58. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

9/2021 EBAZPENA, otsailaren 15ekoa, Garraioko zuzendari nagusiak emana, errepideko garraio publikoan aritzeko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko Nafarroako Foru Komunitatean 2021. urtean eginen diren probetarako deialdia egiten duena.

Errepideko garraiolari gisa jarduteko bete beharreko baldintzei buruzko arau komunak ezarri zituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 1071/2009 (EE) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera, errepideko garraiolari gisa aritzeko betebeharretako bat da lanbide gaitasuna izatea. Hori horrela, Erregelamenduaren 8. artikuluak ezartzen du, betebehar hori egiaztatzearren, interesa duten pertsonek nahitaezko azterketa idatzi baten bidez erakutsi beharko dutela behar bezalako ezaupideak dituztela. Azterketa hori interesdunen ohiko bizilekua den Europar Batasuneko estatuan edo lan egiten duten Europar Batasuneko estatuan eginen dute.

Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legeak ere ezartzen du (9/2013 Legearen bidez aldatutako testuaren 43. eta 119. artikuluetan) ezen garraiolari gisa, garraio-agente gisa, garraio-kudeatzaile gisa, biltegizain-banatzaile gisa eta logistikako operadore gisa lanean aritzeko, beharrezkoa izanen dela betebehar hori betetzen dela frogatzea.

Arlo honi dagokionez, aipatutako legea garatzen duten arauak honako hauetan agertzen dira: Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuaren II. tituluaren lehenengo kapitulua (errege dekretu hori otsailaren 15eko 70/2019 Errege Dekretuak aldatu zuen), eta Sustapen Ministerioaren 1999ko maiatzaren 28ko Agindua, arauak ematen dituena lanbide trebakuntzaren ziurtagiriak luzatzeko, hots, gaur egun lanbide gaitasunaren ziurtagiriak direnak.

Agindu horren 5. artikuluak ezartzen duenez, uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoaren bidez eskuordetutako ahalmenez baliatuz, ziurtagiri hori, bere modalitate guztietan, lortzeko probak egiteko eskumena duten autonomia erkidegoek gutxienez urtean behin eginen dute horietarako deialdia.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak esleitutako ahalmenak erabiliz, eta bat etorriz Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatutakoarekin,

EBAZTEN DUT:

1. Errepideko garraio publikoan aritzeko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko Nafarroako Foru Komunitatean 2021. urtean eginen diren probetarako deialdia onestea. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean daude.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea.

3. Adieraztea ezen, COVID-19aren ondoriozko osasun egoeraren bilakaera dela eta, nahitaezkoa bada deialdiaren oinarrietan jasotako epe eta datetan atzerapenak edo aldaketak egitea (azterketak egiteko datak, eskaerak aurkezteko, behin-behineko zerrendak argitaratzeko, akatsak zuzentzeko eta behin betiko zerrendak argitaratzeko epeak), horiek aldatzeko ebazpena Nafarroako Gobernuaren web atariko fitxaren bidez emanen dela argitara (www.navarra.es, “Tramiteak”, “Gaitasuna”).

4. Ebazpen hau igortzea Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela bide administratiboa amaitzen eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko otsailaren 15ean.–Garraioko zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

ERANSKINA

Errepideko garraio publikoan aritzeko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko Nafarroako Foru Komunitatean 2021. urtean eginen diren probetarako deialdiaren oinarriak

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da lanbide gaitasunaren modalitate hauen ziurtagiria lortzeko probak egitea:

–Errepideko salgaien garraioa, Espainiakoa eta nazioartekoa.

–Errepideko bidaiari-garraioa, Espainiakoa eta nazioartekoa.

Errepideko garraioaren jarduera lagungarri eta osagarrietan aritzeko behar den lanbide gaitasuna lortu nahi dutenek errepideko salgaien garraioaren jarduerari dagozkion gaiei buruzko azterketa egin beharko dute.

Bigarrena.–Betebeharrak.

1. Azterketara aurkezten ahalko dira soilik eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik prestakuntza titulu hauetako bat dutela egiaztatzen dutenak:

–Batxilergo titulua edo baliokidea.

–Teknikari titulua, erdi mailako lanbide heziketako irakaskuntzak gainditu izana frogatzen duena, edozein dela ere lanbidea.

–Goi mailako teknikari titulua, goi mailako lanbide heziketako irakaskuntzak gainditu izana frogatzen duena, edozein dela ere lanbidea.

–Erdi mailako unibertsitate irakaskuntza batzuk edo gradu ondokoak gainditu izana frogatzen duen edozein titulu.

Ondorio horietarako, ulertzen da batxilergoko tituluaren baliokidetzat jo daitezkeela Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak bere araudiaren arabera haren baliokidetzat jotzen dituenak, lan edo lanbide arloko ondorioetarako soilik. Horretarako, kontuan hartuko da EDU/1603/2009 Agindua, ekainaren 10ekoa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu tituluen eta Batxilergokoen arteko baliokidetzak ezartzen dituena, esteka honetan:

http://www.educacionyfp.gob.es/contenidos/estudiantes/bachillerato/gestion-titulos/equivalencias-efectos-laborales.html

2. Era berean, azterketara aurkeztu ahal izateko nahitaezkoa izanen da ohiko bizilekua Nafarroako Foru Komunitatean izatea eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik. Izangaiaren ohiko bizilekua zein den jakiteko, indarra duen nortasun agiri nazionalean (NANa) edo atzerritarraren identifikazio zenbakian (AIZ) ageri dena hartuko da kontuan.

Agiri horretan ageri den helbidearen ordez beste bat onartuko da, bakar-bakarrik, honako kasu hauetako bat gertatzen denean:

–Izangaiak erroldatze agiriaren bidez frogatzen baldin badu helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izan duela azken urteko 185 egun naturaletan gutxienez. Kontaketa hori probetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik eginen da.

–Erroldatze agiriaren arabera azken urtean helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izandako egun kopurua 185 baino gutxiago izan arren (eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik atzera kontatzen hasita betiere), izangaiak frogatzen baldin badu bizilekua Nafarroako Foru Komunitatera aldatzera beharturik egon dela, familia edo laneko arrazoiak direla kausa.

Hirugarrena.–Eskaerak aurkezteko modua.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek bide hauetako bat erabiliz aurkeztu beharko dute eskaera:

–Interneten bidez, Nafarroako Gobernuaren atarian (www.navarra.es) deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eskabidea betez. Fitxa hori “Tramiteak” atalean aurki daiteke, bilatzailean “Gaitasuna” idatzita.

–Eskabidea aurkeztuz Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuko Erregistro Orokorreko bulegoan (San Ignazio etorbidea 3, beheko solairua; Iruña) edo, bestela, helbide honetan azaltzen diren Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetatik edozeinetan:

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/AtencionCiudadana/Oficinas.htm

Orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetako edozeinetan.

Deialdiaren fitxan eskuratzen ahalko da eskabidea (www.navarra.es). Izena emateko inprimakira iristeko bide bera erabil daiteke eskabidea jasotzeko, edota Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuan eskatu.

2. Aurkezteko modua zein den ere, probetan parte hartzeko eskabidearekin batera, dokumentazio hau erantsi beharko da:

a) Deialdi honen bigarren oinarriko lehen puntuan eskatzen diren tituluetako baten fotokopia konpultsatua.

b) Nortasun agiri nazionalaren (NANa) edo atzerritarraren identifikazio zenbakiaren (AIZ) fotokopia, helbidea Nafarroako Foru Komunitatean duela erakusten duena.

Dokumentu horietan ageri den helbidea Nafarroako Foru Komunitatekoa ez bada, erroldatze agiriarekin egiaztatu beharko du Nafarroan duela bizilekua; agiri horretan adierazi beharko da azkeneko urtean gutxienez 185 egun naturaletan Nafarroako Foru Komunitatean izan duela helbidea. Kontaketa hori probetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik eginen da.

Erroldaren araberako antzinatasuna 185 egunetik beherakoa baldin bada, bizilekua Nafarroako Foru Komunitatera aldatzera behartu duten familia edo lan arrazoiak azaltzen dituen agiria aurkeztu beharko da.

c) Lanbide gaitasunaren azterketara aurkezteko eskubideengatik dagokion tasaren zenbatekoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan ordaindu dela frogatzen duen agiria, eskuratu nahi duen ziurtagiri modalitate bakoitzeko. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean ezarrita dago tasa hori.

3. Eskaera Internet bidez egiten bada, dokumentazio hori erantsiko da izena emateko inprimaki telematikoa tramitatzean baimentzen diren formatuetako edozeinetan.

Laugarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak 2021eko martxoaren 16tik apirilaren 9ra arte aurkeztuko dira.

Bosgarrena.–Onartuen eta baztertuen zerrenda.

1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda 2021eko apirilaren 16an argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian eskuragarri dagoen deialdiaren fitxan (www.navarra.es).

2. 2021eko apirilaren 30era arte, bazterturiko izangaiek erreklamazioak aurkezten ahal dituzte, eta, akatsik egin badute, haiek zuzendu.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda modu berean argitaratuko da 2021eko maiatzaren 5ean.

Seigarrena.–Epaimahaia.

Probak gidatuko dituen epaimahaia kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiko burua:

–Santiago Alemán Carrica, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa:

–Estela Moso Sarasa, Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaikideak:

–María Aránzazu Murillo Zabalza, Kudeaketa Ataleko burua.

–Oscar Molviedro Barea, Deialdien eta Txartelen Bulegoko burua.

–Ana Serrano Herrera, Bidaiariak Garraiatzeko Baimenen Bulegoko burua.

Ordezkoak:

–Miguel Ángel Jiménez de Cisneros y Fonfría, Mugikortasun, Logistika era Garraio Ataleko burua.

–Carmen Castiella Sánchez-Ostiz, Garraioen Ikuskapenaren eta Arbitraje Batzordearen Ataleko burua.

–Luis Martínez Cunchillos, Modernizazio Ataleko burua.

Idazkaria:

–Charo Loitegui Biurrun, Garraioen Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Ordezkoa:

–María Senosiáin Labat, Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoko burua.

Zazpigarrena.–Probak.

1. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala (NANa), atzerritarraren identifikazio zenbakia (AIZ) edo, epaimahaiaren arabera, bere nortasuna modu sinesgarrian egiaztatzen duen beste agiri bat aldean dutela agertu beharko dute probetara.

Hori izan ezean, izangaia ez da probak egitera onartua izanen.

2. Lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko probak 1999ko maiatzaren 28ko Aginduaren B eranskinean agertzen diren gaiei buruzkoak izanen dira (1999ko ekainaren 11ko Estatuko Aldizkari Ofiziala), izan ere, agindu horren bidez Lurreko Garraioak Antolatzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren II. tituluko I. kapitulua garatu zen, lanbide gaitasunaren ziurtagiriak emateari dagokionez. Geroago, eranskin hura Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urriaren 21eko 1071/2009 EE Erregelamenduaren I. eranskinaren bidez aldatu zen (Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2009ko azaroaren 14an).

3. Ariketek bi zati izanen dituzte:

Lehenbiziko zatian “test” motako 100 galdera erantzun beharko dira kasuan kasuko programako gaien edukiari buruz, lau erantzunen artean bat aukeratuz.

Bigarren zatian programako gaiak egoera zehatz batzuetan aplikatu beharra izanen duten sei kasu praktiko ebatzi beharko dira, kalkulu matematikoak eginez edo idatziz azalduz.

4. Izangaiek bi ordu izanen dituzte ariketa zati bakoitza egiteko.

Zortzigarrena.–Ariketen kalifikazioa.

1. Ariketak zerotik hamar puntu bitarte kalifikatuko dira, balorazio arau hauei jarraikiz:

Lehenbiziko zatian, zuzen erantzuten den “test” motako galdera bakoitzagatik 0,04 puntu jasoko dira, eta oker erantzuten den bakoitzagatik, berriz, -0,02 puntu. Erantzun gabeko galderek eta erantzun bat baino gehiago dutenek ez dute punturik emanen, ezta kenduko ere.

Bigarren zatian, kasu praktiko bakoitza 0tik puntu bat bitarte puntuatuko da.

2. Ariketa gainditzeko, izangaiek 2 puntu lortu beharko dituzte gutxienez lehenbiziko zatian, eta 3 bigarrenean, eta bi zatietan lortutako puntuazioen baturak 6 puntu edo gehiago egin beharko du.

Bederatzigarrena.–Probak egiteko eguna eta tokia.

1. Errepideko salgaien eta bidaiarien garraioaren modalitateko lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko probak Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasgelategian eginen dira (Arrosadiko Campusa z.g.), 2021eko maiatzaren 8an, larunbatarekin, ordutegi honen arabera:

1. zatia: 09:00.

2. zatia: 11:30.

2. Izangairen bat bi modalitateetara inskribatzen bada, errepideko bidaiari-garraioaren modalitateko lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko probak eginen dira 2021eko maiatzaren 7an, ostiralarekin, deialdiaren web fitxaren bidez jakinaraziko den tokian, ordutegi honen arabera:

1. zatia: 09:30.

2. zatia: 12:00.

Hamargarrena.–Gainditu dutenen zerrenda.

Ariketak kalifikatu ondoren, epaimahaiak probak gainditu dituztenen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarriko du Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es) deialdiak duen fitxan. Horrekin batera, azterketak berrikusteko eta alegazioak aurkezteko epearen berri ere emanen da.

Epe hori bukatuta eta, hala badagokio, aurkezten diren erreklamazioak ebatzita, probak gainditu dituzten izangaien behin betiko zerrenda Garraioko zuzendari nagusiari igorriko zaio.

Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda onesteko Garraioko zuzendari nagusiak emanen duen ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2102769