5. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

248E/2020 EBAZPENA, abenduaren 11koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, ikertzaileak eta teknologiaren arloko langileak kontratatzeko laguntzen 2021eko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 538734.

Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (RIS3an) identifikatutako sektore estrategikoak hauek dira: automozioa eta mekatronika, elikakatea, energia berriztagarriak eta baliabideak, osasuna, turismo integrala eta sorkuntza industriak eta industria digitalak. Hori guztia, beste jarduera sektore batzuetatik etor litekeen edozein ekimen gutxietsi gabe.

Halaber, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak, Nafarroako Gobernuaren 2017ko uztailaren 19ko Erabakiaren bidez onetsiak, zenbait aipamen egiten ditu ikerketarako talentuari bultzada irmoa eman beharraren gainean; hala, I+G+Baren oinarria pertsonak direla iritzita, beharrezkotzat jotzen du talentu hori prestatu, mantendu eta erakartzeko aukera eskaintzea. Ildo horretan, ikertzaileak kontratatzeko laguntzen deialdia interes handiko tresnatzat jotzen du, ikertzaileak ikerketako enpresa eta erakundeetan sartzeko bultzada ematen baitu.

Aurreko deialdietan emaitza onak lortu dira prestakuntzako tituludunak enpresetako eta zentro teknologikoetako I+G+Bko lanetan has daitezen, eta horregatik beharrezkoa da jarduketa ildo hori mantentzea, baina kontratatzen diren pertsonek egiten ahal dituzten jarduketa motak zabalduta.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ikertzaileak eta teknologiaren arloko langileak kontratatzeko laguntzen 2021eko deialdi aurreratua onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontu-kreditua baimentzea, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintzapean:

AURREKONTU-PARTIDA HONEN BALIOKIDEA DEN PARTIDA:

EKITALDIA

ZENBATEKOA, EUROTAN

G20001-G2100-4701-467300: Ikertzaileak eta teknologiaren arloko langileak kontratatzeko laguntzak; industriako doktoregoak; ikertzaileen mugikortasuna

2022

800.000

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2020ko abenduaren 11n.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da tituludunen prestakuntza hobetzea, nola eta ikertzaile eta teknologiaren arloko langile gisa parte hartuz Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzioko eragileek eta enpresek garatzen dituzten I+G+b jardueretan eta horrelakoei sostengu emateko jardueretan.

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzioko eragileak eta enpresa pribatu edo publikoak izan daitezke laguntza hauen onuradunak, akredituta egon eta baldintza hauek betez gero:

a) Nafarroan lantoki bat izatea eta diruz laguntzen den kontratazioaren xedeko pertsonak jarduerak zentro horretan egitea.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskabidean entitate eskatzaileak berariaz uko egiten badio horri, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

3. Laguntzen eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.

3. oinarria.–Kontratatutako pertsonak egin beharreko jarduerak.

Dirulaguntzaren xedea da honako jardueraren batean aritzeko pertsona bat kontratatzea:

1) Entitatearen I+G+b proiektuak.

2) Berrikuntza jarduerak, honako arloren batean: prozesu edo produktuen berrikuntza; merkatu arloko berrikuntza (konponbide teknologiko bateko produktuak beste merkatu batzuetara zabaltzea); berrikuntza sozialeko metodologiak aplikatzea; ekodiseinua; entitatean 4.0 industria konponbideak txertatzea.

3) I+G+b jarduerei sostengu emateko lanak: proiektuen kudeaketa; jabetza industrialaren babesa; merkatu edo konkurrentzia azterketak; ziurtapenak (adibidez, EE marka lortzea).

4. oinarria.–Dirulaguntzaren xedeko kontratazioa.

1. Kontratatzen den pertsonak baldintza hauek bete beharko ditu kontratazioaren unean:

a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo beste enplegu zerbitzu publiko batean inskribaturik egotea enplegu eskatzaile gisa.

b) Honako titulu hauetariko bat edukitzea:

i) Unibertsitateko tituluak: doktoretza, lizentzia, ingeniaritza, arkitektura, masterra, gradua, diploma, ingeniaritza teknikoa edo arkitektura teknikoa.

ii) Goi mailako Lanbide Heziketa.

c) Deialdia argitaratzen denetik kontratua sinatzen den egunera arte, entitate onuradunarekin kontratu harremanik ez izatea, ez eta harekin lotutako edo elkartutako enpresekin ere (651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean agertzen diren definizioen arabera).

2. Kontratuak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Laguntzaren onuraduna den entitateak eta kontratatzen den pertsonak sinatuko dute.

b) Idatziz formalizatuko da, honako hau berariaz adierazirik:

i) Kontratatutako pertsonaren titulazioa.

ii) Hasierako eguna (ezin da 2021eko irailaren 30etik aurrerakoa izan), eta bukaerakoa (salbu kontratua mugagabea bada). Ez dira onartuko “proiektuen datak”, “obraren bukaera” eta horrelako aipamenak.

iii) Beteko den lanpostua.

iv) Urteko soldata gordina, eurotan adierazia; ez dira onartuko “hitzarmenaren arabera” eta horrelako aipamenak.

v) Deialdi honen bidezko dirulaguntzaren aipamena.

c) Kontratua lanaldi osokoa izanen da, eta gutxienez 12 hilabetekoa.

d) Kontratatzen den pertsonak Nafarroan kokatutako lantokietan jardunen du, eta 6. oinarrian aipatutako eskaeran zehaztutako ikasketa-tituluekin bat heldu diren lanpostuetan arituko da.

e) Gizarte Segurantzaren kotizazioaren kontu-kodeari dagokionez, kontratatzen den pertsona entitate onuradunaren Nafarroako lantoki batean sartua egonen da.

f) Honako hauek izanen dira Gizarte Segurantzako kotizazio taldeak, kontratatzen den pertsonaren titulazioaren arabera: 1. edo 2. taldea unibertsitateko tituluen kasuan, eta 1. taldetik 7.era goi mailako Lanbide Heziketaren kasuan.

g) Ordainsariak kasuan kasuko lan hitzarmenean ezarritakoan oinarrituko dira, eta urteko soldata gordina 18.000 eurokoa izanen da gutxienez.

h) Langileen Estatutuan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa beteko da.

3. Eskaera bakoitzean pertsona bakar baten kontratazioa aipatuko da, eta 3. oinarrian azaldutako jardueretakoren bat egiteko kontratazio baterako baino gehiagotarako laguntza eskatzen ahalko da, baina entitate bakoitzari kontratazio bat diruz lagunduko zaio gehienez. Nolanahi ere, eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, diruz lagundu daitezkeen kontratuen kopurua handitzen ahalko da: gehienez ere hiru kontratu entitate onuradun bakoitzeko.

4. Kontrataziorako dirulaguntzarik ez da emanen baldin eta kontratatzen den pertsona honako hauen ezkontidea, ondorengoa edo bigarren mailara arteko ezkontza- edo odol-ahaidea bada (ahaidetasun maila hori barne): entitate onuradunaren enpresaburua edo entitatearen kontrola bere gain daukaten pertsonak, entitatearen zuzendaritzako karguak betetzen dituztenak edo entitatearen administrazio organoetako kide direnak.

Inguruabar hori kontratuarekin batera aurkeztu beharreko erantzukizunpeko adierazpenean jaso beharko da.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen zenbatekoa.

1. Gastu diruz lagungarria kontratatzen den pertsonaren soldata kostuen portzentaje bat izanen da (Gizarte Segurantzarako ekarpenak barne). Laguntzek gehieneko muga bat izanen dute (eurotan adierazia), kotizazio taldearen arabera, taula honetan adierazten den bezala:

ENTITATE ONURADUNA

LAGUNTZA (%)

GEHIENEKOA
(1. taldea)

GEHIENEKOA
(2. taldea)

GEHIENEKOA
(3. taldetik 7.era)

Enpresa handiak

50

17.000

15.000

13.000

Gainerako entitateak

70

19.000

17.000

15.000

Ondorio horietarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:

a) Enpresa handiak: 651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean enpresa txiki eta ertainerako emandako definizioarekin bat heldu ez direnak.

b) Gainerako entitateak: enpresa txiki eta ertainak, aurreko letran adierazitako definizioaren arabera; Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragile egiaztatuak.

2. Entitate eskatzaileek laguntza osagarri bat jaso dezakete; halakoetan, aurreko ataleko gehieneko kopuruak gainditzen ahalko dira, baldintza hauetakoren bat betetzen dutenean:

a) 1.000 euroko laguntza osagarria, baldin eta emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat aplikatzen bada:

i) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatzea eta aplikatzea, non ez dauden hartara behartuak Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluaren arabera, hau da, 250 langile baino gutxiago dituztenean.

ii) Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politiken aplikazioan nabarmentzeagatik aitortza edo bereizgarriren bat izatea (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarri ofiziala edo Amedna-ren “Reconcilia zigilua”, eta abar).

iii) Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak edo entitatearen gizarte erantzukizunaren arlokoak aplikatzea.

b) 1.000 euroko laguntza osagarria, baldin eta entitate onuradunaren guztizko plantillan 50 langile edo gehiago badaude eta horietatik %4k baino gehiagok desgaitasunen bat baldin badute. Eta gainerako entitateen kasuan, portzentaje hori plantillako langile guztien %2 edo handik gorakoa denean.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean amaituko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen www.nafarroa.eus atarian, tramiteen katalogoan behar den webgunearen bidez (hemendik aitzina, laguntzen webgunea).

Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari baimena ematea jakinarazpenak eta entitate eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.

3. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen webgunean eskura dauden ereduen arabera:

a) Eskabide telematikoa, 2. eta 17. oinarrietan aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.

b) Lan eta prestakuntza plana, 7. oinarrian adierazitako balorazioaren xede izanen diren atalen arabera. Gainera, behar beste informazio aurkeztu beharko da organo kudeatzaileak egiaztatu ahal izan dezan kontratatuko den pertsonak eginen dituen jarduerak 3. oinarrian azaldutakoen artean daudela.

c) Eskatzailea enpresa txiki edo ertain bat bada, enpresaren tamaina egiaztatu ahal izateko formularioa, eta, horrez gainera, azken 2 ekitaldietako kontuak, itxiak eta merkataritza-erregistroan gordailutuak, bai eskatzailearenak, bai hari elkartutako eta lotutako enpresenak.

d) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko neurriak frogatzen dituen dokumentazioa, 5. oinarriko laguntza osagarria justifikatzeko. 2.a.

e) Alta egoeran dauden langileen txostena (ITA), Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana laguntza-eskaeraren egunaren aurreko hilabetean zehar, 5.2.b oinarriko laguntza osagarria justifikatzeko.

f) Entitateak, laguntzaren xedeko jarduera egin behar den lantokian, 2020. urtean izan duen batez besteko plantilla frogatzen duen agiria.

Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentu guztiak artxibo bereizitan aurkeztu beharko dira, bakoitza behar bezala identifikatua bere izenarekin.

4. Eskaerak ez baditu betetzen oinarri honetan aipatu baldintzak, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

5. “Lan eta prestakuntza plana” aurkezten ez bada, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

7. oinarria.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira; hala, oinarri honen 2. ataleko irizpideen arabera baloratutako eskaerak konparatu eginen dira, horien arteko lehentasuna ezartzeko.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Energiaren arloko I+G+b Atalak, baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak, irizpide hauen arabera:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO PUNTUAZIOA

A. Lan eta prestakuntza plana

60

30

B. Balorazio estrategikoa: Proiektuaren ekarpena gizartearen helburuak eta guztien onerako direnak lortzeko

40

-

GUZTIRA

100

30

A.–Lan eta prestakuntza plana. 60 puntu gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira:

1) Kontratatzen den pertsonak egin beharreko eginkizunen deskripzioa. Eskatutako profila zenbatean egokitzen den jardueren helburuetara eta eginkizunetara. 15 puntu gehienez.

2) Aurreikusitako prestakuntza plana, esate baterako: prestakuntza egonaldiak ikerketa zentroetan, zentro teknologikoetan, beste enpresa batzuetan edo unibertsitateetan; prestakuntza arautua; aurreikusita dagoen beste prestakuntza motaren bat. 15 puntu gehienez.

3) Jarduerek entitate eskatzailearentzat duten eraginaren balorazioa; zenbateraino laguntzen duten entitatearen helburu estrategikoak betetzeko; zenbateko berrikuntza dakarten entitate eskatzailearentzat eta aplikazio sektorearentzat; merkatu aukerak; jardueren erronka teknologikoa, proiektu teknologiko baten kasuan, edo erronka soziala edo merkatu mailako erronka, baldin eta berrikuntza sozialeko edo merkatua berriztatzeko proiektu bat baldin bada. 15 puntu gehienez.

4) Justifikatzea entitatea zenbateraino inplikatzen den jarduerekin eta kontratatzen den pertsonaren prestakuntzarekin. Laguntzeko giza baliabideak, baliabide ekonomikoak, entitatearen beste arlo batzuen sostengua. 15 puntu gehienez.

B.–Balorazio estrategikoa: Proiektuaren ekarpena gizartearen helburuak eta guztien onerako direnak lortzeko. 40 puntu gehienez.

1) Jarduerak kokaturik egotea Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (RIS3) identifikatutako sektore estrategiko hauetako batean edo gehiagotan: 5 puntu gehienez.

–Automozioa eta mekatronika.

–Elikakatea.

–Energia berriztagarriak eta baliabideak.

–Osasuna.

–Turismo integrala.

–Sorkuntza industriak eta industria digitalak.

2) Aurreikuspenen arabera, egin beharreko jardueren emaitzek izanen duten eragina eta eginen duten ekarpena Nafarroaren Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeari begira (https://ods-agenda2030.navarra.es/) eta trantsizio ekologikoari begira. (5 puntu gehienez).

3) Lurralde kohesioa. 10 puntu gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

–Entitatea Iruñerrikoa ez den udalerri batean egotea: 5 puntu.

–Entitatea 1.500 bizilagun baino gutxiagoko biztanlegune batean egotea: 5 puntu.

Irizpide hau NaStat-Nafarroako Estatistika Institutuaren webgunean eskuragarri dagoen informazioaren arabera baloratuko da, eskaerak aurkezteko epea ixten den eguneko datuak kontuan harturik.

4) Lantokiaren batez besteko plantilla 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31 bitarte. 10 puntu gehienez.

i. 10 langile baino gutxiago: 10 puntu.

ii. 10 langiletik 49ra bitarte: 7 puntu.

iii. 50 langiletik 249ra bitarte: 4 puntu.

iv. 249 langile baino gehiago: 0 puntu.

5) Plantillan sartzea aurreko deialdietatik (2016, 2017 eta 2018) heldu diren pertsonak: 5 puntu emanen dira, deialdi honen bidez aurreko edizioetan diruz lagundutako kontratua egin zaien pertsonen %50 gutxienez sartu bada plantillan eta, eskaera egiten duten egunean, plantillan segitzen badute.

6) Entitatea kluster baten barrenean egotea: 5 puntu.

3. A atalean gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten eskaerak ezetsiko dira.

4. Eskaera batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badute, A atalean lortutako puntuazioa kontuan hartuz ebatziko da, eta hala ere puntu berdinketa hausten ez bada, A atalaren azpiataletan lortutako puntuazioari begiratuko zaio, A.1) azpiataletik hasi eta berdinketa hautsi arte.

8. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan, adieraziko du onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, laguntzen zenbatekoa adierazita.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna Berrikuntzako zuzendari nagusia da. Ebazpena gehienez bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da entitate onuradunen gaitutako helbide elektronikoan (aurrerantzean GHEa), eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertu ahal izanen da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Onuradun batek laguntzei uko egiten badie edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, eta aurrekontuan nahikoa diru badago, laguntza ematen ahalko zaie aurrekontu kreditu eskasiagatik baztertuta gelditu diren eskaerei. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraituko zaio.

9. oinarria.–Kontratatu beharreko pertsonak hautatzeko prozedura.

1. Entitate onuradunek lan eskaintza bat eginen dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, eta bertan nahi luketen profil akademikoa, prestakuntzakoa eta lanekoa zehaztuko dute, eskabidean eta lan eta prestakuntza planean ezarritakoari jarraituz.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak hasierako hautaketa bat eginen du, zehaztutako profila betetzen duten eta enplegu eskatzaile gisa inskribaturik dauden pertsonen artean.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik ez dauden pertsonak kontratatzea onartuko da baldin eta pertsona hori agertzen bada Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egindako hasierako hautaketan. Horretarako, entitate eskatzaileak aurrez hautaturiko pertsonaren datuak jakinarazi beharko dizkio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, egiaztatzearren betetzen dituela lan eskaintzaren betebeharrak, enplegu zerbitzu publiko batean inskribatua egoteari dagokionez eta haren profil akademikoari, prestakuntzakoari eta lanekoari dagokionez.

2. Entitate onuradunek, betiere Nafar-Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aurretik egindako hautaketatik abiatuta, hautatuko dute horien artetik nor kontratatu, lanpostura nola egokitzen den neurtzeko proba egokiak egin ondoren, hala badagokio. Ez da onartuko aipatutako hasierako hautaketa horretatik ez datozen pertsonak kontratatzea.

3. Kontratazioak bat egin behar du eskabidean eta lan eta prestakuntza planean zehaztutako tituluarekin eta kotizazio taldearekin. Agiri horietan zehaztutakoa nola edo hala aldatuz gero, laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinarazi beharko zaio, aldaketa onets dezan kontratua sinatu baino lehenago.

10. oinarria.–Kontratua aurkeztea.

1. Kontratua sinatzen denetik maiatzaren 31ra arte, egun hori barne, entitate onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte modu telematikoan, laguntzen webgunearen bidez:

a) Sinaturiko kontratuaren kopia.

b) Nafar-Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuan egindako lan eskaintza edo eskaintzaren identifikazioa.

c) Idc txostena (Kotizaziorako datuen txostena-Besteren kontura ari diren langileak, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusia).

d) Behar diren egiaztagiriak, edo entitatearen arduradun batek sinatutako adierazpen bat, egiaztatzeko ezen, deialdia argitaratzen denetik kontratua sinatzen den egunera arte, kontratatu den pertsonak ez duela kontratu harremanik izan entitate onuradunarekin, ez eta harekin lotutako edo elkartutako enpresekin ere (651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean agertzen diren definizioen arabera).

e) Behar diren egiaztagiriak, edo entitatearen arduradun batek sinatutako adierazpen bat, egiaztatzeko ezen kontratazioaren xedeko lanpostuan ez dela enplegurik deuseztatu, deialdia argitaratzen denetik kontratua sinatzen den egunera arte.

f) Sinatutako aitorpen bat, egiaztatzeko kontratatzen den pertsonak ez duela honako harremanen bat enpresaburuarekin, entitatea kontrolatzen duten pertsonekin, entitatearen zuzendaritzako karguak betetzen dituztenekin edo haren administrazio organoetako kide direnekin: ezkontidea izatea, ondorengoa edo bigarren mailara arteko ezkontza- edo odol-ahaidea (ahaidetasun maila hori barne).

2. Betebehar hau betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

11. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Entitate onuradunek egiaztagiri hauek aurkeztu beharko dituzte laguntzen webgunearen bidez 2022ko uztailaren 31 baino lehen, egun hori barne:

a) Kontratatutako pertsonaren partaidetza izan duten jarduerak justifikatzeko memoria, webguneko laguntzen fitxan dagoen ereduaren araberakoa. Zehazki, adierazi beharko da zenbateraino bete den eskabidearekin batera aurkeztutako lan eta prestakuntza plana.

b) Nominen eta horien ordainagirien kopia, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak langileari buruz egindako kalkulu globalak (Kalkuluen Kontsulta Zerbitzuaren Likidazio Zuzenerako Sistema).

Laguntza ematen bada baterako kontzesioaren ondotik edo kontratatutako pertsona aldatu baldin bada, entitateak bi hilabeteko epea izanen du justifikazioa aurkezteko, kontratuaren lehenengo urtea bukatzen denetik, eta, betiere, 2022ko urriaren 31 baino lehen aurkeztuko da.

2. Ordainketa justifikatzeko dokumentazioa hiru artxibo digitaletan aurkeztuko da, behar bezala identifikatuak eta kronologikoki ordenatuak. Hiru artxibo horiek honela multzokatuko dira: nominak, ordainagiriak eta langilearen kalkulu globalak.

12. oinarria.–Hasierako baldintzak aldatzea.

1. Diruz lagundutako kontratazioa oinarri hauetan eta laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu beharko da. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabarrak gertatzen direnean, baimena eskatu beharko zaio organo kudeatzaileari aldaketa egin aurretik, laguntzen fitxaren bitartez, eta organoak eskaera onartu edo ezesten ahalko du.

2. Honako aldaketa hauek baimentzen ahalko dira:

a) Kontratazioa hasteko eguna; gehienez hilabete bateko luzapena baimentzen ahalko da, baina ezin da inola ere 2021eko irailaren 30etik haratago joan.

b) Egiaztagiriak aurkezteko epea; ezin da inola ere 2022ko azaroaren 15etik haratago joan.

c) Kontratatu beharreko pertsonaren profila.

d) Kontratatu beharreko pertsonaren kotizazio taldea.

e) Aurreikusitako jarduerak.

13. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aurkezten den dokumentazioa aztertuko du, eta ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela adieraziko da.

2. Ordaintzeko ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, 11. oinarrian adierazitako agiriak aurkezten direnetik hasita. Epe hori eten eginen da entitate onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

3. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, baldin eta onuradunek frogatzen badute diru-funtsak behar dituztela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, betiere Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako bermeekin.

14. oinarria.–Kontratua etetea, azkentzea eta kontratatutako pertsonak ordeztea.

1. Kontratua etetea.

Deialdi honen babesean sinatzen diren kontratuak arrazoi hauengatik eteten ahalko dira:

a) Aldi baterako ezintasun egoera bategatik, etenik gabeko 2 hilabetetik haratago joaten bada.

b) Amatasunagatik eta aitatasunagatik.

c) Haurdunaldiko arrisku bategatik.

d) Bederatzi hilabetetik beherako adingabe baten edoskitzealdi naturalean gertatzen den arrisku bategatik.

e) Adopzioagatik edo harreragatik, prozesuak iraun bitartean.

Kasu horietan, laguntzen webgunearen bidez, entitate onuradunek eska dezakete epe horretan laguntza ere eten dadila, eta, ondorioz, epe horretan ez dira diruz lagunduko entitate onuradunak dituen soldata-gastuak. Laguntzak kudeatzen dituen organoak baimendu beharko du etete hori, eta, horretarako, egokitzat jotzen dituen txostenak eska ditzake.

Baimen horrek ez du inola ere ekarriko hasieran emandako laguntzaren zenbatekoa handitzea.

2. Kontratua azkentzea.

Kontratua azkentzen bada, entitate onuradunak horren berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari eta horren frogagiriak aurkeztu beharko ditu laguntzen webgunearen bidez, kontratua azkendu eta hamabost eguneko epean gehienez.

3. Langileak ordeztea.

a) Entitate onuradunek kontratatu duten pertsona ordezten ahalko dute kontratua arrazoi hauetakoren batengatik azkentzen denean: probaldia ez gainditzea, lanpostua borondatez uztea, heriotza edo baliaezintasuna.

b) Aurreko atalean aurreikusi ez diren kasuetan, kontratua azkentzen denetik hasita entitate onuradunek hamabost egun naturaleko epea izanen dute jakinarazteko zehazki zer egoerak ekarri duen kontratuaren azkentzea. Laguntzak kudeatzen dituen organoak erabakiko du kontratatutako pertsona ordezteko baimena ematen duen ala ez.

c) Ordezkapena egitea bidezkoa denean, kontratazio berria 9. oinarrian ezarritako prozedurarekin bat eginen da. Kontratuak, orobat, 4. oinarrian ezarritako baldintzak bete beharko ditu, hasteko egunari dagokiona izan ezik.

Eta 10.1 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da, laguntzen webgunearen bidez.

d) Hasieran kontratatutako pertsona ordezten bada, emandako dirulaguntza ez da inola ere handituko.

e) Ordezkapen kontratua aurreko kontratua azkentzen den egunetik hilabeteko epearen barruan hasiko da. Epe hori gehienekoa da, eta ez da inola ere luzatuko.

f) Diruz laguntzen den kontratu bakoitzeko ordezkapen bat bakarra onartuko da.

4. Kontratua azkentzen denean ordezkapena bidezkoa izan gabe edo baimendu gabe, 2. eta 3. ataletan xedatutakoari jarraituz:

a) Dirulaguntza guztia kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da, baldin eta kontratua azkendu bada haren iraunaldiko lehenbiziko seihilekoaren barruan.

b) Dirulaguntzaren zati proportzionala kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da baldin eta kontratua azkentzen bada haren iraunaldiko bigarren seihilekoa osatu gabe.

15. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Laguntza hauen entitate onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen webgunearen bitartez, webgune horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Kontratatu beharreko pertsona 9. oinarrian ezarritako prozeduraren arabera hautatzea.

c) Diruz lagundutako kontratazioa justifikatzea, 10. eta 11. oinarrietan ezartzen den moduan.

d) Jasotako dirulaguntzaren kontabilitatea bereiz eramatea.

e) Kontratuaren etetea, azkentzea eta, hala denean, ordezkapena egiaztatzea, 14. oinarrian adierazitako moduan eta epean.

f) Kontratatzen den pertsonak parte hartzen duen I+G+b jardueretan eragina izan dezakeen edozein gorabeheraren berri ematea laguntzak kudeatzen dituen organoari.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Entitate onuradunek betetzen ez badute dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko dute, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.

Ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Jarraipen eta kontrol zientifiko-teknikorako mekanismoen bidez eta frogagiriak azterturik ondorioztatzen bada laguntzaren helburuak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

b) Helburuak edo jarduera zehatz batzuk hein batean ez betetzeak berekin ekarriko du jarduera horien irismenaren arabera galtzea dirulaguntza kobratzeko eskubidea.

Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kausaren bat gertatzen bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ez dadila deklaratu laguntza kobratzeko eskubidearen galera.

16. oinarria.–Emaitzen publizitatea eta zabalkundea.

1. Hala entitate onuradunek nola kontratatzen diren pertsonek, diruz lagundutako kontratazioaren gaineko argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, Nafarroako Gobernuak finantzatua dela adierazi beharko dute.

2. Betiere, diruz lagundutako jardueren inguruan sortzen den dokumentazio guztian eta haien zabalkundea egiteko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia emanez, bai emakumeei bai gizonei dagokienez, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin.

17. oinarria.–De minimis laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da. (L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez luzatu da (L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2020ko uztailaren 7koa), 2023ko abenduaren 31 arte.

1407/2013 Erregelamenduarekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Ondorio horietarako, entitate onuradunek aitortu beharko dituzte, laguntzen eskaerarekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, zerga ekitaldi horretan eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak.

18. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskabidea eta entitate onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen www.nafarroa.eus atarian, tramiteen katalogoan, dagoen laguntzen webgunearen bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauen gaineko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira (GEH), bai eta herritarren karpetan ere:

(https://sede.administracion.gob.es/carpeta/clave.htm).

Gaitutako helbide elektronikoa Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

19. oinarria.–Bateragarritasun araubidea.

1. Deialdi honetan ezarritako laguntzak ez dira bateragarriak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio edo entitate batek (publikoa nahiz pribatua izan) xede bererako ematen duen beste edozein dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarekin.

2. Entitate onuradunek aditzera eman beharko diote Energiaren arloko I+G+b Atalari proiektuari lotutako beste laguntza batzuk lortu dituztela, laguntzen eskabidean berean, edo kanpoko laguntza jaso bezain laster, eta, betiere, 11. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkezterakoan.

20. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Kudeaketa organoak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zer aurrekontu-kredituri egotzi zaion, entitate onuradunak eta emandako diru kopurua.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen webgunean ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

21. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2015247