67. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

33/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 10ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Agindua aldatzen duena. Haren bidez arautu zen zer kasutan den nahitaezkoa baliabide telematikoen bidez eta ordenagailuz irakurtzeko moduko euskarriaren bidez aurkeztea aitorpen-likidazioak, autolikidazioak, urteko aitorpen-laburpenak, informazio-aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko araudiak eskatutako beste agiri batzuk.

Foru agindu honen xedea da bultzada berri bat ematea administrazio elektronikoan, Nafarroako Foru Ogasunaren esparruan. Nafarroan, Nafarroako Foru Komunitatean administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearekin hasi zen bide hori egiten, eta aurrera jarraitu da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea berriki onetsi arte. Haren zioen azalpenean zehazten denez, “ezin da ahaztu herritarrei zerbitzua ematea dela Administrazioaren beraren existentzia justifikatzen duen oinarrizko printzipioa, haren jardueraren goiargi nagusia. Hortaz, araudi berri honek apustu egiten du administrazio elektronikoa errealitate bat izan dadin, zertarako eta Administrazioaren funtzionamendu eraginkorragoa eta arinagoa lortzeko eta herritarrentzako zerbitzua hobetzeko”.

Bestalde, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak honako hau ezartzen du atarian: “Gaur egungo ingurumarian, izapidetze elektronikoa ezin da oraindik izan prozedurak kudeatzeko modu berezi bat; administrazioen ohiko jarduketa-modua izan behar du. Izan ere, paperik gabeko administrazio batek, funtzionamendu erabat elektronikoan oinarriturik, efikazia- eta efizientzia-printzipioak egokiago zerbitzatzeaz gain, kostuak aurrezten baitizkie herritar eta enpresei, interesdunen bermeak indartu ere egiten ditu. Hain zuzen ere, dokumentazioa eta jarduketak artxibo elektroniko batean izateak erraztu egiten du gardentasunerako betebeharra konplitzea, aukera ematen baitu interesdunei unean uneko informazio bizkorra eta eguneratua eskaintzeko”.

Horretaz gain, azken urtean, osasun krisiak agerian utzi du administrazio elektronikoa bizkorrago ezarri beharra, administrazioaren eta herritarren arteko harremanak bideratu eta errazteko tresna den aldetik.

Administrazio elektronikorainoko prozesu horretan, foru agindu honek 1. artikulua aldatzen du uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduan, handiagoa izan dadin aitorpen-likidazioak, autolikidazioak, urteko aitorpen-laburpenak, informazio-aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko araudiak eskatutako beste agiri batzuk Internet bidez aurkeztu beharra aplikatzeko eremu subjektiboa. Hala, honako hauek dira Internet bidez bide elektronikoa erabiliz aurkeztera behartutako pertsona berriak: Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearekin bat, enpresaburutzat edo profesionaltzat hartuta dauden pertsona fisikoak. Nolanahi ere den, aurkezpenak nahitaezkoak izanen dira, bakarrik, haien enpresaren edo lanbidearen jarduerari lotuta egiten badira.

2. artikulua ere aldatzen da 132/2009 Foru Aginduan. Izan ere, identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoaren sistemak ezartzen dira zergapekoek bide elektronikoak erabiliz aurkez ditzaten aitorpen-likidazioak, autolikidazioak, urteko aitorpen-laburpenak, informazio-aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko araudiak eskatutako beste agiri batzuk.

Orobat, foru aginduak hamar azken xedapen ditu, aitorpen eredu batzuk aldatzen dituztenak aukerarik izan ez dadin inprimatutako paper bidez aurkezteko.

Azken xedapenetako hamaikagarrenak, aldiz, zehazten du foru aginduak indarra hartuko duela Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean eta ondorioak izanen dituela 2021eko apirilaren 1etik aurrera aurkezten diren aitorpen-likidazio, autolikidazio, urteko aitorpen-laburpen, informazio-aitorpen, komunikazio eta beste agiri batzuetarako.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren eskumena xedapen hauetan jasotako gaikuntzen ondorio da: Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan bide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan eta zenbait tributuri buruzkoetan, zerga-aitorpenak aurkezteako moduari dagokionez.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Agindua aldatzen da. Haren bidez arautu zen zer kasutan den nahitaezkoa baliabide telematikoen bidez eta ordenagailuz irakurtzeko euskarriaren bidez aurkeztea aitorpen-likidazioak, autolikidazioak, urteko aitorpen-laburpenak, informazio-aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko araudiak eskatutako beste agiri batzuk.

Uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren manu hauek honako testu hau izanen dute:

Bat.–Gaztelaniaz, izen berri hauek ematen zaizkie 1., 2., 3. eta 4. artikuluei: 1, 2, 3 eta 4.

Bi.–1. artikulua.

“1. artikulua. Interneteko bide elektronikoak erabiliz nahitaez aurkeztea aplikatzeko eremua.

1. Ondotik zehazten diren zergapekoek nahitaez erabili beharko dute Interneteko bide elektronikoen bitartez aurkezteko modua, baldin eta kasu bakoitzean aurkezteko modalitate hori badago, aitorpen-likidazio, autolikidazio, urteko aitorpen-laburpen, informazio-aitorpen, komunikazio eta zerga arloko araudiak eskatutako beste agiri guztietan:

1.–Pertsona juridikoak.

2.–Nortasun juridikorik gabeko entitateak.

3.–Identifikazio fiskaleko zenbakiaren lehen gakoa N edo W dutenak.

4.–Enpresaburutzat edo profesionaltzat hartutakoak, bat etorriz Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 5. artikuluan xedatutakoarekin.

Aurkezpen hori nahitaezkoa izanen da, bakarrik, haien enpresaren edo lanbidearen jarduerari lotuta aurkezten badira aitorpen-likidazioak, autolikidazioak, urteko aitorpen-laburpenak, informazio-aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk.

5.–Hirugarren pertsonen izenean honako hauek aurkezteko baimena duten pertsona edo entitateak: aitorpen-likidazioak, autolikidazioak, urteko aitorpen-laburpenak, informazio-aitorpenak, bai eta komunikazioak eta tributu arloko beste agiri batzuk ere; hori dena, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak ekainaren 29an emandako 130/2009 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat.

Aitorpena nahitaez aurkezteko modu horrek ordezkatuen aitorpenen gainean ez ezik ordezkarien beraien aitorpenen gainean ere eragina du.

2. Aurreko paragrafoan ezarritakoa kontuan hartu gabe, Interneteko bide elektronikoen bitartez aurkezteko modua erabili beharko da aitorpen, autolikidazio eta informazio-aitorpenetan, kasu bakoitza onetsi zuen foru aginduan hala ezarrita baldin badago.

3. Aitorpen-likidazioek, autolikidazioek, urteko aitorpen-laburpenek, informazio-aitorpenek, komunikazioek edo tributu arloko agiriek 12.000 erregistro edo gehiago dituztenean, ezin izanen da Interneteko bide elektronikoen bitartez aurkezteko modua erabili.”

Hiru.–2. artikulua.

“2. artikulua. Baldintza orokorrak, prozedura eta ordainketa, Interneteko bide elektronikoak erabiliz aurkezten diren aitorpen, aitorpen-likidazio, autolikidazio, urteko aitorpen-laburpen eta informazio-aitorpenetan.

1. Aitorpen mota bakoitza aurkezteko modua arautzen duten foru aginduek ezarriko dituzte baldintza orokorrak, Interneteko bide elektronikoak erabiliz aurkezteko prozedura eta, hala denean, bidezko ordainketa tramitatzeko eta gauzatzeko modua.

Edonola ere, honela egin daiteke Interneteko aurkezpen elektronikoa:

a) Identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoaren sistema bat, ziurtagiri elektroniko onartu bat erabiliz, Nafarroako Foru Ogasunak onartzeko modukoa, arloan indarra duen legediarekin bat etorriz.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude zerrendaturik, Interneteko helbide honetan: https://hacienda.navarra.es.

b) Zergapekoak pertsona fisikoak direnean, Cl@ve sistema erabiliz ere egin daiteke aurkezpena, zeina identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoaren sistema baita, amankomuna dena Estatuko Administrazio Sektore Publiko osorako, Nafarroako Foru Komunitateko Administraziorako eta harekin bat egiten duten beste autonomia erkidego eta toki entitateetarako, eta araututa dagoena PRE/1838/2014 Aginduan. Hari esker, herritarrak harreman elektronikoa izan dezake zerbitzu publikoekin gako itunduen bidez, hartan erabiltzaile gisa izena eman ondoren.

Nafarroako Foru Ogasunak zehazten dituen kasuetan, gako itundu bidezko beste identifikazio sistema batzuk onar daitezke pertsona fisikoentzat.

2. Bat etorriz Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan bide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren 14.3 artikuluan xedatutakoarekin, aurreko apartatuan ezarritako identifikazio sistemak sinatzeko sistema gisa erabiliko dira.

https://hacienda.navarra.es helbidean edukiko da aurkezpen elektronikoa gaituta duten zerga-betebeharren zerrenda eguneratu bat, eta zehaztuko da aurkezpen modu hori zeinetan den gaituta dagoen bakarra.”

Lau.–3. artikulua, bigarren paragrafoa.

“Hala ere, foru agindu honen 1.3 artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, zerga arloko araudiak bide elektronikoen bitartezko aurkezpena ezartzen badu, baina aitorpen-likidazioek, autolikidazioek, urteko aitorpen-laburpenek, informazio aitorpenek, komunikazioek edo zerga arloko agiriek 12.000 erregistro edo gehiago badituzte, ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarriaren bidez aurkeztuko dira.”

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Foru agindu honek indarra hartutakoan, indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo baxuagoko xedapenak.

Azken xedapenetako lehena.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren irailaren 15eko 280/2006 Foru Aginduaren aldaketa. Foru agindu horren bidez, balio erantsiaren gaineko zergaren hiruhilekoko aitorpen-likidazioa egiteko F-69 eredua onetsi zen eta haren Internet bidezko aurkezpen telematikoa egiteko baldintza orokorrak eta prozedura ezarri ziren eta, orobat, baldintza orokorrak eta prozedura ezarri ziren balio erantsiaren gaineko zergaren hileko aitorpen-likidazioa egiteko F-66 ereduaren Internet bidezko aurkezpen telematikoa egiteko.

Bat.–Gaztelaniaz, izen berri hauek ematen zaizkie 1., 2., 3., 4., 5., 6., 7. eta 8. artikuluei: 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7 eta 8.

Bi.–1. artikulua.

“1. artikulua. F-69 eredua onestea, “Balio erantsiaren gaineko zerga. Hiruhilekoko aitorpen-likidazioa. Araubide orokorra eta erraztua” izenekoa.

F-69 eredua onesten da, “Balio erantsiaren gaineko zerga. Hiruhilekoko aitorpen-likidazioa. Araubide orokorra eta erraztua” izenekoa. Eredu hau elektronikoki Internet bidez aurkeztuko da Nafarroako Foru Ogasunean, 4. eta 5. artikuluetan ezartzen diren baldintza orokorren eta prozeduraren arabera.

Hiru.–1 bis artikulua gehitzen da.

“1 bis artikulua. F-66 eredua onestea, “Balio erantsiaren gaineko zerga. Hileko aitorpen-likidazioa. Araubide orokorra eta erraztua” izenekoa.

F-66 eredua onesten da, “Balio erantsiaren gaineko zerga. Hileko aitorpen-likidazioa. Araubide orokorra eta erraztua” izenekoa. Eredu hau elektronikoki Internet bidez aurkeztuko da Nafarroako Foru Ogasunean, 6. eta 7. artikuluetan ezartzen diren baldintza orokorren eta prozeduraren arabera.”

Lau.–4. artikuluan, 1. apartatua kentzen da, eta, hortaz, 2., 3. eta 4. apartatuak 1., 2. eta 3.ak izatera pasatzen dira.

Bost.–4.1.4 artikulua, bigarren eta bosgarren paragrafoak.

“Fitxategi horien edukia Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian ezarritako erregistro-diseinuetara egokituko da (http://www.hacienda.navarra.es).

5. Aitortzaileek aurkezpen elektroniko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude ikusgai, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.”

Sei.–6.2.4 artikulua, bigarren eta bosgarren paragrafoa.

“Fitxategi horien edukia Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian ezarritako erregistro-diseinuetara egokituko da (http://www.hacienda.navarra.es).

5. Aitortzaileek aurkezpen elektroniko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude ikusgai, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.”

Zazpi.–8.1 artikulua, bigarren paragrafoa.

“Urteko aitorpen-laburpenaren edukia izanen da hurrenez hurren F-69 eta F-66 ereduei dagozkien erregistro diseinuetan ezarritakoa.”

Zortzi.–I., II., III. eta IV. eranskinak kendu egiten dira.

Azken xedapenetako bigarrena.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren martxoaren 18ko 40/2009 Foru Agindua aldatzea, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kontura egin beharreko ordainketa zatikatuen autolikidaziorako 130 eredua onesten duena.

Bat.–Gaztelaniaz, izen berri hauek ematen zaizkie 1., 2., 3., 4. eta 5. artikuluei: 1, 2, 3, 4 eta 5.

Bi.–1. artikulua.

“1. artikulua. 130 eredua onestea.

1. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kontura egin beharreko ordainketa zatikatuen autolikidaziorako 130 eredua onesten da. Eredu hau elektronikoki Internet bidez aurkeztuko da Nafarroako Foru Ogasunean, 4. eta 5. artikuluetan ezartzen diren baldintza orokorren eta prozeduraren arabera.

2. Subjektu pasiboek ordainketa zatikatuaren bi modalitateetako bigarrena hautatzen badute (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 92.Bat artikuluan araututako modalitateak), berariaz adierazi beharko dute urteko lehen hiruhilekoari dagokion 130 ereduaren autolikidazioan, foru agindu honen 3.2 artikuluan aipatzen den epean.”

Hiru.–3. artikulua.

“3. artikulua. Aurkezteko epea eta ordaintzeko modua.

1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 93. artikuluan xedatutakoarekin bat, 130 ereduaren araberako aitorpenen aurkezpena eta, hala denean, haietatik ateratzen den tributu zorraren ordainketa, hiruhileko natural bakoitzaren ondoko hilabeteko lehenengo hogei egun naturaleko epean eginen da, bigarren eta laugarren hiruhilekoei dagozkienak izan ezik, horiek abuztuaren 5era eta urtarrilaren 31ra arte egiten ahalko baitira, hurrenez hurren.

2. Subjektu pasiboak, aurreko atalean aipatzen den epearen barrenean, behartuta egonen dira autolikidaziotik ateratako tributu zorra Nafarroako Foru Ogasunaren laguntzaile den edozein finantza entitatetan ordaintzera. Ordainketa egiteko, “717 ordainketa gutuna” erabiliko dute. Foru agindu honen I. eranskinean ageri da. Gainera, ordaintzeko onartuta dagoen beste edozein bide erabiliz ere egin dezakete ordainketa.

3. Subjektu pasiboek autolikidazioaren ordainketa helbideratzen ahal izanen dute Nafarroako Foru Ogasunaren diru bilketaren kudeaketan entitate laguntzaile gisa aritzen den edozein entitatetan irekitako kontu batean. Ordainketa egiteko borondatezko epearen azken hiru egun baliodunak baino lehen soilik egiten ahalko da helbideratzea, hau da, ez dute baliorik izanen ordainketa egiteko borondatezko epearen azken hiru egun baliodunetan Nafarroako Zerga Ogasunari jakinarazten zaizkion helbideratze aginduek. Hori guztia Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak apirilaren 23an emandako 80/2008 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, zeinaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua hein batean garatzen baita, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.”

Lau.–4.1 artikulua, d) letra aldatzen da, eta e) letra kentzen.

“d) Aitortzaileek aurkezpen elektroniko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude ikusgai, Interneteko https://hacienda.navarra.es helbidean.”

Azken xedapenetako hirugarrena.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren abenduaren 30eko 427/2013 Foru Aginduaren aldaketa; haren bidez, “Aukera eta ukoak. Zentsu bereziak (BEZa). Jarduera hasi aurreko jakinarazpena” izeneko F-65 eredua onetsi zen.

Bat.–1. artikulua.

“1. artikulua. F-65 eredua onestea.

F-65 eredua onesten da, “Aukera eta ukoak. Zentsu bereziak (BEZa). Jarduera hasi aurreko jakinarazpena” izenekoa.

Bi.–2. artikulua, b) eta g) letrak.

“b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboak, egin behar dituztenak, zerga horri aplikatu beharreko araudian xedatutakoarekin bat, zuzeneko zenbatespeneko metodoaren modalitate erraztuari eta bereziari dagozkien aukerak, ukoak, errebokazioak edo salbuespenak”.

“g) Balio erantsiaren gaineko zergaren subjektu pasiboak, egin behar dituztenak, zerga horri aplikatu beharreko araudian xedatutakoarekin bat, Hileko Itzulketen Erregistroari dagozkion aukerak, ukoak edo salbuespenak.”

Hiru.–3. artikulua.

“3. artikulua. F-65 eredua aurkezteko moduak.

F-65 eredua telematika bidez aurkeztu beharko da, Internet baliatuz, 4. eta 5. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.”

Lau.–I. eranskina kentzen da.

Azken xedapenetako laugarrena.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren irailaren 17ko 131/2010 Foru Aginduaren aldaketa; haren bidez, etxebizitzen sustatzaileek horien erosketa prezioaren kontura jasotzen dituzten kopuruen informazio-aitorpenaren H70 eredua onesten da.

Bat.–1. artikulua.

“1. artikulua. H70 ereduaren onespena.

H170 eredua onesten da, “Etxebizitzen promotoreek haiek eskuratzeko prezioaren kontura hartutako diru-kopuruen informazio-aitorpena” izenekoa.

Bi.–4. artikulua.

“4. artikulua. H70 eredua aurkezteko modua.

Honela aurkeztuko da H70 eredua:

1. Interneteko bide elektronikoaren bitartez, 6. eta 7. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.

2. Aitorpenak 12.000 erregistro edo gehiago dituenean, ordenagailu bidez zuzenean irakurtzen ahal den euskarri batean, 5. artikuluan ezarritakoarekin bat, II. eranskinean ezarritako erregistro diseinuen arabera.”

Hiru.–I. eranskina kentzen da.

Azken xedapenetako bosgarrena.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 27ko 223/2011 Foru Aginduaren aldaketa. Haren bidez, 193 eredua onetsi zen, erabili behar dena kapital higigarriaren zenbait etekinengatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta, zenbait errentarengatik, sozietateen gaineko zergan eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan egindako atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena aurkezteko. Halaber, azaroaren 24ko 208/2008 Foru Aginduaren bidez onetsitako 196 ereduaren diseinu fisiko eta logikoak aldatu ziren.

Bat.–1. artikulua.

“1. artikulua. 193 eredua onestea.

193 eredua onesten da, “Ondasun higigarrien kapitalaren zenbait etekinengatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako eta, zenbait errentarengatik, sozietateen gaineko zergarako eta establezimendu iraunkorra duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergarako egindako atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena” izenekoa.

Bi.–4. artikulua.

“4. artikulua. 193 eredua aurkezteko epea.

Urteroko urtarrilaren 1etik otsailaren 5era aurkeztuko da 193 eredua, biak barne, aurre-aurreko urte naturaleko eragiketei dagokienez.”

Hiru.–5. artikulua.

“5. artikulua. 193 eredua aurkezteko moduak.

Honela aurkezteko da 193 eredua:

1. Interneteko bide elektronikoak erabiliz, 7. eta 8. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.

2. Aitorpenak 12.000 erregistro edo gehiago dituenean, ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarrian, 6. artikuluan xedatzen denarekin bat, II. eranskinean ezartzen diren erregistro diseinuen arabera.”

Lau.–I. eranskina kentzen da.

Azken xedapenetako seigarrena.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 10eko 183/2009 Foru Aginduaren aldaketa. Haren bidez, 296 eredua onetsi zen, “Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrak. Atxikipenen eta konturako sarreren urteko aitorpena” izenekoa.

Bat.–1. artikulua.

“1. artikulua. 296 eredua onestea.

296 eredua onesten da, “Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrak. Atxikipenen eta konturako sarreren urteko aitorpena” izenekoa.

Bi.–2. artikulua.

“2. artikulua. 296 eredua aurkezteko moduak.

Honela aurkeztuko da 296 eredua:

1. Interneteko bide elektronikoak erabiliz, 6 bis eta 6 ter artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.

2. Aitorpenak 12.000 erregistro edo gehiago dituenean, ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarrian, 6. artikuluan xedatzen denarekin bat, II. eranskinean ezartzen diren erregistro diseinuen arabera.”

Hiru.–5. artikulua.

“5. artikulua. 296 eredua aurkezteko epea.

Atxikipenen eta konturako sarreren urteko aitorpena, 296 eredua, urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik otsailaren 5era aurkeztuko da, biak barne, aurre-aurreko urte naturalari dagozkion atxikipenen eta konturako sarreren zenbatekoen berri emateko.

Lau.–I. eranskina kentzen da.

Azken xedapenetako zazpigarrena.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 5eko 88/2013 Foru Aginduaren aldaketa. Foru agindu horren bidez 216 eredu berria onetsi zen ez-egoiliarren errentaren gaineko zergako atxikipenen eta konturako sarreren aitorpena eta sarrera egiteko, establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentei buruz.

Bat.–1. artikulua.

“1. artikulua. 216 eredua onestea.

216 eredua onesten da, “Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errenten gaineko atxikipenak eta konturako sarrerak” izenekoa.

Bi.–3. artikulua.

“3. artikulua. 216 eredua aurkezteko modua.

216 eredua Interneteko bide elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko da, 6. eta 7. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.

Hiru.–4. artikulua.

“4. artikulua. 216 ereduaren ordainketa moduak.

Nafarroako Foru Ogasunaren edozein erakunde laguntzailetan eginen da diru-sarrera, eranskinean datorren “782 ordainketa gutuna” izeneko eredua erabilita. Orobat, telematika bidez ordainduta edo banku bidez helbideratuta egiten ahalko da diru-sarrera.”

Azken xedapenetako zortzigarrena.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 14an emandako 177/2010 Foru Aginduaren aldaketa. Foru agindu horren bidez, hirugarrenekiko eragiketen urteko aitorpenaren F-50 eredua onetsi zen.

Bat.–1. artikulua.

“1. artikulua. F-50 eredua onestea.

F-50 eredua onesten da, “Hirugarrenekiko eragiketen urteko aitorpena” izenekoa.

Bi.–3. artikulua.

“3. artikulua. F-50 eredua aurkezteko epea.

Hirugarrenekiko eragiketen urteko aitorpena, F-50 eredua, urte bakoitzeko otsailean aurkeztuko da, aurreko urte naturalean egindako eragiketei dagokienez.”

Hiru.–4. artikulua.

“4. artikulua. F-50 eredua aurkezteko moduak.

Honela aurkeztuko da F-50 eredua:

1. Interneteko bide elektronikoak erabiliz, 6. eta 7. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.

2. Aitorpenak 12.000 erregistro edo gehiago dituenean, ordenagailu bidez zuzenean irakurtzen ahal den euskarri batean, 5. artikuluan ezarritakoarekin bat, II. eranskinean ezarritako erregistro diseinuen arabera.”

Lau.–I. eranskina kentzen da.

Azken xedapenetako bederatzigarrena.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren uztailaren 28ko 235/2014 Foru Agindua aldatzea. Horren bidez onetsi zen 309 eredua, “Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Ez-aldizkako aitorpen-likidazioa” izenekoa.

Bat.–1. artikulua.

“1. artikulua. 309 eredua onestea.

309 eredua onesten da, “Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Ez-aldizkako aitorpen-likidazioa” izenekoa.

Bi.–4. artikulua.

“4. artikulua. Aurkezteko moduak.

309 eredua Interneteko bide elektronikoak baliatuz aurkeztu beharko da, 5. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.”

Azken xedapenetako hamargarrena.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak abenduaren 19an emandako 157/2017 Foru Aginduaren aldaketa. Foru agindu horren bidez 180 eredua onetsi zen, “Ondasun higiezinen errentamenduaren edo azpierrentamenduaren ondoriozko errenta edo etekin batzuei dagozkien atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena; atxikipenak eta konturako sarrerak pertsona fisikoen errentaren gaineko, sozietateen gaineko eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergetakoak dira, establezimendu iraunkorrei dagozkienak” izenekoa.

Bat.–1. artikulua.

“1. artikulua. 180 eredua onestea.

180 eredua onesten da, “Hiri higiezinen errentamendu edo azpierrentamenduaren ondoriozko errenta edo etekin batzuei dagozkien atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena; atxikipenak eta konturako sarrerak pertsona fisikoen errentaren gaineko, sozietateen gaineko eta egoitza ez dutenen errentaren gaineko (establezimendu iraunkorra) zergetakoak dira” izenekoa, baita behar diren diseinu fisikoak eta logikoak ere, zuzenean ordenagailuz irakurtzeko moduko euskarrian aurkezteko. I. eranskinean jaso dira”.

Bi.–4. artikulua, lehenengo paragrafoa.

“180 ereduaren (atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena) aitorpenak Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren edozein bulegotan aurkeztu beharko dira zuzenean ordenagailuz irakurtzeko moduko euskarri batean. Bide elektronikoen bitartez aurkeztutako aitorpenetan, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orria erabiliko da, Interneteko helbide honetan: https://hacienda.navarra.es.”

Hiru.–5. artikulua.

“5. artikulua. 180 eredua aurkezteko moduak.

Honela aurkeztuko da 180 eredua:

1. Interneteko bide elektronikoak erabiliz, 7. eta 8. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.

2. Aitorpenak 12.000 erregistro edo gehiago dituenean, ordenagailu bidez zuzenean irakurtzen ahal den euskarri batean, 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, I. eranskinean ezarritako erregistro diseinuen arabera.”

Azken xedapenetako hamaikagarrena. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta ondorioak izanen ditu 2021eko apirilaren 1etik aurrera aurkezten diren aitorpen-likidazio, autolikidazio, urteko aitorpen-laburpen, informazio-aitorpen, komunikazio eta beste agiri batzuetarako.

Iruñean, 2021eko martxoaren 10ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2104127