaera juridikorik gabeko entitateen ordezkari diren pertsona fisikoen ziurtagiri elektroniko kalifikatuetan oinarritutako sistemak, baldin bat badatoz Estatuko Administrazio Orokorraren sinadura elektroniko eta ziurtagirien politikako II. eranskinean ezarritakoarekin. Politika hori urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera onetsi zen (Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen du).

Kasu horretan, ordezkaritza erabat egiaztaturik geldituko da, dagozkion lege ondorioetarako.

3. Lesakako Udalak eskuzko sinadura elektronikoko mekanismoak ezar ditzake, pertsona fisikoek buruz buruko harremanetan erabiltzeko.

4. Mekanismo horiek bermatu beharko dute sinaduraren ordezkaritza datuak konfidentzialak direla, toki entitateak edo hirugarrenek ez dituztela berrerabiliko eta sinatutako datuak osorik daudela eta ezin direla aldatu.

21. artikulua. Pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemak.

1. Pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek erabiltzen ahalko dituzte ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako identifikazioko eta zigilu elektronikoko sistemak, edo zigilu elektroniko kalifikatukoak, emaile kalifikatuek emanak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzko erregelamendua; 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen).

2. Zigilu elektronikoa onartzeak honako baldintza hauek ditu:

a) Zigilu elektronikoa erabiltzeak berekin dakar jarduketa zuzenean egozten zaiola pertsona juridikoari edo nortasun juridikorik gabeko entitateari, ordezkaritza egiaztatu beharrik gabe.

b) Zigilu elektronikoari ez zaio mugarik jarriko hura onartzen duten tramiteetan.

c) Ordezkari ari diren pertsona fisikoek zigilu elektronikoa erabil dezakete sinadura elektronikoaren sistemaren ordez, baina sistema bat nahiz bestea erabil daiteke, interesdunaren erabakiaren arabera.

3. Datuen jatorriaren zuzentasuna eta datuen osotasuna bermatzea aski duten jarduketetan baino ezin izanen da onartu zigilu elektronikoaren erabilera.

22. artikulua. Toki entitatearen identifikazio eta sinadura elektroniko automatizatuko sistemak.

1. Lesakako Udalak modu automatizatuan elektronikoki sina dezake, bai eta identifikatu ere, ziurtagiri elektroniko kalifikatuan oinarritutako zigilu elektronikoko sistemak edo zigilu elektroniko kalifikatua erabiliz, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. 910/2014 Erregelamendua barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa da, eta 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen. Erabili beharreko zigilu horiek emaile kalifikatuek emanen dituzte, jarduketa bakoitzak behar duen segurtasun maila aintzat hartuta, hala betez ezarrita dagoen indarreko legean eta, bereziki, urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuan (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duena).

2. Ahal dela, toki entitate honetako egoitza elektronikoaren ziurtagiri kalifikatuak entitatearen organoei emanen zaizkie, legez ezarrita dituzten eskumenak bete ditzaten. Hala ere, toki entitateak aukera du zigilu elektronikoko ziurtagiri kalifikatua izateko bere izenean.

Organo administratiboei egindako zigilu elektronikoko ziurtagiri kalifikatuek organo horien titularren identifikazio pertsonaleko datuak jasoko dituzte betiere, Nortasun Agiri Nazionala edo baliokidea izan ezik, ez baita nahitaezkoa izanen.

3. Lesakako Udalak une bakoitzean dituen zigilu elektronikoko ziurtagiri kalifikatuak iragarriko ditu bere egoitza elektronikoan.

4. Baliozkoa izateko, egiaztapenerako kode segurua sortu beharko da Alkatetzaren edo hark eskuordetutako organoaren dekretu bidez, eta honako berme hauek eman beharko ditu:

a) Agiri bakoitzerako sortutako kodea bakarra eta ausazkoa izatea, eta igorlearekin lotura izatea.

b) Ziurtagiri kalifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko aurreratuaren baliokidea den segurtasun kriptografikoa izatea.

c) Sarbidea egotea kodearen bidez autentifikatutako agirira, egoitza elektronikoaren bidez eta, halakorik badago, hura gordetzen duen artxibo elektronikoaren bidez, agiriak lege ondorioak sortzen dituen epealdi osoan zehar. Pertsonek berehala eta dohainik izanen dute agirirako sarbidea.

Egiaztapenerako kode segurua sortzeko tresna Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

d) Toki entitatea identifikatutzat joko da, bere Interneteko atarian edo bestelako sarbide-puntuan bere izenean argitara ematen den informazioari dagokionez, baldin horiek legez egoitza elektronikoak badira.

Informazioa egoitza elektronikotik kanpo argitaratzen bada, toki entitateak autentifikatu egin beharko du, kapitulu honetan identifikaziorako eta sinadurarako xedatutako sistemetako edozein erabiliz.

23. artikulua. Toki entitateko langileen identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemak.

1. Lesakako Udaleko organoen titularrek edo kideek eta Udalaren zerbitzuko langileek ziurtagiri elektroniko kalifikatuan oinarritutako zigilu elektronikoko sistemak edo zigilu elektroniko kalifikatua erabiltzen ahalko dituzte, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. 910/2014 Erregelamendua da barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa, eta 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen. Erabili beharreko zigilu horiek emaile kalifikatuek emanen dituzte, jarduketa bakoitzak behar duen segurtasun maila aintzat hartuta, hala betez ezarrita dagoena indarreko legean eta, bereziki, urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuan (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duena).

2. Toki entitateak eman behar dizkie ziurtagiri horiek beren zerbitzuko langileei. Hala ere, pertsona horiek pertsonalak baizik ez diren ziurtagiri kalifikatuak baldin badituzte, baimena eman dezake, Identifikazioko eta sinadura elektronikoko politikari buruzko dokumentuan, ziurtagiri horiek borondatez erabiltzeko.

Ziurtagiriek informazio osagarria izan dezakete, pertsonari dagokion organoa, unitatea edo kargua edo lanpostua identifikatzeko, neurriz, eta errespetatuz gardentasunari eta datu pertsonalen babesari buruzko legeriak ezarritako mugak.

3. Izenordea darabilten sinadura elektronikoko ziurtagiri kalifikatuak eman daitezke, indarreko legediak mugak ezartzen dituenetan agiriak sinatzen dituzten pertsonak identifikatzeko. Izenordea osatzeko, lanbide identifikazioko zenbakia edo haren baliokidea erabiliko da.

Organo judizialek eta legitimazioa duten beste organo eta pertsona batzuek eska dezakete izenordea darabilten ziurtagiri kalifikatuarekin sinatu dutenen nortasuna jakinarazteko, Datu pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 11.2 artikuluan jasotako kasuetan.

4. Udalak eskuzko sinadura elektronikoko mekanismoak ezar ditzake, bere zerbitzuko pertsonek buruz buruko harremanetan erabiltzeko.

Mekanismo horiek bermatu beharko dute sinaduraren ordezkaritza datuak konfidentzialak direla, toki entitateak edo hirugarrenek ez dituztela berrerabiliko eta sinatutako datuak osorik daudela eta ezin direla aldatu.

24. artikulua. Aurreko artikuluetarako arau komunak.

1. Toki entitateak eskuratuko dituen zigilu eta sinadura elektronikoko ziurtagiri kalifikatuek beteko dute Estatuko Administrazio Orokorraren sinadura elektronikoen eta ziurtagirien politikaren II. eranskinean jasotakoa. Politika hori honako hauetan ezarritakoaren arabera onetsi da: urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren 18. artikulua (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen du) eta azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretuaren 24. artikulua (herritarrek zerbitzu publikoetara elektronikoki sartzea arautzen duen ekainaren 22ko 11/2007 Legea partzialki garatzen du).

2. Lesakako Udalak ziurtagirietan oinarritutako sinadura edo zigilu elektronikoko sistemak ezartzea sustatuko du, sinadura edo zigilua sortzeko gailuen eta datuen kudeaketa zentralizatua eginez.

3. Elkarreragingarritasuna bultzatzeko eta ziurtagiri kalifikatuetan oinarritzen ez diren sistemekin autentifikatutako agiri elektronikoen sinadura elektronikoa automatikoki egiaztatzea ahalbidetzeko, Udalak ziurtagiri elektroniko kalifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko propioa gainezar dezake agirietan, beste organo, erakunde publiko, zuzenbide publikoko entitate edo administrazio publiko batzuei bidaltzeko edo haien eskura jartzeko.

III. KAPITULUA

Erregistro elektronikoa

25. artikulua. Erregistro elektroniko orokorraren sorrera, kudeaketa eta erabileraren araubide orokorra.

1. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan xedatua betetzeko, Udalaren erregistro elektroniko orokorra eratu da, herritarrek edo udal administrazioko organoek berek hura erabil dezaten telematika bidez eskaerak, idatziak eta komunikazioak aurkezteko.

2. Erregistro elektroniko orokorrean, aurkezten diren edo Udalaren edozein organotan jasotzen diren agiri guztien erregistroa idatziko da. Halaber, hartan idatziko da beste organo edo partikular batzuei zuzendutako agiri ofizialen irteera.

3. Mendeko erakunde edo entitateek beren erregistro elektronikoa izan ahalko dute, guztiz elkarreragingarriak eta interkonektatuak Udalaren erregistro elektroniko orokorrarekin. Azken horrek mendeko erakunde edo entitate bakoitzaren erregistro elektronikoan sartzeko atari gisa erabiltzeko aukera emanen du.

4. Bai Udalaren erregistro elektroniko orokorrak bai mendeko erakunde edo entitate bakoitzarenak bete beharko dituzte datu pertsonalak babestearen arloko legedian ezarritako segurtasun berme eta neurriak.

5. Erregistro elektronikoa eskuragarri egonen da une oro Udalaren egoitza elektronikoan. Erregistro telematikoak ahalbidetuko du agiri elektronikoak urteko egun guztietako 24 orduetan sar daitezen telekomunikazioko sare irekien bidez, salbu eta arrazoi teknikoen ondoriozko etenaldirik bada; egoitza elektronikoan bertan emanen da azken horien berri. Halaber, erregistro-unitate telematikoaren funtzionamenduan planifikatu gabeko etenaldirik bada, inguruabar horren berri ematen duen mezu bat bistaratuko da, ahal izanez gero.

6. Udalaren eskumeneko prozedurak hasteko herritarren esku jarritako inprimaki elektronikoak eta, kasua bada, aplikazio informatikoak, hari lotzen ahalko zaizkio zuzenean, berme eta baldintza formal guztiak betetzen badira agiriak aurkeztean eta dagokion hartu izanaren agiria jasotzean.

Erregistro elektronikorako sarbidea ematen duen egoitza elektronikoan, erregistro horretan has daitezkeen izapideen zerrenda eguneratua agertuko da.

7. Alkate udalburuari dagokio erregistro elektronikoa zuzendu eta sustatzea, behar diren ekintzak bultzatuz hura mantentzeko eta etorkizuneko berrikuntza teknologikoetara egokitzeko.

26. artikulua. Erregistro elektronikoaren eginkizunak.

Udal erregistro elektronikoak honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Udal administrazioari edo beste administrazio publikoei igorritako eskaera, idatzi eta komunikazioak hartzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazi bezala.

–Herritarrek eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztu izanaren ziurtagiriak sortzea; sistema informatikoak berak sortuko ditu automatikoki.

–Jakinarazpen abisuak sortzea, interesdunek jakin dezaten eskura dituztela, herritarren karpetan, udal administrazioko organo eta entitateek egiten dituzten komunikazio eta jakinarazpen telematikoak.

–Udal administrazioko organoek interesdunei zuzendutako idazki eta jakinarazpenak igortzea.

–Urte naturalari dagozkion eskabide, idazki eta komunikazio telematikoen sarrera eta irteera idazpenen artxibo informatikoa mantentzea eta kontserbatzea.

27. artikulua. Erregistro elektronikoaren funtzionamendua.

1. Erregistro elektronikoak bermatuko du egiten den idazpen bakoitzean honako hauek adieraztea: zenbakia, agiri mota adierazten duen epigrafea, agiria aurkeztu den eguna eta ordua, interesdunaren identifikazioa, administrazio-organo igorlea, hala badagokio, eta pertsona edo administrazio-organo hartzailea, eta erregistratutako idazki edo komunikazioaren edukiaren aipamena.

Horretarako, automatikoki, hartze-agiri bat sortuko da, kasu bakoitzeko agiriaren kopia kautotua izanen dena, aurkezpenaren data eta ordua eta erregistroko sarrera zenbakia barne.

Hartze-agiriok hartzaileari helaraziko zaizkio, herritarren karpetaren bidez, Udalaren egoitza elektronikoan, hartutako dokumentuaren idazpena egin eta segituan.

2. Agiriaren sarrera edo irteera daten hurrenkerari jarraikiko zaio idazpenak egiteko, eta egin diren eguna adieraziko da. Erregistroko izapidea bukatuta, agiriak luza gabe igorriko zaizkie hartzaileei eta kasuan kasuko administrazio unitateei, jaso diren erregistro beretik.

3. Udalean aurrez aurre aurkezten diren dokumentuak digitalizatu egin beharko dira, ordenantza honetan eta aplika daitezkeen gainerako arauetan ezarritakoaren arabera, eta jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, salbu eta, arauaren arabera, aurkeztutako dokumentuak Udalak gorde behar baditu, edo objektuak edo digitalizatu ezin diren formatuan dauden dokumentuak aurkeztea nahitaezkoa bada.

4. Udalarekin harreman elektronikoa izatera behartuta dagoen subjekturen batek eskaera aurrez aurre aurkezten badu, hura zuzendu eta elektronikoki aurkezteko eskatuko zaio. Horren ondorioetarako, zuzenketaren eguna joko da eskabidearen aurkezpen eguntzat.

28. artikulua. Idazpen elektronikoen edukiaren egiazkotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa.

1. Erregistro elektronikoaren euskarria den sistema informatikoak bermatuko ditu egindako idazpenen egiazkotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa, sinadura elektroniko aurreratuaren bidez.

2. Organo eskudunei, erregistro elektronikoaren bitartez, idazki, eskabide eta komunikazioak igortzen zaizkienean izapidetu ditzaten, edo organo horiek interesdunei igortzen dizkietenean, behar diren segurtasun neurriak hartuko dira ez daitezen komunikazioak atzeman edo aldatu, baimenik gabe eskuratu eta, orobat, datu pertsonalen babesa bermatu dadin, bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 3/2018 Lege Organikoan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoarekin.

3. Halaber, erregistro elektronikoaren euskarria den sistema informatikoak hartan sartu nahi duten herritarrei eta udaleko organoei jakinaraziko die ezen idazkiak, eskabideak eta komunikazioak bide telematikoz aurkeztean, beren datu pertsonalak jarriko direla administrazio organoen edo horiek hartu eta izapidetzeko eskumena duten entitateen esku.

29. artikulua. Epeen zenbaketa erregistro elektronikoan.

1. Udalak argitaratuko du zer egun eta ordutan dauden zabalik agiriak modu elektronikoan aurkezteko laguntza ematen duten bulegoak, eta, hala, bermatuko da interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzean laguntza jasotzeko duten eskubidea.

2. Epeen zenbaketarako, erregistro elektronikoa oinarrituko da sarbideko egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialetan, eta beharrezko segurtasun neurriak izanen ditu haien osotasuna bermatzeko, eta eskuragarri eta ikusgai egoteko.

Erregistro elektronikoko epeen zenbaketa honako arau hauen araberakoa izanen da:

–Aukera emanen du agiriak urteko egun guztietako eguneko hogeita lau orduetan aurkezteko.

–Epeak egun baliodunetan kontatzeari dagokionez eta interesdunek epeak betetzeaz den bezainbatean, egun baliogabe batean egiten den aurkezpena hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan egintzat joko da, salbu egun baliogabean jasotzeko berariazko aukera ematen duen araurik badago.

–Agiriak aurkeztutzat joko dira egun baliogabean aurkeztu ziren ordu zehatzaren hurrenkeran. Egun baliogabean aurkeztutako agiriak hurrengo lehen egun baliodunean aurkeztutakoen aurretik aurkeztutzat joko dira, hurrenkera berari jarraikiz.

–Udalak bete behar duen epeen zenbaketaren hasiera erabakiko da aintzat hartuz Udaleko erregistro elektronikoan aurkeztu ziren data eta orduak. Betiere, epeen zenbaketaren hasierako dataren eta orduaren berri eman beharko zaio agiria aurkeztu zuenari.

3. Egoitza elektronikoan zehaztuko da zein diren, artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, baliogabetzat jotzen diren egunak, udalerriaren lurralde-eremuari eta lan-egutegi ofizialari kasu emanez.

IV. KAPITULUA

Jakinarazpen elektronikoen betebeharrak eta eraginkortasuna

30. artikulua. Jakinarazpen elektronikoak egiteko baldintza orokorrak.

1. Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez eginen dira lehentasunez, eta beti, interesdunak betebeharra duenean horiek bide horretatik jasotzeko. Aurrekoa gorabehera, Udalak jakinarazpenak bitarteko ez-elektronikoen bidez egin ahalko ditu honako kasu hauetan:

–Interesduna edo haren ordezkaria berez agertzen denean udalaren bulegoetan eta une horretan komunikazio edo jakinarazpen pertsonala eskatzen duenean.

–Administrazioaren jardunaren eraginkortasuna bermatzeko, beharrezkoa denean jakinarazpena egin behar duen administrazioko langile batek jakinarazpena zuzenean ematea.

Erabilitako bitartekoa edozein izanik ere, jakinarazpenak beti izanen dira baliozkoak baldin eta aukera ematen badute jasota uzteko honako hauek: jakinarazpena bidali edo eskuragarri jarri izana; interesdunak edo haren ordezkariak jaso izana edo jakinarazpenean sartu izana; jakinarazpenaren eduki guztia; eta bidaltzailearen eta hartzailearen nortasun fidagarria. Egindako jakinarazpenaren egiaztapena erantsiko zaio espedienteari.

Jakinarazpen elektronikoak jasotzera beharturik ez dauden interesdunek noiznahi erabaki eta jakinarazi ahalko diote Udalari, horretarako ezartzen diren eredu normalizatuen bidez, hurrengo jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egiteko edo bide horien bidez egiteari uzteko.

Udalak ezarri ahal izango du jakinarazpenak elektronikoki egiteko betebeharra, prozedura jakin batzuetarako eta pertsona fisikoen talde jakin batzuetarako, baldin eta, gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo beste arrazoi batzuengatik, egiaztatuta badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela.

Modu osagarrian, interesdunak gailu elektronikoa eta/edo helbide elektronikoa eman ahalko ditu, artikulu honen bosgarren apartatuan araututako abisuetarako, baina ez jakinarazpenetarako.

2. Ez dira inolaz ere bitarteko elektronikoen bidez eginen honako jakinarazpen hauek:

–Jakinarazi beharreko egintzak formatu elektronikora bihurtu ezin diren elementuak dituenean.

–Betebehardunen aldeko ordainbideren bat dutenak, esaterako, txekeak.

3. Interesdunak eskatuta hasitako prozeduretan, jakinarazpena eginen da hark horretarako adierazitako bidea erabiliz. Jakinarazpena elektronikoa izanen da, baldin administrazioarekin harreman elektronikoa izatera behartuta badago.

Jakinarazpena eskabidean adierazi bezala egiterik ez denean, horretarako egokia den edozein tokitan eginen da, eta interesdunak edo haren ordezkariak jakinarazpena hartu izana, eta noiz jaso duen, jasotzailearen nortasuna eta jakinarazitako egintzaren edukia frogatzen duen edozein bideren bitartez.

4. Interesdunak edo haren ordezkariak administrazio jarduketa baten jakinarazpenari uko egiten badio, halaxe jasoko da espedientean, jakinarazpen saiakeraren inguruabarrak eta erabilitako bitartekoa zehaztuz; izapidea amaitutzat joko da eta prozedurak aurrera segituko du.

5. Alde batera utzita jakinarazpena paperean edo bitarteko elektronikoen bidez egin den, Udalak interesdunari abisua igorriko dio hark adierazitako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora, jakin dezan jakinarazpen bat duela eskura Udalaren egoitza elektronikoan edo gaituriko helbide elektroniko bakarrean. Abisu hori egin ezik ere, jakinarazpena guztiz baliozkotzat joko da.

6. Interesdunari jakinarazpena bide bat baino gehiago erabiliz egiten zaionean, lehenengo jakinarazpenaren data hartuko da aintzat.

31. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak.

1. Bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak eginen dira Udalaren egoitza elektronikoko agerraldiarekin.

Horren ondorioetarako, egoitza elektronikoan agerraldia egitea iritsiko zaio interesdunak edo haren ordezkariak, behar bezala identifikatuta, jakinarazpenaren edukian sartzeari.

2. Bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak egintzat joko dira haien edukian sartzearekin bat.

Jakinarazpena bitarteko elektronikoz egitea nahitaezkoa denean, edo interesdunak espresuki hori aukeratu duenean, ez onartutzat joko da baldin haren edukian sartzerik gertatu ez bada hamar egun natural igarotakoan, jakinarazpena eskuragarri jarri zenetik zenbatzen hasita.

3. Udala behartuta dago jakinarazpena egitera hamar eguneko epean, egintza ematen den datatik aurrera; betebehar hori betetzat joko da jakinarazpena Udalaren egoitza elektronikoan edo gaitutako helbide elektroniko bakarrean eskuragarri jartzearekin bat.

4. Interesdunek aukera izanen dute jakinarazpenetan sartzeko administrazioaren sarbide-puntu nagusi elektronikotik; sartzeko atari gisa erabiliko da.

32. artikulua. Egoitza elektronikoaren bidezko jakinarazpena.

Honela eginen da egoitza elektronikoaren bidezko jakinarazpena:

–Erregistro elektronikoaren bidez, interesdunei beren informaziorako jakinarazpen-abisua igorriko zaie, eurek udal administrazioari emandako helbide elektronikora; abisuaren bidez, interesdunei ohartaraziko zaie beren izenean jakinarazpen bat dutela, bai eta hura zer web-orritan sartuz eskura dezaketen ere.

–Interesduna jakinarazpen elektronikoko orrialdean sartu ahalko da, aldez aurretik erabiltzaile ziurtagiriaren bidez identifikatuta.

–Jakinarazpen elektronikoko orri horren bidez, jakinarazpenaren edukian sartzen ahalko da; hartan adieraziko dira jakinarazpena egiten duen administrazio organoaren edo entitatearen izena, jakinarazten den agiri motaren erreferentzia, espedientearen zenbakia, eta irteera data eta erregistroa.

–Interesdunak jakinarazpena onartuz gero, bere agirietarako sarbidea izanen du. Agiri horiek inprimatzeko formatua izanen dute.

–Administrazio espedientean jasoko da jakinarazpen elektronikoa onartu den ala ez, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako ondorioak sortuko ditu.

33. artikulua. Agerraldi elektronikoaren bidezko jakinarazpena.

1. Agerraldi elektronikoaren bidezko jakinarazpenean interesduna, behar bezala identifikatuta, dagokion administrazioaren jarduketaren edukira sartzen da Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

2. Agerraldi elektronikoak, jakinarazpenaren ondorioak izan ditzan, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

–Edukira sartu aurretik, interesdunak abisu bat ikusi beharko du, bertara sartzean administrazioaren jarduketaren jakinarazpena jasoko duela adieraziko duena.

–Dagokion informazio sistemak jasoko du edukian sartu dela, bai eta zer egun eta ordutan sartu ere.

III. TITULUA

Agiri eta artxibo elektronikoak

34. artikulua. Agiri elektronikoak.

1. Udalaren administrazio-dokumentu publikoak dira udal administrazioko organoek balioz eginikoak. Udalak administrazio agiriak idatziz eginen ditu, oro har, baliabide elektronikoen bidez, salbu eta haien izaerak eskatzen badu modu egokiagoan adierazi eta jaso behar direla.

2. Baliozkotzat jotzeko, agiri elektronikoek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Era guztietako informazioa euskarri elektronikoan artxibaturik edukitzea, identifikatzeko eta bereizirik tratatzeko modukoa den formatu baten arabera.

–Indibidualizatzeko aukera ematen duten identifikazio datuak izatea, hargatik eragotzi gabe espediente elektroniko batean sartzeko aukera.

–Egin diren uneari buruzko denbora-erreferentzia bat izatea.

–Eskatzen diren gutxieneko metadatuak izatea.

–Aplikatzekoa den araudiaren arabera dagozkion sinadura elektronikoak izatea.

Baliozkotzat joko dira betekizun horiek betetzen dituzten eta hirugarren bati bitarteko elektronikoz helarazten zaizkion dokumentu elektronikoak.

3. Ez dute sinadura elektronikoaren beharrik izanen Udalak edo beste administrazio publikoek eman eta informazio hutserako argitaratzen diren dokumentu elektronikoek eta, orobat, administrazio espediente baten parte ez direnek. Betiere, agiri horien jatorria identifikatu beharko da.

35. artikulua. Administrazio publikoek eginiko kopien baliozkotasuna eta eraginkortasuna.

1. Udalak erabakiko du zer organok dituen eskumenak administrazio-dokumentu publiko edo pribatuen kopia autentikoak egiteko.

Agiri pribatuen kopia autentikoek ondorio administratibo hutsak dituzte. Administrazio publiko batek egindako kopia autentikoak baliozkoak izanen dira gainerako administrazioetan.

2. Administrazio-dokumentu publiko edo pribatu baten kopia autentikotzat joko da Udalak egindakoa, edozein euskarritan eginda dagoela ere, bermatzen badira organo egilearen identitatea eta dokumentuaren edukia.

Kopia autentikoek jatorrizko agirien baliozkotasun eta eraginkortasun berak izanen dituzte.

4. Interesdunek noiznahi eskatu ahalko dute emateko udal administrazioak balioz egindako administrazio-dokumentu publikoen kopia autentikoak. Jatorrizko dokumentua eman zuen organoari zuzenduko zaio eskaera, eta, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea aplikatzeak dakartzan salbuespenak salbuespen, hamabost eguneko epea emanen da, eskaera udal administrazioaren edo haren mendeko entitatearen erregistro elektronikoan jasotzen denetik aurrera zenbatzen hasita.

Era berean, Udalak eman beharko ditu interesdunek aurkezten dituzten eta administrazio-espediente batean sartuko diren paperezko edozein dokumenturen kopia elektroniko autentikoak.

5. Udalak kopia elektroniko autentikoak ematen dituenean, halaxe adieraziko da espresuki kopiaren dokumentuan.

6. Notario-agiri publiko, erregistro-agiri publiko eta agiri judizial publikoen eta aldizkari ofizialen kopia autentikoak emateko modua bakoitzaren legedia espezifikoaren araberakoa izanen da.

36. artikulua. Interesdunek administrazio prozedurara ekarritako agiriak.

1. Interesdunek administrazio-prozedurara ekarri beharko dituzte Udalak aplikatzekoa den araudiaren arabera eskatzen dituen datu eta dokumentuak. Komenigarritzat jotzen duten beste edozein agiri ere ekar dezakete interesdunek.

2. Interesdunak ez dira beharturik egonen administrazioren batek eginak diren agirien kopiak ekartzera, dena delako prozeduren agiri horiek aurkeztea nahitaezkoa izan zein aukerakoa izan, baldin interesdunak adostasuna adierazi badu agiri horiek kontsultatzeko edo eskuratzeko. Kontsultatzeko edo eskuratzeko baimena emantzat joko da, interesdunek ez badute prozeduran aurkakotasun espresua adierazi edo aplikatzekoa den lege bereziak ez badu agintzen adostasun espresua adierazi beharra.

Interesdunaren aurkakotasunik ez bada, Udalak elektronikoki eskuratuko ditu dokumentuak, bere sare korporatiboen bitartez edo datu-bitartekaritzarako plataformei edo hartarako prestaturiko beste sistema bati kontsulta eginez.

Prozedura izapidetzen ari den administrazio-organoa ez den beste batek egindako nahitaezko txostenak badira, hamar eguneko epean igorri beharko dira, eskatzen direnetik zenbatzen hasita. Epe hori igarotakoan, interesdunari jakinaraziko zaio txosten hori aurkez dezakeela edo organo eskudunak igorri arte itxaron dezakeela.

3. Udalak ez die interesdunei eskatuko jatorrizko dokumentuak aurkezteko, non eta, salbuespenez, aplikatzekoa den araudiak ez duen hala agintzen.

Era berean, Udalak ez die interesdunei galdatuko aplikatzekoa den araudiak eskatzen ez duen edo interesdunak lehendik administrazioren bati ekarria dion datu edo dokumenturik. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen agiri horiek, eta Udalak elektronikoki eskuratu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez. Kontsulta hori interesdunek baimendutzat joko da, non eta prozeduran ez den haren aurkakotasun adierazia jasotzen edo aplikatzekoa den lege bereziak ez duen eskatzen adostasun adierazia ematea; bi kasuetan ere, aurrez informazioa eman beharko zaie datu pertsonalen babesaren aldetik dituzten eskubideei buruz. Salbuespenez, Udalak ezin baditu aipatutako dokumentuak eskuratu, berriz ere eskatu ahalko dio interesdunari ekar ditzala.

4. Baldin eta, salbuespenez, Udalak eskatzen badu jatorrizko dokumentu bat aurkezteko eta hura paperean badago, interesdunak kopia autentiko bat lortu beharko du, ordenantza honetan adierazitako betekizunen arabera, elektronikoki aurkeztu baino lehen. Ateratzen den kopia elektronikoak espresuki jasoko du xehetasun hori.

5. Salbuespenez, agiriak prozeduran duen garrantziak hala eskatzen badu edo kopiaren kalitateak zalantza eragiten badu, Udalak eskatzen ahalko du, arrazoiturik, interesdunak ekarritako kopiak alderatzeko; horretarako, jatorrizko agiria edo informazioa erakusteko eskatzen ahalko du.

6. Interesdunek administrazio-prozedurara ekartzen dituzten kopiek administrazio publikoen jardueraren eremuan bakarrik izanen dute eraginkortasuna.

7. Interesdunak izanen dira aurkezten dituzten agirien egiazkotasunaren erantzule.

37. artikulua. Agirien artxibo elektronikoa.

1. Udalak artxibo elektroniko bakarra izanen du amaitutako prozeduretako dokumentu elektronikoetarako, aplikatzekoa den araudian ezarri bezala.

2. Agiri elektronikoak gordeko diren formatuak bermatu beharko ditu dokumentuaren egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa, bai eta haiei kontsulta egin ahal izatea, igarotzen den denbora igarota. Nolanahi ere, datuak beste formatu eta euskarri batzuetara pasatzeko aukera segurtatuko da, hainbat aplikaziotatik irispidea izatea berma dezaten. Agiri horiek ezabatzeko, baimena beharko da, aplikatzekoa den araudian xedatuarekin bat.

3. Agiriak gordetzeko bitarteko edo euskarriek segurtasun neurriak bete beharko dituzte, Segurtasunaren Eskema Nazionalean ezarritakoarekin bat, bermatu ahal izateko gordetako agirien osotasuna, egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa. Bereziki, bermatuko dituzte erabiltzaileen identifikazioa eta irispide-kontrola, bai eta datuak babesteari buruzko legedian ezarritako bermeak betetzen direla ere, eta administrazio publikoek sortutako agiri elektronikoak berreskuratu eta luzaroan kontserbatzen dituztela, hala behar den kasuetan, erabilitako zerbitzu eta sistemen bizi-zikloari buruzko berezitasunekin bat.

4. Partikularren eskubideak edo interesak ukitzen dituzten administrazio egintzak dituztenean agiri elektronikoek, agiriok halako euskarrietan kontserbatu beharko dira ezinbestean, dela agiria sortu zenetik erabilitako formatu berean edo erreproduzitu ahal izateko behar den informazioaren berdintasuna eta osotasuna segurtatuko dituen beste edozeinetan. Beti ere, datuak beste formatu eta euskarri batzuetara pasatzeko aukera segurtatuko da, hainbat aplikaziotatik irispidea izatea berma dezaten.

IV. TITULUA

Harreman elektronikoak beste administrazio publiko batzuekin

38. artikulua. Datuen truke elektronikoa komunikazio-ingurune itxietan.

1. Udalaren eta beste administrazio publiko batzuen komunikazio-ingurune itxietan helarazitako dokumentu elektronikoak baliozkoak izanen dira igorleen eta hartzaileen autentifikazio eta identifikaziorako.

2. Komunikazioetan parte hartzen duten pertsonak Udalekoak badira, azken horrek zehaztuko ditu komunikazioa arautuko duten baldintzak eta bermeak eta, gutxienez, jasoko dituzte igorle eta hartzaile baimenduen zerrenda eta trukatuko diren datuen nolakotasuna.

3. Parte-hartzaileak administrazio publiko batekoak baino gehiagokoak badira, aipatu baldintzak eta bermeak haien artean izenpetutako hitzarmenaren bidez ezarriko dira.

4. Edonola ere, komunikazio-ingurune itxien segurtasuna eta transmititzen diren datuen babesa bermatu beharko dira.

39. artikulua. Sinadura elektronikoa segurtatzea eta haren elkarreragingarritasuna.

1. Udalak erabaki ahalko du zein tramitek eta txostenek eduki behar duten sinadura elektroniko aitortu edo kalifikatua eta aurreratua, sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutakoak.

2. Elkarreragingarritasuna erraztu eta dokumentu elektronikoen egiaztatzea ahalbidetzeko, Udalak ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako zigilu elektronikoa gainjartzen ahalko du, ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako sinadura elektronikoko sistemak ez diren beste sistema batzuk erabiltzen dituenean administrazio publikoei igortzeko edo haien esku jartzeko elektronikoki sinatutako dokumentazioa.

40. artikulua. Datuen transmisioa administrazio publikoen artean.

1. Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoarekin bat, Udalak bere esku dituen interesdunen datuetarako sarbidea eman beharko die gainerako administrazio publikoei, betiere zehazturik beharrezko baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak, datu horietan ahalik eta segurtasun, osotasun eta eskuragarritasun handienaz sartzeko.

2. Datu horien eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da gainerako administrazio publikoek herritarrei eskatzen dizkieten datuetara, halakoak behar dituztenean, dagokien araudiaren arabera administrazio horiek eskumenekoak dituzten prozedurak eta jarduketak izapidetu eta ebazteko.

3. Udalak beharrezko neurriak hartuko ditu eta dagokion eremuan behar dituen teknologiak sartuko, bere sareen interkonexioa ahalbidetzeko, sortze aldera administrazio publikoen informazio sistemak elkarrekin lotzen dituen komunikazio sare bat, haien artean trukatu ahal izateko informazioa eta zernahi zerbitzu, bai eta ahalbidetzeko ere Europar Batasuneko eta beste estatu kideetako erakunde sareekiko interkonexioa ere.

4. Bereziki, Udalak Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala hartu beharko du aintzat, informazioaren, formatuen eta aplikazioen segurtasun, kontserbazio eta normalizazio arloko irizpide eta gomendioen multzoa denaz bezainbatean.

5. Horretaz gainera, Segurtasunaren Eskema Nazionalari ere jarraikiko zaio, bitarteko elektronikoak erabiltzeko segurtasun politika bat izate aldera, betiere erabat errespetatuz tratatutako informazioaren segurtasuna behar bezala bermatzen duten oinarrizko printzipioak eta gutxieneko baldintzak.

V. TITULUA

Administrazio prozedura elektronikoa

41. artikulua. Espediente elektronikoa.

1. Administrazio-espediente elektronikoa da izaera horretako izapide eta jarduketen multzo ordenatu bat, eta izapide eta jarduketa horiek aurrekari eta funtsa dira administrazio-ebazpenerako, eta hura betearazteko eginbideetarako.

2. Espedienteek formatu elektronikoa izan beharko dute, eta haiek osatu behar dituzten agiri, froga, irizpen, txosten, erabaki, jakinarazpen eta gainerako eginbideak ordenaturik batuz osatuko dira eta, igortzen direnean, barnean dituen agiri guztien aurkibide zenbakitu batekin joanen dira. Espedientean jaso beharko da, orobat, harturiko ebazpenaren kopia elektroniko ziurtatua.

Aurkibide zenbakitu horrek espediente elektronikoaren osotasuna bermatuko du eta aukera emanen du hura behar den guztietan berreskuratzeko. Onargarria izanen da agiri bera hainbat espediente elektronikotan egotea.

3. Interesdunari espedienteak igorri beharrean, erabat legezkoa izanen da espediente elektronikoa haren eskura jartzea; interesdunak kopia eskuratzeko eskubidea izanen du.

4. Arau baten ondorioz espediente elektroniko bat bidali beharra dagoenean, Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean eta Elkarreragingarritasunari buruzko Arau Teknikoetan ezarritakoaren arabera bidaliko da, osorik, orrialdeak zenbakiturik, autentifikaturik eta dituen agiri guztien aurkibide orobat autentifikatu batez lagundurik. Aurkibide hori autentifikatzeak bermatuko du sortutako espediente elektronikoa osorik eta aldaezina izatea sinatzen denetik, eta aukera emanen du behar den guztietan berreskuratzeko. Onargarria izanen da agiri bera hainbat espediente elektronikotan egotea.

5. Ez da administrazio-espedientearen zati izanen lagungarria edo osagarria den informazioa, hala nola aplikazio, fitxategi eta datu-base informatikoetan jasotakoa, ohar, zirriborro, iritzi, laburpen, komunikazio eta txostenak, izan txostenok barrukoak edo administrazio-organo edo entitateen artekoak, eta, orobat, administrazio publikoek emaniko balio-iritziak, non eta ez diren prozedurari amaiera ematen dion administrazio-ebazpena baino lehen eskatutako txostenak, nahitaezkoak eta aukerakoak.

42. artikulua. Administrazio prozedura hastea.

1. Alderdi batek eskaturik hasten ahalko dira bitarteko elektronikoen bidez izapidetze elektronikora gehituta dauden administrazio prozedurak, ereduaren araberako eskabidea aurkeztuz ordenantza honetan arautu den erregistro elektronikoan.

2. Aurreko apartatuan aipatutako eskabide elektronikoek eskatzen den sinadura elektronikoa izan beharko dute, eta bete beharko dituzte Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 70. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak.

3. Interesdunek eransten ahalko dituzte behar diren edo komenigarritzat jotzen dituzten agirien kopia digitalizatuak; horien jatorrizkoarekiko fideltasuna bermatzeko, sinadura elektroniko aurreratua erabiliko dute. Udalak edozein unetan eskatzen ahalko dio interesdunari jatorrizko dokumentua edo informazioa erakusteko, eta orobat, dagokion artxiboari eskatzen ahalko dio aurkeztutako kopien edukia jatorrizkoarekin erkatzeko. Kopia horiek aurkezteak esan nahi du administrazioari baimena ematen zaiola dokumentu horietan jasotako informazio pertsonalean sartu eta hura erabiltzeko.

4. Haien erabilera erraztu eta bultzatzeko, eskabidea egiteko sistema normalizatuek egiaztapen automatikoak izaten ahalko dituzte, ikusteko aurkeztutako informazioa bat ote datorren beren sistemetan edo beste administrazio publiko batzuen sistemetan jasotako datuekin, eta are inprimaki elektronikoaren eremuak osorik edo partez beteta eskaintzen ahalko dituzte, interesdunak informazioa egiazta eta, hala behar badu, alda eta/edo osa dezan.

43. artikulua. Prozeduren izapidetze elektronikoa.

1. Administrazio izapideak bitarteko elektronikoen bidez egiteko onesten diren programa, aplikazio eta sistema informatikoek honako hauek bermatu beharko dituzte: epeen kontrola, data eta ordua agertzea, eta jarduketen arduradunen identifikazioa; gainera, errespetatu beharko dute espedienteen izapidetze hurrenkera.

2. Administrazio-organoek bermatuko dute aukera egon dadin bitarteko elektronikoen bidez gauzatzeko interesdunei entzuteko eskubidea eta herritarrei informazio publikoa emateko eskubidea, bidezkoa denean.

3. Interesdunak izapidetzearen egoerari buruzko informazioa eskatzen eta eskuratzen ahalko du izapidetze elektronikora gehitutako izapideetan ezartzen diren modalitateez baliatuz.

4. Udalak interesdunari tramitazioaren egoerari buruzko abisuak igortzen ahalko dizkio, interesdunak harremanetarako adierazi dizkion helbide elektronikoetara.

44. artikulua. Administrazio prozeduraren instrukzioa.

1. Bitarteko elektronikoen bidez izapideturiko administrazio prozedura batean, interesdunaren jarduketa guztiek eta dagozkien administrazio egintzek bete beharko dituzte legeak oro har ezartzen dituen baliozkotasun irizpideak; horrez landa, eman eta jaso beharko dira ordenantza honetan arautzen den erregistro elektronikoaren bitartez.

2. Interesdunek prozeduraren instrukzioan parte hartu beharrez bitarteko elektronikoak erabiltzen direnean, ordenantza honetan komunikatzeko eta jakinarazteko jasotzen diren bitartekoak baliatuko dira interesdunek alegazioak aurkezteko duten eskubidea erabil dezaten, ebazpen proposamenaren aurreko edozein unean, bai eta entzunaldiaren izapidea gauzatzean ere.

3. Bai ziurtagiri eta agiri elektronikoei bai datuen transmisioari dagokienez, ordenantza honi jarraikiko zaio haiek eman eta tratatzean, bai eta haien ondorioen aldetik ere, eta hertsiki beteko da datu pertsonalak babesteko araudia nahiz administrazio prozedurari aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

Paperezko ziurtagiri bat ordezkatu ahal izateko dagozkion datuen transmisioaz, beharrezkoa izanen da horien titularrak transmisioa espresuki baimentzea, datu pertsonalei buruzko araudiak ezartzen duenarekin bat, lege mailako arau batek ezartzen dituen kasuetan izan ezik. Baimenik ematen ez badu, interesdunak behar den ziurtagiria eskatu beharko du, eta hura aurkeztu.

4. Administrazio prozedura elektroniko batera ekartzen bada berarekin ikusteko duen paperezko agiriren bat, jaso beharko da edo bestelako euskarri fisiko bat duena, erregistro elektronikoan prozedura horri dagokion erregistro zenbaki edo kode indibidualizatua.

5. Udalak bultzatuko du baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharrean interesdunak erantzukizunpeko adierazpena egin dezan, bertan adierazita baldintza horiek betetzen direla eta Administrazioak eskatuta behar diren agiriak aurkezteko konpromisoa hartzen duela.

45. artikulua. Administrazio prozedura amaitzea.

1. Kasu bakoitzean eskuduntzat hartzen den organoaren nortasuna bermatuko da prozedura bat bitarteko elektronikoen bidez ebazten denean.

2. Prozedura elektroniko bati amaiera ematen dion egintzak edo ebazpenak beteko ditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako baldintzak, eta egintza edo ebazpena emateko eskumena duen organo administratiboaren sinadura elektroniko aitortua izanen du.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehendabiziko xedapen gehigarria.–Aplikatzeko, garatzeko eta abian jartzeko gaikuntza.

1. Alkate udalburuari ahalmena ematen zaio ordenantza hau egoki aplikatu eta garatzeko behar diren jarraibideak emateko, bai eta behar beste kudeaketa egin ditzan ere, ordenantza honetan ezarritakoa abiarazi eta aplikatze aldera erabiliko diren aplikazioak eta programa elektronikoak gaitzeko.

Bigarren xedapen gehigarria.–Idazkaritzaren goi-mailako kudeaketa eta zuzendaritza.

Udaleko Idazkaritza Nagusiari dagokio Udalean administrazio elektronikoaren benetako ezarpenaren goi kudeaketa eta zuzendaritza eta, bereziki, Udalaren fede publikoarekin duten lotura zuzena izateagatik, gaikuntza nazionala duten toki administrazioko funtzionarioei erreserbatua, honako hauei buruzko alderdiena: egoitza elektronikoa, ediktuen taula elektronikoa, ahalordetzeen erregistro elektronikoa, erregistro elektronikoa, jakinarazpen elektronikoak eta agiri elektronikoak.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Langileen prestakuntza eta herritarrei zuzendutako kanpaina.

1. Udalak bultzatuko du bere zerbitzuko langileen prestakuntza, bere jardueretan baliabide elektronikoak erabil ditzaten.

2. Udalak beharrezko informazio kanpainak gauzatuko ditu, herritarrek ordenantza honen ezarpenak ezagutu ditzaten.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehendabiziko xedapen iragankorra.–Izapide eta prozedurak gehitzea administrazio elektronikora.

1. Udalak ekarriko ditu tramitazio elektronikora Udalaren tramite eta prozedura administratiboak, ordenantza honetan ezarritako printzipio orokorrei eta prozedurari jarraituz, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen babesean.

2. Nolanahi ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea indarrean sartu aurretik sartu beharko dira, honako hauei dagokienez: ahalordetzeen erregistro elektronikoa, erregistro elektronikoa, enplegatu publiko gaituen erregistroa, Administrazioaren sarbide puntu elektroniko orokorra eta artxibo elektroniko bakarra.

Bigarren xedapen iragankorra.–Izapidetzen ari diren prozedurak Ordenantza hau ez zaie aplikatuko indarrean jarri aurretik hasitako prozedurei, aurreko araudiaren arabera arautuko baitira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzea.

Ordenantza honek indarra hartzen duenean indarrik gabe utziko dira ordenantza honetan ezarritakoari aurka egiten dioten Udalaren xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Tramite eta prozedura berriak.

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, prozedura eta izapide administratibo berriez edo egun direnen aldaketez egiten diren arauketa guztiek aukera jaso beharko dute halakoak bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko, eta bat egin beharko dute ordenantza honetan ezartzen diren baldintzekin.

Azken xedapenetan bigarrena.–Arauak egokitzea.

Udalak bere arauak egokitzeko konpromisoa hartzen du, ordenantza hau abian jartzeko, betiere udal aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera.

Azken xedapenetan hirugarrena.–Administrazio prozedura erkidearen arloko legeen aplikazioa.

Ordenantza honetan ezarritakoa aplikatuko da, deusetan ukatu gabe honako hauetan xedatutakoa: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta haiek garatzeko emandako arauak, halakorik ematen denean.

Azken xedapenetako laugarrena.–Indarra hartzea.

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan ezarritako epea bukatu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2103768