63. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2E/2021 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez irailaren 21eko 7E/2020 Ebazpena aldatzen baita, dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten zuena, Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden entitateei eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuei zuzendua, gazteriaren arloko programak gara ditzaten eta ekipamendua eros dezaten 2020ko azaroaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitarte. DDBN identifikazioa: 524720.

Ikusirik Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalak aurkeztu duen txostena, aldaketaren aldekoa.

Kontuan harturik aldatu nahi den ebazpena, alegia, 7E/2020 Ebazpena, 2020ko irailean eman zela, 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak onetsi baino lehen, eta, orobat, 2021eko aurrekontuko “Gazte elkarteen programetarako dirulaguntzak” izeneko 090002 09120 4819 232100 partidaren zuzkidura ekonomikoa 183.000 eurokoa dela, hau da, aldatu nahi den ebazpenean aurreikusitakoa (140.000 euro) baino handiagoa.

Kontuan harturik dirulaguntza deialdi honen ebazpena, une honetan, instrukzio fasean dagoela.

Eta kontuan harturik ebazpena aldatuz gero (dirulaguntza deialdi honetarako zuzkidura 43.000 euro handituta) hobeki beteko direla aurrekontuko partida horretarako lortu nahi diren helburuak, zeinak 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko 20/2020 Foru Legean jaso baitira.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak gazte elkarteentzako dirulaguntzen deialdia onesteko irailaren 21ean emandako 7E/2020 Ebazpenaren 3. puntua, honela idatzita geldituko baita:

“3. Deialdi honi aurre egiteko, 193.000 (ehun eta laurogeita hamahiru mila) euroko gastua baimentzea. Dirua partida hauei egotziko zaie:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

“Gazte elkarteen programetarako dirulaguntzak” izeneko 090002 09120 4819 232100 (E) partida

2021

183.000,00

090002 09120 7819 232105 “Gazte elkarteen ekipamendurako dirulaguntza”

2021

10.000,00

2. Ebazpen hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dute, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2021eko otsailaren 25ean.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

Iragarkiaren kodea: F2103234