60. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZANUETA ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Aldaketa, Ur horniduraren, saneamenduaren eta gainerako zerbitzu eta jardueren tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean.
Behin betiko onespena

Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateko kideen batzarrak, 2020ko abenduaren 1ean egin bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen espediente hau: “Aldaketa, Ur horniduraren, saneamenduaren eta Ultzanueta Mankomunitateak egiten dituen gainerako zerbitzu eta jardueren tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean eta tarifen eranskinean”.

Hasierako onespenaren erabakia 2020ko 299. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 28an, bai eta Mankomunitateko iragarki-taulan ere, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori eta tarifen eranskina aldatzeko espedientea behin betikoz onesten da eta ordenantzaren eta eranskinaren testua ematen da argitara osorik, behar diren ondorioak izan ditzaten; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Erripan (Odieta), 2021eko otsailaren 17an.–Mankomunitateko burua, Martín M.ª Picabea Aguirre.

ORDENANTZA FISKALA, UR HORNIDURAREN, SANEAMENDUAREN ETA ULTZANUETA ZERBITZUEN MANKOMUNITATEAK EGITEN DITUEN GAINERAKO ZERBITZU ETA JARDUEREN TASAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen tasak, ur horniduraren, saneamenduaren eta Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak
egiten dituen gainerako zerbitzuei dagokienez

I. KAPITULUA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza fiskalaren titulu honetan ezartzen diren tasak bat datoz aplikatu beharreko araudi fiskalak Nafarroako toki-erakundeei ematen dizkien ahalmenekin, eta horien babesean daude.

II. KAPITULUA

Ordainarazpenaren izaera

2. artikulua. Titulu honen xedeko tasek oinarri dute uraren behe-hornidura eta saneamenduaren zerbitzua ematea, baita horrekin eta, orokorrean, uraren ziklo integralaren kudeaketarekin ikusteko duten gainerako jarduera eta zerbitzuak ematea ere.

Ezartzen diren ordainarazpenak, beraz, ikuspegi fiskaletik begiratuta, tasak dira Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluaren 1., 2., 3. eta 5.t) apartatuetan aipatzen diren zerbitzu eta jarduerak egiteagatik, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak egindako aldaketaren arabera.

Zerbitzu desberdinen eskuragarritasunari eta haietarako sarbideari dagokienez, Mankomunitatearen kasuan kasuko ordenantzen edukiari begiratuko zaio.

III. KAPITULUA

Aplikazio-eremua

3. artikulua. Ordenantza hau aplikatuko da Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatean sartuak egonik erregelamenduzko testu honetan arautzen diren zerbitzuak egiten diren mugarteetan, baita, sarturik egon gabe ere, urez hornitzen edo zaborrak biltzen diren horietan ere, halakorik bada.

Mankomunitateak bere zerbitzuak udal mugartearen zati batean –Kontzeju batean edo zenbaitetan– baizik egiten ez baditu, zerbitzua egiazki zer kontzejutan egiten den, haiexen mugarteetan baizik ez da aplikatuko.

IV. KAPITULUA

Zerga-egitatea

4. artikulua. Zerga-egitatea da ordenantza honek arautzen dituen zerbitzu edo jarduerak eskuratzea edo eskuratu ahal izatea nahiz erabiltzea edo erabili ahal izatea. Horiek behar diren tasak sortzen dituzte, zerrenda honetakoak:

a) Edateko uraz hornitzeko zerbitzua eta hori egiteko behar diren elementuak eskura izatea eta mantentzea.

b) Herriko saneamendu eta estolderia sareak eta zerbitzu horiek egiteko behar diren elementuak eskura izatea eta mantentzea.

c) Edateko uraz hornitzeko zerbitzua erabiltzea. Ezarri beharreko tasa aldatzen ahalko da uraren erabileraren edo helburuen arabera, eta tarifa konbinatuak ezarriko dira urari erabilera desberdinak eman eta neurgailua bakarra denean.

d) Saneamendu eta hondakin uren hustuketa zerbitzua erabiltzea.

e) Edateko uraren hornidura edo/eta hondakin uren hustuketa behin betikoz kontratatzeko beharrezkoak diren jarduketen zerbitzu tekniko eta administratiboak ematea.

f) Edateko ura banatzeko sareetara lotzeko hargune eskubideak. Hornidura zerbitzuen eskuragarritasun fisikoa sartzen da.

g) Hondakin uraren hustuketa sareetara lotzeko hargune eskubideak. Saneamendu zerbitzuen eskuragarritasun fisikoa sartzen da.

h) Alta ematea behin-behineko horniduretarako (obrak edo antzekoak).

i) Aholku teknikoa ematea ur horniduraren eta saneamenduaren arloan (txostenak).

Behin hornidura eskuratuta, horren baja eskatu eta berriz ere alta eskatzen bada, 4.f) kasurako ezarritako tasa kobratuko da kasu guztietan; izan ere, aldi baterako bajak ez dira onartuko.

V. KAPITULUA

Subjektu pasiboak

5. artikulua. Ordaintzera behartuta daudenak.

1.–Orokorrean, honako hauek daude behartuak tasen ondoriozko tributu zorra ordaintzera:

a) Zordun nagusi gisa: subjektu pasiboa, zergadun nahiz ordezko gisa, baita arau-hausleak ere, dirutan ezarritako zehapenak ordaintzeko.

b) Zordun subsidiario gisa: erantzule solidarioak, ustiategien eta jarduera ekonomikoen eskuratzaileak eta erantzule subsidiarioak.

2.–Subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, pertsona fisiko eta juridikoak eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren entitateak, baldin eta ordenantza honen xede diren zerbitzu eta jardueren onuradun bilakatzen badira edo haiek ukituta gertatzen badira. Zergadunaren ordezkotzat hartuko dira higiezinen jabeak, higiezinen okupatzaileek zerbitzu horiek hartzen badituzte.

Zehazki, honako hauek dira subjektu pasiboak:

a) Tasen zerga-egitatea ordenantza honen 4. artikuluaren a), b), c), d), e) eta h) apartuetan zehazturik badago, kontratu bakoitzaren titularra, zergadun den aldetik.

b) Tasen zergapeko egintza ordenantza honen 4. artikuluaren f) eta g) apartatuetan zehazturik badago:

b.1.–Harguneak eraikinetan: eraikinen sustatzailea egonen da ordaintzera beharturik, eta halakotzat hartuko da higiezinen jabea, etxebizitza horiek eraiki edo horien eraikuntza kontratatzen duena, saltzeko, alokatzeko edo berak erabiltzeko.

Nolanahi ere, eraikuntza proiektua gauzatzeko lana hartu duen eraikitzaileak ordaintzen ahalko du delako tasa, eta gero zenbateko hori, hala badagokio, sustatzaileari eskatu.

b.2.–Bestelako harguneak: obrak, suteak, ureztapena eta abar. Hargunearen eskatzailea egonen da ordaintzera beharturik.

3.–Pertsona fisikoek edo juridikoek ustiategi bat baldin badute edo jarduera ekonomiko batean ari badira, eta horren ondorioz zorrik badute, zorra eskatzen ahal zaie titulartasunean edo jardueran ondorengo direnei, edozein kontzepturengatik izanik ere ondorengo.

Ordaintzeko borondatezko epea akituta, eskuratzailea eta eskualdatzailea zorraren erantzule solidarioak izanen dira.

Norbaitek eskuratu nahi badu ustiategi edo ekonomia jarduera baten titulartasuna, eskubidea izanen du Mankomunitateari eskatzeko kasuan kasuko jardueran edo ustiategian aritzearen ondoriozko tributu-zorren ziurtagiri zehatza, titularrak aldez aurretik baietza emanda.

VI. KAPITULUA

Zerga-oinarria

6. artikulua. Ordenantza honen 4. artikuluko zerrendan aipatutako zerga-egitateetan, hauek dira bakoitzaren karga-oinarriak:

a) 4. artikuluaren a) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: kuota finkoa, kontagailuaren diametroaren araberakoa. Kuota horri neurtzeko tresnen mantentzearen kostua gehituko zaio, lan hori Mankomunitatearena izanik.

b) 4. artikuluaren b) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: kuota finkoa, hornidurako kontagailuaren diametroaren arabera. Kuota horri neurtzeko tresnen mantentzearen kostua gehituko zaio, lan hori Mankomunitatearena izanik.

c) 4. artikuluaren c) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: ur kopuru kontsumitua, metro kubikotan, neurtua kontagailuaren bidez edo beste bide teknikoki onargarri batzuen bitartez.

d) 4. artikuluaren d) apartatuan ezarritako zergapeko egintzarako, NILSA enpresa publikoak ezarritako oinarriak aplikatuko dira, alegia, aldi bakoitzean indarra dutenak.

e) 4. artikuluaren e) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: kuota finkoa, hornidurako kontagailuaren diametroaren arabera.

f) 4. artikuluaren f) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: oinarri edo prezio finkoak, harguneen diametroaren arabera.

g) 4. artikuluaren g) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: oinarri edo prezio finkoak, harguneen diametroaren arabera.

h) 4. artikuluaren h) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: ur kopuru kontsumitua, metro kubikotan, neurtua kontagailuaren bidez edo beste bide teknikoki onargarri batzuen bitartez.

VII. KAPITULUA

Tarifak

7. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko, I. eranskinean agertzen diren tarifak aplikatuko zaizkio zerga-oinarri bakoitzari.

VIII. KAPITULUA

Tributu-kuotak

8. artikulua. Tributu-kuota izanen da zerga-egitate bakoitzari bere tarifa aplikatzearen ondorioz ateratzen den emaitza.

9. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean, aplikatuko dira legeek finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeek ezarritako moduan eta baldintzetan.

IX. KAPITULUA

Salbuespenak

10. artikulua. Soilik onartuko dira Nafarroako Parlamentuan onetsitako foru legeetan espresuki aurreikusirik dauden salbuespenak, eta indarrik gabe gelditzen dira bestelako deskontuak, eratortzen direnak Nafarroako Gobernuak, Mankomunitatean sarturik dauden toki-erakundeek edo beste edozein entitatek edo erakunde publikok hartutako erabakietatik edo egindako jarduketa orotik.

X. KAPITULUA

Sortzapena

11. artikulua.

1.–Ordenantza honen 4. artikuluaren a) eta b) apartatuetako zerga-egitateetarako ezarritako tasak lauhileko natural bakoitzaren lehenbiziko egunean sortuko dira, sarearekin lotura egina duten erabiltzaile guztientzat.

Zerbitzua lehen aldiz hartzen duten erabiltzaileentzat, tasek –horien barne izanik, hala bada, 6. artikuluan ezarritako neurtzeko aparatuen edo ekipamenduaren mantentze-lanak– hartzen duten egunean berean izanen dute sortzapena.

2.–Honen 4. artikuluaren c), d) eta h) apartatuetako zerga-egitateetarako ezarritako tasak ur kontsumoa egiten den unean sortuko dira.

3.–Ordenantzaren 4. artikuluaren e) apartatuko zerga-egitaterako ezarritako tasak edateko uraren hornidura edo/eta hondakin urak husteko kontratua sinatzen den unean sortuko dira.

4.–Testu honen 4. artikuluaren f) eta g) apartatuetako zerga-egitaterako ezarritako tasek honela izanen dute sortzapena:

4.1.–Eraikin eta obretarako harguneetan, Mankomunitateko teknikariek hargunea baimentzen duten unean, eta nolanahi ere, obra bakoitzerako hornidura kontratua formalizatzen den unean, harguneak lehenago egin badira ere poligono baten urbanizazioaren barnean.

4.2–Bestelako harguneetan, hargunea baimentzen den unean.

5.–Ordenantzaren 4. artikuluaren h) apartatuko zerga-egitaterako ezarritako tasak eskatutako hornidura baimentzen den unean sortuko dira.

XI. KAPITULUA

Ordainarazpena

12. artikulua. Ordenantza honetan araututako tasak honako arau hauei jarraikiz ordainaraziko dira:

1.–Testu honen 4. artikuluaren a) eta b) apartatuetakoak lauhilekoetan ordainaraziko dira, eta hori egiten ahal da aitzinaturik nahiz mugaeguna iraganik.

4. artikuluaren c), d), eta h) apartatuetakoak lauhilekoetan ordainaraziko dira, mugaeguna iraganik.

2.–Sortzapenaren unean ordainaraziko dira e), f) eta g) apartatuetan aurreikusitakoak.

XII. KAPITULUA

Diru-bilketa

13. artikulua.

1.–Indarra duen legeriari jarraikiz, ordenantza honetan aurreikusitako tasak aplikatzearen ondoriozko zor guztiak, 4. artikuluaren e), f) eta g) apartatuetakoak izan ezik, “jakinarazpen gabetzat” hartuko dira. Horrekin bat, modu orokorrean jakinaraziko dira, dagokion iragarkia edo ediktua Mankomunitateko iragarki-taulan argitaratuz. Argitaratze horretatik aurrera, 30 egun balioduneko epea hasiko da kontatzen borondatezko epearen barnean pagatzeko.

2.–Ordenantza honen 4. artikuluaren e) apartatuko zerga-egitatearekin sortutako zorrak “jakinarazitzat” hartuko dira. Beraz, subjektu pasiboek ordainduko dituzte zuzenean, jakinarazi eta 30 egun balioduneko epean.

3.–Testuaren 4. artikuluaren f) eta g) apartatuetako zerga-egitateekin sortutako zorrak “autolikidatutzat” hartuko dira. Beraz, subjektu pasiboek ordainduko dituzte zuzenean beren likidazioen bitartez, aldeko txosten teknikoak izan ondoren, aldez aurreko baldintza izanen baita hargunerako eskubidea aitortzeko.

14. artikulua. Borondatezko epean ordaindu ez diren tributu-zorrak premiamendu bidez ordainaraziko dira, salbu eta, ordaindu beharrekoak aitzinetik eskatu ondoan, Mankomunitateak geroratzea edo zatikako ordainketa onartu duelarik, 2/1995 Foru Legearen 90. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

15. artikulua. Tributu-zorren ordainketa honela egiten ahalko da:

a) Zorren ordainketa helbideratu duten subjektu pasiboek, haiek adierazitako banku edo aurrezki entitatean eta kontuan kargatuz.

b) Zorren ordainketa helbideratu ez duten subjektu pasiboek, edota helbideratua izan arren edozein arrazoirengatik zorrak ordaindu gabe gelditu diren kasuetan, kobratzeko gaitzen diren banku edo aurrezki kutxen bulegoetan.

XIII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

16. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean aurreikusitakoaz gain, Mankomunitatearen kasuan kasuko ordenantzetan arau-hausteei eta zehapen araubideari buruz ezarritako xedapenak aplikatuko dira.

II. TITULUA

Saneamendu kanona

17. artikulua. Saneamenduko kanona arautua dago Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legean eta hura garatzeko apirilaren 5eko 82/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduan.

18. artikulua. Delako kanona 10/1988 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorrarekin eta gainerako araudiarekin bat ezarri da, eta, aurrekontuen ekitaldi bakoitzerako, haren zenbatekoa Nafarroako Aurrekontuei buruzko Foru Legean finkatua dago, edo, bestela, kasuan kasuko foru araudian.

Azken xedapena.–Ordenantza honek 2021eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra

I. ERANSKINA

Tarifak, Ur horniduraren, saneamenduaren eta Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak egiten dituen gainerako zerbitzuen tasak arautzen dituen ordenantza fiskalarenak

1.–Ordenantzaren 4.a) eta 4.b) artikuluetan aurreikusitako zerga-egitateak.

1.1. Kuota finkoak (saneamendua eta estolderia): jarritako kontagailuaren diametroaren arabera.

KONTAGAILUAREN DIAMETROA

HORNIDURAREN LAUHILEKOKO KUOTA FINKOA (EUROTAN)

ESTOLDERIAREN LAUHILEKOKO KUOTA FINKOA (EUROTAN)

KONTAGAILUAREN MANTENTZE-LANAK (EUROTAN)

13 mm

9,55

12,73

1,98

20 mm

32,72

19,4

2,86

25 mm

46,07

39,53

4,90

30 mm

74,23

56,27

6,54

40 mm

133,87

111,69

16,78

50 mm

193,45

167,92

24,34

65 mm

207,39

226,72

30,26

80 mm

248,8

276,87

38,62

100 mm

414,4

386,03

47,30

150 mm

1.916,59

386,03

47,30

Kontagailurik ez duten etxebizitzen kasuan 13 mm-ko diametroari dagozkion hornidura eta estolderiako kuota finkoak aplikatuko dira, eta etxebizitzaz besteko erabileretarako, horietan ere ez badago kontagailurik, 25 mm-ko diametroari dagokion kuota finkoa aplikatuko da.

Estolderiako kuota finkoa ez da kobratuko saneamenduko sare orokorrera hustubiderik ez duten etxebizitza eta/edo bestelako instalazioen kasuan.

1.2. Kontagailuen mantentze-lanen kuota finkoak.

Hauxe izanen da aplikatzeko tarifa: kontagailuaren batez besteko prezioaren %1,25 hilabetean, kontagailuaren tamainaren arabera. Hartan konponketa eta kontserbazio gastuak sartzen dira.

Kontagailurik ez duten etxebizitzen eta/edo instalazioen kasuan, kuota hori berdin aplikatuko zaie, aurreko puntuaren arabera dagokien kontagailuan oinarrituz.

1.3. Suteetarako aho zigilatuei dagozkien kuota finkoak.

Suteetarako aho bakoitzeko, 10,60 euro kobratuko da lau hilabetean behin.

2.–Testu honen 4.c) artikuluan ezarritako zerga-egitateak. Kontsumoa.

Kuota aldakorra: prezioa, kontsumituriko m³-ko.

1. tarifa.–Etxeko erabilera etxebizitzetan eta hari lotutako erabilerak. Etxebizitza eta ekipamenduetarako beste eraikin batzuk sartzen dira, baita Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta abarreko ikastetxe ofizialki aitortuak, erabilera kolektiboko kirol instalazio publikoak eta parke-lorategi publikoak ere: 0,45 euro/m³.

4 kidetik gorako familien kasuan, tarifa 0,30 euro/m³ izanen da.

2. tarifa.–Industria eta merkataritzarako erabilera. Tarifa horretan sartzen dira industriak, saltokiak, bulegoak eta langelak. Halaber, sartzen dira etxabeak hornitzeko erabilerak, salbu ureztatzekoa: 0,45 euro/m³.

3. tarifa.–Baratze, aisiako finka eta kirol instalazio partikularretako (igerilekuak) erabilera, eta ureztatzea.

–Lehenbiziko 35 m³-ak lau hilabetean: 0,45 euro/m³.

–Metro kubiko horietatik gorako kontsumoa lau hilabetean: 0,80 euro/m³.

4. tarifa.–Abeltzaintzarako erabilerak: 0,35 euro/m³.

5. tarifa.–Erabilera konbinatuak.

5.1. Etxeko erabilera etxebizitzan eta industriako edo merkataritzako erabilera (industria edo merkataritzako jarduera ohiko bizilekuan).

–Lehendabiziko 85 m³-ak lau hilabetean: 0,45 euro/m³.

–Metro kubiko horietatik gorako kontsumoa lau hilabetean: 0,80 euro/m³.

5.2. Etxeko erabilera etxebizitzan eta ureztaketa edo kirol instalazio partikularreko erabilera (ohiko bizilekua, berdegunea, baratzea eta/edo igerilekua duena).

–Lehenbiziko 35 m³-ak lau hilabetean (4 kide bitarteko familiak): 0,45 euro/m³.

–Lehenbiziko 45 m³-ak lau hilabetean (4 kidetik goitiko familiak): 0,45 euro/m³.

–Metro kubiko horietatik gorako kontsumoa lau hilabetean: 0,80 euro/m³.

NILSA enpresaren aldeko kanonetik eratorritako tasari dagokionez, benetako kontsumoa hartuko da erreferentziatzat, gehienez 35 m³.

Etxebizitza bat baino gehiagoko urbanizazioetan, gutxieneko horiek jasotzen dira diren etxebizitza kopuruaren arabera.

5. tarifa (Erabilera konbinatuak) nahitaez aplikatuko da etxebizitza batean baldin eta, etxebizitza-motagatik, kanpoko itxuragatik edo ikuskapen zerbitzuek prestatutako txostenagatik, bertan egiten ahal bada aukeren erabilera konbinatua. Edozein kasutan ere, subjektu pasiboak ezin du jarri banakako kontagailurik erabilera posible bakoitzerako.

5.1 eta 5.2 tarifetan aurreikusitako erabilerak aldi berean izan ditzakeen etxebizitza baten kasuan, aplikatuko zaio hornitutako ur bolumenari gehien hurbiltzen zaion erabileraren tarifa, eta, zalantza izanez gero, beti 5.2 tarifa.

Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak behar diren egiaztapenak egiten ahalko ditu aldiro, erabiltzaile bakoitzari dagokion tarifa mota esleitzeko.

6. tarifa.–Erabilera soziala, ongintzako zentroak barne: 0,45 euro/m³.

7. tarifa.–Mankomunitateko ente ofizialen erabilera zerbitzuetan eta udal ureztaketan, baita erabilera publikoko jabetza pribatuko ureztatzea ere: 0,45 euro/m³.

8. tarifa.–Hornidura, kamioi zisternadunen bidez:

Ur kontsumoa 0,80 euro/m³ kobratuko da, eta gutxienez ere 25,00 euro.

Halaber, Mankomunitatetik kanpoko bitartekoak erabiltzen badira hornidurarako (kamioi zisternadunak eta abar), erabiltzaileei kobratuko zaie aipatu zerbitzuen kostua.

9. tarifa.–Hornidura egitea kontsumoaren kontagailurik ez duten higiezinei.

–Etxebizitzak: 24,00 euro lauhilekoan.

–Bestelako higiezinak: 31,20 euro lauhilekoan.

3.–Ordenantzaren 4.d) artikuluan aurreikusitako zerga-egitateak.

Saneamenduko kuota:

NILSA enpresa publikoak urtero Mankomunitateari igortzen dion saneamendu kanonaren zenbatekoa kobratuko zaie erabiltzaileei. Honako alderdi hauen arabera eginen da kobrantza hori:

a) Etxebizitzak edo instalazioak ur kontagailua badu, NILSA enpresak aplikatzen dituen parametroen arabera kobratuko da, kontsumoari begira betiere.

b) Etxebizitzak edo instalazioak ur kontagailurik ez badu, NILSA enpresak aplikatzen dituen parametroen arabera kobratuko da, ratio bidezko prozedura edo sistema erabilita.

c) Aurreko apartatuetan azaldutakoaz gain, putzu septikoa duten etxebizitzen eta/edo beste instalazioen kasuan, NILSA enpresak aplikatzen dituen tarifa ezberdinak ezarriko dira, instalazio hori legeztatua dagoen edo ez kontuan hartuz.

d) Ureztatzeko uraren kasuan, ez da kobratuko saneamendu kanona.

“Ureztatzeko ura” zer den zehazteko orduan, 3. tarifan aurreikusitako kasuaz gainera, halakotzat joko da 5.1 eta 5.2 tarifetako kasuetan ezarritako metro kubikoetatik gorako kontsumoa ere.

4.–Honen 4.e) artikuluan ezarritako zerga-egitateak.

Kontagailuaren diametroaren araberako urteko horniduraren kanona, halako bi.

5.–Ordenantzaren 4.f) artikuluan ezarritako zerga-egitateak.

–Hornidurako hargune bakoitzeko:

–600,00 euroko zenbateko finkoa, hargunearen diametroa 36 mm edo hori baino txikiagoa bada.

–2.000,00 euroko zenbateko finkoa, hargunearen diametroa 36 mm-tik goitikoa bada.

–Suteetarako harguneagatik: 95,00 euroko zenbateko finkoa.

6.–Testu honen 4.g) artikuluan ezarritako zerga-egitateak.

–Saneamendurako harguneagatik: 300,00 euroko zenbateko finkoa.

7.–Ordenantza honen 4.h) artikuluan ezarritako zerga-egitateak.

Kontsumitutako edo kalkulatutako m³ bakoitzeko (gutxienez astebeteko epea, eta astean 4 m³-ko bolumena gutxienez) 0,80 m³ kobratuko da.

8.–Ihes ezkutuen tarifa.

Ihes ezkutuaren kontzeptua: kontsumo bat “ur-ihes ezkututzat” hartzeko, eskatuko da ondoko baldintza hauek guztiak betetzea eta behar bezala frogatzea:

1.–Lauhilekoan 100 m³-tik goitiko kontsumoa erregistratu duten abonatuen erreklamazioak onartuko dira.

2.–Ezkutuko ur-ihesa izan beharko du, abonatuak ez dakiela hodiak edo neurketako ekipoak hondatuta daudela.

3.–Egiaztatu beharko da ez dela inolako utzikeriarik izan abonatuaren aldetik ur-ihesa eragin duten egintzetan, ez ur-ihesaren ondoko jarduketan.

4.–Apurtu edo hondatu eta, horren ondorioz, ur-ihesa izan duen instalazioa 7 eguneko epean konponduko da, gehienez ere, ur-ihesa atzematen denetik aurrera.

Abonatuaren instalazio partikularrean ihes ezkuturik baldin bada, ondoko irizpideen arabera izanen dira tarifak:

–Ur-ihesa, etxebizitzetako kontratuetan edo parekoetan (1.etik 6.era bitarteko tarifak).

100 m³ fakturatuko zaio (edo handiagoa bada, azken hiru urteetan lauhileko berean kontsumitutakoaren batezbestekoa), hornidura kontratuan abonatuak kontratatua duen ohiko tarifaren arabera.

–Gainerako kontsumoa: ez da fakturatuko.

Oharrak:

1.–Ihes ezkutua gertatu baldin bada instalazioak berdeguneak ureztatzeko duen atalean, tarifa izanen da 0,45 euro/m³.

2.–Ordainagiri bakar bati aplikatuko zaio tarifa hori, abonatuak erreklamazioa zein lauhilekotan egiten duen, horkoan.

3.–Urbanizazioetan, kontagailu bakarra bada etxebizitza batzuetarako, ulertuko da 100 m³-ko kontsumoa etxebizitza bakoitzeko.

9.–Tarifak, kontsumoko kontagailuen irakurketa okerra egin edo funtzionamendu akatsak dauden kasuetan.

Kasu horietan egindako kontsumoaren tarifak kalkulatuko dira aurreko urteko lauhileko bereko datuetan oinarrituz.

Horrela jokatuko da kontsumoko kontagailuaren akatsak konpondu eta irakurketa zuzena egiten den arte.

10.–Tarifak, kontsumoko kontagailuen irakurketa ezinezkoa denean.

Ezintasun hori erabiltzailearen jarduketaren ondorioa bada, honela kalkulatuko da kontsumoa:

1. tarifa: 100 m³-ko kontsumoa lauhilekoan.

2. tarifa: 1.000 m³-ko kontsumoa lauhilekoan.

3. tarifa: 100 m³-ko kontsumoa lauhilekoan.

4. tarifa: 1.000 m³-ko kontsumoa lauhilekoan.

5.–1 tarifa: 200 m³-ko kontsumoa lauhilekoan.

5.–2 tarifa: 200 m³-ko kontsumoa lauhilekoan.

Horrela jokatuko da kontsumoko kontagailua irakurri ahal izan arte.

11.–Murrizketa berezia, lanbide arteko gutxieneko soldata adinako pentsioa edo txikiagoa hartzen dutenentzat.

4.c) –kontsumoa– eta 4.d) –saneamenduaren kanona– artikuluetan aurreikusitako zerga-egitateei dagokien kuotaren zatia, ordenantza honen xedekoa baita, oro har aplikatu beharreko horretatik %50 murriztuko da kasu hauetan:

1.–Ordaintzera beharturik dagoena Gizarte Segurantzaren edo Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren prestazio baten onuraduna denean, baldin eta haren zenbatekoak ez badu lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen.

2.–Aurreko apartatuan bezala, soldatak ez duenean gainditzen lanbide arteko gutxieneko soldata halako 1,2, baldin eta ezkonduta badago edo antzeko bizikidetza harremana badu, bien guztirako diru-sarrerak batuta.

3.–Ezkontideaz bestelako familia kargak daudenean (adingabeko seme-alabak, legezko langabezian edo ikasten ari diren 23 urte arteko seme-alabak –23koak barne– edo desgaitasun bat duten diru-sarrerarik gabeko seme-alabak), lanbide arteko gutxieneko soldata halako 0,2 handituko dira aipatutako muga ekonomikoak, mendekotasuna duen pertsona bakoitzeko.

Nahiz eta aurreko baldintza bete, ez da murrizketa berezi horretarako eskubiderik izanen baldin beste diru-sarrera batzuen bitartez urtean lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen bada, izan eskatzailearen beraren diru-sarrerak nahiz etxean harekin bizi direnen sarrerak. Orobat, eskatzailearen edo bizilagunen ondare higigarria nahiz higiezina ez da izanen handiagoa 21.000,00 euro baino, ohiko etxebizitzaren balioa kenduta.

Aipatutako baldintzak betetzen dituztela erakusteko, eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

1. Eskaera.

2. Hartzen den prestazioaren ziurtagiria.

3. Errentaren edo ondarearen aitorpena, edo, bestela, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, agertzen duena ez dagoela behartua hura aurkeztera, baita eskatzailearen edo bizikideen diru-sarrerak frogatzen dituzten bestelako agiriak ere.

4. Udal erroldaren bizikidetzako ziurtagiria.

Betiere, murrizketa bereziaren onuradunak titularra izan beharko du ur hornidura eta saneamenduaren kontratuan.

Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak noiznahi ikuskatzen ahal du murrizketa berezi horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen ote diren, eta kendu eginen ditu baldintzak betetzeari utzi dioten onuradunak, baita egiaztatzeko dokumentuak eskatu eta aurkezten ez dituztenak ere.

12.–Horniduraren erabilera aldatzea.

12.1–Ofizioz: atzematen denean erabilera aldatu dela kontratu baten hornidura eta saneamendu zerbitzuetan, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak aplikatu beharreko tarifa aldatuko du, benetako erabilera egiaztatuaren arabera fakturatzeko.

12.2.–Interesdunek eskatuta:

–1. kasua: horniduraren erabilera saltokitik etxebizitzara aldatzea.

Aldaketa hori onartzeko, erabiltzaileak kasuan kasuko udalaren ziurtagiria aurkeztu beharko du Mankomunitatean, bertan adierazita lokal horretan ez dela jarduera ekonomikoaren gaineko zergaren menpeko jarduera ekonomikorik egiten. Orobat, etxebizitzaren bizigarritasun zedula aurkeztu beharko du.

–2. kasua: saltokia ixtea erretiroa dela-eta, baina hornidurari eutsi nahi zaio.

Aldaketa hori onartzeko, erabiltzaileak kasuan kasuko udalaren ziurtagiria aurkeztu beharko du Mankomunitatean, bertan adierazita lokal horretan ez dela jarduera ekonomikoaren gaineko zergaren menpeko jarduera ekonomikorik egiten.

13.–Aldi baterako baja horniduran.

Erabiltzaileei ez zaie inongo tarifarik kobratuko, salbu eta kasu hauetan:

–Elementuak/instalazioak aipatu egoerara egokitzearen kostua kobratuko da (buxatzea, hornidurako giltzak ixtea eta abar).

–Horniduraren baja 30 egun natural baino gutxiagoz bada, alta eskatzeko orduan ez da hargune berriko tasa kobratuko (5. puntua).

–Horniduraren baja 30 egun natural baino gehiagoz bada, alta eskatzeko orduan ez da hargune berriko tasa kobratuko (5. puntua), baina 200,00 euroko tarifa kobratuko da, “altari berriz ekitea”-gatik.

14.–Horniduraren tarifa eraikin, instalazio edo jarduerarik gabeko urbanizatutako orubeetan.

Honako tarifa hauek baino ez dira kobratuko:

–Hornidurarako kuota finkoa (1.1 puntua).

–Kontagailuaren mantentze-lanetako kuota (1.2 puntua).

15.–Ordenantzaren 4.g) artikuluan ezarritako zerga-egitateari dagozkion zerbitzuen tarifak (aholku teknikoa ematea ur horniduraren eta saneamenduaren arloan –txostenak–): 120,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L2103044