52. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARES

Aldaketa, Tutoretzapeko apartamentuak eskuratzeko eta erabiltzeko arauak ezartzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Garesko Udalak, 2020ko abenduaren 17an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Garesko tutoretzapeko apartamentuak eskuratzeko eta erabiltzeko arauak ezartzen dituen ordenantza. Erabaki hori 2020ko 302. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 30ean.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua).

Garesen, 2021eko otsailaren 15ean.–Alkatea, Oihan Mendo Goñi.

ORDENANTZA, EZARTZEN DITUENA ADINEKOEK GARESKO TUTORETZAPEKO APARTAMENTUAK ESKURATZEKO ETA ERABILTZEKO ARAUAK

ZIOEN AZALPENA

Garesko Udalak, 1997. urtean, tutoretzapeko 8 apartamentuko multzo bat jarri zuen abian, bat etorriz Udalak gizarte gaien arloan dituen eskumenekin, eta, bereziki, adinekoei laguntzeko xedea duten gaien arloan. Apartamentu horiek Kale Nagusiko 97-99 zenbakietan daude, eta Udalari berari dagozkio haien antolaketa, kudeaketa eta administrazioa.

Tutoretzapeko apartamentuak Garesko Udalaren jabari publikoko ondasunak dira, eta haien xedea da zerbitzu publiko bat izatea, premia duten adinekoen eskakizunei erantzuteko baliabide-sareko zerbitzuen artean.

Bizitoki alternatibo gisa ezarri dira, zerbitzu gehigarririk gabe, eta helburua da adinekoak beren giroan egotea, beren ingurunean, integra daitezen laguntzeko, era indibidualean, kolektiboan zein herrian bertan.

Garesko bizilagun direnak baino ezin dira haietan bizi. Pertsona horiek izan behar dute baliagaiak eta hirurogei urtetik gorakoak, edo berrogeita hamabostetik gorakoak, baldin baliaezintasuneko pentsio bat hartzen badute, barnean direla bikote ezkonduak, izatezko bikoteak eta urtebetetik gorako bizikidetza frogatzen duten bikoteak. Horretarako baldintzak dira programatik kanpoko prestazioren baten laguntzarik behar ez izatea beren egoera fisiko eta psikikoagatik, etxebizitzarik ez izatea edo etxebizitza horretan segitzeko zailtasunak izatea, hondaturik dagoelako edo bizikidetza arazoak daudelako, edo etxebizitza uztera beharturik egotea, baliabide ekonomiko, familiar eta/edo sozialik gabe aurkitzen direlarik.

Autonomia-egoera zehazteko, begiratuko da mendetasun gradurik eta mailarik aitorturik ez edukitzea, abenduaren 14ko 39/2006 Legean xedatua dagoenaren arabera, hark hizpide baitu Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzea.

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Araubide juridikoa.

Ordenantza honek araubide juridikoa ezartzen du adinekoendako tutoretzapeko apartamentuetarako, kolektibo horretan bizikidetza baketsua egotea helburu; horretarako, onuradunen baldintzak zehazten dira, bai eta haien eskubideak eta betebeharrak ere.

2. artikulua. Eskumenak.

Garesko Udalbatzaren osoko bilkurari dagozkio zerbitzuak ongi funtzionatzeko behar diren eskudantzia guztiak, bai eta ordenantza honetan arautua dagoena interpretatu eta aplikatzeko eskudantziak ere.

Aurrekoa gorabehera, osoko bilkurak berak izendaturiko batzorde bati eskuordetzen ahal zaizkio eskudantzia horiek.

2.1. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen ikuskapena.

Izarbeibarko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea, urtero, harremanetan jarriko da tutoretzapeko apartamentuetako erabiltzaileekin, haien egoera pertsonalaren berri izateko eta, beharrezkoa balitz, esku-hartze sozial bat abian jartzeko. Era berean, interesdunari etxebizitzaren egoerari buruz galdetuko dio eta, interesdunak espresuki eskaturik, etxebizitzan sartzen ahalko da; gero, txosten bat helarazi dio Garesko Udalari, baldin eta akatsik atzematen bada ekipamendu edo azpiegituretan, bertan bizi den pertsonaren osasuna edo ongizatea arriskuan jartzeko modukoa. Txosten hori igorri eta gero, Izarbeibarko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak ez du erantzukizunik izanen egitura edo ekipamenduetan dauden akatsez arduratzeari eta/edo haiek konpontzeari dagokionez. Nolanahi ere, erabiltzailearekin bat etorrita arituko da atzemandako premia sozioekonomikoak konpontzeko, baldin halakorik atzeman bada.

2.2. Gizarte Ongizatearen Batzordearen ardura izanen da honako izapide hauek egitea:

a) Idazkaritzaren aholkua aintzat harturik, adjudikazio-proposamena eginen dio tokiko gobernu batzarrari, apartamentuko erabiltzaile edo erabiltzaileei adjudikatzeko, bai eta haien erabileraren emakida-proposamena ere.

b) Urtearen bukaeran, apartamentuetako erabiltzaileen zerrenda aurkeztuko dio Garesko Udaleko Kontu-hartzailetzari, hastekoa den aurrekontu-ekitaldiari dagozkion tasekin batera, gertatutako aldaketak ere adierazirik.

c) Tutoretzapeko apartamentu guztien erregistro bat eramanen da. Bertan, erabiltzailearen izen-deiturak jasoko dira, eta etxebizitzan sartzeko edota handik ateratzeko giltzak noiz eman ziren. Bi kasu horietan txostena egin beharko da, azaltzeko apartamentua nola uzten edo jasotzen den hura ematean edo itzultzean, bai eta, apartamentuen erabileraren eta zaintzaren aldetik, zer gorabehera izan diren ere.

2.3. Kontu-hartzailetza.

Behar den udal kontua kontrolatuko du, tasak egunean ordainduta dauden jakiteko, eta dauden zorren berri emanen dio Gizarte Gaien Alorreko arduradunari, abian jartzeko horretarako egokia den prozedura.

2.4. Mantentze eta zaintze lanak.

Garesko Udala arduratuko da instalazioetako mantentze lanez nahiz tutoretzapeko apartamentuetako zaintze lanez eta, horretarako, behar adina konponketa arrunt eginen ditu eta dauden etxetresna elektrikoak ordeztu eta konponduko ditu, baldin eta ongi erabili badira.

2.5. Idazkaritza.

Udalaren titulartasuneko zortzi apartamentuen kudeaketa eta administrazioa koordinatuko ditu; hala, adjudikazioa izapidetuko du, eta erabilera-emakidak formalizatuko ditu.

3. artikulua. Erabiltzaileak.

Tutoretzapeko apartamentuen onuradun izaten ahalko dira honako baldintza hauek betetzen dituztenak:

a) 60 urte edo gehiago izatea eskabidea aurkezten den unean, edo 55 urte, baliaezintasuneko pentsioa jasotzen badute, baldin eta baliaezintasun horrek ez badu haien autonomia eragozten.

Bikote ezkonduetan edo antzeko harremana dutenetan, eskatzaileak bederen izan beharko du adin hori.

b) Garesen bizilekua benetan izatea eta erroldaturik egotea, gutxienez 5 urte lehenagotik, eskabidea aurkezten den egunean.

Bikote ezkonduetan edo antzeko harremana dutenetan, eskatzaileak bete beharko ditu Garesen 5 urtez erroldaturik egoteko baldintza.

Hutsik dagoen apartamentuaren erabilera lagatzeko deialdia bi aldiz jarraian hutsik geratzen bada, Garesko Udalak 3. deialdian erabakitzen ahalko du erroldan antzinatasuna murriztea eta/edo adin-eskakizuna murriztea.

c) Apartamentuan sartzen direnean, berez baliatzeko gaitasun ona eta eguneroko bizitzako jarduerak egiteko autonomia psikofisikoa izatea; bikoteetan, pertsona batek bederen izatea gaitasun eta autonomia horiek.

d) Etxebizitza beharra izatea, honako arrazoi hauek direla eta: etxebizitzarik ez izatea, utzarazpena, bizigarritasun gabezia larriak, konponbide zaileko oztopo arkitektoniko handiak eta/edo beste bizitoki batean egoteko aukerarik ez izatea.

e) Pentsioetatik eskuratzen diren diru-sarrerek ez gainditzea, per capita, urteko lanbide arteko gutxieneko soldata halako 1,5 (950,00 euro hilean * 1,5 * 12 hil = 17.100,00 euro urtean).

f) Ondare higigarririk ez izatea eta erabiltzaileetako inork ondasunik eskualdatu ez izana eskaeraren aurreko 10 urtean, urteko lanbide arteko gutxieneko soldata baino 6 aldiz handiagoa den katastro-balioarekin.

f) Tutoretzapeko apartamentuko erabiltzaileek egunean izatea udal ogasunarekiko tributu-betebeharren ordainketa.

4. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

4.1. Eskabide-ereduarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskabidea, Garesko Udalaren eredu ofizialaren araberakoa (II. eranskina).

–Erantzukizunpeko adierazpena, aurreko artikuluan jasoriko baldintza guztiak betetzen direla adierazirik.

–NANa.

–Osasunaren gaineko txostena (berez baliatzeko gaitasuna egiaztatzeko galdetegia).

–Pentsioaren ziurtagiria eta baliabide ekonomikoen zinpeko deklarazioa.

–Errenta aitorpena edo haren ziurtagiri negatiboa, hura egiteko betebeharrik ez izanez gero, Ogasun Departamentuak emana.

–Katastroko ziurtagiria eta/edo Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuaren ziurtagiria.

–Etxebizitzarik ez izatearen frogagiria, edota hura erabiltzeko ezintasunarena.

4.2. Garesko Udalak eskubidea izanen du eskatzaileek emaniko informazio eta datu guztien egiazkotasuna begiratzeko, eta ikertzen ahalko du, baita plaza bat adjudikatu zaien pertsonen kasuan ere, sartu aurreko 10 urtean ez dutela ondasunik eskualdatu, aldatu duena sartzeko baldintzatzat edo baremoa aplikatzeko ordenantza honetan kontuan hartzen den ahalmen ekonomikoa.

5. artikulua. Eskaerak jasotzea.

Behar bezala betetako eskabideak, II. eranskinaren araberako eredu ofizialari jarraikiz, eta eskatzen den dokumentazioa Garesko Udal Erregistroan aurkeztuko dira, aurrez aurre edota urriaren 1eko 39/2015 Legean jasotzen diren bitarteko elektronikoetako edozein erabilita (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Eskaerak jasoko dira horretarako egiten den deialdi publikoan ezarritako epearen barruan, bete gabeko apartamentuak daudenean.

6. artikulua. Eskaeren ebazpena.

Egoiliar-plazak adjudikatuko dira deialdi publiko bidez, Udalak horretarako onetsitako baremoa erabiliz (ordenantza honen eranskin gisa jasotzen da).

Eskabideekin batera aurkeztu den dokumentazioaren haztapena egin ondoren, Gizarte Ongizatearen Batzordeak, Idazkaritzaren aholkua aintzat harturik, adjudikazio-proposamena eginen dio tokiko gobernu batzarrari, lorturiko puntuazioaren araberakoa, apartamentuko erabiltzaile edo erabiltzaileei adjudikatzeko.

Adjudikazioak ez du eskubide errealik ematen, bakar-bakarrik kostu bidezko erabilera ematen du, ohiko etxebizitza izateko.

7. artikulua. Zerbitzuaren kostua eta ordaintzeko modua.

Garesko Udalaren ordenantza fiskalek urtero ezarriko dute apartamentuaren hileko kostuagatik aplikatu beharreko tarifa, aurreko urteko diru-sarrera guztien arabera (pentsioak, kapital higigarri eta higiezinaren errentak).

Bikote ezkonduen edo antzeko harremana dutenen kasuan, zerbitzua biek erabiltzen dutenean, bien diru-sarrerak batuz ateratzen diren per capita diru-sarrerei aplikatuko zaie oinarrizko tarifa.

8. artikulua. Tutoretzapeko apartamentuetan sartzea.

Tutoretzapeko apartamentuen adjudikaziodunek sartu beharko dute Udalak ezarritako egunetan; gehienez ere, hilabeteko epean.

Ezarritako epean sartzen ez badira, adjudikaziodun gisa duten eskubidea galduko dute, justifikaturiko kasuetan izan ezik.

Behin apartamentuan sartuta, erabiltzaileak 60 egunez behin-behinean egonen dira han, eta epe horretan frogatuko dute egokitzeko, bizikidetzarako eta ezarritako arauak betetzeko gaitasuna. Epe hori iraganik, ez bada inguruabarrik atzematen egokitzeko zailtasuna adierazten duenik eta arauak betetzen badira, behin betiko adjudikazioa eginen da.

Bestela, kanporatu eginen dira halako erabiltzaileak, Gizarte Ongizatearen Batzordeak txostena egin eta gero. Txosten hori egiteko, Idazkaritzaren aholkua hartuko du aintzat, eta oinarrituko da apartamentuak kudeatzeaz arduratzen diren pertsonek nahiz erabiltzaileek berek emaniko informazioan.

9. artikulua. Egonaldia.

Tutoretzapeko apartamentuen adjudikaziodunek berez baliatzeko gaitasuna galtzen badute eta laguntzadun egoitza-baliabide bat behar badute ongi artaturik egoteko, apartamentuan egoten ahalko dira, haien egoera aztertu eta laguntzadun egoitza batean plaza ematen dieten bitartean.

10. artikulua. Mantentze-lan arruntak.

Adjudikaziodunek beren bizimoduaz eta beren buruaren zaintzaz arduratu behar dute, bai eta apartamentua, arropa, tresnak eta ekipamendua garbitu eta mantentzeaz ere, instalazioak egoera onean atxikita.

11. artikulua. Hobetzeko obrak eta altzariak erostea.

Adjudikaziodunek, beren borondatez, egokitzat jotzen dituzten objektuak edo tresnak instalatzen ahalko dituzte apartamentuetan; betiere, halakoek bateragarriak izan beharko dute esleitutako espazioa ongi erabiltzeko baldintzekin eta haren tamainarekin.

Udalak ez du inola ere bere gain erantzukizunik hartuko etxebizitzan dauden baliozko gauzez.

Artikulu honetan xedaturikoa gorabehera, nahitaezkoa izanen da Udalari baimena eskatzea obra-mota oro egiteko, eta jakinarazi egin beharko da altzari berriak eta antzekoak erosi izana, horiek inbentarioan sartzeko.

12. artikulua. Absentziak.

Apartamentuek behin betiko etxebizitzaren izaera dute eta gizarte zerbitzu publikoa dira; beraz, ez dira onartuko 40 egun naturaletik gorako absentziak, salbu eta frogatzen bada badagoela justifikaturiko arrazoi bat eta Gizarte Ongizatearen Batzordeari aurretiaz horretarako eskaera egiten bazaio.

13. artikulua. Erabiltzeko eskubidea.

Erabiltzeko eskubidea adjudikaziodunei dagokie, eta haien bikotekideei edo mendeko adingabeei, halakorik baldin badago: horiek guztiak Udalak izendatuki baimenduko ditu.

Gaixotasun iragankorra izanez gero, ahaideek edo konfiantzako beste pertsona batzuek apartamentuan lo egiten ahalko dute, adjudikazioduna zaintzeko; betiere, horren berri eman beharko zaio Gizarte Ongizatearen Batzordeari, izenak espresuki adierazita.

14. artikulua. Eskubideak.

Tutoretzapeko apartamentuetako erabiltzaileek erabateko askatasuna izanen dute bizimoduan, arauek ezarritako mugen barnean betiere. Honako eskubide hauek izanen dituzte, hain zuzen ere:

–Apartamentuan bizitza intimoa izatea.

–Familiarteko eta adiskideen bisitak hartzea, apartamentuan egonaldi iraunkorrik egin gabe, alegia, hamabost egunetik gora egon gabe. Egoera hori Udalari jakinarazi beharko zaio.

–Eraikineko zerbitzu komunak erabiltzea.

–Apartamentuen adjudikaziodunen artetik pertsona bat edo gehiago aukeratzea, ordezkari jarduteko Udalaren aurrean.

–Zerbitzuaren funtzionamenduaren gaineko iritziak agertzea eta ahalik eta hobekiena funtzionatzeko komenigarriak iruditzen zaizkien iradokizunak proposatzea, bai eta egokiak iruditzen zaizkien beharrak edo kexak adieraztea ere.

15. artikulua. Betebeharrak.

Tutoretzapeko apartamentuetako erabiltzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Elkarrekiko begirunean eta tolerantzian oinarrituriko jokabidea izatea, bizikidetza egokia lortzeko.

–Ezarritako arauak betetzea.

–Tutoretzapeko apartamentuetan egoteagatik Udalak dagokion ordenantza fiskalean zehaztutako zenbatekoa ordaintzea, hilabete bakoitzaren lehen hamar egunetan.

–Egoiliarrak Udalari jakinarazi egin beharko dio haren errentekin zerikusia duen aldaketa oro, tasa egoera berrira egokitzeko bi hilabeteko epean.

16. artikulua. Bizikidetza araubidea eta zehapen prozedura.

16.1. Tutoretzapeko apartamentuetako erabiltzaileek behar den errespetua eta begirunea izan behar dute gainerako auzokideenganako, bizikidetza baketsua atxikitzeko.

Halaber, modu egokian erabili behar dituzte apartamentuko instalazioak, bertako ondasunak hondatu gabe eta doloz edo zabarkeriaz erabili gabe. Instalazio eta ondasun komunak eta esleitutako apartamentua erabiltzen ahalko dituzte, besterik ez.

16.2. Pertsona batek betebeharrak bete ez dituela jakinez gero, Gizarte Ongizatearen Batzordeak pertsona horrek zer falta-mota egin duen aztertu, eta entzunaldia emanen die interesdunari zein ukitutako pertsonei, 15 eguneko epean.

Batzordeak horren emaitza jakinaraziko dio tokiko gobernu batzarrari, gertakariak kalifikatzeko eta faltaren maila ezartzeko proposamen batekin batera, gobernu batzarrak ebatz dezan zer neurri ezarri behar den.

17. artikulua. Falten mailakatzea.

17.1. Falta arinak dira:

a) Udalak eman aginduak behin eta berriz ez betetzea.

b) Gune komunak behar ez bezala erabiltzea.

c) Zabarkeriaz jokatzea apartamentuko instalazioak eta materiala zaintzean.

d) Oro har, ordenantza honek ezartzen dituen betebeharrak modu arinean ez betetzea.

17.2. Falta astunak dira:

a) Begirunea galtzea apartamentuetako beste erabiltzaile batzuei edo –beren eginkizunak betetzeko– apartamentuetan sartu behar duten Udaleko langileei.

b) Kalte arinak eragitea, doloz edo zabarkeriaz, pertsonei, apartamentuari, eta bertako instalazio edo materialei.

c) Apartamentuen arduradunek egoiliarrari eman aginduak behin eta berriz ez betetzea.

d) Arau-hauste arinak errepikatzea edo halakoetan berrerortzea.

17.3. Falta oso astunak dira:

a) Kalte fisikoak edo psikologiko larriak eragitea pertsonei, doloz edo zabarkeriaz.

b) Obra bat egitea, nahiz eta hobekuntza-obra izan, aldez aurretik Udalaren baimenik izan gabe.

c) Ordenantza fiskalean ezarritako prezio publikoa ez ordaintzea.

d) Sartzeko eskabidean emandako datu pertsonal eta ekonomikoak faltsuak izatea.

e) Egoiliarrak ez betetzea bere diru-sarrerak handitu izana jakinarazteko duen betebeharra, horrek egoiliarraren ahalmen ekonomikoan aldaketa handia eragin badu.

f) Hirugarren batzuei apartamentuan ostatu ematea, kudeaketaren arduradunaren baimenik gabe.

g) Apartamentuaren erabilera hirugarren batzuei lagatzea.

h) Apartamentua 40 egunez baino gehiagoz ez erabiltzea urtean, arrazoi justifikaturik gabe.

i) Ez betetzea emakidaren baldintzetan ezarritako neurriak.

j) Falta astunetan berrerortzea.

17.4. Berrerortzea gertatuko da egoiliarrak falta bat egin, eta hori baino lehenago beste falta astunago baten erantzule jo bada, edota astuntasun bereko edo apalagoko beste biren erantzule.

17.5. Faltak eta haiei dagozkien neurriak ezereztu eginen dira preskribatzen dutenean, eta halakoetan ez dira kontuan hartuko ezein xedetarako.

18. artikulua. Faltak egiteagatik hartu beharreko neurriak.

18.1. Zehapenak.

a) Falta arin batengatik, honako neurri hau har daiteke:

–Idatziz ohartaraztea.

b) Falta astun batengatik, neurri hau har daiteke:

–Idatziz ohartaraztea.

–30 eta 120 euro bitarteko zehapena.

c) Falta oso astun batengatik, neurri hauek har daitezke:

–120 eta 300 euro bitarteko zehapena.

–Apartamentua erabiltzeko eskubidea azkentzea.

18.2. Udalak eskubidea izanen du ekonomikoak ez diren beste zehapen batzuk ezartzeko, modu justifikatuan eta oinarrizko eskubideak bermatuz betiere, baldin eta irizten bazaio horrela hobeki beteko dela debekuaren helburua, eta irizten bazaio horrela lehengoratzen ahalko dela ondasun edo pertsona bati eraginiko kaltea.

19. artikulua. Preskripzioa.

–Falta arinek 6 hilabeteren buruan preskribatzen dute.

–Falta astunek urte baten buruan preskribatzen dute.

–Falta oso astunek 2 urteren buruan preskribatzen dute.

–Falta arinengatik ezarritako neurriek urte baten buruan preskribatzen dute.

–Falta astunengatik ezarritako neurriek 2 urteren buruan preskribatzen dute.

–Falta oso astunengatik ezarritako neurriek 3 urteren buruan preskribatzen dute.

20. artikulua. Kalte-ordainak.

Beste egoiliar batzuei edo etxebizitzari (instalazioetan edo ondasunetan) kalte eragiten dieten pertsonek kalte-ordaina ordaindu beharko dute, Garesko Udalak ezarritako jarraibideekin bat.

21. artikulua. Zerbitzuaren prestazioa azkentzea.

Tutoretzapeko apartamentuko egoitza plaza bat izateko eskubidea honako arrazoi hauek direla-eta azkentzen da:

–Adjudikaziodunak borondatez uko egitea; espresuki eta argi eta garbi jaso beharko da inguruabar hori.

–Titularraren heriotza, salbu eta ezkontide bat edo antzeko harremana duen pertsona bat badago; halakoetan, bikotekideak apartamentuan segitzen ahalko du, baldin eta bi hilabeteko epean frogatzen badu ordenantza honetan jasotako baldintzak betetzen dituela.

–Eskubidea azkentzeko neurria ezarri izana, falta oso astun bat egitegatik.

–Tutoretzako apartamentuko egoiliarrak berez baliatzeko gaitasuna galtzea. Horren ondorioz, eskubidea azkenduko da, eta Garesko Udalak laguntza eskatuko die gizarte zerbitzuei, arretaren arloan behar diren neurriak hartzeko.

Lehen xedapen gehigarria.–Ordenantza honetan xedatzen ez den guztian, honako hauei jarraikiko zaizkie: Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 13ko 1372/1986 Errege Dekretuari eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari, jabari publikoko ondasunei dagokienez; eta Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeari, etxebizitza hutsik ez egotea sustatzeko jarduketei dagokienez.

Bigarren xedapen gehigarria.–Ordenantza hau aplikagarria izanen zaie gaur egun apartamentuen erabilera-emakida dutenei, salbu eta –apartamentuetan sartzeko baldintza berriak ezartzearen ondorioz– erabiltzeko duten eskubide hori hutsaltzen duen guztian.

Behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan ondoren hartuko du indarra ordenantza honek.

I. ERANSKINA

Baremoa

Beharraren norainokoa eta hautatzeko baremoa zehazteko, honako apartatu hauen balorazioa aplikatuko da:

5.1. Bizilekua Garesen izatea (gehienez, 20 puntu).

Garesko bizilaguna izatea azken

15 urtean

20 puntu

10 urtean

16 puntu

5 urtean

12 puntu

5.2. Eskatzailearen adina (gehienez, 5 puntu).

55 urte baliaezintasunarekin, edo 60 eta 70 urte bitarte

5 puntu

71 eta 75 urte bitarte

4 puntu

76 eta 80 urte bitarte

3 puntu

81 eta 85 urte bitarte

1 puntu

85 urtetik gora

0 puntu

5.3. Etxebizitza-egoera (gehienez, 30 puntu).

a) Judizialki egiaztatutako utzarazpena

30 puntu

b) Etxebizitza ezinbestez utzi behar izatea (sutea, erortzea...) eta bizitokia eskuratzeko baliabiderik ez izatea

30 puntu

c) Bizitzeko desegoki deklaraturiko etxebizitza alokatua

30 puntu

d) Bizitzeko desegoki deklaraturiko jabetzako etxebizitza

27 puntu

e) Judizialki egiaztatu gabeko utzarazpena, baina jabeak idatzitako jakinarazpena dagoela

24 puntu

f) Etxebizitza partekatzea, edo ostatu-etxe eskasetan bizitzea

24 puntu

g) Etxebizitza alokatua, adinekoaren isolamendua eragiten duten erabateko eragozpenak dituena

24 puntu

h) Jabetzako etxebizitza, adinekoaren isolamendua eragiten duten erabateko eragozpenak dituena, egoera onean dagoen beste bizitoki bat eskuratzeko baliabiderik gabe

22 puntu

i) Etxebizitza alokatua, bizigarritasun baldintzak betetzen ez dituena (bainugela, hezetasuna, berokuntza)

21 puntu

j) Espazio murriztua: ez du banako logelarik; edo izatekotan, familiako batek lagatzen dio

18 puntu

k) Familiakoen etxeetan txandaka bizitzea

18 puntu

Kasu guztietan bete beharko da bizitokia eskuratzeko baliabiderik ez izateko baldintza. Sartzeko baldintza.

Jabetzako etxebizitza bizitzeko desegoki deklaratu denean, bizigarri bihurtzeko behar diren prozedurak abian jartzeko betebeharra bete beharko da, horiek posible direnean.

Jabetzako etxebizitza erabili gabe gelditu denean, hirigintzaren aldeko eragozpenak edo beste arrazoi justifikatu batzuk daudenean, adinekoaren isolamendua eragiten dutenak, baldin etxebizitza bizigarria bada, eta erabili gabe geldi ez dadin, etxebizitza hori NASUVINSAren alokairu-poltsan sartzeko betebeharra ezarriko da.

Etxebizitzaren bizigarritasunik eza justifikatzeko, eskatzaileak aurkeztu beharko du Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eman agiri bat, edo une bakoitzean eskudun denak emana.

5.4. Eskatzailearen egoera ekonomikoa (gehienez, 25 puntu).

BANAKAKOA

EZKONTIDEAK/BIKOTEKIDEAK

PUNTUAK

LGSaren %70 baino gutxiago

LGSaren %122 baino gutxiago

25

LGSaren %70etik %85era bitarte

LGSaren %122tik %138ra bitarte

24

LGSaren %85etik %95era bitarte

LGSaren %138tik %148ra bitarte

22

LGSaren %95etik %105era bitarte

LGSaren %148tik %158ra bitarte

21

LGSaren %105etik %115era bitarte

LGSaren %158tik %168ra bitarte

19

LGSaren %115etik %130era bitarte

LGSaren %168tik %183ra bitarte

15

LGSaren %130etik %145era bitarte

LGSaren %183tik %198ra bitarte

11

LGSaren %145etik %170era bitarte

LGSaren %198tik %223ra bitarte

7

LGSaren %170etik %190era bitarte

LGSaren %223tik %243ra bitarte

2

LGSaren %190 baino gehiago

LGSaren %243 baino gehiago

0

5.5. Egoera soziofamiliarra edo bizikidetza egoera (gehienez, 15 puntu).

Laguntzarik gabe edo babesgabezian egotea

15 puntu

Gatazkak izatea bizi den familia-unitatean

12 puntu

Egoera horiek justifikatzeko, eskatzaileak aurkeztu beharko du gizarte zerbitzuek eman agiri bat, halako egoera jasotzen duena.

5.6. Salbuespenezko beste inguruabar batzuk, kontuan hartzekoak (5 puntu).

–Genero-indarkeriaren biktima izatea (epai judiziala edo gizarte zerbitzuen txostena izanik).

–Eskatzaileak ardurapean izatea mendekotasuna duen pertsona bat. (5 puntuko balorazioa).

5.7. Udalak eskura dituen bitarteko guztiak erabiltzen ahalko ditu aurkezten diren agiri guztien egiazkotasuna aztertzeko.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2102604