52. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

6/2021 EBAZPENA, otsailaren 16koa, Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, 2021-2022 ikasturtean enpresetan prestakuntza-egonaldiak egiteko deialdia onesten duena. Deialdiko egonaldiak honako irakasle hauentzat dira: Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan Lanbide Heziketako irakaskuntzan, arte plastikoen eta diseinuko lanbide-irakaskuntzan eta kirol-irakaskuntzan ari diren irakasleentzat.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak (HLO) 102. artikuluan esaten du etengabeko prestakuntza irakasle guztien eskubidea eta betebeharra dela, eta hezkuntza administrazioen eta ikastetxeen ardura.

Beste alde batetik, HLOk ezartzen dituen Lanbide Heziketako eredu berrietan ezinbestekoa da, besteak beste, irakaskuntza-ikaskuntzako prozesuak lanarekin lotzea, hezkuntza-eskaintza ahalik ondoen egokitzeko lan-merkatuan eskatzen diren lanbide-kualifikazioetara.

Ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak, kualifikazioei eta lanbide heziketari buruzkok, 6. artikuluan ezartzen duenaren arabera, enpresek eta beste entitate batzuek kualifikazioen eta lanbide heziketaren sistema nazionalean parte hartzea honako eremu hauetan gauzatuko da, besteak beste: irakasleen eta ikasleen prestakuntzan, lan-zentroetan, lanbide-praktiketan, lanbide-orientazioan eta ekoizpen-sistemako profesional kualifikatuek prestakuntza-sisteman parte hartzean.

Horregatik, Hezkuntza Departamentuak enpresetan prestakuntza-egonaldiak egitea sustatzen du. Egonaldi horiek irakasleen etengabeko prestakuntzaren modalitate bat dira eta beren ezaugarri nagusia da irakasleen, lan-arloaren eta enpresen arteko harremanak sendotzen dituztela. Prestakuntzako modalitate honetan ezagutza zientifikoak eta teknikoak, lan-prozedurak, tresnen erabilera eta antolakuntzako prozesuak eta metodoak uztartzen dira, eta helburua izaten da irakasleak ahalik ondoen integratzea ekoizpen-prozesuetan, beti ere entitate edo enpresa laguntzaileak dauzkan ahalbideak kontuan hartuz.

Ebazpen honen bidez 2021. urtean enpresetan eginen diren egonaldien deialdia egiten da. Deialdiaren oinarriak eranskinetan ezartzen dira.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, prozesuaren zatiren batean parte hartzen duten pertsona guztiek inprimakien bidez ematen dituzten datuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hezkuntza Departamentuko fitxategietan sartuko dira, estatistika aldetik lantzeko eta prozedura horren ondorioz sor daitezkeen egiaztagiriak kudeatzeko. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezerezteko eskubideak erabili ahal izanen dira; horretarako Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzura jo beharko da. Zerbitzu hori San Domingo kaleko 8. zenbakian dago, Iruñean. Berariaz horrela adierazten duten pertsonak beren datuen tratamenduaren aurka ager daitezke, arrazoi sendorik eta bidezkorik badago.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko buruak egin duen txostena enpresetan egonaldiak egiteko deialdia onesten duen ebazpena ematearen aldekoa da; horrez gainera, txostenaren arabera ebazpenean deialdiaren epealdiak finkatu behar dira, inskripzioak nola eginen diren eta epaimahaiak nola eratuko diren zehaztu behar da eta prozedura burutzeko arauak ezarri behar dira.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. 2021-2022 ikasturtean enpresetan prestakuntza-egonaldiak egiteko deialdia onestea. Deialdiko egonaldiak honako irakasle hauentzat dira: Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan Lanbide Heziketako irakaskuntzan, arte plastikoen eta diseinuko lanbide-irakaskuntzan eta kirol-irakaskuntzan ari diren irakasleentzat. Deialdiaren oinarrian ebazpen honen eranskinetan ezartzen dira.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzura eta Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2021eko otsailaren 16an.–Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

OINARRI OROKORRAK

Ezaugarri orokorrak

1.–Lanbide Heziketako irakaskuntzan, arte plastikoen eta diseinuko lanbide-irakaskuntzan eta kirol-irakaskuntzan ari diren irakasleek enpresetan prestakuntza-egonaldiak egitea irakasleen prestakuntzan esku hartzeko moduetako bat da. Honen helburuak honako hauek dira:

a) Ikastetxeen eta beren inguruko enpresen arteko lankidetza bultzatzea, irakasleen eta ekoizpen-sektorearen eta zerbitzuen sektorearen arteko harremanak hobeak izan daitezen.

b) Enpresetan eskuratzen diren ezagutzak eta teknikak ikastetxeetan aplikatzea sustatzea. Horrela, enpresetako ekoizpen-prozesuetan txertatuta, irakasleek beren ezagutza zientifikoak eta teknikoak eguneratu ahal izanen dituzte lan-prozedurez, tresnen erabilerari buruz eta antolakuntzako metodoez eta prozesuez ikasten dutenari esker.

c) Lan-esperientzia eskuratzea benetako lan-eremu batean.

d) Ekoizpen-sektorearen eta zerbitzu-sektorearen teknikak ezagutzea: prozesuen analisia (jarraipena eta kontrola, erabakiak hartzea eta abar) eta lorpenen analisia (beharrizanen ebaluazioa, prestakuntza-lan eskaria, lanbide-profilen azterketa prospektiboak eta abar).

e) Ikastetxeetan irakasten diren teknologiak eta lanean erabiltzen direnak alderatzea.

Enpresetako egonaldien modalitateak: EE-1, EE-2, EE-3, EE-4

2.–“EE-1” egonaldia:

–Enpresa edo entitate laguntzaileetan, egun bat astean, eskola-orduetan, ikasturte osoan; honelako egonaldiak egiten dituzten irakasleei hiru eskola-ordu kenduko zaizkie eta ordu osagarri bat.

–Enpresako egonaldia ezin da agertu ikasketa-plan batean eta ezin da erabili Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ematen duena ez beste ziurtagiri, diploma edo titulu bat lortzeko.

–Egonaldiaren iraupena enpresarekin adostuko da; oro har, egonaldiak 2021eko irailaren 13tik 2022ko ekainaren 13ra artean eginen dira, eta iraupena 150 ordukoa izanen da gutxienez, egunean 5 ordu eginez. Oro har, egonaldia asteartetik ostegunera bitartean eginen da.

–Norbaitek baja luzea hartzen badu edo ez bada enpresara azaltzen arrazoirik eman gabe, justifikazio egokia aurkeztu beharko da ezarritako epealdiaren barruan, honako oinarri honetan ezartzen den bezala: “Egonaldiaren justifikazioa eta ziurtagiria”.

–Prestakuntza-modalitate honen ziurtagiria 150 - 280 ordu artekoa izanen da, oro har, enpresan edo entitatean egonaldia amaitu ondoren aurkezten den dokumentazioaren arabera. Orduak gutxiago izan daitezke baja luzea hartuz gero edo lanera arrazoirik eman gabe azaldu ezean.

3.–“EE-2” egonaldia:

–Egonaldi laburrak enpresa edo entitate laguntzaileetan, irakasleen eskola-orduetatik kanpo. Honelako egonaldietan ikasturte osoko egonaldi luzea behar ez den alderdi zehatzak lantzen dira ekoizpen-sektore batean zein zerbitzu-sektorean. Modalitate honetan, egonaldi bat egin ahal izanen da enpresa batean ikasturte bakoitzean, eta iraupena bi hilekoa izanen da gehienez. Gehienez 50 orduko ziurtagiria emanen da EE-2 modalitateko prestakuntza-egonaldiengatik.

–Prestakuntza-modalitate honen ziurtagiria enpresan edo entitatean egonaldia amaitu ondoren aurkezten den dokumentazioaren arabera eginen da.

4.–“EE-3” egonaldia:

–Egonaldiak Europar Batasuneko beste herrialde bateko enpresetan. Egonaldi hauek gutxienez astebete eta gehienez 6 aste iraunen dute (bidaia-egunak zenbatu gabe). Egonaldi hauek Europar Batasunaren Erasmus+ programaren urteko deialdiaren barruan egin daitezke; deialdi hori Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko Lanbide Heziketaren Berrikuntza, Nazioartekotze eta Kalitaterako Atalak kudeatzen du eta berari buruzko informazioa argitara eman da Nafarroako Gobernuaren izapideen fitxan, honako helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/16184/Becas-para-estancias-del-Profesorado-de-FP-para-formacion-en-centros-y-en-empresas-de-la-Union-Europea-Curso-2021-22

5.–“EE-4” egonaldia:

–Atzerriko enpresa edo entitate laguntzaileetan telelanaren bidez, egun bat astean, eskola-orduetan, ikasturte osoan; honelako egonaldiak egiten dituzten irakasleei hiru eskola-ordu kenduko zaizkie eta ordu osagarri bat.

–Enpresako egonaldia ezin da agertu ikasketa-plan batean eta ezin da erabili Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ematen duena ez beste ziurtagiri, diploma edo titulu bat lortzeko.

–Egonaldia eginen den enpresa Lanbide Heziketaren Nazioartekotze eta Kalitaterako Bulegoak proposatuko du.

–Hizkuntza-maila egiaztatzeko B2 hizkuntza-titulu ofiziala edo horren baliokidea aurkeztu beharko da edo, bestela, elkarrizketa eginen da Lanbide Heziketaren Nazioartekotze eta Kalitaterako Bulegoan eta ondoren irakaslea egonaldirako gauza den edo ez proposatuko da.

–Egonaldiaren iraupena enpresarekin edo entitatearekin adostuko da; oro har, egonaldiak 2021eko irailaren 13tik 2022ko ekainaren 13ra artean eginen dira, eta iraupena 150 ordukoa izanen da gutxienez, egunean 5 ordu eginez. Oro har, egonaldia asteartetik ostegunera bitartean eginen da.

–Norbaitek baja luzea hartzen badu edo ez badu telelana egiten, justifikazio egokia aurkeztu beharko da ezarritako epealdiaren barruan, honako oinarri honetan ezartzen den bezala: “Egonaldiaren justifikazioa eta ziurtagiria”.

–Prestakuntza-modalitate honen ziurtagiria 150 - 280 ordu artekoa izanen da, oro har, enpresan edo entitatean egonaldia amaitu ondoren aurkezten den dokumentazioaren arabera. Orduak gutxiago izan daitezke baja luzea hartuz gero edo telelana arrazoirik eman gabe egin ezean.

–Modalitate honetako egonaldiak eskatzen ahal dituzte honako prestakuntza-ziklo hauetan ari diren irakasleek:

OINARRIZKO LH

ERDI MAILA

GOI MAILA

Administrazio-zerbitzuak

Merkataritza-zerbitzuak

Elektrizitatea eta elektronika

Bulegoko informatika

Administrazio Kudeaketa

Produktu Grafiko Interaktiborako Laguntza

Merkataritzako Jarduerak

Telekomunikazioetako Instalazioak

Sistema Mikroinformatikoak eta Sareak

Administrazioa eta finantzak

Zuzendaritzarako Laguntza

Ikus-entzunezko Grafika

Ilustrazioa

Argazkilaritza

Nazioarteko Merkataritza

Salmenten eta Merkataritzako Guneen Kudeaketa

Marketina eta Publizitatea

Garraioa eta Logistika

Automatizazioa eta Robotika Industriala

Elektronikako Mantentze-lanak

Instalazio Elektrotekniko eta Automatizatuak

Sareko Sistema Informatikoen Administrazioa

Plataforma Ugariko Aplikazioen Garapena

Web Aplikazioen Garapena

Telekomunikazio eta Informatika Sistemak

–Modalitate honetarako onartzen diren pertsonek bisita presentziala egin ahal izanen dute egonaldi telematikoa egiten duten enpresara. Bisita 2021-2022 ikasturtean zehar eginen da.

6.–“EE-1”, “EE-2” eta “EE-3” modalitateetan, egonaldiak egiteko enpresak eta entitateak irakasleek proposatuko dituzte.

7.–“EE-4” modalitatean, egonaldietako enpresak eta entitateak Lanbide Heziketaren Berrikuntza eta Nazioartekotzerako Atalak proposatuko dizkie irakasleei.

8.–Enpresan edo entitatean prestakuntza-egonaldian dauden artean irakasleek ez dute edukiko inolako lan-loturarik ez lan-harremanik enpresa edo entitatearekin, eta ezin jardun izanen dute haren pertsonaleko lanpostuetan. Beraz, ez zaie aplikatuko lanaren arloko indarreko legeria.

2. ERANSKINA

2021-2022 ikasturtean enpresetan egonaldiak egiteko deialdia

Deialdiaren xedea:

1.–10 plaza egonen dira EE-1 modalitateko egonaldietarako.

2.–EE-2 modalitatean ez da ezarri plaza-mugarik.

3.–2 plaza egonen dira EE-4 modalitateko egonaldietarako.

4.–EE-1 modalitateko plaza guztiak betetzen ez badira, EE-4 modalitatekoekin batu ahal izanen dira, eta alderantziz.

Parte hartzen ahal duten irakasleak:

5.–Deialdi honetan parte hartzen ahal dute ikastetxe publikoetan Lanbide Heziketako irakaskuntzan, arte plastikoen eta diseinuko lanbide-irakaskuntzan eta kirol-irakaskuntzan ari diren irakasleek, honako baldintza hauek betez gero:

a) Egonaldia egin nahi den aldian irakaslea zerbitzu aktiboan egon behar da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak kudeatzen dituen ikastetxe publikoetako batean.

b) Irakasleak eskatzen duen enpresan aurretik ere egonaldia egin badu, ongi arrazoitu beharko du zergatik eskatzen duen berriro enpresa bera.

c) Irakasleak ezin du eduki ez lehen graduko ahaidetasunik, ez bigarren gradukorik enpresaren edo entitatearen arduradunarekin.

d) Azken bost deialdietan ebaluazio negatiboa eduki dutenek edo prestakuntza-egonaldia arrazoirik eman gabe utzi dutenek ezin izanen dute eskuratu plazarik.

e) Eskatutako egonaldiak zuzeneko lotura eduki behar du irakaslearen irakaskuntza-jardunarekin.

d) EE-4 modalitatean, ezinbestekoa da irakasleak behin betiko destinoa edukitzea ikastetxean.

Eskaerak aurkezteko epealdia:

6.–EE-1 eta EE-3 modalitateetako 2021-2022 ikasturteko egonaldietarako eskaerak aurkezteko epealdia 2021eko martxoaren 8tik 10era arte izanen da.

7.–EE-2 modalitateko 2021/2022 ikasturteko egonaldietarako eskaerak ikasturte osoan zehar aurkeztu ahal izanen dira.

8.–Eskaerak Hezkuntza Departamentuaren erregistroan aurkeztu behar dira (Santo Domingo 8, Iruña), hain zuzen ere Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalera bidalita.

Egonaldiak enpresetan, EE-1 modalitatea

Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak:

9.–Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Enpresa batean egonaldia egiteko eskaera-formularioa; ikastetxeko zuzendariak ontzat emanda egon behar da (nahitaez). Horren eredua “Egonaldiak enpresetan LHko, arte plastikoetako eta diseinuko eta kirol-irakaskuntzako irakasleentzat, ezagutza zientifikoak eta teknologikoak eguneratzeko” izapide-fitxan dago; honako esteka:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7801/Estancias-en-empresas-para-actualizacion-cientifica-y-tecnologica-del-docente-Curso-2020-2021

b) Prestakuntza-programa (eredua aurreko izapide-fitxan dago), enpresak eta eskatzaileak sinatuta eta zigilatuta. Honekin batera enpresan eginen den egonaldiaren proiektua aurkeztu behar da.

c) Zinpeko adierazpena, izapide-fitxako ereduaren arabera egina eta eskatzaileak sinatuta.

d) Hedapenerako eta prestakuntzarako konpromisoa, izapide-fitxako ereduaren arabera egina eta eskatzaileak sinatuta.

Hautatzeko irizpideak. Egonaldiak enpresetan, EE-1 modalitatea

10.–Eskaerak honako lehentasun-irizpide hauen arabera sailkatuko dira:

a) Lehenbizikoa. Funtzionarioen eta kontratu finkoa dutenen eskaerak, baldin eta azken bost ikasturteetan (2016-2017 - 2020-2021) EE-1 modalitateko egonaldirik egin ez badute enpresetan.

b) Bigarrena. Administrazio-kontratua (bitartekoa) dutenen eskaerak, baldin eta azken bost ikasturteetan (2016-2017 - 2020-2021) EE-1 modalitateko egonaldirik egin ez badute enpresetan.

c) Hirugarrena. Funtzionarioen eta kontratu finkoa dutenen eskaerak, baldin eta azken bost ikasturteetako batean (2016-2017 - 2020-2021) EE-1 modalitateko egonaldia egin badute enpresetan.

b) Laugarrena. Administrazio-kontratua (bitartekoa) dutenen eskaerak, baldin eta azken bost ikasturteetako batean (2016-2017 - 2020-2021) EE-1 modalitateko egonaldia egin badute enpresetan.

11.–Aurreko atalean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen den azpitalde bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

a) Lehenbizikoa. Proiektuaren lotura honako hauekin:

–Lanbide heziketako espezializazio-ikastaroen arloak.

–Ezarritako curriculum berria (ezartzen den urtea eta hurrengoa).

–Digitalizazioa.

–Trantsizio berde - ekologikoa.

–Garapen jasangarriaren helburuak - 2030 Agenda.

b) Bigarrena. Aplikatutako berrikuntzarekin lotutako beste arlo eta interes batzuekin erlazioa duten proiektuak.

12.–Bakoitzaren sailkapena enpresan egonaldia egiteko aurkeztutako proiektuaren puntuazioaren araberakoa izanen da; balorazioa hautapen-batzordeak eginen du honako atal hauen arabera:

–Proiektugintzaren zorroztasuna eta koherentzia, proiektuaren helburuak eta edukiak egokiak izatea lanbide heziketako, arte plastikoen eta diseinuko edo kirol ikaskuntzako prestakuntza-zikloetarako (4 puntu gehienez).

–Ezagutza teknikoak, teknologikoak, artistikoak edo kirolekoak eguneratzea, hain zuzen ere zehaztasuna dela beste baliabide batzuk erabiliz eguneratu ezin direnak (3 puntu gehienez).

–Hautatutako enpresa egokia izatea egonaldiaren helburuak lortzeko (1,5 puntu gehienez).

–Proiektua egokia izatea ikastetxearen inguruko ekoizpen-enpresetarako (1,5 puntu gehienez).

Gutxienez 5 puntu lortzen ez dituzten proiektuak bazter geldituko dira.

Egonaldiak enpresetan, EE-4 modalitatea

Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak:

13.–Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Enpresa batean egonaldia egiteko eskaera-formularioa; ikastetxeko zuzendariak ontzat emanda egon behar da (nahitaez). Horren eredua eranskin honen 9. oinarrian aipatzen den izapide-fitxan egonen da.

b) Eskatzen den hizkuntza-maila egiaztatzen duen ziurtagiria. Ziurtagiria aurkeztu ezean, eskatzaileak maila egiaztatzeko proba egin beharko du 2021eko martxoaren 12an.

c) Zinpeko adierazpena, izapide-fitxako ereduaren arabera egina eta eskatzaileak sinatuta.

d) Hedapenerako eta prestakuntzarako konpromisoa, izapide-fitxako ereduaren arabera egina eta eskatzaileak sinatuta.

Hautatzeko irizpideak. Egonaldiak enpresetan, EE-4 modalitatea

14.–Eskaerak honako lehentasun-irizpide hauen arabera sailkatuko dira:

a) Lehenbizikoa. Funtzionarioen eta kontratu finkoa dutenen eskaerak.

b) Bigarrena. Administrazio-kontratua (bitartekoa) dutenen eskaerak.

15.–Aurreko ataleko irizpideak aplikatuz sortzen den azpitalde bakoitzeko eskaerak egiaztatutako hizkuntza-mailaren arabera ordenatuko dira, altuenetik baxuenera. Hizkuntza-maila Lanbide Heziketaren Berrikuntza eta Nazioartekotzerako Atalak egiten duen probaren bidez egiaztatzen duten pertsonak azkenak izanen dira lehentasun-zerrendan.

16.–Hainbanaketarik gertatuz gero, honako hauek edukiko dute lehentasuna: funtzionarioen eta kontratu finkoa dutenen artean, antzinatasun handiena dutenek; deialdiaren eraginpeko lanbide-irakaskuntzetan, irakaskuntzan antzinatasun handiena dutenek.

Enpresetako egonaldiak (EE-1 eta EE-4 modalitateak) hautatuko dituen batzordea

17.–Enpresetan EE-1 eta EE-4 modalitateetako egonaldiak egiteko eskaerak batzorde berezi batek aztertu eta hautatuko ditu. Batzordeko kideak Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak izendatuko ditu; honako hauek izanen dira:

–Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiari atxikitako bi pertsona.

–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko ikuskatzaile bat.

Emaitzak:

18.–Enpresetan EE-1 eta EE-4 modalitateetako egonaldiak egiteko deialdiaren behin-behineko ebazpena 2021eko martxoaren 16an argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoaren fitxan; hona esteka:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7801/Estancias-en-empresas-para-actualizacion-cientifica-y-tecnologica-del-docente-Curso-2020-2021

19.–Erreklamazioak aurkeztu ahal izanen dira 2021eko martxoaren 16tik 18ra arte, biak barne, Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan (Santo Domingo 8, Iruña), hain zuzen ere Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalera bidalita.

20.–Enpresetan EE-1 eta EE-4 modalitateetako egonaldiak egiteko deialdiaren behin betiko ebazpena 2021eko martxoaren 22an argitaratuko da 12. oinarrian aipatzen den zerbitzuen katalogoaren fitxan.

Jarraipena, ebaluazioa eta ikuskapena:

21.–EE-1 modalitateko egonaldien jarraipena eta ebaluazioa Lanbide Irakaskuntzak Garatzeko Bulegoa eginen ditu.

22.–EE-4 modalitateko egonaldien jarraipena eta ebaluazioa Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoak eginen ditu.

23.–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak enpresetan egonaldiak egiten dituzten irakasleak ikuskatuko ditu.

24.–Hezkuntza Departamentuak erantzukizun zibileko aseguru osagarria kontratatuko du enpresetan egonaldiak egiten dituzten irakasleak estalita edukitzeko.

Uko egitea:

25.–Norbait ez bada egonaldian hasten enpresan edo egonaldia bertan behera uzten badu amaitu aurretik inolako arrazoirik eman gabe, uko eginen dio hurrengo bost urteetan horrelako egonaldietan aritzeari.

26.–Gainera, enpresako egonaldiko irakasjarduneko orduetan ikastetxeko zuzendaritzak Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiaren jarraibideekin bat etorriz zehazten dituen egitekoetan eta lanetan aritu beharko da.

Enpresako egonaldiaren justifikazioa:

27.–Enpresako egonaldiaren justifikaziorako, honako hauek biltzen dituen memoria laburra egin beharko da:

–Entitatearen edo enpresaren ziurtagiria, egonaldia egin dela egiaztatzen duena (guztira egonaldia zenbat ordutakoa izan den zehaztu behar da), eranskin honen 9. oinarrian aipatzen den izapideen fitxako eredua erabiliz.

–Proiektuaren garapena (lan-agiriak). Atal honetan labur-labur azaldu behar da zer lan egin den proiektuaren fase bakoitzean eta nolako antolamendu-ondorioak eduki dituen proiektuaren garapenak. Izapideen fitxako eredua erabili behar da.

–Azken memoria. Memoria honetan azaldu behar da zer lortu den proiektuarekin eta nolako eragina edukiko duen zuzeneko irakaskuntzan; gainera, burututako prozesuaren eta lortutako produktuaren balorazioa egin behar da eta proiektuaren ondorioz etorkizunerako zer proposatzen den zehaztu behar da. Izapideen fitxako eredua erabili behar da.

28.–Egonaldia amaitzen den urteko iraileko lehen hamabostaldian aurkeztu beharko da dokumentazioa. Dokumentazioa Hezkuntza Departamentuan aurkeztu behar da, jasotzailea Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atala dela adierazita. Atal horrek enpresako egonaldia egin dela berresten duen azken akta eginen du.

Ziurtagiria:

29.–Enpresako egonaldiaren prestakuntza-ekintzaren ziurtagiria Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariak eginen du.

Iragarkiaren kodea: F2102778