64. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Gizarte-behar larrietarako dirulaguntza

Mankomunitateko buruak, 2021eko otsailaren 23ko 2021/0006 Ebazpenaren bidez, honako erabaki hau hartu zuen:

ERABAKIA:

Lehendabizikoa.–Deialdi bat onestea, oinarri arautzaileak biltzen dituena banakako ebaluazioaren araubidean emateko Azkoien aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen behar larrietarako laguntzak.

Bigarrena.–Baimentzea 30.000,00 euroko gastua indarrean den aurrekontuko Behar larrietarako laguntzak 23183 48000 partidaren kargura.

Hirugarrena.–Oinarri hauek argitaratzea iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Azkoienen, 2021eko otsailaren 23an.–Mankomunitateko burua, Nuria Autor Resano.

GIZARTE-BEHAR LARRIETARAKO LAGUNTZAK EMATEKO OINARRIAK

1.–Xedea.

Ekonomiaren aldetik gabezia frogatuak izanda, gizarteratzeko oinarrizko beharrak berdintzeko zailtasunak dituzten pertsonak eta/edo familiak diruz laguntzea, baldin eta Faltzesko, Funesko, Martzillako eta Azkoiengo bizilagunak badira. Horretarako, sortuko dira diru sarien bidez babesa emateko bitartekoak, osagarriak direnak eskualdeko oinarrizko gizarte zerbitzuetako profesionalen esku-hartzearekin.

Laguntza horien xedea da:

–Udalaren ardura baita gizartearen aldera, halako tresna berezi bat eskaintzea, zertarako eta arintzeko pobrezia endemiko nahiz mementokoa jasaten dutenen egoera, bai eta haien kabuz baliatzeko gaitasun gutxi dutenena ere, gainerako gizarte sarien osagarri gisara erabil dadin.

–Deserrotzea edo gizarte-baztertzea eragin edo larriagotzen ahal duten egoerak arintzea.

–Jarduteko baliabide profesionala eta sostengua izatea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren programetan gizarteratzeko taxuturiko prozesuetan.

2.–Eskatzaileen betebeharrak.

1. Azkoienen, Faltzesen, Funesen edo Martzillan egotea erroldatuta laguntzaren eskatzailea eta haren familia-unitatea.

2. Eskatzailea 18 urtetik gorakoa izatea, edo adingabe emantzipatua, bere ardurapean adingabeak dituena.

3. Eskaera egiten denean, familia-unitateko kide guztien hileroko diru-sarrerak ez izatea handiagoak hurrengo eskala progresiboan adierazten diren kopuruak baino (familia-unitatearen kide kopuruaren arabera):

FAMILIA-UNITATEKO KIDE KOPURUA

HILEKO DIRU-SARREREN GEHIENEKO ZENBATEKOAK

1

1.255 euro familia-unitateko

2

1.506 euro familia-unitateko

3

1.631 euro familia-unitateko

4

1.757 euro familia-unitateko

5

1.882 euro familia-unitateko

6 edo gehiago

2.008 euro familia-unitateko

4. Familia-unitateko kide guztien ondasun higigarriak, eskaera egiten den unean, ezin dira izan handiagoak azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean ezarritako ondasun higigarri konputagarriak baino. Foru lege horren bidez arautu ziren gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak.

5. Familia-unitateko kide guztien ondasun higiezinen katastro-balioa, ohiko bizilekua kenduta, ezin da izan handiagoa kide bateko familia-unitateentzako urtebeteko errenta bermatua halako hamar baino. Baldintza hori ez da bete beharko justifikatzen denean ezinezkoa izan dela ondare hori egitea.

6. Gastu zehatzei aurre egiteko zailtasunak izatea, eta gastu horiek ordaintzea beharrezkoa izatea gizarte-bazterketako egoerak prebenitzeko edo halakoak saihestu edo arintzeko.

Familia-unitate eskatzailea Errenta Bermatua jasotzen ari baldin bada, ulertuko da betetzen duela 3., 4. eta 5. apartatuetan eskatutakoa.

3.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat datozenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira, pertsonen gizarteratze prozesua errazten badute eta 2021eko urtarrilaren 1etik azaroaren 31ra bitarte egiten badira.

2. Diruz lagungarriak izanen dira betiere gehieneko kopurua izanik kategoria edo azpikategoria bakoitzerako ezarritako muga. Familia-unitate bakoitzeko, 3.000 euroko diru-muga ezarri da urte osorako.

3. Gastu diruz lagungarriak kategoria hauetako batekoak izan beharko dira:

a) Bizitokia.

a.1) Honako hauek ordaintzeko: etxebizitzaren alokairua, etxebizitzaren hipoteka maileguaren kuota, etxebizitza partekatuko gela, bestelako ostaturen bat (apopilo etxea, hotela eta abar), auzokideen elkarteko gastuak. Kontzeptu honengatik, gehieneko laguntza izanen da, urtean, 3.000 euro familia-unitate bakoitzeko.

a.2) Etxebizitza berrirako alokairuaren kontratua, baldin eskatzailearen benetako eta ohiko bizitokia bada, hasierako ordainketa apartekoa badakar eta baldin diru baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketei aurre egiteko. Kontzeptu honengatik, gehieneko laguntza izanen da, urtean, 2.000 euro familia-unitate bakoitzeko. Dirulaguntzan ezin da sartu kontzeptu honengatiko gastua baldin eta laguntza jaso duen familia-unitateak, eskaera egiten den unean, helburu bererako laguntzak jasotzen baditu, hain zuzen ere araututa daudenak abenduaren 26ko 28/2018 Foru Legean, zeinak arautzen baitu etxebizitzarako eskubide subjektiboa Nafarroan.

b) Oinarrizko hornidurak.

b.1) Ur hotza banatzeko gastuak eta beste zerbitzu batzuk (estolderia, zaborra biltzea, etab.). b.2) Argindarraren, gasaren, berokuntzaren, ur bero zentralaren eta bestelako erregaien gastuak (egurra, ikatza, berokuntzarako gasolioa, etab.).

Aurreko b.1) eta b.2) kontzeptuengatiko gehieneko laguntza izanen da, urtean eta bi atalak baturik, 800 eurokoa familia-unitate bakoitzeko.

b.3) Oinarrizko horniduren kontratuen altak ohiko bizilekuan; altaren kostuaren kopurua emanen da gehienez ere. Kontzeptu honengatik, gehieneko laguntza izanen da, urtean, 2.000 euro familia-unitate bakoitzeko. Ez dira sartzen komunikazio eta informazio gastuak.

c) Nutrizioa eta higienea.

c.1) Familia-unitatea osatzen dutenen eguneko elikadurako eta higieneko gastuak (oinarrizko elementuak norberaren eta etxeko higienerako). Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, honako hau izanen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera:

FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN KOPURUA

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

Pertsona bat

500 euro urteko eta familia-unitateko

2 pertsona

700 euro urteko eta familia-unitateko

3 pertsona

940 euro urteko eta familia-unitateko

4 pertsona

1.220 euro urteko eta familia-unitateko

d) Prestakuntza eta gizartean eta lan munduan sartzea.

d.1) Gastuak, parte hartu ahal izateko prestakuntza ez arautuetan eta/edo laneratze eta gizarteratze jardueretan, norbera gaitzeko, gizarteratze eta laneratze prozesuaren barnean. Gehienez ere 800 euro urtean familia-unitate bakoitzeko.

e) Oinarrizko beste premia batzuk. Atal honetan jasoko dira aurreko ataletan zehaztu gabeko laguntzak, baldin Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren balorazio teknikoaren bidez justifikatzen bada horiek eman egin behar direla. Kontzeptu honengatik, gehieneko laguntza, urtean, honako hau izanen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera:

FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN KOPURUA

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

Pertsona bat

500 euro urteko eta familia-unitateko

2 pertsona

700 euro urteko eta familia-unitateko

3 pertsona

940 euro urteko eta familia-unitateko

4 pertsona

1.220 euro urteko eta familia-unitateko

4.–Eskaerak aurkezteko epea, lekua eta modua.

Eskabideak aurkezteko epea urte bakoitzaren azaroaren 30a arte izanen da, aurrekontu-kontsignazioa baldin badago. Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako baldintzak, instrukzio-organoak eskatuko dio interesdunari eskaera zuzen dezala 7 egun naturaleko epe luzaezinean, errekerimendua egin eta biharamunetik aurrera, eta ohartaraziko zaio ezen, egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela ebazpena eman ondoan, bat etorriz Administrazio-prozedura erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluarekin.

Azkoien aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitzan aurkeztu behar da eskaera (Corte kalea 13, behea, 31350, Azkoien).

Eskabideak, eskatzaileak behar bezala sinatuta, honako agiri hauekin batera aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak emanen duen ereduarekin bat.

b) Entitateak bere eskaera sendotzeko interesgarritzat jotzen duen zeinahi agiri.

5.–Aurrekontuaren muga orokorra.

Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzen aitortzak muga kuantitatiboa izanen du, hain zuzen ere Azkoien aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen urteko aurrekontuan aurreikusitako 23183 48000 Gizarte Larrialdietarako Laguntzak partidatik eratorritako muga kuantitatiboa, eta partida horrek ez ditu ekitaldi bakoitzerako ezarritako aurrekontu-xedapenak gainditu beharko. 2021. urterako, 30.000 euroko zuzkidura du partidak. Ez da deialdian ezarritako kopurutik gorako dirulaguntzarik emanen.

Adierazitakoa ezertan galarazi gabe, ezarritako zenbatekoa agortuz gero, handitzen ahalko da zehaztutako aurrekontuko partidan dagoen aurrekontu-kredituarekin, deialdi berririk egin beharrik gabe, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/3003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58.2 artikuluarekin.

Kopuru osagarri hori eraginkorra izanen da kreditu erabilgarririk dagoela adierazten bada, eta nolanahi ere bidezko aurrekontu aldaketa onetsita dirulaguntza ematen duen ebazpena eman baino lehen.

6.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau jasotzea bateragarria da beste edozein administraziok edo entitatek helburu bererako ematen dituen dirulaguntzekin.

Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen gastu diruz lagunduaren kostua baino handiagoa, hala bakarrik nola beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera.

Kasu horretan, eskuratutako soberakina itzuliko da eta dagokion berandutze-interesa eskatuko.

7.–Prozedura.

Banakako ebaluazioaren araubidean emanen da dirulaguntza.

Buruaren ebazpenaren bidez emanen da dirulaguntza, Gizarte Zerbitzuko teknikariek balorazioa egin ondoan.

Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen dirulaguntzaren xede diren gastuak baino handiagoa.

Oinarrizko gizarte-zerbitzuko teknikariek, aurkeztutako dokumentazioa ikusita, proposamen-txosten bat prestatuko dute, igorriko zaiona ebazteko eskumena duen organoari, Kontu-hartzailetzak gastua fiskalizatu ondoan.

Ebazpena, gehienez ere, hiru hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko da, eskabidea tramitatzeko eskumena duen organoaren erregistro orokorrean sartu zen egunean hasita.

Epea iraganik berariazko ebazpena jakinarazi gabe, ulertuko da eskaera ezetsi dela isiltasun administratibo negatiboagatik.

Laguntza emateko ebazpena arrazoitua izanen da eta ondokoak adierazi beharko ditu espresuki: dirulaguntza jaso duen pertsona edo entitate eskatzailea edo eskatzaileak, emandako laguntzaren zenbatekoa eta, eskaeraren bat ezetsiz gero, horren pertsona edo entitate eskatzailea edo eskatzaileak.

Dirulaguntza emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari, eta entitate edo pertsona eskatzaileari jakinaraziko zaio Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan agindutakoarekin bat.

8.–Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntza ordaindu aurretik, interesdunek justifikatu behar dute ezarritako baldintzak bete dituztela. Mankomunitateak eskatzaileei eska diezazkieke bidezkotzat jotzen dituen azalpen guztiak.

Behar diren egiaztapenak egindakoan, Mankomunitateak laguntzak ordaintzeko ebazpena emanen du.

9.–Itzultzeko prozedura.

Jasotako diru guztia edo zati bat itzuli beharko da, eta berandutza interesa ordaindu dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. eta 37. artikuluetan eta atal honetan aipatu gainerako kasuetan dirua itzultzeko ageri diren arrazoietakoren bat sortzen denean.

Honako hauek dira diru guztia edo zati bat itzultzeko arrazoiak:

–Deialdi honetan zehaztutako baldintzak ez betetzea, Administrazioak ohiko kontroletan egiaztatu ondoan.

–Iruzurra egitea edo datuak ezkutatzea.

–Zenbait dirulaguntza batera jasotzea, salbu eta haien artean bateragarriak badira eta deialdi honetan ezarritako muga gainditzen ez bada. Halakoetan, mugatik gora dagoena itzuli beharko da.

10.–Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, hautara:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori zenbatuko da errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: L2103650