58. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BURLATA

Deialdia, gizarte-langileen lanpostuak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko

97/2021 Ebazpena, Burlatako alkateak emana, Burlatako Udalaren zerbitzura dauden gizarte-langileen lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko onespena ematen duena.

Burlatako Alkatetzak azaroaren 26an hartutako 938/2018 Ebazpenaren bidez (2018ko 240. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 14an), Burlatako Udalaren 2018ko lan publikoaren eskaintza onetsi zen. Bertan, gizarte-langilearen lanpostuak sartu ziren, B mailakoak.

Kontuan izanik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 33.1 artikuluan eta Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoa, bidezkoa da lekualdatze lehiaketa bidez bete daitezela onestea.

Horrenbestez, eta esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Burlatako Udaleko gizarte-langileen lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez betetzea.

2. Onestea Burlatako Udaleko gizarte-langileen lanpostuak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Burlatako Udaleko Gizarte Zerbitzuen Departamentuari eta sindikatuen ordezkaritzari.

Burlatan, 2021eko otsailaren 2an.–Alkate udalburua, Ana Góngora Urzaiz.

BURLATAKO UDALEKO GIZARTE-LANGILEAREN LANPOSTUAK LEKUALDATZE LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Burlatako Udaleko gizarte-langileen lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

–Lanpostuak betetzeko Erregelamendua, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia.

–Aplikatzekoak diren gainerako arauak.

2.–Lanpostu hutsak.

2.1. Lanpostuak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdi honetan, Burlatako Udaleko gizarte-langileen lau lanpostu huts deituko dira hasiera batean, plantillan honako zenbaki hauekin identifikatuta daudenak: 6.4, 6.5, 6.17 eta 6.18. Euskara meritu gisa baloratuko da (%10).

2.2. Deialdi honetan hasiera batean eskainitako lanpostu horiei aurrerago beste batzuk gehitzen ahalko zaizkio; izan ere, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiatzaileen zerrenda –lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean hutsik daudenak gehitzen ahalko dira.

2.3. Halaber, aipatutako lanpostuak deialditik kanpo uzten ahalko dira honako arrazoi hauengatik: birkokatze prozesuetan sartzeagatik, jarduneko zerbitzura itzultzen direnei edo burutza uzten duten langile finkoei esleituak izateagatik, edo antolamenduan ezarritako beste edozein arrazoirengatik.

2.4. Horrez gain. lekualdatze lehiaketa honetan beste lanpostu bat eskuratzen duten izangaiek hutsik utzitako lanpostuak ere bete beharko dira.

2.5. Aurreko paragrafoa gorabehera, lekualdatze lehiaketan lanpostua lortu ondoan izangaiek hutsik uzten dituzten lanpostuak ez dira eskainiko, ez bada beharrezkoa horiek betetzea, “iraungitzeko” lanpostuak direlako, edo antolatzeko arrazoiak direla eta.

3.–Baldintzak.

3.1. Lekualdatze honetan parte hartu ahal izateko, betebehar hauek bete behar dira eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta adjudikatutako lanpostuaz jabetu arte:

a) Burlatako Udalaren edo haren erakunde autonomoen lan-kontratudun finko izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.

b) B maila edo taldekoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea.

d) Gizarte-laneko diplomadunaren titulua izatea, edo baliokidetzat aitortutako beste bat, edo gizarte-laneko graduaren titulua, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

3.2. Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

3.3. Borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian urtebete eman duten funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen betebeharrak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betikoz esleituko zaie.

3.4. Lanpostu huts bati behin-behinekoz atxikita jarduneko zerbitzu aktibora itzuli direnek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze lehiaketa honetara, behin betiko destinoa eslei dakien.

3.5. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, deialdiko betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahalko dute lekualdatze lehiaketan.

4.–Eskabidea, aurkezteko epea eta aurkezteko modua.

Eskaerak aurkezteko, hamabost egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu ahalko dira erregistro telematikoaren bidez (https://sedeelectronica.burlada.es) NAN-e edo ziurtagiri digitala edukiz gero; bertara joanda, Burlatako Udalaren Erregistro Orokorrean, Herritarren Arretarako Bulegoan (Larrainetako plaza, z.g.) edo, bestela, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako moduetako batean.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoaren babesean, eskabideak Burlatako Udaleko Erregistro Orokorrean ez, beste batean aurkezten direnean, eskatzaileak eskabidearen kopia eta parte hartzeko baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak igorri beharko ditu oac@burlada.es helbide elektronikora, zigilua eta erregistroko sarrera-data dituztela, eskabideak aurkezteko epearen barruan.

Eskabideak II. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak izanen dira, eta https://sedeelectronica.burlada.es udal webgunean eskuratzen ahalko dira; era berean, udal bulegoetan ere eskuratzen ahalko dira (Larrainetako plaza, z.g.).

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek zinpean deklaratu behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak. Lanean hasteko deitzen zaienean, ekarri behar dute jatorrizko dokumentazioa, edo haren kopia konpultsatua edo behar bezala kautotua, titulazioa barne, indarreko legediarekin bat. Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen ez badu, izangai hori zerrendatik kanporatuko da.

Parte hartzeko eskabidearekin batera (II. eranskina), izangaiek honako dokumentazioaren jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dituzte:

a) Deialdiaren I. eranskinean ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen jatorrizko agiriak edo fotokopia behar bezala konpultsatuak.

b) Euskararen ezagutza baloratzea nahi dutenek, honako hau aurkeztu beharko dute: ziurtagiri ofiziala edo mailakatze proba egiteko eskaera. Balorazioa eginen da I. eranskinean agertzen den merezimenduen baremoan ezarritakoaren arabera.

Izangaiek I. eranskineko merezimenduak, behar bezala ordenatuak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz alegatu eta frogatuko dituzte.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin bada, horiek zuzendu.

Ezarritako epean eskaerarik aurkeztu ezean, lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du alkateak. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta horiek ebatzirik, alkateak onetsiko du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira I. eranskineko proba psikoteknikoa eta proba praktikoa egiteko tokia, eguna eta ordua; azken proba hori baztertzailea izanen da.

6.–Epaimahaiko kideak.

Honako hauek izanen dira epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi ordezkaria.

–Ordezkoa: hark eskuordetutako zinegotzia.

1. epaimahaikidea: Gema Mañu Echaide andrea, Burlatako Udaleko Gizarte Zerbitzuen burua.

–Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

2. epaimahaikidea: Burlatako Udaleko gizarte langilea.

–Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

–3. epaimahaikidea: Burlatako Udaleko ordezkari sindikal bat.

–Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

Idazkaria: Yolanda Álvarez López, Burlatako Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria, edo hark eskuordetutako pertsona.

Epaimahaia eratu beharko da onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost egunean.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

7.–Merezimenduak.

Deialdiaren 4. oinarrian xedatutakoaren arabera, merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko dira, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo kopia egiaztatuak erabiliz.

Alegatu eta frogaturiko merezimenduak, bai eta proba psikoteknikoa eta proba praktikoa ere, deialdi honen I. eranskinean azaldu baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman ere.

Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du Udalaren iragarki-taulan lehiatzaile bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.

8.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Epaimahaiak, aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, izangaien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan, eta lehiatzaileen zerrenda alkateari igorriko dio, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik eta espediente osoarekin batera, hark behar den ebazpena eman dezan.

9.–Esleipena eta lanpostuaz jabetzea.

Alkateak, ebazpen baten bidez, lanpostuak adjudikatuko ditu puntuazioaren arabera hala dagokien izangaiei, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

Izangaiek adjudikazioaren ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute adjudikatutako lanpostuez, eta deia egiten duen organoak jabetza hartzeko data zehatz bat ezartzen ahalko du ebazpen horretan.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, oinarrien kontra edo deialdia aplikatzeko egintzen kontra, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkezten ahalko da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Burlatako Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Burlatako Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

I. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko, lotuko zaio Lanpostuak betetzeko Erregelamenduaren 8. artikuluan eta ondokoetan ezarritakoari, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsi baitzen, hura garatu eta betearazteko asmoz.

Lekualdatze lehiaketa hau irekia dago B mailako lanpostuak betetzen dituzten langile finkoek parte har dezaten, lanpostu hutsa maila horretakoa baita; lekualdatze lehiaketa hauek gora egiteko lehiaketak arautzen dituzten arauei jarraikiz egiten dira (215/1985 Foru Dekretuaren 10. artikulua), eta gehienez ere ehun puntuko eskala barnean, honela banaturik:

A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak (25 puntu gehienez).

Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak baloratzeko, puntu bat emanen zaio, urte bakoitzeko, deialdia argitaratzen den egunean onartutako antzinatasunari.

Oharrak A) apartaturako:

1.–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:

a) Bete diren lanpostuen maila, haietan eskatutako titulazioa eta lanpostuen izena.

b) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuen iraupena. Lanaldi partzialean egindakoetan, egoki den zatia kenduko da.

Aurreko inguruabarren ordez, balora daitezke egindako zerbitzuak, kontuan hartuz deialdia argitaratzen den egunean aitortutako antzinatasuna soilik.

2.–Beste zerbitzu batzuekin aldi berean emandako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik altuena dutenak bakarrik baloratuko dira.

3.–Deialdia argitaratu ondotik egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4.–Langilea egon bada zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, edo aritu bada unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatuko dira egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan aritu balitz bezala.

B) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa (20 puntu gehienez).

Prestakuntzaren, irakaskuntzaren eta ikerketaren apartatuen balorazioa proportzionala izan beharko da, kontuan harturik nola egokitzen zaien deialdiko xede diren lanpostuen izaerara eta ezaugarrietara.

1.–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko bakoitzeko, edo haren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu).

Oharrak B.1.) apartaturako:

a) Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, irakastorduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

b) Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

c) Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.

d) Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatuak sartuko dira.

e) Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak.

2.–Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 1 puntu gehienez ere, kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera norbanakoak edo taldeka egina den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa den ere.

3.– Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo horrelakoak antolatzea: lau puntu gehienez ere; kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoak horien iraupenaren arabera.

C) Txosten psikoteknikoa (15 puntu gehienez).

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak kudeatuko du apartatu hau. Behar diren probak egin ondotik, txosten psikotekniko bat eginen du lehiakide bakoitzari buruz, hura lanpostuaren izaerari eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratzeko. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

D) Proba praktikoa, lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzkoa. Proba hau baztertzailea izanen da (25 puntu gehienez. Gainditzeko, apartatu bakoitzean ezarritako puntuazioa gainditu beharra dago).

Lanpostuaren eginkizunei buruz epaimahaiak proposatutako galdera edo kasu praktiko bat edo batzuk garatu eta ebatziko dira. Ariketa honetan gehienez ere 25 puntu emanen dira eta, ariketa gainditzeko, puntuazioaren erdia lortu beharko da gutxienez; baztertuta geldituko dira hori lortzen ez duten izangaiak.

E) 5 puntu emanen dira D) apartatuko proban hizkera ez baztertzailea erabiltzeagatik. Puntuazio hori gehituko zaio gainerako apartatuetako emaitzak batu ondoren, ateratzen den guztizko puntuazioari.

Ariketak hasi aurretik zehaztuko da haien iraupena.

F) Euskararen balorazioa (gehienez ere 10 puntu).

Euskararen ezagutza baloratzeko, ziurtagiri ofiziala aurkeztu, edo borondatezko proba ez baztertzailea egiten ahalko da. Gehienez ere 10 puntu jasoko dira (merezimendu-lehiaketako guztizko puntuazioaren %10aren balioa) eta ahozko eta idatzizko B2 maila edo hori baino handiagoa frogatzen dutenek eskuratuko dute. Handik beherako mailak (B1, A2 eta A1) proportzioan baloratuko dira. Euskarazko proba egin nahi edo titulazioa aurkeztu nahi duten izangaiek, eskabidean azaldu behar dute. Eskabidean titulazioa aurkezteko aukera markatzen bada, titulazioaren jatorrizkoa edo kopia konpultsatua erantsiko da harekin batera. Izangaiak titulazioa aurkezteko aukera edo proba egiteko eskaera eginen du eskabidean, baina ezin ditu bi aukerak hautatu.

II. ERANSKINA

Hautapen prozesuan onartua izateko eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2102868