40. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

40/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 27koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako toki-erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten duena herrietako kontsultategiak eta kontsultategi lagungarriak eraiki, eraberritu eta/edo handitzeko obrak finantzatzeko asmoz, 2021. urtean. DDBN identifikazioa: 543512.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 34. artikuluko 2.b) puntuan ezartzen denaren arabera, udalen edo kontzejuen eskumena da herrietako kontsultategiak edo kontsultategi lagungarriak eraikitzea eta/edo birmoldatzea, Nafarroako Foru Komunitateko osasun planen eta jarraibideen barruan.

Halaber, foru lege horren 76.1 artikuluak osasun arloko eskumen horien finantzaketa finkatzen du, adierazten baitu Nafarroako Gobernuak urtero prestatu beharreko gastu aurrekontuen proiektuan agertuko direla Foru Administrazioari dagozkion osasun arloko programa eta jarduerak burutzeko behar diren partidak.

2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Oinarrizko osasun laguntzako zentroak eraiki eta eraberritzeko transferentziak” izeneko 547001-52300-7609-312802 partidak gastu horiek finantzatu nahi dizkie Nafarroako toki-erakundeei, oinarrizko osasun laguntzako zentroen titularrak baitira. 950.000 euroko zuzkidura du partidak.

Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruak egin duen deialdiaren proposamena ikusirik, Osasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuaren adostasunez, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 950.000 euroko gastua baimentzea Nafarroako toki-erakundeei dirulaguntzak emateko, herrietako kontsultategiak eta kontsultategi lagungarriak eraiki, eraberritu eta/edo handitzeko obrak finantzatzeko asmoz, 2021. urtean.

2. Onestea Nafarroako toki-erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat herrietako kontsultategiak eta kontsultategi lagungarriak eraiki, eraberritu eta/edo handitzeko obrak finantzatzeko asmoz, 2021. urtean, bai eta deialdia arautuko duten eta ebazpen honen eranskinean agertzen diren oinarri arautzaileak ere.

3. Deialdi honetako dirulaguntzen gastua egoztea 2021eko gastuen aurrekontuko “Oinarrizko osasun laguntzako zentroak eraiki eta eraberritzeko transferentziak” izeneko 547001-52300-7609-312802 partidari.

4. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5. Deialdiaren eta bere oinarri eta egintzen aurka toki-erakundeek, espedientean interesdun diren aldetik, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Osasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzari, kudeatzaileari, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuari, Zerbitzu Orokorren eta Mantentze-lanen Atalari eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Kontabilitate-kudeaketaren eta Fakturazioaren Atalari.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 27an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

NAFARROAKO TOKI-ERAKUNDEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, HERRIETAKO KONTSULTATEGIAK ETA KONTSULTATEGI LAGUNGARRIAK ERAIKI, ERABERRITU ETA/EDO HANDITZEKO OBRAK FINANTZATZEKO ASMOZ, 2021. URTEAN

1.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauek xede dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak Nafarroako toki-erakundeei dirulaguntza batzuk emateko aplikatu beharreko araudia ezartzea, hots, herrietako kontsultategiak eta kontsultategi lagungarriak eraiki, eraberritu eta/edo handitzeko obrak finantzatzekoak, 2021. urtean. Dirulaguntza horiek 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako onesten den partidan (“Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroak eraiki eta eraberritzeko transferentziak” izeneko 547001-52310-7609-312802 partida) aurreikusitako kreditua izanen dute.

2.–Jarduketa eremua eta helburua.

Dirulaguntzaren xedeko jarduketak Nafarroako toki-erakundeen eremuan gauzatuko dira, helburu honekin: eraikuntza obrak egitea eraikin berriak egiteko, herrietako kontsultategi eta kontsultategi lagungarrien eraikinetako instalazioak eraberritzeko eta/edo handitzeko, eta/edo horiek egokitzeko eta/edo hobetzeko. Halaber, kontsultategia egungo kokapenetik lekualdatzeko eraikin batean egin beharreko eraberritze obrak egitea xede duten jarduketak sartzen dira. Deialdi honetan ez da sartzen karpen, etxolen, barrakoien edo finkoak ez diren beste elementu batzuen muntaketa eta/edo instalazioa.

3.–Jarduketa diruz lagungarriak eta gastu diruz lagungarriak.

Honako hauek dira jarduketa diruz lagungarriak:

–Kontsultategiko lokaletarako eraikin berri bat egiteko obrak.

–Kontsultategia handitzeko obrak: eremu berria eraikitzea kontsultategia dagoen eraikinean, edo horri erantsita.

–Kontsultategia eraberritzeko obrak: kontsultategia dagoen eraikinean edo osasun-etxea lekualdatu edo ezarriko den eraikinean jada dagoen eremu bat eraberritzeko eta/edo birmoldatzeko obrak.

–Kontsultategia handitzeko eta eraberritzeko obrak: aurreko azpiataletako definizioak biltzen dituzten obrak.

–Halaber, deialdian sartzen ahalko dira kontsultategia dagoen eraikineko instalazioak egokitzeko eta/edo hobetzeko jarduketa txiki hauek ere, kontsultategia handitzeko eta/edo eraberritzeko obra egiten ez bada (kasu horretan, dagokion atalean sartuko lirateke): egiturazko segurtasuna, berokuntza eta/edo klimatizazio instalazioa, elektrizitate instalazioa, iturgintza eta saneamendu instalazioa, arkitektura oztopoak kentzea, estalkiak, fatxadak eta kanpoko arotzeria, betiere mantentze-lantzat sailkaturik ez badaude.

Diruz lagungarritzat jotzen dira kontsultategiak eraikitzearekin, handitzearekin eta/edo eraberritzearekin eta/edo egokitzearekin eta/edo hobetzearekin zerikusia duten gastu guztiak (obra proiektua idaztea, azterlan geoteknikoa, segurtasunaren eta osasunaren azterlana, segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa proiektu fasean, obraren zuzendaritza fakultatiboa eta segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa gauzatze fasean, obrak, zergak, baimenak eta argindarraren hargunea eta lotunea). Ez dira sartzen lursailen urbanizazio gastuak.

4.–Erakunde onuradunak.

Nafarroako toki-erakundeek eskuratzen ahal dituzte deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak.

5.–Eskaerak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Toki-erakundeek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren erregistroan (Tutera kalea 20; 31003 Iruña) aurkezten ahalko dituzte proposamenak, edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren edozein bulegotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako erregistro eta bulegoetan, edo Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoan. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzara zuzenduko dira.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabideak toki-erakundearen legezko ordezkariak (udaleko alkateak, kontzejuko buruak, etab.) sinaturik aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorraren ereduaren araberakoak (www.navarra.es/nr/rdonlyres/17735409-f433-4066-9ffd-07d7ef7d9925/0/instanciageneral.pdf), eta haiekin batera agiri hauek:

–Zein jarduketatarako eskatzen den dirulaguntza, haren zenbatekoa eta haren helburua.

–Eraikin berri bat egin, kontsultategia handitu eta/edo eraberritu eta/edo egokitu beharra arrazoitzen duen txostena.

–Dokumentazio teknikoa eta ekonomikoa: Agiri hauetariko edozein, non zenbatekoa agertuko baita, honako hauek barne: proiektu kostuak, segurtasun azterlana, obra zuzendaritza, segurtasunaren koordinazioa eta dirulaguntza jaso dezaketen gainerako gastuak:

  • Lokalak eraiki edo egokitzeko aurreproiektua, behar bezala baloratua.
  • Memoria tekniko baloratua.
  • Enpresa eraikitzailearen aurrekontua.

Eraikin berri bat egiteko obren kasuan, bai eta handitzeko eta/edo eraberritzeko obren kasuan ere, eraikinean egin beharreko azalera berriaren metro koadro eraikiak ere adierazi beharko dira, eta/edo eraberritze obrak ukitutako azaleraren metro koadroak.

–Erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita jarduketen xedeko eraikinean osasun kontsultategia dagoela (bera bakarrik, edo bera eta beste bulego batzuk).

Kontsultategia dagoen eraikinean osasun arlokoak ez diren beste bulego batzuk badaude eta dirulaguntzaren xedeko jarduketak gainerako bulegoak ere ukitzen baditu, jarduketak guztira ukitzen dituen azaleraren metro koadroak eta osasun kontsultategiari soilik dagozkion metro koadroak adierazi beharko dira.

Kontsultategia horretarako berariazko eraikin batean badago eta dirulaguntzaren xedeko jarduketak, osasun kontsultategiaren azalera ez ezik, eraikinaren gainerako azalera ere ukitzen badu, jarduketak guztira ukitzen dituen azaleraren metro koadroak eta osasun kontsultategiari soilik dagozkion metro koadroak adierazi beharko dira.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena toki-erakundea ez dela betetzen ari zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, edo, kasua bada, ez daukala betetzeke zehapen edo kondena-epai irmorik aipatu arrazoiengatik.

5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzaren eskaerak ez baditu adierazitako baldintzak betetzen, beharrezko dokumentuak gehitu ez badira edo eskaera baloratzeko alegatu diren funtsezko alderdiak ez badira behar adina frogatu, akatsa zuzentzeko eskatuko zaio toki-erakunde interesdunari; horretarako, hamar egun natural emanen dira, gehienez ere, jakinarazpenaren biharamunetik aitzina, eta ohartaraziko zaio zuzenketarik egin ezean eskaerari uko egindakotzat hartuko dela; hala gertatuz gero, espedientea artxibatzeko ebazpena egin eta jakinaraziko zaio.

6.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Balorazio batzorde bat eratzen da, instrukzio organo gisa. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzailea batzordeburua izanen da, eta Nafarroako Iparraldeko, Nafarroako Ekialdeko, Lizarrako eta Tuterako eremuetako Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako zuzendariordeak eta zerbitzuburuak arituko dira batzordekide.

Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, balorazio batzordearen eginkizunak dira dirulaguntzak emateko prozedura antolatzea eta instruitzea.

Batzorde horren proposamena loteslea izanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Laguntzak emateko prozeduraz ebazteko eskumena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak du.

7.–Dirulaguntza emateko prozedura, eskaerak baloratzeko irizpideak, eskaeren balorazioa eta zenbatekoaren esleipena.

7.1. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdiko dirulaguntzak emateko prozedura arrunta izanen da, hau da, norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira, hurrengo ataletan ezarritako irizpideekin bat.

7.2. Balorazio irizpideak eta zenbatekoa esleitzeko prozedura.

7.2.1. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honi jarraikiz ematen diren dirulaguntzen finantzaketa “Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroak eraiki eta eraberritzeko transferentziak” izeneko 547001-52310-7609-312802 partidaren kargura izanen da, 2021eko Gastuen Aurrekontuan onesten den zuzkidurarekin.

7.2.2. Laguntza esleitzeko irizpideak.

Instrukzio organoak erakunde bakoitzerako proposatzen duen dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa zehazteko, aurkeztutako proiektu edo aurrekontua, adierazitako beharretara egokitzeko gaitasuna eta oinarri hauek ezarritako mugak hartuko dira kontuan.

Jarduketaren benetako gastuaren ehuneko ehun finantzatuko da, betiere jarraian adierazten diren gehieneko zenbatekoak errespetatuta.

Eraikin berri bat egiteko obren kasuan, bai eta handitzeko eta/edo eraberritzeko obren kasuan ere, eraikitako azaleraren metro koadro bakoitzeko gehieneko dirulaguntza 2.100 eurokoa izanen da erakinean azalera berriak eraikitzen direnean, eta 1.150 eurokoa dauden azalerak eraberritzen direnean. Gastu diruz lagungarri guztiak (3. oinarrian adierazitakoak) sartzen dira zenbateko horietan.

Instalazioak egokitzeko eta/edo hobetzeko jarduketa txikien kasuan, gehieneko zenbatekoa jarduketen benetako gastua izanen da.

Kontsultategia dagoen eraikinean osasun arlokoak ez diren beste bulego batzuk badaude, eta dirulaguntzaren xedeko jarduketak gainerako bulegoak ere ukitzen baditu, kontsultategiaren azalarekiko proportzionala izanen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

Era berean, kontsultategia horretarako berariazko eraikin batean badago eta dirulaguntzaren xedeko jarduketak, osasun kontsultategiaren eremua ez ezik, eraikinaren gainerako guztia ere ukitzen badu, kontsultategiaren azalerarekiko proportzionala izanen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

7.2.3. Balorazio irizpideak.

Aurkeztu eta onartutako eskaerak baloratzeko, irizpide hauei jarraituko die balorazio batzordeak:

Balorazio batzordeak prestatzen duen zerrendan ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraikiz emanen dira dirulaguntzak, aurrekontuan dagoen diruaren arabera; zerrenda hori ondoko parametro hauetan oinarrituta eginen da:

a) Balorazio batzordeak ondoan adierazten diren ataletako batean sartuko du eskaera bakoitza, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak Nafarroako Foru Komunitateko herritarrei osasun prestazioa ematen dieten kontsultategien arloan dituen lehentasunen eta premien arabera esleituko ditu puntuazioak: 20 puntu gehienez, honela banatuta:

a.1.) Dagoen eraikina handitu edo handitu eta eraberritu beharra, profesionalek zerbitzua emateko espazio berriak (kontsultak, aretoak) lortzeko. Azpiatal honetan, balorazio batzordeak, aurreko paragrafoan adierazitakoaz gain, espazio berrien premiak hartuko ditu kontuan, zentroari esleitutako giza baliabideen plantillaren igoerak (egina edo aurreikusia) eta/edo O-NOZek herritarrei osasun prestazio berriak emateko dituen aurreikuspenak sortuak. 20 puntu gehienez.

a.2.) Dagoen eraikina eraberritu beharra, dauden espazioak berrantolatzeko eta, modu horretan, herritarrei ematen zaien arretaren baldintzak edo profesionalen lan baldintzak hobetzeko. 18 puntu gehienez.

a.3.) Eraikin berri bat egiteko beharra (dagoen eraikinaren neurri desegokia eta espazio eskasia direla-eta), herritarrei ematen zaien arretaren baldintzak edo profesionalen lan baldintzak hobetzeko. 15 puntu gehienez.

a.4.) Dauden instalazioak egokitzeko eta/edo hobetzeko jarduketa txikien beharrak, hirugarren oinarrian zerrendatuak, edo instalazioak sortu beharra. 14 puntu gehienez.

Hiru azpiataletatik bakar bat baloratuko da.

b) Kontsultategian arreta eman behar zaien herritarrak: 5 puntu gehienez, honela xehakatuta:

b.1.) Kontsultategia etengabeko arretarako gunea bada: 2 puntu.

b.2.) Kontsultategiari esleitutako norbanakoaren osasun txartelak: 3 puntu gehienez, honela banatuta:

–1.000 NOT edo gutxiago: 1 puntu.

–1.000 NOT baino gehiago, betiere 2.000 NOT gainditu gabe: 2 puntu.

–2.000 NOT baino gehiago: 3 puntu.

Hurrenkera ordena ezartzeko, emandako puntuazio guztiak batuko dira.

7.2.4. Eskaeren balorazioa:

Aurreko ataletan ezarritakoa erreferentziatzat hartuta, honela baloratuko dira eskaerak:

–Balorazio batzordeak aurkeztutako eskaerak tramitatu, aztertu eta ebaluatuko ditu, oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpide eta lehentasunen arabera, eta organo eskudunari dirulaguntzak emateko ebazpenaren proposamena igorriko dio.

–Balorazio Batzordeak arlo horretan adituak diren pertsona fisikoen edo entitate pribatuen aholkularitza eska dezake.

–Eskaerak aurkeztutakoan, toki-erakunde guztiek proposatutako jarduketak sailkatuko ditu instrukzio organoak, eta hurrenkera ordena ezarriko du.

–Instrukzio organoak noiznahi ere eskatzen ahalko dio erakundeari eskaera hobeki baloratzeko edozein argibide.

–Balorazio irizpide guztiak aplikatu ondoren eskatzaile batzuk (bi edo gehiago) berdindurik badaude, oinarri hauen aurreko a) ataleko balorazio irizpidean puntuazio handiena duen eskatzailearen alde ebatziko da; berdinketak badirau, atal horren a.1) azpiatalean puntuazio handiena duenaren alde; berdinketak badirau, atal horren a.2) azpiatalean puntuazio handiena duenaren alde; berdinketak badirau, atal horren a.3) azpiatalean puntuazio handiena duenaren alde; berdinketak badirau, a.4) azpiatalean puntuazio handiena duenaren alde; berdinketak badirau, oinarri hauen aurreko b) ataleko balorazio irizpidean puntuazio handiena duenaren alde; berdinketak badirau, atal horren b.1) azpiatalean puntuazio handiena duenaren alde; eta, berdinketak badirau, atal horren b.2) azpiatalean puntuazio handiena duenaren alde. Aurreko irizpideak aplikatu ondoren ere berdinketak badirau, zozketa bidez ebatziko da.

–Eskaera baterako dirulaguntzaren zenbatekoa gelditzen den saldo erabilgarria baino handiagoa bada, dagokion toki-erakundeari jakinaraziko zaio, eta galdetuko zaio kasuan kasuko aurrekontuko partidaren saldo hori adinako dirulaguntza onartzen duen. Kasu horretan, toki-erakundeak bere gain hartuko du gainerako gastua:

  • Toki-erakundeak onartzen badu, saldo eskuragarria adinako dirulaguntza emanen zaio, eta toki-erakundeak bere gain hartuko du jarduketaren gainerako gastua.
  • Toki-erakundeak onartzen ez badu, balorazio batzordeak proposatuko du dirulaguntza hurrengo eskaerei ematea, hurrenkera ordenari jarraikiz.

7.2.5. Dirulaguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Aurreko azpiataletan adierazitako prozeduren eta irizpideen arabera esleituko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

8.–Prozeduraren ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak ebaluatu ondoren, instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena ikusita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak dirulaguntzak emanen ditu ebazpen baten bidez.

Ebazpenean agertuko da dirulaguntza jasoko duen erakunde eskatzailea edo erakunde eskatzaileen zerrenda, zein den dirulaguntzaren xedea eta esleitutako zenbatekoa, bai eta ezetsi diren gainerako eskaerak ere; azken horien artean egonen dira, besteak beste, aurrekontuko baliabideen mugagatik ezespena jaso dutenak –partziala edo osoa–, horietariko bakoitzari emandako puntuazioa adierazita, ezarritako balorazio irizpideen araberakoa izanen dena.

Azken kasu horretan, dirulaguntzak onartu eta jakinarazitakoan, onuradunen batek uko egiten badie emandako laguntzei, edo justifikatutako gastuaren zenbatekoa emandako dirulaguntzarena baino txikiagoa bada, soberakina honela erabiliko da: lehendabizi, emandako dirulaguntzak osatzeko, baldin eta onuradunari, behar adinako kreditua egotera, legokiokeena baino laguntza txikiagoa esleitu bazaio edo lehentasunen hurrenkeran atzerago geratu bada; eta bigarrenik, aurrekontu-kontsignazio faltagatik dirulaguntzarik gabe geratu diren jarduketak laguntzeko, lehentasun hurrenkeraren arabera; hori guztia, baldin eta jarduketa aurtengo ekitaldian egitea posible bada, dirulaguntza ematen den eguna kontuan hartuta.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka, ebazpen berariazkoa edo ustezkoa izan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko Legean xedatutakoarekin bat, deusetan galarazi gabe aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, lege jurisdikzional horren 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

9.–Erakunde onuradunen betebeharrak.

Onuradunak betebehar hauek izanen ditu:

a) Dirulaguntzaren xedeko proiektua eta jarduerak deialdi honen oinarri, baldintza, betebehar formal eta materialen arabera gauzatzea, eta dirua, betiere, eman zen kontzeptuetarako baizik ez erabiltzea.

b) Diruz lagundutako jarduketak eta guztirako gastua justifikatzea.

c) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak edo, indarreko antolamenduaren arabera, eskumena duten beste organo batzuek egiten dituzten egiaztapen lanak eta kontrol tekniko eta finantzariorako jarduerak onartzea eta emandako dirulaguntzari buruz eskatzen dioten dokumentazio guztia eskura jartzea.

d) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzari xede berarekin eskatu edo jaso diren bestelako dirulaguntzen berri ematea.

e) Proiektua gauzatu ezin bada edo dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, erakunde onuradunak jasotako dirua itzuliko du edo, hala denean, justifikatu ez den zatia.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

g) Hizkuntzaren erabilera ez-sexistarekin bat egokitzea txostenen, proiektuen, komunikazioen eta diruz lagundutako jardunarekin zerikusia duten gainerako idatzien testuak.

10.–Jarduketek bete beharreko baldintzak.

Osasun kontsultategian eraikitako, handitutako eta/edo eraberritutako espazioa osasun jarduerarako erabiliko da soilik.

Toki-erakundeak, egin beharreko jarduketetarako, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren araudi tekniko-sanitarioa aplikatuko du, eta, zehazki, honako hauek: Establezimenduak sortu, eraberritu edo lekuz aldatzeko eta horien funtzionamendurako baimena eskatzeko administrazio prozedura arautzeko irailaren 1eko 214/1997 Foru Dekretua eta Ospitaleratzerik gabeko osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetarako gutxieneko baldintza tekniko-sanitarioak ezartzeko Osasuneko kontseilariak otsailaren 12an emandako 37/1999 Foru Agindua.

Halaber, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek eraikinean jardunen dutenez, kontuan hartu beharko dira erakunde horren Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak ematen dituzten zehaztapenak.

Erakunde onuradunak behar adinako publizitatea eman beharko dio diruz laguntzen diren jardueren finantzaketa publikoari, eta, zehazki, lanen eremuan kartel bat egonen da, obraren ezaugarriak eta finantzatzen dituen erakundea adierazita.

11.–Jarduketaren lanak egitea.

Dirulaguntza honen xedeko lanak 2021ean gauzatu beharko dira, osorik edo partzialki.

12.–Gastua justifikatzeko epea eta modu balioduna.

Diruz lagundutako jarduketen eta horien gastuaren justifikazioa honako agiri hauek aurkeztuz eginen da:

–Kasuan kasuko fakturak jatorrizkoak edo notario batek edo administrazioak konpultsaturiko fotokopiak izan beharko dira. Obren ziurtagiriak aurkeztuko dira, zuzendaritza fakultatiboak –halakorik badago–, jabeak eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatuak.

–Gastu horri dagozkion fakturen titularren banku-kontuetan egindako ordainketen justifikazioa.

–Toki-erakundeko idazkiaren ziurtagiria, adierazten duena, kontratistak hautatzerakoan, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen aginduak eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearenak bete direla, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztatze aldera kontratista eraginkortasunari eta ekonomiari begira hautatu dela.

–Toki-erakundeko idazkariaren edo kontu-hartzailearen ziurtagiria, emandako dirulaguntza zertan gastatu den, haren helburuari nola egokitu zaion eta obra adostasunez hartu den adierazten duena.

–Toki-erakundeko idazkariaren ziurtagiria, adierazten duena betetzen dela txostenen, proiektuen, komunikazioen eta diruz lagundutako jardunarekin zerikusia duten gainerako idatzien testuak hizkuntzaren erabilera ez-sexistarekin bat egokitzeko betebeharra.

Behar denean, gastuaren egiaztagiriak edo dirulaguntza publikoaren xedea frogatzen ahal duen balio juridikoko edozein agiri aurkeztuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan aipatutakoari jarraikiz.

Aurretik aipatu den dokumentazioa aurkezteko epea 2021eko azaroaren 30ean bukatuko da.

13.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntzaren ordainketa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.

Jarduketen gauzatzearen ordainketa dena batera egiten ahalko da diruz lagundutako jarduera bukatutakoan, edo zatika, zatikako justifikazioen (ziurtagirien) bidez, gastua eta jarduera egin direla frogatu ondoren, aurreko atalean adierazten den bezala.

Ordaindu beharreko zenbatekoa ezin izanen da emandako kopurua baino handiagoa izan.

Ordainketak konturako ordainketatzat hartuko dira, eta diruz lagundutako jarduketak erabat bukatzeari lotuak egonen dira.

Obrak 2022ko apirilaren 30a baino lehen jaso ez badira, hamabosgarren oinarri arautzailean xedatutakoari jarraituko zaio.

14.–Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, beste batzuekin hitzartzea dirulaguntzaren xede den jardueraren erabateko edo hein bateko gauzatzea.

15.–Erakunde onuradunaren betebeharrak ez betetzea eta itzulketa.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, diruz lagundutako jarduketa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo oinarri arautzaile hauetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak. Jardueraren benetako gastuaren %70 edo gehiago gauzatu denean, betebeharrak ia osorik bete direla iritziko zaio.

16.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Dirulaguntza hartzen duen erakundea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen dirulaguntzen arloko administrazio arau-hausteentzako zehapen araubidearen mende egonen da eta han ezarritako erantzukizunak izanen ditu.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

17.–Dirulaguntzaren oinarri arautzaileen eta dirulaguntza ematearen kontrako errekurtsoak.

Dirulaguntzaren oinarri arautzaileen eta dirulaguntza ematea erabakitzen duen ebazpenaren kontra, interesdun diren administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Administrazio publiko ez diren interesdunek, dirulaguntzaren oinarri arautzaileen eta dirulaguntza ematea erabakitzen duen ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126 artikuluarekin.

18.–Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi hau eta haren oinarriak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituz egin dira; beraz, oinarri arautzaileotan jasota ez dagoen guztian, lege hori oso-osorik bete beharko da.

Iragarkiaren kodea: F2101387