40. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

36/2021 EBAZPENA, otsailaren 5ekoa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, ezartzen duena Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Hezkuntza Bereziko eta Lanbide Heziketako hezkuntza itunak aldatzeko prozedura, 2021-2022 ikasturterako.

Martxoaren 26ko 159/2018 Ebazpenaren bidez (65. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 5ekoa), Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko mailetan hezkuntza itunen araubidea aplikatzeko arauak onetsi ziren, eta uztailaren 19ko 503/2018 Ebazpenaren bidez (146. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 30ekoa), hezkuntza itun horiek onetsi ziren, lau urterako. Geroago, irailaren 17ko 637/2018 Ebazpenak luzatu zuen 2018-2019 ikasturterako. Hurrengo ikasturteetan, uztailaren 3ko 426/2019 Ebazpenak (151. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 5ekoa) aipatu irakaskuntzen ituna aldatu zuen 2019-2020 ikasturterako, eta abuztuaren 17ko 270/2020 Ebazpenak (192. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 28ko) irakaskuntza horien ituna aldatu zuen 2020-2021 ikasturterako.

Abuztuaren 9ko 494/2019 Foru Aginduaren bidez (168. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 27koa), hezkuntza itunak onetsi ziren, lau urterako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Hezkuntza Berezian eta Lanbide Heziketan, martxoaren 5eko 107/2019 Ebazpenak emandako arauei jarraikiz (61. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 29koa). Gero, hurrengo ikasturtean, abuztuaren 17ko 270/2020 Ebazpenak (192. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 28koa) irakaskuntza horietarako ituna aldatu zuen 2020-2021 ikasturterako.

Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 46. artikuluak aipatzen du zilegi izanen dela unitate kopurua aldatzea hezkuntza ituna Hezkuntza Departamentuarekin sinatua duten ikastetxeetan, hezkuntzarako eskubideari berme egokia eman ahal izateko.

Hori guztia gogoan, bada, beharrezkoa da oraingo itunak aldatzeko irizpideak finkatzea eta prozedura zehaztea, Lehen Hezkuntzari dagokiona izan ezik, itun hori aurten berrituko baita.

Horiek horrela, eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen azken xedapenetako lehenak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.–Onestea Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Hezkuntza Bereziko eta Lanbide Heziketako hezkuntza itunak aldatzeko prozedura 2021-2022 ikasturterako, honako oinarri hauei jarraikiz:

1. Eskaerak aurkeztea.

Hezkuntzarako Eskubideari buruzko uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoarekin, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoarekin eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduarekin bat, ikastetxe pribatuek eskaera aurkezten ahalko dute Hezkuntza Departamentuan, sinatuak dituzten hezkuntza itunak aldatzeko, edo berriak sinatzeko Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Hezkuntza Berezian eta Lanbide Heziketan. Horretarako epea 15 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak Ikastetxeen Erregistroan ikastetxe bakoitzeko titular gisa ageri direnek sinatu beharko dituzte. Titularra pertsona juridiko bat baldin bada, haren ordezkaritza duenak sinatu beharko du eskaera. Ordezkaritza agirien bidez frogatu beharko da.

2. Hezkuntza itunak aldatzea eta berriak sinatzea.

2.1. Hezkuntza Itunei buruzko Erregelamenduaren 46. artikuluak xedatzen duenaren arabera, zilegi izanen da, ikastetxeko titularrak eskatuta edo Hezkuntza Administrazioak berak ofizioz eskatuta, hezkuntza itunak aldatzea, itundutako unitate kopurua handitu edo gutxitzeko.

2.2. Ikastetxeak berak eskatu badu itundutako unitate kopurua aldatzea, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuari zuzenduko zaio eskaera, ebazpen honen 1. oinarrian esandako epeetan, eta gutxienez honako datu hauek izanen ditu:

a) 2021-2022 ikasturterako osotara eskatzen den unitate kopurua.

b) Eskatu den aldaketa justifikatzen duten arrazoiak eta, hala bada, eskatzen diren unitateak hezkuntza mailako kurtsoen artean banatzeko proposamena.

c) Titularraren aitorpena, frogatzeko ikastetxeak jarraitzen duela ituna onesteko bete beharreko baldintzak betetzen, bai eta itunean eragina izan dezaketen aldaketak ere.

2.3. Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak ofizioz hasiko ditu unitate itunduen kopurua aldatzeko prozedurak, ebazpen honen 1. oinarrian ezarritako epeak bukatu ondoren, eskatu ez badute ere, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren bosgarren tituluan ezarritako inguruabarrak izaten diren ikastetxeetan. Eraginpeko ikastetxeen titularrei prozesua hasi dela jakinaraziko zaie, hurrengo ikasturtean egin gogo diren aldaketen berri izan eta bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten, 10 egun naturaleko epean.

2.4. Itundutako unitate kopurua aldatzeko kontuan hartuko diren irizpideak Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 46. artikuluan ageri direnak izanen dira. Martxoaren 26ko 159/2018 Ebazpenean (65. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 5ekoa) eta martxoaren 5eko 107/2019 Ebazpenean (61. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 29koa) finkaturiko ratioak bete beharko dira. Ebazpen horietan unitate itundu bakoitzeko ikasleen gutxieneko batez bestekoa zehazten da (Haur Hezkuntzan eta Batxilergoan, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan, hurrenez hurren), Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 16. artikuluan xedatu bezala.

2.5. Oro har, gela bakoitzeko gehieneko ikasle kopuruari dagokionez, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren artikulu hauetan ageri den kopurua errespetatuko da: 7. artikuluak Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako ezarritakoa, eta 16. artikuluak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eta Batxilergorako ezartzen duena. Halaber, aintzat hartuko da urriaren 5eko 115/2020 Ebazpena, zeinaren bidez onesten baitira ikastetxe publikoetako eta pribatu itunduetako ikasleak onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia, Lanbide Heziketako ikasketetako erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloak egiteko.

3. Unitate iragankorren hezkuntza itunak.

3.1. Unitate itunduren bat salbuespenezko eta aldi baterako baimenarekin duten ikastetxeek zilegi izanen dute sinaturik duten ituna mantentzeko eskatzea.

3.2. Itunak mantentzeko eskaerak Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura zuzenduko dira, ebazpen honen 1. oinarrian ezarritako epeetan.

4. Itunak aldatzeko eta berriak sinatzeko prozedura.

4.1. Itunak aldatzeko edo berriak sinatzeko eskaerak jaso ondoren, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak ebaluatu eginen ditu eskaerak, ebazpen honetan eta aplikatzekoa den legerian finkatu diren irizpideen arabera.

4.2. Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak zilegi izanen du eskatzaileak aurkeztu dituen eskaeren eta alegazioen gaineko txostenak eta balorazioak eskatzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuari eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiari.

4.3. Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak, hala behar denean, erakutsi eginen die espedientea eskatzaileei eta 10 egun naturaleko epea finkatuko du, beren eskubideen alde bidezkoa iruditzen zaiena alega dezaten.

4.4. Eskaeren gaineko ebaluazioa ikusirik eta eskatzaileak aurkeztu dituen alegazioak aztertu eta baloratu ondoren, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak proposamen bat eginen du itunak aldatzeko eskaeren gainean.

4.5. Horrekin batera, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak, ikastetxeetako titularrek aurkeztutako alegazioak kontuan harturik, eta, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuak eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiak txostenak eta balorazioak egiten badituzte, haiek ere kontuan harturik, proposamen bat eginen du Hezkuntza Administrazioak ofizioz abiatu dituen hezkuntza itunen aldaketen gainean, eta, kasua bada, espedientea erakutsiko die interesdunei eta 10 egun naturaleko epea finkatuko du, eskubidez bidezkoa iruditzen zaiena alega dezaten.

5. Itunak aldatzeko edo itun berriak sinatzeko ebazpena.

Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak egiten duen proposamena Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari igorriko zaio, kontuan harturik ikastetxe itunduen finantzaketarako aurrekontuan dauden baliabideak.

Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren ebazpena, hezkuntza ituna aldatuko duena, interesdunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezezkoa baldin bada, arrazoiak eman beharko dira.

Hezkuntza itunak aldatzeko eta itun berriak sinatzeko ebazpena eginen da kontuan harturik ebazpen honetan aipatzen diren hezkuntza-mailetan 2021-2022 ikasturterako dagoen eskolatze aurreikuspena, eta formalizatu aurretik egokituko dira, aldi arruntean egiten den ikasleen aurreinskripzio- eta matrikulazio-prozesua amaitu ondoren.

6. Formalizazioa.

Ebazpen honen babesean egiten diren hezkuntza itunen aldaketak eta itun berriak eginbide baten bitartez formalizatuko dira, eta eginbide hori hezkuntza ituna formalizatzeko agiriari erantsiko zaio. Eginbide hori, batetik, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak eginen du, Hezkuntza Administrazioaren izenean, eta, bestetik, ikastetxeko titularrak edo legezko ordezkariak; ordezkaritza agiri bidez frogatu beharko du.

2.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3.–Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzura eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiko buruari.

Iruñean, 2021eko otsailaren 5ean.–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Begoña Unzué Vela.

Iragarkiaren kodea: F2102061