66. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

23E/2021 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, zentro teknologikoei “EvolTECH” trebakuntza jarduerak egiteko laguntzak emateko 2021eko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 552258.

Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legeak hitzaurrean ezartzen duenez, I+G+b-k oparotasuna areagotzen du, bizi kalitatea hobetzen du eta sorkuntzazko konponbideak ezartzen ditu gure gizarteak dituen desafio nagusietarako. Era berean, bere 21. artikuluak xedea betetzeko aurreikusitako neurriak zehazten ditu. Honako hauek daude horien artean: bikaintasuna sustatzen duten neurriak, laguntza berariazkoak emanez Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileei, bikaintasunaren adierazleen hobekuntza baloratuz; esaterako, argitalpenak, patenteak, transferentzia, nazioartekotzea eta industriarekin egindako kontratuak (21.1.g) artikulua).

15/2018 Foru Legeak Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzioko eragileen erregistroa sortzen du 13. artikuluan, eta 2E/2020 Foru Aginduak exekuzioko eragileen akreditaziorako eta erregistro publikoan inskribatzeko prozedura ezartzen du (2E/2020 Foru Agindua, otsailaren 28koa, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak emana). Foru Agindu horrek SINAIn akreditatutako erakundeek 2025. urterako bete behar dituzten bikaintasun, transferentzia eta gardentasun adierazleak biltzen ditu eranskinean, bat etorriz Zientziari eta Teknologiari buruzko Foru Legearen 9.3 artikuluan ezarritakoarekin.

Hori horrela, zentro teknologikoei “EvolTECH” trebakuntza jarduerak egiteko laguntzak emateko deialdiak helburu du Nafarroako zentro teknologikoen trebakuntza, finkapena eta bikaintasuna sustatzea, adierazleak hobetze aldera. Hala, zentro teknologikoei helburu zientifiko-teknologikoetara ez ezik, bere bikaintasun propiora ere bideratutako jarduera bat lortzeko bidean laguntzeko tresna bat da.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Zentro teknologikoei “EvolTECH” trebakuntza jarduerak egiteko laguntzak emateko 2021eko deialdia onestea.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 5.000.000 euroko kreditua onestea, 2021eko aurrekontuko eta 2022ko aurrekontuan dagokion zatiko G20001 G2100 4819 467310 “Nafarroa Suspertu Plana – Zentro teknologikoen trebakuntzarako laguntzak” partidaren kargura. Honela banatuko da:

EKITALDIA

ZENBATEKOA (eurotan)

2021

2.500.000

2022

2.500.000

GUZTIRA

5.000.000

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratu daiteke, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Sarrigurenen, 2021eko martxoaren 8an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauek helburu dute Nafarroako zentro teknologikoen trebakuntza, finkapena eta bikaintasuna sustatzea, beren adierazleak hobetze aldera, bat etorriz Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 21.1.g) artikuluan adierazitakoarekin.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke Nafarroako I+G+b Sistemaren Erregistroan (SINAI) akreditatutako Nafarroako zentro teknologikoak.

2. Ezin dira onuradun izan honako hauek:

a) Administrazio zehapen irmoa edo kondena epai irmoa betetzen ari direnak sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiek direla eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain daudenak ere.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatzen diren debekuetako bat urratzen dutenak.

3. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

4. Laguntzen eskaeran dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.

3. oinarria.–Diruz lagungarriak diren jarduerak.

1. Diruz lagunduko dira zentroek aurkeztutako jarduketa planetan jasotako jarduerak, baldin eta helburu badute bikaintasunaren, transferentziaren eta talentuaren eremuetan adierazleak hobetzea, 2E/2020 Foru Aginduaren eranskinean 2025erako finkatutako helburuak lortzeko.

2. Jarduketa planari, zentroak aipatutako adierazleei dagokienez dituen ahulguneen azterketa bat erantsi behar zaio, bai eta zentro bakoitzak hautatzen dituen adierazleak hobetzeko jardueren proposamen bat ere. Zentro bakoitzak hobetu nahi dituen adierazleen hazkunde kuantifikagarria proposatuko du, eta jardueraren gauzatze aldia amaitzean ebaluatuko dira.

Planak gauzatu nahi diren jardueren planifikazioa izanen du, barne hartuta kronograma, aurrekontua eta gauzatze aldia amaitzean lortu nahi diren helburuak. Horrez gain, adieraziko da zenbat lagunek jarduten duten I+Gren alorrean, eskaera egiten den egunean.

3. Xede hauek izan ditzakete jarduerek:

1.–Zentroak bere ezagutza-arloko funtsezko teknologietan trebakuntza hobetzea.

2.–Zentro teknologikoaren posizionamendua hobetzea, bere ingurukoekin alderatuta (bai estatu mailakoak, bai nazioartekoak).

3.–Zentroaren ezagutza arloko aurrerapen zientifiko berriak, orientazio teknologikoak eta joera berriak aurkitzea.

4.–Estatu mailako eta Europako I+Gren arloko proiektuetan parte hartzea sustatzea.

5.–Foroetan, plataforma teknologikoetan eta elkarteetan gehiago parte hartzea, bai estatu mailakoetan, bai nazioartekoetan.

6.–Hitzaldiak ematea edo posterrak aurkeztea kongresuetan, azoketan eta jardunaldi espezializatuetan.

7.–Sinergiak bultzatzea Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) beste eragile batzuekin, estatu mailako eta nazioarteko erreferentziazko zentroekin eta abarrekin.

8.–Indexatutako aldizkarietan artikuluak argitaratzea.

9.–Zentroko ikertzaileen prestakuntza hobetzea.

10.–Ikertzaile berriak kontratatzea.

11.–Langile gehiago transferitzea industriara.

12.–Zentroak egokitzat jotzen dituen eta 2E/2020 Foru Aginduko adierazleak betetzera bideratuta dauden beste jarduera batzuk.

4. Aipatutako jarduerak zentro teknologikoak gauzatzen dituen jarduera ez-ekonomikoarekin daude lotuta. Jarduera ez-ekonomikotzat hartzen da Europako Batzordeak hala definitzen duena “Ikerketarako, garapenerako eta berrikuntzarako Estatuko laguntzen esparruan” (2014ko ekainaren 27ko EBAOn argitaratu zen).

Europar Batasunaren esparru horrek ezartzen duenez, entitate horien jarduera ez-ekonomikoen finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa; hau da, ez da estatu laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereiz badaitezke bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzaketa ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.

4. oinarria.–Diruz lagungarriak diren gastuak.

1. Diruz lagungarriak dira honako gastu hauek, baldin eta jarduketa planeko jardueretan sartuta badaude:

a) Ikertzaileak, teknikariak eta laguntzaileak, langile berriak kontratatzea barne hartuta.

b) Ikerketara bideratutako ekipamendua erostea; laguntzaren % 5, gehienez ere.

c) Material suntsikorra eta bestelako hornidurak.

d) Kanpoko laguntza, barne hartuta proiektuen aholkularitza, laguntza estrategikoa eta zaintza teknologikoa.

e) Estatu mailako edo Europako azpiegitura zientifiko-teknologikoak erabiltzea, bai eta SIESS sistemakoak ere (Scientific Infrastructure and Equipment Sharing System of Navarra).

f) Zentroak jarduerak gauzatu ahal izateko egin behar dituen beste gastu batzuk:

–Prestakuntza.

–Bidaiak, dietak eta egonaldiak.

–Artikulu zientifikoak itzultzea eta argitaratzea.

–Estatu mailako eta nazioarteko ikerketa sareetan parte hartzea.

–Ikerketen emaitzak babestea, jabetza industrialaren erregistroaren bitartez.

–Ekitaldiak antolatzeko gastuak.

–Antzeko beste gastu batzuk, baldin eta benetan beharrezkoak badira erakundearen jarduketa planean jasotako jarduerak behar bezala gauzatzeko.

g) Auditoretza-txostena ere diruz lagungarria da; urtean 1.500 euro emanen dira, gehienez ere.

2. Diruz lagungarria den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), hornidura ondasunetarako edo aholkularitza eta laguntza enpresek zerbitzuak emateko, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza erantsiko ditu, eta hautatutako eskaintza aukeratzeko arrazoiak emanen.

Ez dira hiru eskaintzak erantsiko, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

5. oinarria.–Gauzatze aldia.

Jarduerak bi urtez gauzatzen ahalko dira, gehienez, honela banatuta:

–1. urtea: 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte.

–2. urtea: 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte.

6. oinarria.–Jarduketa plana aldatzea.

Onuradunek jarduketa planean jasotako jarduerak aldatzeko eskatzen ahalko dute, ezarritako helburuak ahalik eta hoberen lortzeko, honako baldintza hauekin:

a) Jarduera abian jartzen denetik, zortzi hilabete igaro behar dira, gutxienez; horrela, goiz ebaluatzen ahalko dira emaitzak.

b) Organo eskudunari egin behar zaio eskaera, eta berak eman behar du berariaz aldaketa egiteko baimena.

c) Ez da inola ere handituok emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, baina diruz lagundutako gastuak berrantolatzeko eskaera egiten ahalko da, eskatutako jardueren berrantolaketara egokitzeko. Halaber, zentroak aurreikusten badu ez duela gasturen bat eginen, emandako laguntzaren zati bati uko egiten ahalko zaio.

7. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta zer egunetan argitaratzen den, hurrengo hilabetean bukatuko da, egun berean.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, helbide elektroniko gaitu bat eduki beharko da nahitaez.

3. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen arabera:

a) Eskaera telematikoa, 2.4 oinarrian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena erantsita.

b) Jarduketa plana, 3.2 oinarrian adierazitako irismenarekin.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, organo eskudunak entitateari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa eta hura emateko prozedura.

1. Laguntza I+Gren arloan diharduen pertsona bakoitzeko oinarrizko zenbateko bat ematean datza (aurrerantzean, oinarrizko zenbatekoa). Zenbateko hori kalkulatzeko, deialdiko kreditua zati I+Gren arloan diharduten pertsonen kopuru osoa egin behar da, zentroek euren jarduketa planetan adierazitakoaren arabera. Oinarrizko zenbatekoa eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako zehaztu beharko da.

2. Zentro bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatzeko, oinarrizko zenbatekoa bider zentro bakoitzean I+Gren arloan diharduten pertsonen kopuru osoa egin behar da.

Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorretan 100.000 eurotik gorako dirulaguntza izenduna aurreikusita duten zentroek laguntzaren % 60 bakarrik jasotzen ahalko dute.

3. Dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira. Horretarako, aurkeztutako jarduketa planak eta jardueren eta diruz lagungarriak diren gastuen aurrekontua berrikusi ondoren, hala badagokio, onetsi eginen da.

4. Zentroak onetsitako aurrekontuan adierazten den zenbatekoa jasoko du, eta, hala badagokio, 2. puntuaren arabera kalkulatutako zenbatekoa, gehienez ere.

5. Eskaera guztiei erantzun ondoren deialdiko kredituan gerakinik bada, zentro eskatzaileetan I+Gren arloan diharduten pertsonen kopuru osoarekiko proportzionalki banatuko da, betiere zentro horien aurrekontua onetsi bada eta laguntzaren zenbatekoa baino handiagoa bada (2. puntuan dago ezarrita).

Banaketa horretan, lehenik eta behin, 100.000 eurotik gorako dirulaguntza izendunik ez duten zentroak hartuko dira kontuan, eta banaketa egin ondoren deialdiko kredituan gerakinik bada, gainerako zentro eskatzaileen artean banatuko da.

9. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Elikakatearen arloko I+G+b Atalak, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta horretan adieraziko du erakunde onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira, gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda eta laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna Berrikuntzako zuzendari nagusia da. Ebazpena gehienez hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematikoki, eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.

10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduera justifikatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek ondoren azaltzen diren epeetan justifikatu beharko dituzte diruz lagundutako jarduerak:

a) 2021. urteko jarduketak:

–Gastu aitorpena: 2021eko abenduaren 9 arte. Abenduari dagozkion gastuak aurreikuspen bat izanen dira.

–Dokumentu bidez justifikatzea: 2022ko apirilaren 30 arte.

b) 2022. urteko jarduketak:

–Gastu aitorpena: 2022ko abenduaren 9 arte. Abenduari dagozkion gastuak aurreikuspen bat izanen dira.

–Gastuak dokumentu bidez justifikatzea: 2023ko apirilaren 30 arte.

2. Gastu aitorpen bakoitzean aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:

a) Jarduketa planean sartutako jardueren aurrerapenari buruzko txostena, zentroak aukeratutako adierazleetan izandako aurrerapena baloratuta.

b) Aldi bakoitzean egindako gastuen aitorpena, jardueren eta kontzeptuen arabera banakatuta.

3. Gastuak dokumentu bidez justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Gastuen justifikazioa, justifikazio kontu baten bidez, auditoretza-txostena aurkeztuta, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduan xedatuarekin bat (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 89. zk., 2013ko maiatzaren 13koa).

b) Jarduketa planean sartutako jardueren gauzatze txostena. Horrez gain, adierazleetan lortutako aurrerapenaren balorazio bat izan behar du, partidaren egoerari dagokionez.

4. Dokumentazioa modu telematikoan aurkeztu beharko da beti, laguntzen fitxaren bidez, fitxa horretan eskura dauden inprimakiei jarraituz.

5. Onuraduna behartuta dago dirulaguntzen organo kudeatzaileak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, beharrezkotzat jotzen bada jardueren finantzaketa justifikatzeko.

11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Gastu aitorpena aurkeztu ondoren, konturako ordainketa bat eginen da, aurreko oinarrian adierazitakoaren arabera.

2. Aurkeztutako gastu aitorpenari dagokion dokumentazioa aztertu ondoren, organo kudeatzaileak konturako ordainketa egiteko proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak.

3. Konturako ordainketak gehienez sei hilabeteko epean eginen dira, 10. oinarrian eskatutako frogagiriak aurkezten direnetik hasita. Epe hori etenda geldituko da, aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

4. Urte bakoitzean dokumentu bidez justifikatu behar diren gastuak aztertu ondoren, ebazpen bat emanen da, baliozkotutako zenbatekoa zehaztuko duena.

Bigarren urteko berrikuspena egitean, jarduketa planean proposatutako adierazleak hobetu diren egiaztatuko da, 12. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako; hau da, hobekuntza hori % 90etik beherakoa bada, jarduketa planean ezarritako helburuari dagokionez, % 5 murriztuko da jasotzea dagokion zenbatekoa, eta, ondorioz, baliteke ordaindutako zenbatekoak itzuli behar izatea.

5. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, baldin eta onuradunek justifikatzen badute funtsak behar dituztela dirulaguntzaren xedeak betetzeko.

Aurreratutako dirulaguntzaren justifikazioa 10. oinarrian dokumentu bidez justifikatzeko adierazitako moduan eginen da.

12. oinarria.–Adierazleen hobekuntza.

Jardueraren gauzatze aldia amaitzean, zentro bakoitzak proposatutako adierazleen hobekuntza baloratuko da. Hobekuntza hori % 90etik beherakoa bada, jarduketa planean ezarritako helburuari dagokionez, % 5 murriztuko da jasotzea dagokion zenbatekoa, eta, hala badagokio, zenbatekoak itzuli beharko dira.

13. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, webgune horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko jarduerak.

c) Erakunde onuradunek kontabilitate sistema bereizi bat eduki behar dute, edo kontabilitate kode egoki bat, laguntzari lotutako transakzio guztiei dagokienez.

d) Erakunde onuradunen kontabilitateak bide eman behar du jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak argi bereizteko, baita haietako bakoitzaren kostuak eta finantzaketa ere.

e) Diruz lagundutako jardueren inguruan sortzen den dokumentazio guztian eta haiek zabaltzeko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero rolei lotu gabekoa eta aniztasun irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin.

f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

14. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

1. Dirulaguntza hauek bateragarriak dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin.

2. Diruz lagundutako jardueretarako emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu, inola ere, jarduera horien kostuaren % 100.

15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

I+G+b Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu, Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es), emandako dirulaguntzak, honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuraduna eta emandako diru kopuruak.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratu dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2103925