64. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

8E/2021 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdi bat Nafarroako toki entitateentzat, LGTBI+ arloko sustapen eta babes proiektuak egin daitezen. DDBN identifikazioa: 550605.

Nafarroako Berdintasunerako Institutua (hemendik aurrera, NABI) erakunde autonomo bat da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuari atxikita dagoena eta araututa dagoena Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren bidez.

Haren eskumenak garatzeko, foru dekretuaren 3. artikuluak eginkizun hauek esleitzen dizkio, besteak beste: LGTBI+ pertsonak ez direla diskriminatzen bermatzeko, proposamenak eta gomendioak egitea politika publikoetarako, LGTBI+ arloko prestakuntzarako eta jarduketetarako; bultzatzea LGTBI+ pertsonen eskubideak txerta daitezela politika publiko sektorialen formulazioan, abiaraztean, jarraipenean eta ebaluazioan; eta bermatzea ongi aplikatzen eta benetan betetzen direla Nafarroako Gobernuak onetsitako jarraibideak, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea garatzeko Ekintza Planari dagokionez.

Ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legeak, Nafarroako LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoak, “Aplikazio esparrua eta betetze bermea” du 3. artikulua. Zehatzago, 3.2 artikuluan, honako hau dio: “Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako toki entitateek eta haien mendeko edo haiekin lotuta dagoen edozein entitatek, zuzenbide publiko zein pribatukoak izan, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, foru legea betetzen dela bermatuko dute, eta eraginkorra izan dadin behar diren baldintzak sustatuko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan. Ildo horretatik, sexu-joerari, genero-adierazpenari eta sexu- edo genero-identitateari buruzko ekintza positiboak lagunduko dituzte, eta, halaber, Erkidegoko LGTBI+ asoziazionismoari eta dituen proiektuei sostengua emanen diete.”

Nafarroako Foru Komunitateko LGTBI+ pertsonek berdintasun soziala lortze aldera, LGTBI+ arloan eskudun den erakundeak laguntza eta aholkularitza emanen die Nafarroako toki entitateei LGTBI+ arloko politika lokalak sustatu eta bultzatu ditzaten, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea garatzeko 2019-2022 Ekintza Planean bildu diren alderdiei dagokienez.

Nafarroako toki entitateentzako laguntza hori gauzatu dadin, NABIk uste du bidezkoa dela dirulaguntzen deialdi bat onestea Nafarroako toki entitateentzat 2021. urterako, LGTBI+ arloaren sustapenaren eta babesaren proiektuak egiteko. NABIk badaki zeinen garrantzitsuak diren Nafarroako toki entitateentzako laguntzak LGTBI+ pertsonen eskubideak errazago erabil daitezen eta LGTBI+ pertsonek tokian tokiko gizartean parte har dezaten. Horregatik, babesten du LGTBI+ arloko plan eta diagnostiko lokalak egitea, LGTBI+ arloko azterlan sektorialak egitea eta jardueren programa berariazkoak diseinatzea alor horretan.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

NABIk jarritako helburuak betetzearren, beharrezkotzat jotzen da norgehiagokako araubidearen bitartez tramitatzea Nafarroako toki entitateei emanen zaizkien dirulaguntzen deialdia.

Deialdi honek helburu du toki entitateei laguntzea gastu hauek finantzatuz: LGTBI+ arloko diagnostikoak, azterketak, planak eta jardueren programak egitearen ondoriozkoak, LGTBI+ pertsonen eskubideen berdintasun erreala sustatzen eta bultzatzen badituzte Nafarroan, eta arlo horretan herritar guztientzat 2021ean ikusgaitasunean eta sentsibilizazioan egiten den lana.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdi bat onestea Nafarroako toki entitateentzat, LGTBI+ arloko sustapen eta babes proiektuak egiteko.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen 1. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

080001 08300 4609 232200: (E) Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntzak LGTBI+ arloa sustatu eta babesteko

2021

10.010

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko otsailaren 22an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Isturiz García.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da araubidea ezartzea Nafarroako toki entitateei LGTBI+ arloko politika publikoak sustatu eta babesteko emanen zaizkien dirulaguntzetarako. Dirulaguntzak norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira.

Deialdi honetako dirulaguntzen xedea da Nafarroako toki entitateei laguntza ematea, honako ekintza hauen ondoriozko gastuak finantzatuz:

a) LGTBI+ arloko diagnostiko lokalak prestatzea.

b) LGTBI+ arloko plan lokalak prestatzea.

c) Herriaren errealitatera egokitzen diren LGTBI+ arloko azterlan sektorialak prestatzea.

d) Herritar guztientzat LGTBI+ arloan ikusgaitasunerako eta sentsibilizaziorako egiten diren jardueren programak gauzatzea, bai eta herriko LGTBI+ kolektiboak sustatzekoak ere.

Hona hemen zertan datzan deialdi honen onura publikoa: Nafarroako toki entitateei laguntza ematea LGTBI+ arloko politika publikoak garatzeko, LGTBI+ arloko eskubideak udalerrian garatu eta bete daitezen sustatzeko, betiere aukera berdintasuneko baldintzetan Nafarroako Foru Komunitate osorako.

Ekintza horiek 2021eko urtarrilaren 1etik urriaren 29ra bitarte gauzatu beharko dira.

2. oinarria. Entitate onuradunak eta dirulaguntzaren modalitatea.

2.1. Oro har, deialdi honetan dirulaguntza eskatzen ahalko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean arauturik egon eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako toki entitateek.

2.2. Dirulaguntza modalitate hauek daude:

a) 1. modalitatea.

Toki entitateek laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko dute tokiko LGTBI+ arloko diagnostiko lokalak egiteko kanpoko kontratazioak sortzen dituen gastuetarako. Kontratazioak 2021eko urtarrilaren 1etik urriaren 29ra egina izan beharko du.

Diagnostikoa deitzen zaio aldez aurretik egiten den eta beharrezkoa den azterketari, zeinak datuak bildu eta informazioa jasotzen baitu udalerrian LGTBI+ arloan dauden eskariei eta beharrei buruz, gerora LGTBI+ arloko plan lokala egiteko.

b) 2. modalitatea.

Toki entitateek laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko dute LGTBI+ arloko plan lokalak egiteko kanpoko kontratazioak sortzen dituen gastuetarako. Kontratazioak 2021eko urtarrilaren 1etik urriaren 29ra egina izan beharko du.

LGTBI+ arloko plan lokala agiri bat da, zeinetan modu estrategikoan biltzen baitira zenbait gidalerro, neurri, ekintza eta baliabide, epe jakin batean beharrezkoak izanen direnak udalerrian, proposaturiko LGTBI+ arloko politika publikoak gauzatu daitezen. LGTBI+ arloko diagnostiko lokala LGTBI+ arloko plana prestatu aurreko urratsa da; hortaz, modalitate hori aukeratzen duten toki entitateek LGTBI+ arloko diagnostiko lokala eduki beharko dute.

c) 3. modalitatea.

Toki entitateek laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko dute herrian LGTBI+ arloko azterlan sektorialak egiteko kanpoko kontratazioak sortzen dituen gastuetarako. Kontratazioak 2021eko urtarrilaren 1etik urriaren 29ra egina izan beharko du.

LGTBI+ arloko azterlan sektorialak dira herriko LGTBI+ pertsonen bizimodu orokorra edo eremu jakin batekoa islatzen dutenak, non haien iritziak (beren intereseko gaiei buruz) jasotzen baitira.

d) 4. modalitatea.

Toki entitateek laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko dute herrian LGTBI+ arloko jardueren programazioa 2021ean diseinatu eta egiteak sortzen dituen gastuetarako.

LGTBI+ programazioa deitzen zaio udalerri batean LGTBI+ arloan herritar guztientzat zuzenduta egiten diren jarduera planifikatuen multzoari.

2021eko urtarrilaren 1etik urriaren 29ra arte egindako jarduerek jaso dezakete dirulaguntza.

3. oinarria. Baldintzak.

Nafarroako toki entitateek dirulaguntza eskatzen dutenean 2. modalitaterako (LGTBI+ arloko plan lokal bat prestatzea), udalerriko LGTBI+ arloko diagnostikoa izan beharko dute, 5 urtetik gorako antzinatasuna izanen ez duena egin zenetik.

4. oinarria. Exekuzio epea eta dirulaguntza izan dezaketen proiektuak.

4.1. Dirulaguntzen xede diren proiektuak 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko urriaren 29ra bitartean gauzatu beharko dira.

4.2. Toki entitateek proiektu bakarra aurkeztuko dute, modalitate bakar baterako: 1, 2, 3 eta 4.

4.3. Deialdian adierazitako modalitate bakoitzean, proiektu hauek jaso dezakete dirulaguntza:

1. modalitatea: LGTBI+ arloko diagnostiko lokala.

LGTBI+ arloko plan lokalaren aurretik eginen diren LGTBI+ arloko diagnostikoek informazio hauek bilduko dituzte gutxienez: helburuak, azterketa soziodemografikoa, metodologia, LGTBI+ herritarren eskari eta beharren identifikazioa, LGTBI+ pertsonek udalerrian duten parte-hartzearen azterketa, politiken balorazioa eta egokitzapena, egungo zerbitzu eta programak, eta jarduketa ildoen definizioa.

2. modalitatea: LGTBI+ arloko plan lokala.

LGTBI+ arloko plan lokalaren azken agiriak honako informazio hau edukiko du gutxienez: udalerriko LGTBI+ pertsonen egoeraren diagnostikoa eta jarduketen plangintza hiru urterako, gutxienez. Plangintza horrek honako hauek izanen ditu: helburuak, ildo estrategikoak, arloak, ekintzak, ezarpenerako aurrekontu ekonomikoa eta ebaluazioa.

3. modalitatea: LGTBI+ arloko azterlan sektorialak.

Azterlan sektorialek honako informazio hauek jasoko dituzte gutxienez: helburuak, metodologia, azterlanaren analisia eta herriko LGTBI+ arloko intzidentzia.

4. modalitatea: Urteko programazioa LGTBI+ arloan.

2021. urterako programazioak informazio hauek bilduko ditu, gutxienez: helburuak, hartzaileak, jarduerak, lortu beharreko emaitzak, jarraipenerako adierazleak eta aurrekontua.

4.4. Gastu diruz lagungarriak.

Aukera guztietan, dirulaguntzak honako gastu kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira bakar-bakarrik (gainera, gastuak dirulaguntzaren xedeko jarduerara bideratu beharko dira modu frogagarrian, 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko urriaren 29ra arte egin beharko dira eta zenbatekoak merkatuko balioaren araberakoak izan beharko dira).

4.4.1. Zuzeneko gastuak:

a) Laguntza teknikoa. Pertsona fisikoen edo juridikoen kontratazioa baino ez da diruz lagunduko apartatu honetan. Toki entitate onuradunak azpikontratatzen ahalko du diruz laguntzen den jarduera osoa.

b) Hizlariek sortutako ordainsariak, bai eta hitzaldien ondoriozko joan-etorrietako eta ostatuko dietak ere.

c) Jarduerak egiteko beharrezkoak diren materialen gastuak.

d) Diruz laguntzen diren jardueren publizitate eta argitalpen gastuak.

e) Lokalen alokairuen eta ekipamenduen gastuak, edo jarduera garatzeko beharrezko material suntsikorrarenak.

f) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean, soilik, beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea, eta abar).

g) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

4.4.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Ematen den dirulaguntzaren %10 arte egozten ahalko zaie zeharkako gastuei, baldin eta zerikusia badute kudeaketa administratiboarekin edo hornidurekin (hala nola, ura, argia eta telefonoa), zentzuzko neurri batean, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera benetan gauzatzen den epean egin badira.

4.5. Dirulaguntzarik izanen ez duten proiektuak.

Proiektu hauek deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Diseinu, abiarazte eta ebaluazioan LGTBI+ eta genero ikuspegia ez duten proiektuak.

b) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen proiektuak eta jarduerak.

c) Aisiako jarduerak edo jostetako jarduera ludikoak bakarrik jasotzen dituzten proiektuak, helburuen artean LGTBI+ arloaren ikuspegia aurreikusten ez badute.

d) Ikasleekin hezkuntza ziklo guztietan egindako jarduerak ez dira diruz lagunduko, 0-3 tartea barne, edozein dela ere bere titulartasuna, baldin eta jarduera horiek eskola-orduetan egiten badira, bat etorriz Hezkidetza Planarekin, zeina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua ari baita gauzatzen.

e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beraren programa eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.

4.6. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo geldituko dira:

a) Toki entitateek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen direnena, 4.4.1 apartatuko e) letran ezarritakoarekin bat.

b) Toki entitatearen beraren zerbitzuen funtzionamenduak sortzen dituen gastuak.

c) Otorduak, edariak, aperitiboak, opariak, protokoloari loturikoak eta antzekoak.

d) Ekipamenduak edo beste jarduera batzuetarako ere erabil daitezkeen produktuak erostea (material informatikoa, telefoniakoa, etab.).

5. oinarria. Zenbateko osoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Gaitutako aurrekontuko diru-izendapena agortu arte emanen dira dirulaguntzak.

Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da modalitate bakoitzerako zenbateko orokorra.

5.2. Gehienez ere 3.000 euroko dirulaguntza emanen da proiektu bakoitzeko, edozein dela ere modalitatea, kontuan hartu gabe aurkeztutako proiektuaren kostu osoa.

5.3. 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza hau, portzentaje hauek aplikatuta:

5.3.1. 1., 2., 3. eta 4. modalitateen kasuan, hau emanen zaie 8. oinarriko balorazio irizpideen arabera 60 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuei:

a) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua adinakoa edo txikiagoa denean, aurkeztutako eta onartutako kopuruaren %100 jasoko dute.

b) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua baina handiagoa denean, modalitate bakoitzean ematen den kopuruaren %100 jasoko dute.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten toki entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskaeraren eredua (3. eranskina), non proiektua deskribatu eta aurrekontua proiektuaren deskripzioaren arabera zehaztuko baita, garatu gogo diren jarduera guztiak xehakatuta daudela; proiektuaren aurrekontu orokorrik ez da onartuko. Agiri bakar batean aurkeztu behar da eskaeraren eredu hori, agiri gehiagotan banandu gabe; kasuan kasuko modalitatea bete beharko da.

Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren Tramiteen katalogoan lor daiteke eredua (www.nafarroa.eus).

b) Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria (4. eranskina), ziurtatzen duena 3. oinarriko baldintza guztiak betetzen dituela.

6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Hala bada, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren aipatu agiriak.

6.3. Aurkeztutako dokumentazioa osatugabea bada, toki entitateari eskatuko zaio 5 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera ezetsi eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontua zehazteko dokumentazioa ezin da zuzendu. Edonola ere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan (aurrerantzean laguntzen fitxa), “Tramitatu” aukeratuz.

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa dokumentu bereizitan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da eskabideetan, eta horixe izanen da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta toki entitate eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako lehentasunezko bidea.

Eskatzaileak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta egon beharko du. Hauxe da gaitutako helbide elektronikoa eta jakinarazpen elektronikorako harpidetza lortzeko helbidea: https://notificaciones.060.es. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela ulertuko da.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Eskaerak baloratzeko, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izan dezake, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen den informazioa zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Eskaerak 2. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira.

8.4. Gutxienez ere 60 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ez dira diruz lagunduko.

8.5. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio; bertan, entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko da, eta proiektuen balorazioa jasoko da.

9. oinarria. Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzei buruzko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, ebazpen espresurik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

9.2. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean adieraziko dira entitate eskatzaileen zerrenda, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari uko egin zaien.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

9.3. Erakunde eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Aurreko egoeretako batean egonda, gardentasun betebeharrari lotuak dauden entitate onuradunek foru lege horren 12.4 artikuluan azaltzen den informazioa eman beharko dute, entitateko ordezkariak sinatua, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean. Horretarako, Nafarroako Atarian, Tramiteen atalean, argitaratutako deialdiaren fitxa erabili beharko dute.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako egoeretan ez egoteagatik, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, adierazpen eredu normalizatu bat egonen da eskuragarri Nafarroako Atariko Tramiteen atalean: Gardentasunari buruzko adierazpena (5. eranskina).

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari.

10. oinarria. Gorabeherak proiektuak gauzatzean.

Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.

Hala ere, dirulaguntzaren proposamenaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, eta dirulaguntza ematea efizientea bada, instrukzio organoak eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den dirulaguntzaren arabera, betiere hasierako xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Aldatutako proiektu horren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoaren eta, halakorik badago, hasiera batean antzeko baldintzetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino (eskaeran ageri den kofinantzaketa portzentaje bera mantenduko da).

11. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

11.1. Dirulaguntzaren ordainketa:

Dirulaguntza ordainduko da behin dirulaguntzaren xede den proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

11.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:

Entitate onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2021eko urriaren 29an, beranduenez:

–Memoriaren eredua (6. eranskina), berariaz prestatutako ereduaren araberakoa. Eredua Interneten bidez eskuratzen ahal da, laguntzen fitxan eta nafarroa.eus helbideko “Tramiteak” orrialdean.

−Toki entitatearen idazkariaren ziurtagiria (7. eranskina). Honako hau hartuko du barnean: diruz lagundutako proiektuaren gastu osoa eta diruz lagundutako jarduketen eta haien kostuen adierazpena, haiek garatzean izan diren gastuak zehaztuta. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri horrek ordainketaren egiaztapenerako balioa izanen du. Eskaeran aurkeztu den aurrekontua zenbatekoa zen, horixe izanen da justifikatu beharreko kopurua, emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak salbuetsita.

Oro har, egindako gastutzat hartuko dira justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoak, salbu eta tributuak, bestelako tributu betebehar batzuk edo Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.

Ziurtagiri horretan, dirulaguntzaren xedea betetzeko jasotako diru-sarrerak, laguntzak, baliabideak eta dirulaguntzak sartuko dira, edo agertuko da ez dela horrelakorik jaso.

–Gastuen eredua (8. eranskina), zerrenda bat barnean hartuko duena, kalkulu-orriaren formatukoa, ekintzen gastu guztiak xehakatzeko, aurkeztutako fakturekin bat etorriko direnak.

–Behar bezala jaulkitako fakturen kopia, tributuak eta antzeko balioa duten gainerako agiriak, merkataritza bidean eta bide juridikoan balioa dutenak edo administrazioaren aurrean antzeko eraginkortasuna dutenak.

−Enpresaren hautuaren ziurtagiria (9. eranskina). Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, toki entitateak frogatu beharko du enpresa hautatu dela efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Egindako ekintzen egiaztagiriak eta haiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak.

Haietan agertu beharko da bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan daukaten parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau txertatuz: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta / Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad”. Dirulaguntza eman aurretik egindako jarduerei eskatuko zaie hori dena.

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke:

https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala, edo Argitalpen Zerbitzuaren bidez.

Salbuespenez, zenbait jarduketaren ondorioz egiten diren objektuetan, beren izaera dela-eta, zaila denean logoa eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, jarduketei buruzko agiri, publizitate eta zabaltzeko medio guztietan, eta objektu guztietan ezarri beharko dira: liburuxkak, kartelak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza-materialetan eta abar. Halaber, logoa eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko medioetan, web-orrietan eta jartzeko aukera ematen duten medio guztietan.

11.3. Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioa nahikoa ez bada haiek frogatzeko, errekerimendua eginen dio toki entitateari, beharrezko frogagiriak aurkez ditzan bost egun balioduneko epean. Toki entitateak eskabidean adierazten duen gaitutako helbide elektronikora (GHE) eginen da errekerimendu hori.

11.4. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko guztirako kostua dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostua baino txikiagoa bada (10. klausulan xedatutako kasuetan izan ezik) edo gastua eta ordainketa frogatzeko agirien bidez justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxituko da, betiere erabat gauzatzetik hurbil samar ibili bada eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera duela frogatzen bada, eta proiektuaren balorazio berari eutsiko zaio.

12. oinarria. Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren xede eta helburu bererako beste deialdi batzuekin.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen entitate onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren %100 baino handiagoa.

13. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Dirulaguntzaren xedeko proiektuari buruz izan daitekeen edozein aldaketaren berri ematea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, bai eta baimena idatziz eskatzea ere diruz laguntzen den proiektuaren kudeaketan eta garapenean aldaketak egiteko; izan ere, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen berariazko onespena beharko dute proiektuan aldaketak egiteko.

c) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.

e) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

f) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea jasotzea dirulaguntza ematen denetik aurrera idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan, bai eta berdintasuneko agentearen lanaren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere, honako testu hau idatziz: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta / Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad”.

h) Betetzea xedaturik dagoena irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan (haren bidez arautu ziren Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak) eta maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa).

14. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

14.1. Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

14.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

15. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari jarraikiz.

17. oinarria. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA

Balorazio irizpideak

–1., 2. eta 3. modalitateak. Eskaerak baloratzeko irizpideak.

BALORAZIOA: 100 PUNTU

A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA

60

1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

55

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu

5

Herriaren azterketa soziodemografikoa egiten du

5

Metodologia azaltzen du

5

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

10

LGTBI+ herritarren eskariak eta beharrak identifikatzea

5

LGTBI+ pertsonek parte hartzeko erabiliko diren tresnak azaltzen ditu

5

Jarduketa-ildoen zehaztapena

5

Politikak, zerbitzuak eta programak egokitzea

5

2. Irisgarritasuna proiektuko jardueretan

(proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKI ENTITATEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA

5

C) HEDAPEN ETA KOMUNIKAZIO EKINTZA PROGRAMATUAK

15

D) PROIEKTUAN PARTE HARTZEA BESTE TOKI ENTITATE BATZUEK, LURRALDEKO BESTE ELKARTE EDO ERAKUNDE BATZUEK ETA/EDO TOKI ENTITATEKO BESTE ARLO BATZUEK

15

E) PROIEKTUAK DAKARREN BERRIKUNTZA (proiektua praktika ontzat hartzea, beste entitate edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

5

–4. modalitatea. Eskaerak baloratzeko irizpideak.

BALORAZIOA: 100 PUNTU

A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA

65

1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

50

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu

5

Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta

15

Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

5

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

15

2. Proiektuaren inpaktua, segimendua eta ebaluazioa

10

Gauzatze mailaren eta emaitzaren adierazleak

5

Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak

5

3. Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B) LURRALDEKO BESTE ELKARTE EDO ERAKUNDE BATZUEK ETA/EDO TOKI ENTITATEAREN BESTE ARLO BATZUEK PARTE HARTZEA PROIEKTUAN

15

C) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKI ENTITATEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA

5

D) PROGRAMATURIKO JARDUERAK ZABALDU ETA JAKINARAZTEKO EKINTZAK

10

E) PROIEKTUAK DAKARREN BERRIKUNTZA (proiektua praktika ontzat hartzea, beste entitate edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

5

3. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

4. ERANSKINA

Idazkaritzaren ziurtagiria (eskaera) (PDFa).

5. ERANSKINA

Gardentasunari buruzko adierazpena (PDFa).

6. ERANSKINA

Memoriaren eredua (PDFa).

7. ERANSKINA

Idazkaritzaren ziurtagiria (justifikazioa) (PDFa).

8. ERANSKINA

Gastuen eredua (Excel orria) (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2103111