45. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, udaltzain izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzeko

Alkatetzaren otsailaren 8ko 297/2021 Ebazpenaren bidez, udaltzain izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zen, Tuterako Udaltzaingoan jarduteko.

Deialdia eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Tuterako Udaltzaingoko udaltzain izateko 2 lanpostu oposizio bidez betetzea. Honako txanda hauetan banatuta daude, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikuluan ezarritakoarekin bat (LFD horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina):

a) 1 txanda irekian: 0506C00212 kodea duen lanpostua.

b) 1 igoera txandan, Nafarroako Administrazio Publikoko langileendako: 0506C00213 kodea duen lanpostua.

1.2. Igoera txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, txanda irekiko lanpostuei gehituko zaizkie.

1.3. Halaber, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditurik ere lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera, ezagutzei buruzko probako puntuazioa, proba fisikoetakoa eta proba psikoteknikoetakoa baturik.

1.4. Tuterako Udalak, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, deialdi honetako lanpostuen kopurua handitzen ahalko du, hura argitaratu ondoren sorturiko lanpostu hutsekin, baldin eta Tuterako Udalaren lan publikoaren eskaintzan jasorik badaude, eta betiere izangaiek oinarrizko prestakuntza ikastaroa hasi baino lehen. Deialdiko lanpostuak handitzeko erabakia argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Tuterako Udalaren iragarki-taulan eta udal webgunean.

Lanpostuen kopurua handitzean, lanpostuak txanda bati edo besteari esleitzeko, kontuan hartuko da abuztuaren 20eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (LFD horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina).

1.5. Deialdi honen bidez udaltzain izendatzen diren izangaiek Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta lege hori garatzeko araudian ezarritako udaltzain-agenteen eginkizunak beteko dituzte, eta haietan aipatu eskubide eta betebeharrak izanen dituzte; gainera, C mailan sailkatuko dira, foru lege horretan ezarritako mailetatik.

1.6. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Prozedura hau honako arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honen oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Txanda irekia.

Oposizio honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) 18 urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide den titulu bat izatea, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Atzerrian eskuratutako titulua izanez gero, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eduki beharko da haren homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta ez sartzea deialdiaren IV. eranskinean ageri diren baztertzeko arrazoi medikoetan.

e) Dolozko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko gidabaimenak izatea, indarrean.

g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez adieraziko da.

h) Haurrendako eta nerabeendako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.

3.2. Igoera txanda.

Txanda irekiko izangaiei eskatutako baldintzez gain, igoera txandako izangaiek baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

a) Langile finkoa izatea Nafarroako edozein administrazio publikotan, frogatzea horietan bost urtez zerbitzuak egin izana, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

3.3. Baldintza horiek guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, 3.1.f) apartatukoa izan ezik; hari dagokionez, aski izanen da betetzea oinarrizko prestakuntza ikastaroa (deialdiaren 7.3.5 apartatua) egiteko izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren.

a) Esteka honetan agertzen den ereduaren arabera bete beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak (Eredua HAZ-Herritarren Arretarako Zerbitzuan eskuratuko da, bai eta deialdiaren aipamenean ere, www.tudela.es udal webgunean):

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

Eskabideak erregistratu beharko dira Herritarren Arretarako Zerbitzuan (Plaza Vieja, 1) edo El Frontón kaleko 1eko bulegoetan, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), hogeita hamar egun balioduneko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean (salbu 3.1.f) apartatuko baldintzari buruz ezarritakoa).

b) Baldin eskabidea aurkezten bada posta bulego batean, aurkeztu beharko da gutun-azal ireki batean, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik.

4.2. Izangaiek parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia.

2. Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren fotokopia edo horien baliokide den titulu batena, bi aldeena.

3. Igoera txandako izangaiek abiaburuko lanpostua, maila eta bertan duten antzinatasuna frogatzen dituen agiria aurkeztu beharko dute, zein administraziotakoak diren, hartan ziurtagiriak emateko eginkizuna esleitua duen organoak emana.

4. Deialdian aipatutako proba fisikoak egiteko egoera onean egotea ziurtatzen duen osasun ziurtagiri ofiziala.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko da argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean eta iragarki-taulan. Horretarako, bi zerrenda eginen dira:

1. Txanda irekiko izangaiak.

2. Igoera txandako izangaiak.

5.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, hala behar bada, egindako akatsak zuzendu.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, Tuterako Udaleko alkatearen ebazpen baten bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko dira, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean eta iragarki-taulan argitaratuko.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Osaera.

Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiko burua: Anichu Agüera Angulo, Tuterako Udaleko zinegotzia.

–Ordezkoa: Fernando Ferrer Molina, Tuterako Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikidea: Javier Vicuña Lapuerta, Tuterako Udaltzaingoko bitarteko inspektoreordea.

–Ordezkoa: Juan Manuel Várón, Tuterako Udaltzaingoko agente lehena.

–Epaimahaikidea: Ángel Marquina Oliveros, Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agentea.

–Ordezkoa: Víctor Gayarre Vicente, Tuterako Udaltzaingoko udaltzain-agentea.

–Epaimahaikidea: Alberto Buñuel Garnica,Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Ordezkoa: Roberto Urra Urra, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Idazkaria: Jesús Miguel Zueco Sánchez, Langileriako administrari-ofiziala.

–Ordezkoa: Ana Rosa Valero Gómez, Langileriako administrari-ofiziala.

6.2. Eraketa eta jarduna.

–Buruak deituta, probak hasi baino lehenago eratuko da epaimahaia.

–Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

–Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiko buruak eta idazkariak edo haien legezko ordezkoek bertan egon beharko dute.

–Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

–Kalifikazio epaimahaiko kideak parte hartzetik abstenituko dira, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotzen diren abstenitzeko arrazoietako bat badute.

–Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

–Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba guztietan edo haietakoren batean. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1. Oposizioak bi fase izanen ditu:

–Lehen fasea: ezagutzei buruzko probak, proba fisikoak, proba psikoteknikoak eta osasun probak eginen dira.

–Bigarren fasea: oinarrizko prestakuntza ikastaro bat gainditu beharko da.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean lehen probaren tokia, eguna eta hasteko ordua zehaztuko dira.

7.2. Probetarako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo, epaimahaiaren iritziz betiere, izangaia nor den frogatzen duen beste agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

Proba bakoitzaren kalifikazioa burututakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta webgunean, eta bost egun naturaleko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira, eta horiek ere iragarki-taulan eta udal webgunean argitaratuko; proba gainditu duten izangaien eta bazterturik geratu direnen zerrenda azalduko da, bai eta hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

7.3. Prozeduraren faseak, dokumentazioa, ikastarorako behin betiko onarpena, praktiketako funtzionarioen izendapena eta oinarrizko prestakuntza ikastaroa.

7.3.1. Prozeduraren faseak:

Hautapen prozesuaren lehen fasean proba hauek izanen dira:

a) Proba teorikoa: test motako ariketa bat egin beharko da, II. eranskineko gai zerrendan azaltzen diren gaiei buruzkoa. 100 galdera teoriko-praktikoko sorta bati erantzun beharko zaio idatziz. Galdera guztietan hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da balioduna. Erantzun zuzen bakoitzak 1,50 puntuko balioa izanen du, eta erantzun okerrek 0,50 puntuko balio negatiboa izanen dute. Galdera guzti-guztiei balorazio bera emanen zaie. Izangaiek ariketa hori egiteko bi ordu izanen dituzte gehienez ere. Proba honetan 150 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 75 puntu lortzen ez dituztenak. Proban, erreserbako hamar galdera gehigarri izanen dira, azterketako galderaren bat kendu behar bada ere, akatsa izateagatik. Hala ere galdera gehiago badago epaimahaiaren ustez okerrak direnak, kendu eginen dira, eta ez dira kontuan hartuko azterketa zuzentzeko.

b) Gaitasun fisikoa neurtzeko proba: deialdiko III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du izangaiak baztertzeko. Proba honetan 40 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Epaimahaiak ezarriko du proba honetako ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean ala gehiagotan egin beharko diren.

Proba honetako ariketak honela kalifikatuko dira:

–Pisua goratzeko proba (banku press-a), 5-10 puntu bitarte.

–Uretan aritzeko gaitasuna, 5-10 puntu bitarte.

–Zalutasun proba (Barrow testa), 5-10 puntu bitarte.

–Erresistentzia proba (Course Navette-ren testa), 5-10 puntu bitarte.

Epaimahaiak ezarriko du proba fisikoak egiteko hurrenkera. Bazterturik geldituko dira proba guzti-guztietan eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiak.

Izangai guztiak dopinaren kontrako kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Behar den organo espezializatuak eginen ditu jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak. Horren ondorioetarako, debeku izanen dira Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2018ko abenduaren 21eko Ebazpenaren I. eranskinean jasoriko substantziak, gai farmakologikoak, dopin metodoak eta manipulazioak, ebazpen horren bidez onetsi baitzen kirolean debekatuta dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2018ko 315. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 31koa).

Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.

Gaitasun fisikoa neurtzeko proba egin baino lehen, horretarako ezartzen den epean, osasun ziurtagiri mediko ofizial bat aurkeztu beharko da, inprimaki ofizialean egina eta jardunean dagoen medikuen elkargoko kide batek sinatua, non berariaz adieraziko baita izangaiak baduela proba fisiko horiek egiteko behar den gaitasun fisikoa eta osasuna.

Ziurtagiri hori aurkezten ez dutenek bigarren probako ariketa guztiak egiteko eskubidea galduko dute, eta prozesutik baztertuta geldituko dira, ondorio guztietarako.

c) Proba psikoteknikoa: hainbat proba eginen dira, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zein neurritan egokitzen diren zehazteko. Proba hauek eginen dituzte Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko Atalak edo erakunde horrek izendatzen dituen langileek, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako. Gaitasun psikoteknikoaren proban 50 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dituztenak.

Proba fisikoak gehi proba teorikoa gainditzen dituzten izangai guztiek eginen dituzte gaitasun psikoteknikoaren probak.

d) Osasun probak. Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei, deialdiko lanpostuak baino gehiago badira eta epaimahaiak zehazten duen kopuruan, osasun probak egitera dei eginen zaie, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, deialdiaren 3.1 apartatuaren d) letran ezarritakoari jarraikiz. Quirón Prevención-ek eginen du osasun azterketa hori.

Izangaiak “gai” edo “ez gai” kalifikatuko dira Quirón Prevención-ek igorritako txosten medikoen arabera. “Gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

Dauden lanpostu guztiak zehaztu (1.4 oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdian onetsitako lanpostuen kopurua handitzeko aukerari dagokionez) eta epaimahaiak osasun azterketaren balorazioak jaso ondoren, epaimahaiak izangai onartuen zerrenda prestatuko du, lanpostu hutsak esleitzeko ekitaldian parte hartzeko, betiere lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta txanda irekia eta igoera txanda kontuan harturik.

7.3.2. Lanpostuen esleipena.

a) Esleipenaren egintza eginen da prestakuntza-ikastaroaren aurretik, zehazteko nork duten sarbidea bete beharreko lanpostuetarako.

b) Egintza horren helburua da dauden lanpostuak betetzea, hautaprobetan lortutako puntuazio handienaren arabera.

c) Epaimahaiak bi zerrenda eginen ditu horretarako, guztirako puntuazio handienetik txikienera ordenatuta; bat igoera txandako lanposturako izangaiena eta beste bat izangai guztiena. Dei egiten hasiko da, ordenaren arabera, lehenik igoera txandako zerrendan agertzen direnei, txanda horretako lanpostu hutsak esleitzeko. Lanpostu horiek bete ondoren, gauza bera eginen da izangai guztiak jasotzen dituen zerrendarekin, igoera txandako lanpostu hutsak esleitu zaizkienak kenduta, txanda irekiko lanpostuak betetzeko.

d) Egintza honetan lanpostua lortzen duten izangaien zerrenda behin-behineko proposamena izanen da oinarrizko prestakuntza ikastarorako. Proposatutakoen kopurua ez da inolaz ere izanen deialdiko lanpostu kopurua baino handiagoa. Epaimahaiak jendaurrean jarriko du zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta webgunean, bakoitzaren kalifikazio orokorrak zehaztuta.

7.3.3. Dokumentazioa eta ikastarorako behin betiko onarpena.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, behin-behinean onartutakoek frogatu beharko dute, hamar egun naturaleko epean, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratzen denetik hasita, deialdiaren 3.1 apartatuko e), f), g) eta h) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Herritarren Arretarako Zerbitzuan (Plaza Vieja, 1) edo El Frontón kaleko 1eko bulegoetan, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Deialdian eskatutako gidabaimenen aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatua.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

–Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, frogatzen duena ez dagoela izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

–Armak eramateko eta, behar denean, horiek erabiltzeko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

–Hala behar denean, deialdiaren 8.2 apartatuaren laugarren paragrafoan aipatzen den aukeraz baliatzeko agiria.

Aurreko izapideak eginik, epaimahaiak behin betiko zerrenda argitaratuko du, puntuazio handienetik txikienera, oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartutako izangaiak zein diren adierazita. Oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinean onartutako izangairen batek ez badu eskatutako dokumentazioa aurkezten, probak gainditu eta eskatzen diren baldintzak betetzen dituen puntuazio handiena duen izangaiarekin ordeztuko da behin betiko zerrendan.

7.3.4. Praktiketako funtzionarioaren izendapena.

Udaltzain izateko oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartzen duten izangaiak Tuterako Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko dira Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu eta aurretik Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionarioak direnak.

7.3.5. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du eta baztertzailea izanen da. Ikastaroa jarraikiko zaio Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan eta aplikagarriak diren gainerako xedapenetan ezarrita dagoenari.

–Azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.3 eta 45.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroetako edukien berdintasuna edo baliokidetasuna frogatzen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, interesdunak eskatuta. Behin ikastaroaren edukia berdina edo baliokidea dela egiaztatuta, proportzio bat kalkulatuko da, bai haren puntuazio orokorrarena, bai hura osatzen duten arloetako bakoitzarena.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren eginkizunetako bat izanen da eginkizun berberak edo antzekoak dituzten erakunde publikoek emandako ikastaro eta diplomak osorik edo partez baliozkotzea, bai eta eskolak berak lehenago emandakoak ere, baldin eta eduki-baliokidetasuna badago. Horrelakoetan, behar den puntuazioa esleituko du.

–Izangaiek, prestakuntza ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko dute, bai eta, hala badagokio, familia laguntza ere.

–Oinarrizko prestakuntza ikastarora sartzen diren langile finkoek jatorrizko lanpostuaren ordainsaria jasoko dute, hori handiagoa baldin bada praktiketako funtzionarioari dagokiona baino.

–Halaber, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliaturik badaude, horrexetan segituko baitute.

–Praktiketako funtzionario izateak ez ditu ematen eskuratu nahi den lanpostuari dagozkion eskubideak.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Epaimahaiak emanen dio baja horren berri Udalari.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartuak izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 3.1.d) apartatuan aipatzen den baldintza betetzen segitzen duela egiaztatzeko. Proba horien bidez atzematen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du pertsona horiei baja emateko hautapen prozesutik, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzen duten izangaiek, eta hautapen prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaie, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetu arte.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroan, izangaiak “gai” edo “ez gai” kalifikatuko dira, ateratako puntuazioaren hurrenkeran. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak aipatu ikastaroan ematen dituen kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarendako.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira deialditik.

7.3.6. Azken kalifikazioa. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, batuko dira hautapen prozesu osoko puntuazioak, hau da, hautapen fasean lorturiko puntuazioak..

8.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

8.1. Izendapena.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroa bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta gainditu dutenak izendatzeko proposamena igorriko du.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroa bukatu, eta izangaiek zin egin edo hitzeman beharko dute Nafarroako Foru Eraentza errespetatu eta defendatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen dietela eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituztela.

–Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, Alkatetzak emandako ebazpen baten bidez, Tuterako Udaleko udaltzain eta funtzionario izendatuko dira oposizioa gainditu duten izangaiak, txanden eta lortutako azken puntuazioaren hurrenkeraren arabera, aurreko apartatuan ezarritakoa bete badute.

–Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Lanpostuaz jabetzea.

–Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

–Lanpostuaz jabetzeak berekin ekarriko du praktiketako funtzionario izateari uztea.

–Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek Tuterako Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

–Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede diren lanpostuetarako izendatuak izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie araubide horren babesean, salbu eta lehendik afiliaturik badaude Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzaren beste araubide batean; orduan, eta izendatu aurretik, aukeratzen ahalko dute babes araubide horretan segitzea ala Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

10.–Datu pertsonalen babesa.

Tuterako Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.

Oinarri juridikoa: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginari buruzko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua eta interesdunak eskabidea aurkeztean emaniko adostasuna.

Datuak gordeko diren denbora: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiraturik edukiko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak.

Datuen lagapen-hartzaileak: datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta Udalaren webgunean eta iragarki-taulan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

Eskubideak: jakinarazten dizugu badituzula datuetara irispidea izateko eskubidea, datu horiek zuzentzeko eskubidea, zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko eskubidea, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horiek erabiltzeko, jo beharko duzu Erregistro Orokorrera (Plaza Vieja 1, 31500 Tutera), edo egoitza elektronikora (www.tudela.es). Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril), edo egoitza elektroniko honetara: https://www.agpd.es.

Tuteran, 2021eko otsailaren 1ean.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. tituluaren barnean: toki-entitateen antolaketa eta administrazioa, I. kapitulua: udalerriak. III. tituluaren barnean: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea, 1. kapituluko 1. atala eta 2. atala: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamendua.

2.–Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea: xedapen orokorrak. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea.

3.–Emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunaren aldeko Tuterako Udalaren plana.

4.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: funtzionario publikoak. I. kapitulua: hautaketa. II. kapitulua: funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua: mailak eta graduak. IV. kapitulua: administrazio karrera. V. kapitulua: plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. VI. kapitulua: egoera administratiboak.

5.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa. I. titulua: segurtasun indar eta kidegoak. II. titulua: Estatuko segurtasun indar eta kidegoak. 2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa: III. titulua: autonomia erkidegoetako poliziak. IV. titulua: Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza. V. titulua: udaltzaingoak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetan hirugarrena.

6.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

7.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

8.–Etika eta deontologia poliziala:

–Jokabide kodea legea betearazi behar duten funtzionarioendako (34/169 Ebazpena, 1979ko abenduaren 17koa, Nazio Batuen Batzar Nagusiak emana).

–690/1979 Ebazpena, Europako Kontseiluaren Parlamentu Biltzarrak emana, poliziaren gaineko deklarazioa egiten duena.

–Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Europar Batasuneko estatuei emandako 2001/10 Gomendioa, Poliziaren Etikaren Europako Kodeari buruzkoa. (Ministroen Kontseiluak emana 2001eko irailaren 19an, Ministroen Delegatuen 765. bilkuran).

9.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa. Atariko titulua: Zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. titulua: arau-hauste penala. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak.

10.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalaren Legea onesten duena. II. liburua: I. titulua: salaketa. VI. titulua, II. kapitulua: atxiloketa. IV. kapitulua: defentsa eskubideaz baliatzea, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua, I. kapitulua: toki itxian sartu eta hori miatzea.

11.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalari buruzko Legea onesten duena: II. liburua: I. titulua: salaketa, III. titulua: polizia judiziala, VI. titulua: zitazioa, atxiloketa eta behin-behineko espetxeratzea. VIII. titulua: I. kapitulua: toki itxian sartu eta hori miatzea. IV. liburua: prozedura bereziak, II. titulua: prozedura laburtua, II. kapitulua: polizia judizialaren eta Fiskaltzaren jarduketak. III. titulua: delitu jakin batzuk azkar epaitzeko prozedura.

12.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena.

13.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa. I. eta II. tituluak.

14.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa, poliziaren arreta eta babes eraginkorra. I. titulua eta VII. titulua.

15.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, onesten duena Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina.

16.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, onesten duena Zirkulazio Erregelamendu Orokorra, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –onetsi zena martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–.

17.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena.

18.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, arautzen duena Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra.

19.–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, onesten duena Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa eta arautzen dituena enpresen eta lokalen erregistroak.

20.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, onesten duena Zirkulazio Erregelamendu Orokorra, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –onetsi zena martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–.

21.–Tuterako Udalaren ordenantzak:

–Trafikoari buruzko ordenantza orokorra.

–Kuadrilla gelatako lokalak arautzen dituen ordenantza.

–Udal ordenantza, arautzen duena terrazak, beladoreak eta barra-mostradoreak paratzea jabari eta/edo erabilera publikoko eremuetan.

–Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantza.

–Bideen eta espazio publikoen garbiketari buruzko udal ordenantza.

–11. ordenantza fiskala, merkatu txikietan lurzorua okupatzeko tasak arautzen dituena.

22.–Tuterako geografia eta kaleak (www.tudela.es udal webgunean, deialdiari buruzko aipamenean, ageri diren testuaren eta planoaren arabera).

23.–Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratu ahalko ditu epaimahaiak.

III. ERANSKINA

Bigarren probari dagozkion ariketak (gaitasun fisikoa)

1.–Banku press-a.

Azalpena: banku batean etzanda, ahoz gora, eta oinak euste-zoruan dituela, izangaiak pisu bat goratu beharko du 60 segundoan ahal duen aldi guztietan. Pisua 38 kilokoa izanen da gizonezkoendako, eta 20 kilokoa emakumeendako. Bi eskuekin goratuko du pisua, barrari ahurraz heldu eta hatzak itxirik (eskuen arteko distantzia 80 cm izanen da gehienez, barrarekin kontaktuan dauden hatz erakusleen arteko tartea neurtuta). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Izangaiek saio bakarra izanen dute proba egiteko. Ezin da eskularrurik erabili, ez eta heltzea errazten duen beste edozein substantziarik ere, ez eta jantzia kendu ere bizkarra bankuan zuzenean bermatzeko. Kamiseta gorputzari itsatsita gelditzen dela bermatu beharko da; galtzaren barrenetik sartu beharko da.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du. Ariketak irauten duen denbora guzti-guztian, oinek lurzorua ukitzen egon beharko dute.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Honelakoetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Oin batek edo biek lurzorua ukitzeari uzten badiote.

–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

ERREPIKAPENAK (GIZONAK)

ERREPIKAPENAK (EMAKUMEAK)

NOTA

30 baino gutxiago

20 baino gutxiago

Baztertua

30 eta 35 artean

20 eta 25 artean

5

36 eta 41 artean

26 eta 31 artean

5,5

42 eta 46 artean

32 eta 36 artean

6

47 eta 50 artean

37 eta 40 artean

6,5

51 eta 54 artean

41 eta 44 artean

7

55 eta 57 artean

45 eta 47 artean

7,5

58 eta 60 artean

48 eta 50 artean

8

61 eta 62 artean

51 eta 52 artean

8,5

63 eta 64 artean

53 eta 54 artean

9

65

55

9,5

66 edo gehiago

56 edo gehiago

10

2.–Uretako trebetasun probak (50 metro estilo librean).

Baloratuko da arnasa hartzeko mekanismoen kontrola eta ur ingurunean nola egokitzen den.

Azalpena: joan-etorria egin behar da igerian, crawl estiloan edo estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean. Igerileku ertzetik atera behar da, irteera-plataformara igo gabe.

Ezin izanen da erabili ez neoprenozko jantzirik, ez urpeko betaurrekorik, ez eta urpean ibiltzeko beste tresnarik ere, baina bai igeriketa-betaurrekoak. Debekatuta dago proba igerilekuaren barrutik hastea. Gauzatzeko modua: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretan murgildu eta 50 metro eginen ditu igerian (25 metroko tarte bat joateko eta 25 metroko beste tarte bat itzultzeko). Igerilekuaren ertzetik atera beharko da, zutik jarrita (bi oinak lurrean), uraren arrasetik eta geldirik egonda. Ez da igoko inolako irteera-plataformatara edo euskarritara irteteko.

Saio bakarra eginen da. Saioa baliogabetzat joko da, eta izangaia baztertuko da, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuko alboko kaleak erabiltzen baditu euskarri moduan edo bulkada hartzeko.

–Igerilekuaren ertzei heltzen badie atseden hartzeko.

–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz abiada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

–Noranzkoa aldatzean horma ukitzen ez badu.

–Baliorik gabeko bi irteera egiten baditu.

Puntuazioa: honako eskala honen arabera puntuatuko da (denbora segundotan neurtua, segundo-hamarrenak ez baitira kontuan hartuko):

DENBORA (GIZONAK)

DENBORA (EMAKUMEAK)

NOTA

42”tik gora

48”tik gora

Baztertua

41”9tik 41”ra bitarte

47”9tik 47”ra bitarte

5

40”9tik 40”ra bitarte

46”9tik 46”ra bitarte

5,5

39”9tik 39”ra bitarte

45”9tik 45”ra bitarte

6

38”9tik 38”ra bitarte

44”9tik 44”ra bitarte

6,5

37”9tik 37”ra bitarte

43”9tik 43”ra bitarte

7

36”9tik 36”ra bitarte

42”9tik 42”ra bitarte

7,5

35”9tik 35”ra bitarte

41”9tik 41”ra bitarte

8

34”9tik 34”ra bitarte

40”9tik 40”ra bitarte

8,5

33”9tik 33”ra bitarte

39”9tik 39”ra bitarte

9

32”9tik 32”ra bitarte

38”9tik 38”ra bitarte

9,5

31”9 edo gutxiago

37”9 edo gutxiago

10

3.–Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik, zutoinaren ondoan, eta irteera-marraren atzean.

Gauzatzeko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea “zortzi” baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz osatu beharko dute zirkuitua, lehenik alde batera, eta gero, beste aldera (A eta B ibilbideak grafikoan). Ibilbide bakoitzean, bi saiakera egin daitezke. Bigarren saioa eginen da, bakar-bakarrik, lehenbizikoa baliogabea izan baldin bada. Minutu bateko atsedenaldia utziko da bigarren saiakera egin baino lehen.

Zirkuituaren eskema:

L2102241_0.pdf

Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 25”8 segundo gizonendako, eta 27”5 segundo emakumeendako.

Saioa baliogabea izanen da izangaiak honako hauetako bat egiten badu:

–Zutoin bat botatzen badu.

–Zutoin bat hartzen badu, eror ez dadin.

–Izangaia ibilbidetik ateratzen bada, hau da, lasterketako marra idealetik ateratzen bada (nahiz eta ibilbide zuzenetik itzuli)

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, fotozelulak irakurri bezala, ehunenetan, kontuan hartuz ariketa bukatzen dela izangaiak irteera marra berriz gurutzatzen duenean. Segundo-ehunenak alde batera utziko dira. Fotozelula sistemak huts egiten badu, erreserbako eskuzko kronometrajea aplikatuko da.

DENBORA (GIZONAK)

DENBORA (EMAKUMEAK)

NOTA

25”8 baino gehiago

27”5 baino gehiago

Baztertua

25”8tik 25”2ra bitarte

27”5etik 27”4ra bitarte

5

25”1etik 24”5era bitarte

27”3tik 27”2ra bitarte

5,5

24”4tik 24”1era bitarte

27”1etik 27”0ra bitarte

6

24”0tik 23”6ra bitarte

26”9tik 26”8ra bitarte

6,5

23”5etik 23”0ra bitarte

26”7tik 26”6ra bitarte

7

22”9tik 22”7ra bitarte

26”7tik 26”6ra bitarte

7,5

22”6tik 22”5era bitarte

26”5etik 26”4ra bitarte

8

22”4tik 22”3ra bitarte

26”3tik 26”2ra bitarte

8,5

22”2tik 22”1era bitarte

26”1etik 26”0ra bitarte

9

22”0tik 21”9ra bitarte

25”9tik 25”8ra bitarte

9,5

21”8 edo gutxiago

25”7 edo gutxiago

10

4.–Erresistentzia-proba (Course Navette-ren testa).

Gauzatzeko modua: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute, zinta magnetofoniko batek emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzuten duten une berean, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, edo marretatik haratago, txandaka. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuta, marra zapalduz edo marratik haratago. Zintak tarte erregularretan emanen du soinua. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa eginen da. Izangaiek saio bakarra izanen dute proba egiteko.

Testaren helburua da zinta magnetofonikoak markatzen duen erritmoari eustea eskatzen diren tarteak bete arte. Izangaia seinalea entzun baino lehentxeago abiatzen bada, behin baino gehiagotan, abisu bat emanen zaio. Izangaia seinalea baino lehen ateratzen bada eta metro bateko tartetik haratago joan bada, probari bukaera emanen zaio besterik gabe. Honako egoera hauetan bukatuko da izangai bakoitzaren proba, eta ordura arte lortutako tarteak kontatuko dira:

–Izangaia gelditzea, salbu eta une batez soilik gelditzen bada, 20 metroko marraren gainean pibotatzen ari denean, seinale akustikoaren zain.

–Izangaia bere kaletik ateratzea.

–Izangaiak ibilbide oso bat ez bukatzea muturreko marra edo haratago zapaldu gabe.

–Seinale akustikoa entzuten denean, izangaia ez iristea 20 metroko marratik metro bateko eremura.

–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra zapaltzera, edo haratago, seinale akustikoak agintzen dionean. Seinaleak jotzen duen unean, marratik metro bateko tartera egotea onartuko da. Segurtasun metroaren barruan egonda, izangaiak ez badu marra zapaltzen seinale akustikoak jo baino lehen, izangaiari abisu bat emanen zaio, kontrolatzailearen ezker-eskuin jarriko den kono baten bidez. Abisu hori kendu eginen zaio baldin eta lortzen badu 20 metroko beste marra ukitzea seinale akustikoak jotzean. Marra ukitzen ez badu, bigarren abisua emanen zaio. Bi abisu dituela, izangaia 20 metroko beste marrara iristen bada seinale akustikoarekin batera, bi abisuak kenduko zaizkio; garaiz iristen ez bada, berriz, hirugarren abisua emanen zaio, eta proba bukatutzat joko da.

Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), ondoko eskala honi jarraikiz:

TARTEAK (GIZONAK)

TARTEAK (EMAKUMEAK)

NOTA

10 baino gutxiago

8 baino gutxiago

Baztertua

10

8

5

10,5

8,5

5,5

11

9

6

11,5

9,5

6,5

12

10

7

12,5

10,5

7,5

13

11

8

13,5

11,5

8,5

14

12

9

14,5

12,5

9,5

15 edo gehiago

13 edo gehiago

10

IV. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikuseremu monokularra: plano horizontalean, ez da 120°-tik beherakoa izanen, eta ez da murrizketa nabarmenik izanen ikuseremuaren ezein meridianotan.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzumen sistema.

–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB edo gehiagoko galera monoaurala izatea entzumen-zolitasunean.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3.–Hizkuntza.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.

4.–Hezur eta muskulu-sistema.

–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, eragin funtzionalaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.

–Zifosiak, 30° baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bat-egiteak eta ornoarteko diskoaren nahasmenduak.

–Espondilitis ankilosatzailea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretako herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoak.

–Uzki-esfinterraren gutxiegitasuna.

6.–Zirkulazio-aparatua.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta bihotzeko erritmoaren edo eroapenaren nahasmendu guztiak, honako hauek salbu: arritmia sinusala, estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarraren blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Hipertentsio arteriala (TASa >140 eta TADa >90).

–Hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa < 45).

–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuko gaitz kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikatuak.

–Berezko pneumotorax errepikatuak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta lotura neuromuskularraren bestelako nahasmenduak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak.

–Nahasmendu mental organikoak, salbu eta prozesu automugatuak eta itzulgarriak.

–Nahasmendu mentalak eta jokabidearenak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bestelako nahasmendu psikotikoak.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.–Sexu- eta gernu-aparatua.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-ihesa.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinetako bestelako nahasmenduak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Diabetes mellitusa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta, haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena dela kausa, polizia lanetan aritzea eragozten badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mielougalkorrak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo eritropoietina erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Bestelakoak

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15.–Azalpen orokorrak.

–Patologia baztertzaileak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu eragin funtzionalaren arabera eta polizia lanetan aritzeari begira eginen den pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Eragin funtzionala duten bestelako gaitzak, zeinahi aparatu edo sistematakoak, ebaluazio mahaiaren iritziz polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

Iragarkiaren kodea: L2102241