52. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

13E/2021 FORU AGINDUA, otsailaren 9koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, 2021eko deialdia onesten duena laguntzak emateko Nafarroako Foru Komunitateko lantoki pribatuetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko. DDBN identifikazioa: 548344.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, 27. artikuluan, Nafarroako Administrazio Publikoak premiatzen ditu euskararen presentzia sustatzera gizarteko eremu guztietan, euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko, baita eskubide hori benetako bihurtzeko tresnak zehaztera ere.

Legezko eginbehar hori betetzeko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak esleiturik duen eginkizuna da euskararen presentzia eta erabilera bultzatzea eremu sozioekonomikoan, eta Nafarroan hura garatzeko programak abiaraztea, erakunde autonomoaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 303/2019 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2021eko deialdia onestea laguntzak emateko Nafarroako Foru Komunitateko lantoki pribatuetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002-B3200-4701-334100: Euskararen erabilera merkataritzan eta enpresetan

2021

140.000,00

B30002-B3200-7709-334100: Suspertze Plana: laguntzak, euskara ingurune digitalean sustatzeko aplikazioak garatzeko

2021

14.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea, bidezko ondorioak izan ditzaten, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, departamentu horretako Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Atalera, Euskarabideko Programen Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2021eko otsailaren 9an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

OINARRI ARAUTZAILEAK, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LANTOKI PRIBATUETAN EUSKARAREN ERABILERA ETA PRESENTZIA SUSTATZEKO LAGUNTZEN 2021eko DEIALDIARENAK

1. oinarria. Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntzak emateko modua arautzea euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko Nafarroako Foru Komunitateko sektore pribatuko entitateen lantokietan, 2021ean. Laguntzen helburua da euskararen erabilera, presentzia eta ikusgaitasuna handitzea entitateetan, enpresetan eta/edo lantokietan, neurri puntualak baliatuz. Horretarako, entitatearentzako lehenengo euskara plana prestatuko da, edo aurretik dagoen plana aplikatuko da, pixkanaka euskara txertatzen joateko sektore pribatuko enpresen paisaian eta funtzionamenduan, barrura zein kanpora begira.

Era berean, laguntzaren xede izanen diren ekintzen artean dago, aurrekoez gain, euskara txertatzea informazioaren eta komunikazioaren teknologietan (IKT).

2. oinarria. Aurrekontuko diru erabilgarria.

2.1. Deialdi honetarako bideratu den aurrekontua 154.000,00 eurokoa da, gehienez ere, partida hauen kargura: 140.000 euro, gehienez ere, “Euskararen erabilera merkataritzan eta enpresetan” izeneko B30002-B3200-4701-334100 partidaren kargura, 1., 2., eta 3. modalitateetan aurkezten diren enpresentzat, eta 14.000 euro, gehienez ere, “IKTetan euskara garatzeko laguntzak” izeneko B30002-B3200-7709-334100 partidaren kargura, 4. modalitatean aurkezten diren enpresentzat. Bi partida horiek 2021eko gastu-aurrekontukoak dira.

3. oinarria. Pertsona edo entitate onuradunak.

Laguntza hauek eska ditzakete Europar Batasuneko estatuetako edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duten estatuetako nazionalitatea edo bertan egoitza soziala duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuek, baldin gaitasun juridiko eta jarduteko gaitasun osoa badute, eta legez eraturik badaude, indarreko legeriarekin bat, eta, forma juridikoa edozein izanik ere, Nafarroako Foru Komunitatean dauden lantokien titularrak badira edo kudeatzen badituzte.

Kanpoan geldituko dira:

a) Beren kapital sozialean administrazio publiko batek edo batzuek %50eko partaidetza baino handiagoa duten entitateak.

b) Honako hauetan aritzen direnak: helduei euskara irakasten, edo beste enpresa batzuentzat euskararen arloan aholkularitza edo normalizazio eginkizunak betetzen, edo beste enpresa batzuei euskara itzulpenak egiten edo laguntza linguistikoa ematen.

c) “2021eko laguntzak euskara erabiltzeko prentsa idatzian, irratian eta online hedabideetan” izeneko deialdian aurkeztu diren komunikabideak.

Horrez gain:

d) Deialdi honetan parte hartzen ahal dute aurreko deialdietara aurkeztu diren enpresek, baina aurreko bi deialdietan, jarraian, 3. modalitateko ekintza solteak bakarrik egiteko laguntza jaso badute, lehenengo eta bigarren modalitateetara baino ezin izanen dira aurkeztu. Hots, euskara planik ez duten lantokiek jarduera solteetarako dirulaguntza bi urtez jarraian jaso badute, eta deialdi honetan parte hartu nahi badute, Euskara Plana aurrera eramateko ardura edo haren inplementazioa nahitaez beren gain hartu beharko dute (1. eta 2. modalitateak).

d letrako mugak ez dituzte izanen 4. modalitatean aurkezten diren enpresek.

4. oinarria. Baldintzak.

Onuradun izateko, enpresek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte:

a) Legez eratua izatea eta dagokion erregistroan inskribaturik egotea.

b) Lantoki bat izatea Nafarroan.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeretan ez egotea.

Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du enpresaren ordezkaritzak, eskabide orrian eta deialdiaren eranskinetan dagoena betez. (II. eranskina).

5. oinarria. Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.

Deialdi honetan kontuan hartuko dira, batez ere, enpresaren komunikazioarekin eta haren irudi korporatiboarekin lotutako gaiak, eta enpresaren barne eta kanpo harremanekin lotutakoak, denak ere Erreferentziazko Marko Estandarra izenekoan jasoak (aurrerantzean, EME, IV. eranskina), barne delarik prestakuntza linguistikoa ematea jarduera profesionalari dagokionez.

5.1. Proiektu edo jarduera diruz lagungarriak:

–1. modalitatea: EMEn oinarritutako lehen euskara plana egitea 2021ean.

–2. modalitatea: baldin eta aurretik euskara plan bat bada, diruz lagunduko da hura betetzeko 2021erako zehaztutako ekintzak kudeatzea, EME izenekoa erreferentziatzat hartuta betiere.

–3. modalitatea: EMEn proposatutakoetatik beharrezko jotzen diren ekintza solteak, entitatean edo lantokian euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko direnak.

–4. modalitatea: webguneak eta software aplikazioak euskaraz sortzeko inbertsioak, xedea dutenak komunikazioaren teknologietan euskara sustatu edo zabaltzea. Horrekin batera, diruz lagunduko da webguneak eta software aplikazioak egokitu edo aldatzea, euskaraz erabiltzeko.

5.2. 1. modalitatea: lehen euskara plana egitea 2021ean. Diru zenbatekoa: 20.000 euro.

Enpresarentzako lehen euskara plana egiteko proiektuak, entitatearen jardueran euskara pixkanaka txerta dadin. Fase hauek izan behar ditu nahitaez:

a) Egoera soziolinguistikoaren azterketa eta diagnostikoa, bai barne antolakuntzari dagokionez, bai enpresak ematen dituen produktu zein zerbitzuei dagokienez.

b) Euskara plan bat diseinatzea, bai barne antolakuntzari, bai zerbitzuak edo produktuak emateari dagokienez.

c) Jarduerak ezartzeko kronograma.

d) Plana ebaluatzeko aurreikusitako sistema, alderdi hauek neurtzeko: euskararen erabilera eta ezagutza enpresan; motibazioa eta sentsibilizazioa; langileen inplikazioa planean; hizkuntzarekiko jarrerak; hizkuntzaren ikusgaitasuna kanpoan nahiz barrenean.

Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Plana egiteko laguntza teknikoa (enpresak eta profesionalak kontratatzea). Kontratatutako gastuaren %100era arte laguntzen ahalko da diruz. Euskara plana edo haren faseren bat egiteko enpresa bat edo profesionalak kontratatuz gero, frogatu beharko da laguntza teknikoa ematen duenak badituela esperientzia profesionala duten langileak. Prestakuntza edo esperientzia duten langileek egin beharko dute eskatutako lana.

Esparru honetan prestakuntza edo esperientzia badutela frogatzeko, kontratatutako laguntza ematen duen enpresak edo profesionalak adierazpen bat egin beharko du (III.A eranskina).

b) Proiektua enpresak berak hartzen badu bere gain, enpresaren parte izanik proiektua egiten duten langileen lan gastuak. Enpresak eskaeran bertan adierazi behar du zein langilek egin behar duten proiektua eta lanaldiaren zer portzentaje eman behar duten horretan.

Proiektuaren arduradunak gaian duen esperientzia frogatu beharko du. Horretarako, prestakuntza eta esperientzia frogatzeko, proiektua egin behar duten langileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar dute (III.B eranskina).

Plana egitea behin bakarrik lagunduko da diruz, eta hartan jasotako ekintzak atxikitako Excel dokumentuan adieraziko dira (IV. eranskina, EME).

5.3. 2. modalitatea: aurretik egindako euskara plan baten inplementazioa edo aplikazioa. Diru zenbatekoa: 110.000 euro.

Plan horretan honakoak jaso beharko dira:

a) Egin beharreko ekintzak (EME), arduradunak, parte-hartzaileak, kostu ekonomikoa eta erabilerarekin eta presentziarekin lotutako helburuak planean ezarritako epean lortzeko bitartekoak.

b) Batetik, komunikazio estrategiak, zeinaren bidez jakinaraziko baitzaie planaren berri erakundeko gainerako kideei, eta, bestetik, motibazio estrategiak eta enpresan euskararekiko jarrera hobetzeko estrategiak.

c) Plana ebaluatzeko sistema, alderdi hauen gainekoa: euskararen erabilera eta ezagutza enpresan; motibazioa eta sentsibilizazioa; langileen inplikazioa planean; hizkuntzarekiko jarreren aldaketa; hizkuntzaren ikusgaitasuna kanpoan nahiz barrenean.

Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Plana egiteko laguntza teknikoa (enpresak eta profesionalak kontratatzea). Euskara plana edo haren faseren bat egiteko enpresa bat edo profesionalak kontratatuz gero, frogatu beharko da laguntza teknikoa ematen duenak badituela esperientzia profesionala duten langileak. Prestakuntza edo esperientzia duten langileek egin beharko dute eskatutako lana.

Esparru honetan prestakuntza edo esperientzia badutela frogatzeko, kontratatutako laguntza ematen duen enpresak edo profesionalak adierazpen bat egin beharko du (III.A eranskina).

b) Proiektua enpresak berak hartzen badu bere gain, enpresaren parte izanik proiektua egiten duten langileen lan gastuak. Enpresak eskaeran bertan adierazi behar du zein langilek egin behar duten proiektua eta lanaldiaren zer portzentaje eman behar duten horretan.

Proiektuaren arduradunak gaian duen esperientzia frogatu beharko du. Horretarako, prestakuntza eta esperientzia egiaztatzeko, proiektua egin behar duten langileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar dute (III.B eranskina).

5.4. 3. modalitatea: ekintza solteak edo neurri zehatzak, aurretiko euskara planik gabe, EMEn zehaztutakoak. Diru zenbatekoa: 10.000 euro.

Hiru modalitateetan, prestakuntza linguistikoak laguntza jaso dezan, zuzenean lotua egon beharko du dagokion lanbide jarduerarekin eta, horrez gain, erakundeak, lantokiak edo dagokion elkargo profesionalak antolatua izan beharko du, betiere beren lan jarduna sektore publikoan egiten ez badute, eta horretarako gaitutako zentroek eman beharko dute prestakuntza.

5.5. 4. modalitatea: webguneak eta software aplikazioak euskaraz sortzeko inbertsioak, xedea dutenak komunikazioaren teknologietan euskara sustatu edo zabaltzea. Diru zenbatekoa: 14.000 euro.

a) Webguneak eta software aplikazioak sortzea.

b) Lehendik dauden webgune eta aplikazioen eboluzioa, aldaketak, hobekuntzak eta aldakuntzak: zerbitzu, funtzionaltasun eta eduki berriak ematea; diseinua, irisgarritasuna edo egokitzapena hobetzea gailu mugikorretan erabiltzeko.

c) Webguneak eta software aplikazioak euskarara itzultzeko lanak.

Gailu mugikorretarako software aplikazioen kasuan, gutxienez Androiden eta iOSen funtzionatzeko diseinatu beharko dira.

Ezinbestekoa izanen da produktuaren euskarazko bertsioa zabaltzeko asmoa izatea proiektuaren barrenean.

5.5.1. Laugarren modalitatean ez dira diruz lagunduko honakoak:

a) Euskara normalizatzea helburu ez duten eskaerak.

b) Kapitala nagusiki publikoa duten entitate pribatuek aurkeztutako eskaerak, edo fundazioko ondarea edo gobernu-organoen partaidetza edo zuzendaritza nagusiki publikoa dutenek aurkeztutakoak.

c) Alderdi politikoen, hauteskunde-koalizioen eta sindikatuen proiektuak.

d) Norbanakoen atariak eta webguneak.

e) Atari eta webgune puntualak (jardunaldi edo ekimen zehatzen kariaz sorturikoak, euskararekin lotura zuzena izanik ere).

f) Demoak eta prototipoak.

g) Giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetza balioak errespetatzen ez dituzten proiektuak, edo herritarrentzat iraingarriak izaten ahal diren, haien duintasuna urratzen duten edo itxuraz indarkeria justifikatzen duten ikurrak edo elementuak agertzen dituztenak.

h) Generoen arteko tratu berdintasuna errespetatzen ez duten proiektuak.

i) Material didaktiko inprimatuak, ikus-entzunezkoak edo elektronikoak garatzeko proiektuak, baldin eta, araubide orokor edo berezietan aplikatzekoak izanik, zuzeneko edo zeharkako zerikusia badute ikasketa planarekin edo eskola curriculumarekin.

j) Helduei euskara irakasten aritzen diren entitateak, edo euskara planen gaineko aholkularitza eginkizunak betetzen dituztenak.

k) Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak ez betetzeagatik euskararen kalitatea bermatzen ez duten webguneak edo software aplikazioak.

l) Online hedabideentzako euskaraz egindako eduki berriak. Prentsa idatzian, irratian eta online hedabideetan euskara erabiltzeko laguntzen deialdian parte hartzen duten proiektuek gastu hauek aurkezten ahalko dituzte, ez besterik: zerbitzu eta funtzionalitate berriak ezarriz, lehendik dauden webguneak hobetzeari dagozkionak; edo euskarazko softwarea sortzera bideratutako inbertsioak.

m) Software aplikazio eta webguneetan euskaraz ez ezik beste hizkuntza batzuetan ere eskaintzen badira edukiak eta zerbitzuak, gastuaren parte bat besterik ez da kontatuko, hau da, euskarazko produktu edo zerbitzuari dagokiona baizik ez da diruz lagunduko.

n) Bestalde, dirulaguntza eskatzen bada lehendik zegoen edukiren bat sarean jartzeko, egokitzapen-lana baizik ez da aintzat hartuko.

ñ) Ez dira gastutzat hartuko enpresa eskatzailearen jarduera orokorrari dagozkion gastuak, baldin eta ez badaude zuzenean loturik deialdira aurkeztutako proiektu zehatza gauzatzearekin.

o) Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) gastua ez da kontuan hartuko. Nolanahi ere, BEZa berreskuratzeko modurik ez duten enpresa onuradunen kasuan, kontuan hartuko da gastu hau, eta enpresa horiek kasuko foru aldundiko ogasun departamentuaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute.

6. oinarria. Jarduera diruz lagungarriak gauzatzeko epea.

2020ko urriaren 16tik 2021eko irailaren 30era bitarteko epea hartzen du dirulaguntzak.

7. oinarria. Eskabideak nola eta noiz aurkeztu.

7.1. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren izapideen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/9030/Lantoki-pribatuetan-euskararen-erabilera-eta-presentzia-sustatzeko-laguntzak-2021. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat (tramitatu botoia) izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Eskaera bakoitzak erantsirik izanen du proiektu bat, epe diruz lagungarrian egin beharreko jarduerak behar bezala zehazten dituena.

7.2. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.3. Ezinbestekoa da gaitutako helbide elektroniko bat (GHEa) izatea; Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbide honetan eskura daiteke: http://notificaciones.060.es. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

7.4. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

7.5. Dirulaguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago, edo nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazioa erantsi ezean, pertsona edo entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen zaio, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta espedientea artxibatu eginen da, egoera deklaratzen duen ebazpena eman ondoren.

8. oinarria. Dokumentazioa.

Behin berariazko eskaera telematikoan datuak osatutakoan eta kasuan-kasuan aurkeztu beharreko dokumentazioa han adierazitakoan, dokumentu hauek atxikiko dira:

8.1. Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, dioena entitatea dirulaguntzen onuradun izateko debeku-egoeretan ez dagoela. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira. Horrez gain, adierazpen horretan adierazi behar du betetzen dituela 4. oinarriko baldintzak (II. eranskina).

8.2. Entitate eskatzailearen nortasun juridikoaren frogagiriak:

a) Eratzeko edo, hala behar badu, aldatzeko eskritura, behar bezala inskribatua Merkataritza Erregistroan, enpresa pertsona juridikoa bada.

b) Elkartea bada, Nafarroako Gobernuko Barneko zuzendari nagusiaren ebazpena, elkartea Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan inskribatzen duena, baita elkartearen estatutu legeztatuak ere.

c) Eskatzailea beste baten izenean eta hura ordezkatuz ari bada, horretarako emandako ahalordearen frogagiria, notario eta erregistro bidez egina.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetan, espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen ditu identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen duena.

Entitate edo pertsona eskatzaileari dagokion dokumentazioa Administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriro aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluarekin bat.

Kasu horretan, dokumentazio hori indarrean dagoela agertzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan, eta noiz aurkeztu zen edo eman zuten.

Bide hau bakarrik erabiltzen ahalko da agirien prozedura bukatu zenetik bost urte baino gehiago iragan ez badira.

8.3. Kasua bada, laguntza teknikoaren arduraduna den enpresaren edo profesionalaren identifikazioa, atxikita duela proiektua egiteko aukeratutako pertsonek eta profesionalek azkeneko bi urteotan plangintza linguistikoan izan duten esperientziari eta/edo prestakuntzari buruzko adierazpena.

8.4. Adierazpena, gardentasun betebeharrak betetzen direla adierazteko (VIII. eranskina).

8.5. Baldin entitate eskatzailea ez badago alta emanik Nafarroako Gobernuaren Transferentzia bidez Ordaintzeko Sisteman (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm) edo datu horiek aldatu nahi baditu, jatorrizko inprimakia aurkeztuko du, beterik, edo inprimaki hori Ogasuneko Departamentuko Diruzaintza Atalean aurkeztu izanaren frogagiria.

8.6. Aholkularitza edo laguntza enpresek emandako ekipamenduko ondasunen horniduren edo zerbitzuen kasuan, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori frogatzeko, egiaztagiri bat aurkeztu behar da, hornitzailea hautatzeko erabili den prozedura justifikatzeko.

8.7. Proiektu zehatz bat, honako hauek jasotzen dituena:

a) 1. modalitatea. Lehen euskara plana. Enpresaren edo lantokiaren lehen euskara plana egiteko proposamena, garatu beharreko alderdien zerrenda labur bat duela. Gainera, EME koadroko 0 laukia eta aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria bete behar dira (IV. eranskina).

b) 2. modalitatea. Baldin aurretik euskara plan bat badago, aurkeztu behar da, planaren beraren kopiaz gain, planean 2021erako aurreikusitako neurriak inplementatu edo aplikatzeko plana ere. Hartan zehaztuko da zer hobekuntza lortu behar diren, deialdi honetan jasotako alderdiei dagokienez. Halaber, EME koadroa bete eta aurkeztu behar da, proposatutako neurriak eta haien gastua adierazita, bai eta aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria ere (IV. eranskina). Horiekin batera eta Euskarabidean ez badago, 2020ra arte egindako ekintzen memoria xehakatua erantsiko da, urtez urte banakatua.

c) 3. modalitatea. Baldin eta neurri zehatzak aplikatu behar badira entitatean euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko, behar bezala betetako EME koadroa, aurreikusitako gastuak adierazita, eta aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria (IV. eranskina).

d) 4. modalitatea. Proiektuan honakoak jaso beharko dira:

a. Proiektuaren azalpen teknikoa (IX. eranskina).

b. Aurrekontu zehaztua. Hartan jasoko dira gastuak, diru-sarrerak eta, halakorik bada, inbertsioak (hots, zenbait ekitalditan amortizagarriak diren gastuak). Proiektuaren aurrekontu hori laburturik emanen da laguntza eskatzeko fitxan, eta xehaturik (X. eranskina).

c. Langileria gastuak (X. eranskina) A1etik A11rako atalak, barne direla proiektua egiteko behar diren giza baliabideen gastuak, bai barneko gastuak (soldata gordina, zergarik gabe, eta legeak ezarritako kotizazioak), bai kanpokoak (kanpo zerbitzuak kontratatzea).

d. Proiektua kudeatzeari lotutako langileria gastuei dagokienez, langileria gastuen gainerako zenbatekoaren %20 hartuko da kontuan, gehienez ere (X. eranskineko A11 atala).

Eskaeraren baloraziorako aurkeztu nahi den edozein dokumentazio osagarri.

9. oinarria. Datuen tratamendua.

Eskaeran eta erantzukizunpeko adierazpenean emandako datuak, bai eta dirulaguntzaren onuradun izanez gero aurkezten diren gainerako datuak eta dokumentazioa ere, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako legeria aplikagarrian xedatutakoari jarraituz tratatuko dira. Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubideak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan erabiliko dira, aipatutako legerian oinarriturik.

10. oinarria. Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

11. oinarria. Instrukzioa.

Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak instruituko du prozedura. Eskaerak ebaluatuko ditu deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera, eta, batzordeak egindako ebaluazioa ikusirik, ebazteko proposamena eginen du.

Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, eta hainbanaketa eginen da.

Entitate onuradunek jarduera bera egiteko bateragarriak diren dirulaguntzak hartzen badituzte, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo dirulaguntzaren xede den jardueraren baliabide berekiekin batuta, pertsona edo entitate onuradunek egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

12. oinarria. Balorazioa. Batzorde Teknikoa.

12.1. Balorazio Batzorde Teknikoa.

Aurkeztutako eskaerak aztertzeaz arduratuko da, bere erabakia loteslea izanen da, eta kide hauek izanen ditu:

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena; batzordeko burua izanen da.

–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.

–Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiko arduradun bat, 4. modalitateko eskaerak baloratzeko.

–Garapen Ekonomikorako Departamentua ordezkatzen duen pertsona bat, 1., 2. eta 3. modalitateetako eskaerak baloratzeko.

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat, idazkari lanetan ariko dena, botorik eta hizpiderik ez duela.

Balorazio Batzorde Teknikoak, aurkeztutako programen edukiaren arabera, egoki iruditzen zaizkion teknikarien aholkua eskatzen ahalko du.

Batzordearen ebaluazioa ikusirik, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen dio Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

13. oinarria. Eskaerak baloratzeko irizpideak eta laguntzen esleipena.

13.1. Balorazio irizpideak.

Balorazio Batzorde Teknikoak eskaerak aztertuko ditu ondotik adierazten diren irizpideak kontuan harturik, modulu sistema erabiliz, eta laguntzak lortutako puntuazioaren proportzioan esleituko ditu. 5. oinarrian ezarritako modalitateen ordenari jarraikiz.

13.1.1. Aplikatutako irizpideak: 100 puntu gehienez.

1. eta 3. modalitateak:

a) Lantokietan euskararen presentzia eta erabilera areagotze aldera, 60 puntu emanen dira gehienez, eta EMEko hiru ardatzetan jasotako alderdi hauekin lotutako proiektuak hartuko dira kontuan:

–Komunikazioa eta irudi korporatiboa: 25 puntu gehienez.

–Kanpo harremanak: 20 puntu gehienez.

–Barne harremanak: 15 puntu gehienez.

b) Plantillaren edo profesionalen prestakuntza linguistiko egokia bermatze aldera, helburu izanik eraginkorki sustatzea euskara izan dadila gero eta gehiago lan jarduerako laneko hizkuntza: 40 puntu gehienez. Euskarabideak pertsona edo entitate parte-hartzaileei eskatzen ahal die aprobetxamenduaren frogagiriak aurkez ditzatela.

Alderdi hau baloratzeko, kontuan hartuko da prestakuntzan zuzenean inplikatutako langileen ehunekoa, plantilla osoa kontuan izanik. Horrela, 40 puntu emanen zaizkie plantillaren erdiari prestakuntza ematea erabakitzen duten lantokiei; gainerako kasuetan, puntuazioa emateko, hiruko erregela zuzen hau aplikatuko da: prestakuntza linguistikoa jasotzen duten pertsonen kopurua bider 40 puntu egin, eta lantokiko plantillak duen langile kopuruaren erdiaz zatituko da.

2. modalitatea:

a) Lantokietan euskararen presentzia eta erabilera areagotze aldera, 20 puntu emanen dira gehienez, eta EMEko hiru ardatzetan jasotako alderdi hauekin lotutako proiektuak hartuko dira kontuan:

–Komunikazioa eta irudi korporatiboa: 8 puntu gehienez.

–Kanpo harremanak: 6 puntu gehienez.

–Barne harremanak: 6 puntu gehienez.

b) Enpresaren edo lantokiaren euskara planaren inplementazioan egindako ibilbidea baloratuko da. Ibilbidea eta proiektuaren egonkortasuna, urteen arabera puntuatuko dira, 30 puntu gehienez.

Urte bakoitzeko aldia honela puntuatuko da. Urte bat: 5 puntu; bi urte: 10 puntu; hiru urte: 20 puntu; lau urte edo gehiago: 30 puntu.

c) Memoria 10 punturekin baloratuko da gehienez, kontuan hartuta planaren aplikazioak alderdi hauetan izan duen eragina: euskararen erabilera eta ezagutza enpresan; motibazioa eta sentsibilizazioa; langileen inplikazioa planean; hizkuntzarekiko jarreren aldaketa; hizkuntzaren ikusgaitasuna kanpoan nahiz barrenean.

d) Plantillaren edo profesionalen prestakuntza linguistiko egokia bermatze aldera, helburu izanik eraginkorki sustatzea euskara izan dadila gero eta gehiago lan jarduerako laneko hizkuntza: 40 puntu gehienez. Euskarabideak pertsona edo entitate parte-hartzaileei eskatzen ahal die aprobetxamenduaren frogagiriak aurkez ditzatela.

Alderdi hau baloratzeko, kontuan hartuko da prestakuntzan zuzenean inplikatutako langileen ehunekoa, plantilla osoa kontuan izanik. Horrela, 40 puntu emanen zaizkie plantillaren erdiari prestakuntza ematea erabakitzen duten lantokiei; gainerako kasuetan, puntuazioa emateko, hiruko erregela zuzen hau aplikatuko da: prestakuntza linguistikoa jasotzen duten pertsonen kopurua bider 40 puntu egin, eta lantokiko plantillak duen langile kopuruaren erdiaz zatituko da.

4. modalitatea:

a) Euskararen ikusgaitasuna IKTen ingurunean: 55 puntu gehienez. Balorazioa egiteko, honako hau hartuko da kontuan:

–Euskararen tratamendu teknikoa: proiektuaren arduradunen prestakuntza eta gaitasuna, eta proiektuaren hizkuntza kalitatea ziurtatzeko neurriak: 15 puntu.

–Ikuspegia: euskararen erabilera eta presentzia herritarren artean, eta bereziki, gazteen artean areagotzeko laguntzen duten proiektuak baloratuko dira: 25 puntu.

–Izaera berritzailea antzeko proiektuen aldean: 10 puntu.

–Ingurunearen suspertze ekonomikoa edo soziala: 5 puntu.

b) Proiektuaren kalitatea eta egokitasun teknikoa: gehienez 35 puntu. Balorazioa egiteko, honako hau hartuko da kontuan bereziki:

–Proiektua planifikatzeko proposamena: 5 puntu.

–Diseinuaren eta irisgarritasunerako neurrien proposamena: 5 puntu.

–Aplikazioaren multiplataforma exekutatzeko neurriak: 10 puntu.

Zabalkunderako neurriak: produktuan egindako gaurkotze-lanak jakinarazteko eta egoki zabaltzeko proposamena: 5 puntu.

c) Kode irekia erabiltzea: 10 puntu.

13.2. Zenbatekoen kalkulua.

a) Hartutako eskaeretan oinarriturik, Balorazio Batzorde Teknikoak zenbatekoak esleituko ditu, modalitate bakoitzaren barnean, puntu sistema erabiliz.

b) Modalitate bakoitzean eskuratutako puntu guztien batuketa egin ondotik, dagoen zenbatekoaren arabera aterako da puntu bakoitzak euroetan duen balioa.

c) Lehenbiziko hiru modalitateetan soberakinik sortzen bada, oraindik diruz laguntzeko tartea duten 2. modalitateko eskatzaileen artean banatuko dira proportzioan.

d) Laugarren modalitatean soberakinik sortzen bada, oraindik diruz laguntzeko tartea duten modalitate honetako eskatzaileen artean banatuko da.

14. oinarria. Ebazpena.

14.1. Balorazio Batzorde Teknikoak prestatutako proposamena ikusirik, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du aurkeztutako eskaeren gainean, gehienez ere bi hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aitzina.

14.2. Dirulaguntzak emateko ebazpenean jaso beharko da eskaera bakoitzari dagokion aurrekontu onartua, eskuratutako puntuazioa eta osotara emandako dirulaguntza, eta hura ukatu bada, horretarako arrazoiak.

14.3. Ebazpenaren edukia Euskarabidearen web-orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan ere, laguntza honi dagokion fitxan.

14.4. Gehieneko epe hori iragan eta berariaz ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi dela ulertuko da.

15. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Entitate edo pertsona onuradunek behar bezalako publizitatea emanen diote hartutako dirulaguntzari, dirulaguntzaren onespenaren hasieratik eman ere. Aipamen hori eginen da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin (https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2020/36/0), kasuan-kasuan aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduerak irauten duen aldi guztian ere mantenduko da.

Horrez gain, idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartzearen berri emanen da. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera egiten diren publizitate eta zabalkunde jardueretan soilik eskatzen ahalko da betebehar hori.

16. oinarria. Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, 4. eredua bete beharko dute: “Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena” (1.2 eranskinean ageri da).

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Dirulaguntzen onuradun diren entitateek, aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik behartuta badaude gardentasun betebeharra betetzera, jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:

a) Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak (aipatutako foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona).

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun-printzipioa.

17. oinarria. Laguntzen ordainketa.

Dirulaguntza epe bakarrean ordainduko da, urtea bukatu aurretik, behin jardueren memoria eta 18. oinarrian aipatzen diren frogagiriak aurkeztu ondoan.

18. oinarria. Pertsona edo entitate onuradunek aurkeztu beharreko frogagiriak.

Behin dirulaguntzaren xedeko jarduerak eginda, enpresa onuradunek 2020ko urriaren 16tik 2021eko irailaren 30era bitarte egindako jardueraren gastuei dagozkien frogagiriak aurkeztu behar dituzte.

Dokumentazio hori aurkezteko azken eguna 2021eko irailaren 30a izanen da.

Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena, hots, 2021eko irailaren 30a baino lehen.

Aurkeztu behar da:

a) Memoria:

1. modalitatea. Memoriak euskararen plana hartuko du barnean: helburuak, jarduerak, kronograma, ebaluazio neurriak.

2. modalitatea. 2021ean eginiko plana: helburuak, jarduerak, kronograma, ebaluazio neurriak.

Era berean, 2. modalitatean, plana abiatu zenetik 2020. urte arteko ibilbidea erantsiko da, urtez urte xehakatua.

Gutxienez 2 urtez euskararen plan bat martxan jarri duten enpresek honakoen balorazio kualitatiboa eta kuantitatiboa ere jasoko dute memorian: euskararen erabilera eta ezagutza enpresan, motibazioa eta sentsibilizazioa, langileen inplikazioa, hizkuntzarekiko jarrerak eta hizkuntzaren ikusgaitasuna kanpoan zein barnean.

3. modalitatea: egindako jardueren memoria.

Hiru kasuetan, dirulaguntzaren xede izan diren jardueren frogagiriak (argazkiak, pantaila-argazkiak, grabaketak...) ere aurkeztu behar dira.

Memorian frogatuko da egindako publizitatea bat datorrela 15. oinarrian ezarritakoarekin, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen den materiala erantsiko da: web-orriak, inprimakiak, katalogoak, argazkiak, bideoak...

4. modalitatea: Proiektuaren memoria (IX. eranskina) eta aurrekontu xehakatua (X. eranskina).

b) Diruz lagundutako ekintzari dagozkion gastuen zerrenda (V. eranskina) eta frogagiriak (BEZa kanpo), jatorrizkoak edo kopia soilak, aipaturiko aurrekontuaren arabera, diruz lagundutako aldiari dagokionez.

Zerrendako gastuak hurrenez hurren zenbakituak egonen dira eta frogagiriek hurrenkera horri segituko diote. Ahalegina eginen da, halaber, gastuen kontzeptuek eta dagozkien frogagiriek izen bera izan dezaten, egiaztatzea errazagoa izan dadin. Ez dira onartuko dokumentuak baldin eta, formari dagokionez baldintzak bete arren, ezin badira argi eta garbi identifikatu dena delako kontzeptuari dagozkion fakturak.

c) Jarduerarekin lotutako dirulaguntzen zerrenda eta frogagiriak, jatorrizkoak zein kopia soilak (VI. eranskina), diruz lagundutako aldiari dagozkionak.

d) Langileak kontratatuz gero, gastua legez bidezko den bezala justifikatu beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeari jarraikiz.

Euskarabideak beretako gordeko du entitate interesdunei jatorrizko agiriak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu.

V. eranskina (gastuak) eta VI. eranskina (dirulaguntzak) Excel formatuan beteko dira, deialdi honen bidez onesten den ereduaren arabera. Bide telematikoen bidez aurkeztu beharko da jatorrizko formatuan. Entitatean horretarako eskumena duen pertsonak zigilatuko eta sinatuko du Excel bereko VII. eranskina (balantzea).

Kolaborazio lanak egiten dituzten pertsona edo entitateei egindako ordainketak justifikatzeko, indarrean dagoen legeriaren arabera behar bezala betetako fakturak aurkeztuko dira.

Laguntza teknikoaren lanak enpresaren barneko langileek egiten dituztenean (1. eta 2. modalitateak), arduradunak sinatutako ziurtagiri bat aurkeztu behar du enpresak, non zehaztuko baita langileak zenbat ordu aritu diren haietan eta zein den ordu haiei dagokien zenbatekoa.

Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zena baino txikiagoa bada, edo gastuaren frogagirien bidez justifikatutako zenbatekoa emandako laguntzaren arabera justifikatu beharreko zenbatekoa baino txikiagoa bada, murrizketa proportzionala ezarriko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari.

Gastuen aurrekontu justifikatuak handiagoa izan behar du beste deialdi batzuetatik lortutako laguntzen eta deialdi honetan jasotzen den zenbatekoaren arteko baturak baino. Txikiagoa izanez gero, jaso beharreko zenbatekoa murriztu eginen da, baturak berdindu arte.

19. oinarria. Jardueren kontrola.

19.1. Euskarabideak egokiak iruditzen zaizkion kontrol eta egiaztapen guztiak egiten ahalko ditu laguntzak hartzeko ezarritako eginbeharrak betetzen direla egiaztatzeko. Eginbeharrak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

19.2. Onuradunak jakinarazi beharko dio laguntza ematen duen organoari xede bererako beste dirulaguntza batzuk eskatu edo jaso dituela, izan beste autonomia erkidego bateko administrazio publiko batenak nahiz erakunde edo entitate publiko edo pribatu batenak.

Laguntza hauen pertsona onuradunek planean programaturiko epeak bete beharko dituzte. Epe horiek bete ezean, Euskarabideak, behar den ikuskapena egin ondoan, emandako laguntza berrikusiko du, eta horren arabera dagokion zenbatekoa gutxitu edo osorik deuseztatuko du, hala behar badu.

19.3. Pertsona edo entitate onuradunek genero-berdintasunaren printzipioak begiratu beharko dituzte, bai beren funtzionamenduan, bai zabaltzen dituzten edukietan. Era berean, material, irudi eta dokumentazio guztiak emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasun, rol aniztasun, berdintasun eta bizikidetza balioak sustatuko ditu.

20. oinarria. Ez-betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

20.1. Ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra egonen da, edo ordainketa partzialik ez egitea, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze astuntzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Balorazio Batzordeak komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu mailakatzea egiteko.

20.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

21. oinarria. Dirulaguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.

21.1. Deialdi honek oinarri arautzaile hauetan xedatutakoari jarraituko dio. Oinarri hauetan berariaz aurreikusirik ez dauden alderdiak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak arautuko ditu, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.

21.2. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

21.3. Era berean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzaren onuradun izateko baldintzak betetzen direla dioena (PDFa).

III.A ERANSKINA

Adierazpena, laguntza teknikoa emanen duen enpresak/profesionalak duen prestakuntzaren/eskarmentuaren gainean (PDFa).

III.B ERANSKINA

Adierazpena, enpresaren barruan proiektua gauzatuko duen barneko langileen prestakuntzaren/esperientziaren gainean (enpresaren ordezkariek bete beharrekoa) (PDFa).

IV., V., VI. ETA VII. ERANSKINAK

IV. eranskina.–EME taula eta aurrekontu zehaztua, deialdi honetan ezarritako aldiari dagokiona (Excela).

–Justifikaziorako:

V. eranskina.–Gastuen frogagiriak (Excela).

VI. eranskina.–Dirulaguntzen frogagiriak (Excela).

VII. eranskina.–Justifikazio balantzea (Excela).

VIII. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena (PDFa).

IX. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapen teknikoa (PDFa).

X. ERANSKINA

Proiektuaren aurrekontua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2102524