41. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5E/2021 FORU AGINDUA, otsailaren 1ekoa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez, deialdia eta oinarri arautzaileak onesteaz gainera, gastua baimentzen baita “Aniztasuna, aberastasun iturri” izeneko IV. eskola lehiaketarako, 2021. urterako. Lehiaketa Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak sustatu du.

Nafarroako Gobernuak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren bidez, eskola lehiaketa bat egin nahi du Nafarroako ikastetxeen artean “Aniztasuna, aberastasun iturri” gaia jorratzeko, eta izenburu hau eman dio: “Aniztasuna, aberastasun iturri” IV. eskola lehiaketa. Lehiaketaren bukaera gisa, sari batzuk emanen zaizkie eskola-lan irabazleei.

Sariak hauexek izanen dira: plaka grabatuak ematea sariren bat irabazten duten ikastetxeei, eta, kategoria bakoitzean irabazle suertatzen diren ikasleentzat, egun bateko egonaldia ordaintzea Nafarroako Foru Komunitateko jolas-parke batean.

Lehiaketa Nafarroako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako (3., 4., 5. eta 6. mailak) eta Bigarren Hezkuntzako (DBH, Lanbide Heziketa Berezia, Oinarrizko Lanbide Heziketa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa) ikasle guztiei zuzenduta dago. Sormen lehiaketa da, eta horren bidez lortu nahi da gizarteak balioa eman diezaiola aniztasunari, hura aberastasun gisa ikusiz, sentituz eta biziz; gizarteak desberdina dena errespeta dezala; eta desberdintasun hori erabil dezala ikaskuntza baliabide gisa.

Sari horiek emateko gastuei aurre egiteko, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren 2021eko gastu aurrekontuan, bada partida bat “Sariak, lehiaketak eta sariketak” izenekoa, B20002 B2100 2268 232500 partida, alegia. Partida horretan dagoen gerakina nahikoa da eskola lehiaketa honetan emanen diren sarietako gastuei aurre egiteko.

Espedientean, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren txosten-proposamena jaso da, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiaren adostasunarekin, baita txosten juridikoa ere.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “Aniztasuna, aberastasun iturri” izeneko IV. eskola lehiaketaren 2021eko deialdia onestea, baita haren oinarri arautzaileak ere, foru agindu honen bukaeran txertatu direnak.

2. 6.000,00 euroko gastua baimentzea 2021eko gastuen aurrekontuko “Sariak, lehiaketak eta sariketak” izeneko B20002 B2100 2268 232500 aurrekontu-partidaren kargura.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari, eta igortzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Atalera, haren Kontabilitate Zentrora eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aipatu departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko otsailaren 1ean.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ERANSKINA

Eskola lehiaketaren oinarriak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2101688