44. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 25a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 7/2021 FORU DEKRETUA, otsailaren 23koa, zeinaren bidez neurriak ezartzen baitira SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen dio autonomia erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Aipatutako errege dekretuaren 6.2 artikuluak ezartzen du ezen eskuordetutako agintari eskudunak, modu osagarrian, pertsonen sarrerak eta irteerak mugatzen ahalko dituela geografikoki autonomia erkidegoa baino txikiagoak diren lurralde eremuetan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin (errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko).

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez emandako eskumen horiek erabiliz onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretua, urriaren 27koa. Horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Zehazki, pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatu zen gauez Nafarroako Foru Komunitatean, 23:00etatik 06:00etara bitartean; mugatu egin zen Nafarroako Foru Komunitatera sartzea eta bertatik irtetea, salbu foru dekretu horretan aipatutako eta behar bezala justifikatutako joan-etorrien kasuan; eta mugatu egin ziren pertsonen arteko bilerak: sei lagun, gehienez ere, eremu publiko eta pribatuan, eta bizikidetza-unitatea eremu pribatuan, foru dekretuan jasotzen ziren salbuespenekin. Pertsonen joan-etorriei gaueko ordutegian ezarritako mugen indarraldiari dagokionez, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan deklaratutako alarma-egoerak zeukan berbera ezarri zen, eta gainerako neurrien kasuan, berriz, 2020ko azaroaren 4ra arteko indarraldia, egun hori barne. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 4ko 26/2020 Foru Dekretuaren bidez luzatu zen foru dekretu hori, 2020ko azaroaren 18ra arte luzatu ere, eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 16ko 28/2020 Foru Dekretuaren bidez, berriz, 2020ko abenduaren 18ra arte.

Alarma-egoera 2021eko maiatzaren 9ko 00:00etara arte luzatu da. Luzapena xedapen hauetan bildutako baldintzen menpe dago: urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratu zuena SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko, eta, kasua bada, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretu horren azken xedapenetako lehenbizikoak emandako gaikuntza erabiliz ematen diren dekretuak, ezertan galarazi gabe hurrengo apartatuetan ezartzen dena.

Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak 2020ko abenduaren 2an hartutako Erabakiaren bidez hartu dira Eguberrietan COVID-19ari aurre egiteko osasun publikoko neurriak. Erabaki horren bidez, zenbait neurri malgutu ziren: autonomia erkidegoetan eta hiri autonomoetan sartzeko eta bertatik irteteko mugak, familiakoekin eta hurbileko pertsonekin elkartzeko bilkurak, gaueko mugikortasunaren muga eta Eguberrietako ekitaldiak.

Abenduaren 14an, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 29/2020 Foru Dekretuaren bidez (gero abenduaren 28ko 31/2020 Foru Dekretuaren bidez aldatua), neurriak ezarri ziren Eguberrietarako. 29/2020 Foru Dekretuan ezarritako neurrien ondorioak 2021eko urtarrilaren 14ra arte luzatu ziren, egun hori barne.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren urtarrilaren 13ko 2/2021 Foru Dekretuaren bidez, neurriak hartu ziren SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Neurriok gero aldatu ziren, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren urtarrilaren 20ko 3/2021 Foru Dekretuaren bidez. Neurri horien indarrak 2021eko otsailaren 15era arte iraunen du, egun hori barne.

Bukatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren otsailaren 9ko 6/2021 Foru Dekretuaren bidez, otsailaren 25era arte luzatu ziren neurriak, egun hori barne.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenean eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren txostenean justifikatzen da, arrazoi epidemiologikoak eta laguntzakoak tarteko direla, osasun arloko neurri berriak hartzea, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, azken asteko diagnostiko berrien tasak behera egin du, 68 kasukoa baita 100.000 biztanleko.

Azaroaren 30etik abenduaren 27ra arte metatutako intzidentzia egonkorra izan da: 95 kasu ingurukoa 100.000 biztanleko. Hala ere, joera hori urteko azken astean hautsi zen, aste horretan kasuak %34 emendatu zirelako, eta metatutako intzidentzia 123 kasu 100.000 biztanleko izatera iritsi zen. Aste horretatik aurrera, 7 egunetara metatutako intzidentziak goranzko joera eduki du, datu hauekin: 169, 218 eta 249 kasu 100.000 biztanleko urtarrilaren 4tik 10era, 11tik 17ra eta 18tik 25era arteko asteetan, hurrenez hurren, goranzko malda pixka bat leunagoa izan den arren. Lehendakariaren urtarrilaren 20ko 3/2021 Foru Dekretuaren ondoren, zeinetan ezartzen baita bizikideen artekoak izan daitezkeela soilik eremu pribatuko bilkurak, eta Osasuneko kontseilariaren urtarrilaren 20ko 2/2021 Foru Aginduaren ondoren, zeinetan debekatzen baita ostatuen barnean kontsumitzea, eten egin zen goranzko joera, eta urtarrilaren 25etik 31ra bitarteko astean eta otsailaren 1etik 7ra bitartekoan, 7 eguneko intzidentzia pasatu zen 100.000 biztanleko 233 eta 181 kasukoa izatera hurrenez hurren. Joan den astean jarraitu zuen jaisten, 100.000 biztanleko tasa 96 kasukoa izan baitzen, abenduan bezalatsu, eta azken horrek behera egin du, 68 kasukoa baita 100.000 biztanleko.

Nabarmenki jaitsi dira 7 egunetan metatutako intzidentzian islatutako gaixotasunaren transmisio adierazle epidemiologikoak, populazio orokorrentzat eta, batez ere, 64 urtetik gorakoentzat. Ospitaleen okupazio mailak ere jaisten ari dira, nahiz mantsoago, hala akutuen oheetan, nola ZIUko oheetan.

Aste honetan, SARS-CoV-2aren zirkulazio epidemikoak jarraitu du jaisten intentsitatearen mailan, eta transmisioaren jaitsieraren isla, ospitaleratzeen kopurua txikiagoa izan da.

Etengabeko jaitsiera horren atzean arrazoi hauek egon daitezke: urtarrilaren 20an hartutako neurri zorrotzagoak, jendea errutinara itzultzea oporraldiaren ondoren, eta, adinekoei dagokienez, zentro soziosanitarioetan hartutako txertoa; horretaz gainera, beste elementu batzuk egon daitezke, hala nola negu honetan izandako eguraldi epelagoa.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren txostenaren arabera, azken lau astean nabarmenki eta gutxika-gutxika jaitsi dira COVID-19arekin lotutako larrialdiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ospitaleetan.

Urtarrilaren 18ko eta 25eko asteetan, guztira, COVID-19ak jotako 42 pertsona sartu behar izan ziren ZIUetan, eta gaixotasun bereko 19 pazienteri soilik eman zitzaien alta. Horren ondorioz, nabarmenki igo zen ZIUetan SARS-CoV-2ren infekzioagatik ospitaleratuta daudenen kopurua. Azken hiru astean, irauli egin da joera: nabarmenki jaitsi dira ZIUetan egunero sartu direnen kopurua (6-8 asteko), eta ez da inor sartu azken 4 egunean.

Nafarroako ZIUetan COVID-19a edukitzeagatik zeuden gaixoak 14 ziren urtarrilaren 17an, eta 36 urtarrilaren 24an. Otsailean hasi da jaisten Nafarroako ZIUetan COVID-19a edukitzeagatik daudenen kopurua, 23 baitziren otsailaren 12an. Kopurua egonkortu da zenbait gorabeherarekin, eta egun 22 dira. Handia da, beraz, arrazoi horregatik ZIUetan dagoen okupazio maila.

Parametro guztien bilakaera ona baina mantsoa izan da azken lau astean. Mutazio berriak agertuta, zalantzak sortu dira haien hedatze ahalmenaz, eraginen dituzten kasuen larritasunaz eta txertoek haien kontra izanen duten eraginkortasunaz. Ditugun datuen arabera, arriskua handituko da aldaera horiek direla eta.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da, aurreko hilabeteetan ikasitakoa oinarri hartuta, aurrea hartzea erabakiak hartzeko orduan, eraginik izan ez dadin laguntza sisteman COVID-19ko pazienteak eta COVID-19az kanpokoak artatzeko gaitasunean, eta, hortaz, bidezkoa da neurri berriak hartzea bi asteko eperako, martxoaren 11ra arte, egun hori barne. Egoera epidemiologikoaren arabera, berriz luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira, kutsatzeen murrizketa finkatzeko.

Testuinguru horretan, beharrezkoa da indarrean dauden neurrietako batzuei eustea, harik eta egoera epidemiologikoa hobetu eta laguntza sistemaren gaineko presioa jaitsi arte COVID-19aren beharrei eta COVID-19az kanpoko beharrei laguntza osoa ematearekin bateragarria den maila batera, eta osasungintzako profesionalei bide eman arte beharrezko atsedenaldia hartzeko, pandemia honen olatu gehiago ailegatuko baitira ziur aski. Bestalde, zenbait neurri malgutzen dira, osasun-agintaritzak hartuko dituen neurri berriekin bat, eta, zehazki, bi bizikidetza-unitate desberdinetako 6 pertsona bitarteko bilerak baimentzen dira erabilera pribatuko eremuetan, eta baimentzen da, halaber, Nafarroako Foru Komunitatetik ateratzea eta bertan sartzea autonomia erkidegoetako txapelketetan parte hartzeko eta goi mailako eta goi errendimenduko kirolariek parte har dezaten txapelketa ofizial batzuk prestatzeko kontzentrazioetan.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren babesean, errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu baitzen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Gauez zirkulatzeko askatasuna mugatzea Nafarroako Foru Komunitatean.

23:00etatik 6:00etara bitarte, jarduera hauek egiteko bakarrik ibili ahal izanen da Nafarroako Foru Komunitateko erabilera publikoko bide edo espazioetatik:

a) Sendagaiak, osasun produktuak eta premia biziko beste ondasun batzuk erostea.

b) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

c) Larrialdiko arrazoiengatik albaitaritzako zentroetara joatea.

d) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo lege arloko betebeharrak betetzea.

e) Ohiko bizilekura itzultzea, apartatu honetan aurreikusitako jardueretako batzuk egin ondoren.

f) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

g) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

h) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatuta.

i) Gasolindegietan edo gasolina-zerbitzuguneetan depositua betetzea, aurreko paragrafoetan aurreikusitako jarduerak egiteko beharrezkoa denean.

2. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatean sartzeko eta bertatik irteteko mugak.

1. Mugatuta egonen da Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean sartzea eta bertatik irtetea, salbu eta behar bezala justifikatutako joan-etorriak, arrazoi hauetako batengatik egiten direnak:

a) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo lege arloko betebeharrak betetzea.

c) Unibertsitateetara, ikastetxeetara eta heziketa zentroetara joatea, barne direla haur-hezkuntzako eskolak eta irakaskuntza ez-arautua ematen duten akademiak, autoeskolak barne.

d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.

e) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

f) Mugakide diren lurraldeetako finantza eta aseguru entitateetara edo gasolina-zerbitzuguneetara joatea.

g) Organo publikoen, judizialen edo notarioen aurrean eskatutako jarduketak edo presako jarduketak egitea.

h) Baimenak eta agiri ofizialak berritzea, bai eta atzeratu ezin diren beste administrazio-izapide batzuk ere.

i) Atzeratu ezin diren azterketa edo proba ofizialak egitea.

j) Honakoetan parte hartzen duten kirol taldeak, kirolariak, teknikariak eta arbitroak:

–Estatuko txapelketa ofizial ez-profesionalak eta Espainiako kirol federazioen menpeko nazioarteko txapelketak. Haiei aplikatuko zaie Kirol Kontseilu Gorenak Estatuko 2020-2021eko denboraldiko txapelketa ofizial ez-profesionaletara itzultzeko prestatu duen jarduteko protokoloa.

–Autonomia erkidegoetako eta erkidegoen arteko txapelketa ofizialak.

–Maila eta errendimendu handiko kirolariak, letra honetan jasotzen diren txapelketa ofizialak prestatzeko kontzentrazioetan parte hartzen dutenak.

k) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

l) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatuta.

2. Nafarroaren lurraldea gurutzatzen duten errepideetan eta bideetan zirkulatzea baimenduta dago, baldin eta bidaiaren jatorria eta destinoa horretatik kanpo badaude.

3. artikulua. Bilerak mugatzea eremu publikoan eta pribatuan.

1. Sei pertsona biltzen ahalko dira gehienez erabilera publikoko espazioetan, bizikideak ez badira behintzat, eta galarazi gabe jendearentzat irekitako bulego, instalazio eta establezimenduei buruz ezartzen diren salbuespenak.

Elkartzen direnak bizikideak nahiz elkarrekin bizi ez direnak badira, aurreko paragrafoan aipatzen den gehieneko kopurua sei pertsonakoa izanen da.

2. Erabilera pribatuko guneetan, berriz, bi bizikidetza-unitate desberdinetako sei pertsona elkartuko dira gehienez ere; bizikidetza-unitatetzat joko da etxe berean bizi den pertsona taldea, zaintzaileak eta laguntzakoak barne. Nolanahi ere, gomendatzen da bilera horiek bizikidetza-unitatera mugatzea.

3. Mugatu, baldintzatu edo debekatu ahal izanen dira igarobide publikoetan egiten diren bilerak eta manifestazioak, hots, Konstituzioaren 21. artikuluan araututako oinarrizko eskubidea erabiliz egindakoak, baldin eta ez bada bermatzen kutsatzeak eragozteko behar den segurtasun-tartea sustatzaileek aurkeztutako aldez aurreko jakinarazpenean.

4. Ez dira sartuko artikulu honetan aurreikusitako mugan laneko edo erakundeetako jarduerak, garraioarenak edo Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeenak, unibertsitateko irakaskuntza barne; era berean, ez dira sartuko aplikatzekoak diren arauetan berariazko neurriak ezarriz arautzen diren horiek.

4. artikulua. Neurrien indarra.

Foru dekretu honetan ezarritako neurriek indarra izanen dute 2021eko otsailaren 26tik martxoaren 11ra bitarte.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2021eko otsailaren 26an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko otsailaren 23an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2102949