43. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

UHARTE

Deialdia, Udaltzaingoaren Zerbitzuko udaltzain-agente izateko bi lanpostu (kopurua handitzen ahalko da) oposizio bidez betetzeko

Uharteko Udalak, 2021eko otsailaren 5eko Alkatetzaren ebazpen baten bidez, honako erabaki hau hartu zuen:

“Aurrekariak:

Lehenengo.–Ikusirik behin betiko onetsi dela 2021. urteko plantilla organikoa.

Bigarren.–Ikusirik 2020ko urriaren 16ko 2020-0610 Ebazpena, 2020ko lan publikoaren eskaintza onesten duena, 30.2 eta 30.3 zenbakietako udaltzain-agente lanpostuak jasotzen dituena.

Hirugarren.–Ikusirik Giza Baliabideen Arloak proposatutako deialdiaren testua.

Zuzenbideko oinarriak:

Bakarra.–Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 21. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

EBAZTEN DUT:

1. Onestea deialdia, Uharteko Udaltzaingoaren Zerbitzuko udaltzain-agente izateko bi lanpostu (kopurua handitzen ahalko da) oposizio bidez betetzeko.

2. Argitaratzea aipatu deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

3. Argitaratzea deialdiaren testu osoa, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, www.huarte.es webgunean eta udaleko sare sozialetan.

4. Kopia bat igortzea Langileen Batzordeari eta langileen ordezkariei.”

Uharten, 2021eko otsailaren 5ean.–Alkatea, Alfredo Javier Arruiz Sotes.

OINARRIAK

Deialdia, Uharteko Udaltzaingoaren Zerbitzuko udaltzain-agente izateko bi lanpostu (kopurua handitzen ahalko da) oposizio bidez betetzeko

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da oposizio-prozeduraren bidez udaltzain-agente izateko bi lanpostu hornitzea, bata txanda irekian eta bestea txanda murriztuan (kopuruak handitu daitezke), Uharteko Udaltzaingoaren Zerbitzurako; udal-plantilla organikoan 30.2 eta 30.3 zenbakidunak dira eta biek ere euskarazko 3. hizkuntza-eskakizuna daukate.

Lanpostu kopurua handitzen ahalko da, deialdi hau onetsi ondoren onetsiko den 2021eko Lan Publikoaren Eskaintzan, 30.8 lanpostua gehituz hizkuntza-eskakizunaren eskakizunik gabe eta euskara jakiteagatik merezimenduaren %10eko balioa emanez.

Deialdiaren xedeko lanpostuen kopurua handitu daiteke hautaketa prozesua bitartean, betiere 7.3.3 oinarrian xedatuarekin bat deialdi honetan aurreikusten den lanpostu hautaketa egin baino lehen. Lanpostu kopurua handitzen bada aplikatzekoa izanen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), igoera txandarako gordetako lanpostuei dagokienez.

Igoera txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez ateratzeagatik, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Halaber, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditurik ere lanpostuak eskuratzen ez dituztenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera (baturik jakite mailako hautaprobetakoa, proba fisikoetakoa eta proba psikoteknikoetakoa, eta kasua bada, puntuazioa euskaraz jakiteagatik, handienetik txikienerako hurrenkeran).

Izendatzen diren izangaiek udaltzain-agenteen eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 23ko 23/2018 Foru Legean ezarritakoak, eta foru lege horretan ezartzen diren mailetatik C mailaren barnean geldituko dira sailkaturik.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 23ko 23/2018 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Txanda irekia.

Oposizio honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko gehieneko adina ez izatea.

c) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulua, edo baliokideren bat izatea.

Atzerrian eskuratutako titulua izanez gero, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eduki beharko da haren homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren IV. eranskinean ageri diren bazterbide medikoetan ez egotea.

e) Izangaia dolozko delitu batengatik kondenatua ez izatea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) Gutxienez A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez adieraziko da. (5. eranskina).

h) Berariazko euskara-eskakizuna duten lanpostuen kasuan, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko euskarazko C1 mailaren baliokidea den euskara-ezagutza izatea.

Ezagutza maila hori honako agiri hauetako edozeinen bidez egiazta daiteke:

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuak emandako ziurtagiria, balio data indarrean duena (4 urte jaulki zirenetik).

–C1 mailako azterketa gainditu izanaren ziurtagiria, Nafarroako Gobernuak antolaturiko ikastaroei dagokiena.

–Edozein Hizkuntza Eskola Ofizialek emandako ziurtagiria, C1 mailako azterketa gainditu duela egiaztatzen duena.

–Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan C1 mailaren baliokide ofizialtzat onartzen dituen ziurtagiriak.

–Nafarroako Euskarabidea Institutuak 2017ko azaroaren 15etik 2019ra bitartean emandako ziurtagiria, C1 mailako azterketa gainditu duela egiaztatzen duena.

Aurreko ziurtagiririk ez duten izangaiek euskararen ezagutza maila egiaztatzen ahalko dute, Nafarroako Euskarabidea Institutuak eginen duen proba baten bidez. Proba hori proba teorikoa baino lehen eginen da. Aipaturiko proba egin nahi dutenek deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean adierazi beharko dute, horretarako jarritako tokian.

3.2. Igoera txanda.

Txanda irekiko izangaiei eskatutako baldintzez gain, igoera txandako izangaiek honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa, eta Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, igoera txandan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

c) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

3.3. Baldintza horiek denak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dira, 3.1.f) oinarrikoa izan ezik. Horri dagokionez, oinarrizko prestakuntza-ikastarorako (deialdiko 7.3.6 atalean aipatua) izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako bete beharko da.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren:

a) Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Uharteko Udaleko erregistroan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetakoren bat erabiliz, administrazio kontratatzaileari eskabidea igorri dela jakinaraziko zaio telex bidez edo fax bidez (948 33 19 13 zenbakia), telegramaz edo posta elektronikoz (ayuntamiento@huarte.es), eskabideak aurkezteko epearen azken eguna eta ordua baino lehen.

c) Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik eta Uharteko Udaleko Erregistro Orokorrera igorri aurretik.

d) Eskabidearen eredu ofiziala deialdiaren I. eranskinean ageri da. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.huarte.es helbidean, edo Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez, deialdia argitaratzen denean. Haietan, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela oposizioan parte hartzeko baldintza guzti-guztiak eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

4.2. Izangaiek aurkeztu beharreko beste agiri batzuk:

1. Osasun ziurtagiri ofiziala, “izangaiak III. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela” egiaztatzen duena.

2. Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

3. Deialdi honetan eskatzen den titulu akademikoaren fotokopia.

4. Igoera txandako izangaiek aurkeztu beharko dute abiaburuko lanpostua, maila eta bertan duten antzinatasuna frogatzen dituen agiria, zein administraziotakoak diren, hartan ziurtagiriak emateko eginkizuna esleitua duen organoak emana.

5. Hala badagokio, euskara mailaren ziurtagiria, lanpostua bete nahi bada 3.1 atalean aipaturiko proba egin gabe.

6. Armak eramateko eta, behar denean, horiek erabiltzeko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena.

7. Justizia Ministerioaren menpeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, egiaztatzen duena ez dagoela erregistro horretan aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

8. Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 12,00 euroko tasa ordaindu izanaren frogagiria. Tasa hori ordaintzetik salbuetsita egonen dira langabezian daudenak, frogagiri bidez egiaztatzen badute.

Tasa hori eskudirutan ordaintzen ahal da, eskabidea bulegoan bertan aurkezten denean, edo Rural Kutxako ES59 3008 0087 74 1447560721 kontuan dirua sartuz edo transferentzia eginez, eta kasu horretan datu hauek jarri behar dira nahitaez ordainagirian:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–NAN/IFZ.

–Kontzeptua: Uharteko udaltzain izateko oposizioa (2021).

4.3. Aurreko ataletan ezarritakoa betetzen ez bada, izangaia kanporatu eginen da.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian argitaratzeko aginduko du. Horretarako, bi zerrenda eginen dira, izangai mota hauen arabera:

1. Txanda irekiko izangaiak

2. Igoera txandako izangaiak

5.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, interesdunek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, hala behar bada, egindako akatsak zuzendu.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko dira, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian argitaratuko.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Osaera.

Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Alfredo Arruiz Sotés, Uharteko Udaleko alkate udalburua.

–Ordezkoa: Edorta Beltzunegi López, Uharteko Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Juan Miguel Cantero Arconada, Uharteko Udaltzaingoaren zerbitzuko burua.

–Ordezkoa: Íñigo de Carlos Mina, Eguesibarko Udaltzaingoko burua.

Epaimahaikidea: Iñigo Anaut Peña, Uharteko Udaleko Giza Baliabideen aholkularia.

–Ordezkoa: Isabel Etxeberria Lakuntza, Uharteko Udaleko zinegotzia.

Mahaikide bat langileen ordezkaria izanen da, Langileen Batzordeak proposatua.

Epaimahaikide idazkaria: Amaia Elkano Garralda, Uharteko Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: Ainara Armendariz Castién, Antsoaingo Udaleko idazkaria.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien legezko ordezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1. Oposizioak, lehenengo fasean, hautapenaldia izanen du, hartan proba hauek eginen dira: euskararen jakite maila egiaztatzeko borondatezko proba bat eginen da, 3.1.h) atalean ezarritakoaren arabera eskatzen den maila egiaztatu ezin dutenentzat; proba baztertzaile bat, II. eranskineko gai-zerrendari buruzkoa; gaitasun fisikoa neurtzekoa; proba psikoteknikoa eta medikoa. Eta, bigarren fasean, oinarrizko prestakuntza ikastaro bat gainditu beharko da.

7.2. Hautapenaldiko probetarako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu beharko dute. Oro har, oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta bost eguneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian argitaratuko; kasuen arabera, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak azalduko dira, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

7.3. Prozeduraren faseak, dokumentazioa, ikastarorako behin betiko onarpena, praktiketako funtzionarioen izendapena eta prestakuntza ikastaroa.

7.3.1. Prozeduraren faseak:

Oposizioaldian honako proba hauek izanen dira:

a) Euskara proba: Euskararen jakite-maila erakusteko proba egin beharko da. Ez dute proba hori egin beharko betekizun hori 3.1.h) atalean ezarritakoaren arabera egiaztatu dutenek.

b) Proba teorikoa: test motako ariketa egin beharko da, II. eranskineko gai zerrendan azaltzen diren gaiei buruzkoa; 70 galdera teoriko-praktikoko sorta bati idatziz erantzun beharko zaio. Galdera guztietan hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da balioduna. Erantzun baliodun bakoitzak 1 puntuko balorazioa izanen du, eta erantzun okerrek 0,50 puntuko balorazio negatiboa izanen dute. Galdera guzti-guztiei balorazio bera emanen zaie. Izangaiek ariketa hori egiteko bi ordu izanen dituzte gehienez ere. Proba honetan 70 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan 35 puntura ailegatzen ez diren izangaiak.

c) Gaitasun fisikoa neurtzeko proba: deialdiko III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko. Epaimahaiak ezarriko du proba honetako ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean ala gehiagotan egin beharko diren. Ariketa bakoitza “gai” edo “ez gai” gisa puntuatuko da, eta horietako bakoitza baztertzailea eta puntuagarria izanen da. Deialdiko III. eranskinean ezartzen diren gutxieneko markak gainditzen ez dituzten izangaiei “Ez gai” kalifikazioa emanen zaie, eta orobat, dopinaren kontrako kontrolen batean positiboa ematen dutenei.

Izangai guztiak dopinaren kontrako kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Behar den organo espezializatuak eginen ditu jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak. Horrenbestez, debekatuta daude Kiroletako Kontseilu Gorenak 2013ko abenduaren 20an emandako ebazpenaren I. eranskinean ageri diren substantzia, gai farmakologiko, dopin metodo eta manipulazioak (kirolean debekatutako substantzien eta metodoen zerrenda, 2013ko 312. Estatuko Aldizkari Ofizialean, abenduaren 30ean, argitaratua), eta, bestalde, indarrean segitzen dute Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzak kirolean debekatuta dauden metodo eta substantzien zerrenda onesteko 2006ko abenduaren 21ean emandako ebazpenaren IV. eta V. eranskinek (animaliengan, galgoengan eta lehiaketa hipikoetan debekaturik dauden substantzien eta metodoen zerrendak dituztenak, hurrenez hurren), Osasuna Babesteari eta Kiroleko Dopinaren kontra Borrokatzeari buruzko azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoaren babesean. VI. eranskinak ere indarrean segitzen du, kirolean dopina erabiltzearen kontrako UNESCOren Nazioarteko Konbentzioaren II. eranskinari aurka egiten ez dion guztian. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.

d) Proba psikoteknikoa: hainbat proba eginen dira, zehazteko izangaia zer neurritan egokitzen den lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak edo horrek izendatzen dituen langileek eginen dituzte proba horiek. Balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat. Proba psikoteknikoa 0tik 30 puntura bitarte kalifikatuko da. Bazterturik geldituko dira gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba fisikoak gainditzen dituzten izangai guztiek eginen dituzte gaitasun psikoteknikoaren probak.

e) Proba medikoak. Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei, deialdiko lanpostuak baino gehiago badira eta epaimahaiak zehazten duen kopuruan, osasun probak egitera dei eginen zaie, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, deialdiko 3.1 ataleko d) letran ezarritakoari jarraikiz. Osasun azterketa Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuko Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak eginen du edo, hala behar bada, behar bezala onetsitako kanpoko entitate batek, eta horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.

Osasun azterketetan izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

f) Puntuazio erantsia euskara jakiteagatik: 10 puntu.

Soilik aplikatuko da baldin deialdian sartutako plazei 30.8 plaza gehituz gero: gehieneko 100 puntuko puntuazioari gehienez 11 puntuko balorazioa gehituko zaio, ofizialki egiaztatutako euskararen ezagutza-erakundeek emandako ziurtagiria edo titulua izateagatik, Europako erreferentzia esparruaren arabera, honako baremo honi jarraikiz:

A1 maila: 2,20 puntu.

A2 maila: 4,40 puntu.

B1 maila: 6,60 puntu.

B2 maila: 8,80 puntu.

C1 maila: 11,00 puntu.

7.3.2. Lanpostu kopurua handitzea.

Uharteko Udalak, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, deialdiko lanpostuen kopurua handitzen ahalko du, deialdia onetsi ondoren sortzen diren premiengatik, baina, betiere, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia (hurrengo oinarrian jasoa) egin baino lehen.

Lanpostuen kopurua handitzean, lanpostuak txanda bati edo besteari esleitzeko, kontuan hartuko da abuztuaren 20eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

Lanpostuen kopurua handitzen bada, deialdiko lanpostuen kopurua handitzeko ebazpena argitaratuko da Uharteko Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian, baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

Dauden lanpostu guztiak zehaztuta eta epaimahaiak osasun azterketaren balorazioak jasota, epaimahaiak izangai onartuen zerrenda prestatuko du, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldian parte hartzeko, betiere lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta kontuan harturik txanda irekia eta igoera txanda.

7.3.3. Lanpostuen hautaketa.

a) Hautaketa ekitaldia eginen da prestakuntza ikastaroa egin aurretik, horrela zehazki jakinen baita nor sartuko den bete beharreko lanpostuetan.

b) Ekitaldi horren helburua da azkenik dauden lanpostuak betetzea, oposizioaldian eta, behar denean, oposizio-lehiaketan (30.8 lanpostua), lortutako puntuazio handienaren arabera.

c) Epaimahaiak bi zerrenda eginen ditu horretarako, guztira lortutako puntuazioak handienetik txikienera ordenatuta: bat igoera txandako lanposturako izangaiena eta beste bat izangai guztiena. Dei egiten hasiko da beheranzko hurrenkeraren arabera; lehenik, igoera txandako zerrendan agertzen direnei, txanda horretako lanpostu hutsak esleitzeko, halakorik bada. Lanpostu horiek bete ondoren, gauza bera eginen da izangai guztiak jasotzen dituen zerrendarekin, igoera txandako lanpostu hutsak adjudikatu zaizkienak kenduta, txanda irekiko lanpostuak betetzeko.

d) Ekitaldi honetan lanpostua adjudikatzen zaien izangaien zerrendan agertzen direnak behin-behinean proposatuko dira oinarrizko prestakuntza ikastarorako. Proposatutakoen kopurua ez da inola ere izanen deialdiko lanpostu kopura baino handiagoa. Epaimahaiak argitara emanen du zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, zehaztuta bakoitzaren kalifikazio orokorrak.

7.3.4. Dokumentazioa eta ikastarorako behin betiko onarpena.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartu ahal izateko, behin-behinean onartutakoek frogatu beharko dute, hamar egun naturaleko epean, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzen denetik hasita, deialdiaren 3.1 ataleko c), e) eta f) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Uharteko Udaleko Erregistro Orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren edo horien balio bereko tituluaren fotokopia konpultsatua, bi aldeetatik.

–Deialdian eskatutako gidabaimenen fotokopia konpultsatua, bi aldeetatik.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela doluzko delitu bat dela kausa kondenatua izan, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela, deusetan galarazi gabe delitu aurrekarien deuseztapena aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

–Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, frogatzen duena ez dagoela izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

–Hala izanez gero, deialdiaren 8.2 atalean aipatzen den aukeraz baliatu dela adierazten duen agiria.

Aurreko tramiteak eginik, epaimahaiak behin betiko zerrenda argitaratuko du, puntuazio handienetik txikienera, oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartutako izangaiak zein diren adierazita. Baldin udaltzainentzako oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinean onartutako izangairen batek ez badu aurkezten eskatutako dokumentazioa, edo ez badu osasun-azterketa gainditzen, behin betiko zerrendan ordeztu eginen da, probak gainditu eta eskatzen diren baldintzak beteta puntuazio handiena duen izangaiarekin.

7.3.5. Praktiketako funtzionarioen izendapena:

Polizia izateko oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartzen duten izangaiak Uharteko Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko dira Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu aitzinetik Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionarioak direnak.

7.3.6. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa:

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta arautuko dute Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak horren gainean ezarritako aginduek eta aplikagarriak diren gainerako xedapenek.

2018ko azaroaren 23ko 23/2018 Foru Legearen 45.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaro hori baliokidetzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroen edukien berdintasuna edo baliokidetasuna frogatzen duena, bai eta baliokidetutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak ere. Egiaztagiri hori aipatu eskolak emanen du, interesdunak eskatuta. Halaber, Nafarroako Segurtasun Eskolari dagokio beste ikastaro eta diploma batzuk osotasunean edo zati batean baliokidetzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Nafarroako Segurtasun Eskolak berak lehenago, baldin eta edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasua bada, kalifikazioa ere emanen du.

Izangaiak, prestakuntza-ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko du, bai eta, hala badagokio, familia laguntza ere.

Era berean, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta zeudenak, horrexetan segituko baitute.

Praktiketako funtzionario izateak ez dakar berekin eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du oposizioan jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Epaimahaiak emanen dio baja horren berri Udalari.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan onartua izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiak agintzen zaizkion osasun proba guztiak pasatu beharko ditu, deialdiaren 3.1 d) atalean aipatzen den baldintza betetzen segitzen duela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja ematea hautapen prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

Prestakuntza-ikastaroa gainditzen duten izangaiek, hautapen prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaie, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetu arte.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak deialditik bazterturik geldituko dira. Prestakuntza-ikastaroan Nafarroako Segurtasun Eskolak epaimahaiari igorriko dizkion izangaien kalifikazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

7.3.7. Azken kalifikazioa.

Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen prozesu osoko puntuazioak batuko dira.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Izendapena.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta gainditu dutenak izendatzeko proposamena igorriko du.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukatu, eta izangaiek zin egin edo hitzeman beharko dute Nafarroako Foru Eraentza errespetatu eta defendatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen dietela eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituztela.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoan, dagokion udalean eskumena duen organoaren erabaki baten bidez, Udaleko udaltzain eta funtzionario izendatuko dira oposizioa gainditzen duten izangaiak, txanden hurrenkeraren eta lortutako azken puntuazioaren arabera, aurreko atalean ezarritakoa bete badute.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Behin prestakuntza-ikastaroa bukatu ondoren, eta ikastaroa baliokidetu zaion izangaiak hautatutako polizian sartu ondoren, jabetza hartzeak berekin ekarriko du une horretara arte edukitako lanpostuari berariaz uko egitea, eta lanpostua gelditzea gorde gabeko borondatezko eszedentziaren egoeran.

8.2. Lanpostuaz jabetzea.

Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz. Lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izatetik gelditzea.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek Uharteko Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte, ezinbesteko kasuetan gertatu denean izan ezik.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede diren lanpostuetarako izendatuak izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badaude edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emanak badira; orduan, eta izendatu aitzin, babes araubide horretan segitzea aukeratzen ahal dute edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

1. ERANSKINA

Hautapen prozesuan onartua izateko eskabidea (PDFa).

2. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atarikoa. Atariko titulua. I. titulua: oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

2.–Apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Udalerria. V. titulua: toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak. XI. titulua: Zenbait arlotako arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa toki entitateetan.

3.–Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. titulua, I. kapitulua: udalerriak, III. titulua, I. kapitulua, II. atala: udalen funtzionamendua.

4.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea: II. titulua, III. titulua eta V. titulua, II. kapitulua: administrazio errekurtsoak.

5.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa. I. titulua: Segurtasun Indar eta Kidegoak. II. titulua: Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak. III. titulua: autonomia erkidegoetako poliziak. IV. titulua: Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza. V. titulua: Udaltzaingoak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetan hirugarrena.

6.–15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Babesari buruzkoa: II. titulua: datuak babesteko printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak. IV. titulua, I. kapitulua: Titulartasun publikoko fitxategiak.

7.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua: hautaketa. II. kapitulua. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua: mailak eta graduak. Laugarren xedapen iragankorraren eragina. IV. kapitulua: administrazio karrera. VI. kapitulua: Egoera administratiboak.

8.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa. atariko titulua: zigor-bermeak eta Zigor-legearen aplikazioa. I. titulua: arau-hauste penala. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak. III. titulua. zigorrak.

9.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. IV. titulua: Emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioa eta arreta. VII. titulua. Poliziaren arreta eta babes eraginkorra.

10.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalaren Legea onesten duena. II. liburua: I. titulua: Salaketa. III. titulua: polizia judiziala. VI. titulua, II. kapitulua: Atxiloketa. IV. kapitulua: Defentsa eskubideaz baliatzea, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua, I. kapitulua: toki itxian sartu eta hori miatzea. II. kapitulua: liburu eta paperak miatzea. III. kapitulua: idatzizko posta eta posta telegrafikoa geldiarazi eta irekitzea.

11.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, «Habeas Corpus» prozedura arautzen duena.

12.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa. I. kapitulua: Xedapen orokorrak. II. kapitulua. Segurtasun sistemaren antolaketa. IV. kapitulua: Segurtasun arloko plangintza. V. kapitulua: Administrazio publikoen arteko harremanak. VI. kapitulua: Herritarrekiko harremanak.

13.–Azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

14.–Martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoa, Herritarren segurtasuna babesteari buruzkoa. Atarikoa. I., II. eta III. kapituluak. V. kapitulua (30. artikulutik 37.era, 47. artikulutik 49.era, eta 52. artikulua, denak barne). Seigarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetako hirugarrena.

15.–Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, onesten duena Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina.

16.–Irailaren 23ko 201/2002 Foru Dekretua, Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra arautzen duena.

17.–Uharteko Udalaren udal ordenantza, Animaliak edukitzeari buruzkoa.

18.–Uharteko Udalaren udal ordenantza, Aisialdiko biltokietarako lokalei buruzkoa.

19.–Uharteko Udalaren udal ordenantza, Ibilagailuak espaloietan barna pasatzeko lizentziak eta eremu publikoetako erreserbak arautzen dituena.

20.–Ordenantza, Uharteko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituena.

21.–Uharteko Udalaren udal ordenantza, Trafikoari eta haren aldaketei buruzkoa.

22.–Uharteri buruzko ezagutza orokorra: historia, arkitektura, industria, kale izendegia eta hiri-ingurunea, nekazaritzako mugarteak, geografia, tradizioak eta udalerriko usadio eta ohiturak.

23.–Uharteko Udala; funtzionamendua, osaera eta ezagutza orokorra.

24.–Uharteko Udalaren udal ordenantza, Irudi-hizkuntza barneratzaile baten erabilera arautzen duena.

3. ERANSKINA

Bigarren probari dagozkion ariketak (gaitasun fisikoa)

1.–Banku press-a, edo pisua jasotzeko proba, 36 kg gizonentzat eta 20 kg emakumeentzat.

Azalpena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 36 edo 20 kiloko pisua goratu behar du 60 segundoan ahal duen aldi gehienetan. Bi eskuekin goratuko du pisua, barra hartuta sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari esku-ahurraz helduta eta behatzak itxita). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Izangaiek saio bakarra izanen dute proba egiteko. Ezin da eskularrurik erabili, ezta heltzea errazten duen beste edozein substantziarik ere, ezta jantzia kendu ere bizkarra bankuan zuzenean bermatzeko. Kamiseta gorputzari itsatsita gelditzen dela bermatu beharko da; galtzaren barrenetik sartu beharko da.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du. Ariketak irauten duen denbora guzti-guztian, oinek lurzorua ukitzen egon beharko dute.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Kasu hauetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

–Oin batek edo biek lurzorua ukitzeari uzten badiote.

Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

ERREPIKAPENAK/PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GIZONAK

30 baino gutxiago

EMAKUMEAK

20 baino gutxiago

2.–Uretan aritzeko gaitasunari buruzko proba. (50 metro estilo librean).

Azalpena: joan-etorria egin behar da igerian, estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean.

Ezin izanen da erabili urpean igeri egiteko betaurrekorik, ez urpean igeri egiteko beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak. Nahitaezkoa da igeritako txanoa janztea.

Saio bakarra eginen da.

Epaile kronometratzaileak “ya” esatean hasiko da ibilbidea.

Saioa baliogabetzat joko da, eta izangaia baztertuko da, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak edo ertza euskarritzat edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz abiada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

–Noranzkoa aldatzean horma ukitzen ez badu.

–Baliorik gabeko bi irteera egiten baditu.

Puntuazioa: eskala honen arabera emanen da (denbora segundotan neurtua, segundo-ehunenak ez baitira kontuan hartuko).

DENBORA / PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GIZONAK

45” edo gehiago

EMAKUMEAK

50” edo gehiago

3.–Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzeko aldean.

Gauzatzeko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea “zortzi” baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz osatu beharko dute zirkuitua, lehenik alde batera, eta, gero, beste aldera (A eta B ibilbideak grafikoan). Izangai bakoitzari bigarren aukera emanen zaio ibilbide bakoitzean, lehenengo saioa baliogabetzat hartzen bada.

L2102132_0.pdf

Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:

a) Izangaiak zutoinetako bat botatzen duenean.

b) Zutoin bat hartzen badu, eror ez dadin.

c) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.

Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

b) Probarako aurreikusitako gehieneko denbora gainditzea.

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbidetan egindako denbora batuko da (A + B), kontuan izanik ibilbideak bukatuko direla izangaiak berriz irteera marra gurutzatzen duenean. Ondoko eskalari jarraituko zaio (denbora segundotan neurtua, segundo-ehunenak ez baitira kontuan hartuko):

DENBORA / PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GIZONAK

25”8 baino gehiago

EMAKUMEAK

27”8 baino gehiago

4.–Erresistentzia-proba (Course Navette-ren testa).

Gauzatzeko modua:

izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute, eta bitartean jarraituko diote zinta magnetofoniko batek emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari, ahalik eta joan-etorri gehien eginez.

Izangaiek, seinalea entzutearekin batera, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Hortaz, izangai guztiek erritmo berean egin beharko dute lasterketa, eta ez da onartuko inork lasterketaren erritmoa gainditzea.

Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Zintak tarte erregularretan emanen du soinua.

Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa eginen da.

Izangaiek saio bakarra izanen dute proba hau egiteko.

Testaren helburua da zinta magnetofonikoak markatzen duen erritmoari eustea eskatzen diren aldiak bete arte. Izangaia seinalea entzun baino lehentxeago abiatzen bada, behin baino gehiagotan, abisu bat emanen zaio. Izangaia seinalea baino lehen ateratzen bada eta metro bateko tartetik haratago joan bada, probari bukaera emanen zaio besterik gabe.

Izangai bakoitzaren proba bukatuko da une honetan (eta ordura arte egin dituen tarteak kontatutako dira):

–Izangaia gelditzea, salbu eta soilik une batez gelditzen bada 20 metroko marraren gainean pibotatzen ari denean, seinale akustikoaren zain.

–Izangaia bere kaletik ateratzea.

–Izangaiak ibilbide bat bukatzeko haren muturreko marra zapaltzen ez duenean.

–Seinale akustikoa entzuten denean, izangaia ez iristea 20 metroko marratik metro bateko eremura.

–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra zapaltzera, edo haratago, seinale akustikoak agintzen dionean. Marratik metro bateko marjinan egotea onartuko da, seinaleak jotzen duen unean. Segurtasun metroaren barruan egonda, izangaiak ez badu marra zapaltzen seinale akustikoak jo baino lehen, izangaiari abisu bat emanen zaio, kontrolatzailearen ezker-eskuin jarriko den kono baten bidez. Abisu hori kendu eginen zaio baldin eta lortzen badu 20 metroko beste marra ukitzea seinale akustikoak jotzean. Marra ukitzen ez badu, bigarren abisua emanen zaio. Bi abisu dituela, izangaia 20 metroko beste marrara iristen bada seinale akustikoarekin batera, bi abisuak kenduko zaizkio; garaiz iristen ez bada, berriz, hirugarren abisua emanen zaio, eta proba bukatutzat joko da.

Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), ondoko eskala honi jarraikiz:

DENBORA / PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GIZONAK

10 baino gutxiago

EMAKUMEAK

8 baino gutxiago

4. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikus-eremu monokularra: plano horizontalean, ez da 120°-tik beherakoa izanen, eta ez da murrizketa nabarmenik izanen ikus-eremuaren ezein meridianotan.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzuteko sistema.

–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB edo gehiagoko galera monoaurala izatea entzumen-zolitasunean.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3.–Hizketa.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.

4.–Aparatu muskuloeskeletikoa.

–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, ondorio funtzionalen arabera.

–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.

–Zifosiak, 30° baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Espondilitis ankilosantea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (ondorio funtzionalen arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretaren herniak; ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Uzki-esfinterreko inkontinentzia.

6.–Zirkulazio-aparatua.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: aurre-eszitazioaren sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, edo estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Hipertentsio arteriala (TASa > 140 eta TADa > 90).

–Hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa < 45).

–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikatuak.

–Berezko pneumotorax errepikatuak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalen arabera.

–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak.

–Nahasmendu mental organikoak, salbu eta prozesu automugatuak eta itzulgarriak.

–Nahasmendu mentalak eta jokabidearenak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bestelako nahasmendu psikotikoak.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte eta lan bizitzan eragina dutenak.

10.–Sexu- eta gernu-aparatua.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-inkontinentzia.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinetako bestelako nahasmenduak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Diabetes mellitusa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta larruazalaren prozesu kronikoak, baldin haien zabalera, ondorio funtzionalak eta kokapena direla-eta poliziaren eginkizunetan aritzeko gaitasuna gutxitzen badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mielougalkorrak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en gaixotasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Bestelakoak

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15.–Azalpen orokorrak.

–Patologia baztertzaileak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu ondorio funtzionalen arabera eta polizia lanetan aritzeari begira eginen den pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Eragin funtzionala duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako gaitzak, baldin, ebaluazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten badute.

5. ERANSKINA

Zinpeko deklarazioa, armak eramateko eta, legeak ezarritako kasuetan, horiek erabiltzeko konpromisoarena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2102132