54. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

41/2021 FORU AGINDUA, otsailaren 15ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, gastua baimendu eta laguntza ekonomiko batzuk emateko deialdia onesten duena, 2021. urterako, familia gurasobakarretan kontziliazioa laguntzeko.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 12ko 159/2020 Foru Aginduaren bidez, laguntza ekonomiko batzuk emateko oinarri arautzaileak onetsi ziren, besteak beste, familia gurasobakarretan kontziliazioa laguntzeko 2020tik 2023ra bitarte.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak, besteak beste, honako eginkizun eta helburu hauek ditu: Familiari, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko II. Planean aipatzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea, bai eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea eta horien jarraipena egitea ere.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzekoa zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Gobernuaren 2020ko apirilaren 1eko erabaki baten bidez baimendu zen laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez ematea; hau da, eskaerak aurkezten diren ordenari jarraituz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuetan horretarako kreditua dagoen bitartean. Deialdi bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-dirua agortzen denean, eskaerak ezetsi eginen dira.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek egokiak eta gizarte interesekoak direla eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Familia gurasobakarretan kontziliazioa laguntzeko dirulaguntzak emateko 2021. urteko deialdia onestea, Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 12ko 159/2020 Foru Aginduak onetsitako oinarri arautzaileen arabera.

2. 225.000 euroko gastua baimentzea 2021. urteko gastu-aurrekontuko “Nafarroa Sustatu Kontziliaziorako laguntzak” izeneko 920006 93300 4809 231507 partidaren kargura.

3. Dirulaguntza bakoitzari dagozkion zenbatekoak ezartzea. Honako hauek izanen dira 2021. urterako:

a) 800 euro, familia-unitatearen per capita errenta urteko OAEAP halako 1,5 adinakoa edo hortik beherakoa denean: 11.862,9 euro.

b) 500 euro, familia-unitatearen per capita errenta urteko OAEAP halako 1,5etik gorakoa denean (11.862,9 euro) eta urteko OAEAP halako 2tik beherakoa (15.817,2 euro).

4. Eskaera guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, 110.000 euro gehituz, dagokion aurrekontu gehikuntzaren bidez. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren egoeraren bat gertatzen delako. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

5. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzara eta Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko otsailaren 15ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2102549