40. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FITERO

Biltzeko lokalak arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Fiteroko Udalak, 2020ko azaroaren 24an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Biltzeko lokalak arautzen dituen udal ordenantza.

Iragarkia 2020ko 288. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 19an, eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsi da ordenantza, eta argitaratu egin behar da:

BILTZEKO LOKALAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

HITZAURREA

Gero eta handiagoa denez aisialdirako lokalen eskaria, dela modu iraunkorrean erabiltzeko, dela soilik herriko bestetarako, Udalak bere egin du eskari hori herritarren zein erabiltzaileen atsedenarekin eta segurtasunarekin uztartu beharra.

Batzuetan ikusi da erabilera hori duten lokaletan ez direla neurri zuzentzaile egokiak aplikatu eta, are gehiago, lokalen edo eraikinen egitura baldintzak desegokiak izanik, arriskua handia dela.

Ordenantza honen helburua da “gela”tarako lokalek bete beharreko baldintza teknikoak zehaztea, erabiltzaileek eta herritarrek eragozpenik eta arriskurik izan ez dezaten, kasuan kasuko neurri zuzentzaileak hartuz, halako eran non jarduera hori bateragarria izanen baita herritarrekiko bizikidetzarekin.

Hori dela eta, garrantzitsua da ongi bereiztea ordenantza honetan “gela” deitzen direnak eta elkarte gastronomikoak. Azken horiek helburu gastronomikoa duen jendea biltzeko tokiak dira, jantokiko mahaiak dituzte, sukaldea eta jakiak prestatzeko elementuak; tabernako barra ere izan dezakete, telebista, musika ekipoa, eta behartuta daude komunak, estalkira arteko erauzgailua, suteei aurrea hartzeko neurriak eta isolamendu akustikoa izatera. Elkarte gastronomikoek, 93/2006 Foru Dekretuaren 4.D.F) eranskinak dioenaren arabera, jarduera sailkatuaren espedientea tramitatu beharko dute eta ez dira ordenantza honen xede.

COVID-19ak eragindako pandemiak agerian utzi du “gela” deritzen horietan erraz zabaltzen dela gaitza, aisialdirako toki izanik ez dituztelako behar bezala betetzen segurtasunari eta osasungarritasunari lotutako baldintzak.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Lokal bat “gela” gisa erabili gogo dutenek bete beharreko baldintza eta beharkizunak ezartzea du xede ordenantza honek, baita, ondoren, hartu beharreko neurriak ere, Fiteroko Udalak “Gela erabiltzeko lizentzia” eman ondotik.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau Fiteroko udal-mugarteko “gela” guztiei aplikatuko zaie, urte osorako zein aldi baterako direnei, 1. eranskinean ezarritakoaren arabera, bai gaur egungoei, bai instalatzen diren berriei.

3. artikulua. Definizioak.

Kultura, aisia, josteta edo antzeko asmoekin jendea biltzeko erabiltzen diren tokiei deitzen zaie “gela”, irabazteko asmorik ez badute eta, bertan, jende guztiarentzat irekita izan gabe eremu pribatu hutseko jarduerak egiten badira. Eraikinen beheko solairuan egoten dira, baina beste solairuren batean ere egon daitezke indarrean dagoen hirigintzako araudiak horrelakorik instalatzeko baimena ematen badu (eta espresuki ezartzen ez den kasuetan, antzeko erabilerakoekin parekatuko da), eta ez dira taberna, sukaldea, jatetxea edo antzeko zerbitzuak sartzen.

Honelakoak izaten ahal dira:

–“Urte osokoak”: urte osoan zehar funtzionatu nahi dutenak.

Lokal horiek 1. eranskinean jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

–”Aldi baterakoak”: herriko jaietan edo udako hilabeteetan soilik funtzionatzen dutenak.

Ordenantza honen 1. eranskineko baldintzak bete beharko dituzte.

TITULU BAKARRA

LEHENENGO KAPITULUA

Prozedura

4. artikulua. Lizentzia tramitatzea.

Kuadrilla edo lagun talde batek lokal bat erabili nahi badu “gela” moduan, aldez aurretik behar den baimena eskatu beharko dio Udalari; baimen horren izena izanen da “Gela erabiltzeko lizentzia”. Betiere, debeku da arras delako jardueran aritzea behar den lizentzia eskuratu gabe.

4.1. Prozedura.

Prozedura ofizioz abiatuko da, edo interesdunek eskatuta. Horretarako, tramite hauek eginen dira:

Interesdunek “Gela erabiltzeko lizentzia” eskatu behar dute, eskabidea aurkeztuta Fiteroko Udalaren Erregistro Orokorrean. Eranskinean eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte eta, eskaerarekin batean, honako dokumentazio hau erantsiko dute:

a) –”Gela”ren izena eta helbidea.

b) Lokalaren jabearen izen-deiturak, NANa, helbidea eta telefonoa.

c) Taldeak izendatutako hiru ordezkarien izen-deiturak, posta-helbidea, helbide elektronikoa, eskuko telefonoaren zenbakia, eta NANaren fotokopia, Udalak bidal ditzakeen jakinarazpenak jasotzeko.

Taldea adingabeez osatua bada, haien gurasoetako hiru izendatuko dira; eta betiere, eskatzaileak edo kideetakoren bat adingabeak badira, aitaren, amaren edo hura ordezkatzen duen tutorearen baimena erantsiko da, adingabearen erantzukizuna bere eginaz.

d) Eskatzaileek lokalaren titulartasuna edo hura erabiltzeko legezkotasuna egiaztatu beharko dute. Horretarako, errentamenduaren kontratuaren edo erabilera lagapenaren kopia edo jabetza eskritura aurkeztuko dute.

e) Suteen aurkako eta erantzukizun zibileko aseguru-poliza badela egiaztatzea, 250.000 euroko gutxieneko estaldura duena, jardueraren ondorioz gerta daitekeen edozein istripuren aurrean lokala babesteko.

Fiteroko festetarako lizentzia nahi duten lokal guztiek abuztuaren 1a baino lehenago aurkeztu beharko dute eskabidea. Data horren ondotik aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.

4.2. Ebazpena.

Aurkeztutako dokumentazioa jasota, Udalaren Zerbitzu Teknikoek eranskinean eskatzen diren beharkizunak betetzen ote diren egiaztatuko dute, eta beharrezko txostenak emanen dituzte. Txostenean jasoko da lokala antzeko beste batzuetatik hurbil edo ondoan dagoen, eta proposatzen ahalko da, Udaltzaingoaren txostena ikusirik, eremuren bat edo kale zatiren bat “saturatutzat” jotzea.

Fiteroko Udalak, alkatetzaren ebazpen baten bidez, gela erabiltzeko lizentzia eman edo ukatuko du. Lizentzia horretan zehaztuko dira lokala erabiltzeko mugak eta neurri osagarriak ezarri ahalko dira jarduerak egoki gauzatu daitezen, hurrengo artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Noiznahi edo arlo honetako arauak betetzen ez direla uste denean, Udalak, abisatu ondoren, ikuskatzeko bisitak egiten ahal ditu instalazioak titularrek aurkeztu dokumentazio teknikoari eta emandako lizentziaren baldintzei egokitzen ote zaizkien egiaztatzeko.

“Urte osorako gelak” erabiltzeko lizentziak indarra izanen du jarduera egiten den bitartean, ordenantza honetan xedatzen dena kontuan izanda. Halaber, urtero aurkeztu beharko da taldeko kideen zerrenda eguneratua, erantzukizun zibileko aseguruaren poliza eguneratua, indarra duen errentamendu kontratua, baita hasiera batean legeztatu ziren baldintzetan izan diren aldaketak ere, halakorik izan bada.

Aldi baterako gelen lizentziak indarrean egongo dira soil-soilik herriko jaietan edo udako hilabeteetan. Hala, udalditzat joko da ekainaren 15etik irailaren 30era bitarteko denbora-tartea.

Gela erabiltzeko lizentzia ematen duen Alkatetzaren ebazpenak uneoro egon beharko du lokalean, Udaleko teknikarien eskura.

Fiteroko Udalak, gelen erregistro eguneratu bat edukiko du, urte osokoak zein aldi baterakoak izan.

Ordenantza honetako lizentziak ez du zerikusirik sektoreko araudiaren arabera eskatzen ahal den bertze edozein baimenekin.

5. artikulua. Funtzionamendua.

Lokal horiek aisialdirako erabiltzeko baimenak muga orokor batzuk izaten ahal ditu, erregelamendu honen xedapenen eta araudiaren arabera aplikagarri direnak. Zehazki, honako debeku hauek ezartzen dira:

a) Eskola-adinean dauden gazteek gelak erabiltzea eskola-ordutegiaren barrenean, jolas-orduak barne direla.

b) Ez da koltxoirik, kartoirik eta plastikorik biltzen ahalko, ezta bere ezaugarriak direla-eta sutea eragin edo zabal dezakeen bestelako materialik ere.

c) Merkataritzan edo salerosketan aritzea lokalean.

d) Debeku da sukalderik edo etxetresna elektrikorik edukitzea, zuzeneko kontaktuaren bidez lokalean sua eragiten ahal badute. Aldiz, onartuko dira grillik gabeko mikrouhin labea eta hozkailua.

e) Debeku da adingabeek edari alkoholdunak eta tabakoa kontsumitzea, izatea edo toleratzea, Adingabeei Edari Alkoholdunen Kontsumoa Galarazi eta Mugatzeari buruzko martxoren 16ko 10/1991 Foru Legearen eta Tabakoari buruzko otsailaren 14ko 6/2003 Foru Legearen arabera.

f) Debekatuta dago droga toxikoak, gai sorgorgarriak nahiz psikotropikoen legez kanpoko kontsumoa, izatea edo trafikoa eta haiekiko tolerantzia, Herritarren Segurtasuna babesten duen otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren 23.i) artikuluarekin bat.

g) Gelako altzariz nahiz edozein elementuz eremu publikoa hartzea, ibilgailuen edo oinezkoen joan-etorria eragotzi edo oztopatuz.

h) Eremu publikoa edozein hondar, zikinkeria eta, oro har, edozein zaborrez zikintzea.

i) Ateak eta leihoak irekita izatea, traba egiten ahal badute barneko zarata kanporatzeagatik, zarata eragiteagatik edo usainak kanporatzeagatik.

j) Egunez zein gauez ezin izanen da gainditu zarata maila jakin bat, aplikatzekoa den araudian ezarritakoa.

k) Gehienez baimendutako edukiera bete beharko da, Etxegintzaren Kode Teknikoaren 2. zatian SI dokumentuaren 3. zatian ezarritakoaren arabera (eraikina hustea). Proiektuan definituko da, eta ebazpen bakoitzean zehaztuko. Elkarte gastronomikoei baimendutako edukiera hartuko da erreferentzia gisa.

II. KAPITULUA

Zehapen prozedura

6. artikulua. Arau-hausteak.

6.1. Zati orokorra.

Ordenantza honetan xedatua betetzen ez duten egintzak arau-haustetzat joko dira. Ordenantza honetako zehapenak zehazteko, kontuan hartuko dira honako printzipio hauek:

a) Diru bidezko zehapena ezarriko da kontuan izanda zehatuarentzat egindako arau-haustea ez izatea onuragarriagoa hautsitako araua betetzea baino.

b) Halaber, behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egitatearen larritasunaren eta ezartzen den zehapenaren artean. Honako irizpide hauek hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:

b.1) Egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.

b.2) Kalteak nolakoak diren.

b.3) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

c) Ordenantza honetan bildutako arau-hauste administratiboak zehatzeko, espedientea instruitu beharko da aldez aurretik, aplikazioko arauan ezarritako prozedurari jarraituz.

d) Erantzukizunaren astungarritzat hartuko dira giza osasunean izan dezakeen eragina, kalte akustikoa, kaltearen atzeraezintasuna, lekuaren ezaugarriak, intentzionalitatea, berrerortzea eta kutsadura edo istripurako arriskua.

Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke. Aurreko printzipioen arabera mailakatuko dira arau-hauste eta zehapenak hiru kategorietako bakoitzean.

Zaraten gaineko araudia betetzen ez denean, 4/2005 Foru Legean bildutako zehapen prozeduraren araubidea aplikatuko da, ekainaren 6ko 135/1989 Foru Dekretuan eta 1367/2007 Errege Dekretuan jasotako mailaketaren arabera.

Alkatea izanen da organo eskuduna zehapen espedienteak irekitzeko eta arau-hausteak zehatzeko, non ez duen jardueren gaineko legediak beste eskumenik zehazten.

6.2. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak dira:

a) Dokumentazioa ez eguneratzea, ordenantza honetan xedatutakoari jarraituz.

b) Edozein motatako altzariak kalera ateratzea, bizilagunei traba egiten badiete edo oinezkoen pasa eragozten badute eremu publikoko espaloietan.

c) Zaborrak bota edo uztea eremu publikoan eta/edo lokal ondoan.

d) Eremu publikoan pixa egitea.

e) Bizikletak, motorrak edo bestelako ibilgailuak aparkatzea oinezkoak nahiz ibilgailuen joan-etorria trabatuz.

f) Baimendutako zarata maila gainditzea, 135/1989 Foru Dekretuak arintzat jotzen duenean.

g) Ateak eta leihoak irekita izatea, traba egiten ahal badute barneko zarata kanporatzeagatik, zarata eragiteagatik edo usainak kanporatzeagatik.

h) Ordenantza honetan edo lege aplikagarrietan astuntzat edo oso astuntzat jotzen ez diren arau-hausteak.

6.3. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astunak dira:

a) Merkataritzan edo salerosketan aritzea lokalean.

b) Baimendutako zarata maila gainditzea, 135/1989 Foru Dekretuak astuntzat jotzen duenean.

c) Lokalaren egoera aldatuta, haren berri ez ematea Udalari.

d) Lokalaren barrenean kartoia, plastikoa edo beste edozein material pilatzea, haren ezaugarriak direla eta, sua piztu edo hura hedatzen lagun dezaketenak.

e) Hiri-altzariak aurkitzea gelaren barrenean.

f) Lokalera sartzeko baimendutako jende-kopurua gainditzea.

g) Eremu publikoa behin eta berriz okupatzea, barreneko jarduera kanpoaldera zabalduta.

h) Lokalean gauaz edo egunaz animaliak edukitzea inor haietaz arduratu gabe, betiere bizilagunei traba egiten badiete edo osasun publikoarendako arriskua badakarte.

i) Urtebetean bi arau-hauste arin egitea, lehen arau-haustetik aurrera.

6.4. Arau-hauste oso astunak.

Arau-hauste oso astuntzat hartuko dira honako hauek:

a) “Gela erabiltzeko lizentzia” eskuratu gabe jardueran aritzea.

b) Lokalaren jabeak sute aseguruaren poliza edo lokaleko jardueraren ondoriozko erantzukizun zibileko poliza ez izatea.

c) Erabileraren lizentzia eskuratzeko datu faltsuak alegatzea.

d) Ordenantza honetan edo kasuari aplikatzen zaion legedian ezarritako arauzko ikuskatze edo kontrol lanak oztopatzea edo sarrera ukatzea.

e) Ezarritako epetik kanpo “gelan” jardutea.

f) Gela erabiltzeko lizentzia emanik, eranskinean eskatzen diren baldintzetako bat ez betetzea.

g) Lokalaren jabeak hura behar den egoeran ez izatea segurtasun, egituraren sendotasun eta bizigarritasun baldintzak bermatzeari dagokionez.

h) Baimendutako zarata maila gainditzea, 135/1989 Foru Dekretuak oso astuntzat jotzen duenean.

i) Jarduera horiek egiten diren lokaletan adingabeek edari alkoholdunak izatea, kontsumitzea edo haiei lortzea edo eskaintzea.

j) Droga toxikoak, gai sorgorgarriak edo psikotropikoak eduki edo/eta kontsumitzea.

k) Urtebetean bi arau-hauste astun edo hiru arin egitea, lehen arau-haustetik aitzina.

7. artikulua. Subjektu erantzuleak.

Ordenantza honetan arau-hauste gisa sailkaturik agertzen diren egintzak benetan egin dituzten pertsonak izanen dira arau-hausteen erantzuleak. Espedientea zuzenduko zaie gainerakoen ordezkari agertzen diren taldekideei, 4. artikuluan xedatzen denaren arabera. Horrek guztiak ez du ukatzen zehapena, ekonomikoa bada, taldeko kide gisa agertzen diren guztiei eskatzea modu solidarioan, baldin eta ez badute borondatezko epean ordaintzen. Orobat, jabea izanen da haien erantzule subsidiarioa.

8. artikulua. Zehapenak.

8.1. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinei zehapen hauetako bat edo bi ezarriko zaizkie:

–Baimenaren etenaldia, lokala gehienez ere 30 egunetarako itxita.

–100 euro bitarteko isuna.

8.2. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astunei zehapen hauetako bat edo biak ezarriko zaizkie:

–Baimenaren etenaldia, lokala gehienez ere 90 egunetarako itxita.

–150etik 300 eurora bitarteko isuna.

8.3. Arau-hauste oso astunak.

Arau-hauste oso astunei zehapen hauetako bat edo biak ezarriko zaizkie:

–Lizentzia baliogabetzea, lokala ixtea eta 3 hilabetetik 3 urtera bitarteko epean beste lizentzia bat ezin eskuratzea.

–1.501etik 3.000 eurora bitarteko isuna.

9. artikulua. Behin-behineko neurriak.

Ordenantza honetan sailkatutako arau-hauste batengatik zehapen prozedura hasten denean, zehapena ezartzeko eskumena duen organoak behin-behineko neurri hauetako bat edo batzuk hartzen ahal ditu, besteak beste:

a) Lokala aldi baterako ixtea.

b) Tresnak edo ekipoak zigilatzea.

c) Zuzenketa, segurtasun edo kontrol neurriak, arriskua edo kaltea egiten ez jarraitzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Fiteroko Udalari dagokio ordenantza honen puntu guztien interpretazioa egitea.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza honek indarra hartu ondotik ezartzen diren urte osorako nahiz aldi baterako gelei bertan ezarritako xedapenak aplikatuko zaizkie. Halaber, lehendik dauden gelei aplikatuko zaizkie; izan ere, sei hilabeteko epea dute ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera, hari egokitzeko.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Fiteron, 2021eko otsailaren 1ean.–Alkatea, Miguel Aguirre Yanguas.

Iragarkiaren kodea: L2101603