65. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 2koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, unibertsitateko titulazioa duen pertsona baten prestakuntza praktikorako beka baten deialdia onesten duena. Bekaren xedeko prestakuntza Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulegoan eginen da 2021. eta 2022. urteetan. DDBN identifikazioa: 553200.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak martxoaren 30ean emandako 53/2020 Foru Aginduaren bidez eguneratu da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko zuzkidura ekonomikoa. Horren ondorioz, beka horien zenbatekoa ezin da izan ez 9.000 eurotik beherakoa, ez 18.000 eurotik gorakoa.

Deialdi hau onestea Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari dagokio, eta xedetzat du beka bat ematea gazteak trebatzeko kanpo ekintzaren arloan. Bekaren zuzkidura, urtero, 17.400 euro gordinekoa da, 1.450 euroko hamabi hilekotan banatua, gehi 780 euro, urtero, Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaintzeko (65 euro hilabetero).

Onuradunak aukera izanen du Europako erakundeei, Batasuneko politikei eta horiek Nafarroaren errealitatean duten eraginari buruz duen ezagutza hobetzeko, Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulego Iraunkorraren eguneroko lanetan parte hartuz, non eginkizun teknikoetan lagunduko baitu, ezagutza praktiko zabala sendotzeko asmoz.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Unibertsitateko titulua duten gazteen prestakuntza praktikorako beka baten deialdia onestea. Bekaren xedeko prestakuntza Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulegoan eginen da 2021. eta 2022. urteetan.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi horretarako, 33.525 euroko gastua onestea, honela finantzatuko dena:

–2021. urteari dagokion gastua, guztira 15.280 euro, Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorretako “Suspertu Plana. Nafarroako Gobernuak Europar Batasunean (Bruselan) duen Bulegoko beka” izeneko B50000 B5110 4809 145100 partidaren kargura ordainduko da.

–2022. urteari dagokion gastua, guztira 18.180 euro, eta 2023. urteari dagokiona, guztira 65 euro, “Suspertu Plana. Nafarroako Gobernuak Europar Batasunean (Bruselan) duen Bulegoko beka” izeneko B50000 B5110 4809 145100 partidaren baliokide izateko asmoz urte horietako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaitzen diren partiden kargura ordainduko dira, horretarako kreditu egoki aski baldin badago.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2020ko martxoaren 2an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Oinarriak, unibertsitateko titulazioa duten pertsonen prestakuntza praktikorako beka bat emateko deialdia arautzen dutenak. Bekaren xedeko prestakuntza Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulegoan eginen da 2021. eta 2022. urteetan.

1.–Helburuak.

–Gazteen prestakuntza sustatzea, zehazki, kanpo ekintzaren arloan.

–Europari buruzko ezagutza praktikoa hobetzea Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulegoan.

–Europar Batasuneko erakundeen funtzionamenduari, politikei eta ekintzei buruzko ezagutza hobetzea.

–Bruselako bulegoaren ohiko lanetan parte hartzea eta haren zeregin teknikoetan laguntzea: informazioa bilatzea eta materiala eta dokumentazioa prestatzea, Europar Batasuneko erakunde eta organoen bilera edo biltzarretara joatea eta txostenak, buletinak eta abar prestatzen laguntzea.

–Nafarroa Europar Batasunaren barruan egoteak dakarren guztiari buruzko ezagutza praktiko zabala sendotzea.

2.–Zuzkidura.

Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak konpromisoa hartzen du, bekak irauten duen bitartean, bekaren onuradunari urtero 17.400 euro gordin emateko (1.450 euro hilero).

–Diru kopuru horiei pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kontura bidezko diren atxikipenak eginen zaizkie.

3.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

1. Adinez nagusia izatea.

2. Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko kide den estatu bateko nazionalitatea izatea. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren araberako titulu ofizial baten bidez.

3. Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

4. Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

5. Unibertsitateko gradudun edo lizentziadun titulu ofizial bat izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea. Atzerrian emandako tituluen kasuan, hezkuntza arloan eskumena duen ministerioaren homologazioa aurkeztu beharko da.

6. Titulu hori eskuratua izatea prestakuntza beka honen deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean.

7. B2 mailako ingeles edo frantses maila duela frogatzea, titulu ofizial baten bidez, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

8. 30 urtetik beherakoa izatea.

9. Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

10. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan edo haren erakunde autonomoren batean prestakuntza bekarik jaso ez izana bi urterako edo gehiagorako.

4.–Osasun laguntza.

Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko du bekadunaren gizarte segurantzagatik egin beharreko ordainketa. Bekadunak bere gain hartuko ditu Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak, Estatuko araudiak horren gainean ezarritakoarekin bat.

Gainera, bekadunak aseguru bat sinatu beharko du bere kontura, honako hauek estaltzeko, gutxienez: osasun laguntza edo istripuen ondoriozkoa eta aberriratzea, baita erantzukizun zibila ere.

5.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

6.–Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Bekaduna hautatzeko prozesuan parte hartzeko eskaera-orria (II. eranskina).

2. Indarreko NANaren edo pasaportearen fotokopia.

3. Eskatzen den ikasketa titulu ofiziala, non eta noiz eman zen adierazita.

4. Ikasketa-espediente ofiziala, unibertsitate lizentzian edo graduan lortutako batezbestekoa adierazita.

5. Curriculuma, Europass formatuan.

6. Ingeles edo frantses titulua (B2 mailakoa gutxienez).

7. Nafarroako erroldatze-ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena.

8. Betebeharrak eta aurkeztutako merezimenduak frogatzen dituzten ziurtagiri edo tituluen akreditazio ofiziala.

9. Zinpeko aitorpen bat, adierazteko, batetik, hautatua izanez gero, beste beka batzuei uko eginen diela, eta bestetik, ez dela bereizia izan inolako administrazio edo erakunde publikotatik diziplinazko espediente baten ondorioz eta ez duela inoiz bekadun izaera galdu entitate publiko batean betebeharrak ez betetzeagatik.

7.–Dokumentazioa aurkezteko modua eta tokia.

Eskaerak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusira zuzenduko dira, eta, ahal dela, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren izapideen katalogoko fitxa erabiliz aurkeztuko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Beca-para-la-formacion-practica-de-personas-con-titulacion-universitaria-en-la-oficina-del-Gobierno-de-Navarra-en-Bruselas-2021-2022

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Tramitatzeko, ziurtagiri digitala, NANa+PINa, edo cl@ve erabil daiteke.

Hala egiterik ez badago, eskaerak aurkezten ahalko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietatik edozeinetan.

Ez dira baloratuko, ezta aintzat hartuko ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzean betetzen ez diren betebeharrak eta merezimenduak, alegatu badira ere, ez eta agiri bidez argi eta garbi frogatzen ez direnak ere.

Epearen barruan aurkeztutako eskaerak ez badu eskatutako guztia betetzen, instrukzio organoak hamar egun naturaleko epean zuzentzeko errekerimendua eginen dio interesdunari. Zuzentzen ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko da eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori jakinaraziko zaio.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin. Hau da, eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, ez da merezimenduen gaineko inolako dokumentaziorik onartuko.

Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdi honen oinarriak onartzea.

8.–Merezimenduak: balorazio irizpideak.

Hautagaitzak baloratuko dira baldin eta izangaiak betebehar guztiak betetzen eta frogatzen baditu. Merezimenduak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

–Bigarren lizentzia edo graduko ikasketak: 2,0 puntu.

–Europako ikasketetako edo nazioarteko harremanetako doktoretza bukatua: 2,5 puntu.

–Europako ikasketetako edo nazioarteko harremanetako masterra bukatua (gutxienez 60 ECTS kreditu): 2,0 puntu.

–Europako ikasketetako edo nazioarteko harremanetako graduatu ondoko ikasketa bukatuak: 1,5 puntu.

–Ingelesa, C1 edo altuagoa (Hizkuntzetarako Europako Esparrua): 2,0 puntu.

–Frantsesa, C1 edo altuagoa (Hizkuntzetarako Europako Esparrua): 2,0 puntu.

–Alemana, C1 edo altuagoa (Hizkuntzetarako Europako Esparrua): 1,5 puntu.

–Beste hizkuntza batzuk, baldintza gisa aurkeztutakoaz gainera, B2 (Hizkuntzetarako Europako Esparrua): 1,0 puntu.

–Beste hizkuntza batzuk, B1 edo altuagoa (Hizkuntzetarako Europako Esparrua): 0,5 puntu.

–Ikasketa-espedientean batezbesteko onena duen izangaiari 2 puntu emanen zaizkio, eta gainerakoei, dagokien puntuazioa, zuzeneko proportzioa aplikatuz.

9.–Hautagaiak aukeratzeko prozesua.

Ebaluazio Batzorde batek eskaerak aztertu eta baloratuko ditu oinarri hauen zortzigarren puntuan ezarritakoaren arabera, eta emaitzei buruzko txostena emanen du, non honako hauek jasoko diren:

a) Eskatutako betebeharrak ez betetzeagatik baztertu diren eskatzaileen zerrenda, bakoitzak betetzen ez d(it)uen betebeharra(k) adierazita.

b) Gainerako eskaeren zerrenda, oinarri arautzaile hauetan adierazitako baremazio irizpideen arabera ordenatua.

Ebaluazio Batzordea honako hauek osatuko dute:

–Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia, batzordeburua izanen baita (ordezkoa, Europako Ekintzaren, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Herritarren Zerbitzuko zuzendaria).

–Europako Gaiak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Ataleko burua (ordezkoa, Eskualdeen Arteko eta Mugaz Gaindiko Lankidetzaren Ataleko burua).

–Eskualdeen Arteko eta Mugaz Gaindiko Lankidetzaren Ataleko burua, idazkaria izanen baita (ordezkoa, Europar Erakundeekiko Prozeduretarako Laguntza Teknikoaren Ataleko burua).

–Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari atxikitako APTa (arlo juridikoa).

Puntu-berdinketak hausteko irizpideak: Berdinketa kasuetan, beka emanen zaio Europako gaietan prestakuntza duen izangaiari. Berdinketak irauten badu, hizkuntzetan lortutako puntuaziora joko da. Azkenik, berdinketak irauten badu, epaimahaiak zozketaz ebatziko du.

Lehenbiziko hautapenean sartzen diren hautagaien zerrenda webgunean argitaratuko da, eta horren berri posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie.

10.–Beken iraupena.

2021. eta 2022. urteetarako beka honek bi etapa izanen ditu: lehenengoa, bekaduna Nafarroako Gobernuaren bulegoan lanean hasten denetik 2021eko abenduaren 31ra arte, eta bigarrena, 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra arte.

11.–Baldintzak.

Eskolaz kanpoko aldia 22 lanegunekoa izanen da, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak aurretik baimenduta. Jaiegunei dagokienez, Europako Batzordeak Europar Batasuneko erakundeetan 2021. eta 2022. urteetan izanen diren jaiegunei buruzko Erabakian finkatzen diren egun berberak izanen dira.

12 hilabeteko bekaldiaren barruan, bekadunak libreki aukeratzeko 6 egun izanen ditu, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak aurretik baimenduta.

Beka jasotzeak ez du esan nahi entitatearekin lan edo administrazio zerbitzuak emateko harremanik dagoenik, eta ez du inolako lan konpromisorik sortzen bekaldia bukatutakoan.

Bekadunen jarduerak Nafarroako Gobernuak Bruselan duen Bulegoan aritzen den tutore batek zuzendu eta gainbegiratuko ditu, bekarako eskatzen den titulazio bera edo goragokoa izan beharko duena.

Praktiketako prestakuntza programa honen ikaskuntza prozesuan errendimendua baxua izanez gero, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak beka kentzen ahalko du.

Bekari uko egin nahi izanez gero bekaldia bukatu baino lehen, onuradunak Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio 15 lanegun lehenago. Betetzen ez diren aurreabisu egunak bekadunaren hileko dirulaguntzatik deskontatuko dira, edo bekadunari dagokion beste edozein eskubidetatik.

Bekadunek uko egin ondoren Bruselako Bulegoan sortzen diren hutsuneak ordezkoek betetzen ahalko dituzte, ezarritako hurrenkerari jarraikiz. Kasu horretan, deialdian ezarritako baldintza beretan hasiko dira jardunean, hasiera batean aurreikusitako prestakuntzaldia bukatu arte.

Bekadunak ez du inoiz ere arriskutan jarriko Nafarroako Gobernuaren izen ona.

Bekadunak agiri bat sinatu beharko du bekaren baldintzak onartzen dituela adierazteko, eta horrela formalizatuta gelditu da Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulegoan bekadun gisa aritzen dela.

12.–Bekaren bukaera.

Bekaren iraunaldia bukatu baino lehen, bekadunak txosten bat aurkeztu beharko du egindako lanari eta lortutako emaitzei buruz, tutorearen adostasuna duena.

13.–Bateraezintasunak.

Deialdi honetako prestakuntza beka bateraezina da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio publiko batzuek emandako beste beka batzuekin.

14.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan berariaz araututa ez dagoen orotan, honako arau hauetan xedatutakoa aplikatuko da: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, dirulaguntzei buruzkoa, eta apirilaren 4ko 172/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena.

II. ERANSKINA

Eskaera-orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2103608