60. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

12/2021 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, “Nafarroako LH Duala Sustatzea” sarien deialdia egin eta “LH Dualeko enpresa prestatzailea” zigilua sortzen duena.

Lanbide Heziketa Duala 2013-2014 ikasturtean ezarri zen Nafarroan. Ordutik, agerian gelditu da prestakuntza modalitate honek gero eta interesa handiago pizten duela, bai ikasleen artean, bai enpresen artean, nabarmenki laguntzen duelako pertsonen kualifikazioa hobetzen eta kualifikazio hori enpresen beharretara ahalik eta hobekien egokitzen. Horregatik, beharrezkotzat jotzen da Lanbide Heziketa Duala gure erkidegoan ezartzen laguntzen duten ekintza guztiak aurrera eramatea.

Esparru horretan, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak hainbat ekimen proposatu ditu LH Duala sustatzeko; besteak beste, jarduketa hau, helburua duena sari bat sortzea Lanbide Heziketa Duala hezkuntza sisteman garatzeko prozesuan enpresek egiten duten lana aitortzeko.

Hortaz, enpresek eta tutoreek, baita enpresa elkarteek eta beste lankidetza entitate batzuek ere, Lanbide Heziketako proiektu dualak hezkuntza sisteman garatzeko egiten duten lan eskergari ikusgarritasuna emateko eta aitortzeko asmoz, “LH Dualeko enpresa prestatzailea” zigilua sortzen da eta “Nafarroako LH Duala Sustatzea” sarien deialdia egiten da. Jarduketa honek Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa dauka, Enplegu, Prestakuntza eta Hezkuntza Programa Operatiboaren esparruaren barruan.

Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzuaren txostena ikusirik, eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. “LH Dualeko enpresa prestatzailea” zigilua sortzea.

“LH Dualeko enpresa prestatzailea” zigilua sortzen da, balioko duena enpresa laguntzaileek LH Duala Nafarroan sustatu, garatu eta hedatzeko egiten duten lan garrantzitsua aintzat hartzeko, gako-faktore baitira, bai giza kapitalaren kualifikaziori begira, bai lanbide irakaskuntza hauetako ikasleen enplegagarritasuna hobetzeko. Zigilu horren ezaugarriak ebazpen honen V. eranskinean zehazten dira.

Lanbide Heziketako ikastetxeekin sinatutako lankidetza-hitzarmenen esparruan Lanbide Heziketa Dualeko ekintzak garatzen dituzten enpresek edo entitateek eskubidea izanen dute “LH Dualeko enpresa prestatzailea” zigilua erabiltzeko informazio, publizitate edo merkataritza komunikaziorako dituzten euskarrietan.

2. “Lanbide Heziketa Duala sustatzea” saria sortzea.

“Lanbide Heziketa Duala sustatzea 2021” saria sortzen da, zenbait kategoria dituena, zeinaren bidez Hezkuntza Departamentuak/Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak aitortuko baitu Lanbide Heziketa Dualaren alde egindako ekarpenagatik nabarmendu diren enpresen, enpresa eta lanbide elkarteen eta beste entitate laguntzaile batzuen lana.

Deialdia urtero eginen da, eta ebazpen honen I. eranskinean ezartzen diren oinarriek gobernatuko dute.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak igortzea Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzura, Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzura eta Lanbide Heziketa Dualaren eta Etengabeko Ikaskuntzaren Atalera; eta jakinaraztea Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluan dauden eragile ekonomiko eta sozialei eta Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxe publiko eta itunduetako zuzendariei.

Iruñean, 2021eko martxoaren 1ean.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

I. ERANSKINA

“Lanbide Heziketa Duala sustatzea” sariaren oinarriak

1.–Hartzaileak.

“Lanbide Heziketa Duala sustatzea” sariaren balizko hartzaileak dira Lanbide Heziketa Dualeko proiektuak garatzen laguntzen duten edo lagundu duten enpresa eta entitateak. 2021eko deialdian, parte hartzen ahalko dute 2018-2019 eta 2019-2020 ikasturteetan kolaboratu duten enpresa eta entitateek.

2.–Sarien kategoriak.

Sariak hiru kategoria ditu: enpresa handiak, enpresa txiki eta ertainak eta elkarte eta entitate laguntzaileak.

Zazpigarren oinarrian aipatzen den hautapen batzordeak bi saridun proposatzen ahalko ditu sarien edozein kategoriatan.

3.–Hautagaitzak proposatzea eta aurkezteko epea.

Hautagaitzen proposamenak ikastetxeen bidez aurkeztu beharko dira, zehazki, funts publikoen sostengua izanik, 2018-2019 eta 2019-2020 ikasturteetan lanbide heziketako zikloak Lanbide Heziketa Dualaren modalitatean eman dituzten ikastetxeen bidez.

Ikastetxe bakoitzak kategoria bakoitzerako hautagaitza bat aurkezten ahalko du. Proposamena justifikatu beharko da, III. eranskinean jasotako irizpideei jarraikiz.

Proposamenak ikastetxeko zuzendaritzaren arduradunak sinatu beharko ditu, eta ikastetxeko helbide ofizialetik helbide honetara bidali beharko dira: scualiedu@navarra.es.

Proposamenak aurkezteko azken eguna 2021eko martxoren 26a izanen da.

4.–Hautapen batzordea.

Aurkezten diren eskaerak hautapen batzorde batek baloratuko ditu. Batzordeak kide hauek izanen ditu:

–Batzordeburua: –Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiko teknikari bat.

–Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren ordezkari bat, hain zuzen, Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen ordezkari gisa aritzen den pertsona.

–Eragile ekonomikoen ordezkari bat.

–Gizarte eragileen ordezkari bat.

Azkeneko bi horiek zozketaz aukeratuko dira, ordezkatzen dituzten entitateen artean. Hurrengo deialdietan, gainerako erakundeek parte hartuko dute, txandaka.

5.–Deialdia ebaztea.

a) Batzordeak deialdiko kategoria guztietarako jasotzen diren proposamenak bildu eta hautapena eginen du, III. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.

b) Batzordeak zilegi du saria eman gabe uztea edozein kategoriatan, edo aipamen bereziren bat egitea, merezimendu edo proposamen nabarmenen bat baldin badago, eta behar bezala justifikatuta, betiere.

c) Hautapen batzordeak, aurkezten diren hautagaitzak baloratu ondoren, sariak emateko proposamen bat eginen du, eta Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiari igorriko dio, ebatz dezan.

d) Deialdiaren emaitza webgune honetan argitaratuko da: http://www.educación.navarra.es.

e) Deialdian saritzen diren enpresek edo entitateek Lanbide Heziketa Duala sustatze aldera egindako lanaren aitortza bat jasoko dute, zehazki, intsignia bat eta Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak emandako egiaztapen diploma bat.

II. ERANSKINA

“LH Duala Sustatzea” sarien hautagaitzarako proposamena (PDFa).

III. ERANSKINA

Proposamenak baloratzeko irizpideak.

Kategoria guztietan, proposamenak justifikatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

Erakundeak ikasleen prestakuntzarekin duen konpromisoa:

–Prestakuntza planaren diseinuaren etapan parte hartzen du.

–Egiaztatzen du ikasleek jasotzen dituztela prestakuntza planaren ikaskuntzaren emaitzak.

–Bekadunei aukera ematen die enpresan dauden abangoardiako praktika eta teknikak egin ditzaten.

–Praktiketako ikasleak sartzen ditu enpresaren beraren prestakuntza ekintzetan.

–Ikasleei aukera ematen die enpresaren beraren zerbitzuetan sartzeko.

Erakundeen eta ikastetxeen arteko harremanak:

–Lanbide Heziketa Dualaren ziklo berri bat ezarri aurretik, irakasleei trebakuntza eskaintzen die.

–Irakasleei aukera ematen die enpresan erabiltzen diren teknika eta prozedurak ezagutzeko.

–Ikastetxeko irakasleen etengabeko prestakuntzan laguntzen du (egonaldiak enpresetan, prestakuntza proiektuak...).

–Lanbide Heziketa Dualarekin zerikusia duten biltzar, mintegi edo ekitaldiak egiten ditu eta/edo horrelakoetan parte hartzen du.

Kalitatea:

–Ikasleek egindako lanak prestakuntza programan ezarritakoetara doitzen ditu.

–Kontratuan ezarritako baldintzak betetzen ditu.

–Enpresako tutore bat izendatzen du, eginkizun hori gauzatzeko berariazko prestakuntza duena.

–Bere instalazioetan praktikak egiten dituzten ikasleen gaitasun profesionalak hobetzen ditu.

–Ikasleak enpresan txertatzen ditu.

–Ikasleak sektoreko beste enpresa batzuetan laneratzen laguntzen du.

–Prestakuntza duala jasotzen ari diren ikasleei behar den ordainsaria ematen die edo enpresan sartzen ditu prestakuntza kontratu baten bidez.

Zabalkundea:

–LH Duala sustatzen du beste enpresa batzuetan.

–LH Duala hedatzen du bere webgunean eta beste baliabide batzuen bidez.

–LH Dualarekin zerikusia duten hitzaldi, jardunaldi eta ekitaldiak egiten ditu eta/edo horrelakoetan parte hartzen du.

Proiektuaren jarraitutasuna:

–LH Dualeko proiektuei denboran zehar ematen zaien jarraitutasuna.

–Proiektu dual berriak sustatzea.

–Zenbat postu eskaintzen diren dual modalitatean.

Ikasleen balorazioa:

–Enpresan izan duten harrera.

–Nola txertatu diren enpresaren ekoizpen prozesuetan.

–Lantaldeetan sartzeko izan dituzten erraztasunak.

–Enpresaren beraren zerbitzuetara jotzeko aukerak.

–Enpresaren beraren prestakuntza ekintzetan parte hartzeko aukera.

–Prestakuntza duala garatzeko beharrezkoak diren instalazioak, makineria eta ekipamendua erabiltzeko aukera.

IV. ERANSKINA

Funts publikoen sostengua izanik, 2018-2019 eta 2019-2020 ikasturteetan lanbide heziketako zikloak Lanbide Heziketa Dualaren modalitatean eman dituzten ikastetxeen zerrenda

1.–Nafarroako Lanbide Eskola Tekniko Sanitarioa IB.

2.–Tafallako IBP.

3.–”María Ana Sanz” Administrazioko, Merkataritzako eta Informatikako IB.

4.–Burlata LH IB.

5.–Agroforestal IB.

6.–Cuatrovientos IB pribatua.

7.–Salesianos Politeknikoa IB pribatua.

8.–Fundación Laboral de la Construcción Navarra.

9.–Lizarrako IB Politeknikoa.

10.–Lumbier LH IBP.

11.–Virgen del Camino IBP.

12.–Sakana LH IBP.

V. ERANSKINA

Enpresa prestatzailearen logoa eta baldintza grafikoak

Irudikapen grafikoak:

Zigiluak bi irudikapen grafiko onartzen ditu: kuatrikromian eta grisen eskalan.

Multzo grafikoa ezin da aldatu, ezta haren proportzioak moldatu ere.

Erabiltzean, errespetuzko eremu bat utziko da, zigiluaren inguruko segurtasun tartea, argi eta garbi identifikatu ahal izateko, beste edozein elementu grafikoren interferentziarik gabe.

F2103450_0.pdf

Iragarkiaren kodea: F2103450