6. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2216/2020 EBAZPENA, 2020ko abenduaren 21ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, ikertzaile doktore lanpostu bat bitarteko gisa betetzeko hautapen prozesurako deia egiten da.

2019ko martxoaren 29an, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak NUPeko irakasle eta ikertzaileen lanpostuen zerrenda aldatu zuen, eta ikertzaile doktore lanpostu bat sortu zuen, Gobernu Kontseiluaren 2017ko maiatzaren 3ko Erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiaren 5.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Unibertsitateko Ikerketa Zerbitzuak eskatu du lanpostu hori bitarteko lan-kontratuaren bidez betetzeko. Kontratu hori lanpostua behin betiko betetzen denean iraungiko da.

Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3an hartutako erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegian eta Langileen Estatutua onesten duen 2015eko urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.

Aintzat harturik Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren txosten proposamena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Onestea ikertzaile doktore lanpostu bat bitarteko gisa betetzeko hautapen prozesurako deialdia, ebazpen honen eranskin gisa erantsi diren eta ebazpenaren parte diren oinarriekin bat.

Bigarrena.–Irakasleen kontratazioak sortutako gastua 2021eko Aurrekontuetako I. Kapituluan xede horretarako aurreikusita dauden partidei egotziko zaie:

BEHIN BETIKO IKERTZAILE DOKTOREA IZATEKO DEIALDIAREN KOSTUA

KATEGORIA

Zk.

13. ART.

160.00.a

Behin betiko ikertzaile doktorea

1

29.136,10

9.148,74

GUZTIRA

1

29.136,10

9.148,74

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.

Laugarrena.–Ebazpen hau helaraztea Ikerketa Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura eta Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzura.

Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta haren kontra zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2020ko abenduaren 21ean.–Ikerketako errektoreordea, Francisco J. Arregui San Martín.

IKERTZAILE DOKTOREA IZATEKO LANPOSTU BAT LEHIAKETA BIDEZ ETA BITARTEKO GISA BETETZEKO DEIALDIA

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea eta araubidea.

1.1. Deialdi honen xedea da ikertzaile doktore izateko lanpostu bat lehiaketaren bidez eta bitarteko gisa betetzea.

1.2. Arau hauek arautuko dute lehiaketa: Gobernu Kontseiluaren 2017ko maiatzaren 3ko Erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegia, Langileen Estatutua onesten duen 2015eko urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuak, eta, modu osagarrian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

1.3. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera, hautapen prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari eta deialdi honen oinarriek berariaz aipatzen dituzten lekuei dagozkionak izan ezik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webguneko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak.

2.–Datu orokorrak.

a) Bete beharreko lanpostua eta kategoria: Lanpostu zk.: 5426. Ikertzaile doktorea.

b) Kontratua: Lanpostua bitarteko lan-kontratuaren bidez beteko da, eta kontratu hori lanpostua behin betiko betetzen denean iraungiko da.

c) Lanaldi mota: Lanaldi osoa.

d) Ebaluazioa: Kontratua hasi eta bost urtera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Batzordeak ikertzailearen ikerketa-jarduera ebaluatuko du. Txostena aldekoa izateko, gutxieneko helburu hauek lortu behar dira ebaluatutako aldian:

1.–Ebaluatutako aldian gutxienez 4 ekarpen zientifiko argitaratzea INAMAT2 Institutuaren ildo estrategikoekin lerrokatutako gaietan, artikulu moduan Journal Citation Report (JCR) Science Edition katalogoan Q1 posizioetan sartutako ospe handiko aldizkarietan. Aipatutako argitalpen horietan, behar bezala adierazita egon behar du egileak NUPekin eta INAMAT2 Institutuarekin duen filiazio instituzionala.

–1. puntuan adierazitakoaz gain, ebaluatutako aldian gutxienez baldintza hauetako bat bete behar da:

2.1. Europako Esparru Programako proiektu baten ikertzaile nagusi aritu izana NUPen.

2.2. Estatuko I+G Planeko proiektu baten ikertzaile nagusi aritu izana NUPen eta, aurrekoaz gain, Europako Esparru Programako proiektu baten eskaeran parte hartu izana ikertzaile nagusi gisa, edo osotara bi urteko iraupena gutxienez eta 30.000 eurotik gorako guztizko zenbatekoa izan duten transferentziako kontratuen ikertzaile nagusi aritu izana, bi kasuetan NUPeko ikertzaile nagusi gisa.

2.3. Estatuko I+G Planeko bi proiekturen ikertzaile nagusi aritu izana NUPen.

3.–1. eta 2. helburuak aldi berean lortu ez badira ere, gutxieneko helburua lortutzat jotzen ahal da, baldin eta gutxienez 2 argitalpen sortu badira eta argitalpen horiek JCR osoan eragin-adierazle handiena duten 300 argitalpenen artean badaude (adibide gisa, 2018. urtean, 300. argitalpenak 9,396 eragin-adierazlea du), eta, gainera, Europako Esparru Programako proiektu baten eskaeran parte hartu bada NUPeko ikertzaile nagusi gisa. Aipatutako argitalpen horietan, behar bezala adierazita egon behar du ikertzaileak NUPekin eta INAMAT2 Institutuarekin duen filiazio instituzionala.

4.–1. eta 2. helburuak aldi berean lortu ez badira ere, gutxieneko helburua lortutzat jotzen ahal da, orobat, European Research Counciletik (ERC) finantzaketa lehiakorra lortu bada edo azken hiru urteetako deialdiren batean finalista izan bada A kalifikazioarekin, eta dei egin badiote Europako Batzordearekiko elkarrizketa-faserako.

Aurkako ebaluazioak, arrazoi objektibo gisa, kontratua azkentzea ekarriko du, 3 hilabete lehenago jakinarazita.

e) Eginkizunak: INAMAT2 Institutuaren ildo estrategikoekin bat datozen ikerketa-jarduerak garatzea.

Kontratatutako ikertzaileak lankidetzan aritzen ahalko dira modu osagarrian ikerketa-jarduerarekin lotutako irakaskuntza-lanetan, gehienez 80 ordu urtean, irakaskuntzaren ardura duen sailarekin edo institutuarekin aldez aurretik adostuta, hala badagokio, eta Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruz indarrean dagoen araudia betez.

f) Lansariak: Lansaria unibertsitateko irakasle titular batek jasotzen duena izanen da.

Bost urteko aldi bakoitzaren aldeko ebaluazioak eskubidea emanen du, hala badagokio, banakako merezimenduak ordaintzen dituen osagarria jasotzeko, foru-araudian jasotako ikerketa-jardueraren balorazioaren arabera.

g) Finantzaketa: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrekontuak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Lehiaketan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Halaber, aurreko paragrafoetan sartuta egon ez eta Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izanen dute. Espainian bizi ez diren atzerritarrek parte hartzeko aukera izanen dute, betiere parte hartzeko betekizunak betetzen badituzte. Bi kasu horietan, kontratazioa egin ahal izateko atzerritartasunari buruzko legeek eskatzen dituzten baimenak lortu beharko dituzte.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

c) Doktore-titulua izatea.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, baliokidetza-aitorpena eduki beharko dute, 2014ko azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat.

d) Ekarpen zientifikoak eginak izatea INAMAT2 Institutuaren ildo estrategikoekin lerrokatutako gaietan, artikulu moduan Journal Citation Report (JCR) Science Edition katalogoan Q1/Q2 posizioetan sartutako ospe handiko aldizkarietan.

Arlo hauetan eskatzen den ekarpen zientifikoen gutxieneko kopurua:

  • Matematika: 12.
  • Fisika: 20.
  • Kimika: 20.
  • Materialen Zientzia: 15.

e) Doktoretza ondoko esperientzia egiaztatua, gutxienez bost urtekoa, ikerketa-zentroetan, unibertsitateetan edo beste erakunde batzuetako I+G departamentuetan; horietako bi urte gutxienez, doktoretza-tesia egin zuen zentroaz eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaz bestelako zentroetan eginak izan behar dira.

f) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

g) Ez egotea baztertuak edozein administrazio publikotako zerbitzutik diziplinako espediente bat dela kausa, ez egotea ezgaituak funtzio publikoak betetzeko, edo irakaskuntzarekin bateraezina den kargu edo funtzioren bat ez edukitzea. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaien kasuan, baldintza hau betetzeko beharrezkoa izanen da norberaren Estatuan funtzio publikora sartzea galarazten duen diziplina-zehapen edo kondena penalik ez edukitzea.

h) Deialdi honetan parte hartzeko ezarritako tasa ordainduta izatea edo ordaintzetik salbuetsita dagoela frogatzea.

3.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira deialdi honetan ezarritako baldintzak, bai eta kontratuak dirauen bitartean ere.

Atzerrian lortutako titulazioa ez bada baliokide gisa aitortu eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza horren ordez baliokidetza-aitorpenerako izapideak hasi izana egiaztatzen ahalko da, baldin eta deialdia egin duen organoak deialdi honetan eskatzen den titulazioaren baliokidetzat jotzen badu titulazio hori. Agintaritza eskudunak baliokidetza-aitorpena ukatzea ebazten badu, interesdunak deialdian parte hartzetik erator daitezkeen eskubide guztiak galduko ditu.

4.–Eskaerak eta dokumentazioa.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Halaber, Euraxess Jobs Europako atarian eta nazioartean zabalpena duten beste atari zientifiko batzuetan argitaratuko da deialdia.

4.2. Hautapen prozesuan parte hartzeko, helbide honetan dagoen eskabidea erabili beharko da:

http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf

Parte hartzeko eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea, z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, Autonomia Erkidegoetako Administrazioetako eta Toki Administrazioa osatzen duten Erakundeetako erregistroetan, posta bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsuletxeetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.

Eskaera posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, posta-zerbitzuko langileak data eta zigilua jar ditzan ziurtatu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora bidali baino lehen.

4.3. Giza Baliabideen Zerbitzuak eskaerak behar bezala kudea ditzan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistroak aukeratzen ez dituzten eskatzaileek eskaeraren kopia eskaneatu bat bidali behar dute dagokion erregistroko sarrera-zigiluarekin recursos.humanos.pdi@unavarra.es helbide elektronikora.

4.4. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) NANaren, AIZren edo pasaportearen fotokopia.

b) Betetzen diren baldintzak zerrendatzen dituen inprimaki normalizatua eta 3. oinarriko c), d) eta e) letretan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten ziurtagirien fotokopia. 3. oinarriko d) letran aipatzen diren ekarpen zientifikoen kasuan, parte hartzeko baldintza gisa aurkezten dituen arlo eta ekarpen zientifikoak adierazi beharko ditu interesdunak.

c) Curriculum vitaea eta merezimenduen inprimakia, non merezimenduen zerrenda jasoko baita behar bezala zenbakituta eta aurkeztutako egiaztagiriak aipatuta. Zehazki, I. eranskinean adierazitakoaren arabera puntuagarriak diren 10 argitalpenak adieraziko dira. Eskabideak aurkezteko epea amaitu arteko merezimenduak baizik ez dira kontuan hartuko, betiere curriculum vitaean zerrendatu eta behar bezala justifikatu badira.

d) Egokitzat jotzen diren merezimenduen egiaztagiriak, behar bezala zenbakituta curriculum vitaea erreferentziatzat hartuta.

e) Garatuko den ikerketa-proiektua, lehiaketaren bigarren fasean ebaluatzen ahal dena. 10 orri gehienez.

f) Bosgarren oinarriak aipatzen duen tasa ordaindu delako egiaztagiria.

4.5. Nafarroako Foru Komunitatean ofizialak diren hizkuntzetan edota ingelesez aurkeztu ez diren betekizunen egiaztagiriak zinpeko itzultzailearen itzulpenarekin batera edo merezimenduaren hitzez hitzeko itzulpenarekin batera aurkeztuko dira.

4.6. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.7. Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitatezko akatsak edonoiz konpontzen ahalko dira, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta.

5.–Parte hartzeko tasak.

5.1. Hautapen prozesua egiteko behar diren zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa izanen da.

Diru-kopuru hori Nafarroako Rural Kutxako ES16 3008 0001 18 0700190523 zenbakidun kontu-korrontean sartuko da, eta frogagirian izangaiaren izena eta “NUP Ikertzaile doktore izateko lehiaketa” identifikazioa agertuko dira.

5.2. Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) Ehuneko 33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua duten pertsonak.

b) Hautaproben deialdiaren iragarkia argitaratu baino lehenago gutxienez hilabete batez lan-eskatzaile moduan inskribaturik egon direnak, betiere izena emateko epean inolako lan eskaintza egokiri uko egin ez badiote, eta sustapen, prestakuntza edo birmoldaketa profesionaleko ekintzetan parte hartzeari uko egin ez badiote salbu eta justifikaturiko arrazoiengatik. Halaber, beharrezkoa da lanbide arteko gutxieneko lansaritik goragoko errentarik ez izatea hilabetean.

Honela egiaztatuko da zirkunstantzia hori:

–Enplegu-eskatzaile gisa izena emateari dagokionez, behar den Enplegu Bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da. Ziurtagiri horretan, eskatzailea zein egunetan inskribatu den adieraziko da, eta berariaz adieraziko da inskripzio-aldian ez duela enplegu-eskaintza egokirik baztertu, eta ez diola uko egin sustapen, prestakuntza edo birmoldaketa profesionaleko ekintzetan parte hartzeari, arrazoi justifikatuak zeudenean izan ezik.

–Hilero lanbide arteko gutxieneko soldata baino errenta handiagorik jasotzen ez bada, interesdunak erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko du.

5.3. Salbuespenaren arrazoia egiaztatzen ez bada, ezarritako aurkezpen epearen barruan tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea dakar, eta hau konpondu ezin daitekeen baldintza da.

5.4. Azterketa eskubidearen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautapen prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, gehienez ere 10 eguneko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean lehiaketan onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrenda argitaratuko da; izangaia baztertu egin bada, horretarako arrazoiak azalduko dira. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

6.2. Laugarren oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik edo parte hartzeko baldintza gisa erabiltzen diren ekarpen zientifikoak ez zerrendatzeagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea, lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea edo sarbide-tasa behar den epean ez ordaintzea.

6.3. Zerrendan azaldu ez diren izangaiek eta behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean. Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.

6.4. Eskaerak osatzeko eta zuzentzeko epea bukaturik, Unibertsitatearen webgunean argitaratuko da lehiaketan onarturiko eta bazterturiko izangaien behin betiko zerrenda.

6.5. Onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek ez duela betetzen eskatzen diren baldintzetakoren bat, deialdian parte hartzeak dakartzan eskubide guztiak bertan behera geldituko dira.

6.6. Izangaiak egozten ahal zaizkien arrazoiengatik baztertzen direnean, ez da tasa itzuliko.

6.7. Epea bukaturik ez bada eskaerarik aurkeztu, izangai onarturik ez bada edo izangaiek lehiatzeari uko egiten badiote, arrazoi horregatik lanpostua hutsik geratzen dela aldarrikatuko da.

6.8. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

7.–Hautapen batzordea.

7.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiaren 15.5. artikuluan ezarritakoarekin bat izendatutako Hautapen Batzordeak epaituko du lehiaketa. Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira Hautapen Batzordeko kideen izenak.

7.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoak arautuko du Hautapen Batzordea, eta, subsidiarioki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kide Anitzeko Organoen Funtzionamendurako Erregelamendu Orokorra onesten duen 2018ko apirilaren 24ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak. Aipaturiko legearen 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean, Batzordeko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Lege horren 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek zilegi dute batzordekideak errefusatzea, aipatutako egoera horietakoren bat gertatzen denean.

7.3. Hautapen Batzordea jardunean hasi baino lehen eratuko da formalki. Kontratazio Batzordearen eraketa ekitaldian, batzordekide guztiak egon behar dira. Batzordea eratutakoan, batzordeburuak, gainerako batzordekideekin kontsultatu eta gero, informazio hau argitaratuko du, gutxienez ere hamabost egun naturaleko aurrerapenaz:

–Lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den. Lehiatzaile bat baino gehiago badira, proba egiteko hurrenkera zozketatu eginen da.

8.–Hautaketa prozedura.

8.1. Hautaketa prozedurak bi fase izanen ditu, eta oinarri hauetako I. eranskinean ezarritako balorazio-irizpideen arabera balioetsiko dira:

a) Lehenengo fasea baztertzailea izanen da, eta izangaien merezimenduak egiaztatu eta kalifikatzea izanen du helburu. Proba bat izanen da, non izangaiak ahoz eta jendaurrean azalduko baititu, gehienez ere hogeita hamar minutuan, alegatutako merezimenduak eta curriculum vitaean azaldutako lan zientifikoa, baita lan hori nola egokitzen den institutuaren ildo estrategikoetara.

Ondoren, Hautapen Batzordeak izangaiarekin eztabaidatuko du, gehienez ere ordubetez, ahozko azalpenaren edukiari buruz. Egoki iritzitako galdera guztiak egiten ahalko ditu, eta, batez ere, ikerketan landutako gai garrantzitsuenekin eta gai horiek institutuaren ildo estrategikoetara egokitzeko moduarekin zerikusia dutenak.

Lehen proba bukatuta, Hautapen Batzordeko kide bakoitzak txosten arrazoitu bat emanen dio batzordeburuari, izangai bakoitzak azaldu dituen curriculuma eta merezimenduak balioesteko, eta puntuak emanen dizkio. Eskatutako gutxieneko puntuazioa edo handiagoa lortu duten eta bigarren proba eginen duten lehiatzaileen zerrenda ordenatua onetsiko du Hautapen Batzordeak. Lehen faseko emaitzak argitaratu ondoren, Hautapen Batzordeak argitaratuko du noiz, non eta zer ordutan eginen den bigarren proba.

b) Bigarren fasearen helburua izanen da izangaiaren merezimenduak, konpetentziak eta gaitasunak parte hartzen duen lanpostuaren ezaugarri eta eginkizunekin bat datozela egiaztatzea. Izangaiak, gehienez ere ordubetez, aurkeztutako ikerketa-proiektua azaldu beharko du ahoz eta jendaurrean. Proiektu horretan jaso beharko du, besteak beste, egin dezakeen jardueraz duen ikuspegia erakundearen ildo estrategikoekin loturik, bai eta izaten ahal dituen bilakaera-ildoak ere. Ondoren, Batzordeak izangaiarekin eztabaidatuko du, gehienez ere ordubetez, azaldutako eduki zientifikoei buruz eta garrantzitsutzat jotzen dituen alderdi guztiei buruz. Balioetsiko da espezialitateari buruz eta izan dituen berrikuntza eta aurrerapen zientifikoei buruz duen ezagutza, bai eta egon daitezkeen ikerketa-ildoen etorkizuneko bilakaerari buruz duen ikuspegia ere.

8.2. Bi probetako puntuazioak batu eta gero, izangaiek lortu dituzten kalifikazioen zerrenda ordenatu bat eginen du Batzordeak. Berdinketarik balego, Hautapen Batzordeko kideek bozketa bat eginen dute zerrendaren ordena erabakitzeko; bozketa horretan berdinketarik badago, batzordeburuaren kalitateko botoak erabakiko du.

9.–Kontratazio proposamena.

9.1. Bigarren proba egiten denetik 7 egun balioduneko epean gehienez ere, Hautapen Batzordeak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko du hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda ordenatua eta kontratazio proposamena. Argitaratze horrek, ondorio guztietarako, interesdunei egiten zaien jakinarazpenaren balioa edukiko du.

9.2. Horri begira, Hautapen Batzordeak errektoreari proposatuko dio, arrazoiak emanez eta izaera loteslearekin, izangai guztien zerrenda, izendatzeko lehentasun ordenaren arabera sailkatuta. Izangaiak ez dira lehiaketara deitu diren lanpostuak baino gehiago izanen.

Halaber, zilegi da Hautapen Batzordeak lanpostua hutsik geratzeko proposamena egitea, lanpostuaren baremo espezifikatua aplikatu eta izangaietako inork ez duenean lortu eskatzen den gutxieneko puntuazioa.

10.–Hautapen batzordearen proposamenaren aurkako erreklamazioak.

10.1. Interesdunek zilegi dute erreklamazioa aurkeztea Hautapen Batzordearen proposamenaren aurka Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen aurrean, hamar egun balioduneko epean proposamena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

10.2. Erreklamazio Batzorde batek balioetsiko ditu erreklamazioak.

Unibertsitateko Ikerketa Batzordeak deialdi honetan ezarritako Erreklamazio Batzordearen eginkizunak beteko ditu.

Erreklamazio Batzordeak deialdiari buruzko espedientea aztertuko du, lehiatzaileen aukera-berdintasunaren printzipioak eta merezimendu eta gaitasun printzipioekiko errespetua bermatu direla zaintzeko.

Erreklamazio Batzordeak ezin izanen du inola ere ordezkatu Kontratazio Batzordeak izangaien egokitasunari buruz egindako balorazio sakona.

10.3. Kontratazio proposamenaren aurkako erreklamaziorik jasoz gero, eta betiere Erreklamazio Batzordeak nahikoa eskumen duela irizten bazaio, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak ebazpen bat emanen du erreklamazioa tramitera onartzeko eta hautaketa prozesua erreklamazioa behin betiko ebazten den arte eteteko.

Aitzitik, Erreklamazio Batzordeak nahikoa eskumen ez badu, erreklamazioa ez da onartuko.

10.4. Erreklamazioren bat tramitera onartuz gero, Giza Baliabideen Zerbitzuak tramitera onartu diren erreklamazioak helaraziko dizkie izangai guztiei, eta hamar egun balioduneko epea emanen die izangaiek nahi dutena alega dezaten erreklamazioak jaso eta biharamunetik kontatzen hasita. Kontratazio Batzordeari ere bidaliko dizkio tramitera onartu diren erreklamazioak, haiei buruzko txostena egin dezan.

10.5. Erreklamazio Batzordeak berretsiko du, edo ez, erreklamaturiko proposamena, jaso eta hiru hilabeteko epean beranduenez. Hiru hilabeteko epean ez bada ebazpenik ematen, erreklamazioari ezezkoa eman zaiola ulertuko da.

10.6.–Erreklamazio Batzordeak erreklamazioari buruz hartzen duen erabakia loteslea izanen da errektorearentzat. Errektoreak ebazpen bat emanen du Erreklamazio Batzordearen proposamenarekin bat etorriz, eta zilegi du lanpostua hutsik utzi dela deklaratzea.

Ebazpen horrek administrazio bidea agortuko du, eta haren aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea bi hilabeteko epean Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian.

11.–Behin betiko kontratazio proposamena.

Behin betiko kontratazio proposamena daukan errektorearen ebazpenak hautapen prozesua amaitzen du, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko webgunean argitaratuko da. Argitaratze horrek interesdunei egiten zaien jakinarazpenaren balioa edukiko du ondorio guztietarako.

Ebazpen horrek administrazio bidea agortzen du, eta bere aurka zilegi da administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian.

12.–Kontratuen formalizazioa eta sinadura.

1. Hautatutako pertsonak, Giza Baliabideen Zerbitzuak jakinarazi ondoren, 5 egun balioduneko epea izanen du ondoren zehazten den dokumentazioa aurkezteko, dagokion kontratua formalizatzearren:

a) Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorreko afiliazio-txartelaren fotokopia, bidezko denean.

b) Bankuko datuak nomina sartzeko.

c) Bateraezintasunik ez izatearen aitorpena.

2. Ezarritako epean, ezinbesteko arrazoirik egon ezean, agiriak aurkezten ez dituztenek edo, agiriak azterturik, lanpostua betetzeko eskatzen den betebeharreko baldintzaren bat betetzen ez dutenek kontratatuak izateko eskubidea galduko dute.

3. Kontratuak idatziz eginen dira, dagozkien ereduetan. Kontratua sinatzearen ardura norberarena eta besterenezina da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuan eginen da. Eginkizunak betetzen hasi baino lehen sinatuko da kontratua. Kontratua adierazitako epean sinatzen ez bada, hautatutako pertsonak lanpostuari uko egiten diola ulertuko da. Kasu horretan, hurrengo izangaiari deituko zaio, Hautapen Batzordeak proposatutako ordezkoen zerrendaren arabera, eta izangai horrek epe bera izanen du kontratua formalizatzeko.

4. Behar denean, kontratazioa egin ahal izateko atzerritartasunari buruzko legeek eskatzen dituzten baimenak lortu beharko dituzte.

13.–Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola eginen den tratamendu hori, “Giza Baliabideak” atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautapen prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

Oharra: oinarri hauen gaztelaniazko testuan genero maskulinoan azaldu arren, ulertuko da, halaber, genero femeninoan eginak direla, izendapenak nori eragiten dion, pertsona horren sexuaren arabera.

I. ERANSKINA

Balorazio irizpideak

Lehen fasea.

Izangaiaren curriculum merezimenduen balorazioa (75 puntu gehienez) (fase hau gainditzeko gutxieneko puntuazioa: 40 puntu).

Hautapen Batzordeak izangaiek ondoko ataletan alegatutako merezimenduak balioetsiko ditu, 0tik 1era bitarteko ponderazio-faktoreak aplikatuz, Institute for Advanced Materials and Mathematics (INAMAT2) institutuaren ildo estrategikoekin duten erlazioaren arabera:

1.–Journal Citation Reports delakoan azken 5 urteetan indexatutako argitalpenak (50 puntu gehienez):

Izangaiak aukeratutako 10 argitalpeni, gehienez ere, emanen zaie puntuazioa. (D1:5 puntu; Q1: 3,5 puntu; Q2: 2 puntu; gainerakoak: 1 puntu). Argitalpen bakoitzari 0,75eko ponderazio-faktorea aplikatuko zaio baldin eta eskatzailea ez bada ageri lehen egile edo “corresponding author” gisa.

2.–Parte-hartzea azken 10 urteetan finantzaketa publikoa edo pribatua eduki duten ikerketa-proiektuetan. (10 puntu gehienez):

–Ikerketa-proiektuak (8 puntu gehienez).

• Espainiako eta Europako lehiakortasun-deialdietako ikerketa-proiektuetan ikertzaile arduradun gisa parte hartzea: 2 puntu urte bakoitzeko:

–Europako Esparru Programa: 2 puntu/urteko; Estatuko I+G Plana: 1 puntu/urteko; Espainiako eta Europako beste deialdi batzuk: 0,75 puntu/urteko.

• Eskualdeko lehiakortasun-deialdietako ikerketa-proiektuetan ikertzaile arduradun gisa parte hartzea: 0,5 puntu urte bakoitzeko.

• Espainiako eta Europako lehiakortasun-deialdietako ikerketa-proiektuetan ikertzaile lankide gisa parte hartzea: 0,5 puntu emaitza nabarmenak eduki dituen urte bakoitzeko (argitalpenak, patente eratorriak, eta abar).

• Eskualdeko lehiakortasun-deialdietako ikerketa-proiektuetan ikertzaile lankide gisa parte hartzea: 0,25 puntu emaitza nabarmenak eduki dituen urte bakoitzeko (argitalpenak, patente eratorriak, eta abar).

Transferentzia kontratuak eta patenteak (2 puntu gehienez).

• Transferentzia kontratuetan ikertzaile arduradun gisa parte hartzea: 1 puntu urte bakoitzeko edo 5.000 euro baino handiagoko zenbatekoagatik.

• Transferentzia kontratuetan ikertzaile lankide gisa parte hartzea: 0,5 puntu urte bakoitzeko edo 5.000 euro baino handiagoko zenbatekoagatik.

• Patenteen asmatzaile gisa parte hartzea: 2 puntu ustiapen patente bakoitzeko.

3.–Beste merezimendu batzuk (15 puntu gehienez):

• Balioespen Batzordearen iritziz ospe handiko argitaletxeetan argitaratutako monografien edo ikerketa-liburu osoen egilea izatea (5 puntu gehienez).

• Espainiako eta nazioarteko lehiakortasun deialdietan lortutako doktoretza ondoko kontratuak (7 puntu gehienez).

• Doktoretza tesien zuzendaritza: 1 puntu zuzendutako tesi bakoitzeko eta 0,5 beste hiru zuzendari baino gutxiagorekin batera zuzendutakoa bada (5 puntu gehienez).

• Master amaierako lanen zuzendaritza: 0,1 lan bakoitzeko (1 puntu gehienez).

• Beste merezimendu batzuk: argitalpen kontseiluetako eta batzordeetako kide izatea, sariak, dibulgazio jarduerak (2 puntu gehienez).

Bigarren fasea.

Institute for Advanced Materials and Mathematics (INAMAT2) institutuaren ikerketa-ildoekin lotutako ikerketa-proiektuaren azalpena eta defentsa (25 puntu gehienez).

Iragarkiaren kodea: F2016194