65. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

23E/2021 EBAZPENA, martxoaren 3koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita gizarte-erantzukizuna sustatzeko 2021eko dirulaguntzen deialdia. DDBN identifikazioa: 551875.

Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (S3) 14. erronkak, “Enpresa kudeaketarako kultura berria” izenekoak, hauxe du xede: enpresa kultura ireki eta gardena garatzea partaidetza bidezko lidergoaren eta kudeaketa-bikaintasunaren bitartez, enpresen eta enpresak osatzen dituzten pertsonen dimentsio sozialean oinarritutako lan harreman esparru bat sortzeko, balioa, konfiantza eta elkarrenganako konpromisoa ekarriko duena.

Nafarroako Gobernua 2008. urtetik garatzen ari den kudeaketa sisteman, besteak beste, Nafarroako enpresen kudeaketan gizarte-erantzukizuna ezartzeko metodologia bat aplikatzen da (InnovaRSE). Ekintza hau 2009. urtetik lagundu da diruz.

Era berean, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planean identifikatu diren helburu estrategiko eta jarduketa-arlo nagusi askok lotura zuzena edo zeharkakoa dute InnovaRSE metodologiako enpresek eta entitate publikoek lortu beharreko helburu eta ekintzekin (suspertze ekonomikoa, trantsizio energetikoa, lurralde garapen jasangarria...). Hori horrela izanik, metodologia hori enpresetan aplikatzeak hain beharrezkoa den suspertzea ekartzen lagun dezake.

InnovaRSE metodologiak etapa hauek dauzka: diagnostikoaren eta jarduketa-planaren diseinua (aurrerantzean, InnovaRSE GE plangintza), jarduketa-plana gauzatzea, jasangarritasun memoria, eta azkenik, Hobekuntza Zikloa.

Nafarroako Gobernuak gizarte-erantzukizuna sustatzen eta bultzatzen du, eta, horretarako, enpresentzako laguntzen deialdiak onesten ditu, beren enpresa-estrategietan gizarte-erantzukizuna sar dezaten errazteko.

Nafarroako Gobernuak, 2021eko otsailaren 3an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zuen laguntza hauek banakako ebaluazioko araubidean tramita zitezen, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedaturikoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Gizarte-erantzukizuna sustatzeko dirulaguntzen 2021erako deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko, 72.000 euroko gastua baimentzea, 2021eko gastuen aurrekontuko “Gizarte-erantzukizuna sustatzeko programa” izeneko 810012 81500 4709 494112 partidaren kargura.

Honela banatuko da baimendutako gastu hori:

JARDUKETA

ETAPAREN KOSTU OSOA

TXOSTEN KOPURUA

1.1. INNOVARSE GE PLANGINTZA (5 langile edo gehiago kontratatuak dauzkaten enpresak)

37.800 euro

12

1.2. TAMIRSE GE PLANGINTZA (langile autonomoak eta 5 langile baino gutxiagoko mikroETE-ak)

4.950 euro

10

1.3. INNOVARSE JARDUKETA-PLANA (DA-a 2019an egin dutenentzat)

15.750 euro

14

1.4. TAMIRSE JARDUKETA-PLANA (DA-a 2019an egin dutenentzat)

1.575 euro

7

1.5. JASANGARRITASUN MEMORIA

5.000 euro

10

1.6. HOBEKUNTZA ZIKLOA

6.750 euro

5

Jarduketa baten eskaera guztiei erantzun ondoren, dirua soberan gelditzen bada, beste jarduketetako bat finantzatzeko erabiltzen ahalko da, horiek aurkeztu diren ordenan.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko martxoaren 3an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako enpresetan gizarte-erantzukizuna (GE) ezartzea sustatzea.

Enpresaren estrategiako kezka sozialak, lanekoak, ingurumenekoak eta giza eskubideekiko errespetuzkoak beren interes-taldeetan nahita txertatzeari esaten zaio gizarte-erantzukizuna; horrela, beren ekintzek sortzen dituzten ondorio eta eraginez arduratzen dira. Legeria aplikagarria eta hitzarmen kolektiboak errespetatzea aldez aurreko baldintza da erantzukizun hori betetzeko.

“InnovaRSE” metodologiak, hala bost langile edo gehiago kontratatuak dauzkaten enpresen bertsioan, nola “Lan autonomoa eta EGE” bertsioan (lan autonomora eta mikroETE-etara zuzendua dagoena, aurrerantzean TAMIRSE), gizarte-erantzukizunaren oinarrizko printzipioak aurkezten ditu, gai horretan aintzat hartu beharrekoak diren alderdi nagusiei buruzko hausnarketarako bide ematen duten adierazpenen edo esaldien bidez.

“InnovaRSE” metodologiak zenbait etapa dauzka: GEren plangintza bat diseinatzea, zeina diagnostiko bat eta jarduketa-plan bat prestatzean datzan; jarduketa-plana gauzatzea; egindako jarduketen berri ematea jasangarritasun memoria baten bidez; eta, azkenik, hobekuntza ziklo bat.

Aurtengo deialdiak, aurreko urteetakoek egin bezala, berdintasun arloan egun dauden kezka sozialak enpresetan txertatzen dituzten jarduketak sustatuko ditu bereziki, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren VII. tituluarekin (“Berdintasuna enpresen gizarte-erantzukizunean”) eta betetzeko 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

2. oinarria. Onuradunak.

1. Honako beharkizunak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira dirulaguntzen onuradunak:

a) Lantoki bat izatea Nafarroan.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala behar bada, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuarekin bat (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

c) Deialdi hau argitaratu aurreko hiru urtean zehapenik jaso ez izana Langileen Estatutuak edo aplikatzen den hitzarmen kolektiboak ezarritako berdintasun planen arloko betebeharrak ez betetzeagatik edo enpresak hartutako erabakiengatik, sexuarengatik edo orientazio sexualarengatik edo sexu jazarpenagatik zuzeneko edo zeharkako bereizkeria egiteagatik.

d) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan falta oso astun bat edo bi falta astun baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

e) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, eta zehapen organoaren txosten batek ez agertzea neurri horiek gauzatu ez izana edo aplikatzeko egutegia bete ez izana.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuetako bat bakarra ere ez urratzea.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

2. a), b) eta f) letretako baldintzak betetzen direla frogatzeko, eskaeran datorren erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da. Gainerako beharkizunak ofizioz egiaztatuko dira.

3. Ezin izanen dira onuradun izan Espainiako Gobernuaren Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Erakunde Publikoen Inbentarioko zerrendako entitate publikoak, ezta 5. oinarriarekin bat baimenduriko pertsonak bere baitan dituzten aholkularitza enpresak ere.

Aurreko paragrafoan xedatutakotik kanpo uzten da TAMIRSE metodologiaren aplikazioa. Beren negozioetan TAMIRSE metodologia ezarri nahi duten aholkulariek dirulaguntza jasotzen ahalko dute, baldin eta metodologia aplikatzen duena baimendutako beste pertsona bat bada eta pertsona horrek deialdi honetan ezarritako gainerako beharkizunak betetzen baditu.

3. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak.

1.–Dirulaguntzaren xedea da hurrengo jarduketak aholkulari gisa baimendutako pertsonekin egitea, deialdi honetako 5. oinarriarekin bat:

1.1. Gizarte-erantzukizunaren plangintza: hemen sartzen dira diagnostiko bat prestatzea eta jarduketa-plan bat diseinatzea. Diagnostiko bat prestatzeak aukera ematen die enpresei identifikatzeko zein den beren gaur egungo egoera gizarte-erantzukizunari dagokionez, “InnovaRSE” metodologiaren hiru dimentsioetako bakoitza aztertzen baita (ingurumena, ekonomia eta gizartea), edo kasua bada, TAMIRSE metodologiarenak. Aurretiazko diagnostikoa oinarri harturik, jarduketa-planak aukera emanen du jarduketa-ildo batzuk planteatzeko, jarraitu beharreko ekintza zehatzekin, enpresaren politikan gizarte-erantzukizunaren printzipioak ezartzeko.

Emakumezkoen eta gizonezkoen artean lan arloko edozein diskriminazio galaraztera zuzendutako jarduketak baloratze aldera, SI-07 adierazpenean (“InnovaRSE” diagnostikoaren kasuan), eta diagnostikoaren berdintasunaren eta kontziliazioaren atalean (TAMIRSE metodologiaren kasuan), aztertuko da genero berdintasunarekin eta kontziliazioarekin lotutako alderdietako bakoitza; gainera, enpresa aplikatzen ari den eta adierazpenean ageri ez den beste edozein gehitzen ahalko da. Gauzatu beharreko jarduerak planteatzean, gai horri buruzko diagnostikoan atzemandako beharrak aseko dituen ekintza bat gutxienez sartuko da. Gabeziarik atzematen ez bada, bikaintasuna lortzeko hobekuntzaren bat dakarren ekintzaren bat sartu beharko da.

1.2. Jarduketa-planak: aldez aurreko diagnostikotik abiatuta, enpresaren gizarte-erantzukizuna hobetzeko garatu beharreko ekintzak zehazten dituzte. Jarduketa hori diruz lagungarria izateko, aholkulari baimendu batek 2019an edo 2021ean egindako gizarte-erantzukizunari buruzko diagnostikoa dutela frogatu beharko dute enpresek.

Jarduketa-planek 1.1. atalean adierazitako neurriren bat, gutxienez ere, jaso beharko dute. Horiek denak dagoeneko sartuak baldin badaude enpresaren estrategian, berri batzuk gehitu beharko dira.

1.3. Jasangarritasun memoriak: tresna bat dira jarduketa-plana egin duten enpresentzat, plan hori gauzatu dutela erakusteko. Memoria horretan sartzen dira erakundeak garapen jasangarriarekin lotuta egiten duen jardueraren neurketa, zabalkundea eta kontu ematea barne eta kanpoko interes-taldeen aurrean. Fase hori diruz lagundu ahal izateko, enpresak frogatu beharko du jarduketa-plan bat egin duela 2017an, 2018an, 2019an edo 2020an.

1.4. Hobekuntza zikloak: jasangarritasun memoria egina duten enpresentzat; haietan beste diagnostiko bat egiten da, lortutakoa eta egiteko dauden zereginak berrikusten dituena, bai eta beste jarduketa-plan bat ere, non proposatzen baitira hobetu beharreko beste eremu batzuk, helburuak eta hartu beharreko neurriak.

Jarduketa-plan berriek 1.1. atalean zehaztutako jarduketaren bat, gutxienez ere, jaso beharko dute. Horiek denak dagoeneko sartuak baldin badaude enpresaren estrategian, berri batzuk gehitu beharko dira.

2.–Gainera, diruz laguntzen ahal diren jarduketek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Gobernuaren “InnovaRSE” edo TAMIRSE metodologiaren araberakoak izan behar dute.

b) Laguntza eskatzen den egunaren eta 2021eko irailaren 22aren artean egin behar dira. Ondorio horietarako, egindako gastutzat jotzen da egun hori baino lehenago fakturatu eta ordaindu dena.

c) Enpresako, jarduketa bakarrerako emanen da dirulaguntza.

d) Aholkulariak laneko denbora bat frogatu beharko du, 70 ordukoa gutxienez, 5 langile edo gehiago kontratatuak dauzkaten enpresetarako gizarte-erantzukizunaren plangintza prestatzeko, eta 11 ordukoa gutxienez, langile autonomoen edo mikroETE-en kasuan; 50 ordukoa, InnovaRSE jarduketa-plan bakoitzeko; 5 ordukoa, TAMIRSE jarduketa-plan bakoitzeko; 15 ordukoa, jasangarritasun memoria bakoitzeko; eta 60 ordukoa, hobekuntza ziklo bakoitzeko.

e) Enpresa bakoitzaren lehen GE plangintza, lehen plana, lehen memoria eta lehen hobekuntza zikloa baino ez dira lagunduko diruz.

4. oinarria. Laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzek honako zenbateko hauek izanen dituzte:

JARDUKETA

FASEAREN

KOSTUA

GUTXIENEKO ORDU KOPURUA

DIRULAGUNTZAREN ZENBATEKOA

1.1. INNOVARSE GE PLANGINTZA (5 langile edo gehiago kontratatuak dauzkaten enpresak)

3.150 euro

70 ordu

3.150 euro

1.2. TAMIRSE GE PLANGINTZA (langile autonomoak eta 5 langile baino gutxiagoko mikroETE-ak)

495 euro

11 ordu

495 euro

1.3. INNOVARSE JARDUKETA-PLANA (DA-a 2019an egin dutenentzat)

2.250 euro

50 ordu

1.125 euro

1.4. TAMIRSE JARDUKETA-PLANA (DA-a 2019an egin dutenentzat)

225 euro

5 ordu

225 euro

1.5. JASANGARRITASUN MEMORIA

675 euro

15 ordu

250-500 euro*

1.6. HOBEKUNTZA ZIKLOA

2.700 euro

60 ordu

1.350 euro

2. Jasangarritasun memoriari 500 euro arteko dirulaguntza ematen ahalko zaio gehienez, baldin eta enpresak ondoko neurrietako bat hartu badu emakumeen eta gizonen arteko edozein lan bereizkeria mota galarazteko:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat onestea, halakorik nahitaez eduki behar ez badu, eskaerarekin batera aurkeztuko dena.

b) Bizitza pertsonala, familiarra eta lanekoa kontziliatzen lagunduko duten neurriak onestea, langileen legezko ordezkaritzarekin negoziatuak, edo, halakorik ez badago, Langileen Estatutuaren 41.4 artikuluaren arabera gehienez ere hiru kiderekin izendatutako batzorde batekin. Zilegitasuna duten subjektuek sinatutako akta edo agiri baten bidez justifikatuko da.

c) Genero berdintasunaren arloan eskuduna den entitate batek emandako aitortza edo bereizgarria eskuratzea, tratu eta aukera berdintasunaren aldeko politikak aplikatzeagatik (Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” edo Amedna-ren “Reconcilia zigilua”, eta abar). Aitortza edo bereizgarri hori aurkeztuta justifikatuko da.

5. oinarria. Aholkulari gisa baimendutako pertsonak.

1. Lan Zerbitzuak 2020an baimendutako pertsonek egiten ahalko dituzte jarduketa diruz lagungarriak (horien zerrenda “InnovaRSE metodologiako kanpoko aholkularitza zerbitzuen akreditazioa” izeneko tramiteen fitxan argitaratu zen), bai eta baimen hori oinarri honen 2. atalean eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz eskatzen dutenek ere.

2. Baimendurik egoteko, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresentzako kontsulta edo aholku lanetan edo enpresa kudeaketan hiru urteko esperientzia izatea.

b) Kontsulta eta aholku lanetara emana den enpresa edo entitate batean jardutea, enpresak helbidea Nafarroan izanik.

c) Lan Zerbitzuak proposatutako prestakuntza egitea.

3. Baimen hori eskuratu nahi dutenek 7 egun naturaleko epea izanen dute eskaera bidaltzeko, deialdi hau argitaratu eta biharamunetik hasita, honako helbide honetara: responsabilidadsocial@navarra.es. Eskaerak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoan (laguntzaren fitxan) dagoen ereduaren araberakoa izan behar du.

4. Aholkulari gisa baimendutako pertsonen zerrenda oinarri honen 1. puntuan adierazitako tramiteen fitxan argitaratuko da, enpresek aukeratu dezaten norekin egin nahi dituzten jarduketa diruz lagungarriak.

6. oinarria. Eskaerak aurkeztea.

1. Apirilaren 22an hasiko da eskaerak aurkezteko epea, 08:00etan, eta 2021eko maiatzaren 4an bukatuko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Laguntzen fitxan eskura daitezkeen ereduen araberakoa izanen dira eskaerarekin batera aurkeztu behar diren agiriak. Hain zuzen ere, ondoko agiriak. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, bakoitza bere izenarekin identifikatuta:

a) Enpresako zuzendaritzaren konpromisoa, diruz lagungarriak diren jarduketak abian jartzekoa, laguntzaren fitxan eskura daitekeen ereduaren araberakoa.

b) 4. oinarrian aipatutako laguntzaren gehienekoa jaso nahi duten enpresek agiri hauetako bat aurkeztu beharko dute:

i. Berdintasun plana (4.2.a oinarria).

ii. Zilegitasuna duten subjektuek sinatutako akta, egiaztatzen duena kontziliazio neurriak hartu direla, 4.2.b oinarrian ezarri bezala.

iii. 4.2.c oinarrian aipatutako kasua egiaztatzen duen ziurtagiria edo aitortza.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin izanen da inondik inora zuzendu.

7. oinarria. Dirulaguntza ematea.

1. Dirulaguntza hau banakako ebaluazioaren araubidean emanen da. Hori dela eta, 3. eta 4. oinarrietan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira eskaerak eta ebaluazio horren emaitzaren araberakoa izanen da dirulaguntza.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Lan Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari; horretan agerraraziko da onuradunek laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpena interesdunei, gaitutako helbide elektronikora.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertu ahal izanen da.

8. oinarria. Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

1. Diruz lagundutako jarduketa gauzaturik, 2021eko irailaren 22a arteko epea izanen dute onuradunek, egun hori barne, 5. oinarrian adierazitako moduan dokumentazio hau bide telematikoan aurkezteko:

a) Justifikazioko inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal dena.

b) GE plangintzaren, jarduketa-planaren, jasangarritasun memoriaren edo diruz lagundutako hobekuntza zikloaren ale bana, euskarri digitalean. Dokumentu horiek hizkera ez-sexistan idatzi beharko dira.

c) GE plangintza egin duten enpresek aurkeztu beharko dute InnovaRSE zigilua erabili izanaren dokumentua, behar bezala beteta.

d) Enpresetara egindako bisiten sinadura orria, laguntzen fitxatik deskargatzen ahal den ereduaren araberakoa, non agertuko baita enpresaren sinadura digitala edo haren zigilua.

e) Aholkulariaren faktura eta ordainketa frogatzen duen dokumentua. Bi dokumentuak dirulaguntzaren eskatzailearen izenean egonen dira.

Onartutako dirulaguntzaren %100 kobratzeko, zenbateko hau izanen du, gutxienez, fakturak: 4 oinarrian adierazitako “Fasearen kostuaren” guztirako zenbatekoa gehi egoki den BEZa. Faktura “Fasearen kostua” baino txikiagoa baldin bada, araberan murriztuko da dirulaguntzaren ordainketa.

2. Lan Zerbitzuak frogagiriak aztertuko ditu eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta txosten bat erantsiko dio, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela frogatzeko; besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu izatea.

3. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik.

9. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.

Foru dekretu horren 4. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebehar hori bete ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Behar izatera, Lan Zerbitzuari komunikatzea dirulaguntzari uko egiten diotela eta uko egitearen arrazoiak azaltzea.

d) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriro ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

10. oinarria. Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

11. oinarria. Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

12. oinarria. De minimis laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez luzatu da (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa), 2023ko abenduaren 31 arte.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

13. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

14. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iragarkiaren kodea: F2103691