52. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

14E/2021 FORU AGINDUA, otsailaren 9koa, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariak emana, irabazi-asmorik gabeko elkarteek 2021ean euskara sustatzeko jarduerak eta programak egiteko laguntzen deialdia onesten duena. BDNS zenbakia: 548338.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eginkizunen artean dago honako hau: bizitza sozialaren zernahi esparrutan euskara agertzeko eta erabiltzeko sentsibilizazio programak gauzatzea eta entitate publiko eta pribatuekin elkarlanean aritzea helburu hori lortzeko.

Hori dela eta, egokitzat jotzen da laguntzak ematea euskararen inguruko sentsibilizazio eta erabilera programak egiten dituzten entitateei dirulaguntzak ematea 2021. urtean. Eta laguntza horiek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira.

Hala, bada, urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, 2.2.a) artikuluan emandako eskuduntzen arabera, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea beteaz, honako hau,

AGINTZEN DUT:

1. Irabazi-asmorik gabeko elkarteek 2021. urtean euskara sustatzeko edo euskarak gizartean duen presentzia bultzatzeko jarduera eta programak egiteko laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak eta eranskinak onestea, foru agindu honetan jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimentzen da; hala ere, aldaketak egin daitezke, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002-B3200-4819-334100: (e) Suspertu Plana, Irabazi-asmorik gabeko gizarte entitateentzako laguntzak euskara sustatzeko

2021

390.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, aipaturiko departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Administrazio eta Ekonomia Kudeaketako Atalera, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Programen Bulegora, eta Dirulaguntzen Datu-base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

6. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko otsailaren 9an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Nafarroan euskara sustatzeko programa eta jardueretarako laguntzen deialdiaren oinarriak

Lehen oinarria.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da irabazi-asmorik gabeko entitateei laguntzea, publikoak ez badira betiere, ondorengo jarduerak finantzatzen: Nafarroako gizartearen zenbait esparrutan euskararen inguruko sentsibilizazio programak eta jarduerak edo haren erabilera sustatu eta errazteko programak eta jarduerak, 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte eginak.

Bigarren oinarria.–Aurrekontu egozpena.

2.1. Dirulaguntza horiek Nafarroako Gobernuko 2021eko gastu aurrekontuaren “Irabazi-asmorik gabeko gizarte entitateentzako laguntzak euskara sustatzeko” izeneko B30002 B3200 4819 334100, (E) Sustatu Plana, partidaren kargura finantzatuko dira, 390.000 euroko zenbatekoarekin.

2.2. Laguntzen zenbatekoa Baloraziorako Batzordeak ezarriko du bederatzigarren oinarrian ezarritako irizpideekin bat, eta ez da inola ere izanen egindako jardueren kostuaren % 80tik gorakoa.

Laguntzak eskuratzen den puntuazioaren arabera banatuko dira, bederatzigarren oinarrian ezarritako irizpideekin bat, deialdian esleitutako zenbateko osoa ahitu arte.

Hirugarren oinarria.–Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.

3.1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eska ditzakete Nafarroan helbideraturik dauden irabazi-asmorik gabeko pertsona fisiko eta juridikoek, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte, eta dirulaguntzaren xedeko jarduerak Foru Komunitatearen barrenean egiten badituzte.

3.2. Entitate publikoak deialdi honetatik kanpo daude.

Laugarren oinarria.–Diruz lagungarriak diren jarduerak.

4.1. Euskararen presentzia eta erabilera areagotzen laguntzen duten jarduera eta programei emanen zaie lehentasuna deialdi honetan, gehienbat nerabeei eta gazteei zuzendutakoei.

Honako jarduera hauek lagunduko dira, besteak beste:

a) Euskararen erabilera soziala sustatzearekin eta euskarazko ahozko komunikazioa hobetzearekin zuzeneko lotura duten jarduerak.

b) Kontzientziazio eta sentsibilizazio jarduerak, hala nola:

–Gazteen artean euskararen egoera gaitzat duten parte-hartze edo gogoeta prozesuak.

–Efemerideak edo bestelako ekimenak ospatzea, euskararekin, kulturarekin eta tradizioekin, hizkuntzaren historiarekin edo euskararen garapenean garrantzia izan duten pertsonaiekin lotuta.

–Euskararen aldeko mezu positiboak zabaltzen dituzten kanpainak.

c) Tokian tokiko euskararen ondarea erabilera sozialerako bildu, babestu eta aktibatzeko xedea duten programak (abestiak, ipuinak, tradizioak, bertsoak, euskalkiak...).

d) Monitore, hezitzaile eta entrenatzaileentzako trebakuntza jarduerak eta baliabideak (hizkera berezitua, materialak), batez ere euskararen ahozko erabilera dinamizatzeko estrategietan, haur eta gazte taldeetan, gazteen hizkuntz gaitasuna sendotzeko zenbait esparrutan (aisialdia, kirola, kultura, denbora librea...).

e) Euskararen erabilera edozein egoeratan normalizatzeko jarduerak, kanpainen, materialen, bideoen edo bideo-jokoen bidez.

f) Euskararen proiekzio sozialerako edo sorkuntzarako jarduerak, eremu edo eskualdeetako bizilagun elebidunen artean euskararen presentzia areagotzen dutenak: hitzaldiak, mahai-inguruak, antzezlanak, zinema edo bideo proiekzioak eta aldizkariak ez diren argitalpen txikiak.

g) Bertsolarien emanaldiak (jendaurrean bat-bateko bertsoak kantatzea) eta bertsolaritzan trebatzeko jarduerak, jendeari oro har zuzendutakoak, betiere 8 ikasle baino gehiagoko taldeak badira, eta ikastetxeetako guraso elkarteek antolatutako jarduerak ez badira.

Jarduera horietan guztietan genero berdintasuna sustatuko da edukien diseinu eta garapenean, hizkera ez sexista erabiliko da eta parte-hartze paritarioa bilatuko da.

4.2. Hurrengoak deialdi honetatik kanpo geldituko dira:

a) Nafarroako Gobernuaren beste departamentu edo unitate batzuei dagozkien edo haien eskumenekoak diren jarduerak edo ekintzak, bai eta diseinuan publizitatean edo lotutako euskarrietako edozeinetan euskararen presentziarik ez dutenak.

b) Eskolaz kanpoko jarduerak, guraso elkarteek antolatutako aisialdiko jarduerak, eta ikastetxeetan egiten direnak, Hezkuntza Departamentuaren eskumenekoak direlako.

c) Bestelako jarduerak, hala nola kanpalekuak, txangoak, otorduak, dantzaldiak, artisautza azokak, ikuskizunak, kirol lehiak etab., deialdiaren helburuekin lotura zuzenik ez dutenak eta Kultura eta Kirol Departamentuaren eskumenekoak direnak.

d) Musika kontzertuak.

e) Euskara sustatzeko programetan sartutako jarduerak izanda ere, euskararen erabilerarekin zuzeneko lotura ez dutenak.

f) Liburuen edo webguneen itzulpenak.

g) Bi sexuen arteko tratu berdintasuna bermatzen ez duten jarduerak edo programak.

Bosgarren oinarria.–Diruz lagungarriak diren gastuak.

5.1. Zuzeneko gastuak Diruz lagungarriak diren zuzeneko gastutzat hartuko dira behar-beharrezkoak direnak, jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak eta diruz lagundutako proiektua edo jarduera gauzatzeko aurreikusitako epea amaitu baino lehen egiten direnak.

Era horretako gastuek zuzeneko lotura izan beharko dute onartutako jarduera edo programa antolatu eta gauzatzearekin, hala nola materialak erosi edo alokatzearekin, lokalak alokatzearekin, langileak kontratatzearekin edo zerbitzuak kontratatzearekin.

5.2. Gastu osagarriak Elkarteen funtzionamendu arrunteko gastuak gastu osagarritzat hartzen dira, eta jardueretan egotz daitezke eta batera justifikatu, baina betiere onartutako jarduerak gauzatzen badira.

Gastu osagarriak honako hauek izanen dira: elkarteko administrazio- eta kudeaketa-eginkizunak betetzeko soilik kontratatutako langileak; bulegoko eta informatikako material suntsikorra; kontabilitate- eta lan-aholkularitza; aseguru orokorrak; telefonoa eta Internet, posta eta mezularitza.

Nolanahi ere, gastu mota horiek jarduerak gauzatzeko egun zehatzen arabera egotziko dira, hau da, diruz lagundutako ekintzak egin diren egunei edo denbora zehatzari dagozkien gastuen zati proportzionalaren arabera.

Seigarren oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

6.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten pertsona edo entitateek eskaera egin beharko dute Nafarroako Gobernuaren webgune instituzionaletik abiatuta eskura daitekeen deialdiaren fitxaren bidez, ondoko helbidean: https://labur.eus/tHJdY.

6.2. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.3. Ezinbestekoa da gaitutako helbide elektroniko bat izatea; Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbide honetan eskura daiteke: http://notificaciones.060.es/PC_init.action. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

Zazpigarren oinarria.–Eskatutako agiriak.

7.1. Dokumentu hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabidea, datu hauekin: izena, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia, taldearen ordezkaria nor den espresuki adierazita.

b) Legezko eraketaren dokumentazioa.

Entitate edo pertsona eskatzaileari dagokion dokumentazioa Administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriro aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluarekin bat.

Kasu horretan, dokumentazio hori indarrean dagoela agertzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan eta noiz aurkeztu zen edo luzatu zuten.

Bide hori bakarrik erabiliko da agiriek eraman duten prozedura bukatu zenetik bost urte baino gutxiago iragan direnean.

c) Entitateko arduradunaren aitorpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak ezarritako betebeharrak betetzen dituztela adierazteko (deialdiaren eskaera fitxa).

d) Jardueren proiektua. Alderdi hauek jasoko ditu, gutxienez ere: proiektuaren deskribapena, helburuak, zer jarduera eginen diren, noiz eta zein diren proposatutako programen edota jardueren hartzaileak. (II. eranskina)

e) Proiektuaren aurrekontu xehakatua (III. eranskina): zehaztuko dira aurreikusitako laguntzak, diru-sarrerak eta gastuak..

f) Entitateak tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak dituela frogatzen duten ziurtagiriak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berarekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetatik espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen du identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen duena.

g) Gardentasun-betebeharrak justifikatzeko dokumentazioa, 17. oinarrian arautua (VI. eranskina).

7.2. Dirulaguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago, pertsona edo entitate eskatzaileari atzemandako akatsa zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen zaio, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Eskatzaileak gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen da errekerimendu hori.

7.3. Elkarte bakoitzak eskabide bakarra aurkeztuko du, eta, bertan, laguntzaren xede diren programa edo jarduera guztiak zehaztu beharko ditu. Hori guztia jardueren proiektuan eta proiektuaren aurrekontu xehatuan bete beharko du.

Zortzigarren oinarria.–Dirulaguntzak emateko prozedura, eta tramitazio eta ebaluazio organoak.

8.1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, hainbanaketarekin, aurkezturiko eskaerak alderatuta jasotako puntuazioaren arabera, 9. oinarriko baremoei jarraikiz, aurrekontu-izendapena agortu arte.

8.2. Entitate eskatzaileen puntuazio osoa balorazio irizpideen arabera kalkulatuko da, eta laguntzaren zenbatekoa eskatzaileek lortutako puntuazioaren araberakoa izanen da.

8.3. Eskaerak Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak tramitatuko ditu.

8.4. Batzorde batek baloratuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria, edo berak eskuordetzen duena; batzordeko burua izanen da.

–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo berak eskuordetzen duena.

–Eta Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari atxikitako teknikari bat, idazkaritza lanak betetzeko, hizpidea eta botoa izanen dituena.

Balorazio batzorde teknikoak kanpoko adituen aholkularitza eska dezake, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzeko.

Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdia esleitzeko ebazpen proposamena eginen du.

Bederatzigarren oinarria.–Balorazio irizpideak.

Aurkeztutako eskaerak baloratzeko eta laguntzaren zenbatekoa zehazteko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:

a) Programatutako jardueren izaera eta kalitatea, 20 puntu arte.

–Trebatzaileen, dinamizatzaileen edo arduradunen kualifikazioa (prestakuntza akademikoa eta lanbide esperientzia): 0-5 puntu.

–Programaren koherentzia, helburuei, edukiei eta hartzaileei dagokienez: 0-15 puntu.

b) Hartzailearen lehentasuna, 20 puntu arte.

–Populazioa oro har: 5 puntu.

–Haurrak: 10 puntu.

–Gazteak: 20 puntu.

c) Programako jardueren edo ekintzen kopurua, 160 puntura arte:

–Jarduera edo ekintza bakoitzeko 20 puntu zenbatuko dira. Gehienezko puntuazioa berriz 160 puntu dira.

d) Proiektuaren ibilbidea eta egonkortasuna, 160 puntura arte:

–Denboran luzatzen diren eta eguneroko edo asteko jarduera jarraitua duten proiektuek irizpide hau izanen dute: jarduera-hilabete bakoitzeko 20 puntu, betiere gehienezko kopurua 160 puntu izaki.

D irizpidea aplikatzen den proiektuetan, ez da aurrekoa baloratuko, hau da, c irizpidea.

Kanpoan geratuko dira 25 puntu lortzen ez dituzten proiektuak edo programak, gutxieneko puntuazio onargarria hori izanen baita.

Programa edo proiektu bakoitzeko gehienezko puntuazioa ez da 200 puntu baino gehiagokoa izanen.

Hamargarren oinarria.–Dirulaguntzak esleitzeko ebazpena.

10.1. Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean, laguntzak emateko. Epe hori bukatutakoan ebazpen espresuki eman ez bada, eskaerak ezetsi eginen dira.

10.2. Dirulaguntza emateko ebazpenean, onartutako eskaeren kasuan, datu hauek agertuko dira: onartutako aurrekontua, balorazioan eskuratutako puntuazioa eta dirulaguntzaren zenbateko aurreikusia. Orobat, gastu horiek justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira. Ebazpenak, halaber, bazter utziriko eskaerak adieraziko ditu, arrazoia zein den adieraziz.

10.3 Laguntzak eskatu dituzten elkarteei ebazpena jakinaraziko zaie eta jendaurrean jarriko da Euskarabidearen webgunean (www.euskarabidea.es) eta Nafarroako Gobernuaren webgunean (https://labur.eus/tHJdY).

Hamaikagarren oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

11.1. Deialdi honen babesean diruz laguntzen den programa egiteko erabili beharko da dirulaguntza, ez beste edozertarako.

11.2. Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuan justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin diren, jarduera bakoitzean parte-hartzaileen kopurua adierazita, sexuaren eta adin tarteen arabera.

11.3. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari jakinaraztea, telematika bidez, programa edo jarduera garatzean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu, elkartearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik. Diruz lagundutako programan edo jardueran edozein aldaketa egiteko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik, eta zerbitzu horrek baimena emanen du, baldin eta aldaketak onetsitako programa edo jarduera funtsean aldatzen ez badu, balorazio batzordearen ustean.

11.4. Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea programan, kartelean edo edozein eratako iragarkietan edo publizitatean. Aipamen hau Nafarroako Gobernuko sinbolo ofiziala arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin bat eginen da (https://labur.eus/En5fy), kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduera hedatzen den denbora guztian mantenduko da.

11.5. Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak proiektua burutu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.

11.6. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

11.7. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, pertsona edo entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

11.8. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

Hamabigarren oinarria.–Dirulaguntzaren ordainketa.

12.1. Dirulaguntza bi epetan ordainduko da: lehenengo ordainketa partzial bat, gehienez ere % 50ekoa, udako hilabeteetan eginen da, 2021eko apirilaren 30era bitarte exekutatutako gastuaren arabera; eta bigarren ordainketa urtea bukatu aurretik. Bi kasuetan, jardueren memoria eta 14. oinarrian aipatzen diren frogagiriak aurkeztu beharko dira aldez aurretik.

12.2. Emandako laguntzen zenbatekoa, oro har eta kasuan kasu adostu daitekeena deusetan galarazi gabe, justifikaziorako epeak bukatutakoan ordainduko da, Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuaren aldeko txostena izan ondotik.

Hamahirugarren oinarria.–Gastuen justifikazioa.

13.1. Bi epe ezartzen dira gastuak justifikatzeko:

Lehenengoa: lehen ordainketa partziala, dirulaguntzaren % 50era artekoa, 2021eko apirilaren 30era arte egindako programen eta gastuen arabera. Lehen ordainketa hori justifikatzeko dokumentazioa laguntzak emateko ebazpenean horretarako ezarritako epean aurkeztuko da.

Bigarrena: 2021eko urriaren 31ra arte egindako programa eta gastuetarako izanen da. Frogagiriak aurkezteko azken eguna berriz 2021eko azaroaren 6a. Egokitzat jotzen duten elkarteek gastuen justifikazio bakarra aurkez dezakete, bigarren eperako ezarri diren datak kontuan hartuta.

13.2. Elkarte onuradunak agiri bidez frogatu beharko du dirulaguntzaren xede diren jarduerak edo programak gauzatu dituela, aurkeztutako proiektu teknikoan lortutako puntuazioarekin bat, dagozkion frogagiriak aurkeztuz (fakturak edo nominak eta haien ordainagiriak).

Justifikatzen dena onartutako aurrekontua baino txikiagoa baldin bada, deialdiaren mugak kontuan izanik betiere, deialdia ixteko ebazpenean likidatu beharreko zenbatekoa berrikusiko da.

Hamalaugarren oinarria.–Frogagiriak.

14.1. Oro har, eta kasuan kasu erabaki daitekeena galarazi gabe, pertsona edo entitate onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuan, bosgarren oinarrian onartutako bidetako bat erabiliz:

a) Programaren memoria. Bertan balorazio orokorra jasoko da, honako hauek aipatuta: diruz lagunduta eginiko jarduerak, lagundutako ekintzen gastuen azalpen laburra eta izandako parte-hartzaileen kopurua, sexua adierazita. (IV. eranskina).

b) Justifikazio ekonomikoa. Gastuen, diru-sarreren eta jasotako laguntzen excel dokumentua beteko da, balantzea automatikoki kalkulatzen duena. Foru agindu honetan argitaratu da dokumentu horren eredua, V. eranskinean, kalkulu orri formatuan. Nafarroako Gobernuaren webgune instituzionalean ere eskura daiteke, helbide honetan: https://labur.eus/tHJdY.

c) Inprimatutako elementuak eta publizitatekoak.

d) Egindako programen edo jardueren gastuaren frogagiriak, jatorrizko fakturak edo kopia soilak.

Kanpo gelditzen dira berariaz honakoak: ordainagiriak, aurrekontuak eta garraio-agiriak.

14.2. Fakturen ezaugarriak.

Gastuen justifikazio gisa ez dira onartuko honako datu hauek argi identifikatuta ez dituzten fakturak eta/edo ordainagiriak:

–Igorlea, bere izena edo sozietate-izena eta NAN edo IFZ adierazita.

–Hartzailea, bere izena edo sozietate-izena eta NAN edo IFZ adierazita.

–Gastuaren xedea.

–Data.

–Faktura-zenbakia.

14.3. Banku-egiaztagiriak.

Gastuei dagozkien fakturez gain, horiei buruzko banku-egiaztagiriak edo -laburpenak aurkeztu beharko dira, aurkeztutako kopuruekin bat etorriz.

14.4. Euskarabideak egoki iritzitako dokumentazio, informazio, egiaztagiri eta faktura guztiak eska diezaizkieke elkarte onuradunei, dirulaguntzaren aplikazio egokiari buruzko arrazoizko ebidentzia lortzeko.

Hamabosgarren oinarria.–Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira xede eta helburu berberetarako beste administrazio batzuetatik, Nafarroako Gobernuko departamentuetatik, eta edozein motatako entitate eta erakunde publiko edo pribatuetatik jasotzen den beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Hamaseigarren oinarria.–Ez betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

16.1. Ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra etorriko da, edo ordainketa partzialik ez egitea, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze larritzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Batean nahiz bertzean berandutze-interesak eska daitezke, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Baloraziorako Batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezar ditzake.

16.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

Hamazazpigarren oinarria.–Gardentasuna.

17.1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra.

b) Hala bada, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

17.2. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

17.3. Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

17.4. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

17.5. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

17.6. Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

17.7. Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak (aipatutako foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona).

17.8. Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hemezortzigarren oinarria.–Aplikatzekoa den legeria eta errekurtsoak.

18.1. Modalitate hau oinarri hauek gobernatuko dute, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoak, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.

18.2. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

II. ERANSKINA

Jardueren proiektua (PDFa).

III. ERANSKINA

Aurrekontu xehakatua (Excela).

IV. ERANSKINA

Proiektuaren oroitidazkia (PDFa).

V. ERANSKINA

Justifikazio ekonomikoa (Excela).

VI. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2102525