59. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko martxoaren 3an hartua, zeinaren bidez onartzen baita “Cl@ve” sistema, Estatuko Administrazio Sektore Publiko osorako identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoarena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak tramitatzen dituen administrazio prozeduretan interesdun direnen identifikazio eta sinadura sistema gisa, eta gomendatzen baita sistema hori erabiltzea bere eskumeneko administrazio prozedura guztietan, horien gaineko araudiekin bat.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen I. tituluko II. kapitulua administrazio prozeduretan interesdun direnen identifikazio eta sinadura sistemei buruzkoa da. Lehengo eta behin, ezartzen du administrazio prozeduretako interesdun direnen nortasuna egiaztatu behar dela, eta ondoren, 9. eta 10. artikuluetan, aipatzen ditu, hurrenez hurren, prozeduran interesdun direnak identifikatzeko sistemak, administrazioak onartzen dituenak, eta Administrazio Publikoek onartzen dituzten sinadura sistemak.

9. artikuluko 2. apartatuan ezartzen dira interesdunek Administrazio Publikoen aurrean erabil ditzaketen identifikazio sistemak eta horietarako baldintzak, eta 9. artikuluko 4. apartatuan honakoa ezartzen du espresuki: “Betiere, Estatuaren Administrazio Orokorrak sistema horietako bat onartzeak balioko du administrazio publiko guztien aurrean egiaztatzeko, kontrako frogarik ezean, administrazio prozeduran interesdun direnen identifikazio elektronikoa”.

Araudi horren 10. artikuluak ezartzen duenez, beren borondatearen eta adostasunaren adierazpena autentikoa dela eta dokumentua osoa eta aldaezina dela egiaztatzeko aukera ematen duen edozein bitartekoren bidez sinatzen ahalko dute interesdunek; 2. apartatuan sinadurarako baliozkotzat jotzen diren sistemak ezartzen ditu, eta 4. apartatuan, hitzez hitz, honakoa: “Aplikatzekoa den araudi erregulatzaileak espresuki hala xedatzen duenean, Administrazio Publikoek sinadura sistema gisa onartzen ahalko dituzte lege honetan aintzat hartutako identifikazio-sistemak, interesdunen borondatearen adierazpena eta adostasuna autentikoa dela egiaztatzeko aukera ematen dutenean”.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak atarikoan ezartzen duenez, bere edukiaren “xedapen orokorrak honako printzipio honen gainean eratzen dira: administrazio elektronikoak administrazioaren ohiko jarduketa modua izan behar du. Horrela argi geratzen da teknologia berrietan oinarritzen den sistema bat ezarri nahi duela beste administrazio batzuekin eta herritarrekin harremanak izateko”.

Eta 113. artikuluan, identifikazio elektronikorako sistemei buruz, honakoa ezartzen du: “Foru Administrazio Publikoak oinarrizko araudian ezarritako interesdunen identifikazio sistemak erabiliko ditu, araudian aurreikusitako moduan, eta beste edozein sistema, zeina, oinarrizko araudian aurreikusitako betekizunak beteta, Nafarroako Gobernuaren erabakiz onetsiko den, administrazio elektronikoaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak proposaturik”; aurrerago, artikulu beraren 3. apartatuan aipatzen duenez, “identifikazio sistemak erabiltzen ahalko dira sinadura sistema gisa baldin eta aukera ematen badute interesdunen borondate eta baimen adierazpena benetakoa dela frogatzeko, aplikagarri den araudian hala ezarrita badago”.

Araudi horren 114. artikuluak honakoa ezartzen du sinadura elektronikorako sistemei dagokienez: “Foru Administrazio Publikoak oinarrizko araudian ezarritako sinadura elektronikoko sistemak erabiltzen ahalko ditu, araudian aurreikusitako moduan, eta beste edozein sistema, zeina, oinarrizko araudian aurreikusitako betekizunak beteta, Nafarroako Gobernuaren erabakiz onetsiko den, administrazio elektronikoaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak proposaturik”.

Herritarrekiko nahiz beste administrazio publikoekiko harremanak teknologia berrien bidez ezartzen ari dira pixkanaka, gero eta gehiago; prozesu hori modu antolatuan egitea garrantzitsua denez, Nafarroako Gobernuak neurriak hartu behar ditu helburu horrekin, kontuan hartuta teknologia berrietan oinarritutako zerbitzuak eskuratzeko aukerak segurtasun juridikoaren eta unibertsaltasunaren printzipioak bete behar dituela.

Gauzak horrela, komenigarritzat jotzen da behar diren neurri guztiak hartzea identifikazio eta sinadura elektronikorako sistemak herritarren esku jartzen laguntzeko, eta sistema horiek baliozkoak izatea ahalik eta zerbitzu publiko elektroniko gehienetan, betiere sistemak bikoiztu gabe eta segurtasun juridikoa etengabe bilatuz.

Horretarako, Nafarroako Gobernuak aztertu du “Cl@ve” identifikazio sistema, zeina Ministroen Kontseiluak 2014ko irailaren 19ko Erabakiaren bidez onetsi zuen, zeinean honakoa ezartzen baita espresuki: “identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikorako lankidetzazko sistema bat da “Cl@ve”, egungoen mugak konpontzeko asmoa duena, Administrazioan egun dauden pasahitz itunduen sistema guztiak bakar batean bilduz, eta haren erabilera irekiz Estatuko Administrazio Sektore Publiko osoari, bai eta baimenduz ere gainerako Administrazio Publikoak sartzea, horretarako prest dagoenean, halako moduan non Administrazio Elektronikoaren zerbitzuak iritsiko baitira, praktikan, Espainiako herritar gehienengana”; hori dela eta, Nafarroako Gobernuak “Cl@ve” sistema hori onartu eta gomendatzea komeni dela uste du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zerbitzu publikoentzako identifikazio eta sinadura sistema gisa, sarbiderako beste sistema batzuen osagarri (DNI-e eta ziurtagiri elektronikoa).

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Onartzea “Cl@ve” sistema, Estatuko Administrazio Sektore Publiko osorako identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoarena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak tramitatzen dituen administrazio prozeduretan interesdun direnen identifikazio eta sinadura sistema gisa, eta gomendatzea sistema hori erabiltzea bere eskumeneko administrazio prozedura guztietan, horien gaineko araudiekin bat.

2. Administrazio elektronikoaren eskumena duen departamentuari agintzea onets dezala, beharrezkoa bada, identifikazio eta sinadura sistema hori ezartzeko beharrezkoa den araudia.

3. Horrekin batera, departamentu horri baimena ematea identifikazio eta sinadura sistema hori zabaldu eta ezartzeko beharrezkoak diren jarduera guztiak egin ditzan.

4. Erabaki hau igortzea Nafarroako Gobernuko departamentuetako idazkaritza tekniko nagusietara eta Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusira, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko martxoaren 3an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2103555