45. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NARKUE

Ordenantza, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Narkueko Kontzejuak, 2020ko ekainaren 20an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Onespenaren erabakia 2020ko 289. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 16an, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan denez, ordenantza behin betiko onetsi da eta oso-osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Narkuen, 2021eko otsailaren 3an.–Alkatea, José Miguel Gaviria Redondo.

ORDENANTZA, NARKUEKO KONTZEJU-MUGARTEKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Narkueko kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Herri-ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Narkueko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den gisan.

Herri-ondasunei buruz Narkueko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak desafektazio horren onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du, eta, hori baino lehen, Narkueko Kontzejuak justifikatu egin beharko du dena delako xedea ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Narkueko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Narkueko Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen die pribatizazio saio orori nahiz kalte eragiten dieten bestelako ekintzei.

8. artikulua. Narkueko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Narkueko Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, herri-lurrekin mugakide diren lursailen immatrikulazioa edo haien gehiegizko hedadura dela eta. Narkueko Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Narkueko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa beharko du aldez aurretik, ondasunak herriaren ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Narkueko Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak azkentzeko, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Narkueko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haietan partaide denean, eta berak ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Narkueko Kontzejuak ez dituenean behar diren ekintzak sustatzen herri-ondasunak defendatzeko, posible izanen da herritarren ekimena, zehaztuko den moduan. Ekimen horrek aurrera eginez gero, Narkueko Kontzejuak sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Narkueko Kontzejua herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori guztia.

Finkak

16. artikulua. 1. Oro har, Narkueko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Narkueko Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 3 urteko antzinatasunez.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

16. artikulua. 2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

16. artikulua. 3. Artikulu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak Narkueko Kontzejuak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

17. artikulua. Herri-lurrak itxi ahal izateko ezinbestekoa izango da aldez aurretik Narkueko Kontzejuko Alkatetzak idatzizko baimena ematea. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inolaz ere batera hesitu.

18. artikulua. Aprobetxamenduak ezin izango dira onuradunen artean trukatu baldin interesdun nahiz ukituek ez badute aldez aurretik eskabide bateratua egin eta ez baldin badute euren adostasuna erakutsi eta Kontzejuaren baimena izan.

19. artikulua. Kontzejuak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa, osotara nahiz zati batekoa, sustatzen dituenean zuhaitzak landatzea zein Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak, baldin eta eragiten badiete onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei, behin-behineko zein behin betiko. Hori egin baino lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari.

Horren haritik, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emango onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

20. artikulua. Fidantzak.

a) Behin betiko adjudikazio prezioaren %20 ordaindu beharko da fidantza moduan.

b) Enkanteetan parte hartu ahal izateko aprobetxamenduaren hasierako prezioaren %5 ordaindu beharko da hura egin baino lehenago.

c) Fidantza honako kasu hauetan itzuliko da:

–Adjudikazio-hartzailearen heriotza.

–Erretiroa.

–Jardueran aritzeko ezintasuna.

d) Adjudikazio-hartzailea beharturik dago eskorta eta haren elementuak ezin hobeki zaintzera eta, adjudikazioa amaitzean, aurkitu zituen egoera berean itzultzera. Adjudikazio-hartzailearen kontura izanen dira egiten diren kalte guztiak.

Adjudikazio-hartzaileak elementu guztiak ezin hobeki itzultzen ez baditu, fidantzatik kenduko zaio, adjudikazioaren amaieran, kalteak konpontzeko behar den dirua.

e) Adjudikazioaren epea amaitu baino lehenago aprobetxamendua deuseztatzeko eskatzen badu, Narkueko Kontzejuak fidantzatik kenduko du berriz ere adjudikazioa egin arteko denboran berak pairatzen dituen kalte ekonomikoak berdintzeko dirua; balorazioa Kontzejuaren osoko bilkuran erabakiko da.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

21. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Narkueko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak

22. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik.

22. artikulua. 2. Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duten kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

22. artikulua. 3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen zergapeko kapitala, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

23. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreak badira, eta Narkueko Kontzejuak aurretik baimena ematen badu, epe hori laborearen balio-bizitzaren arabera luzatu ahalko da.

24. artikulua. Kontzejuko batzarrak urtero onetsiko du herri-lurretako lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona. Kanona ez da izango antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino gutxiago.

Narkueko Kontzejuak finkatuko du herritar bakoitzari adjudikatuko zaion laborantzako lurraren azalera, kontuan harturik herri-lurrak norainoko aukerak ematen dituen.

25. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste eraren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikaturiko lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, baldin haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen badira eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

26. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, baldin adjudikaziodunak edo bere familia-unitateko kideek egin behar badituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen badituzte. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko, baldin Narkueko Kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi baterako beste arrazoi batengatik soldatapekoak hartzen badira. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Narkueko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Narkueko Kontzejuaren iritzian, behin betikoa bada eta herri-lurrak norberak zuzenean landu ezin baditu, 28. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

27. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Narkueko Kontzejuak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Narkueko Kontzejuak lurzatien titularrei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Narkueko Kontzejuak eskumena du ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaren epea bukatu arte.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

28. artikulua. Narkueko Kontzejuak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztatzeak egin ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honako kasu hauetan iritziko zaio ez dela zuzeneko laborantza pertsonalik egiten:

a) Nekazaritzako makinak edukita, adjudikatu zaizkien herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez dituztenen kasuan.

b) Osoko bilkuran gehiengo soilaz Udalak hartzen duen erabakiaren arabera, adjudikatutako lurzatiak, ordenantza honetako 26., 26,27. eta 28. artikuluetan xedatzen denaren arabera, norberak zuzenean lantzen ez baditu.

c) Honako alderdi hauei buruzko frogagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Narkueko Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.

d) Adjudikatutako lurzatiaren %80 bederen lantzen ez dutenen kasuan.

Zuzeneko laborantzatzat hartuko da:

a) Belarrak eta bazka: moztu gabe saltzen ahalko dira, baina ereitea eta gainerako lanak adjudikazio-hartzailearen esku geldituko dira.

b) Laboreak: onartuko da kontratatzea herbizida botatzea, uzta biltzea eta fardoak egitea.

2. ATALA

Herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak

29. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak diren herritarren artean. Lehentasuna izango dute ogibide nagusia nekazaritza dutenek.

30. artikulua. Narkueko Kontzejuak finkatuko du herritarren arteko adjudikazio zuzeneko loteen azalera, eskura diren lurren azaleraren arabera.

31. artikulua. Adjudikazioaren epea 22. artikuluan adierazitako berbera da. Zozketa bidez adjudikatuko dira loteak.

32. artikulua. Aprobetxamendu mota honetan, herri-lurretako lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona onetsiko dute Kontzejuko kideek, lur motaren arabera.

Zenbateko hauek proposatutako kanonari dagozkio. Hura nekazaritzako produktuen KPIarekin batera eguneratuko da urtero. (Gora egiten badu, proportzio berean igoko da prezioa; behera egiten badu, berriz, bere horretan utziko da).

33. artikulua. Adjudikazio-hartzaileak berak zuzenean egingo du laborantza eta, horretarako, 24., 25., 26. eta 27. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

34. artikulua. Narkueko Kontzejuak beretzat gordeko du laborantzako herri-lurren azaleraren %5 baino gehiago izanen ez den azalera, onuradun berriei adjudikatzeko.

3. ATALA

Narkueko Kontzejuaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa

35. artikulua. Narkueko Kontzejuak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren laborantzako lurra soberan baldin bada, enkante irekian egingo du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emango du.

Adjudikazio-hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 24., 25. eta 26. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

Narkueko Kontzejuak finkatuko du erreguaren hasierako prezioa; inguruko antzeko lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek KPIaren arabera eguneratuko dira, urtero.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Narkueko Kontzejuak zuzenean ustiatu ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

36. artikulua. Narkueko Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua jarrita, 15 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.

37. artikulua. Eskaerei honako alderdi hauei buruzko zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez hiru urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Narkueko Kontzejuarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai Narkueko Kontzejuan bai besteetan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan bai besteetan, lehorreko lurrak diren edo ureztatzekoak zehaztuta.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai udal-mugarte honetan bai besteetan.

g) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

h) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren eskatzaileen ogibide nagusia nekazaritza denean, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian sartuta daudelako ziurtagiria, eta azken ordainagiriaren fotokopia. Jardueran hasten direnek gehienez ere sei hilabeteko epean bete beharko dute baldintza hori.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Narkueko Kontzejuak ahalmena izango du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatzearren; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 21.3 artikuluan zehazten den bezala.

38. artikulua. Narkueko Kontzejuak osoko bilkuran onetsiko du adjudikazio modu bakoitzera –lehentasuna duten herritarrena nahiz zuzeneko adjudikazioa– onartu direnen zerrenda. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

39. artikulua. Aprobetxamendu modu bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda Narkueko Kontzejuaren iragarki-taulan jarriko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

40. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta modu bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

41. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusita, ordenantza honen 22. artikuluan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak adjudikatuko dira.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Narkueko Kontzejuak, zozketa bidez, laborantzako loteak adjudikatuko dizkie herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia unitateen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 31. artikuluaren araberakoak izango dira.

Lurzatien adjudikazioa burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jendaurrean jarriko da, 15 egunean, iragarki-taulan. Zerrendak Narkueko Kontzejuak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

42. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegaziorik baldin bada, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

43. artikulua. Narkueko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modu hauetan eginen da, lehentasun-ordena honi jarraikiz:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

44. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako tilularrak izango dira herri-lurretako larreen aprobetxamenduaren herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Lehentasuna izango dute ogibide nagusia nekazaritza edo abeltzaintza dutenek eta aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda dutenek, ustiapen liburuan ere jasorik. Jardueran hasten direnek gehienez ere sei hilabeteko epea izanen dute baldintza hori betetzeko.

45. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Narkueko Kontzejuak ulertuko du ez direla zuzenean erabiltzen ari, familia unitateko titularrek aziendak ateratzen badituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldako Erregistrotik.

Adjudikazio-hartzaileak eskaera arrazoitua aurkeztu ondoren, beste norbaiten azienda sartzeko baimena ematen zaio, larre guztiak aprobetxatzeko, urte sasoia dela-eta belar produkzioa ohi baino handiagoa denean.

Besteren azienda sartzeko epea ez da bi hilabete baino gehiagokoa izango urtean, mota bereko aziendak badira, eta lau hilabete baino gehiagokoa, beste mota batekoak badira.

Diru-sarrera gehigarriak toki entitatearentzako izango dira, eta diru-sarrera gehigarri horien %50 kentzen ahalko zaio adjudikazio-hartzaileari hurrengo ekitaldiari dagokion artzaintza kanonetik.

Ezin izango da inola ere besteren mota bereko aziendarik sartu, horrek badakar adjudikazio-hartzailearen abelburu kopurua gutxitzea.

46. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, horrela egiaztatuko baita betetzen direla Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 1. artikuluan eskatzen diren baldintzak, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu.

47. artikulua. Narkueko Kontzejuak, aurretik onuradunei ohartarazita, eraginik gabe utz ditzake aprobetxamendu horien adjudikazioak, herri-lurretan hobekuntzak egitea bultzatzen duenean. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogagiri baliogarria, honako hauen gainean:

a) Narkueko Kontzejuko biztanleak izatea, gutxienez bi urte lehenagotik, eta Narkueko Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez bizitzea.

b) Narkueko Kontzejuarekin inolako zor fiskalik ez izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute eskatzaileek.

d) Jabetzan eta/edo errentan dituen lurren azalera, haietan larreen aprobetxamendua egiten ahal bada.

Narkueko Kontzejuak beretako gordeko du behar den dokumentazioa eskatzeko ahalmena, zinpeko aitorpenaren edukia eta errenta mailak egiaztatzeko.

48. artikulua. Narkueko Kontzejuak behin-behineko egingo du adjudikazioa.

49. artikulua. Aurkeztutako eskabideak ikusirik eginen da banaketa. Behin-behineko zerrenda egingo da eta hura Narkueko Kontzejuaren iragarki-taulan jarriko da 15 egun baliodunean, erreklamazioak egiteko. Epe hori iraganik erreklamaziorik aurkeztu ez bada, behin betiko onetsitzat joko dira.

Alegaziorik egiten bada, egindako akatsak behin zuzenduz gero, Narkueko Kontzejuak haiei buruzko ebazpena emango du, herri-larreen aprobetxamenduak erabiltzeko eskubidea duten herritarren behin betiko zerrenda onesteko.

Aprobetxamenduen epea 8 urtekoa izango da gutxienez eta 15 urtekoa gehienez.

50. artikulua. Herritarren arteko banaketan larrerik soberan gelditzen bada, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, Narkueko Kontzejuak osoko bilkuran erabakitzen duen denborarako eta indarra duen araudiari eta ordenantza honetan aplikatzekoa denari loturik.

51. artikulua. Larratze eremu bakoitzak jasan dezakeen azienda karga zehazteko, baliokidetza hauek finkatu dira azienda mota ezberdinen artean:

a) Behor aziendako abelburu bakoitzeko behi bat.

b) Behi aziendako abelburu bakoitzeko 8 ardi.

c) Ahuntz aziendako abelburu bakoitzeko hamar ardi.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

52. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Narkueko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

53. artikulua. Narkueko Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori Narkueko Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

54. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

55. artikulua. Egurra banatzerakoan, Narkueko Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, eta lehentasuna emango die diru aldetik familia unitate apalenei.

56. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Narkueko Kontzejua irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 22. artikuluan islatzen den bezala.

57. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Narkueko Kontzejuak aurrekontu arruntean.

58. artikulua. Onuradunak beharturik egongo dira hondarrak bildu eta metatzera egurra eraman eta gero; dena dela, hondakin horiek ezin dira bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten bestelako tokietan pilatu. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

V. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

59. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua gaiari buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.

60. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Narkueko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza-orrien arabera egingo dira. Gainera, agiri horiek jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

61. artikulua. 1. Narkueko Kontzejuak indarrik gabe utzi ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hauetarako erabili nahi baldin badira:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarte proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

61. artikulua. 2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

61. artikulua. 3. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Narkueko Kontzejuaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Narkueko Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

61. artikulua. 4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu egingo zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

62. artikulua. Toki entitateak onetsiko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean egongo dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatzi beharko ditu.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

63. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Narkueko Kontzejuak finkatutako epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Aprobetxamenduaren %80, gutxienez ere, ez erabiltzea.

e) Aprobetxamenduaren mugak iragatea eta/edo haren ezaugarriei dagokienez gehiegikeriaz jokatzea.

f) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

g) Udalak adjudikatu gabe herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, soro utziak.

h) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Udalaren baimenik izan gabe.

i) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

j) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

k) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

l) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

m) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

64. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), d), f), h) eta j) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezarri ahal dituzten zehapenak ukatu gabe, eta bestelakotutako errealitate fisikoa lehengoratzea, halakorik gertatu bada.

–i) arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazio-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteetan, egindako kaltearen balioaren halako bostetik halako hamarrera ordaindu beharko da, eta bestelakotutako errealitate fisikoa lehengoratu beharko da, halakorik gertatu bada. Balio hori zehazterik ez badago, 60,10 euro eta 1.202,02 euro bitarteko zehapena ezarriko da.

–Zehapen prozedura Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatuari lotuko zaio eta, hala behar badu, honako hauetan ezarri denari: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta Zehapen ahalmena erabiltzeko prozedurari buruzko abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau behin betiko onestean indarrik gabe geldituko dira Narkueko Kontzejuaren udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua arautzen dituzten ordenantzak, halakorik bada.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2102152