45. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

33/2021 EBAZPENA, otsailaren 12koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jarraibide batzuk onesten baitira 2021-2022 ikasturteko egutegia eta ordutegia prestatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetarako.

Martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren bidez ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautu eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak. 15.2 artikuluan ezartzen denari jarraikiz, Hezkuntza Departamentuak urtero ezarriko ditu eskola egutegia eta ordutegia prestatzeko behar diren arauak eta ikasturteak izanen duen gutxieneko egun kopurua, bai eta ikasturtearen iraupena ere ikastetxe publikoen kasuan.

Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak jarraibide batzuk onestearen aldeko txostena aurkeztu du, horietan oinarrituta 2021-2022 ikasturteko egutegia eta ordutegia prestatzeko Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2021-2022 ikasturteko egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak onestea, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetarako. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen eta dagokion eranskinaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau eta dagokion eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari eta 0-3 urteko Zikloaren eta Landa Eskolen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko otsailaren 12an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

2021-2022 ikasturteko egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetarako

1.–Egutegia prestatzeko irizpide orokorrak.

Egutegia eta ordutegia irizpide pedagogikoei jarraikiz eginen dira. Profesionalen lehentasunek nahiz interesek inolaz ere ezin izanen dute oztopatu azaldutako irizpideen aplikazioa.

1.1. Ikastetxe publikoak.

1.1.1. Entitate titularrek egutegirako proposamen zehatza eta librea egin dezakete beren ikastetxeetarako, betiere honako baldintza hauek beteko dituena:

–Ikastetxea 208 egunez irekiko da. Horietako lau egun –ikasturte hasieran eta bukaeran banatuak– zereginak antolatzen emanen dituzte hezkuntzako langileek, eta garbiketa orokorreko lanetan zerbitzuetako langileek. Gainerako 204 egunak haurrez arduratzeko izanen dira.

–Ikastetxea irekita egoteko aurreko paragrafoan aipatzen diren egunak 10,6 hilabeteko edo 318 egun jarraituko erreferentzialdi baten barruan daudela ulertuko da, eta hilabeteak 30 egun naturalekoak direla.

–Egutegia prestatzeko, kontuan hartuko dira Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean jaiegun gisa adierazitako egunak, hain zuzen ere honako hauek 2021-2022 ikasturterako: 2021eko urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 3a, 6a, eta 8a, eta 2022ko urtarrilaren 6a, apirilaren 14a, 15a eta 18a eta udalak erabakitzen duena, bertako zaindariari eskainia.

1.1.2. Proposamena 3.1 atalean ezarritako epean aurkezten ez duten ikastetxeei ofizioz esleituko zaie oinarrizko egutegi hau:

–Oro har, ikasturtea 2021eko irailaren 1ean hasi eta 2022ko uztailaren 15ean bukatuko da.

–Ikastetxea 208 egunez irekiko da. Horietako lau egun zereginak antolatzen emanen dituzte hezkuntzako langileek, ikasturtearen hasieran eta bukaeran, eta garbiketa orokorreko lanetan zerbitzuetako langileek. Gainerako 204 egunak haurrez arduratzeko izanen dira.

–Eguberrietako oporrak abenduaren 27tik 2022ko urtarrilaren 2ra arte izanen dira, biak barne.

–Aste Santuko oporrak 2022ko apirilaren 14tik 22ra arte izanen dira, biak barne.

–Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean ezarritakoak izanen dira jaiegunak: 2021eko urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 3a, 6a, eta 8a, eta 2022ko urtarrilaren 6a, apirilaren 14a, 15a eta 18a eta udalak erabakitzen duena, bertako zaindariari eskainia.

1.2. Ikastetxe pribatu baimenduak:

1.2.1. Ikastetxearen egutegia ondoko baldintzetara egokituko da:

–Ikastetxean haurrentzako arreta zuzeneko egunak gutxienez 175 izanen dira.

–Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean ezarritakoak izanen dira jaiegunak: 2021eko urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 3a, 6a, eta 8a, eta 2022ko urtarrilaren 6a, apirilaren 14a, 15a eta 18a eta udalak erabakitzen duena, bertako zaindariari eskainia.

1.3. Ikastetxe publiko eta pribatu baimenduetarako egutegiko aldaketak:

Ikastetxeko egutegia Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean gertatzen ahal diren aldaketetara moldatu beharko da.

2.–Irizpide orokorrak, ikastetxe publiko eta pribatu baimenduen ordutegia prestatzeko.

2.1. Ikastetxearen ordutegia ondoko baldintzetara egokituko da:

–Ikastetxea zabalik egonen da astelehenetik ostiralera bitarte, biak barne.

–Entitate titularrak ezarriko du ikastetxea irekitzeko eta ixteko ordutegia, baita sartzeko eta ateratzeko ordu tarteak ere, kontuan hartuta familien beharrak, hezkuntzako langileen ordutegia antolatu eta malgutzeko aukerak, taldeen funtzionamendu egonkorra eta horretarako araudian ezarritako ratioa betetze beharra.

–Sartzeko eta ateratzeko ezarritako ordu tarteetatik kanpo ez da baimenik izanen ikastetxean sartzeko, arrazoi justifikatuekin izan ezik.

–Eguneko lanaldia antolatuko da ardatz harturik haurren jateko, garbitzeko eta lo egiteko erritmoak.

2.2. Ikasturte hasieran haurren harrera aldirako plangintza egin beharko da eta, besteak beste, honakoak hartuko dira kontuan:

–Harrera errazteko jarduera berariazkoak diseinatzea.

–Banakoen beharrak aintzat hartzea.

–Familien partaidetza eta laguntza.

–Ikastetxeko ordutegiak eta antolakuntza malgutzea.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onetsi beharko du harrera aldi horren plangintza, eta ikastetxearen proposamen pedagogikoan sartuko da. Familiek plangintzaren berri izan beharko dute ikasturtea hasi aurretik.

2.3. Gainera, ikastetxe publikoetan:

–Haurrak zein lanalditan dauden matrikulatuta ikasturte guztian (osoa, murriztua, erdia), haren araberako eguneko ordutegia beteko du ikastetxeak.

–Haurrez zuzenean arduratzeko ez den denbora, lanaldia osatu arte, honetarako erabiliko dute ikastetxetako hezkuntzako langileek: familiekin izaten diren bilerak egiteko, materialak prestatzeko eta proposamenak, koordinazio-lanak eta prestakuntza-jarduerak egiteko.

3.–Tramitazioa.

3.1. Ikastetxeko entitate titularrak egutegia eta ordutegia igorri beharko ditu Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura 2021eko ekainaren 1a baino lehen, zehaztuta unitateek zer-nolako lanaldia duten (osoa, murriztua, erdia).

3.2. Egutegia eta ordutegia Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorri behar zaizkio zerbitzu horrek ezartzen duen moduan. Haiek aztertu ondoren, onetsi edo ukatuko ditu. Onetsitzat joko dira 2021eko ekainaren 25erako jakinarazpenik hartzen ez duten ikastetxeetakoak. Horietakoren batek proposamena igortzen ez badu ezarritako epearen barrenean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio.

3.3. Ikastetxe sortu berriek, ikasturtea 2021eko irailaren 1etik aurrera hasten badute, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorri beharko dituzte egutegia eta ordutegia zerbitzu horrek zehazten duen moduan, ikastetxea ireki baino bi hilabete lehenago, zehaztuta beren unitateen lanaldia (osoa, murriztua, erdia). Haiek aztertu ondoren, onetsi edo ukatuko ditu, eta ikastetxeei jakinaraziko die hilabeteko epean. Ikastetxeetako egutegi eta ordutegiak onetsitzat joko dira ez badute jakinarazpenik jasotzen hilabeteko epean.

3.4. Egutegia eta ordutegia, behin onetsirik, nahitaez bete beharrekoak izanen dira, eta ikastetxeko zuzendaritzak izanen du horiek aplikatzeko ardura. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio haiek aplikatzen direla ikuskatzea eta kontrolatzea.

3.5. Egutegia eta ordutegi orokorra ikastetxeko iragarki-taulan ikusgai jarri beharko dira, eta aldaezinak izanen dira, non ez duen Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak horretarako baimena ematen, entitate titularrak eskatuta.

Iragarkiaren kodea: F2102579