47. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

52E/2021 EBAZPENA, otsailaren 9koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez dirulaguntza-deialdi honen gastua baimendu eta deialdiaren oinarri arautzaileak aldatzen baitira: “Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntzak interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeagatik”.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko, horien oinarri arautzaileak 2021. urtea baino lehen onetsita.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da toki entitateei, interes orokorreko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeagatik, ematen zaizkien dirulaguntzen gastua baimentzea 2021. urterako.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 7an emandako 251/2018 Ebazpenaren bidez, aipatu deialdiaren oinarriak onetsi ziren.

Era berean, bidezkoa da 3. oinarri arautzailea aldatzea, zenbait kolektiboren gaineko eragina berrantolatzeko.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Baimentzea, 2021eko Gastuen Aurrekontuaren kargura, interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeagatik Nafarroako toki entitateei ematen zaizkien dirulaguntzen gastua, 4.000.000 euro, hain zuzen, partida honen kargura: “Toki entitateen kontratazioetarako laguntzak. Konferentzia Sektoriala” izeneko 950001 96100 4609 241100 partida. Dirulaguntza horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 7ko 251/2018 Ebazpenaren bidez arautu ziren eta 547824 zenbakia dute Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean.

2. Deialdiko 3.1.a) oinarri arautzailea aldatzea. Honela geldituko da:

“a) 1.100 euro hilean, 12 hilabetez gehienez, kontratuak izenpetzeagatik honako kolektibo hauetako pertsonekin: errenta bermatua jasotzen duten pertsonak; gutxienez ere %33ko desgaitasuna frogatzen dutenak; genero indarkeriaren biktima diren emakumeak; babes sistema batetik etorrita autonomia prozesu batean sartuta dauden 18 eta 21 urte bitarteko gazteak; eta 51 urtetik gorakoak.”

3. 2020ko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei 2021eko ekitaldiko aurrekontuaren kargura erantzutea.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honen aurka, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, hori guztia Nafarroako Gobernuan aldez aurretiko errekerimendua egiten ahal dela ukatu gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epeetan.

Iruñean, 2021eko otsailaren 9an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2102200