65. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

9E/2021 EBAZPENA, martxoaren 4koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, hasiera batean onesten duena honako xehetasun azterketa honen aldaketa, barruko patioetako baten lerrokadura aldatzeko eta ED.03 planoaren akats tipografiko batzuk zuzentzeko: Iruñeko 4. poligonoaren 781. katastro-lurzatiaren xehetasun azterketa, “Nafarroako Unibertsitatearen Campusa” Udalez gaindiko Plan Sektorialeko Z.5 jarduketa-unitateari dagokiona. Sustatzailea Goimendi ikasle-egoitza nagusia da.

Espedientearen xedea da aldatzea Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 15eko 181E/2018 Ebazpenaren bidez behin betiko onetsitako xehetasun azterketan definitu ziren eraikinaren gehieneko lerrokadurak, zehazki, eraikinaren barruko patio batekoak, eta, orobat, azterketaren ED.03 planoan atzemandako akats tipografiko batzuk zuzentzea.

Eremu horretan, indarrean dago Nafarroako Unibertsitateko Campusaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Nafarroako Gobernuak 1990eko uztailaren 31n hartutako Erabakiaren bidez onetsia (1990eko abuztuaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), baita haren aldaketak ere, Nafarroako Gobernuak 2002ko uztailaren 22an eta 2003ko abenduaren 15eko erabakien bidez onetsiak.

Hirigintza antolamendurako tresna horrek determinazio batzuk aldatzen ditu Nafarroako Unibertsitatearen Campusa Udalez gaindiko Plan Sektorialaren antolamendu xehatuaren gainean. Jarduketaren tramitazioari eta xedeari dagokienez, betetzen da hirigintza arloko legedian ezarritakoa, hots, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginaren 63. artikulua (zeina onetsi baitzen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez) eta Udalez gaindiko Plan Sektorialaren hirigintza-araudiaren 7. apartatua.

Xehetasun azterketa hau tramitatzea eta onestea Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari dagokio, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 43.1.d) artikulua aplikatuz, udalez gaindiko plan sektorial bat garatzen duen tresna delako.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2021eko otsailaren 18ko txostena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat etorriz (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera batean onestea honako xehetasun azterketa honen aldaketa, barruko patioetako baten lerrokadura aldatzeko eta ED.03 planoaren akats tipografiko batzuk zuzentzeko: Iruñeko 4. poligonoaren 781. katastro-lurzatiaren xehetasun azterketa, “Nafarroako Unibertsitatearen Campusa” Udalez gaindiko Plan Sektorialeko Z.5 jarduketa-unitateari dagokiona. Sustatzailea Goimendi ikasle-egoitza nagusia da.

2. Espedientea ebazteko, dagoen dokumentazioa zuzendu beharko da, dokumentazio tekniko grafikoa biltzen duten orrietan (ED.03R1.01 eta ED.03R1.02 planoak) 4 izkinen koordenatu geografikoak adieraziz, ETRS89 erreferentziazko sistema geodesikoan, UTM proiekzioa, 30 iparreko eremua (ETRS89 UTM 30N, EPGS kodifikazioa: 25830), urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuan ezarri bezala, bertan arautzen baita Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza eta lurralde plangintzarako tresnak aurkezteko formatua.

3. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalari entzunaldia ematea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta hogei egun iraunen dute.

Horretarako, espedientea www.ExposicionPublicaOT.navarra.es web-orrian kontsultatzen ahalko da, eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi beste alegazio aurkeztea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Iruñeko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari eta espedientearen sustatzaileari, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 4an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Iragarkiaren kodea: F2103745