65. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

19E/2021 EBAZPENA, martxoaren 2koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, 2021eko deialdia onesten duena EIU-SINAI I+G+b jarduerak egiteko bonuak emateko. DDBN identifikazioa: 551608.

Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legeak helburu du, besteak beste, lankidetza sustatzea, eta ikerketaren ezagutzaren transferentzia egiten laguntzea, Nafarroako I+G+b Sistematik (SINAI) sare produktibora, sare sozialera eta gizartera, oro har.

Gainera, lege horrek Nafarroako I+G+b sistema antolatzen du ezagutzaren sorrera, garapena eta aprobetxamendu partekatua sustatzeko, kalitatearen eta berdintasunaren parametroetan. Horretarako, Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragileen erregistroa sortzen du 13. artikuluan. 7. artikuluan eta 9. artikulutik 12.era, bestalde, SINAIko exekuzio eragileen akreditazio baldintzak arautzen ditu.

Artikulu horietan, honako hau hartzen da enpresaren arloko I+G+b unitatetzat (EIU): ikerketa entitatea, funtsean garapen esperimentalean aritzen dena bereziki, eta bere enpresa titularren I+G+b arloko beharrak betetzera bideratua. Haren betebeharra da, besteak beste, teknologia sortu eta garatzea eta emaitzen merkataritza ustiapena egitea, patenteak sortuz, oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak sortuz edo produktu eta prozesu berriak garatuz. Hori helburu, eskubidea du, besteak beste, parte hartzeko laguntzen berariazko deialdietan (hemen onesten den honetan bezala).

EIU-SINAI I+G+b jarduerak egiteko bonuak laguntza batzuk dira, aldez aurretik ezarritako zenbatekoa dutenak, enpresaren arloko I+G+b unitateek modua izan dezaten ezagutza eta teknologia transferitzeko zerbitzuak kontratatzeko unibertsitateei, teknologia zentroei eta ikerketa zentroei, SINAIko eragile gisa akreditatuta badaude.

Laguntza emateko tresna honen bidez, bultzatu nahi da ikerketa zentroetan, zentro teknologikoetan eta unibertsitateetan sortutako ezagutza eta teknologia transferitzea EIUei. Izan ere, sustatu nahi da EIUek beren berrikuntza barne prozesuak sistematizatzea eta kanpoko zerbitzu espezializatuetara jotzea, bultzatuz izaera erradikalagoko I+G proiektuak egin ditzatela, baita haien proiektuen bideragarritasuna goiz ebaluatzea ere.

Nafarroako Gobernuak 2021eko otsailaren 24an hartutako Erabakiaren bidez, Berrikuntzako zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidearen bidez emateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2021eko deialdia onestea EIU-SINAI I+G+b jarduerak egiteko bonuak emateko.

2. Dirulaguntza arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. 195.000 euroko gastua baimentzea, “Suspertu plana. Kolaborazioko EIU-SINAI I+G proiektuetarako laguntzak” izeneko G20001 G2100 7819 467304 partidaren kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

G20001 G2100 7819 467304 “Suspertu plana. Kolaborazioko EIU-SINAI I+G proiektuetarako laguntzak”

2021

195.000

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2021eko martxoaren 2an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Laguntza hauen helburua da berrikuntza jarduera handitzea enpresaren arloko I+G+b unitateetan (hemendik aurrera, EIU), jarduketak kontratatuz unibertsitateekin, zentro teknologikoekin eta ikerketa zentroekin, horien bidez ezagutza zientifiko, teknologiko edo berrikuntzakoak transferitzeko.

Gero, ezagutza hori EIUek erabiltzen ahalko dute berrikuntzak egiteko, produktuan, prozesuan edo zerbitzuan, edo etorkizuneko I+G+b proiektu bateko aurretiazko fase gisa.

2. oinarria. Onuradunak.

1. Enpresaren arloko I+G+b unitateak izan daitezke laguntza hauen onuradun, baldin eta hala akreditatuta badaude Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragileen erregistroan, zeina araututa baitago Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduan, eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

b) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

c) Ez egotea jarduketa egiten duen zentro teknologikoarekin, unibertsitatearekin edo ikerketa zentroarekin elkartuak edo hari atxikiak, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean termino horiei buruz ezarritako definizioaren arabera.

2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskabidean entitate eskatzaileak berariaz uko egiten badio horri, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

3. Laguntzen eskabidean sartuko den erantzukizunpeko adierazpenarenaren bidez frogatuko da baldintza guztiak betetzen direla.

3. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

1. Gastuek dirulaguntza jaso ahal izateko, SINAIko erregistroan halakotzat akreditatutako zentro teknologiko, unibertsitate edo ikerketa zentro batean egiten diren jarduketetako gastuak izanen dira, betiere horien bidez ezagutza zientifiko, teknologiko edo berrikuntzakoak transferitzen badira EIUra, barnean direla zaintza teknologikotzat eta bideragarritasun azterlantzat har daitezkeen jarduerak. Jarduketa horiek jarduera osoak izan daitezke, edo irismen handiagoko jarduketa batzuen fase partzialak.

2. Inola ere ezin dute dirulaguntzarik jaso EIUen ohiko jarduerek, produktuen kalitatea hobetzeko direnek, edo produkzio prozesuak nahiz jadanik badiren produktuak aldatzeko edo egokitzeko, baldin eta funtsezko berrikuntzarik ez badakarte. Zehazki, honako jarduketa hauek ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso:

a) Nahitaezko arauak betetzea.

b) Kalitateko, ingurumeneko, jardunbide egokietako eta antzeko arloetako ziurtapenak eta EE marka ezartzea.

c) Ohiko analisi, entsegu edo ezaugarritzeak.

d) Prestakuntza orokorra.

e) Softwarea eskuratzea edo garatzea.

f) Negozio planak eta balorazio ekonomikoak.

g) Web orriak garatzea.

h) Merkatuaren azterketak.

i) Lege, patente, zerga eta prestakuntza arloetako aholkularitza eta laguntza.

3. Eskaera egunetik 2021eko azaroaren 30era bitarte egin beharko dira diruz lagundutako jarduketak.

Jarduketa egin baino lehen aurkeztu beharko da laguntzaren eskaera.

4. oinarria. Laguntzaren intentsitatea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Gastu diruz lagungarriaren %70 (BEZa kanpo) izanen da laguntzaren intentsitatea; muga 30.000 euro izanen da jarduketa bakoitzeko.

2. Eskatzaile bakoitzak 2 jarduketatarako laguntza jaso dezake gehienez.

5. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2021eko azaroaren 30ean bukatuko, egun hori barne.

2. Jarduketa egiten hasi baino lehen aurkeztu beharko da laguntzaren eskaera.

3. Deialdi honetarako baimendutako aurrekontuko kreditua epea bukatu baino lehen agortzen bada, eskaerak aurkezteko epea aldez aurretik itxi dela jakinaraziko da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus), tramiteen katalogoko fitxa egokiaren bitartez (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

4. Eskabideak nahitaez telematikoki aurkeztuko dira, laguntzen fitxaren bidez. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

6. oinarria. Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak.

1. Agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabide telematikoa, 2.3 eta 13. oinarrietan aipatu den erantzukizunpeko adierazpena barne duela.

b) EIUaren aurkezpen agiria, honako hauek izanen dituena:

–Deskribapen laburra: egiten duen jarduera, produktuak, erabilitako teknologiak, instalazioak, etab.

–Hautatutako zentro teknologikoarekin, unibertsitatearekin edo ikerketa zentroarekin egin beharreko jarduketaren beharra, abiapuntua edo ebatzi beharreko problema eta jarduketak EIUari dakarkion berrikuntza maila.

–Behar bezala justifikatu beharko da zergatik aukeratu den eragilea, dituen baliabideei (materialak edo giza baliabideak), lanen irismen teknologikoari eta abarri dagokienez.

–Zentro teknologiko, unibertsitate edo ikerketa zentro batekin ohikotasunez lan egiten bada, azaldu beharko da zein den eta zertarako eta zenbateko maiztasunez egiten diren lan horiek.

c) Kontratatutako zentro teknologikoak, unibertsitateak edo ikerketa zentroak egindako eskaintza teknikoaren kopia, non behar bezain zehatz azalduko baita egin beharreko jarduketa, ezagutza EIUra transferitzeko. Honakoa sartu behar du:

–Zerbitzua kontratatuz zer ziurgabetasun tekniko ebatziko den.

–Egin beharreko jarduerak eta erabili beharreko teknologia.

–Aurreikusitako kronograma, hasierako eta bukaerako datak eta, behar izanez gero, jarduera xehakatuak.

–Egin beharreko lanen aurrekontu xehakatua.

2. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, laguntzak kudeatzen dituen organoak interesdunari eskatuko dio zuzen ditzala 10 egun balioduneko epean gehienez, errekerimendua jakinarazten denetik hasita, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria. Dirulaguntzak emateko irizpideak.

Dirulaguntza hau banakako ebaluazioko araubidearen bidez emanen da. Espedienteak eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira, eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Behin ebaluazioa eginda, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatutako jarduketei emanen zaizkie laguntzak.

8. oinarria. Dirulaguntza ematea.

1. Automozioaren, Mekatronikaren, Sorkuntza Industrien eta Industria Digitalen arloetako I+G+b Atalak, laguntzak kudeatzen dituen organoak, eskabideak ebaluatuko ditu, eta gero organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena. Bertan adieraziko da onuradunek dirulaguntza kobratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna Berrikuntzako zuzendari nagusia da. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpena interesdunei, modu telematikoan, gaitutako helbide elektronikora.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertu ahal izanen da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

9. oinarria. Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

1. Onuradunek egindako jarduketa justifikatu beharko dute, baita dagozkion gastuak eta ordainketak ere, 2021eko azaroaren 30a baino lehenago, hori barne.

2. Honako hau da modu telematikoan eta laguntzen fitxaren bidez, fitxa horretan eskura dauden ereduei jarraituz, aurkeztu beharreko justifikazio dokumentazioa:

a) Jarduketa laburbiltzen duen fitxa.

b) Zerbitzu teknologikoak egin dituen zentro teknologikoaren, unibertsitatearen edo ikerketa zentroaren fakturaren fotokopia.

c) Ordainketaren frogagiriaren fotokopia.

d) “Jarduketaren bukaerako txostena” dokumentua, kontratatutako zentro teknologikoak, unibertsitateak edo ikerketa zentroak emana. Bertan jarduketaren norainokoa, helburuak noraino bete diren edo izandako zailtasunak zehaztuko dira.

3. Frogagiriak aztertuta, laguntzak kudeatzen dituen organoak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita. Epe hori etenda geldituko da, aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

4. Dirulaguntza ordaindu baino lehen, organo kudeatzaileak EIU onuradunaren instalazioak bisitatzen ahalko ditu, dirulaguntza jaso duen jarduketa egin dela egiaztatzeko.

10. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, laguntzen fitxaren bidez telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, fitxa horretan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko jarduerak.

c) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.

d) Jasotako dirulaguntzaren kontabilitatea bereiz eramatea.

e) Jarduketaren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi beharko da Nafarroako Gobernuak finantzatua dela.

f) Diruz lagundutako jardueraz sortzen den dokumentazio guztian hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia ematen duena, bai emakumeei bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriro ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

11. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Administrazio egintzak jakinarazteko eta, orobat, laguntza hauek ematearren prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztiak komunikatzeko, eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoa (GEH) eta herritarren karpeta erabiliko dira:

(https://sede.administracion.gob.es/carpeta/clave.htm)

Gaitutako helbide elektronikoa Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: http://notificaciones.060.es. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

2. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

12. oinarria. Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

13. oinarria. De minimis laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da. (L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez luzatu da (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa), 2023ko abenduaren 31 arte.

1407/2013 Erregelamenduarekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Ondorio horietarako, entitate onuradunek aitortu beharko dituzte, laguntzen eskaerarekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, zerga ekitaldi horretan eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak.

14. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Organo kudeatzaileak ikusgai paratuko ditu, Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/index), emandako dirulaguntzak, honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, entitate onuraduna eta emandako diru kopurua.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen fitxan ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

15. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2103526