45. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUNBERRI

Udal ordenantza, Bide publikoan terrazak eta beladoreak paratzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Irunberriko Udalak, 2020ko abenduaren 2an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Bide publikoan terrazak eta beladoreak paratzea arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2020ko 291. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17an.

Jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu; beraz, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz, behin betiko onetsitzat jo da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, behin betiko testuarekin batera.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela eragin juridikorik izanen harik eta beren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu arte eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak toki-erakundeei egin dituzten egintzak edo harturiko erabakiak deusezta ditzaten eskatzeko duten ahalmena erabiltzeko epea amaitu ez den artean.

Irunberrin, 2021eko otsailaren 8an.–Alkatea, Rocío Monclús Manjón.

UDAL ORDENANTZA, IRUNBERRIKO UDAL MUGARTEKO BIDE PUBLIKOAN TERRAZAK ETA BELADOREAK PARATZEA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da jabari eta/edo erabilera publikoko espazioetako aprobetxamendu bereziak bete behar duen araubide tekniko, estetiko eta juridikoa ezartzea, eremu horiek terrazekin, beladoreekin edo gisako instalazioekin aldi baterako okupatzen direnean, ostalaritzako establezimenduen zerbitzura eta irabazi asmoarekin.

2. artikulua. Definizioa.

Aurreko artikuluan adierazitakoaren ondorioetarako, hona zer diren terrazak eta beladoreak: mahai eta aulkien multzoa, baita haien instalazio osagarri finko nahiz mugikorrak ere, jarduera nagusian aritzeko Udalaren baimena duen ostalaritza arloko jarduera baten osagarriak direnak, aldi baterako edo modu jarraituan. Hona kontzeptu horien definizioa:

a) Terrazak: terraza esaten zaio behar bezala baimenduta, leku ireki batean –eraikinik gabe– eta jabari publikoan edo erabilera publikoko lurzoru pribatuan kokatua den espazioari; bertan paratzen dira mahai, aulki, eguzki-babes eta bestelakoak, hala nola, landareontziak edo loreontziak, erabilera publikorako, ostalaritzako establezimendu bati erantsita.

b) Beladorea: estalki-babesa duten terrazei esaten zaie beladore. Itxiak edo irekiak izan daitezke.

c) Altzariak: altzaritzat jotzen dira mahaiak, aulkiak, berogailuak, landareontziak, eguzki-babesak eta horrelatsukoak, den-denak terrazaren zerbitzurako edo babes nahiz mugarri gisa.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau lurraren okupazio guztiei aplikatuko zaie, baldin eta lur horiek erabilera publikoko jabari publiko edo pribatuko ondasunak badira eta Irunberriko udal-mugartean badaude, titulartasuna edozein dela ere. Egitatezko egoerak nahiz indarra duen planeamenduak finkatzen dute erabilera publikoaren izaera.

II. KAPITULUA

Bide publikoa okupatzeko baimena

4. artikulua. Baimena.

Bide publikoaren okupazioek erabilera komun bereziaren kategoria juridikoa dute, eta baliatu ahal izateko Udalaren lizentzia lortu behar da lehenik. Eskuratzeko, ordenantza honetan aurreikusitakoa beharko da bete.

5. artikulua. Diskrezionaltasuna.

Irunberriko Udalak erabakiko du nori eman lurzoru publikoaren erabilera, eta berak eman, ukatu edo kenduko ditu baimenak, edo ordutegia murriztuko, ikusita zein arazo sortzen dizkieten terraza edo beladoreek etxebizitzei, auzotarrei, saltokiei edo bide publikoari aurreko ekitaldietan edo kontzesioaren epean.

6. artikulua. Lizentzia aitzinetik eskuratu beharrik ez.

Instalazioek ez dute ordenantza honetan araututako lizentzia eskuratu beharrik izanen, kasu hauetako batean badaude:

a) Udalaren administrazio kontzesio baten babesean egindako jardueren osagarri direnean, jabari publikoko edo ondareko ondasunetan kokatuta egoteagatik.

b) Herriko jaietako ekitaldiak direla eta, aldi baterako jarduerak direnean, Udalaren organo eskudunak ezarritako egutegiaren eta moduaren barrenean.

7. artikulua. Lizentzia ukatzeko arrazoiak.

Udalaren organo eskudunak beladore, terraza eta elementu osagarriak ez baimentzeko aukera izanen du, baldin eta hala eskatzen badute interes publikoak, irisgarritasunak, trazadurak, kokalekuak, bideko segurtasunak edo bestelako inguruabarrek, bai eta hurrengo kasuetan ere:

–Instalazioa galtzadan edo ibilgailuak aparkatzeko eremuan jarri nahi denean.

–Bide segurtasunari kalte egiten zaionean (ikuspena gutxitzea, gidariak arreta galtzea) edo oinezkoen joan-etorria nabarmen zailtzen denean.

–Inguruko eraikinen eta lokalen segurtasunean (ebakuazioa) eragina duenean.

–Hiri altzarien edo ekipamenduen (bankuak, iturriak, zaborrak biltzeko sistemak, eta abar) erabilera galarazten badu, edo modu larrian zailtzen.

–Traba egin, murriztu edo galarazten baditu oinezkoendako ibilbide irisgarriak, oinezkoen pasabideetarako sarrerak, desgaitasuna duten pertsonendako erreserbatutako plazak, arrapalak, autobus geltokiak, edo hausten badute eraikinen lerroaren jarraipena, zeina beharrezkoa baita ikusmen urriko pertsonen zirkulaziorako (VIV/561/2010, 46. art.).

–Ordenantza honetan zehazten diren baldintzak betetzen ez badira.

III. KAPITULUA

Eremu publikoa okupatzeko baimena emateko baldintzak

8. artikulua. Terrazak paratzeko baldintza orokorrak.

a) Espazioak eta banaketa:

–Oro har, karrikara ematen duen fatxada duten establezimenduei baino ez zaie baimenik emanen terrazak eta beladoreak jartzeko, itxitura iraunkorrak izan edo ez.

–Salbuespen gisa eta toki aldaketa justifikatu ondoren, betiere udal zerbitzu teknikoek erabakita, beste toki batean jarri ahalko da, irizpide orokorrari jarraitzea ezinezkoa baldin bada. Beladoreetarako guneak beti erabilera publikokoak izanen dira.

–Erabilera publikoko lurzoruan aprobetxamendu pribatuko espazioa zehazteko, irizpide orokor gisa, mahai bat eta lau aulki paratuko dira terrazako 2x2 metroko (4m²) modulu bakoitzeko. Alboetako babesgarriek mugatzen ahalko dute, eta horiek esparrua zedarrituko dute eta bidea emanen diete ikusteko desgaitasuna dutenei oztopoa dagoela gaztigatzeko. Alboetako babesgarri horiek mugikorrak izanen dira, aldez aurretik baimena izan behar dute eta bat eginen dute inguruaren ezaugarriekin. Ezin izanen dute gainditu terrazarako baimendutako zabalera.

–Terrazek eta beladoreek gehienez ere 60 m² izanen dituzte. Nolanahi ere, Udaleko zerbitzuek markatuko dute terraza bakoitzaren edo haren elementuetako baten muga.

–Instalazioa osatzen duten elementuak lokalaren barnean biltegiratuko dira. Baimendutako elementu kopuruagatik lokalen barnealdean biltegiratu ezin direnean, lokalaren fatxadaren ondoan bildurik utziko dira, bide publikoa ahalik eta gutxien okupatuz, espaloiak libre utziz; aurretik Udalaren baimena beharko da.

b) Itxitura iraunkorrik gabeko beladoreen terrazak paratzea:

–Nahiz eta espazio batek baldintza guztiak bete terraza bat paratzeko, debekua jaso dezake edo eskatu baino tamaina txikiagokoa paratzeko baimena jaso, lehentasuna eman behar baitzaio interes orokorrari interes partikularraren gainetik; gehieneko muga ere jar daiteke eremu publikoa okupatzeko.

–Itxitura iraunkorrik gabeko beladoreen terrazen kokalekuak ez du inolaz ere trabatuko bide publikorako sarbidea ondoan diren finketako atarietatik edo haien lokalen sarbideetatik, ez eta ibilgailuen sar-atereak zailduko ere, legez baimenduak diren pasabideetan barna. Atari edo sarbide horien eta terrazen arteko gutxieneko distantzia metro batekoa izanen da; handiagoa ere izaten ahalko da. Distantzia horri murrizten ahalko da baldin eta atarian sartzeko ukitutako erabiltzaileak berariaz adierazten badu ados dagoela terraza eremu publikoan paratzearekin.

–Kale Nagusian, alde batean bakarrik jarri ahal izanen dira terrazak eta, nolanahi ere, oztoporik gabeko oinezkoendako pasabide bat errespetatu beharko da, etenik gabea, lerroan zehar oztopoak saihestuz.

–Sarbidea bermatu beharko zaie beti Udalaren zerbitzu eta ekipamenduei, larrialdietako zerbitzuei eta zerbitzu konpainiei, 24 orduetan bermatu ere.

c) Aldi baterako itxitura duten beladoreen terrazak paratzea:

–Beladoreen terrazak paratzen badira, itxiturarekin, edozein lekutan gehieneko altuera 2,80 metro izanen da, eta gutxienekoa 2,20 metro.

–Itxituren lokailuak aise desmuntatzeko sistemen bidez eginen dira, eta espaloi gainean paratuko dira, betiere espaloiaren neurriek horretarako aukera ematen badute; nolanahi ere, beladorea desmuntatzen denean ez da lurrari loturiko inolako elementurik geldituko.

–Itxiturak finkoak edo mugikorrak izaten ahalko dira, gardenak edo mistoak (zokalo opakua eta gainerakoa gardena), baina betiere egokiturik ingurunearen baldintzetara. Itxituren egokitasuna eta muntaketa Udaleko zerbitzu teknikoen oniritziaren menean egonen da, eta, hartara, beharrezkotzat jotzen dituzten errekerimenduak egiten ahalko dituzte.

–Itxiturek diseinu berezi irekia izanen dute, eta hartan lehentasuna izanen du begiak trabarik ez izateak; beraz, ez dira oztopo izanen hiria ikusteko eta ez dute edukiontzi trinko baten itxurarik izanen.

–Itxitura horien elementuak bat etorriko dira hiri altzariei esleitu zaienarekin, edo udal zerbitzu eskudunek zehazten dutenarekin. Bestelako materialaz egiten ahalko dira, betiere terraza kokatzeko baldintzek eta inguruneak horretarako bidea ematen badute eta Udalak baimen espresa ematen badu.

–Alboetako babesgarriak: mugigarriak, gardenak edo opakuak izan beharko dira, baina betiere ingurunearen baldintzei egokituak. Ezin izanen dute gainditu dagokien instalazioari baimendutako zabalera.

d) Baldintza estetikoak:

–Beladoreek batasun estetikoa zaindu beharko dute, eta egoki integraturik egonen dira hiri inguruan.

–Beladoreen elementu guztiak, haien egitura eta finkagailuak barne, desmuntagarriak izanen dira. Ez dira inoiz ere iraunkorrak izanen.

–Upelak eta tabureteak paratzen ahal dira, betiere pisu eta neurriengatik eraman errazak badira.

e) Segurtasun eta osasungarritasun baldintzak:

–Istripurik ez sortzeko maneran diseinatu eta kokatuko dira elementu guztiak, eta haiek arrastaka eramatean egiten duten zarata gutxitu behar da.

–Irekitzeko lizentziaren titularra izanen da baldintza horiek mantentzearen erantzulea, bai eta beladore eremua higiene baldintza egokietan eta garbi mantentzearena ere.

9. artikulua. Instalazioak ibilgailuen zirkulazioa duten kaleetako espaloietan.

Instalazioa ez da luzeagoa izanen jarduera nagusia hartzen duen establezimenduaren fatxada baino, non ez duten haren ondokoek baimen idatzia ematen; betiere, ondoko etxebizitza eta lokaletan sartzeko bidea bermatu beharko da.

10. artikulua. Instalazioak oinezkoendako kaleetan.

Lizentziak ematerakoan, kontuan hartuko dira ibilgailuen inoizkako zirkulazio beharrak eta oinezkoenak, bidearen erabileraren arabera, betiere gutxieneko erreferentzia izanik VIV/561/2010 Aginduaren determinazioak.

11. artikulua. Instalazioak plazetan eta eremu libreetan.

Beladore eta terrazak plaza eta eremu libreetan jartzeko eskaerak kasu bakoitzeko ezaugarrien arabera ebatziko dira, muga orokor hauek betetzen dituztela:

a) Udalak baimendu eta zehaztuko du instalazioen kokapena, eta beladoreek ezin izanen dute 60 m² baino gehiago okupatu.

b) Bertako etxebizitzen eta lokalen sarbideak bermatu beharko dira, baita lehenbizikoen segurtasuna ere, eta bertan jarritako hiri altzarien erabilera egokia eta irisgarritasuna.

c) Udal zerbitzuen (garbiketa, garbigailuak etab.) eta larrialdiko zerbitzuen (suhiltzaileak, anbulantziak etab.) funtzionamendua bermatuko da.

12. artikulua. Itxituretarako mugak.

Honelakoetan, udal organo eskudunak itxiturarako eskabidea ukatzen ahalko du:

a) Bide segurtasunari kalte egiten, oinezkoen joan-etorria nabarmen trabatzen eta hiri irisgarritasuna galarazten dutenean.

b) Eraikin eta lokal hurbiletako segurtasunari eragiten diotenean.

c) Formaz ingurunearekin egokia ez denean edo bat etortzen ez denean, edo hiri paisaiaren irakurketa zuzena zailtzen duenean.

IV. KAPITULUA

Prozedura

13. artikulua. Lizentzia eskaera.

1. Jardueraren titularrak eskatu beharko du lizentzia, eta jarduerari loturik egonen da. Interesdunak Udaleko erregistro orokorrean eskabidea aurkeztuko du, artikulu honetan adierazten diren agiriekin batera. Eskabidean honako datu hauek adieraziko ditu:

a) Eskatzailearen izen-deiturak.

b) Eskatzailearen datuak: helbidea, telefonoa eta NANa.

c) Jardueraren izena eta kokalekua.

d) Jarduerari buruzko datuak (Ekonomia-jardueren gaineko zerga, IFK, eta abar).

e) Kokalekuaren planoa, instalazioak hartzen duen azalera ongi erakusten duena.

f) Instalatu gogo diren mahai, aulki, eguzki-babes edo eguzkitako, haize-babes, beladore eta abarren ereduak, Udalak baimen ditzan, baimenarekin batera.

2. Eskabidearekin batera, ofizioz egiaztatuko da:

a) Jardueran aritzeko Udalaren lizentzia (instalatzeko edo irekitzeko lizentzia) duela.

b) Tributu-zorrik ez duela Irunberriko Udalarekin.

14. artikulua. Ebazpena.

a) Eskabidea aurreko artikuluan zehaztu bezala aurkeztu ondotik, eta txosten teknikoa eta juridikoa egin ondoren, Udaleko organo eskudunak legez ezarritako epeetan emanen du ebazpena.

b) Lizentziaren agirian instalazioaren eta elementu osagarrien baldintzak zehaztuko dira, hala nola, hartuko duten azalera, mahai eta aulkien kopurua, kontzesioaren indarraldia eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako alderdiak.

c) Baimena ematea bidezkoa ez bada edo eskatutako lizentzia ematea egokitzat jotzen ez bada edo eman beharreko baimenak aldaketaren bat badakar eskatutakoaren gainean, Udalak entzunaldia emanen dio eskatzaileari, egokia iruditzen zaiona alega dezan.

d) Eskatzaileak ez badu ordaintzen ordenantza fiskaletan zehaztutako prezio publikoa, eremu publikoa okupatzeagatik, edo ordenantza honen arabera ezarritako isunak ez baditu ordaintzen, lizentzia bertan behera geldituko da, besterik gabe.

15. artikulua. Lizentziaren baldintzak.

a) Lizentziak beti ematen dira jabetza eskubiderik gabe eta hirugarrenik kaltetu gabe, eta ezin da haietara jo onuradunak bere jardunean izan dezakeen erantzukizun zibila edo penala kendu edo gutxitzeko.

b) Udal lizentzia beti izanen da behin-behinekoa eta dagokion udal organoak instalazioa eremu publikotik kentzeko agintzen ahal du trafikoko, urbanizazioko, eremu publikoaren erabilerako edo interes orokorreko beste edozein inguruabarrek hartara eramanez gero. Baimendutako instalazioen titularraren kontura izanen dira gastuak, kalte-ordainetarako eskubiderik ez duela.

c) Lizentzia eskuraturik, titularra harremanetan jarriko da Udaleko zerbitzu teknikoekin, tokian berean gehienez baimendutako azalera muga dezaten.

d) Lizentziaren titularra behartua dago eremu publikoan instalazioaren edozein elementuren ondorioz egiten diren kalteak konpontzera, baita hirugarrenei egiten zaizkienak konpontzera ere, jarduera nagusiari atxikia dagoen aseguruaren bidez.

e) Betebehar orokorrak eta ordenantza honen aplikazioaren ondoriozkoak ukatu gabe, lizentziaren titularra behartua dago baimendutako okupazioaren xedeko zorua, instalazioa bera eta haren elementu osagarriak egoera ezin hobean edukitzera, garbitasunaren, segurtasunaren eta apainduraren aldetik, horretarako behar diren bitartekoak erabilita.

f) Lizentzia ezin da errentan edo azpierrentan eman, ezta zuzenean edo zeharka laga ere, erabat edo zati bat. Beladoreen kasuan eskualdaketa egin daiteke lokalaren jarduerarekin batean, gelditzen den denborarako eta betiere jardueraren aldi baterako geldialdia gertatzen ez bada.

g) Ekitaldiak eta Udalaren obrak direla eta, terrazak eta beladoreak aldi baterako kentzeko eskatzen ahal du Udalak, behar den denborarako eta kalte-ordainik hartzeko eskubiderik gabe.

16. artikulua. Tasa.

1. Lizentziaren titularrak tasa eta dagozkion gainerako zergak ordainduko dizkio Udalari; zenbat eta nola, dagozkion ordenantza fiskaletan ezarri bezala.

2. Azaleretarako eta tasak igortzeko erreferentzia gisa, modulu bat osatzen dute mahai batek eta lau aulkik.

17. artikulua. Denboraldia.

Aldi hauetarako egiten ahal da terrazak paratzeko eskaera:

–Urterako; urte naturalerako, alegia.

–Sasoirako, hau da, martxoaren 15etik urriaren 31ra bitarte.

Beladoreak paratzeko eskaera aldi hauetarako egiten ahal da:

–Sasoirako, irailaren 15etik maiatzaren 13ra.

V. KAPITULUA

Araubide juridikoa

18. artikulua. Instalazioaren titularraren betebeharrak.

–Betebehar orokorrak eta ordenantza honen aplikazioaren ondoriozkoez landa, instalazioaren titularra behartua dago baimentzen den okupazioaren xedeko zorua, instalazioa bera eta bere elementu osagarriak egoera ezin hobean edukitzera, garbitasunaren, segurtasunaren eta apainduraren aldetik, horretarako behar diren bitartekoak erabilita, hala nola, paperontziak, hautsontziak etab.

–Debekatuta dago kanpoan barra jartzea, baita salmenta makinak, bozgorailuak edo musika makinak ere.

–Jardueraren titularrak etengabe zainduko du ez daitezen kokalekuaren baldintzak eta elementu baimenduen mugak aldatu, lizentzian ageri diren bezalaxe.

–Zein den ere arrazoia, terraza edo beladore bat behin betiko kentzen bada, establezimenduaren jabeak behar bezain ongi utzi beharko du okupatua duen lurzorua eta eremu publikoan ezarrita dituen elementu egonkor guztiak handik eraman beharko ditu 24 orduko epean, baimendutako denboraldia bukatzen denetik edo instalazioa erretiratzeko agindua ematen denetik.

19. artikulua. Arau-hausteak.

Hona hemen ordenantza honetako arauen kontrako arau-hausteen sailkapena: arinak, astunak eta oso astunak.

1. Arau-hauste arinak:

a) Terraza paratzea aginduzko udal lizentziarik gabe, legeztatzen ahal denean.

b) Baimentutakoa baino azalera gehiago okupatzea, %30etik behera.

c) Ordenantzan xedatutako ordutegia urratzea.

d) Mahaiak eta elementuak lizentzian baimendutako epetik kanpo jartzea.

e) Beladoreak, terraza eta eguzkitakoak kokatzeko baldintzak, lizentzian zehaztuak, ez betetzea.

f) Bizilagunak gogaitzea.

g) Terrazak edo beladoreak hartzen duen eremua behar bezain garbi ez edukitzea.

h) Hartutako espazioa behar bezain garbi ez uztea mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak etab. eremu publikotik kendutakoan.

i) Lizentzian baimendu tokia ez, beste bat okupatzea.

j) Lizentzian jaso bezainbat mahai eta aulki, edo bestelakoak, ez paratzea.

k) Mahai eta aulki tolestu eta pilatuak izatea establezimendutik kanpo.

l) Ordenantza honetan ezarritako epean bide publikotik ez kentzea: mahaiak, aulkiak, berogailuak, eguzkitakoak, eguzki-babesak, loreontziak, haize-babesak, altzari osagarriak eta abar, terrazak eta beladoreak jartzeko baimena bukatzen denean.

m) Ordenantza honetan eta baimenean jasotako edozein betebehar eta debeku, falta astunaren kalifikazioa ez duena, ez betetzea eta haustea.

2. Arau-hauste astunak:

a) Terraza paratzea Udalaren aginduzko lizentzia izan gabe eta legeztatzeko aukerarik izan gabe, horrelako instalazioetarako baimenak eskuratzeko baldintzak betetzen ez direlako.

b) Falta arinak bitan egitea.

c) Baimentutakoa baino azalera gehiago okupatzea, %30etik gora.

d) Ez betetzea beladoreak, terrazak edo eguzkitakoak kokatzeko baldintzak, lizentzian zehaztuak, horrek kalte larria sortzen dionean interes publikoari edo hirugarrenei.

e) Bizilagunak gogaitzen behin eta berriz aritzea.

f) Ordenantzan ezarritako ordutegia behin eta berriz ez betetzea.

g) Musika aparatuak edo bozgorailuak paratzea.

3. Arau-hauste oso astunak:

Hiru falta astun egitea.

20. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honetan ezarritako aginduak ez betetzeagatik egiten da arau-haustea eta, ondorioz, zehapen espedientea ireki ondotik, hurrengo zehapenak ezarriko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta zehatzeko ahala erabiltzeko prozeduraren erregelamenduan ezarritako prozedurari jarraituz.

Zehapenez aparte, ez-betetzeak jardueraren aldi baterako etendura ekartzen ahal du, edo baimena kentzea, zein den arau-haustearen larritasuna, egitatearen gizarte oihartzuna eta beste inguruabar batzuk, baita astungarritzat edo aringarritzat hartzen ahal diren beste elementu batzuk.

Arau-hauste astunak behin eta berriro errepikatuz gero, ez da baimena berrituko hurrengo urteetarako.

Orobat, eta zehapena alde batera utzita, Udalaren administrazioak elementu eta instalazioak kentzeko aginduko du, eta arau-haustea egin aitzin zegoen bezala uzteko.

Titularrek terraza kentzeko agindua bete beharko dute horretarako ematen den epearen barrenean. Ez bada kentzen, Udalak kenduko du haren ordez baina interesdunaren kontura, eta hurrengo baimenetarako desgaituta geldituko da.

21. artikulua. Udal lizentziarik gabeko instalazioak.

1. Udalaren organo eskudunak, interesdunari entzunaldia eman ondoren, berehala kentzen ahal ditu lizentzia gabe ezarritako terraza eta beladoreak, eta haiek Udalaren biltegietara eraman, arauzko zehapenak baztertu gabe.

2. Zehapen espedientea tramitatu ondoren, instalazio guztia kentzeaz gain, zehapen hauek jar daitezke:

a) Hirigintza Diziplinaren Erregelamenduan aurreikusitako isuna.

b) Establezimendua desgaitzea ordenantza honetan araututako baimenak eskuratzeko, 2 urterako gehienez ere.

22. artikulua. Betearazte subsidiarioa.

Instalazioaren erantzuleak kasu egiten ez badio bide publikoan ezarritako elementuak kentzeko udal aginduari, ordenantza honetan ezarritako kasuetan, Udalak kenduko ditu eta bere biltegietara eramanen. Bertatik atera ahalko ditu jabeak, behar diren tasak ordaindu ondoren.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ondorioak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: L2102151